2026-01-13
Blog Page 890

Gizarte segurantza, pentsio eta babes sozialerako sistema bat ezinbestekoa da Euskal Herriarentzat

EAJk PPri Madrilen ematen dion babesak eta honek EAJri Euskal Autonomia Erkidegoan ematen dionak gauza bat frogatzen du: EAJk gauza bat esaten duela komunikabideen aurrean itxurakeria egiteko, baina beste gauza bat egiten duela ekintzei dagokienez. Pentsioen aferak herritar guztiei eragingo die, erretiratuei orain eta erretiratuko direnei gero. Hala, herritar guztiek pentsio publiko eta duinak bermatuak izan behar dituzte. Bistan da, orain eta etorkizunean, gizarte segurantza eta babes sozialerako sistema propio batek soilik bermatu ditzakeela pentsio publikoak. Hau horrela izanik, horretarako beharrezkoak diren neurriak har ditzatela irmoki aldarrikatzen dugu.

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei barre egin die PPk, Madrilen behar duen guztirako EAJren babesa izanik ere, Estatutua betetzeko inongo asmorik ez duelako, 37 urte geroago. EAJk Gizarte Segurantzaren eskuduntza eskatzeak “oker” bat dela dio Oyarzabalek (PP); hori bai, EAJren “ardura” txalotu egin du aurrekontuetan eta beste gai batzuetan jeltzaleen babesa jaso dutenean. Honek guztiak frogatzen du bi alderdiek herri honekiko duten konpromisoa hutsaren hurrengoa dela. Eskuineko proiektu neoliberalak aurrera ateratzeko aliatuak izatea da euren kezka bakarra. Euskal herritarren gehiengoaren eskakizunei, ordea, entzugor egiten diete.

Non geratu dira EAJren aldarrikapenak? Inon ez, gauza bat esan eta kontrakoa egiten baitute jeltzaleek. Gizarte Segurantza eta pentsioen euskal sistema bat “lehentasun” dutela adierazi zuten urte hasieran, baina azkar ahaztu dute helburu hori. Euskal Autonomia Erkidegoan pentsioa jasotzen duten 540.000 lagunen eskakizunak ez omen dira lehentasun. Bitartean, EAJk PPren ezetza onartzen jarraitzen du, gai honek herritarren %25eri eragiten dion arren. PPren “betoa” onartzen du, nahiz eta bere diskurtsoan beste gauza bat esan. Gainera, ondo geratu nahi dute berriro, transferentzien eztabaida datorren kurtsora luzatuta. Euskal pentsionistak pobrezia egoeran daude, eta beti ukatu egin zaie euren aldarrikapenak. Bada, hauek ez dira lehentasun EAJrentzat.

Ukazio honetan EAJk eta PPk bat egitea ez da kasualitatea. Euskal Autonomia Erkidegoko pentsionistek 1.080 euroko gutxieneko pentsio duin bat eskatu dute, eta 71.724 sinadura bildu eta Gasteizko Legebiltzarrean erregistratu dituzte. Hala ere, EAJ eta PPri bost axola.

Hau guztiagatik, LABek iritzi du Gizarte Segurantza eta Babes Sozialerako sistema propio bat abian jartzea urgentziazko neurri bat izan beharko litzatekeela, pentsio duinak bermatzeko eta gero eta hedatuagoa dagoen pobreziarekin amaitzeko. Ez dago aitzakiarik.
 

 

 

Udara gatazkatsua berriro Bizkaiko Correosen, behar adina langilerik ez dagoelako

0
Bizkaiko Correos enpresa publikoan dihardugun sindikatu guztiok (LAB, CCOO, ESK, UGT, ELA eta CSI-F) gure ezinegona adierazi gura dugu lantokietan behar adina beharginik ez dagoelako. Urte osoan eman den egoera honen espresio gorena udaran eman ohi da, korrespondentziaren tramitazioan pilaketa eta atzerapen nabariak sortuz, hiritar orori dagokion zerbitzua erabiltzeko eskubidea modu kezkagarri batez aldatuz.

Bizkaiko Correoseko sindikatu guztien ordezkaritzak berriro adierazten du jendartean gure kezka handia enpresaren zuzendaritza, Bizkaian, posta-zerbitzuen kudeaketan erabiltzen ari den moduengatik.

Azken urteotan behin eta berriz salatu dugu Correos erabiltzen ari den gastuak aurrezteko politika; haren ondorioz, langile kopurua ikaragarri txikitu da. Behar beste beharginik ez izatearen eta oporraldiak, bajak,… bete ez izanaren ondorioz bertako beharginoi lan-zama handiagoa egokitu zaigu, eta hura banatzeko orduan atzerapenak izan ohi dira. Horrek berekin dakar beharginon lan-zama handiagoa izan ohi dela, eta EZINEZKOA JAZOTZEN ZAIGULA KORRESPONDENTZIA EGUNEAN EROAN AHAL IZATEA, eta ondorioz, korrespondentzia pilatzen zaigula, hura banatzeko garaian atzerapenak gertatzen direla, lan baldintzak kaskartzen direla eta biztanleriari eskaintzen zaion zerbitzua hondatzen dela. Honen guztiaren ondorioz jazotzen den egoeran banaketa-zerbitzua ez da ohikoa, eta behar adinako beharginik ez dagoelako bulegoetan, hiritarrak ez dira egokiro atenditzen; horrez gain, Posta Zerbitzu Orokorrak behartzen duenez, banaketa ez da burutzen astelehen eta barikua bitartean.

Egoera honek urratzen du hiritargoari posta egunero jasotzeko dagokion eskubidea; honen eraginez ez dira betetzen Correoseri dagozkion eginkizun legalak, posta zerbitzu publikoaren egilea izanik.

Sindikatuok ez gatoz bat Correoseko zuzendaritza egiten ari den kudeaketa horrekin. Horrela, aurrerantzean ere presionatuko dugu, Correoseri KALITATEKO POSTA ZERBITZU PUBLIKOA GAUZA DADIN, BEHAR ADINAKO BEHARGINAK eskatuz.
 

 

 

Kayaba Orkoien eta Kybse Ororbiak bat egitea proposatu dugu

0

Kayaba Orkoien (KSS) enpresa ixteko arriskuan dago, kudeatzen duen multinazionalak 100 langile kaleratuko dituela iragarri baitzuen maiatzean. Horren aurrean, Orobiarko KYBSEko enpresa batzordeak irtenbideak bilatzeko eskatu dio multinazionalari, eta KSS enpresaren biziraupena bermatzeko laguntza luzatu du. Hain zuzen ere, LAB sindikatuak proposamen bat egin du, eta horrekin bat datoz Nafarroan Kayabak dituen hiru lantokietako sail sindikalak; azken finean, aipatu lantokietako enplegua nahiz lan baldintzak eta bertan loturiko akordioak bermatzen dituen industria plan batez ari gara. Proposamenaren berri gaur eman dute Iruñean.

Planteamendu hau multinazionalaren zuzendaritzari berehala jakinarazi ez ezik, Nafarroako erakundeei ere emango zaie haren berri, ezinbestekotzat jotzen dugulako azken hauen parte-hartzea irtenbidea lortu nahi badugu.

Proposamena funtsezkoak diren sei puntuez osatuko da:

1.- Hiru urtean, KYBSE Ororbian ekoizten diren amortiguadoreak 3,5 milioietan handitu progresiboki.

2.- Kopurua gehitzen ari den heinean, KSS Orkoiengo langileak KYBSE Ororbian integratuko dira, KYBSE-ren hitzarmenak agintzen duenez, antzinatasun hurrenkera zorrozki betez.

3.- Horren ondorioz sortuko den plantillaren lan baldintzak KYBSE Ororbiaren hitzarmenak ezarriko ditu.

4.- Multinazionalak agindu behar du kopuru gehigarriari eutsiko diola 10 urtez.

5.- Behin hiru urte igaroko direnean, bi plantillek eta enpresak bat egingo dute KYBSEn, lantoki bakartzat hartuz.

6. Hiru urteko plan iragankorra landuko da KSS-n bat egitea amaituko den arte.

Proposamenaren bideragarritasuna:

• KYBSE Ororbian amortiguadoreen ekoizpena 3,5 milioietan handitzearen ondorioz, gaur egungo hango plantilla finkatuko da, enplegu poltsarena barne, eta KSS Orkoiengo plantillan sartuko dira.

• KYBSE Ororbian azken urtetan suertatu den ekoizpen igoera proposamenean eskatzen denaren antzekoa da, egungo 11 milioietara iritsiz.

• Ororbiako lantegiaren ekoizpen-gaitasunari esker, 14,5 milioi amortiguadore baino gehiago ekoiztu dira; hortaz, multinazionalak nahi izanen balu, eskatzen duguna gauzagarria da.

• Jakin badakigu amortiguadoreen merkatua zabalagoa dela, eta Kayaba ez dela horietan hedatzen behar beste inbertitzen ez duelako.

• Baldintza hauetan onartuko balitz bat egitea, multinazionalak erabaki lezake kopuru horiek ekoiztea eta egun, KYBSE Ororbiako egungo langileen euskarri teknikoa, ezinbestekoa dena, ziurtzat jo lezake.

• KSS Orkoiengo soldata KYBSE-n sartzen denaren antzekoa da; hortaz, horren harira, proposamen honek ez dakarkio kostu gehigarririk multinazionalari.

LABek deritza dagoeneko ez dagoela aitzakiarik geroaz ez mintzatzeko; borondate eza larria deritzagu multinazionalak ez sakontzeari proposamen honetan.

LAB oso kritikoa da Kyb Steering Spain S.A.(Kayaba Orkoien) lantokiak pairatzen duen egoerarekin:

– Lan zamaren jaitsiera ez da kasuala. Multinazionalak bazekien aspaldidanik Kayabako produktuak gero eta merkatu gutxiago izango zuela. Beraz, multinazionalak ez dauka inolako aitzakiarik oraindik ere industria plan bat aurkeztu gabe jarraitzeko. Multinazionalak Kayaba Orkoienenra produktu berriak ekartzeko hitzartutako konpromiso guztiak bertan behera utzi ditu. Azken urte hauetan, berriz, langileen lan baldintzak okertu baino ez dira egin.

– Multinazionalak ez du industria planik aurkeztu ez duelako aurkeztu nahi. Multinazionalak soilik plan sozial eta kaleratzeen inguruan hitz egin nahi du, hori baita axola zaion bakarra. Era progresiboan lantokia itxi nahi dutenaren beldur gara.

– LABek ez ditu onartzen Kayaba Orkoiengo itxiera ezta kaleratzeak ere. Ez daude arrazoituak. Alternatibak badaude! Eta, gaur, multinazionalaren ekimen ezaren aurrean, LABek mahai gainean jartzen du alternatiba gauzagarri bat.
 

 

 

Bilboko Udala udaltzaingoan EPE bateratuak egiteko proiektura batzea arbuiatu dugu

LAB eta ELA sindikatuok uste dugu eredu honekin ez dela gertuko polizia bat bermatzen, Bilboko udalak defendatzen duen bezala, eta udalean negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen dela.

Bilboko udalak erabaki du Arkaute prestatzen ari den udal ezberdinetako udaltzaingoan dauden lanpostu hutsak bete asmoz EPE bateratuak egin ahal izateko proiektura batzea, hurrengo 25 lanpostuko EPE Arkautea bideratzea alegia.

Azpimarratu behar dugu, momentu honetan Udaltzaingoko 55 lanpostuko EPE bat martxan dagoela, oraindik prozesu honen hainbat froga falta direla eta hilabete batzuk iraungo duela prozesuak. Hau honela izanda ere, udalak beste prozesu ezberdin bat martxan jarri nahi du, 25 lanpostutakoa, Arkautek egingo duena bere osotasunean eta udalak ez duena ez gaitegia, ez prozesuaren nondik norakoak erabakiko ezta partehartzaileak kalifikatu ere.

Enplegua eta EPEak, udalen konpetentzia dira, beraz, ildo honetan eman daitekeen edozein aldaketa, udaletxe bakoitzean eta udal bakoitzeko langileen ordezkariekin negoziatu behar da.

Bilboko udalak aldiz, ella eta LABen kontrako iritziarekin hartu du erabakia, Langile Batzordearen %76aren aurkako iritziarekin. Erabaki erabat antidemokratikoa

Bilbok atxikitu nahi duen eredu berri honekin, prozesua bateratzen da, bai, baina baita udaltzaingo ezberdinak uniformizatu ere, eta hau, ELAk eta LABek salagu egin nahi dugu. Guk herritarrentzako gertukoa den udaltzaingoa bat nahi dugu, beraz udalerriko ezaugarriak kontutan hartu behar dira.

Bilboko udalak ere behin eta berriz esaten du gertuko udaltzaingo bat defendatzen duela… Hitz politak, gero ekintzetan isladarik ez daukatenak. EPEak egiteko eskumena, kanporatu eta beste hirugarren bati uzten baitio. Gainera, orain arte, Udaltzaingoko zuzendaritzak irmoki defendatu du EPEetan Bilboko kaletegia izan behar zela. Orain honek ez du axolarik, izan ere, EPE prozesu osoa Arkautek egingo du, udalaren ordezkaririk gabe eta udal guztietarako berdinak izango diren oinarri eta gaitegi batekin.

Bilboko udalak badauzka EPEari aurre egin ahal izateko bai langile profesionalak, baita nahikoa gai material ere (Bere akademia, Baliabideak planifikatzeko azpizuzendaritza, area hauetan administrariak, irakastela, akademian ikasgela ezberdinak…). Guzti honegatik ezin dugu udalak hartu nahi duen erabakia ulertu, ezagutzen ez ditugun ezkutuko interesak ez baldin badaude…

ELAk, Bilboko udalari exijitzen die erabaki hau atzera bota dezala eta beste udalei bezalam behingoz, udaltzaingoan dagoen enpleguaren egoerarekin amaitzeko neurriak hartu ditzaztela. Beste alde batera begiratu eta horrelako EPE prozesu bateratu bat konbokatzeak ez die mesederik egiten ez langileei, ezta udaltzaingoak eskaintzen dugun zerbitzu publikoari ere.
 

 

 

Bizikleta gainean egin dute protesta, hitzarmen duin baten alde

0

Arabako kirol jardueren sektoreko langileak greba egiten ari dira hitzarmen duin baten defentsan. Mobilizazioak eta jarduerak deitu dituzte egunotarako, lan uzteek irauten duten bitartean. Esaterako, elkarretaratze bat egiten ari dira egunero, 12:00etan, Gasteizko Plaza Berrian. Hala egingo dute uztailaren 31 arte. Grebalariek elkartasuna eskatu diete erabiltzaileei, borrokak kalitatatezko zerbitzu bat eskaintzea baitu helburu, lan baldintza duinen bitartez.

Arabako hirugarrenentzat kirol jardueren sektoreko langileek greba deialdiaren aurrean, LAB sindikatuak muturreko erabaki hori hartzera behartu dituzten arrazoiak jakitera eman zituen joan den astean.

Kolektibo honek sorosleak, kirol monitoreak, atezain eta instalazio kontrola eta zaintzaileak osatzen dute, besteak beste. Neurri handi batean instalazio publikoetan lan egiten dute (igerilekuak, gizarte etxeak, kiroldegiak, frontoiak, futbol zelaiak…), eta gehiengo handiz Gasteizko udalarentzat.

Gaurko bizikleta martxa.
 

 

 

Kubarekiko elkartasuna adierazi dugu, Moncadako altxamendu iraultzailearen urtemugan

0

Munduko Federazio Sindikalak, Moncadako kuartelaren aurkako 1953ko uztailak 26 altxamendu iraultzailearen data sinboliko honetan, Kubako herriarekiko eta Kubako iraultzarekiko nazioarteko elkartasun egun bat antolatu du. LAB Federazioko kide izanik, sindikatutik bat egiten dugu urtemugarekin.

Munduko Federazio Sindikalak, mundu osoko 126 herrialdetako 92 miloi langile ordezkatzen dituenak, Estatu Batuetako Trump lehendakariak eta haren gobernu inperialistak Kubarekin zeuzkan akordioak bertan behera utzi izana gogor gaitzesten du.

Ildo honetan, inolako gizatasunik gabeko Kubako herriaren kontra aplikatzen den blokeo onartezina salatu LABeko idazkari Garbiñe Aranburuk. Aldi berean, Guantanamo Kubako herriari itzulia izan dadin ere exijitu du.

GARBIÑE ARANBURU, LABeko IDAZKARI NAGUSIA

Herriek haien etorkizuna erabakitzeko duten eskubidearen defentsa berresten du LABek, inolako esku-hartze inperialistarik gabe. Horregatik, sindikatutik Kubako herriarekiko eta bereziki Kubako Central de Trabajadores de Cuba sindikatuarekiko elkartasuna eta Kubako Iraultzaren defentsa berresten dugu. Kubako iraultzak Euskal Herrian lagun bat duela helarazi nahi dugu, Euskal Herriak Kubako herrian lagun bat izan duen bezala.
 

 

 

39 hildako lan istripuetan Euskal Herrian 2017ean

Pasa den Uztailaren 13an lan istripu berri bat gertatu zen, 20 urte zituen Jenifer Ajilla Zari langileak Dantxarineara lan egitera zioala auto istripua izan zuen. Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten non astelehenean hil egin zen. Heriotz berri hauekin 39 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurtengo urtean, 10 Nafarroan.

Pasa den Uztailaren 13an lan istripu berri bat gertatu zen, 20 urte zituen Jenifer Ajilla Zari langileak, Dantxarineara lan egitera joaki zena, istripu bat izan zuen erdiko erreilatikan aurrerapen bat egiten zuen bitartean, lehentasuna zuela, bertze kotxe batekin talka egin zuenean, horren ondorioz Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten non astelehenean hil egin zen.

LAB sindikatutik gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi diogu familiari, hurbileko jendeari eta langile klaseari orokorrean.

Heriotz berri hauekin 39 langile dira Euskal Herrian hil direnak aurtengo urtean, 10 Nafarroan.

Istripu honen eta gainontzeko lan istripu guztien atzean langile klasearen lan eta bizi baldintzak kaskarrak daude.

Istripua N-121-A errepidean gertatu zen, bere arrisku eta istripu kontzentrazio handiarengatik ezaguna dena. Errepide honek trafiko fluxu handia dauka, egunero 10.000 ibilgailu inguru, hoietako %20-30 kamioiak direlarik.

Garbi dagona, hau edo edozein lan istripu ez direla gertaera isolatuak, ekonomia osasuna eta langileon gainetikan dagoen heredu produktibo baten islada dire. Kasu aunitzetan lantegien kokapena ezinezkoa egiten du garraio publikoaren erabilera eta lanetikan joan eta etortzeko 1.200 km baino gehiago egin behar baldin badire hilautero, in itinereko istripu bat kontzeko arrizkua aunitz haunditzen da. Baino lantegietan, arriskua egonda ere, ez dire mugikortasunaren inguruko planerikan existitzen.

LAB sindikatutik garbi dugu mobilizazioa eta borroka direla gure esku ditugun tresna bakarrak lan istripuekin eta hauek sorrarazten dituzten faktoreekin bukatzeko. Heredu aldaketa bat beharrezkoa delako non langileriaren bizitza eta osasuna ardatza izanen den.


ASKI DA! EREDU EKONOMIKOA ALDATZERA GOAZ!
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ! PREKARIETATEA HILTZAILEA.

 

 

 

Grebarekin aurrera jarraitzea erabaki dute Arabako kirol jardueretako langileek

0

Arabako kirol jardueretako langileen batzarrak patronalaren azken eskaintza ez onartzea erabaki du, eta greba deialdia mantentzen du. Hain zuzen ere, sektoreko langileek uztailaren 23tik 31ra egingo dute greba.

Arabako kirol jardueretako langileak borrokan dira. Elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizko udaletxearen aurrean, udalaren inplikzioa ere eskatu baitute lan gatazka konpontzeko bidean. Mozio bat osatu dute horretarako, udalbatzak gaur eztabaidatu dezan.

Langileen batzarrak patronalaren azken eskaintza ez onartzea erabaki zuen bart. Hortaz, patronalak jarrera aldatu ezean, uztailaren 23tik 31ra egingo dute greba.
 

 

 

Preso eta iheslarien eskubideen alde irten gara kalera

LABek elkarretaratze bat egin du Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan, eta euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatu behar dela aldarrikatu dugu bertan.

LABek maiatzean Gasteizen egindako 9. Biltzar Nagusian Euskal Herrian azken hamarkadetan bizi dugun gatazkaren konponbide osoa eta bidezkoarekin erabateko konpromisoa adierazi zuen. Ildo honetan, konponbidean aurrera egiteko urrats berriak eman behar dira; euskal preso eta iheslari politikoen kasuan, bereziki. Giza eskubideak urratzen dituzte gurean. Inolako testuinguruk ezin bazuen, haien esanetan, giza eskubideen urraketa justifikatu, nekez sustenga daiteke horrelako argudiorik orain salbuespen egoera bidegabea mantentzeko.

Salbuespen giroa indargabetzea dagokio espainiar Estatuari. Euskal herritarrok gure etorkizunaren gaineko eztabaida politikoa modu libre eta demokratikoan egiteko eta askatasunez erabakitzeko, ezinbestekoa da salbuespen neurriak altxatzeaz gain, etengabeko mehatxu jarrera desagertzea. Hala, LABek puntu hauek ditu lehentasun preso eta iheslarien aferari dagokienez:

-Larri gaixo dauden preso guztien baldintza gabeko askatasuna exijitzen dugu. Bereziki salatu nahi dugu pertsona horien bizitzaren erabilpen ankerra.

-Haien adinagatik libre bizi behar diren presoak zein kartzelan mantentzeko salbuespenezko erabaki politikoa aplikatu gabe, bete duten kartzelaldiagatik libre bizi behar diren presoak kalera irten behar dute berehala, legearen aplikazio hutsarekin eta bestelako baldintzarik bete gabe.

-Euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratzea exijitzen dugu, presoen euren nahiz haien senideen giza eskubideen bermaren ikuspegitik. Presoen urruntze eta sakabanaketa politikarekin amaitu beharra dago, egoera horrek dakartzan muturreko, eta sarritan atzera bueltarik gabeko ondorioekin bukatzeko.

-Aurreko hiru urratsak berehala eta baldintzarik gabe eman behar diren eta eman daitezkeen neurriak direla adierazi nahi dugu.

-Euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatu behar da. Prozesu horretarako aukera legalak eta politikoak posible dira, Estatuek haien kideekiko hori bera etengabe, eta kasu gehienetan, epaiketarik eta zigorrik gabe egin izanak horrela erakusten du. Euskal Herrian bake osoa eta justua lortzeko, aministiaren bidean egin beharreko prozesuak ezin du denboran eperik gabe luzatu. Izan ere, denbora, eta denbora horrek eskubideen urraketa pairatzen duten pertsonengan eta komunitatearengan duen ondorioa, justiziaren osagaia da.

Erantzukizunez jokatzeko deia egiten diegu estatuei eta konponbide prozesuarekin konprometitu ez diren sektore politiko eta ekonomikoei. Salbuespen neurriak eta politikak, salbuespenezko epaitegiak eta legedia berehala indargabetzeko garaia da.