2026-07-12
Blog Page 851

Astelehenean epaituko duten langile bati elkartasuna adierazi diote Itziarreko Reiner e Hijos SL enpresako lankideek

Gaur asanblada informatiboa eta kontzentrazioa egin dituzte enpresaren aurrean 13:30etik 14:30era, langileari elkartasuna helarazi eta martxoaren 19an izango den epaiketa salatzeko.

2017 amaieran Reiner e Hijos SL enpresako langile batek zuzendaritzak ezarritako falta oso larri baten berri izan zuen LABek.

Zuzendaritzak, estatuko kimikako hitzarmeneko 61.10 artikuluan oinarrituz, berriro ere erakutsi du Reinerreko langileekiko duen jarrera. Hauek dira, kronologikoki, orain arteko gertakariak:

– Abenduaren 15ean zuzendaritzak falta oso larri baten berri eman zion langileari, alegazioak aurkezteko 3 egunetako epea emanez, tartean asteburu bat izanda.

– Abenduaren 18an langileak alegazioak aurkeztu zituen.

– Alegazioak aurkeztu eta momentuan bertan, hauek irakurri eta baloratu gabe erantzun zion, 15 egun lan eta soldata gabeko zigorra ezarriz.

Enpresaren zuzendaritzak ez dauka inongo borondaterik lantegian sortzen diren arazoen aurrean hitz egin eta irtenbide bat bilatzeko.

Gertakari hauen ondorioz epaiketa ba ospatuko da martxoaren 19an Eibarko epaitegian. Gogorarazi nahi dugu egoera honek ez gaituela ustekabean harrapatzen, orain dela lau hilabete Reinerreko delegatua egon zen jopuntuan, eta oraingoan bertako langile bat. Nora iritsi nahi dute? Zeintzuk dira enpresa honek dituen helburuak? Langileon artean beldurra sortu, hortik aurrera nahi duena egiteko?
 

 

 

ALFAko enpresa-batzordeak Eusko Jaurlaritza eta Eibarko Udalaren jarrera kritikatu ditu

0
Greba mugagabean 110 egun igaro ostean, non Grupo Alfako langileok lanpostu guztiei eustearren eta jarduerak Eibarren iraun dezan borrokatzen ari diren, gogoeta txiki bat egin du Alfako enpresa batzordeak erakunde publikoak agertzen ari diren jokabideaz; batik bat, Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egindakoaz jardun du.

Hauxe da Alfako enpresa batzordearen gogoeta:

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, haren arduragabekeria eta gisa honetako egoeran agertu duen arreta eza salatu nahi dugu. Azken hilabete eta erdian ez dugu inolako harremanik izan Arantxa Tapiak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak gobernatzen duten Industria Sailarekin.

Izugarrizko begirune eza deritzagu enpresa batzordeak igorritako mezuei erantzun ere ez  izanari.

Gaur egungo Eibarko egoera honelakoxea da. Gurean, Debabarrena eskualdearekin alderatuta, langabezia tasarik handiena dago, Gipuzkoa osoko handienetakoa. 2017ko abenduan  %14,6koa zen langabezia tasa. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren batez bestetik ia bost  puntu handiagoa. Zer irtenbide proposatzen ditu Eusko Jaurlaritzak? Enplegua are gehiago suntsitzea? Horretan datza Industria 4.0ren eredu entzutetsua?

Amaitzeko, komunikatu honetaz baliatu nahi genuke Eibarko alkatea den Miguel de los Toyosek egin dituen azken adierazpenen balorazio txikia egiteko. Hasteko, harrigarri deritzagu “sozialista” eta “langile” hitzak bere sigletan jasotzen dituen alderdi politiko baten kideak, lotsagabeki, enpresaren eta eskirolen aldeko jarrera hartu izanari.

Tamalez, haren hitzak ezer gutxitan bereizten dira Buenetxearen ordezkariek eta haren jarraitzaileek esaten dutenetik: “Espero dut inbertitzaileren bat agertuko dela”, “guztiz ezinezkoa da mekanizatuak irautea”, “espero dut epe motzean berri onak izango ditugula”…

Dena uste izanaren, sinestearen eta asmo onaren menpe lagatzen dute. Haien zoritxarrerako, oroimen onekoak gara. Aspaldi bizitzen ari gara egoera hau, askoz ere lehenago aditu izan ditugu honen antzeko adierazpenak. Baina zer jazo da azkenean? Nor da Grupo Alfan enplegua suntsitu izanaren arduraduna? Zein zeregin betetzen du Miguel buru den Udalak?

Beharbada, Jon Ander Buenetxearekin pribatuan, egiten dituen bilerei esker Enpresa Batzorde berak baino informazio gehiagoren jabe da?

Bukatzeko, eskirolen harira, bi kontu ekarri nahi genituzke: duela hilabete bat ez dagoela piketerik, eta are garrantzitsuagoa dena, eta argi eta garbi gera dakigula, eskirolek ez zuten onartu legezko batzar batean erabaki zena, emaitza ez zuten errespetatu eta horrela, Grupo Alfako langileen erabakitze-organoari ez zioten jaramonik egin.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dizuegu EEEaren barruan, 131 lanposturen iraungitzea mahai gainean dagoela, gainera kontsulta epea martxoaren 20an amaitutzat emango da. Gaurko egunean, Administradore konkurtsalek egiten duten planteamenduek ez dituzte langileen eta komitearen eskakizunak betetzen, horrez gain, inbertsorearen inguruan helarazi diguten informazioa zalantzak bakarrik eskeintzen ditu.
 

 

 

Sistema kapitalista heteropatriarkalarekin bukatzeko borrokan jarraituko dugu, Marielle Franco gogoan

Astebete besterik ez da pasa mundu mailako mobilizazio erraldoiak egin genituenetik, nazioarteko Greba Feminista, besteak beste indarkeria matxistaz nazkatuta gaudela ozen aldarrikatzeko eta bart, Rio de Janeiron Marielle Franco, ekintzaile feminista eta jendarte eskubideen defendatzailea, emakumeen eskubideen aldeko borrokalari feminista sutsua, tiroz hil zuten.

Amorrua da momentu honetan sentitzen duguna, baina indarra da zabaldu nahi duguna. Ezin izango duzue gu guztiekin akabatu. Gero eta gehiago gara, ez gara isilduko, ez gaituzue beldurtuko, ez geldituko, ez zapalduko.

Zugatik, Marielle, jarraituko dugu borrokan, mundu eta sistema kapitalista heteropatriarkal honekin bukatu arte! Beste mundu justuagoa eraiki arte.
 

 

 

Uste dugu Osasunbideko EPEa ez nahikoa eta desorekatua dela eta bere osotasunean berrikustea eskatuko dugu

0
LABek uste du ezin direla epe-laburreko irizpide mediatikoak izan EPEA definituko dutenak, ekitate eta lan-prekarietatea zuzentzeko irizpideak baizik.

LABen ustez, Osasunbiderako Enplegu Publikoko eskaintza eznahikoa da Madrilen PP, CCOO, UGT eta CSIFek Madrilen lortutako itunaren ondorioz egonkortze eskaintza honetara bideratutako plaza guztiak 3 urtez modu iraunkorrean beteak izan behar zutela 2016ko abenduaren 31aren aurretik. Honek suposatu zuen Osasunbideko barne mugikortasuneko baldintzak kontuan ez hartzea, izan ere hutsik zeuden plaza horietako asko, hiru urte horietan akoplatuak edo lekualdatuak izan zirelako eta baldintza hau betetzeari utzi ziotelako. Madrilen itundutako eta Nafarroan inposatutako irizpideak betetzen ez zituzten plaza huts “berriak” sortuz bete ziren.

2014 aurretik sortutako plaza huts guztiak betirako galdutzat emateaz gain. Hau da Espainiako gobernuak gure erkidegoan egin duen “interbentzioaren” ondorioetako bat, sindikatu espainolen onitziarekin, eskubi espainolako bultzatutako birzentralizazio prozesutik onura atera nahi dutenak. Kontu espainol honek Osasunbidean suposatu diguna 499 plaza galtzea izan da, 2014 aurretik zeuden bakanteak izateagatik, hauei gehitu behar dizkiegu 2014-2016 artean lekualdatze/akoplamendu prozesuren ondorioz ondorioz sartu ez direnak.

Beste alde batetik, LABek uste du EPEa desorekatua dela berriro ere A eta B mailatako plazetan zentratzen delako C, D eta E mailetakoen kaltetan. Lehen kategoriek maiztasun handiagoarekin, eta orain, bigarrenei eskaintzen zaizkien plaza gehiagorekin izan dituzte hautatze-prozesuak. Honekin batera argi geratzen da ez dela kontuan izan aldibaterakotasun irizpidea, C, D eta E mailetan askogatik langileen %50a gainditzen duena.

Osasunbidean “ez sanitarioak” ez diren langileak Nafarroako Gobernuak egin duen EPE orokorrean xurgatuak izan dira, hortaz, bete gabe geratuko dira euren birjatze beharrak.

Negoziazio mahaian eskaintza osoa berrikustea planteatuko dugu. LABek ez du uste epe-laburrera begirako irizpideak izan daitezkeenak EPE bat definituko dutenak, ekitatea eta laneko prekarietatea zuzentzeari buruzkoak baino.

 

 

 

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren negoziaketa lehenbailehen abian jartzeko exijitu diogu patronalari

0
Gaur, hilak 15, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena berritzeko mahai negoziatzaile iraunkorraren bilera egin da Lan Harremanetarako Kontseiluko egoitzan (LHK). Bilera horretan sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok parte hartu dugu (LAB, ELA, UGT, CCOO). Patronalaren aldetik, 4 enpresari-elkarte azaldu dira: ADEGI (ASCONGI), GAREN, ERAIKI igeltseroen elkartea eta Gipuzkoako margolarien elkartea.

Beste sektore askotan gertatzen ari den bezala, berriro ere patronalak bere ordezkaritzaren inguruan ados jartzeko dituen arazoek sektoreko negoziazio mahaia eratzea eragotzi dute. Beste behin ere, euren arteko lehiak sektoreko hitzarmenaren negoziaketa abiatzeari eragotzi dio, patronalak hitzez negoziatzeko borondatea agertu badu ere.

LABek bileran exijtu dio patronalari ez oztopatzeko hitzarmenaren negoziaketa. Eraikuntzako hitzarmena 2009tik berritu gabe eta sektoreko negoziazio mahaia ez da biltzen 2010tik. Geroztik, sektoreko langileen lan baldintzak nabarmen okertu egin dira. Aldiz, pasa den urtean eraikuntzako sektoreak % 6 hazi zen. Beraz, patronalari exijitzen diogu arduragabekeria albo batera uzteko eta langileek sortzen duten aberastasuna bana dezaten.

Negoziazio mahaia eratzeko asmoz, hurrengo saiakera martxoaren 23an egingo dugu, 10:30ean ohiko lekuan.
 

 

 

Oso positibotzat jotzen dugu Gipuzkoako Ehunaren Merkataritzako aurreakordioa

0
LAB sindikatutik, Gipuzkoa Ehunaren Merkataritzan aurre akordioa lortu dugula azaldu nahi dugu. Aurre akordio hau ELA, CCOO, UGT eta lau sindikatuok sinatu dugu GAREN patronalarekin. Orain arteko baldintzak hobetzeaz hain, urte hauetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea adostu da.

Lehenik eta behin, Sektoreko Hitzarmena negoziatu eta berreskuratzea oso garrantzizkoa dela irizten diogu. 2010 urtetik erorita izan da hitzarmena, eta eskuratutako eskubide hainbat mantendu ditugun arren, izoztuta izan dira gaur arte. Gainera, hitzarmen ezak, langile berriei hitzarmen berriak aplikatzeko aukera eskaini die enpresei, lekuan leku, langileen artean eskala bikoitza eraginez. Beraz, LAB sindikatutik oso positibotzat jotzen dugu aurre akordio hau.

Laburrean hauek dira aurre akordioan jaso ditugun puntu garrantzitsuenak:

a) 2010-2018 urteetarako indarraldia eta ultra aktibitate mugagabea.

b) Soldata igoera: 2014tik aurrera hasiko badira ere errekuperatzen, azken urteetan izandako eros ahalmen osoa eskuratuko dugu langileok. Zehazki, 2014an % 0,8; 2015ean %3, 2016ean % 2,4; 2017an % 4,3 eta 2018an KPI +1’5 (%2,6)

c) Ordu osagarriek kontratatutako ordu arrunten %45 ezin izango dutela gainditu adostu dugu. Eta boluntarioak ere, %20 baina gehiago ezingo direla zehaztu dugu.

Lanaldi partziala duten langileen kasuan gainera, eskubidea izango dute hain zuzen bi urtez egindako ordu osagarrien %30 banaka kontsolidatzeko aukera izango dute hitzarmen honen sinaduratik aurrera.

d) Larunbat santua eta ihauteri arratsaldeari dagokionez, gaur egun ez dira lan egunak eta horrela izango dira hemendik aurrera. Baina enpresak langile boluntarioekin ireki ahal izango dutela adostu dugu. Kasu horretan, langilearen lan egindako ordua prezio normala (urteko soldata gordina, urteko lanaldi osoarekin zatikatuta) baina %75 igoko da eta lan egindako denbora beste larunbat batekin konpentsatuko da.

e) Lanaldia astelehenetik larunbatera izatea zehaztu dugu, baita, igande guztiak nahitaez atsedenerako egunak direla jasotzea. Hau da, hitzarmen hau aplikatzen zaien langileek igande eta jai egunetan ezingo dutela lan egin jasotzea lortu dugu.

f) Gainera, lanaldiari dagokionez, dagoeneko jasoa dagoen udan 30 minutuz luzatzeko aukeraz gain, gainontzeko lanaldia modu orekatu batean markatuko dela adostu dugu. Modu honetan malgutasuna itxi dugu.

Esan bezala, LAB sindikatutik modu positiboan baloratzen dugu hitzarmen kolektiboa negoziatu eta langileen lan baldintzak hobetzea lortu izana. LAB sindikatuko kideok 2016ko urrian ekin genion bide honi, Gipuzkoako Merkataritzako Hitzarmen Berriaren proposamena mahai gainean jarriz. Hau da, Gipuzkoan egun ditugun sektoreko hitzarmen guztiak (metala, larrua eta zapata, altzaria…) berdindu eta batuko zituen hitzarmena. Bide horretan jarraitzen dugu eta ehunaren hitzarmena aurre akordioa sinatzea urrats garrantzitsua izan da. Orain, inoiz baina beharrezkotzat jotzen dugu gainontzeko merkataritzako hitzarmenak ireki eta negoziatzera jotzea. Langile borrokaz lortuko dugu!
 

 

 

Mugimendu feministak pentsio duinen alde mobilizatzeko deia egin die emakumeei

Dei berezia egin die Euskal Herriko emakumeei larunbatean, martxoaren 17an, Bilbon pentsio duinen eta pentsioen sistema publiko baten alde izango den manifestazioan parte hartzeko. "Ez ditugu emakume pentsionistak bakarrik utziko. Feministok larunbatean, beraiekin batera, kaleak beteko ditugu", iragarri du mugimendu feministak.

Hauxe da Euskal Herriko mugimendu feministak idatzitako oharra:

Euskal Herriko mugimendu feministak dei berezia egin nahi die Euskal Herriko emakumeei larunbatean, Martxoaren 17an, Bilbon pentsio duinen eta pentsioen sistema publiko baten alde.

Azken urteetako pentsioen sistema publikoaren erreformek pentsionistak gero eta egoera ezegonkor batean utzi ditu. Pentsioak izoztu egiten diren bitartean eta gizartearen ehuneko handi bat lanbidearteko soldata minimoaren azpian mantentzen denean, pribatizazioa gero eta gehiago sustatzen da. Hori dela eta, sistema honen eutsiezintasuna berriro aitzakia bezala erabiltzen da gure eskubideak bankaren eskuetan uzteko.

Emakume pentsionistak pobreziara zigortuak daude, haien bizitzan zehar jasan dituzten diskriminazio egoerak direla medio. Lan merkatu arautuan sartzeko izan duten ukazioa, edota sartu direnean ere aukera berdintasunean ezin egin izanak guztiz baldintzatu die gaur jasotzen dituzten prestazioak.

Enplegura sartu ahal izan zirenei, lan prekarioak egokitu zitzaizkien, jardunaldi partzialetan, gizonezkoek baino soldata askoz baxuagoak jasoz, eta hau guztia gainera inolako kontziliazio neurririk gabe, lanaldi bikoitzak edota hirukoitzak jasaten. Izan ere, zaintzarako inongo laguntzarik ez da egon, ezta zerbitzu publikoen estaldura nahikorik ere. Egun, guzti honek ondorio larriak ekartzen dizkie jubilazio prestazioetan.

Pentsio propioa izateko aukera izan dutenak, oso prestazio txikiak jasotzen dituzte eta gutxieneko beharrizanak asetzeko nahikoa izateko ere ez zaie heltzen, adibidez lanaldi partzialetan egon diren langileen kasuan.

Beste askok, ez dute berezko pentsioa lortzeko aukerarik izan bere bizitza guztian lan egin arren, besteak beste, ezkutuko ekonomian, etxeetan, zaintza lanetan. Hauek guztiak pobrezia-egoerara eta mendekotasun ekonomikora kondenatuta daude.

Ezin ditugu ahaztu ere miseriasko alargun pentsioak jasotzen dituzten emakumeak, zeinei hilabete bukaerara heltzea ia ezinezkoa egiten zaien.

Diskrimianzio egoera hauek guztiak egungo jendartean oraindik ere indarrean daude. Hau dela eta, gu ere izango gara biharamunean egoera heuk guztiak pairatuko ditugunak eraso basati hauek gelditu ezean.

Egungo egorea emakumeontzat zein jendarte ororentzat jazan ezina bilakatu da. Larrialdi sozialeko egoera honen aurrean, inoiz baino premiazkoagoa dugu lana eta aberastasunaren banaketa justu bat exijitzea.

Sistema berri bat eraiki behar dugu, eredu kapitalista heteropatriarkala gaindituko duena eta pertsonak bizitzako erdigunean kokatuko dituena.

Azkenik,emakume penstionistei urte luze hauetan zehar gure eskubideen alde eginiko borroka guztiak ezkertzeko asmoz ere, larunbatean kaleak betetko ditugu.

Baldintza gogorretan eginiko borrokak, kostu pertsonal handiak izan dituztenak kasu gehienetan. Baina borroka hauei esker, gure aldarrikapen feministetan aurrera urrats handiak emateko aukerak sortu dira. Egungo eredu kapitalista heteropatriarkalak berriro ere lapurtu nahi dizkigun eskubide askoren lortzaileak izan direnak zalantzarik gabe.

Argi dugu, Martxoaren 8an egin genituen manifestaldi erraldoiak, emakume hauek eginiko borrokarik gabe ezinezkoak izango zirela, horregatik, eraso bortiz hauen aurrean ez ditugu emakume pentsionistak bakarrik utziko. Feministok larunbatean, beraiekin batera, kaleak beteko ditugu.

Erre ezin izan zenituzten sorginen bilobak gara, GORA BORROKA FEMINISTA!
 

 

 

CEN-en egoitzaren aurrean bildu gara, industriaren defentsan

0

Nafarroako enpresarien elkargoaren (CEN) egoitzaren aurrean bildu gara gaur, Iruñean, industriaren defentsan. Hain zuzen ere, hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen ari gara egunotan. Donostian izan ginen asteartean, Gasteizen atzo eta Iruñean, gaur. Industrian aberastasuna banatzeko garaia dela aldarrikatzen ari gara, eta, helburu horrekin, Bilbon egingo dugu manifestazioa bihar, 11:30ean, Confebasken egoitzatik abiatuta.
 
LAB sindikatuko Industriako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute gaur Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak Iruñean duen egoitzaren aitzinean patronalari hitzarmen duinak galdegiteko. Izan ere, azken datuaren arabera Nafarroan 1.852.599.000 euroko irabaziak lortu zituzten industriako enpresek urte batean, eta LABek uste du badela garaia industrian aberastasun hori banatzeko, lan hitzarmenak eguneratuz eta industriako langile guztien lan baldintzak hobetuz.

Elkarretatzearen bukaeran, Maider Caminosek, LABen Industria federazioko Nafarroako arduradunak, honako adierazpenak egin ditu:

“Enpresak irabazi handiak izaten ari dira. 2017An, Nafarroako ekonomiak % 3,2 gora egin zuen eta enpresek irabazi handiak izan zituzten. Lau urte daramatzagu hazkundean, eta industriaren jarduera krisi aurreko garaietako mailara iritsi da; urte hauetan langilekako produktibitatea %11 igo baita.

“Horiek Nafarroako egungo egoera ekonomikoa islatzen duten datu batzuk baino ez dira. Eta datu horiek ez ditu LABek asmatu. Datu ofizialak dira, patronalak berak publikoki zabaltzen dituenak”.

“Baina Nafarroako industriako langileen egoera oso bestelakoa da. Prekarietatea gero eta handiagoa da, bereziki kontratazio berrientzat. Gazteek ezin dute industrian lan egin eta lanean hasteko zortea dutenek zabor kontratuak izaten dituzte. Lau langiletik bakarra emakumea da. Ez dago aukera berdintasunik lanerako sarbidean. Langile asko hitzarmenik gabe daude edo hitzarmen prekarioak dituzte. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa errealitate bat da, Nafarroako errealitate soziolaboraletik urrun adostutako soldata igoerak ezartzen dizkigute edota hainbat gai hemen negoziatzea eragozten digute”.

“Prekarietateak erantzule zehatzak ditu: patronala, instituzioak, eta UGT eta CCOO sindikatuak”.

“Patronalaren borondate hutsarekin ez dugu lortuko langileek sorturiko aberastasuna banatuko. Izan ere, ez zuten lan erreforma bat eskatu eta txalotu orain bertan behera uzteko. Aurre egiten ez badiegu, erreforma aplikatzen jarraituko dute gure kontura aberasten segitzeko. Prekarietateak prekarietate gehiago dakar eta egungo egoerarekin aberasten ari direnak, are gehiago aberasten saiatuko dira aurrerantzean ere. Lapur eta lotsagabe hutsak dira. Zenbat enpresak langileak kaleratu dituzte irabaziak eduki arren? Aste honetan bertan azken adibidea izan dugu: Gamesa-Siemens, eta sindikatu batzuen laguntzarekin izan da gainera”.

“Prekarietatea zein aberastasunaren banaketa ez dira arazo laboral huts bat. Batez ere, arazo politiko eta sozial bat da. Eta politikoa den heinean, neurri politikoak exijitzen ditu. Patronalaren jarrera ez bailitzateke posible izango politikariek ematen dieten babesik gabe. Hala, Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu patronala behartu dezan hitzarmen duinak negoziatzera eta guk sorturiko aberastasuna banatzera. Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu gehiengo baten alde egiteko eta ez uzteko gutxi batzuek, ia inor ordezkatzen ez dutenek, milaka langileren eta euren familien bizi baldintzak erabakitzea”.

“UGT eta CCOO sindikatuak dira egoera honen hirugarren erantzuleak. Beti prest baitaude murrizketa eta atzerapauso berriak onartzeko. Beti prest daude langileria zatitzeko, desmobilizatzeko eta beldurtzeko. Sinatzen duten hitzarmen bakoitzean atzerapauso berriak jasotzen dituzte. Defendaezina ere defendatzen dute, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa hain zuzen. Bizi dugun egoeran erantzukizun maila altua dute”.

“Baina egoera honekin buka dezakegu. LABek eremu guztietan borrokan jarraituko du lapurtu digutena berreskuratzeko. Bada garaia aberastasuna banatzeko. Bada ordua murrizketak bukatzeko. Bizi duina bermatuko duten hitzarmen duinak lortzeko garaia da. Arrazoiz beterik gaude. Baina hori lortzeko aktibazioa ezinbestekoa da. Patronala mugiarazteko sektoreetan zein lantokietan mugitu behar dugu. Eta gainerako sindikatuak interpelatu behar ditugu; egoeraren larritasunaren aurrean, sindikatu eta langile ezberdinen arteko elkarlana funtsezkoa baita”.
 

 

 

Gure babes osoa Catalunyako herriari

0

Urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta, Generalitatearen egoitzan eta Omnium Culturalen egoitzan miaketak egiten ari da Guardia Zibila. Erreferenduma eta haren sustatzaileak berriro ere jo puntuan ditu epaileak.

Espainiako Estatuak eskura dituen tresna politiko, judizial eta polizialak erabiltzen jarraitzen du, Catalunyako herriak erreferendumean adierazitako borondate demokratikoa erreprimitzeko. Askatasun murrizketa larria ari da sufritzen Catalunyako herria, 155.aren aplikazioa eta autogobernuaren indargabetzea, espetxeratze, auzipetze eta erbesteratzeak (Gobernu kideak eta presidentea bera, ANC eta Omniumeko lehendakariak, CUPeko Anna Gabriel…), Catalunyako CSCren aurka egitekoa den epaiketa… eta gaurkoa, muturreko salbuespen egoeraren beste kapitulu bat.

LAB sindikatutik geure elkartasuna eta babesa Catalunyako herriari eta prozesu independentistari. Gaur Catalunyarekin gara eta Catalunyan gara. Handik hitz egin digu LABeko kide Urtzi Ostolozagak, Omnium Culturalen egoitza ataritik.