2026-01-18
Blog Page 832

Garbiñe Aranburu: “Urte erabakigarria izan behar du presoen eta iheslarien etxeratzea bideratzeko”

Euskal presoen eskubideen alde Sarek deitutako manifestazioarekin bat egin dugu gaur, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoekin batera. Bilboko martxa La Casillatik abiatu aurretik, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du espero duela aurtengo manifestazioa "azkenekoa izatea, hurrengo urtean honera etortzeko beharrik ez izatea". LABeko ordezkariak nabarmendu du gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko eta sakabanaketarekin amaitzeko adostasun zabala dagoela, eta horrek norabide horretan erabakiak ekarri beharko lituzkeela. Horrekin batera, adierazi du presoen kaleratzea eskatzeko ere "geroz eta konplizidade gehiago" eraikitzen ari direla, eta bide hori jorratu behar dela.

LABeko ordezkariak, Euskal Herritik kanpo etorritako sindikatu batzuetako zenbait kiderekin.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Euskal Herrian adostasunak jorratzea da bidea, eragile sindikal, sozial eta politiko desberdinen artean. Hori da Ipar Euskal Herrian egin duten bidea, eta ikusten ari gara, Frantziako Gobernuaren aldetik, urrats batzuk emateko borondatea edo erabakia".

Presoen zenbait senide, Bilboko manifestazioan.

Espainiako Gobernuak ez duela bere posizioa mugitzen aitortu du, baina, LABeko idazkari nagusiaren iritziz, "gehiengo zabal batek adostasun horiek eraikitzen baditu, Espainiako Gobernua ere derrigortuko dugu urratsak ematera. Horregatik diogu urte erabakigarria izan behar duela preso eta iheslarien etxeratzea bideratzeko".
 

 

 

EH Bildurekin konpartitzen dugu partekatutako agenda sozialaren beharra burujabetza klabeetan

0

Garbiñe Aranburu eta Arnaldo Otegi buru zituzten LAB eta EH Bilduko bi ordezkaritzek bilera egin dute gaur Donostian Hego Euskal Herriko egoera sozial eta politikoaren inguruko bilera izan dute Donostian. LABen ordezkaritza, Igor Arroyo Idazkari Nagusi Ondokoak eta Bea Martxueta Politika Sozialeko Idazkariak osatu dute, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusiarekin batera.

LABek lehentasun moduan kokatu du langileontzat etorkizun hobea izatearen nahia, lan duina bizitza duinaren uztartuz. Zentzu honetan, sindikatuak adierazi du langileok ez dugula zereginik eredu ekonomiko honetan, hazkundea ez baita guregana iristen. Bizitza duintzearen aldeko bide honetan, garrantzitsua da prekarietaten kontrako borroka indartzea eta lantokietan eta kalean eta politika publikoak aldatzeko mobilizazio soziala suspertzea.

Gainera LABek oso argi du, aldaketa sozial erabatekorik ez dagoela edozein jendarte eredu eraiki eta guztiei bizitza duina bermatzeko, oinarrizko gaiak diren lan harremanak eta babes sozial sistema erabakitzeko ahalmenik ez badago. Hau da, aldaketa sozialik ez dago, burujabetzarik gabe.

LABen ordezkaritzak erronka bikoitza planteatu du gure herriak bizi duen inboluzio bikoitzari, soziala eta politikoa dena, erantzuteko.

1. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunon artean, inboluzio autoritario eta zentralistari herri bezala erantzun behar diogu. Estatuak ez duelako lurralde ereduaren auziari irtenbide politiko bat emateko eskaintzarik. Eskuduntza gutxi batzuekin, autonomia eredua eguneratu eta menpekotasun egoera iraunarazi edota egun indarrean dagoen autonomia eredua auzitan jarri eta menpekotasun egoera areagotzea da estatuaren eskaintza.

Autogobernu ponentzia martxan dago, estatus berriak erabakitzeko eskubidea bermatu behar du, LHBSEE eta esparru sozioekonomiko propio bat eraikitzeko erabaki ahalmen osoa.

2. Burujabetza prozesua ezkerretik indartzea. Prozesu politikoak ez dira neutroak izaten, burujabetza prozesua eraldaketa sozialean sakontzeko bidea izan behar da.

– Ezker soberanistaren esparruan aliantzak eraikitzen hasteko unea da. Ezker soberanistan agenda sozial konpartitua behar da eremu politiko, sindikal eta sozialaren artean.

– Agenda sozial horretan jaso beharko litzateke:
– Erabakitzeko eskubidea jasoko duen marko berri baten alde egiteko estrategia eta marko juridiko politiko berriak izan beharreko gutxieneko eduki sozialak adostu behar dira.
– EAEn, EAJ, PSE, PP bloke neoliberalari aurre egiteko estrategia.Gehiengo instituzional berriak eraiki behar dira.

Adostasun nahiko zabalak ditugu eta aurrerantzean ere gai hauek jorratzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu.
 

 

 

Arabako Gizarte Eskuhartzeko hitzarmena negoziatzen jarraitzea dagokigu

Pasa den abenduan, Arabako Gizarte Eskuhartzeko langileek hiru greba egun brutu zituzten (13,20 eta 27an), deialdi arrakastatsuak izan ziren, Gobernuan dauden alderdiak urduri jartzea lortu baitzuten. Gaur ostirala, Gizarte Zerbitzuen Diputatuak agerraldia zeukan Batzar Nagusietan, hau aprobetxatuz, elkarretaratzea burutu behar genuen bertan EAJ-PNVri egoera konpontzeko presioa egiteko. Baina, elkarretaratze hau bertan behera gelditu zen atzo arratsaldean. Arabako Foru Aldundiak, AISA Patronalari Arabako Gizarte Eskuhartzeko II. Hitzarmena sinatzeko aukera eskaini zionean.

Orain, sindikatuok Patronalarekin negoziaketetan jarraitu behar dugu, hitzarmena sinatzeko gai garrantzitsuak itxi behar baitira.

LABek positiboki baloratzen du abenduan zehar izandako greba deialdieetan izandako langileen partehartzea, 2018. urtean mobilizazioekin jarraitzeko mehatxupean, EAJ-PNVk eta Arabako Foru Aldundiak finantziazio formulak "topatu" dituztelako.
 

 

 

Munduko Sindikatuen Federazioak bat egin du Bilboko manifestazioarekin

LAB kide duen Munduko Sindikatuen Federazioen Europako bulegoak babesa erakutsi dio presoen eskubideen alde Sarek biharko deitutako manifestazioari: “Bilbon euskal preso politikoen egoerari irtenbide bat bilatzeko eta preso politiko hauen giza eskubideen alde antolaturiko manifestazioari bere elkartasuna adierazten dio, eta manifestazioa arrakastatsua izan dadila desio dugu”.

Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko La Casillako plazatik. LABen Nazio-Komiteko ordezkaritza batek manifestazioan parte hartuko du, nazioarteko hainbat sindikatutako ordezkariekin batera, hala nola, Catalunyako IAC (Edu Lucas), Aragoiko CUT (Chabi Anadonbere) edo frantses estatuko Solidaires.

Argentinatik ere heldu dira sindikatuetako ordezkarien atxikimenduak, nagusiki CTAko kideenak.

 

 

Eusko Jaurlaritzari murrizketa politika alde batera utzi eta Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzutea eskatzen diogu

0
LAB, ELA eta STEILAS sindikatuontzat, Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarteren salaketak larriak, arduragabeak eta iraingarriak dira sindikatu, langile, familia eta ikasleentzat eta benetako arazo, eztabaida, aldarrikapenei ez heltzea dute helburu.

2009tik 2018ra hezkuntza inbertsio publikoa Barne Produktu Gordinaren %4,3 izatetik %3,5 izatera pasa da, hau da, proportzionalki 596 milioi € galdu ditu. Zenbaki absolutuetan 2018ko aurrekontua 2009ekoa baina 107 milioi € gutxiagokoa da. 30.000 ikasle gehiago matrikulatu dira eta apenas hazi dira plantillak. Gelako ikasle ratioa %9,1 hazi (gelako ia 2 ikasle gehiago). Ordezkapenak ez dira egiten edo astebetetik aurrera egiten dira. 10 langiletik 4 behin-behinekoa da eta ez egonkortasun arazo larriak daude ikastetxe eta plantilletan. Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak gogortu dira eta Hezketa bereziko lan-kargak handitu dira eta ez dago langile nahikorik. Aniztasuna eta hezkuntza behar bereziak ongi lantzeko baliabiderik ez. Ikastetxeetako administrazio lanak eta proiektuak lantzeko plantilla eta errekurtso nahikorik ez. Zaharkituriko azpiegiturak berritzeko dotazio eskasak. Ikasle eta familientzat lagungarri geroz eta eskasagoak. Haurreskoletako kuotak jasan ezinak dira (210€ hilean), plazak bete gabe daude eta matrikulazioa beherantz doa. %8-15 (17.300-41.183€) eros-ahalmen galera. Gaixotu eta baja hartzea zigortzea. Erretiroa atzeratu eta zaildu. Gure hezkuntza sistema txikitu eta Madrilen menpe jartzen duen LOMCE gure eskoletan barneratu. Euskalduntzean atzerapausoa den hirueleko markoa bultzatu eta euskarazko murgiltze eredua baztertu. Hezkuntza enpresa eta patronalen zerbitzura jarri …

EAJ, PSE eta PPren ardura eta babesarekin azken urteetan ezarri diren neurri hauen aurrean LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok lan-baldintzak eta Hezkuntza Publikoa defendatu besterik ez dugu egin. Horretarako jaurlaritzak utzi digun baliabide bakarra erabiliz: mobilizazioa eta greba.

Egoera hau denean, azken 10 urte hauetan horrelako murrizketak inposatu dituztenen ahotan, sindikatuok eta hezkuntzako langileok familiak bahituak ditugula eta Hezkuntza Publikoaren aurka egiten dugula entzutea larria izateaz gain iraingarri eta guztiz arduragabea ere bada. Honen atzean sindikatuok eta azken hilabeteetako mobilizazio eta grebetara irten diren milaka langilek lehen mailan jarri ditugun araz, eztabaida eta aldarrikapenei ez heltzea beste helbururik ez dago.

Hezkuntza Sailburuarentzat aurrez aipaturiko murrizketa hauek guztiek ez dute hezkuntza publikoa kaltetzen, langileez gain ez dituzte familiak eta ikasleak kaltetzen eta gobernuak ez du bertan arazorik ikusten. Arazo, antza denez, egoera honi buelta eman lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikorako inbertsio, plantilla eta baliabide gehiago, gobernuak utzi digun modu bakarrean, eskatzen dugunak gara.

Cristina Uriartek dioenaren aurka, sindikatuon negoziazio borondatearen erakusle da negoziazio mahaiak deituak dauden denboran inolako greba deialdirik ez egotea. Sindikatuok espreski ekidin dugu aurrematrikula garaian inolako greba deialdirik egitea. Eta azken hiruhileko greba deialdiak, ikasleei azterketek gehien eragiten dieten kolektiboetan
(irakasle eta heziketa berezian) apirilean eta maiatzeko lehen astean daude deituak.

Sailburuaren hitzek gobernuak hezkuntza publikoaren beharrei eta sindikatuon aldarrikapenei heldu ez izana ezkutatu nahi dute eta greba eta mobilizazioa kriminalizatzeko ahalegina dira.

• Urte hauetan eman den matrikulazio handitzeari aurre egiteko beharko liratekeen 2.000 lanpostuetatik apenas 100 proposatu ditu jaurlaritzak.
• Behin-behinekotasun %6ra jaitsi eta plantillak egonkortzeko beharko liratekeen 9.900 lanpostu ingurutik 2.192 besterik ez ditu eskaini EPEra eta lanpostuak egonkortzeko inolako bermerik gabe. Behin-behinekotasuna egungo tasa onartezinetan utziz (%31 irakasleetan, %34 Heziketa Berezian, %40 Haurreskoletan eta %64 Sukalde eta Garbiketan) eta milaka langile prekarietatean.
• Gelako ikasle ratioak jaisteko inolako proposamenik ez du egin. Soilik gelak guztiz beterik eta berariazko hezkuntza laguntza beharreko 5 ikasletik gora dituzten Lehen Hezkuntzako geletan bi tutore ezartzeko proposamena luzatu dute. Neurri honek apenas sortzen dituelarik lanpostu gehiago eta oso ikastetxe gutxitan arintzen ditu lan-kargak.
• Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak eta plantilla eta baliabideak gehitzeko proposamenik ez du egin.
• Ordezkapenak lehen egunetik egiteko prest agertu da, baina soilik Lehen hezkuntzan. Bigarren Hezkuntzan 3. egunetik aurrera.
• Haurreskolen doakotasun bidean ez du inolako planteamendurik egin.
• Eros-ahalmena berreskuratzeko inolako asmorik ez du agertu.
• Bajak zigortzeari uzteko borondaterik ere ez dago.
• 60 urtetik gora irakastorduak 1/3 murrizteko prest agertu da, baita Haur eta Lehen Hezkuntzan 59 urterekin 2 irakastordu murrizteko ere, baina erretiroa errazteko neurri eta pizgarririk ez dute mahai gaineratu.
• Ikasleen euskalduntzeari begira ere ez dago aurrerapausorik.
• Eta LOMCE eta Heziberri bertan behera utzi edota hezkuntzaren merkantilizazioa
ekiditeko neurriak kontuan hartu ere ez dituzte egin.

Hau honela, STEILAS, ELA eta LAB sindikatuok Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzea eskatzen diogu eta Hezkuntza Publikoaren beharrei eta gure aldarrikapenei exijitzen, sindikatu, langile, familia eta ikasleen aurkako iran eta salaketak alde batera utziz.

Sindikatuok beste behin ere negoziaziorako gure prestasuna agertzen dugu, baina horretarako gure aldarrikapenei helduko dieten proposamen sendoak behar ditugu mahai gainean. Hau egon ezean, atzo plazaraturiko greba eta mobilizazioarekin jarraitzea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 

Oiartzunen hildako garraiolariaren lan heriotza salatu dugu

Gehiengo sindikaleko kideok elkarretaratze bat egin dugu gaur, Oiartzunen, AP8an dagoen gasolindegian. Hain zuzen ere, garraiolari bat hil zen bertan, joan den asteazkenean. Urteko bigarren lan heriotza izan da aste honetakoa.
 

 

 

Espetxe politika, hizpide, Bilbon

Atzo osteguna, eta Foro Sozial Iraunkorrak antolatuta, alderdi politikoen mahai-ingurua egin zen Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko areto nagusian. “Espetxe politika berri bat, garai berri baterako” zen mahai-inguruaren izenburua eta Gasteizko Parlamentuan ordezkaritza duten lau alderdi nagusiak, EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE, izan ziren parte-hartzaileak. Ez zen PPko ordezkaririk egon, gonbidatuta egon arren. Entzuleen artean zegoen Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, LABeko Nazio-komiteko ordezkaritza batekin, beste sindikatu batzuetako arduradun nagusiekin batera.

Teresa Todak dinamizatu ziren saioa, eta EAJko Amaia Agirre, EH Bilduko Julen Arzuaga, Podemoseko Andeka Larrea eta PSEko Rafaela Romero bertaratu aritu ziren hizlari. Azken hilabeteotan egindako lan diskretuaren azaleratzea izan zen atzokoa, alderdien artean sortutako konfidantzaren erakusgarri.
 

 

 

Arabako Gizarte Ongizate Foru Erakundeak baietza eman dio APDEMA eta enpresa batzordearen arteko aurreakordioari

Gizarte Ongizate Foru Erakundeak baietza eman dio Adimen-Ezintasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkarteak (APDEMA) eta enpresa batzordeak (LAB, ELA, CCOO) sinatutako aurrekordioari. APDEMAko Enpresa Batzordeak ondo deritzo aurrekordio hau izenpetzeari, azken urteetan galdutako lan baldintzak berreskuratzen delako eta familia eta adimen urritasun duten pertsonei emandako zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen delako.

Gaurko iragarrita zegoen mobilizazioa bertan behera utzi du APDEMAko enpresa batzordeak, aurreakordioa lortuta. Hain zuzen ere, enpresa batzordearen hitzetan, aurreakordio hau alde guztietako borondate eta arduragatik sinatu ahal izan da, eta APDEMAko langileen mobilizazio eta kemenagatik.
 

 

 

[IRITZIA] Parisetik Bilbora Nafarroatik bultza, prest gaude

Nafarroako LAB, ELA, HIRU, ESK, EHNE, STEILAS eta CGT sindikatuok iritzi artikulu bat idatzi dugu Sarek presoen eskubideen alde Bilbon deitutako manifestazioari buruz. Manifestazioa larunbatean izango da, 17:30ean, Casillatik abiatuta.

Abenduaren 9an manifestazio alai eta erreibindikatiboa egin zuten hamaika mila pertsonak Pariseko karriketan “Orain presoak” lelopean. Manifestazio hori, berriz, ez da mobilizazio bat gehiago izan, dinamika orokor baten zutabe garrantzitsua baizik. Denbora luzez landu duten dinamika horren bitartez Frantziako Gobernuak euskal presoekiko duen jarrera aldatzea lortu nahi da. Horretarako, lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen batasuna eraiki dute eta guzti horien sostengua izan du aipatu manifestazioak.

Pariseko manifestazioan parte hartu dutenek, presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera exigitu dute. Horrela, presoen hurbilketa Euskal Herrira eta elkarretaratzea, gaixorik dauden presoak askatzea eta baldintzapeko askatasunak eskuratu ahal izatea aldarrikatu zuten.

Dinamika horren testuinguruan, bestalde, Frantziako Gobernuaren keinu pare bat ezagutu berri dugu. Batetik, 7 presori DPS izendapena kendu zaie –espainiar estatuan lehen graduaren pareko kalifikazioa da–. Bestetik, manifestazioa eta gero Frantziako Gobernuaren bozeramaile batek esan du “printzipioz ez dutela baztertuko trasladoen eskaera banan-banan eginez gero”. Atea ireki daitekeen seinalea da hori, kolpe batez eta parez pare irekiko ez dela dakigun arren.

Nafarroan ere egoera aldatzen hasia ote den zantzuak daude. Horietariko esanguratsuenak dira azken hilabete hauetan izandako bi deklarazio. Bata, Nafarroako Parlamentuan preso gaixoak askatzearen aldeko adierazpena onartu zen Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, I-E eta PSNren babesarekin. Bestea, adierazpen hori bere eginez sindikatu guztiek aho batez onartu genuen deklarazioa (CCOO, UGT, ELA, LAB, CGT, EHNE, STEILAS, ESK, Hiru, Solidari). Bi gertakizun horiek ere lan iraunkor baten fruituak dira, kasu honetan Foro Sozialaren bultzadapean egin diren hainbat lan saioren emaitzak. Irudikatzen dutena argia da: Nafarroako gehiengo instituzional, politiko eta sindikala kartzela politika aldatzearen alde dagoela. Beraz, eszenatoki berri batean sartzeko aukerak daude, eta salbuespenezko neurriekin bukatzeko aroa ireki daiteke herritarrok ardura hartzen badugu.

Hartara, konpromiso hori adierazteko aukera izango dugu urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan. Nafarroako indar sindikalek dei egiten die Nafarroako herritarrei “Prest gaude” lelopean egingo den mobilizazioan parte hartzeko. Ezhoiko mobilizazioa izatea nahi genuke, aro berri baterako urratsa, bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraiki dezagun guztion artean. Horretan, urgenteena eszepziozko neurri eta legediarekin bukatzea da, gaixo dauden presoak kaleratzea, urruntze politika bertan behera uztea, eta guztion artean presoen gaiari irtenbide osoa emateko akordioa eraikitzen hastea. Izan ere gizarteari dagokiolako gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko protagonista izatea.