2026-01-16
Blog Page 852

Bilboko lantoki eta gune prekarioenetara eraman dugu “Lan duina, hiri duina, bizi duina” aldarria

Ekimen Ibiltariak prekarizazioa identifikatu du gaur bertatik bertara, Bilbon zehar egindako ibilaldiarekin. Hain zuzen ere, egunotan mapa bat banatu dugu herritarren artean, gune prekario nagusienak non dauden ezagutu ditzaten, eta gaur, salaketa horri jarraipena emateko, leku horietatik igaro gara, beti ere "Lan duina, hiri duina, bizi duina" aldarriarekin.

Goizean zehar, Bilbo prekarioaren ibilaldia egin dugu. Horretarako, Bilboko mapa prekarioa prestatu dugu, hainbat daturekin. Mapan, jaiegunak errespetatzen ez dituzten guneak, zonalde pobreenak eta lantoki prekarioen ibilbidea agertzen dira, eta horietatik igaro gara gaur.

Ibilbidearen geltokiak hauek izan dira:

1.- Osasun mentalaren zentroa: langileen lan-baldintzak hobetu, langile kopurua handitu, kontratazio berriak egin, eta banakako arretan edo lehen arretan zerbitzua indartu behar delako.

2.- Dominos pizza: Janari azkarrak zein ostalaritza eredu horrek ostalaritza tradizionalean daukan eraginagatik, eta bertako langileen egoera eta lan baldintzak oso kaskarrak direlako

3.- Carrefour supermerkatua: merkatal gune handiek merkatari txikiei egiten dien mina agerian uzteko eta TTIP/CETA tratatuak merkataritza ereduan duen eragina azalarazteko.

4.- Alhondiga: azpi-kontratazioa salatzeko. Kiroldegietako zerbitzua, garbiketa edo telemarketingeko lan baldintzen okertzea.

5.- Foru Aldundia: zerbitzuen kalitatea, azpi-kontratazioa, hitzarmen falta, lan karga handiak salatzeko. Hainbat dira hemen aurkitzen ditugun gabeziak.

6.- Abando geltokia: obra publikoaren lan baldintzak aztertzeko, eta hirigintzak AHT-k daukan eragina ikusarazteko.

7.- Udaletxea: azken geltokia. Berriro azpi-kontratazioa eta etxez etxeko laguntzan diharduten langileen egoera salatzeko.
Abenduan egingo dituzten mobilizazioen berri ere emango dugu.

Arratsaldean, Guggenheim
Guggenheim museora hurbilduko gara arratsaldean. Hain justu, 17:00etatik 18:00etara, argazki erakusketa bat egongo da,
“Titanioak ezkutatzen duen prekarietatea” leloarekin. 

Gune horretan instituzio publiko edo sasi-publikoetan ematen den gehiegikeria salatu nahi dugu, gure hiri ereduaren aldarrikapena egitea ahaztu gabe.

Bihar, berriz, azaroaren 25aren etorrerarekin, Ekimen Ibiltariak lehen lerrora eramango ditu emakumeak. Izan ere, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, hitzaldi bat egingo dugu Biba kulturan.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrerak erraztu egin ditu Siemens-Gamesan iragarritako kaleratzeak

0
Atzo, Siemens-Gamesako Zuzendaritzak iragarri zuen 155 langile kaleratuko dituela Hego Euskal Herrian, horietako 48 Zamudioko lantegitik eta gainerakoak Nafarroako lantokietatik.

EAEko eta Nafarroako gobernuek duela egun batzuk adierazi zuten suertatuko zen eragina “txikiena” izango zela. Atzoko berria aditu ostean, orain, soinekoak urratu eta atzipetuak sentitzen direla diote. Guztiz eskandalagarria den egoera baten aurrean gaude.

Siemens-Gamesa enpresa ez dago krisialdian. Iaz, fakturazio eta mozkin errekorra izan zuen: 301 milioi euro. Gamesako akziodunek 1.047 milioi € baino gehiago banatu zuten beraien artean, Gamesa saldu izanaren ondorioz. Beraz, ez dago inongo arrazoirik Siemens-Gamesan inor kaleratzeko.

Tapia anderea, Urkullu jauna, Ayerdi jauna, Barkos anderea, zuek, Siemens Gamesa enpresaren bozeramailearenak eginez, haizea eman diezue enpresari, atzo jakinarazi zituzten kaleratzeak egin zezaten. Zuok erraztu dituzue lanetik bidaltzeak Siemens-Gamesan.

Eskatzen dizuegu, jendartean argi adieraz dezazuen, Siemens-Gamesan ezin daitekeela kaleratzerik justifikatu. Bestela, atzokoan esan zenutenak ez du zilegitasunik, ez eta sinesgarritasunik izango Siemens Gamesako langileentzat, ez eta jendartearentzat ere.
 

 

 

Ez daukagu mahaitik altxatzea beste aukerarik Siemens-Gamesan

0

Siemens-Gamesako langileekiko errespetu falta nabarmenaren aurrean, LAB, CCOO, UGT eta ELA ohar bat kaleratu dugu, berriro konstatatu dugulako zuzendaritzak nola filtratu duen informazioa langileekiko eraginaz EEEaren negoziazio mahaiaren osaketa prozesuan zehar.

Adierazi nahi dugu horrekin ordezkaritza sozialaren informaziorako eskubidea urratu dutela, hortaz, ordezkaritza sozialak bere osotasunean erabaki du mahaitik altxatu eta bilera amaitutzat ematea.

Honelako jarduerek prozesua desitxuratzen dute eta enpresaren fede txarra azaleratzen dute beste bein, ordezkaritza sozialaren negoziaziorako eta mobilizaziorako eskubidea gutxietsi asmoz.

Gainera, bileran egindako adierazpenak jakinarazi nahi genituzke: sindikatuak Siemens-Gamesako kaleratzeko kolektiboen prozesu honen guztiz kontra gaude, enpleguari eutsi nahi diogu.

Engainatu egin gaituzue, hortaz, Ordezkaritza Sozialak bere osatasunean, eta tinkotasunez adierazten du ez duela kaleratze bakar bat ere onartuko, hemen ez dagoelako inor soberan.

Egoera honetara iritsi gara Siemens-Gamesaren kudeaketa txarraren ondorioz, hortaz Ordezkaritza Sozialak honakoa eskatzen du,
• Aipatu espedientea erretiratzea.
• Langile guztientzako enplegu bermea.

Azkenik, delegatu guztiei eskertzea enpresaren egoitza sozialaren aurrean egindako kontzentrazioan parte hartu izana.
 

 

 

Irakasleen eraso kasuetarako erregistro berezi bat sortzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari

0
Ikasle batek irakaslea jo zuen atzo Bilboko ikastetxe batean. LABek erasotua izan den langilerari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio.

Zoritxarrez ez da Euskal Herriko ikastetxe batean horrelako zerbait gertatzen den lehenengoa aldia. Gaur Bilboko ikastetxe bati tokatu zaio baina astero Euskal Herriko edozein ikastetxetako langileen aurka ematen dira erasoak; irainak, mehatxuak, autoak kaltetzea…

Hezkuntza Sailak ostrukarena egiten duen bitartean erasoak gero eta gehiago ematen ari dira zentruetan. Gaur egun ikastetxeetan ez dago erregistro orri bat horrelako gertakariak jasotzeko. Komisaldegietara heltzen diren salaketak soilik hartzen al dira erasotzat? Zer gertatzen da beste eraso guztiekin? Eta zein neurri hartzen da hauek ekiditeko?

Hezkuntza Sailarentzat erasoak ez dira gertatzen. Aipatzen ez dena ez da existitzen eta murrizketen kudeaketa da orokorrean Hezkuntza Sailaren politika, eta zehatzago erasoen kasuetan.

Hori dela eta, LABek eraso kasuetarako erregistro berezi bat sortzea eskatzen dio Hezkuntza Sailari. Honetaz gain, gertaeraren ikerketa bat berehala zabaltzea etorkizunean prebentzio neurriak jartzea, hezkuntzako langileentzat prebentzio protokolo bat garatzea, erasoen kontrako formakuntza plan bat diseinatzea eta behar bereziak dituzten ikastetxeetan baliabide gehiago jartzea ere exijitzen dugu.
 

 

 

EAJ eta PSEk sozietate zergaren inguruan lortutako akordioak are gehiago okertu du egoera, patronalaren mesedetan

EAJk hasiera batetik bilatu du PP eta PSEren babesa EAEko aurrekontuak onartzerakoak, beste aukera batzuk baztertuz. PPk jarritako sozietate zerga murriztearen baldintza atsegin handiz bete duen zerbait da, alderdi biek bat egiten dutelako jendartearen kontrako proiektu eskubitar eta liberalean.

Espero zitekeen bezala EAJ eta PPk estatu mailan lortu dituzten akordioen ondoren, dena dago prest PPk Urkulluren gobernuaren aurrekontuen aldeko botoa eman dezan. Fiskalitatearen inguruko antzerkitxoak konfirmatu egiten du bere interes bakarra erreforma fiskal batean sakontzea dela, bai sozietateen zerga zein PFEZarena, errenta altuei eta kapital enpresarialei mesede egiten diena. Horretarako kontatzen dute, beti kontatu duten bezala, PSEren komodinarekin. Azken alderdi honi, berriki 21 miliotako zorra barkatu diote. Horrela kobratzen dira mesedeak eta aldatzen dira posizio politikoak.

155aren tripartitoaren aurrekontuak atzera botatzea exijitzen dugu eta baita erreforma fiskal bidezkoa ere, zeinetan errenta eta ondareak eskala progresibo batean ordainduko dituzten zergak, eta iruzur fiskala eta paradisu fiskalak jarraituak izango diren.

Patronalak hasieratik eskatu izan du sozietateen gaineko zerga murriztea, eta EAJ hasieratik egon da ados, proiektu liberal berdina konpartitzen dutenaren erakusgarri.

PSEk tipoa murrizteko akordiorik ez zuela onartuko esan zuen bere egunean. Hiru aste beranduago onartu du. Honek argi uzten du PSEk gobernu barruan duen egitekoa eta benetan nork agintzen duen gobernuan eta noren interesak lehenesten diren, patronal eta kapitalistenak hain zuzen ere.

LABen ustez, aurretik adostua zutena motz geratzen zen. Hori ez zen da behar genuen zerga erreforma. Oraingo itun honekin, are gehiago okertu da egoera, berriro ere patronalaren mesedetan.

Eztabaida tipoaren ingurukoa izaten ari den honetan, tipo nominala beste herrialde batzuetakoa baino altuagoa dela onartu beharra dago. Ez aldiz irabazi enpresarialek benetan ordaintzen dutela, kenkarien eragina dela eta. Europar Batasunean BPGaren %2,5 suposatzen dute zergek, EAEn %1,5era baino heltzen ez direlarik. Honek agerian uzten ditu, beste behin ere, patronalaren gezurrak.
 

 

 

Mugimendu feministak larunbaterako deitutako mobilizazioekin egin dugu bat

Azaroak 25 Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, mugimendu feministak larunbaterako deitutako mobilizazioekin egin dugu bat. Era berean, larunbatean bertan, LABetik solasaldi bat egingo dugu Bilbon, etxeko langileen egoerari buruz hitz egiteko, “Inork ikusi nahi ez duen zapalkuntza hirukoitza” leloarekin.

Hauxek dira Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako aurreikusitako manifestazio nagusiak, mugimendu feministak deituta:

-Baionan, 11:00etan, udaletxetik.
-Bilbon, 18:30ean, Jesusen Bihotzetik.
-Gasteiz, 18:30ean, Andra Mari Zuritik.
-Donostia, 19:00etan, Bulebarretik.
-Iruñea, 20:00etan, Gaztelu Plazatik.
 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako langileek mobilizatzera deitu dute

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren negoziaketa berrerarazi zenetik zortzi hilabetetan izandako 10 bileren ondoren, CEBEK Patronalak proposamen bat helarazi digu, LAB eta ELA sindikatuon ikuspuntutik (gehiengo osoa osatzen dugun sindikatuon aburuz, alegia) sektoreari burla, iseka, mespresu egitea beste kalifikatiborik merezi ez duen proposamena. Hori dela eta, mobilizazio egutegi bat prestatu dugu, eta protesten artean lehena astelehenean izango da. Hain zuzen ere, elkarretaratzeak egingo ditugu Bilbon, BBVA, Kutxabank eta LANTIKen aurrean. Honen guztiaren berri gaur eman dugu, Bilbon egindako agerraldi batean.

Hauek dira aurreikusitako mobilizazioak:

-Hurrengo astelehenean, hilak 27, kontzentrazioak egingo ditugu BBVAren, Kutxabanken eta LANTIKen aurrean. Lehendabizikoa BBVAk Bilboko Gran Vían duen egoitzaren aurrean egingo dugu,
10:00etan. Kontzentrazio horietan, hitzarmenaren hileta eszenifikatuko dugu, beltzez joango garelarik, heriotzarekin zerikusia duen eszenifikazio eta elementuekin.

-Abenduaren 13an, Bizkaiako sektoreko lankide guztiei deia luzatzen diegu enpresa bakoitzaren aurrean kontzentrazioak egitera.

-Urtailaren 18an, osteguna, eta 19:00etan, Bilboko Plaza Biribiletik hasita, Gran Vian CEBEK patronalak duen egoitzaraino, sektorearen manifestazioa deituko dugu.

-Eta azkenik, otsailaren 1ean, greba egun baten deialdia luzatzen dugu.

CEBEKek xantaia darabil. CEBEKek hitzarmen probintzialaren izatea eduki nagusien ezabatzearekin xantaia egiten dabil. CEBEKek hitzarmen probintzialaren izatea, 2012ko hitzarmenaren edukiak baino okerragoak direnen sinatzearen xantaiarekin diardu.

Zentzugabekeria hutsa. Onartezina. Sektorean diardugun langileei burla, iseka, mespresua.

Onartezina, 2012ko soldata taulen gainetik ehuneko 4a baino gehiago kobratzen duten langileei (sektoreko ehuneko 90a baino gehiagori alegia) gutxiengo bermea kentzea, horrek soldaten izozte erabatekoa dakarrelarik.

Antzinatasuna bi bosturterarte mugatzea; alegia ehuneko 10ra mugatzea gehienez, promozio profesionalik ez den sektore batetan, ONARTEZINA deritzogu.

Gaur egun hitzarmen estatala duten eta hitzarmen probintziala aplikatzeko enpresa bakoitzean negoziaketa batetara baldintzatzea, 2022ko urtarrilaren 1arte atzeratuaz bere ezarpena desadostasuna izanez gero,

Lanaldiaren banaketa irregularra. 2012ko lanordu kopuru berdina. 2013tik 2017ra bitarteko soldata atzerapenik gabe. Soldaten igoera K.P.I.arekiko erreferentzialtasunik gabe. Konpentsazio eta absortzio klausula. Zentzugabekeria CEBEKen proposamena. .

Patronalaren jarreraren aurrean, LAB eta ELAk behar beharrezkoa deritzogu sektorearen mobilizaketa. Derrigorrezkoa blokeo egoeran den negoziaketa sektorearen mobilizaziora deitzea. Eta zentzu horretan, sindikatuok dei ozen bat egiten diogu sektorean diarduten lankide guztiei.
 

 

 

Ibon Iparragirre eta gaixorik dauden beste presoen aldeko elkarretaratzea, bihar, Galdakaon

Elkarretaratze batera deitu dute biharko, azaroak 24, Ibon Iparragirre eta gaixorik dauden beste presoen askatasuna eskatzeko. Mobilizazioa 11:00etan izango da, Galdakaoko ospitalaren aurrean, Kalera! plataformak deituta.
 

 

 

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko apustua berretsi dugu Nafarroan

LABek Nafarroako 2018rako aurrekontu proiektuaren irakurketa kritikoa egin du, ez dituztelako nafarren aldaketa politiko eta sozialerako nahiak asebetetzen. Aurrekontu hauek ez dira iristen gizarteak eta langileok nahi dugun aldaketa sozial eta politikoaren mailara; ez dira parte-hartzaileak, gizarteak eta langileek ez baitugu aukerarik izan benetako ekarpenak egiteko eta nahi ditugun aurrekontuen gainean erabakitzeko; eta Madrilek eta neoliberalismoak ezartzen dituzten mugak errespetatzen eta onartzen dituzte, eta, beraz, ez dira aurrekontu burujabeak. Agerraldi bat egin dugu gaur Iruñean, irakurketa honen guztiaren berri emateko.

Uxue Barkosen Nafarroako Gobernuak aurkeztutako 2018rako aurrekontuen aurreproiektuak, berriro ere, Nafarroako gizarteak eta eragileok borrokatu dugun aldaketa politiko eta sozialaren mailara iristen ez diren aurrekontuak uzten gaitu.

Horrela, aurrekontuen bitartez, politika publikoak garatzeko eta aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko Nafarroako Gobernuaren borondate eza agerian geratzen da.

Hori dela eta, politika publikoen ereduaren aldaketari dagokionez, LAB sindikatutik bi muga ezberdin ikusten ditugu.

Alde batetik, Madriletik Espainiako gobernuaren eskutik, UPN-PSN Erregimenaren laguntzarekin ezartzen diren mugak (Hitzarmen Ekonomikoaren blokeoak aipamen berezia berezi bat behar du, urtero nafarrentzat 100-200 euro milioi suposatzen duelako), eta beste alde batetik, Nafarroatik Geroa Baiko Gobernua bera, Garapen Ekonomikorako Lehendakari ordea den Aierdi jaunaren eskutik, garatzen ari den politika batzuen ondorioz sortzen diren mugak.

1. Madriletik ezartzen diren arauak (mugak) errespetatzen eta onartzen dira
Aurrekontu hauek, Madriletik ezarritako defizit-aren helburua, gastu maila, eta zorpetzearen mugak errespetatzen dituzte. Honen ondorioz, neoliberalismoaren printzipio eta muga hauek errespetatzen dituzten aurrekontuak egoera iraultzeko ez dira inoiz baliagarriak izango.

Nafarroako gobernuak desobedientziarik ez duela egingo bistakoa da, beste gauza da bere burua aldaketaren gobernutzat duenak printzipio hauek kritikatu gabe egitea aurrekontuak. Arazoa ez da errespetatzen dituela, arazoa da bereak egiten dituela eta gobernuaren jardunbidearen oinarri bihurtzen dituela.

2. Aldaketaren gobernuak ez du gastu sozialaren pisuan sakoneko aldaketarik ekarri. EZ du esku hartze publikoan sakoneko aldaketarik bultzatu
2010n jo zuen goia gastu sozialak, aurten da kopuru hori berriro gainditzen den aurreneko aldia. 2010ean 2.312,7 milioi izan ziren gastu sozialera joan zirenak, 2018an 2.320,7 joango dira.

Horrela da kopuruak parekatzen baditugu, baina gastu sozialaren pisua txikiagoa izaten jarraitzen du 2010arekin alderatzen badugu. Orduan BPGaren %12,5 zioan gastu sozialera, orain %11,2. Orduko pisua parekatzeko 266,6 milioi gehiago sartu beharko lirateke gastu sozialean.

Gastu sozialak gastu osoan duen pisua jaitsi egin da ere, 2010ean gastatzen den guztiaren %58,1 atal sozialean gastatzen zen. Orain %55,8a da.

Laukotearen gobernuaren bilakaerari begiratzen badiogu egia da gastu soziala indartu egin dutela urtez urte, baina pasa den urtearekin alderatuz 58,3 milioiko igoeraz ari gara. EZ dago jauzi nabarmenik, EZ dago politikak aldatu direla esateko (aurrekontu politika) arrazoirik.

Izan ere, aurrekontu hauekin laukotearen gobernuak ez ditu politika publikoak indartu, ez du sektore publikoaren esku hartzea hobetu. Zorra ordaintzera doan dirua kentzen badugu, gastuaren pisua gutxitu egin da BPGarekin alderatuz. 2010 BPGaren %20,7 zen politika publikoetara zuzentzen zen gastua; 2018an %18,5 izango da. Pasa den urtean %18,8 zen. UPNrekin %18,6 zen. Gora beherak txikiak dira, EZ dago sakoneko aldaketarik, ez dago benetako aldaketarik.

Gastu sozialaren igoera ez da %3ra iristen, izaera ekonomikoa duten jardueretan sartuko duten dirua %7,9 igotzen da. Beraz, datu honek harritzen gaitu, eremu pribatura doan diru publikoa %7,9 handitu dela suposatu daitekeelako, politika sozialetara doan dirua %2,6 igo den bitartean.

3. Politika publikoak indartzeko diru sarrerak handitu egin behar dira eta horretan ez dago aldaketa handirik
LABetik gastu maila igotzeko eskatzen dugu, gastu sozialerako diru gehiago gordetzea nahi dugu. Baina ez hori bakarrik, garapen eredua zuzentzeko eta ekonomikoa sektore publikoaren ekimenez indartzeko politika publikoak behar ditugu. Gaur egun ezin da zorpetzearen bidez egin (eztabaidagarria da bide hori zuzena den edo ez), baina argi dago aurrekontuak hobetu daitezkeela diru sarrerak handitzen badira.

Nafar gobernuak erreforma fiskala egin zuen orain urte bete. Hor zegoen diru sarrerak handitzeko aukera, aberastasuna banatuz justizia soziala indartzeko aukera. Aurrekontuak aztertuz esan dezakeguna da honetan KALE egin dutela.

Egia da diru sarrerak handitzen direla, 132 milioi gehiago sartuko dituzte. Baina hauetatik bakarrik 6 milioi izan dira aldatu diren arauen ondorioz jasotakoak. Hau da, sarrerak igotzen dira bilakaera ekonomikoagatik eta ez erreforma fiskalagatik.

Erreformak ez du balio izan jauzi bat emateko diru sarreretan. Eta EZ du balio izan fiskalitatea justuagoa izateko Nafarroan, jasoko den horretan gehiena lan errentetatik etortzen direlako. Enpresa zerga bidez jasoko dena pasa den urtekoa baino gutxiago izango da.

4. Ez dira parte hartzaileak, ezta burujabeak ere
Formari dagokionez, berriro ere, Gobernutik prozedura parte hartzailea jarri ez izana erabat onartezina dela iruditzen zaigu. Herritarrok eta eragileok gure aurrekontuetan parte hatzeko eskubidea izan behar dugu.

Beti esaten dugun moduan, Nafarroan herritarron eskubideak eta beharrak ziurtatzeko aberastasun nahikoa dago, baina ikusita aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak izateko ditugun mugak, ezinbestekoa da Nafarroako gizartearen erabakitzeko eskubidearen defentsa eta apustua. Nafarroak eta bere herritarrok, zilegitasun osoa dugu nahi ditugun aurrekontuak eta eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko, baita gure autogobernua eta estatus politikoa erabakitzeko ere.