2026-04-09
Blog Page 881

Gipuzkoako Nagusien Kontseiluko parte hartzearen murrizketa salatzen dugu, kanpoan utzi baitituzte Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteak

Pasa den urriko 2017/17 dekretuak Gipuzkoako Adinekoen Kontseiluaren osaketa aldatzen du. Orain, 17 bokalia izango ditu, orain arte 23 izan dituen arren, 2013/21 dekretuaren ondoren. Kendu duten bokalietako bat Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteei zegokien.

Salatu behar dugu Gipuzkoako elkarteen zati handi bat kanpoan uzten dela, besteak beste, jubilatu eta pentsionisten Elkarteen ordezkaritza. Ez da kasualitatea Gizarte Arretaren esparruan egungo Gipuzkoako Aldundia ezartzen ari den murrizketak salatzen eta nagusientzako bizi-baldintza duinak eskatzen ibili direnei (1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, gero eta gehiago diren eta menpekotasun egoeran daudenentzako arreta duin eta egokia, osasun kopagoarekin amaitzea…) Kontseiluan duten ordezkaritza kendu nahi izatea, EAJ eta PSOEko ordezkari instituzionalek behin baino gehiagotan esan dietenean ezetz euren aldarrikapenei.

Kontseilutik kanpo utzi dituzte baita Gipuzkoako Alzeheimerra eta bestelako buru-gaixotasunak dituzten pertsonen familiarteko eta lagunen elkartea (AFAGI), Hurkoa Fundazioa, Aita Menni Fundazioa eta Nagusilaneko ordezkari bat.

Gipuzkoako udalerrien ordezkaritza ere txikitu egin dute. Orain arte 3 ordezkari zituzten. Donostikoa 1 eta beste bi gainontzeko udalena, 3.000 biztanletik beherako udalerrien ordezkari batekin eta zeinetan aniztasun politikoa errespetatu behar zen. Orain, EUDELeko ordezkari bakarrak ordezkatuko ditu.

LABetik ulertzen dugu partehartzeak ahalik eta zabalena izan behar duela. Ez dugu uste ona denik partehartzearen esparruan ere murrizketak egitea. Gure ustez ez da betetzen ari Zerbitzu Sozialen 96/5 Legea, zehazten duena “botere publikoek herritarren partehartze demokratikoa sustatuko dute…”. Hortaz, partehartzearen arloan emandako atzera pauso berri hau salatu beharrean gara.

Zoritxarrez legegintzaldi honetan konprobatzen ari gara nola ari diren Gipuzkoan partehartzeari eraso egiten eta mespretxatzen, eta soilik erabiltzen dute komunikabideei zuzendutako diskurtsoetarako, benetako errealitatea izkutatzen dutenak, aurrera egiteko inolako borondaterik ez dutela. Esparru guztietan ari dira ezartzen inposizio eta murrizketa politika, guztiok ordaintzen dugun propagandarekin isilarazi nahi dutena, benetan nahi dutena errealitatea izkutatzea delarik.

Errotiko norabide aldaketa exijitzen dugu, herritarren eta elkarteen benetako partehartzerako mekanismoak ezartzea eta era berean, herritarren borondatea errespetatzea. Horretarako, ezinbestekoa da kontsulta mekanismoa zehaztea Instituzioek gipuzkoarren borondatea ezagutu dezaten inposizioari eutsi beharrean. Horixe da ohikoa egun EAJ eta PSOEren esku dagoen Gipuzkoako Foru Gobernu honen jardueran.
 

 

 

LABen ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari elkartasuna adierazten

0

Gaur, Azaroak 11, LAB sindikatuko ordezkaritza bat Bartzelonan da Kataluniako herriari eta prozesu soberanistari elkartasuna adierazten, eta aldi berean herri bezala hartu duten bide honetan bakarrik ez daudela erakusten. Gaurko manifestazio hau Kataluniako gizarte zibilak askatasunaren astea deitutakoaren baitan kokatu behar da, eta preso politikoen askatasuna exijitzea eta autogobernuaren indargabetzea du helburu. Gogoratu Askatasunaren aste honen baitan asteazkenean greba orokorra egon zela eta greba honen jarraipenaren ondorioz Katalunia gelditzea lortu zela.

LAB sindikatutik garrantzitsua deritzogu Katalunian pairatzen ari diren egoera honetan haien ondoan egotea eta gure elkartasuna adieraztea, Euskal Herrian oinarrizko eskubideen urraketak egon zirenean Kataluniako herriak bere elkartasuna adierazi zuen bezala.

Baina LAB sindikatua ez dator hona soilik Kataluniako herriari bere elkartasuna adieraztera. Kataluniako herria jorratzen ari den bidetik ikasi eta erakusten ari den indarra zabalduz, Euskal Herrian ere bertze burujabetza fronte bat ireki nahi dugu; fronte bat, demokrazia, erabakitzeko eskubidea eta aldaketa soziala ekarriko dituena, hain zuzen ere.

Kataluniako herriak laguntza eta elkartasuna behar ditu, eta hori da gure rola. Euskal Herria zein Espainiako Estatuaren barnean gauden nazioek gure indar guztiekin tira egin eta ustelduta dagoen 78ko erregimen hau bertan behera gera dadin borrokatu behar dugu. Hori da, hain zuzen ere, guk Euskal Herrian egin nahi duguna.

Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egon gara eta egonen gara beti, eta ulertezina zaigu beste eragile batzuk inolako konplexurik eta lotsarik gabe hartutako jarrera. Hala nola funambulismo ariketa harrigarri batean gaur hemen Kataluniako preso politikoen atxiloketen aurkako manifestazioan daude, Euskal Herrian atxiloketa horiek eta 155. artikuluaren aplikazioa babesten dutenekin gobernu akordioak dituzten bitartean. Gure ustez, erabat kontraesankorra da. Edo demokraziaren, erabakitzeko eskubidearen alde zaude, edo 78. erregimenaren, demokrazia ezaren eta oinarrizko eskubideen urraketarekin bat egiten duzu. Ez dago erdibiderik eta bakoitzak non egon behar duen erabaki behar du.

Horregatik, LAB sindikatua orain arte hartu dituen konpromisoetan berresten da, eta bide honetan bere ekarpena egiten jarraitzeko asmoa adierazten du.
 

 

 

Gasteizko kaleetara eraman dugu “Jaietan denok jai” aldarria

"Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltaria Gasteizen dago gaur, bigarren egunez. Atzoko jardueren ostean, gaur ere irten gara kalera. Hain zuzen ere, dendetatik ibili gara merkataritza sektoreko langileen lan baldintzak defendatzeko eta hauek pairatzen duten prekarietatea salatzeko.

Jai egunetan irekitzeak ez du enplegua sortzen, langileen lanaldia luzatu baino ez du egiten. Irekiera hauekin ezinezkoa da bizitza laborala familiarekin edo aisiarako denborarekin uztartzea.

Merkataritza gune handien onurako baino ez da. Merkataritza txikia kaltetu eta saltoki txikien itxieran eragiten du. Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko.

Honengatik guztiagatik, erosleei ere egiten diegu dei jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egitera behartuak gauden langileen prekarietatean eragin zuzena baitu honek.

Hala, egoera honen berri eman dugu gaur Gasteizko kaleetan, "Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltariaren harira. Gainontzeko sektoreek eta arazoek ere tartea izan dute gure jardueren artean, eta elkarretaratze bat egin dugu Posta plazan, lan duina eta bizi duina aldarrikatzeko.

Ekimen Ibiltariak astelehenean helduko dio berriro bideari, eta Araban jarraituko du beste egun batez. Hain justu, Oionen izango gara.
 

 

 

Gorka Berasategi: “Ezin da sektore publiko oso bat eraiki behin behinekotasuna ardatz izanda”

LABek antolatutako “Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltaria Gasteizera iritsi da gaur, urriaren 16tik hona prekarietatearen aurkako aldarria Euskal Herriko hainbat txokotan zabaldu eta gero. Zerbitzu publikoetan bizi den egoera salatzeko baliatu dugu gaurko eguna, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia Gasteizen dagoela kontutan hartuta. Hala, LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren magalean dauden administrazioak prekarietatea eta behin behinekotasun gehien dutenak direla.

Berasategik azaldu du etengabe salatzen ari garen gauza bat dela prekarietatearen eta behin behinekotasunaren arazoa administrazioan, beste sindikatu batzuekin batera. “Adibide gisa, Irakaskuntzan %40koa da behin behinekotasuna eta Osakidetzako eremu batzuetan %50etik gorakoa da, egun bateko kontratuekin kasu batzuetan. Gure ustez, kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzeko langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte. Ezin da sektore publiko oso bat eraiki behin behinekotasuna ardatz izanda”.

Deialdi publiko masiboak egin behar direla adierazi du LABeko ordezkariak; egonkortze deialdiak egon behar dutela, alegia. Era berean, murrizketak bertan behera geratzeko eskatu du, “Espainiako Estatutik etorri diren hainbat murrizketa Euskal Herrian inplementatu baitira azken urteetan. Borrokaren bitartez, galdutakoa berreskuratzen ari gara zenbait kasutan, baina Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren estrategiaren menpe dauden instiutuzioetan ez dira murrizketa horiek berreskuratu”.

Esan bezala, hainbat mobilizazio eta jarduera egin ditugu goizean zehar Gasteizen, Ekimen Ibiltariaren barruan: ekintza sindikaleko tailer bat eta Arabako industrian enplegu duina aldarrikatzeko auto karabana, tartean.

Bihar ere Gasteizen izango da “Lan duina, bizi duina” dinamika. Hauxe da biharko egitaraua:

-12:00etan, Infogunea ezarriko dugu, Correos plazan.
-12:00etan, pikete informatiboak egingo ditugu dendaz denda, sektore feminizatuak eta prekarietatea ikusgarri egiteko.
-13:00etan, elkarretaratze bat egingo dugu, Correos plazan.

Ekimen Ibiltariak abenduaren 6a arte jarraituko du bere bidea, Durangoko helmugara iritsi arte, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri zehartu eta gero.
 

 

 

“Agur, hotz gehiegi egiten du hemen egoteko”

0

LAB eta ELA sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Urdulizko ospitalearen kanpoaldean, Osakidetzak garbitasun zerbitzuarekin izandako jarrera salatzeko. Bada, elkarretaratzea egiten genuen bitartean, ospitaleko zuzendari Maria Luz Marques Gonzalez irten da langileekin hitz egiteko, eta oso modu txarrean zuzendu zaiela kritikatu dute bertan bildutakoek. Irtenbiderik eman gabe alde egin du bertatik, "agur, hotz gehiegi egiten du hemen egoteko" esan eta gero.

Osakidetzak modu desegoki eta kontzientean hartu dituen erabakiek, 18 langile kaleratzea suposatu du. Gertatutakoa onartezina dela iritzita, Osakidetzari eta Limpiezas Villar enpresari exijitzen diegu 18 langile hauekiko arduraz jokatzea. Aldarrikapen horrekin egin dugu gaurko protesta.

Urdulizeko Ospitalean 2010eko Mahai Orokorreko konpromisoa ez betetzea (etorkizunean ireki beharreko osasun zentroetako langileak publikoak izatea, azpikontratatuak beharrean) Osakidetzak erabaki zuen. LAB eta ELA sindikatuok hasieratik exijitu genuen langile publiko bidezko zerbitzua eskaini beharko litzatekeela eta salaketa egin genuen kontrakoa egitera zihoazela jakitean. Osakidetzak hartutako erabaki horren ondotik, 18 langile aritu dira garbitasun zerbitzua azpikontratatuta eta Limpiezas Villarren bidez eskaintzen.

Azaroaren 1ean baina Limpiezas Villarrek kontratuak eten zien langile guztiei eta beraz, 18 langileak kalean dira langabe. Enpresa azpikontratatuaren justifikazioa izan da Osakidetzarekin zuen harremana eten dela Urdulizen eta ez die langileei bestelako proposamenik luzatu.

Egoera onartezina dela deritzogu. Osakidetzak berak hartutako erabaki okerrak 18 langileei ordainarazi nahi diete eta ez da inolaz bidezkoa. Horregatik, 18 langile hauen etorkizuna bermatzeko konpromisoak har ditzatela eskatzen diegu Osakidetzari eta Limpiezas Villarri.
 

 

 

Mobilizatzera deitu dugu, Ibon Iparragirre berehala askatzeko

Oso larria da Ibon Iparragirreren euskal presoaren osasun-egoera. HIESaz gaixo eta ia defentsarik gabe, Kartzela Zaintzako Epaitegia atzeratzen ari da bera kaleratzeko agindua, Estatuak euskal preso politikoen kontra erakusten duen politika basati, krudel eta mendekuzkoaren erakusgarri.

LABek Iparragirre berehala askatzea exijitzen du, gaixorik dauden beste preso politikoekin batera. Aldarrikapen honek sindikatuen ia erabateko babesa du, uztailaren 5ean ELA, UGT, Steilas, ESK, Hiru, EHNE Konfederazioa eta Etxalde Mugimenduarekin batera eta Foro Sozialarekin eskutik egindako agerraldian adierazi genuen bezala: “Sindikatuok eskumena duten agintariei eskatzen diegu indarrean dagoen estatuko legedia eta nazioarteko estandar zorrotzenak aintzat har ditzatela gaixotasun sendaezin oso larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko, arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala direla eta”.

Bestalde, euskal presoak lehenbailehen kaleratzeko bidean jartzeko bidean ezinbesteko pausoa da hau.

LABek, Iparragirre zein gaixorik dauden beste presoen askatasuna eskatzeko mobilizatzera deitzen ditu langileak, herri presioa ezinbestekoa izango delako bide honetan. Jarraian dituzue astebururako deialdiak:

Gaur, ostirala:
IRUÑEA – Giza-katea (19.00 Santo Domingo) BILBO – Manifestazioa (20.00 Santutxu, Egunkaria plaza)

Bihar, larunbata:
BASAURI – Giza katea (12.00 kartzelatik)

Etzi, igandea:
DONOSTIA – Giza katea (13.30 Bretxa)
 

 

 

Elkartasuna Italiako USB sindikatuarekin eta gaur greba egiten ari diren langile guztiekin

0
Munduko Federazio Sindikaleko kide den LAB sindikatuak Italiako USB sindikatuari elkartasuna adierazen dio. Euskal Herrian ere antzeko egoerak pairatu izan ditugu, bere garaian PP eta PSOEren gobernu ezberdinek inposatu eta Hego Euskal Herriko gobernu autonomikoek aplikatu zituzten murrizketa eta erreforma guztiekin. Arrazoi horrengatik Euskal Herriko gehiengo sindikalak 6 greba orokor antolatu zituen 4 urtez.

Italiako langileen borroka mundu guztian zehar murrizketa eta prekarietataearen aurka borrokan ari garen langile guztien borroka ere bada. Momentu garrantzitsu hauetan langile mugimendu eta sindikatu indartsuak behar ditugu langileen interesen aurka inposatzen dizkiguten neurri hauen aurka antolatu gaitezen.

LABetik gure elkartasun eta babesa adierazten diogu Italiako langileei, jakin badakigulako soilik antolaturiko langile klaseak lortu ditzakeelako bere helburuak eta soilik borrokaren bitartez izanen garelako aske.
 

 

 

Elkartasuna eta babesa adierazten diegu berriki auzipetu dituzten Seu d’Urgell ikastetxeko zortzi irakasleei

0
Behin baino gehiagotan adierazi dugu hezkuntza funtsezko zutabea dela edozein herriren garapenean eta begi bistakoa da Espainiako estatuak Kataluniak independentzia prozesua abiatu zein Errepublika deklaratu zuenetik Hezkuntza jo puntuan duela, baita aurretik ere. Euskal Herrian ere jasan dugu egoera hori.

Hezkuntzak pertsona kritikoak eta askeak garatzeko balio behar du besteak beste eta herri bakoitzaren berezko hizkuntza zein kultura bermatu, horri lotzen baitzaio herriaren biziraupena, are gehiago, herri zanpatuak garenon kasuan.

Hortaz, elkartasun keinuaz harago, orain arte bezala lanean jarraitzeko indarrak bidaltzen dizkiegu. Belaunaldi askeak nahi ditugu, langile askeak herri aske batean.
 

 

 

Haurreskolak Partzuergoa kalera!

0

Haurreskolak Partzuergoko langileen borroka astea gaur amaituko da, atzoko greba egunaren ostean. Borroka honen harira, LAB Haurreskolak arloko Lorea Igartuak, Arantzazu Andres eta Amaia Iztuetak iritzi artikulu bat idatzi dute.

Haurreskolak Partzuergoa, Eusko Jaurlaritza eta udalerrien arteko hitzarmenetatik jaiotako haur eskolak gestionatzen duen kudeaketa publikoko enpresa publikoa da, 236 haur eskola kudeatzen ditu egun EAEko 178 udalerritan. Bi urtera arteko hezkuntza-aldiaz arduratzen da, familia eta lana uztartzeko helburuarekin eta familiei hezkuntza-arreta egokia eskaintzeko xedearekin jaio zen, bereziki landa eremuetan.

Orain dela pare bat urte, Haurreskoletan langileen ordezkaritzaren gehiengoa duen LABek, milaka sinadura jaso behar izan zituen orduko Eusko jaurlaritzaren erabakia salatzeko, hau da, landa eremuko eta haurreskola txikietan 4 haur matrikulatuta badaude, haurreskola zabaltzen da baina 7 ordutako zerbitzua baino ez da eskaintzen, gainontzekoetan zortzi ordukoa den bitartean. Beraz, landa eremuko haurrek ez dute jasotzen gainontzeko haurrek eta familiek jasotzen duten zerbitzu berdina. Partzuergoaren hitzetan, oso garesti irteten omen zen aukera berdintasuna bermatzea. Gainera, udalerri batzuk haurreskola gehiago zabaltzeko edo euren udal haurreskolak Partzuergoan sartzeko eskaeraren aurrean ezezkoa jaso dute, aurrekontu ezagatik.

Haurreskoletako LABek hezkuntzaren merkantilizaziotik ihes egin nahi du, berdintasunean oinarritutako hezkuntzan sinesten dugulako eta 0-3 urte arteko zikloa inbertsioa dela pentsatzen dugulako, gastua baino gehiago. “Nolako hezkuntza, halako jendartea”.

Haur hezkuntzako lehenengo zikloan, haurren zainketaz gain, haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak behar bezala garatzeaz arduratzen gara. Haurraren hezkuntza integrala bermatzea da gure helburua, eta horretan jarduten gara haurreskoletan lanean ari garen hezitzaileok.

Badakigu, 0-6 zikloa ez dela derrigorrezkoa hezkuntzan. Gure ustez, hala behar du izan. Horregatik bestelako politika sozialak bultzatu behar dira, lana eta bizitza familiarra eta pertsonala uztartzeko aukera ezberdinak emanez. Aukera hau hartzen duten familia guztiek bermatuta izan behar dute kalitatezko hezkuntza-zerbitzua.

Horregatik, larritu egin ginen, agintaldi honen hasieran EAJ eta PSEren arteko gobernu-akordioa irakurri genuenean, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko atalean sartzen zituelako haurreskolak. Akordio horretan ez zen inolako kutsu hezitzailerik agertzen, eta ziklo hau ez zen hezkuntza sistemaren barruan aintzat hartzen. LABentzat, 0-3 urteko haurrei eskaintzen zaien hezkuntza-zerbitzu hau Haur hezkuntzako lehenengo zikloa da.

Haurreskolak Partzuergoan 2 urterainoko haurrak ditugu, 2 urteko gelak eskoletara eraman eta zikloa apurtuta utzi zigutelarik. Bada garaia, Hezkuntza Sailak ziklo hau bere egin dezan, eskola mapa egokituan txertatuz. Jaiotzatik hezkuntza eskubidea, aukera berdintasuna bermatzeko, ezinbestean doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatezkoa izan behar baita.

Honek guztiak argi uzten du gobernu honek zein asmo duen, politika aurrerakoiak egitearen gainetik. Halaber, burujabetzaren bidean hezkuntza sistema propioa garatu nahi baldin badugu, bestelako hezkuntza politika behar du herri honek, eta iparraldera begiratu beharko genuke hegoaldera begiratu beharrean.

Horixe eskatzen dugu, horregatik gaude sartuta irakaskuntzan mobilizazio dinamikan egunotan. Langile eta zentroen egonkortasunaren inguruan asko esateko daukagu. Hamarnaka hezitzaile finko eta interino dugu, kudeaketa kaotiko batengatik euren plazetatik behin behinean desplazatuta (azkeneko bi hilabeteetan langile batzuen kasuetan 3 eta 4 aldiz haurreskola desberdinetara mugituak), haurren kopuruak beraiek zehazten dituzten ratioak gainditzen dituztenean. Daukagun egoera jasanezin hau aztertu behar da, eta soluzioak eskaini beharko dizkigute, kalitatezko zerbitzua eta irizpide pedagogikoetan oinarritutako heziketa eman nahi baldin badute. Langile publikoon egoeran endemikoak diren gai batzuez gain, Haurreskolak Partzuergoaren kalitatean eta langileon lan-baldintzetan aurrerapausoak emateko ezinbestekoak diren beste puntu batzuk negoziatzeko daude.

Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkapenak betetzea, haurren bertaratze erregistroarekin baldintzatu gabe. 208 euro kuota ordaintzen duten familiei ezin zaie galdetu ea haurra etorriko den edo ez, hezitzaile bat ordezkatzeko eta hori da egun, haurreskoletan bizi dugun errealitatearen adibide bat.
Kalitatezko zerbitzua eskaintzeko, oporraldietan, aste santuan kasu, haurreskolak ezin dira haurren “aparkaleku” bihurtu, beraz, egungo zonaldeko zerbitzua desagerrarazi behar da. Haurreskoletako koordinatzaileek ere, gero eta lan gehiago daukate eta lan hau aitortu egin behar da eta lanordu kopuru egokia eskaini. Adinean aurrera doazen langileei ere plangintza berezia zor zaie, arreta orduak murriztuz, lan karga hori beste langileen gain egokitu gabe. Halaber, haurreskoletako hezitzaileok baztertuta gaude Eusko Jaurlaritzako etengabeko formakuntza programetan, Prest gara eta Iralen. Aukera berdintasunean parte hartzeko aukera izatea eskatzen dugu; gainontzeko irakaskuntzako langileak bezala. Hau guztia, 2009tik izoztuta daukagun soldata eta lan hitzarmenaz gain.

Gauzak horrela, Haurreskoletako LABentzat 0-3 zikloaren aitortza, alde batetik, Haurreskolak Partzuergoa administraziopeko haur hezkuntzako lehenengo zikloa dela onartuz etorriko da. Bestetik, haur hezkuntzako irakasleek gurean puntuatzen duten bezala, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileok egiten dugun lana administraziopeko haur hezkuntzan puntuatzea, aurrerapauso handia izango litzateke aitortzaren bidean eta berdintasun printzipioa ez litzateke urratuko.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoko 1.400 hezitzaile eta kudeaketa lanetan ari dire 25 langileei, dei egiten diegu borroka asteko dinamika eta grebetan parte hartzera. Mobilizaziorik gabe ez dugu lortuko, guztiok batera egin dezagun indarra.