2026-04-13
Blog Page 827

Bizkaiko bulego eta langeletako langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte; bi greba egun, tartean

Patronalak negoziazio-mahaian erakutsi duen jarrera ikusita, LAB, ELA, ESK, CGT eta CNT sindikatuok, sektoreko gehiengoa izanik, mobilizazio gehiago egingo ditugu datozen asteetan; apirilaren 25 eta 26rako deitutako bi greba egunak, kasu. "Hitzarmena negoziatzeko azken bi bileretan, aurrera egin beharrean, CEBEK eta haren inguruko enpresek negoziazioa blokeatu dute, eta ohartarazi digute hitzarmena okertzeko baino ez dutela negoziatuko", adierazi dugu, Bilbon gaur egindako agerraldian.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Otsailaren 1eko egundoko grebaren bidez sektoreak mezu argi bat bidali zigun: hitzarmen duin bat sinatzea. Hitzarmen horrek bi oinarri izan behar ditu: antzinatasuna eta gutxieneko bermea.

Hala ere, hitzarmena negoziatzeko azken 2 bileretan, aurrera egin beharrean, CEBEK eta haren inguruko enpresek (GFI Norte, Informática de Euskadi…) negoziazioa blokeatu dute, eta ohartarazi digute hitzarmena okertzeko baino ez dutela negoziatuko, antzinatasuna eta gutxienezko bermea murriztuz edo erabat kenduz, presio-neurri gisa xantaia erabiliz.

2013. urtean akordiorik lortu ez zenez, harez geroztik enpresetan lan-erreforma aplikatu da, eta langileak estatu-hitzarmenen arabera edo ezein hitzarmenekin lotu gabe kontratatu dira, Langileen Estatutua erreferentziatzat hartuz. Hau da, lehenengo, sektore honetako langileen baldintzak okertu dituzte lan-erreformaren bidez; eta gero, beheranzko hitzarmen bat sinatzera behartzeko, xantaiaz baliatzen dira. Eta hori guztia erabat saneaturik dagoen sektore batean, non krisiaren aldirik gogorrenetan ere enpresa gehienek eskandaluzko etekinekin itxi dituzten beren kontuak.

Patronalak negoziazio-mahaian erakutsi duen jarrera ikusita, ELA, LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuok, sektoreko gehiengoa izanik, dei egiten dugu hurrengo mobilizazioetan parte hartzera:

• Martxoaren 14tik aurrera, sektoreko enpresa guztietan sinadura-bilketa hitzarmenaren alde.

• Martxoaren 14tik aurrera, enpresetako zuzendaritzei kontsultatzea ea bat datozen CEBEKen mahaiko jarrerarekin.

• Martxoaren 22an, osteguna, manifestazio/prozesioa hitzarmenaren alde, eta gure borrokaren muina -BULEGUNE- jendaurrean aurkeztea.

• Apirilaren 9tik 20ra, BULEGUNE: mobilizazioak eta ekintzak, Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileen egoera salatzeko, Bulegune zentralean, Arriagan, eta lantokietako bulegune ibiltarietan.

• Apirilaren 23tik 27ra, Borroka astea: hainbat mobilizazio aste osoan zehar, eta horien artean bi greba-egun, apirilaren 25ean eta 26an.

 

 

 

Mobilizazioak egingo ditugu, Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenaren defentsan

LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok protesta bat egin dugu gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, herrialdeko esku hartze sozialeko langileek bizi duten egoera salatzeko. Hain zuzen ere, kalitatezko lan baldintzak eta zerbitzua aldarrikatu ditugu, eta, horretarako, mobilizazio gehiago egingo ditugu; apirilaren 25erako deitutako giza kate bat, tartean.

Hitzarmenaren defentsan, enpleguaren egonkortasuna, lan baldintzen hobetzea eta zerbitzuen kalitatea bermatzea izango dira kalera aterako ditugun aldarriak. Hauek dira gaur iragarri ditugun mobilizazioak:

-Apirilak 12, 18:30ean, Foru Aldundian protesta.
-Apirilak 25, 18:30ean, Bilboko udala eta Foru Aldundia lotuko dituen giza katea.
-Maiatzak 16, hiru orduko lanuzte partzialak.

 

 

 

AHTaren Bilbora sarrera hirigintzari lotutako espekulazio kasua da

0
Pasa den martxoaren 8a, emakume langilearen eguna eta mugimendu feministak deitutako greba eguna, Juan Maria Aburtok, Arantxa Tapiak eta Iñigo De la Sernak AHTak Bilbon izango duen sarbidearen proiektua aurkeztu zuten. Iraingarria iruditzen zaigu proiektuaren aurkezpena egun horretan egitea; horrekin erakusten dute EAJk feminismoarekin eta berdintasunarekin daukan konpromisoa.

Proiektuaren xehetasunei erreparatzen badiegu, Abandoko sarbidearen kostua 350 milioitatik 480 milioi eurotara pasa da, %40an handituz. Guztira, Malmasineko tunelaren kostua kontutan hartzen badugu, 730 milioi euroko kostua izango du Bilboko sarbidearen proiektu integralak. Argi dago AHTa ez dela inondik eta inora ere behar sozial bat, eta diru hori, gutxi batzuen onurarako proiektu batean gastatuko dutela. Zentzu horretan, salatu nahi dugu aurrekontua %40an handitzeak are eta larriagoa egiten duela hau.

Aipatzekoa da, era berean, proiektu horretan 1.200 etxebizitza inguru aurreikusten dituztela, teorian, AHTaren sarbide horrek izango dituen kostuak finantzatzeko. Operazio urbanistiko horrekin 100 milioi inguru atera nahi dituzte, espekulazioari ateak irekiz eta etxebizitza merkantzia hutsa bezala tratatuz. Gainera, azkeneko hirigintza planaren berrikuspenean, 14.000 etxebizitza berri eraikitzea proposatzen du Udalak, hirian milaka etxe huts dagoen bitartean. Beraz, hirigintza-operazio honek berriro ere agerian uzten du zein den EAJren etxebizitza politika, gutxi batzuen etekinetara bideratutakoa, hain zuzen ere.

Hau dena, Bilboko Udala garatzen ari den hirigintza egitasmoan eta zehazki, Hiri Antolameduko Plan Orokorraren barruan testuinguratu behar dugu. Hiri eredu honetan sakonduko duten hurrengo proiektu izarrak, Abandoko sarbide hau eta Zorrotzaurreko irlaren irekiera izango dira. Berriro ere argi geratzen da Udalak konpromiso falta duela langile-auzoekin eta okerren daudenekin. Multinazionalen, kate komertzialen eta turismoaren neurrira diseinatutako hiri eredu honek, prekarietatea eta bazterketa soziala eskaintzen die bere biztanleei. AHTren sarbidearen proiektua, esan bezala, horren adibide garbia da.
 

 

 

Manifestaziora deitu dugu iganderako, Nafarroako hainbat legeren aurka hartutako neurriak salatzeko

0

Hainbat sindikatuk, alderdi politikok eta gizarte eragilek manifestaziora deitu dute iganderako, Espainiako Auzitegi Nazionalak Nafarroako hainbat foru legeren kontra hartutako neurriak salatzeko. Iruñean izango da protesta, Foruen monumentutik abiatuta, 13:00etan, eta LAB dago deitzaileen artean.

Hau da agerraldian irakurri duten adierazpena:

Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du 8/2013ko Lege Forala. Lege honek Dohako osasun laguntza unibertsala arautzen zuen. Honekin batera bertan behera utzi ditu 24/2013ko legearen zati batzuk, etxebizitza eskubidea bermatzera zuzenduak zirenak hain zuzen. Aspaldi honetan Nafarroako Parlamentuak onartutako lege sorta baten azken adibideak dira. Izan ere Auzitegi Konstituzionalak lege horiek behin behinean suspentsoan utzi eta ondorenean indargabetu baititu. Beste adibide larria da 18/2012ko legea bertan behera utzi izana, lege horren bitartez Nafarroako Foru Komunitateak laguntza farmazeutikoa bermatzen baitzuen.

Deklarazio hau sinatzen dugunok Espainiar Estatuan dagoen bultzada zentratzailea eta sozialki atzerakoia. Auzitegi Konstituzionalak eta Estatuko beste instantzia batzuetatik hartzen ari diren erabaki horiek babesarik gabe uzten ditu egoera larrienetan dauden pertsonak. Gure ustez atzerapausoak honako gaietan gertatzen ari dira:

1) ESKUBIDEAK. Erabaki judizial hauek eskubide batzuk gabe uzten ditu behar gehien duten pertsonak. Beraz, kohesionatua eta pertsona guztientzat eskubide berdinak bermatuko lituzkeen gizarte eredu baterantz urratsak egitea galarazten dute.

2) NAFARROAKO AUTOGOBERNUA ETA ERABAKITZEKO AHALMENA. Nafarroako jendartearen borondateak, lege horien onarpenean islatzen denak, berdintasuna eta justizia sozialaren norabidean urratsak egitea bilatzen zuen. Baina hori galarazi nahi duten erabaki judizialekin topo egin du

3) DEMOKRAZIA. Politikaren judizializazioak demokrazia bera suspentsoan uzten ari da. 

Deklarazioa sinatzen dugun eragile eta pertsonok honako konpromisoak hartzen ditugu eta aldi berean Nafarroako jendarte osoa deitzen dugu berauekin bat egitera:

1) Pertsona guztientzat eskubide guztien defentsa eta bermea. Bereziki Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiekin urratu dituen eskubideak.

2) Nafarroako Autogobernuaren defentsa eta Nafarroako gizarteari eragiten dizkioten gai guztietan hemen erabakitzeko ahalmena defendatzen dugu.

3) Nafarroa eremu demokratiko gisa defendatzea.

Azkenik, martxoaren 18an, eguerdiko 13etan, Foru Monumentuaren aurrean (Sarasate Pasealekua) egingo den mobilizazioan Nafarroako herritar guztiak parte hartzera deitzen ditugu. Honekin batera, eragile sozial, sindikal eta politikoei deialdi honekin bat egiteko gonbitea luzatzen diegu.
 

 

 

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaileek protestak egin dituzte Donostian eta Eibarren

0

Gipuzkoako Foru Aldundiko garbiketa azpikontratetako langileek mobilizazioak egin dituzte gaur Donostia eta Eibarren, hitzarmen duinaren alde.


 

 

 

Baldintza duinak aldarrikatu dituzte Garbialdiko langileek

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek beste elkarretaratze bat egin dute Bilbon, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta. Gaurkoan, "duina" hitza idatzi dute lurrean, zoru-garbigailuekin, baldintza duinen aldeko aldarria irudikatzeko.

Hauxe da gaurko mobilizazioan banatu duten idatzia:

Pasa den abenduaren 5ean astero burutzen ari diren mobilizazioak martxan jarri genituen, Garbialdi eta Foru Aldundiko garbitzaileen arteko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko borondatearekin.

Hitzarmen hau 2012. urtean hasi zen negoziatzen eta ordutik
hainbatetan salatu behar izan dugu enpresaren immobilismoa, bere interes falta eta, oro har, mahaian erakusten duen fede txarra. Bere eskaintza erraz laburbildu daiteke: egunean 0.14€-tako soldata igoera lanaldi osoa dutenentzat. Partzialitateak gogor jotzen duen sektore honetan, kontuak atera!

Abenduaren 5etik geroztik, birritan batzartu gara Garbialdirekin, posturak gerturatzeko balio zezakeen eskaintza berri bat entzuteko itxaropenarekin.

EZ DA HORRELAKORIK GERTATU. Enpresak ez du proposamen berririk egin eta oraingo hauetan gainera ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko esfortzurik egin. Gainera, mahaian dauden ordezkariei eskubide sindikalak ukatzen dizkiete eta, are gehiago, aurrera eraman ditugun mobilizazioen inguruan komentario kritikoak egitera ausartu dira.

Euren jarrera, langileenganako errespetu falta izugarria erakutsi egiten du eta negoziazioa aurrera eramaten saiatzen ari garenontzat iraingarria bilakatzen hasi da.

Hasieran esan genuen eta oraingo honetan errepikatuko dugu: EZ BADUZUE ADITU NAHI, BEHINTZAT ENTZUNGO GAITUZUE.

Mobilizazioekin aurrera egingo dugu, astero eta amorerik eman gabe; eta azkenean ere, ulertu behar izango duzue langileen baldintzak hobetzeko ardura duzuela.

 

 

 

Euren eskubideak aldarrikatzen zituzten Foster’s Hollywoodeko langile ohien kontrako kartel mehatxugarriak salatu ditugu

0
Gertakari larrienak pasa den martxoaren 8an izan ziren, Greba Feministaren testuinguruan, langile baten amak kudeatzaileen dei bat jaso zuenean, “ez dakizu non sartzen zaren” adierazten ziona. Beranduago, kartelak aurkitu zituen bere etxeko atean, frankizia erabiltzen duen ohiko etiketatuaz jarriak, eta beste batzuk familiaren postontzia trabatzen zutenak.

Zoritxarrez, gure hirian azkar loratzen ari diren gero eta frankizia gehiagorekin gertatzen den moduan, esplotazioak definitzen du Bilboko Foster’s Hollywoodeko kudeatzaileen jarrera.

Kaleratuak izan ondoren, Bidebarrietako Foster’s Hollywoodeko langileek erabaki zuten, epaitegien bidez dagokien guztia exijitzeaz gain, jasaten zituzten lan-baldintzak publikoak egitea. Horretarako, ekimenak egin dituzte kate berdinak Bilbon irekita duen beste jatetxearen aurrean, Gran Vian, euren kontratuetan agertzen diren denboralitatea, partzialitatea eta kategoria benetakoak ez zirela salatzeko. Gainera, langile askok hizkuntza eta lan-eskubideak ez ezagutzea are eta gehiago zukutzeko erabiltzen zituen zuzendaritzak, langileak etengabeko gutxiespen eta umiliazioetara kondenatuz. “8 familia kaltetuta” edo “Ez gara borrokan egiteaz nekatuko” bezalako mezuak irakur zitezkeen langileek egindako mobilizazioetan.

Gertakari larrienak pasa den martxoaren 8an izan ziren, Greba Feministaren testuinguruan, langile baten amak kudeatzaileen dei bat jaso zuenean, “ez dakizu non sartzen zaren” adierazten ziona. Beranduago, kartelak aurkitu zituen bere etxeko atean, frankizia erabiltzen duen ohiko etiketatuaz jarriak, eta beste batzuk familiaren postontzia trabatzen zutenak. Kartelok jarri zituzten pertsonak edo pertsonek portaleko ate bikoitza zeharkatu behar izan zuten. “Zuen kaka garbitzeaz kokoteraino”, “16 familiaren ogiarekin jolasten ari zarete” edo “gerra nahi baduzue, edukiko duzue” bezalako mezuak agertzen ziren karteletan. Hurrengo egunean, antzeko zerbait gertatu zen beste langile baten etxe-inguruetan.

Jarrera mafioso honek gainditu egiten du lan-esparrua esparru, pertsonala inbadituz. Hala ere, langileek berretsi egiten dituzte euren jarrera eta aldarrikapenak, arrazoi gehiago ematen baitie aurrera urrats bat eman eta kikilduko ez dituztela argi utzi eta euren duintasuna defendatuko dutela oihukatzeko.
 

 

 

Prekarietatearen eta bazterketa sozialaren aurrean, benetako politika sozialak aldarrikatzen ditugu

Pasa den astean etxe gabeko pertsona bati eraso egin zioten Bilbon, eta berriki ezagutu dugu gora egin duela Bilbon dauden etxe gabekoen kopuruak. 112 ziren 2016an eta 238, 2018an. Borondate politiko kontua da egoera honekin amaitzea.

Pasa den astean etxe gabeko pertsona bati eraso egin zioten Bilbon. LABetik honakoa adierazi nahiko genuke:

Prekarietatearen aurkako horma bat eraiki behar dugu. Beharrezkoa da ahalegin sozial, sindikal eta politikoak egitea, euskal biztanleriari bizi baldintza duinak bermatzeko, kalitatezko enpleguaren, zerbitzu publiko unibertsarlen eta pobreziaren atalasetik gora egongo diren prestazio sozialekin.

Eusko Jaurlaritzak erakusten duen konpromisoa ez da nahikoa pobretze eta bazterketa sozialarekin amaitzeko. Larrialdi sozialeko egoera honetan, Gasteizko gobernuak pobretze politiketan sakontzen du. Utzikera eta milaka pertsonak bizi duten egoera sozialarekiko konpromiso falta itzela dago. Horrela jarraituz gero egoerak ez du hobera egingo, txarrera baizik.

Bilboko Udalak utzikeriaz jokatzen du etxerik gabeko pertsonen arretari dagokionez. Bilboko baliabide sozialak nahiko saturatuta daude, bereziki baztertutako pertsonei, marginatuei eta migrariei bideratuak. Ez dago plaza nahikoa aterpetxeetan urte osoan zehar inor behartua izan ez dadin kalean botata bizitzera. Ez dago berehalako arretarako politika egokirik Bilbon egon nahi duten pertsonentzat, arreta sozialeko politika eta irizpideak ez dira nahikoak bizi dugun larrialdi sozialeko egoerari erantzuteko… Udalari exijitzen diogu utzikeria instituzionalari amaiera eman diezaion.

Berriki ezagutu dugu gora egin duela Bilbon dauden etxe gabekoen kopuruak. 112 ziren 2016an eta 238 2018an. Borondate politiko kontua da egoera honekin amaitzea. Hortaz, dei egiten diegu arlo honetan eskuduntza duten instituzioei egungo politiken norabidea alda dezaten, eta aurrekontu aldetiko lehentasuna eman diezaioten bazterketa sozialaren kontrako borrokari, eta baita egoera honi amaiera emateko beharrezkoak izango diren neurriak har ditzaten.