2026-07-10
Blog Page 901

Ez daukagu mahaitik altxatzea beste aukerarik Siemens-Gamesan

0

Siemens-Gamesako langileekiko errespetu falta nabarmenaren aurrean, LAB, CCOO, UGT eta ELA ohar bat kaleratu dugu, berriro konstatatu dugulako zuzendaritzak nola filtratu duen informazioa langileekiko eraginaz EEEaren negoziazio mahaiaren osaketa prozesuan zehar.

Adierazi nahi dugu horrekin ordezkaritza sozialaren informaziorako eskubidea urratu dutela, hortaz, ordezkaritza sozialak bere osotasunean erabaki du mahaitik altxatu eta bilera amaitutzat ematea.

Honelako jarduerek prozesua desitxuratzen dute eta enpresaren fede txarra azaleratzen dute beste bein, ordezkaritza sozialaren negoziaziorako eta mobilizaziorako eskubidea gutxietsi asmoz.

Gainera, bileran egindako adierazpenak jakinarazi nahi genituzke: sindikatuak Siemens-Gamesako kaleratzeko kolektiboen prozesu honen guztiz kontra gaude, enpleguari eutsi nahi diogu.

Engainatu egin gaituzue, hortaz, Ordezkaritza Sozialak bere osatasunean, eta tinkotasunez adierazten du ez duela kaleratze bakar bat ere onartuko, hemen ez dagoelako inor soberan.

Egoera honetara iritsi gara Siemens-Gamesaren kudeaketa txarraren ondorioz, hortaz Ordezkaritza Sozialak honakoa eskatzen du,
• Aipatu espedientea erretiratzea.
• Langile guztientzako enplegu bermea.

Azkenik, delegatu guztiei eskertzea enpresaren egoitza sozialaren aurrean egindako kontzentrazioan parte hartu izana.
 

 

 

Irakasleen eraso kasuetarako erregistro berezi bat sortzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari

0
Ikasle batek irakaslea jo zuen atzo Bilboko ikastetxe batean. LABek erasotua izan den langilerari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio.

Zoritxarrez ez da Euskal Herriko ikastetxe batean horrelako zerbait gertatzen den lehenengoa aldia. Gaur Bilboko ikastetxe bati tokatu zaio baina astero Euskal Herriko edozein ikastetxetako langileen aurka ematen dira erasoak; irainak, mehatxuak, autoak kaltetzea…

Hezkuntza Sailak ostrukarena egiten duen bitartean erasoak gero eta gehiago ematen ari dira zentruetan. Gaur egun ikastetxeetan ez dago erregistro orri bat horrelako gertakariak jasotzeko. Komisaldegietara heltzen diren salaketak soilik hartzen al dira erasotzat? Zer gertatzen da beste eraso guztiekin? Eta zein neurri hartzen da hauek ekiditeko?

Hezkuntza Sailarentzat erasoak ez dira gertatzen. Aipatzen ez dena ez da existitzen eta murrizketen kudeaketa da orokorrean Hezkuntza Sailaren politika, eta zehatzago erasoen kasuetan.

Hori dela eta, LABek eraso kasuetarako erregistro berezi bat sortzea eskatzen dio Hezkuntza Sailari. Honetaz gain, gertaeraren ikerketa bat berehala zabaltzea etorkizunean prebentzio neurriak jartzea, hezkuntzako langileentzat prebentzio protokolo bat garatzea, erasoen kontrako formakuntza plan bat diseinatzea eta behar bereziak dituzten ikastetxeetan baliabide gehiago jartzea ere exijitzen dugu.
 

 

 

EAJ eta PSEk sozietate zergaren inguruan lortutako akordioak are gehiago okertu du egoera, patronalaren mesedetan

EAJk hasiera batetik bilatu du PP eta PSEren babesa EAEko aurrekontuak onartzerakoak, beste aukera batzuk baztertuz. PPk jarritako sozietate zerga murriztearen baldintza atsegin handiz bete duen zerbait da, alderdi biek bat egiten dutelako jendartearen kontrako proiektu eskubitar eta liberalean.

Espero zitekeen bezala EAJ eta PPk estatu mailan lortu dituzten akordioen ondoren, dena dago prest PPk Urkulluren gobernuaren aurrekontuen aldeko botoa eman dezan. Fiskalitatearen inguruko antzerkitxoak konfirmatu egiten du bere interes bakarra erreforma fiskal batean sakontzea dela, bai sozietateen zerga zein PFEZarena, errenta altuei eta kapital enpresarialei mesede egiten diena. Horretarako kontatzen dute, beti kontatu duten bezala, PSEren komodinarekin. Azken alderdi honi, berriki 21 miliotako zorra barkatu diote. Horrela kobratzen dira mesedeak eta aldatzen dira posizio politikoak.

155aren tripartitoaren aurrekontuak atzera botatzea exijitzen dugu eta baita erreforma fiskal bidezkoa ere, zeinetan errenta eta ondareak eskala progresibo batean ordainduko dituzten zergak, eta iruzur fiskala eta paradisu fiskalak jarraituak izango diren.

Patronalak hasieratik eskatu izan du sozietateen gaineko zerga murriztea, eta EAJ hasieratik egon da ados, proiektu liberal berdina konpartitzen dutenaren erakusgarri.

PSEk tipoa murrizteko akordiorik ez zuela onartuko esan zuen bere egunean. Hiru aste beranduago onartu du. Honek argi uzten du PSEk gobernu barruan duen egitekoa eta benetan nork agintzen duen gobernuan eta noren interesak lehenesten diren, patronal eta kapitalistenak hain zuzen ere.

LABen ustez, aurretik adostua zutena motz geratzen zen. Hori ez zen da behar genuen zerga erreforma. Oraingo itun honekin, are gehiago okertu da egoera, berriro ere patronalaren mesedetan.

Eztabaida tipoaren ingurukoa izaten ari den honetan, tipo nominala beste herrialde batzuetakoa baino altuagoa dela onartu beharra dago. Ez aldiz irabazi enpresarialek benetan ordaintzen dutela, kenkarien eragina dela eta. Europar Batasunean BPGaren %2,5 suposatzen dute zergek, EAEn %1,5era baino heltzen ez direlarik. Honek agerian uzten ditu, beste behin ere, patronalaren gezurrak.
 

 

 

Mugimendu feministak larunbaterako deitutako mobilizazioekin egin dugu bat

Azaroak 25 Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, mugimendu feministak larunbaterako deitutako mobilizazioekin egin dugu bat. Era berean, larunbatean bertan, LABetik solasaldi bat egingo dugu Bilbon, etxeko langileen egoerari buruz hitz egiteko, “Inork ikusi nahi ez duen zapalkuntza hirukoitza” leloarekin.

Hauxek dira Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako aurreikusitako manifestazio nagusiak, mugimendu feministak deituta:

-Baionan, 11:00etan, udaletxetik.
-Bilbon, 18:30ean, Jesusen Bihotzetik.
-Gasteiz, 18:30ean, Andra Mari Zuritik.
-Donostia, 19:00etan, Bulebarretik.
-Iruñea, 20:00etan, Gaztelu Plazatik.
 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako langileek mobilizatzera deitu dute

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren negoziaketa berrerarazi zenetik zortzi hilabetetan izandako 10 bileren ondoren, CEBEK Patronalak proposamen bat helarazi digu, LAB eta ELA sindikatuon ikuspuntutik (gehiengo osoa osatzen dugun sindikatuon aburuz, alegia) sektoreari burla, iseka, mespresu egitea beste kalifikatiborik merezi ez duen proposamena. Hori dela eta, mobilizazio egutegi bat prestatu dugu, eta protesten artean lehena astelehenean izango da. Hain zuzen ere, elkarretaratzeak egingo ditugu Bilbon, BBVA, Kutxabank eta LANTIKen aurrean. Honen guztiaren berri gaur eman dugu, Bilbon egindako agerraldi batean.

Hauek dira aurreikusitako mobilizazioak:

-Hurrengo astelehenean, hilak 27, kontzentrazioak egingo ditugu BBVAren, Kutxabanken eta LANTIKen aurrean. Lehendabizikoa BBVAk Bilboko Gran Vían duen egoitzaren aurrean egingo dugu,
10:00etan. Kontzentrazio horietan, hitzarmenaren hileta eszenifikatuko dugu, beltzez joango garelarik, heriotzarekin zerikusia duen eszenifikazio eta elementuekin.

-Abenduaren 13an, Bizkaiako sektoreko lankide guztiei deia luzatzen diegu enpresa bakoitzaren aurrean kontzentrazioak egitera.

-Urtailaren 18an, osteguna, eta 19:00etan, Bilboko Plaza Biribiletik hasita, Gran Vian CEBEK patronalak duen egoitzaraino, sektorearen manifestazioa deituko dugu.

-Eta azkenik, otsailaren 1ean, greba egun baten deialdia luzatzen dugu.

CEBEKek xantaia darabil. CEBEKek hitzarmen probintzialaren izatea eduki nagusien ezabatzearekin xantaia egiten dabil. CEBEKek hitzarmen probintzialaren izatea, 2012ko hitzarmenaren edukiak baino okerragoak direnen sinatzearen xantaiarekin diardu.

Zentzugabekeria hutsa. Onartezina. Sektorean diardugun langileei burla, iseka, mespresua.

Onartezina, 2012ko soldata taulen gainetik ehuneko 4a baino gehiago kobratzen duten langileei (sektoreko ehuneko 90a baino gehiagori alegia) gutxiengo bermea kentzea, horrek soldaten izozte erabatekoa dakarrelarik.

Antzinatasuna bi bosturterarte mugatzea; alegia ehuneko 10ra mugatzea gehienez, promozio profesionalik ez den sektore batetan, ONARTEZINA deritzogu.

Gaur egun hitzarmen estatala duten eta hitzarmen probintziala aplikatzeko enpresa bakoitzean negoziaketa batetara baldintzatzea, 2022ko urtarrilaren 1arte atzeratuaz bere ezarpena desadostasuna izanez gero,

Lanaldiaren banaketa irregularra. 2012ko lanordu kopuru berdina. 2013tik 2017ra bitarteko soldata atzerapenik gabe. Soldaten igoera K.P.I.arekiko erreferentzialtasunik gabe. Konpentsazio eta absortzio klausula. Zentzugabekeria CEBEKen proposamena. .

Patronalaren jarreraren aurrean, LAB eta ELAk behar beharrezkoa deritzogu sektorearen mobilizaketa. Derrigorrezkoa blokeo egoeran den negoziaketa sektorearen mobilizaziora deitzea. Eta zentzu horretan, sindikatuok dei ozen bat egiten diogu sektorean diarduten lankide guztiei.
 

 

 

Ibon Iparragirre eta gaixorik dauden beste presoen aldeko elkarretaratzea, bihar, Galdakaon

Elkarretaratze batera deitu dute biharko, azaroak 24, Ibon Iparragirre eta gaixorik dauden beste presoen askatasuna eskatzeko. Mobilizazioa 11:00etan izango da, Galdakaoko ospitalaren aurrean, Kalera! plataformak deituta.
 

 

 

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko apustua berretsi dugu Nafarroan

LABek Nafarroako 2018rako aurrekontu proiektuaren irakurketa kritikoa egin du, ez dituztelako nafarren aldaketa politiko eta sozialerako nahiak asebetetzen. Aurrekontu hauek ez dira iristen gizarteak eta langileok nahi dugun aldaketa sozial eta politikoaren mailara; ez dira parte-hartzaileak, gizarteak eta langileek ez baitugu aukerarik izan benetako ekarpenak egiteko eta nahi ditugun aurrekontuen gainean erabakitzeko; eta Madrilek eta neoliberalismoak ezartzen dituzten mugak errespetatzen eta onartzen dituzte, eta, beraz, ez dira aurrekontu burujabeak. Agerraldi bat egin dugu gaur Iruñean, irakurketa honen guztiaren berri emateko.

Uxue Barkosen Nafarroako Gobernuak aurkeztutako 2018rako aurrekontuen aurreproiektuak, berriro ere, Nafarroako gizarteak eta eragileok borrokatu dugun aldaketa politiko eta sozialaren mailara iristen ez diren aurrekontuak uzten gaitu.

Horrela, aurrekontuen bitartez, politika publikoak garatzeko eta aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko Nafarroako Gobernuaren borondate eza agerian geratzen da.

Hori dela eta, politika publikoen ereduaren aldaketari dagokionez, LAB sindikatutik bi muga ezberdin ikusten ditugu.

Alde batetik, Madriletik Espainiako gobernuaren eskutik, UPN-PSN Erregimenaren laguntzarekin ezartzen diren mugak (Hitzarmen Ekonomikoaren blokeoak aipamen berezia berezi bat behar du, urtero nafarrentzat 100-200 euro milioi suposatzen duelako), eta beste alde batetik, Nafarroatik Geroa Baiko Gobernua bera, Garapen Ekonomikorako Lehendakari ordea den Aierdi jaunaren eskutik, garatzen ari den politika batzuen ondorioz sortzen diren mugak.

1. Madriletik ezartzen diren arauak (mugak) errespetatzen eta onartzen dira
Aurrekontu hauek, Madriletik ezarritako defizit-aren helburua, gastu maila, eta zorpetzearen mugak errespetatzen dituzte. Honen ondorioz, neoliberalismoaren printzipio eta muga hauek errespetatzen dituzten aurrekontuak egoera iraultzeko ez dira inoiz baliagarriak izango.

Nafarroako gobernuak desobedientziarik ez duela egingo bistakoa da, beste gauza da bere burua aldaketaren gobernutzat duenak printzipio hauek kritikatu gabe egitea aurrekontuak. Arazoa ez da errespetatzen dituela, arazoa da bereak egiten dituela eta gobernuaren jardunbidearen oinarri bihurtzen dituela.

2. Aldaketaren gobernuak ez du gastu sozialaren pisuan sakoneko aldaketarik ekarri. EZ du esku hartze publikoan sakoneko aldaketarik bultzatu
2010n jo zuen goia gastu sozialak, aurten da kopuru hori berriro gainditzen den aurreneko aldia. 2010ean 2.312,7 milioi izan ziren gastu sozialera joan zirenak, 2018an 2.320,7 joango dira.

Horrela da kopuruak parekatzen baditugu, baina gastu sozialaren pisua txikiagoa izaten jarraitzen du 2010arekin alderatzen badugu. Orduan BPGaren %12,5 zioan gastu sozialera, orain %11,2. Orduko pisua parekatzeko 266,6 milioi gehiago sartu beharko lirateke gastu sozialean.

Gastu sozialak gastu osoan duen pisua jaitsi egin da ere, 2010ean gastatzen den guztiaren %58,1 atal sozialean gastatzen zen. Orain %55,8a da.

Laukotearen gobernuaren bilakaerari begiratzen badiogu egia da gastu soziala indartu egin dutela urtez urte, baina pasa den urtearekin alderatuz 58,3 milioiko igoeraz ari gara. EZ dago jauzi nabarmenik, EZ dago politikak aldatu direla esateko (aurrekontu politika) arrazoirik.

Izan ere, aurrekontu hauekin laukotearen gobernuak ez ditu politika publikoak indartu, ez du sektore publikoaren esku hartzea hobetu. Zorra ordaintzera doan dirua kentzen badugu, gastuaren pisua gutxitu egin da BPGarekin alderatuz. 2010 BPGaren %20,7 zen politika publikoetara zuzentzen zen gastua; 2018an %18,5 izango da. Pasa den urtean %18,8 zen. UPNrekin %18,6 zen. Gora beherak txikiak dira, EZ dago sakoneko aldaketarik, ez dago benetako aldaketarik.

Gastu sozialaren igoera ez da %3ra iristen, izaera ekonomikoa duten jardueretan sartuko duten dirua %7,9 igotzen da. Beraz, datu honek harritzen gaitu, eremu pribatura doan diru publikoa %7,9 handitu dela suposatu daitekeelako, politika sozialetara doan dirua %2,6 igo den bitartean.

3. Politika publikoak indartzeko diru sarrerak handitu egin behar dira eta horretan ez dago aldaketa handirik
LABetik gastu maila igotzeko eskatzen dugu, gastu sozialerako diru gehiago gordetzea nahi dugu. Baina ez hori bakarrik, garapen eredua zuzentzeko eta ekonomikoa sektore publikoaren ekimenez indartzeko politika publikoak behar ditugu. Gaur egun ezin da zorpetzearen bidez egin (eztabaidagarria da bide hori zuzena den edo ez), baina argi dago aurrekontuak hobetu daitezkeela diru sarrerak handitzen badira.

Nafar gobernuak erreforma fiskala egin zuen orain urte bete. Hor zegoen diru sarrerak handitzeko aukera, aberastasuna banatuz justizia soziala indartzeko aukera. Aurrekontuak aztertuz esan dezakeguna da honetan KALE egin dutela.

Egia da diru sarrerak handitzen direla, 132 milioi gehiago sartuko dituzte. Baina hauetatik bakarrik 6 milioi izan dira aldatu diren arauen ondorioz jasotakoak. Hau da, sarrerak igotzen dira bilakaera ekonomikoagatik eta ez erreforma fiskalagatik.

Erreformak ez du balio izan jauzi bat emateko diru sarreretan. Eta EZ du balio izan fiskalitatea justuagoa izateko Nafarroan, jasoko den horretan gehiena lan errentetatik etortzen direlako. Enpresa zerga bidez jasoko dena pasa den urtekoa baino gutxiago izango da.

4. Ez dira parte hartzaileak, ezta burujabeak ere
Formari dagokionez, berriro ere, Gobernutik prozedura parte hartzailea jarri ez izana erabat onartezina dela iruditzen zaigu. Herritarrok eta eragileok gure aurrekontuetan parte hatzeko eskubidea izan behar dugu.

Beti esaten dugun moduan, Nafarroan herritarron eskubideak eta beharrak ziurtatzeko aberastasun nahikoa dago, baina ikusita aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak izateko ditugun mugak, ezinbestekoa da Nafarroako gizartearen erabakitzeko eskubidearen defentsa eta apustua. Nafarroak eta bere herritarrok, zilegitasun osoa dugu nahi ditugun aurrekontuak eta eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko, baita gure autogobernua eta estatus politikoa erabakitzeko ere.
 

 

 

Heziketa Bereziko langileen %75 baino gehiagok egin du greba

0

Ehunka pertsonak hartu du parte Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, egndako mobilizazioetan. Iazko grebek baino oraindik ere jarraipen zabalagoa izan du gaurko deialdiak. Grebara deiturik zeuden 1.000 langile ingurutik %75 baino gehiagok egin du bat lanuztearekin, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituta.

Grebarekin bat eginez ehunka lagun (Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, Fisioterapeutak, Zeinu Hizkuntza Interpreteak, Terapeuta Okupazionalak, Langile Sozialak eta Transkriptoreak) irten da kalera Hezkuntza Publikoko Heziketa Berezian egun bizi dugun egoera salatu, gure aldarrikapenak plazaratu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari ere, egoerari konponbidea emango dion edukiz beteriko benetako negoziazio prozesu bat gara dezan eskatzeko.

Hauek dira, lan-baldintza hobetu eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei ere hezkuntza on bat bermatzeko, azken urteetan behin eta berriro mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenak:

-2003 geroztik berritu gabe dagoen hitzarmena negoziatu eta berritu.

-Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko Hezkuntza Sailak gogortu dituen irizpideak zabaldu eta, honen baitan, behar berezia duten ikasleen eta beharren mailaren araberako plantilla handitzea. Lan-kargak arindu heziketa lana modu egokian garatu ahal izateko.

-Hezkuntza Laguntzako Espezialisten asteko jarduna murriztu, mugatu eta zehaztu.

-Lanaldi partzialak mugatu eta posible diren guztiak lanaldi oso bihurtu.

-Egun Lanpostu Zerrendatik kanpo daude egiturazko 400 postutik gora. Beraz Lanpostu Zerrendak benetako beharretara egokitu behar dira eta handitu.

-Behin-behinekotasuna %6ra jaitsi, horretarako 400 lanpostutik gora egonkortuz.

-Murrizturiko soldata eta %12tik gorako eros-ahalmen galera berreskuratu.

-Hezitzaileon soldatak egiten den heziketa lanaren baitan nabarmen hobetu.

-165 egunetik gora lan egiten dugun ordezkoentzat uda kobratzeko eta puntuatzeko eskubidea bermatu.

-Bajak bere osotasunean ordaindu, gaixotzen garen langileok zigortzeari utziz.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Azken asteetan, propagandaz bildurik plazaratu dituzten aurrekontu egitasmoek, ez dute ez Heziketa Berezian ezta borrokan dauden hezkuntza publikoko gainerako sektoreetan ere, egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen.

Hezkuntza Sailari Heziketa Bereziko hezitzaileon egoeraren larritasunari eta gure aldarrikapenei erantzungo dien negoziazioa abian jar dezala eskatzen diogu. Horrela ez bada, greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute utziko.
 

 

 

Kupoa berritzearen inguruko EAJ eta PPren arteko akordioa aldebikotasun lilura da Estatuaren aldebakartasuna ezkutatzeko

Posiblea den azalpen bakarra, ultraliberal guztiek egiten dutena egiten duten ultraliberal hutsak direla. Baliabide publikoak (fiskalitatea, aurrekontuak eta politika publikoak) kapital finantzieroaren zerbitzura jartzen ditzutenak; zerbitzuak, herritarren beharrizanak eta bizitza bera pribatizattzen dituztenak gutxi batzuk besteen kontura negozioa egin dezaten eta euren jarduera politikoaren bidez enpresa multinazional handietako administrazio kontseiluetara iritsi.

Kupoa, Kontzertuaren Ekonomikoaren zati bezala, EAEk Estatuak aldebakarrez erabakitako zerbitzuen kostea ordaintzen duen aldebiko prozedura da. Modu progesiboan hustuz joan da EAEren gaitasun konpetentzialak, politika publikoen esparru guztian oinarrizko lege estatalen garapenaren bidez, modu esanguratsuan murriztu da aldebiko akordioen aukera funtsezkoak diren gaietan, hala nola osasungintza, hezkuntza, babes soziala, enplegua, politika ekonomiko eta finantziarioa, energía, kanpo-merkataritza, inbertsio estrategikoak, etab.

Aldebakartasun horren adibide paradigmatikoa Aurrekontu-Egonkortasun eta Iraunkortasun finantzierorako Lege organikoa da. Gastu publikoaren lehentasunak zehazten ditu legeak, zerbitzu publikoen garapena eta honetarako beharrezko diren langileen kontratazioa eragozten du, bankuei zilegia ez den zorra ordaintzeko eta zero defizitaren inposazioa ahalbidetzeko.

Aldebakartasunaren beste adibide bat bankuak erreskatatzeko estatuaren erabakia, orain arte 60.600 milioi eurotako zuloa eragin duena honezkero kontu publikoetan, honen dagokion zatia kupo bidez ordaindu beharko da zehazten den neurrian. Gainera, 2017ako 32.171 milioi euro ordaindu beharko ditu
Estatuak. Honen zati bat ere ordaindu beharko du EAEk
Estatuak gastu eta inbertsioak erabakitzen ditu defentsak, administrazio publikoetan, errege etxean, kanpo politikan, polizian, abiadura handiko sarean, banku eta enpresen aktibo toxikoen erosketan, politika ekonomiko eta industrialean eta inbertsioetan, gero kupo bidez dagokion partean ordaintzen direnak.

Lortutako akordioak ontzat ematen ditu Estatuaren aldebakarreko prozedura hauek eta kipo bidez, euskal instituzioek estatukoekiko duten menpekotsaunaren ordainteko kupo bidez eguneratzera mugatzen da. Bestalde, akordioa aurreko Kupoaren legean jasotakoa beherantz negoziatzearen ondorioa baino ez da eta datorren bosturtekoaren urteroko ordainketaren igoera atzerapenen ordainketa diferituak leunduta.

Kontzertuak ez ditu eragozten Estatuaren aldebakarreko erabakiak; ez du estatuaren injerentzia eta interbentzioa mugatzen EAEko kontuetan, 2012/2 Lege Organimoaren eta konstituzioaren 135 artikuluaren bidez. Gainera, aukera uzten du EAEn 155. artikulua inposatzeko.

Errealitate ukaezin honek askoz itxura kezkagarriagoa hartzen du EAEko gobernua eta lehendakaria euren aldebikotasun- ereduaz harrotzen direnean.