2026-04-12
Blog Page 903

Irailaren 28rako mobilizazioak deitu ditugu euskal gehiengo sindikaletik, Kataluniari babesa emateko

0

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuok urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesten dugu, eta bere emaitzak onartzeko konpromisoa adierazten dugu. Demokrazia eta herrien autodeterminazio eskubidea da urriaren 1 honetan jokoan dagoena. Horregatik, pauso bat aurrera eman nahi dugu elkartasunetik eta klase aliantzatik, Kataluniako prozesuaren aurrean konpromisoa hartuz eta honen parte aktibo izanez.

Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin dugu gaur, Bilbon, Kataluniaren erreferendumaren aldeko mobilizazioen berri emateko. Irailaren 28an irtengo gara kalera, eta hauek dira hitzorduak:

BILBO. Moyua plazan.11:00
DONOSTIA. Alderdi Eder, 11:00
GASTEIZ. Gobernuko Azpiordezkaritzan. 12:00
IRUÑA. Gobernuko Ordezkaritzan.12:00

Lehenik eta behin, konbentzituta gaude mobilizazioari eta herri aktibazioari esker bakarrik lortu daitekeela urriaren 1ean Kataluniako herritarrek bozkatu ahal izatea. Bigarrenik, ulertzen dugu Kataluniak irekitako bideak beste ate bat ireki dezakeela Espainiar estatuko gainontzeko nazio eta herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko eta gizarte demokratiko eta justuagoa lortzeko.

Kataluniako instituzioen legitimitatean sustraitutako ariketa demokratiko legitimoa izateaz gain, Kataluniako gizartearen gehiengoa -independentziaren alde ala kontra egon- auzi horri buruz galdetua izatearen alde dago.

Horregatik, Espainiako Gobernua komunikabideen, alkateen, Generalitatearen eta oro har Kataluniako herriaren kontra gauzatzen ari den eraso antidemokratikoa irmoki salatzen dugu. Sistema demokratiko batekin baino frankismoaren garaiarekin zerikusi handiagoa duen salbuespen egoera ezarri du PPk, PSOE eta Ciudadanosen laguntzarekin.

Era berean, deitoratzen ditugu bi jarrera: alde batetik, hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonda ere, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina iruditzen zaigu, Rajoyen gobernuarekin egindako akordioek PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako.

Gainera, PPrekin lortutako akordioek, antisozialak izateaz gain, autogobernua mugatzen dute. Euskal gizartean kontrapisu eraginkorrik behar du, bestela propaganda ofizialak bidea irekita dauka Kataluniarekiko ustezko elkartasuna eta PPrekin akordioak aldi berean defendatzeko. Bestela, jarrera tinkoagoa eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, demokraziaren aldeko prozesuaren kontrako errepresio bortitza ikusita, inork ezin duelako beste aldera begira egon.

Beraz, agiri hau sinatzen dugunok mobilizatu eta erreferendumaren defentsaren parte aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugu, betiere, urriaren 1 honetan herri katalanak botoa ematera joateko aukera eduki dezan modu libre eta demokratikoan. Gauzak horrela, Kataluniako herriarekiko elkartasuna erakusteko elkarretaratzeak deituko ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburutan, irailaren 28an.

Aranburu: "Atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu"
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitz hartu du agerraldian. "Tinkotasunez salatu nahi dugu aste honetan Espainiako Gobernuak emandako jauzi errepresiboa. Generalitateko 14 goi-karguren atxiloketa eta miaketekin koska bat estutu dute bide errepresiboa. Lehenik eta behin, atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu", nabarmendu du Aranburuk.

Erreferendumari baldintzarik gabeko babesa adierazten diogula adierazi du: "Espainiako estatuak erakutsi du ez dela posible adostutako bidea egitea, ez duela herri langileen erabakitzeko eskubidea bermatzen. Kataluniako herriak zilegitasun osoa du erreferenduma deitzeko".

Euskal Herrian ere gauza asko jokoan daudela aipatu du: "Bi errealitate ezberdin bizi dituzten bi herri gara. Baina bi herriok nahi dugu erabakitzeko eskubidea egikaritu, aipatu eskubidea egikaritzea eragozten duen Estatu guztiz antidemokratiko baten barruan. Katalunia 78ko erregimena zalantzan jartzen ari da eta Euskal Herria bigarren fronte bat irekitzeko gai izan behar gara. Antzerako burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan Euskal Herrian. Erakitzeko eskubidearen alde dago gehiengoa".

EAJrentzat hitzak ere izan ditu idazkari nagusiak: "Ez du ematen hau denik EAJren gobernuaren bidea. Atzo bertan entzun genuen Urkullu berriro aldebikotasunaz hitz egiten. Erabakitzeko eskubidea errespetatuko ez deula erakusten ari den estatu bati aldebikotasuna eskatzea herri honetan burujabetza-prozesuaren aldeko apustua egiten ez dela esateko izkutuko modua da, jendarteak dituen burujabetza nahiak lokartarazteko modua".
 

 

 

David Rincon eta Hanburgoko G20ko bileran kartzeleratuak askatzearen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu

0
Uztaila hasieran, G20ak goi bilkura egin zuen Hanburgon (Alemania). Bertan, munduko langileon eta oro har, munduko herritarron kontrako politikak diseinatu eta adostu zituzten; horrela, berriro ere, gutxiengo batek gehiengoaren etorkizunaren gain erabakitzeko oinarriak jarri zituzten.

Bilkura hori salatzeko asmotan, protesta ugari gauzatu ziren Hanburgon. Protesta horietako batean, David Rincon bilbotarra atxilotu zuten; egun, oraindik atxilotuta jarraitzen du, dagoeneko 2 hilabete baino gehiago eman dituelarik espetxe barruan. Irailaren 25ean bere kontrako epaiketa gauzatuko da, muntai polizial eta judizial honen azken kapitulua hain zuzen ere.

Zentzu horretan, LABetik David eta beste guztiak askatzeko exijitzen dugu eta irailaren 22an 19,30etan Arriagatik irtengo den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu. Gainera, kapitalismoak eta heteropatriarkatuak eragiten dituzten politiken kontrako borrokan berresten gara eta beste mundu bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu.
 

 

 

Zerbitzu publikoetako delegatuak, Catalunyarekin bat

0

Catalunyako erreferendumaren aldeko alea jarri nahi izan dugu zerbitzu publikoetako LABeko delegatuek. Hala, elkarretaratzeak egin genituen atzo egin genituen delegatuen batzarrak zirela eta; Lasarten, Irakaskuntzako Nazio Komitea egin zela aprobetxatuta; Lakuan, ELArekin batera, Adiministrazio orokorreko batzarra zela eta; eta Altsasun, udal eta foru administrazioetako delegatuen batzarraren ondoren.


 

 

 

“Etsigarritzat” jo dugu Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk “etsigarritzat” jo du Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko plenoan egindako irekiera agerraldia, Gasteizko Legebiltzarrean. Kataluniako egoeraren aipamena egiten hasi du bere hitzartzea lehendakariak, baina esandakoak “ez gaitu batere ase”, Katalunian bizi den egoera oso larria baita, “eta bestelako erantzun bat behar du bere aldetik; argi eta ozen esatea PPren Gobernuarekin apurtzen duela, hain zuzen ere”, adierazi du Aranburuk.

Katalunian atzo beste urrats bat eman zuen Espainiako Gobernuak bere bide errepresiboan. Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, “Estatuak erakutsi du ezinezkoa dela berarekin bide adostu bat egitea, Estatuak erakutsi du ezinezkoa dela erabakitzeko eskubidea adostasunaren bidetik eraikitzea, eta PPren Gobernu hori sostengatzen egotea, erabat antidemokratikoa eta erabat korruptoa denean, zentzugabekeria handi bat da”.

Errealitatetik oso urrun
Bestalde, LABetik ere baloratu dugu lehendakariak egindako agerraldi orokorra. Zentzu honetan, sindikatuarentzat Urkulluren diskurtsoa hutsa, konformista eta euskal gizarteak bizi duen errealitatetik gero eta urrutiago dago. Estatutua ez da bete, baina, are eta gehiago, Konstituzioaren eta oinarrizko legeen erreformekin eskumenak txikitu dituzte arlo guztietan, aldebakartasunetik gainera, EAJren bazkide PSE edo PPren eskutik.

Zintzilik dauden eskumenei buruzko 1993ko Zubia txostena 2017an berreskuratzeak garbi uzten du aldebikotasunaren estrategiaren porrota, estrategia horrek behin eta berriz talka egiten baitu Espainiako totalitarismoarekin. Gertatzen ari denarekin, lotsagarria iruditzen zaigu lehendakariak elkarrizketa eta negoziazioa eskatzea arazo politikoak konpontzeko, Estatua autodeterminazio eskubidea erasotzen ari denean.

Lehendakariak, gaur, Estatu konfederal baten proposamena mahai gaineratu du, baina proposamen hori kezko hesi bat besterik ez da, Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubideari buruzko konpromiso argirik ez hartzeko. Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko aukera era mugagabean atzeratzen du, euskal gizarteak bere oinarrizko eskubide sozial, politiko eta ekonomikoak bermatuko lituzkeen erakundeei buruz erabakitzeko aukera, alegia. Lehendakaria bere inguruan dabil bueltaka, norabide bat duenaren itsura emateko. Lehendakariak berak daki berak babestutako euskal bideak ez duela inora eramaten.

Gai ekonomikoen inguruan egindako proposamenei buruz, gauza bera: ezintasun eta borondate
politiko falta handia du bere gobernuak, fiskalitate eta aurrekontu arloetan gurearen antzeko per capita errenta duten herrialdeetako BPG mailara iristeko, eta, hori dela eta, Espainiara begira jartzen da hobeto gaudela harro esateko; I+D+I esparruko hiru plan egin dituzte, berrikuntza arloan BPGren %3aren inbertsioa proposatuz, eta ez dute bete. Gero eta urrutiago gaude punta puntan dauden Alemania, Frantzia eta Txinatik. Sortzen den enplegua prekarietatean oinarrituta dago oraindik orain; gure ekoizpen sareak inbertsio fondo eta espekulatzaileei saltzen die bere burua, eta enpresen itxierak eguneroko ogi bilakatu dira; bazterketak eta prekarietateak aurrera jarraitzen dute, eta gero eta jende gehiagok, lana izan edo ez, ez du bizitza duin bat egiteko baldintzarik.
Lehendakariak elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzen ditu negoziazio kolektiboa izoztuta duenean bere langileekin eurekin, eta euskal gehiengo sindikala baztertzen du elkarrizketa eta negoziazio esparrutik, bere gobernuaren enplegu, gizarte eta ekonomia politikei dagokienez.

Lehendakariak esandakoaren arabera, euskal preso politikoen kolektiboaren urgentziazko aldarrikapenek ere ez dute instituzioen babesik izango.

Azken finean, ohiko diskurtsoa egin du, herri honen errealitatetik urrun, eta azaletik begiratu dio Katalunia pairatzen ari den eraso totalitarioari.
 

 

 

Macron Legearen aurka irten gara kalera

Macron Legeak prekarietatea besterik ez duela ekarriko salatu dugu berriro, joan den irailaren 12an, Baionan, egin bezala. Oraingoan, sindikatuok deitutako manifestazioaren aurretik, LABek ekintza bat egin du Biriatuko ordainsarian. Autoei eta kamioiei ireki diegu bidea, eta Euskal Herria Macronen Legearen eremutik kanpo behar duela egon aldarrikatu dugu. Hendaiako Joncaux industriagunean abiatutako manifestazioarekin egin dugu bat ondoren, eta, bukaeran, Irungo Ficoban, sindikatuko ordezkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza. Ficoban, Frantziako hainbat herritako topagune bat antolatu dute, eta bertan egon da Frantziako Gobernuko ordezkari bat. Hori dela eta, garbi eta ozen esan diogu Parisi Euskal Herriak ez duela Macron Legerik onartuko.

Irungo Ficoba aretoaren kanpoaldean egindako agerraldian, Garbiñe Aranburuk adierazi du Macron Legeak ondorio oso larriak izango dituela lan harremanetan: "Langileak euren eskubideen defentsarako dituzten bitarteko kolektiborik gabe utzi nahi dituzte. Lege honen bidez, patronalari ahalmen gehiago ematea dute helburu".

 

 

 

El Bierzoko Ospitaleko itxialdiaren desalojoa salatu dugu

0
Gaur goizean, El Bierzoko Ospitaleko Gerentziak Lanciana eta El Bierzoko Osasun Publikoaren aldeko Erabiltzaileen Asanbladatik aurrera eramaten ari zen itxialdia desalojatu egin du, polizia nazionala bertara bidalita. Itxialdian zeuden bost kideek itxialdia uztea erabaki dute, polizia nazionalaren interbentzioa ekidin aldera.

LABek argi dauka osasun publikoaren aldeko mobilizazioak bide polizialarekin amaitzea ezin dela onartu, eta El Bierzoko Ospitaleko gerentziaren erabakia arbuiatu nahi dugu irmotasunez, eta borrokan ibili diren kide eta asanbladari elkartasunik beroena helarazi. Horrela ez dute gure borroka geldituko. Animo eta aurrera.
 

 

 

Ekoizpenaren aldeko apustua eskatu du Fagor CNAko enpresa batzordeak

0

Fagor CNAko Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziazio epearen bigarren bilera egin dute gaur.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Bileran jakinarazi digute langile guztiak kaleratzeko asmoarekin aurrera jarraitzen duela enpresak.

Langileen ordezkaritzak, EEEa aurkezteko argudioak ez onartzeaz gain, ekoizpenaren aldeko apustua egitea eskatu dugu, jarduera Garagartzan mantenduz.

Zuzendaritzak, balizko bazkideekin izaten ari den bilerak direla eta ezin du beste ezer aurreratu, eta ezin duela argitu zein izango den proiektu industriala. Hortaz, negoziaketa epea etetea eskatu dugu ezin dutelako argitu zein izango den aurkeztuko duten proiektu, argitu arte zer ematen duten negoziaketa horiek.
Gainera CNA Taldeko enpresen informazio ekonomikoa eskatu dugu, jakiteko zein den CNA Taldearen benetako egoera ekonomikoa. Era berean, Fagor S.Coop eta FagorCNAren artean, marka erabiltzeko kontratuaren kopia eskatu dugu.

Langileak, Basauriko lantegiaren aurrean.
 

 

 

Langile baten heriotza salatu dugu Vicinay taldeko Erandioko Cables y Alambres enpresan

Gaur asteazkena lanean zegoen langile baten heriotzaren berri izan dugu. Langilea, makina batek harrapatua izan ondoren hil da. Lehenik eta behin, gure doluminak eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen familiari, era berean, elkartasuna helarazi nahi diegu bere gertukoei, bere lankideei eta langil-klase osoari orohar. Heriotza honekin gutxienez 43 dira lan istripuz urte hasieran lan-istripuz hildako langileak Euskal Herrian 2017a hasi zenetik.

Argi dugu istripuak ez direla puntualak eta ez direla kasualitatez gertatzen. Arazo estruktural baten aurrean gaude, lan harremanen eredu zehatz bati erantzuten diote, eta eredu honetan, arriskuan dago langileen osasuna eta bizitza.
Prekarietateak hil egiten duela salatzen dugu, erantzuleak egon badaudela eta istripuak ekidin ahal eta behar direla. Lan istripu honek erantzule zehatzak ditu, Cables y Alambres Especiales enpresa eta Vicinay taldea.

Behin baino gehiagotan egin ditugu salaketak eta gelditu ditugu makinak enpresa honetan eta honen aurrean, enpresaren erantzuna izan da langileen ordezkariak presionatzea eta istripuak ekiditeko prebentzio neurririk ez hartzea. Enpresa honetan ez da inolako inbertsiorik egiten eta makinak guztiz zaharkituta daude.

Hamarkadetan zehar luzatu den inbertsio falta honek asko kaltetu ditu makina eta instalazioak eta ondorioz, bizitza arriskuan jarriz joan behar izan dute lanera langileek egunero eta lan-istripuak konstante bat izan dira azken urteotan zehar.
Vicinay taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen Cables y Alambres enpresa, inoiz iritsi ez diren inbertsio batzuk aginduz.
LAB sindikatua langileek bizi zituzten lan-baldintza kaxkarrak salatzen ibili da eta honen aurrean, enpresaren erantzuna errepresioa izan da, presioa eta onartezinak diren laneko erritmoak imposatzea.

Berriz ere zero tolerantzia, kontrola eta zaintza exijitzen dizkiegu administrazioari.

Azkenik, LAB sindikatutik dei egiten dugu datozen orduotan artikula litekeen erantzunean parte hartzera eta euren lan-zentroetan lan-baldintza duinen alde borrokan egiteko deialdia egin nahi dugu, irabazi enpresarialen gainetik langileen osasunaren alde egingo duen eredu baten arren. Prekarietatea hiltzailea, erantzuleak badaude.

Cables y Alambreseko enpresa-batzordeak deituta, kontzentrazioa egingo dute bihar langileek lan-istripuz hildako lankidearen heriotza salatzeko. 12:00etan izango da, Erandioko enpresaren aurrean.
 

 

 

Igor Arroyo: “Agerian geratzen ari da demokrazia mozorro bat besterik ez dela Espainiako Gobernuarentzat”

0

LAB sindikatuaren izenean, elkartasun mezua helarazi nahi diegu Kataluniako herriari, langileei eta instituzioei, jasaten ari diren eraso basatiaren aurrean. Sindikatuko Idazkari Nagusi Ondoko Igor Arroyoren hitzetan, “agerian geratzen ari da Espainiko Gobernuarentzat, PPrentzat, Erregimenarentzat, demokrazia mozorro bat besterik ez dela. Urte hauetan guztietan, demokraziaz hitz egin dute, baina benetan elite gutxi batzuen mesedetan antolatutako kasino bat izan dugu Espainiako estatuan; herri langile desberdinen kontura bizi izan den elite baten kasinoa”.

Erasoa ematen ari da “herri bat martxan jarri denean, bestelako eredu bat eraiki nahi duenean, Errepublika bat planteatu duenean Monarkiaren aldean, herriaren hitza eta erabakia artikulatu nahi duenean, etorkizunari ateak ireki nahi dizkionean. Orduan azaldu zaigu erregimen horren benetako aurpegia”, adierazi du Arroyok.

Idazkari Nagusi Ondokoaren esanetan, “postfrankistak zirela esaten genuen, baina benetan frankistak izaten jarraitzen dute. Horregatik, momentu erabakigarri honetan, iruditzen zaigu ekiteko garaia dela, Kataluniarekin elkartasunez bai, baina erregimen hau lurperatzeko ere bai”.

Euskal Herritik elkartasuna helaraztearekin batera, LABek lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko bere konpromisoa berretsi du, “haustura demokratikoaren alde, herriak hitza eta erabakia hartzearen alde, 78ko giltzarrapoa behin betiko hausteko bidean gure ekarpena egiteko”.

Kataluniarekin eta demokraziarekin bat

Gaur arratsalderako mobilizazioak daude deituta herri ugaritan, “Kataluniarekin bat. Demokraziarekin bat”.

LABek mobilizazioetan parte hartuko duela adierazi nahi du eta langileei hauetan parte hartzeko deia egin.