2026-04-10
Blog Page 854

Ordua da patronala jarreraz aldatu arazi dezagun, negoziazio kolektiboaren blokeoa altxatzeko

Duela urtebete, patronala eta sindikatuok Akordio Interprofesionala sinatu genuenean, LABetik esaten genuen modu positiboan baloratzen genuela egitura-akordio bezala, baina baliozkoa izateko edukiz bete behar zela, hau da, negoziazio kolektiboa desblokeatzea. Sindikatu honek hau lortzeko proposamenak egin zituen aipatu Akordioaren negoziazioan bertan lortzeko. Ezezkoa erantzun zuen Confebask patronalak, argi utzita zein den blokeo horren erantzulea.

Urtebete beranduago esan behar dugu zuzen ginela. Akordio Interprofesionalak, egitura akordio moduan baliozko tresna izan arren, lehenik ete behin, ez du balio izan negoziazio kolektiboa desblokeatzeko, eta bigarrenik, eta desblokeo ezaren ondorioz, ez du balio izan EAEko negoziazio kolektiboa estatuko patronalaren eskutik datorren estatu markotik jasaten dituen erasoetatik blindatzeko ere.

Akordio Interprofesionala tresna eraginkorra izateko beharrezkoa izango zen EAEko hitzarmen kolektibo sektorialen negoziazioa desblokeatzea. Nagusiki Confebask patronalak eta ADEGI, CEBEK eta SEA bere bazkideek eragindakoa da hau eta lan-baldintzen prekarizazio prosesu orokortuarekin jarraitu nahi du, lan- erreformak ezarriz eta soldatei eraso eginez.

Ordua da patronala jarreraz aldatu arazi dezagun, negoziazio kolektiboaren blokeoa altxatzera behartu eta Herri honetako langileek bizi duten egoerari benetan aurre egingo dieten hitzarmen kolektiboak lortzeko, nahikoak izango diren soldata igoerekin, prekarietate eta diskriminazio oro erauziz eta lan-erreformaren inposiziorik gabe.

Hauxe da bide bakarra Akordio Interprofesionala estatuko negoziazio esparrutik datozen erasoetatik (debekuak eta berton negoziatzeko mugapenak) benetan babestuko gaituen tresna izateko, bestela, baliozkoa izango da baina benetako aplikazio barik.

Euskal Herriko langile-klasea kokoteraino dago bere lan eta bizi-baldintzak okertzeaz. LABen, ez dugunez uste patronalak bere borondatez jarrera aldatuko duenik, borrokaren aldeko apostua egiten dugu aldaketa hori behartzeko bide bakar bezala, gatazkak biderkatuz eta langileak aktibatuz, botere ekonomiko zein politikoek kondenatu nahi gaituzten prekarietate eta pobrezia gainditzeko.

 

 

 

Bilboko TAOko langileek grebari eutsiko diote kaleratutakoak berronartu ezean

Greba mugagabean dira urtarrilaren 2az geroztik. Enpresarekin bilduko da gaur enpresa batzordea, eta bi baldintza jarriko dizkiote mahai gainean protestari amaiera emateko: kaleratutako langileak berronartu eta lan hitzarmena blindatu lan erreformarekiko.

Langileen ordezkariak joan den astean bildu ziren enpresarekin, baina aipatutako bi baldintza horiek bermatzerik ez zuten lortu. Horrenbestez, protestekin jarraitzen dute eta jarraituko dute akordiorik lortu ezean.
 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzen dute Alfako langileek

0

Abenduaren erdialdeaz geroztik, Alfako langileak greba mugagabe egoeran daude. Borrokan jarraitzeko asmoa dute, egoera konpondu ezean, eta horixe erakusten ari dira azken asteotan antolatutako mobilizazioekin; joan den ostiralean Eibarko Untzaga plazan egindako elkarretaratzearekin, kasu.

Mobilizazioekin bitartekaritza lan serio eta gardena egitea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, langileen ustez, erakunde publikoek paper aktiboagoa izan behar dute hemengo industriaren defentsan, azken hilabeteotan hainbat enpresa likidazio prozesu batera iritsi direla ikusita.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Urte erabakigarria izan behar du presoen eta iheslarien etxeratzea bideratzeko”

Euskal presoen eskubideen alde Sarek deitutako manifestazioarekin bat egin dugu gaur, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoekin batera. Bilboko martxa La Casillatik abiatu aurretik, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du espero duela aurtengo manifestazioa "azkenekoa izatea, hurrengo urtean honera etortzeko beharrik ez izatea". LABeko ordezkariak nabarmendu du gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko eta sakabanaketarekin amaitzeko adostasun zabala dagoela, eta horrek norabide horretan erabakiak ekarri beharko lituzkeela. Horrekin batera, adierazi du presoen kaleratzea eskatzeko ere "geroz eta konplizidade gehiago" eraikitzen ari direla, eta bide hori jorratu behar dela.

LABeko ordezkariak, Euskal Herritik kanpo etorritako sindikatu batzuetako zenbait kiderekin.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Euskal Herrian adostasunak jorratzea da bidea, eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinen artean. Hori da Ipar Euskal Herrian egin duten bidea, eta ikusten ari gara, Frantziako Gobernuaren aldetik, urrats batzuk emateko borondatea edo erabakia".

Presoen zenbait senide, Bilboko manifestazioan.

Espainiako Gobernuak ez duela bere posizioa mugitzen aitortu du, baina, LABeko idazkari nagusiaren iritziz, "gehiengo zabal batek adostasun horiek eraikitzen baditu, Espainiako Gobernua ere derrigortuko dugu urratsak ematera. Horregatik diogu urte erabakigarria izan behar duela preso eta iheslarien etxeratzea bideratzeko".
 

 

 

EH Bildurekin konpartitzen dugu partekatutako agenda sozialaren beharra burujabetza klabeetan

0

Garbiñe Aranburu eta Arnaldo Otegi buru zituzten LAB eta EH Bilduko bi ordezkaritzek bilera egin dute gaur Donostian Hego Euskal Herriko egoera sozial eta politikoaren inguruko bilera izan dute Donostian. LABen ordezkaritza, Igor Arroyo Idazkari Nagusi Ondokoak eta Bea Martxueta Politika Sozialeko Idazkariak osatu dute, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusiarekin batera.

LABek lehentasun moduan kokatu du langileontzat etorkizun hobea izatearen nahia, lan duina bizitza duinaren uztartuz. Zentzu honetan, sindikatuak adierazi du langileok ez dugula zereginik eredu ekonomiko honetan, hazkundea ez baita guregana iristen. Bizitza duintzearen aldeko bide honetan, garrantzitsua da prekarietaten kontrako borroka indartzea eta lantokietan eta kalean eta politika publikoak aldatzeko mobilizazio soziala suspertzea.

Gainera LABek oso argi du, aldaketa sozial erabatekorik ez dagoela edozein jendarte eredu eraiki eta guztiei bizitza duina bermatzeko, oinarrizko gaiak diren lan harremanak eta babes sozial sistema erabakitzeko ahalmenik ez badago. Hau da, aldaketa sozialik ez dago, burujabetzarik gabe.

LABen ordezkaritzak erronka bikoitza planteatu du gure herriak bizi duen inboluzio bikoitzari, soziala eta politikoa dena, erantzuteko.

1. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunon artean, inboluzio autoritario eta zentralistari herri bezala erantzun behar diogu. Estatuak ez duelako lurralde ereduaren auziari irtenbide politiko bat emateko eskaintzarik. Eskuduntza gutxi batzuekin, autonomia eredua eguneratu eta menpekotasun egoera iraunarazi edota egun indarrean dagoen autonomia eredua auzitan jarri eta menpekotasun egoera areagotzea da estatuaren eskaintza.

Autogobernu ponentzia martxan dago, estatus berriak erabakitzeko eskubidea bermatu behar du, LHBSEE eta esparru sozioekonomiko propio bat eraikitzeko erabaki ahalmen osoa.

2. Burujabetza prozesua ezkerretik indartzea. Prozesu politikoak ez dira neutroak izaten, burujabetza prozesua eraldaketa sozialean sakontzeko bidea izan behar da.

– Ezker soberanistaren esparruan aliantzak eraikitzen hasteko unea da. Ezker soberanistan agenda sozial konpartitua behar da eremu politiko, sindikal eta sozialaren artean.

– Agenda sozial horretan jaso beharko litzateke:
– Erabakitzeko eskubidea jasoko duen marko berri baten alde egiteko estrategia eta marko juridiko politiko berriak izan beharreko gutxieneko eduki sozialak adostu behar dira.
– EAEn, EAJ, PSE, PP bloke neoliberalari aurre egiteko estrategia.Gehiengo instituzional berriak eraiki behar dira.

Adostasun nahiko zabalak ditugu eta aurrerantzean ere gai hauek jorratzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu.
 

 

 

Arabako Gizarte Eskuhartzeko hitzarmena negoziatzen jarraitzea dagokigu

Pasa den abenduan, Arabako Gizarte Eskuhartzeko langileek hiru greba egun brutu zituzten (13,20 eta 27an), deialdi arrakastatsuak izan ziren, Gobernuan dauden alderdiak urduri jartzea lortu baitzuten. Gaur ostirala, Gizarte Zerbitzuen Diputatuak agerraldia zeukan Batzar Nagusietan, hau aprobetxatuz, elkarretaratzea burutu behar genuen bertan EAJ-PNVri egoera konpontzeko presioa egiteko. Baina, elkarretaratze hau bertan behera gelditu zen atzo arratsaldean. Arabako Foru Aldundiak, AISA Patronalari Arabako Gizarte Eskuhartzeko II. Hitzarmena sinatzeko aukera eskaini zionean.

Orain, sindikatuok Patronalarekin negoziaketetan jarraitu behar dugu, hitzarmena sinatzeko gai garrantzitsuak itxi behar baitira.

LABek positiboki baloratzen du abenduan zehar izandako greba deialdieetan izandako langileen partehartzea, 2018. urtean mobilizazioekin jarraitzeko mehatxupean, EAJ-PNVk eta Arabako Foru Aldundiak finantziazio formulak "topatu" dituztelako.
 

 

 

Munduko Sindikatuen Federazioak bat egin du Bilboko manifestazioarekin

LAB kide duen Munduko Sindikatuen Federazioen Europako bulegoak babesa erakutsi dio presoen eskubideen alde Sarek biharko deitutako manifestazioari: “Bilbon euskal preso politikoen egoerari irtenbide bat bilatzeko eta preso politiko hauen giza eskubideen alde antolaturiko manifestazioari bere elkartasuna adierazten dio, eta manifestazioa arrakastatsua izan dadila desio dugu”.

Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko La Casillako plazatik. LABen Nazio-Komiteko ordezkaritza batek manifestazioan parte hartuko du, nazioarteko hainbat sindikatutako ordezkariekin batera, hala nola, Catalunyako IAC (Edu Lucas), Aragoiko CUT (Chabi Anadonbere) edo frantses estatuko Solidaires.

Argentinatik ere heldu dira sindikatuetako ordezkarien atxikimenduak, nagusiki CTAko kideenak.

 

 

Eusko Jaurlaritzari murrizketa politika alde batera utzi eta Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzutea eskatzen diogu

0
LAB, ELA eta STEILAS sindikatuontzat, Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarteren salaketak larriak, arduragabeak eta iraingarriak dira sindikatu, langile, familia eta ikasleentzat eta benetako arazo, eztabaida, aldarrikapenei ez heltzea dute helburu.

2009tik 2018ra hezkuntza inbertsio publikoa Barne Produktu Gordinaren %4,3 izatetik %3,5 izatera pasa da, hau da, proportzionalki 596 milioi € galdu ditu. Zenbaki absolutuetan 2018ko aurrekontua 2009ekoa baina 107 milioi € gutxiagokoa da. 30.000 ikasle gehiago matrikulatu dira eta apenas hazi dira plantillak. Gelako ikasle ratioa %9,1 hazi (gelako ia 2 ikasle gehiago). Ordezkapenak ez dira egiten edo astebetetik aurrera egiten dira. 10 langiletik 4 behin-behinekoa da eta ez egonkortasun arazo larriak daude ikastetxe eta plantilletan. Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak gogortu dira eta Hezketa bereziko lan-kargak handitu dira eta ez dago langile nahikorik. Aniztasuna eta hezkuntza behar bereziak ongi lantzeko baliabiderik ez. Ikastetxeetako administrazio lanak eta proiektuak lantzeko plantilla eta errekurtso nahikorik ez. Zaharkituriko azpiegiturak berritzeko dotazio eskasak. Ikasle eta familientzat lagungarri geroz eta eskasagoak. Haurreskoletako kuotak jasan ezinak dira (210€ hilean), plazak bete gabe daude eta matrikulazioa beherantz doa. %8-15 (17.300-41.183€) eros-ahalmen galera. Gaixotu eta baja hartzea zigortzea. Erretiroa atzeratu eta zaildu. Gure hezkuntza sistema txikitu eta Madrilen menpe jartzen duen LOMCE gure eskoletan barneratu. Euskalduntzean atzerapausoa den hirueleko markoa bultzatu eta euskarazko murgiltze eredua baztertu. Hezkuntza enpresa eta patronalen zerbitzura jarri …

EAJ, PSE eta PPren ardura eta babesarekin azken urteetan ezarri diren neurri hauen aurrean LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok lan-baldintzak eta Hezkuntza Publikoa defendatu besterik ez dugu egin. Horretarako jaurlaritzak utzi digun baliabide bakarra erabiliz: mobilizazioa eta greba.

Egoera hau denean, azken 10 urte hauetan horrelako murrizketak inposatu dituztenen ahotan, sindikatuok eta hezkuntzako langileok familiak bahituak ditugula eta Hezkuntza Publikoaren aurka egiten dugula entzutea larria izateaz gain iraingarri eta guztiz arduragabea ere bada. Honen atzean sindikatuok eta azken hilabeteetako mobilizazio eta grebetara irten diren milaka langilek lehen mailan jarri ditugun araz, eztabaida eta aldarrikapenei ez heltzea beste helbururik ez dago.

Hezkuntza Sailburuarentzat aurrez aipaturiko murrizketa hauek guztiek ez dute hezkuntza publikoa kaltetzen, langileez gain ez dituzte familiak eta ikasleak kaltetzen eta gobernuak ez du bertan arazorik ikusten. Arazo, antza denez, egoera honi buelta eman lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikorako inbertsio, plantilla eta baliabide gehiago, gobernuak utzi digun modu bakarrean, eskatzen dugunak gara.

Cristina Uriartek dioenaren aurka, sindikatuon negoziazio borondatearen erakusle da negoziazio mahaiak deituak dauden denboran inolako greba deialdirik ez egotea. Sindikatuok espreski ekidin dugu aurrematrikula garaian inolako greba deialdirik egitea. Eta azken hiruhileko greba deialdiak, ikasleei azterketek gehien eragiten dieten kolektiboetan
(irakasle eta heziketa berezian) apirilean eta maiatzeko lehen astean daude deituak.

Sailburuaren hitzek gobernuak hezkuntza publikoaren beharrei eta sindikatuon aldarrikapenei heldu ez izana ezkutatu nahi dute eta greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko ahalegina dira.

• Urte hauetan eman den matrikulazio handitzeari aurre egiteko beharko liratekeen 2.000 lanpostuetatik apenas 100 proposatu ditu jaurlaritzak.
• Behin-behinekotasun %6ra jaitsi eta plantillak egonkortzeko beharko liratekeen 9.900 lanpostu ingurutik 2.192 besterik ez ditu eskaini EPEra eta lanpostuak egonkortzeko inolako bermerik gabe. Behin-behinekotasuna egungo tasa onartezinetan utziz (%31 irakasleetan, %34 Heziketa Berezian, %40 Haurreskoletan eta %64 Sukalde eta Garbiketan) eta milaka langile prekarietatean.
• Gelako ikasle ratioak jaisteko inolako proposamenik ez du egin. Soilik gelak guztiz beterik eta berariazko hezkuntza laguntza beharreko 5 ikasletik gora dituzten Lehen Hezkuntzako geletan bi tutore ezartzeko proposamena luzatu dute. Neurri honek apenas sortzen dituelarik lanpostu gehiago eta oso ikastetxe gutxitan arintzen ditu lan-kargak.
• Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak eta plantilla eta baliabideak gehitzeko proposamenik ez du egin.
• Ordezkapenak lehen egunetik egiteko prest agertu da, baina soilik Lehen hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzan 3. egunetik aurrera.
• Haurreskolen doakotasun bidean ez du inolako planteamendurik egin.
• Eros-ahalmena berreskuratzeko inolako asmorik ez du agertu.
• Bajak zigortzeari uzteko borondaterik ere ez dago.
• 60 urtetik gora irakastorduak 1/3 murrizteko prest agertu da, baita Haur eta Lehen Hezkuntzan 59 urterekin 2 irakastordu murrizteko ere, baina erretiroa errazteko neurri eta pizgarririk ez dute mahai gaineratu.
• Ikasleen euskalduntzeari begira ere ez dago aurrerapausorik.
• Eta LOMCE eta Heziberri bertan behera utzi edota hezkuntzaren merkantilizazioa
ekiditeko neurriak kontuan hartu ere ez dituzte egin.

Hau honela, STEILAS, ELA eta LAB sindikatuok Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzea eskatzen diogu eta Hezkuntza Publikoaren beharrei eta gure aldarrikapenei exijitzen, sindikatu, langile, familia eta ikasleen aurkako iran eta salaketak alde batera utziz.

Sindikatuok beste behin ere negoziaziorako gure prestasuna agertzen dugu, baina horretarako gure aldarrikapenei helduko dieten proposamen sendoak behar ditugu mahai gainean. Hau egon ezean, atzo plazaraturiko greba eta mobilizazioarekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 

Oiartzunen hildako garraiolariaren lan heriotza salatu dugu

Gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratze bat egin dugu gaur, Oiartzunen, AP8an dagoen gasolindegian. Hain zuzen ere, garraiolari bat hil zen bertan, joan den asteazkenean. Urteko bigarren lan heriotza izan da aste honetakoa.