2026-02-09
Blog Page 911

Eraikuntzako enpresen inpunitateari amaiera jartzeko exijitu dugu

0
Jakinarazi nahi dugu Jardineria Adaxka enpresako LABeko ordezkaria izandakoa, urte luzeetako borrokaren ondoren UTE Donostialdean berriz lanean hasi dela, azkenean, Construcciones Moyuak horretara behartzen zuen epaia bete baitu.

Langile honek Gipuzkoako Foru Aldundiko azpikontrata batentzat lana egiten zuen Gipuzkoako Errepideetan, eta zerbitzua beste enpresa batek hartu zuenean, UTE Donostialdeak (Martinsa eta Construcciones Motyuak osatuta) langileari ez zioten subrogazioa aitortu, eta kaleratu egin zuten 2014ko azaroan. Kaleratzea bidegabea zela aitortu arren epaile batek, Construcciones Moyuak uko egin dio langilea kontratatzeari. Epaia irmoa zian denean ere, ez dute bete nahi izan, nahiz epaileak agindu. Azkenean, behartu dugu langilea berriz lanera bueltatzea kaleratu eta bi urte eta erdi beranduago. Soilik langile honen jarrera txalogarriak ekarri du garaipen hau. Honelako adibideek eraikuntzaren sektorean Gipuzkoan enpresarien inpunitatea erabatekoa dela erakusten dute.

Enpresek hazkunde ekonomiko garaian, sektorearen gorakada aurreikusten den garaian, hitzarmen kolektiboa negoziatzeari eta betetzeari uko egiten diote irabazi gehiago metatzeko. Esanguratsua da era berean, langile honek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lana egiten duela, eta beste behin ere argi geratu da, azpikontratazioak langileen eskubideak murrizteko tresna bat dela horren aldeko apotua egiten dutenentzat. Obraz obra aurre egiten ari gara LABetik eraso hauei, eta gure lanak fruituak emango dituelakoan gaude. Prekarietateari mugak jarri behar zaizkio, eta bete beharrekoa izango den hitzarmen kolektibo bat borrokatu behar dugu eraikuntzako langile guztientzat.

Jarraituko dugu, gehiegikeriak salatzen, aberastasunaren banaketaren alde borrokan, enplegu duinak aldarrikatzen.
 

 

 

EAEko heziketa bereziko hezitzaileen lehen topaketa egin dugu

LAB sindikatuko Heziketa Bereziko kideok kaleko mobilizazioetatik haratago joan nahi dugu. Eskoletako egoera eta langileon eguneroko errealitatearen jarraipen zuzena egiteko asmo irmoa daukagu hezkuntzaren LABko sektore honetan. Denon artean, gaur egun dugun egoera prekariotik ahalik eta gehien aldendu eta inklusibitatearen bidean murgiltzea da gure helburua. Lan erreza ez dela izango jakin badakigu, baina denon ekarpenak eta indarrak batuz bidea asko erraztu daitekeela ere pentsatzen dugu, eta ez gaude ilusioa galtzeko prest.

Ekimen hau aurrera eramateko oso garbi genuen, hasieratik langilekin harreman zuzenaren beharra izango zela. Beraz hor jarri genuen gure abiapuntua. Horretarako gure afiliazioari bisitak egin genizkion, asanbladatan bildu, galdetegi bat prestatu eta guztiei helarazi genien. Behin emaitzak ikusita (120 inkesta jaso ditugu) eta lehenengo balorazio bat eginda, afiliazioarekin lantzeko prest gaude.

Gaur ekainak 16, LABeko Bilboko egoitzan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako afiliatuekin batera lehenengo topaketa egin dugu.

Galdetegi hauetatik ateratako ondoriotako batzuk ikusita, heziketa berezikoen kolektiboaren prekarietatearen baieztapena jaso dugu, beste behin ere. Honen erakusgarri, inkestetatik jasotako ondoko emaitza adierazgarri batzuk:.

-Ikasleen gehiegizko ratioak. Gaur egun oraindik langileen %23,6a bost ikasle baino gehiagorekin lan egiten du. Oso gertutik jarraituta, %6,4 4 ikaslerekin, eta % 29,1 3rekin.

-Arreta zuzeneko ordu kopurua. Langile gehienek, egunero, patio, jangela, eta saio guztiak ematen dituzte beraien ikasleekin etenik gabeko arreta zuzena eskainiz, honek langile horiei suposatzen duenarekin.

-Koordinazio eza. Tutore, espezialista, pedagogo terapeuta, Berritzeguneekin… koordinatzeko zailtasunak edo horretarako aukerarik gabe gelditzea.

-Inklusibitate eza. Langile asko ez da eskolako parte sentitzen, neurri batean, ez da bere iritzia kontutan hartzen ikasleekin lan egiteko irizpideak ezartzen direnean, ezta orokorrean eskolako funtzionamendurako ere.

Ezin zaigu ahaztu, behar bereziak dituzten umeekin, lanean ari garenik eta erabateko kalitatezko arreta eskaintzeak izan beharko lukeela denon helburua.

Egoera prekario honi buelta ematea da erronka, gure ikasleei ematen diegun zerbitzua ahalik eta onena izatea bermatuz. Lehenengo topaketa hau, hasiera besterik ez izatea nahiko genuke benetako eskola inklusibo bat lortze aldera. Denon artean lortuko dugu!
 

 

 

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko martxan parte hartzera deitu du Kalera Kalerak

Presoen eskubideen defentsan irtengo gara kalera, udan ere. Hain zuzen ere, Kalera Kalera dinamikak Kalera martxa izenekoa egingo du uztailaren 20 eta 27 artean. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbide bat izango da, zortzi etapakoa. Gernikak hasi eta Lakuntzan amaituko da.

Ekimen honek bi helburu nagusi bete nahi ditu: batetik, gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara ekartzea (bide batez sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea); eta bestetik, jai-giroaz gozatzea.

Martxak Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako errepideak eta herriak zeharkatuko ditu. Hauexek izango dira etapak:

-Uztailak 20, osteguna: Gernika-Busturia-Bermeo (15 km)

-Uztailak 21, ostirala: Bermeo-Ea-Lekeitio (24 km)

-Uztailak 22, larunbata: Lekeitio-Ondarroa (14 km)

-Uztailak 23, igandea: Ondarroa-Mutriku-Deba (11 km)

-Uztailak 24, astelehena: Deba-Zumaia-Getaria (24 km, Zumaiaraino

-Uztailak 25, asteartea: Getaria-Zarautz-Hernani (13 km)

-Uztailak 26, asteazkena:Hernani-Anoeta-Ibarra (20 km)

-Uztailak 27, osteguna: Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza (16 km)

Martxan parte hartzeko izena eman beharra dago. Martxan parte hartzeko txartelak ohiko lekuetan eskuratu ahal izango dira. Jai-giroa eta presoen eskubideen aldeko aldarria uztartuz, etapa amaiera bakoitzean hainbat kultur ekitaldi izango dira.

KALERA KALERAk martxa igaroko den leku bat aukeratu du ekimena aurkezteko, Zarautz. Hango hondartzan 338 toalla huts jarri dituzte.“Toalla horiek presoen lekukoa hartzen dute, eta helburua da lehenbailehen bakoitzaren gainean preso bat egon dadin eguzkia hartzen eta gure Kantauri itsasoaz gozatzen”, adierazi du KALERA KALERAko Mikel Urdangarinek.

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei martxan parte har dezaten, batez ere gazteei. “Kalera Martxa jendez bete behar dugu. Kolektiboari babesa eman behar zaio. Bere eztabaida estrategikoa ia bukatzear dagoenean, sentitu behar dute ezker abertzaleko militantziaren maitasuna eta berotasuna. Barrutik entzun behar dituzte gure urratsen soinuak, askatasunaren urratsak”, gaineratu du.

Ezker abertzalearen dinamikak, azken batean, gatazka politikoaren ondorioak behingoz konpontzeko eskatu nahi du martxa honen bitartez. “Euskal Herrian, gehienok gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzearen alde gaude. Konponketak integrala izan behar du. Kaltetuak kalean egoteko eragozpenek desagertu behar dute. Presoak kalera ateratzea Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko ezinbesteko urratsa izango da”, Urdangarinen esanetan.
 

 

 

Larunbatean, Gasteizko kaleetan, IREKI dezagun preso eta iheslarien etxeratzeko bidea!

2016ko urriaren 15ean sortu zuten Donostian IREKI. Euskal Herriko txoko guztietatik joandako 40 langilerekin. Helburua, “langileen bultzadaz, euskal preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzea” zela adierazi zuten. Orduan abiatu zuten urte osoko dinamika, eta ekainaren 17ko mobilizazio nazionalarekin biribilduko dute. Hain zuzen ere, larunbatean amaituko du IREKIk bederatzi hilabeko ibilbidea. Hala Ireki ekimenak langile martxak antolatu ditu larunbaterako. Arangiz eta Otazutik irtengo dira 11:00etan, eta bi zutabeak Gasteizen elkartu eta manifestazioa egingo dute, 12:30ean, Correos plazatik abiatuta.

Bere sorreran, azken urteetan -bereziki duela 5 urte ETAk behin-betiko su-etena iragarri zuenetik hona- preso eta iheslarien gaian eragiteko lan munduan izaniko mugak gainditzeko beharra dagoela adierazi zuen IREKIk. Eta horrela aritu da lan-munduan, indarrak metatuz, lan mundua astinduz, langileen protagonismotik, eta eragile sindikal ezberdinen konpromisotik.

Euskal Herri osoko lan-zentroetan sortutako dinamika ezberdinak dira horren erakusgarri. Bereziki garrantzitsua eta balio berezia duena da lan-munduan horrelako ekimena abiatu izana. Izan ere, beharrezkoa da langileon aktibazioa eta inplikazioa preso eta iheslarien etxeratzea azkartzeko.

Egoera honetan, lehentasunezkoa izaten jarraitzen du presoen eta iheslarien afera konpontzeak, egoera larrienetatik hasita, gaixotasun larrienak dituztenak. Salbuespen legedia desaktibatu eta dispertsioa gaindituz presoak etxeratzeko bidean jartzea funtsezkoa da.

Honekin lotuta, larri gaixo dauden preso guztien baldintza gabeko askatasuna exijitzen du LABek. Adinagatik libre bizi behar diren presoek zein bete duten kartzelaldiagatik libre bizi behar direnek kalera irten behar dute berehala. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratu behar dira. Aipatu urratsak berehala eta baldintzarik gabe eman behar dira. Amaitzeko, euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatu behar da.

LAB bertan izango da
LABek larunbateko mobilizazioan parte hartuko du, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin. Era berean, dei egiten diegu langileei larunbateko mobilizazioan parte hartzeko eta lantokietan preso eta iheslari politikoen aldeko borroka eutsi eta hauspotzeko.
 

 

 

Asteko hirugarren greba eguna egin dute gaur Gasteizko BSH enpresako langileek

0

Elkarretaratze bat egin dute Andra Mari Zuriaren plazan, euren enpleguaren defentsan, eta Gasteizko lantegiaren jarduera mantentzeko eskatu diote berriro zuzendaritzari.

260 pertsona daude Ali Gobeo industriaguneko lantegian, eta lurrunezko lisaburdinak eta lisatzeko tresnak egiten dituzte Bosch filiala den honetan. Aldi berean, beste langile ari dira lanean lantegiko kontrata eta hornitzaileetan. Bada, joan den martxoaren 13an, BSH Taldeko Zuzendaritzak jakinarazi zuen lantegia salgai jarri eta lisatze lerroa kenduko duela. Horren aurrean, greba eta mobilizazioei ekin diete langileek, industria jarduera mantendu dezaten eskatzeko. Gaur, BSH-BOSCH enpresako langileek asteko hirugarren greba eta mobilizazio eguna egin dute.  

Salmenta iragarri dutenetik, langileek ohartarazi dute programatutako itxiera bat izan daitekeela eta ziurrenik salmentaren iragarpena aitzakia besterik ez dela. Edozein kasutan, kaleratzeak egoteko eta lan baldintzak murrizteko arriskua egon badago. “Alderdi politikoei eta instituzioei egiten diegu dei Bosch multinazionala presionatzeko gaur egun dauden lanpostuak mantentzeari begira”, adierazi du enpresa batzordeak.

Duela hiru hilabete ekin zieten mobilizazioei enpresarekin akordio bat lortzeko, hiru helburu argirekin: “Industria jarduera mantentzeko, lanpostuak mantentzeko eta gure lan baldintzak ez okertzeko. Bosch-ek gure proposamenei entzungor egin arren, gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu”, nabarmendu dute.
 

 

 

Lan istripuak saihesteko neurriak exijitu dituzte Chinchurretan

Bi orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dute gaur Chinchurreta,, 13:00etatik 15:00etara, enpresa batzordeak deitua. Lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatu dituzte, "Chinchurretan lan istripu gehiagorik ez! Gure Lan osasunaren alde!" leloarekin.

Beste lan istripu larri bat izan zuten, ekainaren 12an, Oñatiko Chinchurreta SA enpresan. Ez da lehen istripua, dagoeneko bi hildako eta hainbat istripu larri gertatu baitira enpresan. Gaurko protesta neurriak exijitzeko egin dute.
 

 

 

Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza dira egoeraren errudun bakarrak

0

Haurreskolak Partzuergoaren aurreikuspen falta salatu nahi dugu. Behin eta berriz eskatu dugun bezala zerrendak urtero irekiko balira, ez zen hau gertatuko. Hainbat urteetan itxita egon diren zerrendak irekitzean, une latzak bizi izan ditugu, ezin dira onartu ikusi ditugun ilara bukaezinak, horrelako egoerak ekiditu zitezkeen gauzak beste modu batean egingo balira, alde sozialarekin mahai baten bueltan eserita.

Atzo, ekainak 13, Eibarreko Haurreskolak Partzuergoan ordezkoen zerrendarekin gertatutakoaren inguruan LAB sindikatuak zera azaldu nahi du:

Aurreko astean, haurreskola askotan ordezkapenak betetzeko ordezkorik ez zegoela jakin bezain pronto, ardurarekin jokatu eta Haurreskolak Partzuergoko Pertsonal Kudeaketako arduradunari eta gerenteari, zerrendak zabaltzeko eskatu genion.

LABetik ikasturte hasieratik zerrendak irekitzea eskatu dugu, baremazio epean zehar eta baremazio epetik kanpo… LABek aurreikusten genuelako holako egoera baten aurrean egon gintezkela. Aitzakiak aitzakia, ez zituztela zabalduko argi esan ziguten. Salatu izan dugun moduan, agerian geratu da, zerrendak kudeatzeko izan duten aurreikuspen falta.

Haurreskoletan zegoen larritasuna kontuan hartuta, haurrekin gaudelako lanean ez torlojuekin, izen ematea hurrenkeraren arabera urgentziazko neurri moduan zabaltzeko eskatu genuen. Denok dakigun moduan, baremazio aldiak hilabete irauten du eta egoerak bestelako neurriak exijitzen zituen. Neurri hau beste aldi batzuetan ere hartu izan du Haurreskolak Partzuergoak ordezkapenen zerrenda agortu delako. Bestalde, LABek egindako eskaera, mahai gainean egon den proposamen bakarra izan da?

Enpresaren jarrera zerrendarik ez zabaltzea izan zen, ekainak 30ean hainbat kontratu bukatzean jendea berriro erabilgarri egongo zelakoan. Partzuergoaren aurreikuspen faltak ezin du egun kontratatuta dagoen langileengan eraginik izan eta hezitzaileok ezin dute lan-zama gehiago jasan, ez ekaineko hiru aste hauetan ez egun bat gehiagotan ere.

Enpresak, aldebakarrez, egun batetik bestera hartu zuen zerrendak zabaltzearen erabakia. Epe mugatu batean eta oso ordutegi itxian, argipen eskasa eskainiaz (posta bidezko prozeduraren inguruan azalpen falta, tituluak konpultsatzeko denbora falta, kudeaketa eta medioak eznahikoak, zerrendak berriro noiz zabalduko ziren aurreikusi gabe, erreklamazio epea egongo den jakin gabe, ezta noiz barematuko dituzten ere…).
Atzo eta gaur gertatutakoak argi adierazten duena da gure sektorean dagoen prekarietatea eta langabezia tasa handia. Bistakoa da ziko honetan lan egiteko behar handia dagoela. Agerikoa da gure kolektiboarekiko Hezkuntza Sailak daukan utzikeria. Ez du 0-3 zikloaren garrantzia onartu nahi. Honen aurrean, behar dugun aitortza aldarrikatzen jarraituko dugu, behar diren inbertsio ekonomikoak, materialak eta politikoak lortu arte.

LABen, berriro ere, enpresaren aurreikuspen faltaren aurrean ardura sindikalarekin jokatzea tokatu zaigu. Cristina Uriarte eta Maite Larrañagari dagokie erabakiak hartzea. Guk ez dugu Haurreskolak Partzuergoko pertsonala kudeatzen, lan sindikala egitea dagokigu.

Amaitzeko, LAB Sindikatuak egindako proposamena oso helburu zehatzak zituen: Haurreskoletan exijitu ditugun ordezkapenak betetzeko bidea zabaltzea. Haurrekin egiten dugu lanagatik eta familiei zor diegulako, ezin dugu onartu, gure ordezkapenak ez betetzea zerrendak agortu direlako, hainbeste jende lan egiteko prest egonda.

Haurreskolak Partzuergoaren aurreikuspen falta salatu nahi dugu. Behin eta berriz eskatu dugun bezala zerrendak urtero irekiko balira, ez zen hau gertatuko.

Hainbat urteetan itxita egon diren zerrendak irekitzean, une latzak bizi izan ditugu, ezin dira onartu ikusi ditugun ilara bukaezinak, horrelako egoerak ekiditu zitezkeen gauzak beste modu batean egingo balira, alde sozialarekin mahai baten bueltan eserita.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu, ardurak ondo ez zehazteak, gertatutakoaren guztia manipulatzea, arazoaren jatorria eta atentzioa beste leku baten kokatzeak Cristina Uriarte eta Maite Larrañagari soilik egiten diela mesede. Ezin dugu ahaztu, iparra galdu gabe, egoera guzti honen errudun bakarrak Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritza direla, hezkuntzan, eta batez, ere gure zikloan nahikoa inbertitzen egiten ez delako.
Hau guztiagatik, inoiz baino ozenago esan behar dugu, 0-3 urte arteko ereduak unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatezkoa izan behar duela.
 

 

 

Hitzetatik ekintzetara igaro behar dela nabarmendu dugu Genevan

0

Lanaren Nazioarteko Erakundearen bilkura.

LABek, Munduko Federazio Sindikalaren eskutik, Nazioarteko Lanaren Erakundearen urteroko jardunaldietan parte hartu du Genevan, ekainaren 12 eta 13an. Sindikatuak, lehenengo egunean, Nazioarteko Lanaren Erakundearen osoko bilkuran parte hartu du, Munduko Federazio Sindikalaren Idazkari Nagusi den George Mavrikosi babesa ematen; arratsaldean, Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu presidentzialean parte hartu du. Bigarren egunean, Munduko Federazio Sindikalak etorkinen eskubideen alde antolaturiko bilkuran parte hartu dugu.

Emigrazio ekonomikoaren eta etorkinen inguruan eginiko bilkuran, LABek etorkinak inmigrazio masiboa sortzen dituzten arrazoiak eta batez ere gerrak sortzen dituen inperialismoa salatu ditu. Grezian eta oro har Balkanetan etorkinak pairatzen ari diren egoera salatu dugu, eta Grezian atxilotu zituzten Mikelon eta Begoren ekintza goraipatu ditugu.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua dela aipatu du LABek, eta horretarako beharrezkoa bada ekintza desobedienteak aurrera eraman beharko direla ere aipatu dugu, sindikatuaren izenean.

Gerretatik ihesi gure herrietara lana eta etorkizun duin baten bila datozen langileak izanik, jende horri ahal dugun neurrian sindikatuek lagundu behar ditugula aipatu du LABek. Alldi berean, langile etorkin hauek antolatzearen beharra aipatu dugu, Bartzelonako kale saltzaileen sindikatuaren adibidea erabiliz. 

Brasilgo egoera salatzeko kale ekintza.

Bilkuretatik kanpo, bestelako jarduerak ere egin dituzte egunotan. Brasilgo sindikatu talde batek, tartean Munduko Federazio Sindikalaren kide den CTB sindikatuak, Brasilgo egoera salatzeko elkarretaratze bat deitu du, esaterako. LABek bertan parte hartu du. Elkarretaratze horretan Temerren gobernu ustela salatu da.
 

 

 

Errauskailuaren kontra antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei

0

Gaur, ekainak 14, gose greba abiatuko du errauskailuaren kontrako mugimenduak Donostiako Easo plazan. 19:00etan izango da hasiera ekitaldia. LAB sindikatutik errauskailuaren gezur handiaren aurka gose greban abiatuko herritarrei gure babesik handiena adierazi nahi diegu. Honetaz gainera, gose grebak irauten duen bitartean antolatuko diren ekimenetan parte hartzera deitu nahi ditugu langileak.

LAB sindikatua errauskailuaren aurka agertu da hainbat arrazoirengatik: osasunari kalteak, klima aldaketa sorten dute gase isurketa asko handitzen da, inguruko nekazari eta abeltzainen produktuek balioa galduko dute, herritarrak kontra egonda, partehartzerik gabe eta Europatik datozen aurka eraiki nahi da, dirutza handia kostatutako du eta lanpostu gutxi batzuk
baino ez ditu sortuko. Honetaz aparte, errauskailuaren kontrako mobilizazio herritar guztietan parte hartu du LAB sindikatuak.

Une hauetan, Errauskailuaren aurkako jarreran berresten gara badagoelako errausketaren alternatiba eta Gipuzkoako herri
askotan iadanik aplikatzen ari da: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Eta geratzen den errefusa tratatzeko
instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak egon badaudelako. Hori dela eta, langileok hitza eta
erabakia izan behar dugula aldarrikatzen dugu.