2026-05-02
Blog Page 804

Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak uko egin dio informazioa emateari

0

Anoetako estadioko lanetan Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena benetan betetzen ari dela konprobatzeko informazioa eskatu zaio. Gaur zen egiteko kontziliazioa, baina Anoeta Kiroldegia ez da PRECOn azaldu.

Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak, bere lizitazioko eskaintzan, konpromisoa hartu zuen Anoetako estadioko birmoldaketa lanetan Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena aplikatuko zuela.

PRECOaren 2018/40/6 espedienteak adierazten zuen lan hauetan Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena betetzen zela. Hala ere, espediente berdinean, Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak uko egiten zion langileen nominak eta ordutegi kontrolaren inguruko datuak emateari.

Anoeta Kiroldegiako administrazio kontseiluak onartu zuen eraikuntzako hitzarmena betetzen ari zela kontrolatzea 20 pertsonaren (udan 40) kontrol aleatorioaren bidez.

Egoera honetan LABek, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren mahai negoziatzailean ordezkatuta dagoen sindikatu bezala, langileen nomina eta ordutegi-kontrolerako datuak eskuratzea eskatu zuen, aipatu hitzarmena benetan betetzen zela egiaztatzeko.

Gaur zen egiteko kontziliazioa eta ez da egin Anoeta Kiroldegia ez delako azaldu. LABek guztiz salagarritzat jotzen du hau.
Sindikatuak borrokan jarraituko du Gipuzkoako hitzarmena benetan bete dadin lurralde honetako lanetan eta dei egiten die instituzioei gaiaren inguruko zaintza eta zigor-bidea indartu ditzaten.
 

 

 

“Bizitza da Handiena” kanpainari hasiera emango zaio Donostian, larunbatean

0

Maiatzaren 19rako Donostiako Bulebarrean finkatu dute hitzordua, 10:30ean.

Herri mugimendu eta sindikatu ugarik bat egin dugu bat "Bizitza da Handiena" kanpainarekin, agintetik aurrera eramaten ari diren politika antisozialei aurre egin behar zaiela uste dugulako. Behar izugarria dago, egoerak eskatzen du, eta horren froga da batu garen eragile eta herritarren aniztasuna.

Ez gara ezerezetik abiatzen. Mundu mailan ematen diren esperientzia ugariren iturritik edaten dugu, baita gure hirian gertatu direnetatik ere: azken urteetako desobedientzia ekimen masibo batzuk aipatzearren, atxiloketen aurkako herri harresien, etxe kaleratzeen aurkako borrokaren, 15M, Nuit Debout edo erraustegiaren aurkako kanpaldiaren, “M8 “emakumeok* planto” izenpean gauzatu zen greba feministaren, prekarietatearen aurka langile mugimenduaren dinamiken eta pentsionisten mobilizazioen bidetik borrokatuko dugu, besteak beste. Borroken artean loturak egiten saiatuko gara, guk nahi badugu, dena lotuta dagoelako.

Desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena, erresistentzia izango dira gure borrokarako tresna lege eta politika injustuei aurre egiteko; beren bortxa agerian utziko dugu guk biolentziarik erabili gabe. Erasoen aurrean elkartasuna izango da tresnarik indartsuena.

Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago. Protestara kalera ateratzeko arrazoiak pilatzen ari zaizkigu, horregatik emango dugu erantzun bateratua.

Dena kontrolpean edukitzera ohitu direnen aurka egiteko borroka molde berriak asmatzen ari gara, kultura politiko berri bat egunez egun eraikitzen. Egingo dugun ekimenari adjektiboak jartzen hasi baino, gure ekintzen bidez azalduko diogu Euskal Erregimenaren ereduari kontrapuntua.

Maiatzaren 19an denok Donostiako Bulebarrean geratuko gara, 10:30ean. Gero gerokoak. 
 

 

 

Agoitzeko Siemens-Gamesako enpresa hitzarmena sinatu da

0

Hilabete luzeak negoziatzen egon ondoren, maiatzaren 14an akordioa lortu zen enpresa-batzordea (LAB, ELA, UGT eta CCOO) eta Agoitzeko Siemens-Gamesako zuzendaritzak.

Akordio honeik Agoitzeko lantokirako lehen Enpresa-hitzarmena sinatu da, 2012ko lan erreformari aurre egiten dion hitzarmena. Lortutako edukitik honako edukiak nabarmendu nahiko genituzke:

• 3 urtetako indarraldia, 2018, 2019 eta 2020.
• Mugagabeko ultraaktibitatea.
• Hitzarmenaren aldebakarreko inaplikazioaren aurreko blindajea.
• Lanaldia: 12 ordutako jardunaldi murrizketa indarraldiko 3 urteetan.
• Kontratazioa: 2019ko abenduaren 31 baino lehenago aldi baterako 45 kontratu mugagabe bihurtzea.
• Soldata igoera: %2ko igoera 2018rako eta Nafarroako KPI erreala 2019 eta 2020rako.
• Ordaindutako baimenak: estaldura gehiago gehitzeaz gain zehazten da ordaindutako baimen guztiak lehen lan-egunetik hasiko direla kontatzen.
• Aldi baterako ezintasuna: Gizarte Segurantzaren estaldura hobentzen da gaixotasun arruntetik eratorritako aldi baterako ezgaitasun kasuetan, lehen egunetik 3.era %50ean osagarritzen da, bajako 4. egunetik 20.era %70 eta 21.etik 365.era %85ean.
• Prebentzio delegatuak: legezko ordezkaritzarik ez duten langileen artean izendatuko delegatuentzat, enpresa-batzordeetako kideentzat dagoen ordu-kreditu berdina.
• Laneko arropa: enpresa izango da laneko arropa garbitzearen arduraduna.

Negoziazio prozesu honen momentu guztietan zehar langileek erakutsi duten inplikazioa eta jarrera funtsezkoak izan dira berau lortzeko. Eta horrela izaten jarraitu beharko du etorkizunean aurrean aurkituko ditugun erronka guztiei arrakastaz heldu ahal izateko.

LABentzat lorpen nagusia da propioa den negoziaketarako tresna bat eskuratu dugula, gure lan-baldintzen negoziazioaren jabe izatea ahalbidetzen diguna gure eskubideen defentsa eta hobekuntzan aurre egiteko.

Hemen lan egiten dugulako, hemen erabaki behar ditugu gure lan baldintzak!

 

 

 

Bizkaiko Aldundiko garbitzaileek grebara joko dute

0

Maiatzaren 28, 29 eta 30erako erregistratu dituzte gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deitu dugu grebara.

Hauxe da Garbialdiko langileek egindako oharra:

6 urte igaro dira Aldundiko Garbitzaileek hitzarmena negoziatzeari ekin genionetik eta gure soldatak 2010. urtetik izozturik daude.

Enpresa esleipendunak, Garbialdik, egiten duen eskaintza ekonomikoa, erraz laburbildu daiteke: %0,3ko igoera 2017. urterako, aurreko urte guztietan %0koa izanik eta 0 ere 2018 eta 2019 urteetarako. Hara, 0,14€-tako soldata igoera 8 urteetako epe batean -eta horrenbeste lanaldi osoa dutenentzat, jakina-.

Enpresak erakusten ari zen borondate faltaz nazkatuta eta azken urteetan jasan ditugun murrizketak salatzeko helburuarekin, pasa den abenduaren 5ean asteroko mobilizazioak martxan ipini genituen. Astearte horretatik, ez dugu inoiz deialdi horietara hutsik egin.

Azken asteetan protestak areagotu ditugu gainera: Ogasuneko eraikinean egunero kontzentratu izan gara bost urteetan zehar eta baita karpa iraunkor bat ipini dugu Jauregi Foralaren aurrean gure errealitatea ezagutzera emateko. Protesta hauetara eraman ditugun pankartetan hurrengoko leloak irakur zitezkeeen: “GARBIALDI, ALDUNDIA: NEGOZIAZIOA ORAIN” edota “ADITU NAHI EZ BADUZUE, ENTZUNGO GAITUZUE”.

Gure errealitatea ezagutzera emateko eta egoera desblokeatzeko burutu ditugun ekintzen artean, Enplegu, Gizarte inklusioa eta Berdintasun saileko diputatua den Teresa Laespadari eta Aldundiko Zerbitzuen Zuzendari nagusia den Jesus María García Larraganeri gurekin batzar zitezela eskatu genien. Ez bata ez besteak ez dute interesik azalarazi batzar horren inguruan.

Aldundiko zentroak garbitzen ditugun langileak gara. Denbora luzez gure hitzarmena erreferentziazkoa izan zen sektoreko beste lankide batzuentzat, baina azken urteotan errealitate hau karkaildu egin da, gaur egun, jasanezina izatera heldu delarik.

Zortzi urte pasa dira gure soldatak izozturik daudenetik, lan-zamak etengabe areagotzen dira bajan dauden lankideak ordezkatzen ez dituztelako eta bakante gelditzen diren lanpostuak amortizatzen dituztelako, lanaldiak murriztu dira, eta gero eta gehiago dira gaixotasun profesionalak direla eta behin-behineko ezgaitasun egoeran dauden langileak.

Egoera honetaz nazkatuta gaude. Kontuan har gaitzatela eta Aldundia gatazka honen ebazpen baketsuan parte har dezan nahi dugu, Garbialdi mugitzera behartu dezala.

Horregatik maiatzak 28, 29 eta 30ean 3 greba egun aurrera eramango ditugu. Aldundiko arduradunak, omisioagatik bere lan zentroak garbitzen ditugun langileen prekarizazioan laguntzen ari dira eta egoera honi amaiera ipini behar diogu.

 

 

 

“Hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugu”

0

Borrokan aritu diren EAEko irakaskuntza publikoko azpi-sektoreetako ordezkariek, Haurreskolak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbitzaileak eta Irakasleak, agerraldia egin dute gaur. Bertan, lortutako akordioen nondik norakoak aztertu dituzte, baita sektorearen egoera eta erronken inguruko balorazioa egin ere.

Lortu ditugun akordioak guztion garaipena dira. Ibilbide luze honetan, langilegoaren gehiengo zabalak babestu gaitu. Lan zentroak hustu eta kalera atera gara gure lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Beraz, zorionak berriro ere, jendartearen eraikuntzarako, hezkuntza, eraldaketarako tresna gisa ulertzen duzuen guztioi, eta egunero, horretan lanean diharduzuenoi.

Ibilbidea
Oso aberasgarria egin zaigu 2016ko martxoan abiatu genuen dinamika, zeinaren bidez langileekin harremanak estutu eta elkarlana abiatu dugun. Ehundaka lan zentrotan batzarrak burutu ditugu afiliatu eta langileekin.

Ibilbide guzti honetan, LABetik oso argi izan dugu konfrontazio fase hau erabili behar genuela Hezkuntza Saila ataka batean jarri eta negoziazio mahaien desblokeoa bilatzeko. Hori dela eta, negoziazio kolektiboa ahalbidetzeko estrategia argia izan dugu uneoro. Hilabeteetako mobilizazio jendetsuen, greba jarraipen altuen eta Administrazioarekin izandako aldebikoen bidez pisuzko edukiak mahaigaineratzea lortu dugu. Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu eta abiapuntua markatu da lan hitzarmen berriak negoziatzen hasteko.

LABi zilegitasuna bere afiliatu eta hurbilekoek ematen diote eta kontraste lan jarrai eta sakon bat egin ostean, mobilizazioak eteteko argudio eta arrazoiak nabarmendu dira. Zentzu honetan, hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugula uste dugu.

Kolektibo Laboralak (Haurreskolak, Heziketa Berezia eta Sukaldari eta Garbitzaileak)
LABen ikuspuntutik, kolektibo laboralek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan. Urteetan zehar murrizketa ikaragarriak pairatu dituzte Hezkuntza Saila zein Administrazio orokorraren partetik. Gainera, sektoreko baldintza prekarioenak edukitzeaz gain, oso kolektibo feminizatuak dira, honek suposatzen duen guztiarekin.

Arlo honetan, negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu. Langileen lan baldintzak eta eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitateak hobera egingo dute akordio hauekin.

Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea lortu da, zikloari berari izaera hezitzailea aitortuz. Era berean, herrietako haurreskolen biziraupena bermatzen da. Ordezkoen araudi duina eta ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik.

Sukaldari eta Garbitzaileetan berriz, langile hauekiko eta euren lanarekiko merezitako aitortza ematen da: kolektiboaren pribatizazioa ekiditen da, lanpostuen zerrenda handitu eta lanpostu berriak sortzen dira eta ratioak eta metrajeak definitzen dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz, besteak beste.

Heziketa Berezian, merezitako aitortza eta inklusibitatearen bidean, historikoak izan diren hiru aldarrikapen lortu ditugu: Fisioterapeuta, Lan terapeuta eta Gizarte langileen ekiparazioa, asteko jardunaren zehaztapena eta garraioa gure funtzioetatik kentzea. Gogorarazi nahiko genuke kolektibo honetan bizitako egoera. LABen hasierako apustua akordioak ahalik eta babes sindikal zabalena jasotzea izan zen eta saiakera handiak egin genituen gainontzeko sindikatuak erakartzeko. Zentzu honetan, kolektibo honetan, LABen ahaleginak bere saria jaso zuen eta zorionez, Steilasek akordioa sinatu eta berretsi zuen.

Irakasleen Kolektiboa
Irakasleen kasuan ere, 7 greba egun eta gero, akordioa sinatzea lortu dugu. Mahai negoziatzaileetara edukiak eramatea lortu dugu eta akordioak bi garaipen dakartza. Alde batetik, azken urteotako murrizketa latzei buelta ematen hastea ekarri du, eta bestetik, lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntu sendoa ezarri du. Kolektibo honetan 2017ko abenduan jaso genuen Hezkuntza Sailetik lehenengo akordiorako proposamena, sindikatu guztiek urtarrilean izan genuen mahaian atzera bota genuena, edukiak ez nahikotzat jo genituelako. Martxoan egindako 2 greba egun arrakastatsuek Administrazioa mugi arazi zuten eta apirilerako deitu zuten beste mahai sektorial bat. Hemen gerta zitekeenari lotuta, hiru sindikatuok erabaki genuen apirilaren 23rako deitua genuen greba astea bertan behera uztea. Mahai horretan aurrerapenak egon baziren ere, ez genuen akordiorik erdietsi proposamenak berak zehaztasuna falta zuelako eta ezinbestekoak ziren edukiak faltan bota genituelako. Hurrengo mahai sektorialari begira, LABek bere eskaera propioak erregistratu zituen Lakuan, batzuk onartu zituztelarik eta beste batzuk airean geratu zirelarik. Hauen artean guretzat ezinbestekoa zen 60 urtetik gora irakastorduen murrizketa ekiparatzea irakasle funtzionario eta behin behinekoen artean, funtzionarioei bakarrik aplikatzeak pitzadurak eta bereizketak sortzen dituelako langileen artean. Ordurarteko edukien kontrastea kidegoarekin egin ondoren erabaki genuen, azken puntu horretan tenkatu behar genuela, eta asteleheneko mahaian lortu genuen, akordioan jasotzea 6 hilabeteko epean behin behineko irakasleei neurri bera aplikatzeko baldintzak negoziatuko direla.

Besteen artean hauek dira akordioak jasotzen dituen puntu nagusiak: ordezkapen guztiak lehen egunetik betetzea kidego guztietan, bajak egoera guztietan ez zigortzea, LEP deialdia, haur eta lehen hezkuntzako zerrendak irekita mantentzea 2020 arte, seme-alabak zaintzeko eszedentzia, bakantea duten behin behineko irakasleei ere aplikatzea, irakasle gehigarriak,… eta mahai teknikoen bidez sindikatuekin adostuko da plantilen egonkortasuna, hezkuntza beharren indizearen aplikazioa eta baliabide gehigarrien azterketa, ikasle errepikatzaileak ratioetan txertatzeko prozedura….

Aurrera begira
Bukatzeko, LABek borrokaren balioa beste behin ere azpimarratu nahiko luke, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan izan duen jarrera inmobilista pitzatzeko balio izan diguna, eta ziurtasun osoz, etorkizunean ere balioko diguna. Langileek duten tresnarik indartsuena dela beti esan izan dugu. Administrazioaren jarrera itxia apurtu dugu eta negoziaketetan sakontzeko aukera ireki dugu. Hezkuntzaren kalitatea eta langileon baldintzak hobetzean, kapitalismoa zein estatuekin dugun lehian langile klaseak burujabetza sozialean sakontzen du. Guk, Euskal Herrirako eredu propioa eraiki nahi dugu, eta bide honetan ari gara. Izan ere, etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz. Lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, burujabetza bidean, herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko, egun bizi dugun menpekotasuna gaindituz.

Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean, hezkuntza burujabea iruten!

 

 

 

Mugimendu ekologistaren lehen topaketak egingo dituzte Ziordian

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren barne dagoen Natura Gure Ardura ingurumen arloko taldeak, maiatzaren 19 eta 20ean I. Topaketa Ekologistak antolatu ditu.

Topaketa honen helburua, alde batetik, Iruñean ekainaren 2rako antolatu den Alternatiben Herria babestea eta beste alde batetik, mugimendu ekologista antolatzea eta diskurtso bateratua osatzea da.

Natura Gure Ardurak gure eragileetan eta baita modu kolektiboan ere naturari dagozkion eskubideekin konprometituak gaude, ingurumen osasuntsua eraikitzeko, pertsonon, naturaren eta bizitza modu ezberdinen arteko ongizatea helburu duen interakziorako, komunitatearen mesedetan eginiko kudeaketa (gure belaunaldia eta etorkizunekoak), baliabide naturalena, modu iraunkor eta ekologikoan produzituriko elikagaiak eta merkatuen interes espekulatzaileen gainetik pertsonak eta politika sozialen eraginkortasuna jarriko dituen bizitza eredu berria.

Natura Gure Ardurak,manifestua adostu eta gero, Euskal Herriko ingurumen gatazketako taldeak indartu nahi izan ditu, tokian tokiko deialdietan indarra jarri izan dugu, eta orain, mugimendu ekologista artikulatzea hartu dugu helburu, sistema aldatzeko klima hartu beharrean.

Tokian tokiko ingurumenaren aldeko eragile guztiei deia egiten diegu Topaketa hauetan parte hartzeko, sortu nahi dugun mugimendu ekologista, ahalik eta aberatsena izan dadin. Ziordian, mugimendu ekologista antolatzeko beharraz, gure arteko elkarlana zein izan behar duen, eta aurrera begira hartu beharreko estrategia lantzeko tailerrak burutuko ditugu. Era berean, gure formakuntzarako hitzaldi sorta ere antolatu dugu: medikuntza ekologikoaz, desobedientziaz, arlo tekniko-juridikoaz eta ekosozialismoaz.

Kapitalaren erasoaldiaren ondorioak gero eta larriagoak dira bai sozialki eta bai baliabide natural eta lurraldeei dagokionez, natura ere eskubideen jabe izanik, eta pertsona, animali eta natur baliabideen harreman berri baten alde antolatu beharra dugu bizitza erdigunean jarriz.

 

 

 

Antolatzen ari gara lantokietan sexu aukera askatasun osoz bizi ahal izateko

Gaur, maiatzaren 17a, Trans-Lesbo-Homo-Bi-Queerfobiaren kontrako eguna da. Horregatik, LABetik lantokietan sexu aniztasuna askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa berritzen ari gara eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan disidentzia sexu generikoko taldeak sortzen ari gara.

Trans-Lesbo-Homo-Bi-Queerfobiak hamaika aurpegi ditu eta toki guztietan ematen da, baita lan munduan ere: behin eta berriz estereotipoak erabiliz, bizitza sexuala etengabe kuestionatuz, iseka eginez, umiliatuz… Langile guztiok eskubide berdinen jabe izan beharko genuke, eta guztiok zuzenki edo zeharka diskriminatuak ez izateko eskubidea dugu kontratatu behar gaituztenean edo gure lanpostuetan. Badugu eskubidea gure intimitatea eta duintasuna errespeta dezaten, baita gure identitate eta orientazio sexuala ezkutuan behartuta ez bizitzeko ere, eta enpresek egoera diskriminatzaile hauek saihesteko eta prebenitzeko neurriak ezarri behar dituzte.

Horretarako, langile klasean sentsibilizazio lana egitea ezinbestekoa da, eta, horregatik, LABetik orain dela bi urte protokolo eta gida bat argitaratu genuen, eta orain berritzen ari gara.

Urteak igaro dira LABek sexu askatasunarekiko konpromisoa erakutsi zuenetik, eta borroka honetan beste pauso bat ematera goaz ireki dugun bide honetan aurrera egiteko. Horretarako, formakuntzan urratsak egingo ditugu eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan heteroarauaren kontrako disidentzia taldeak sortzen ari gara.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Gure borroka ez da lantokietara mugatuko; Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak maiatzaren 17rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Aske bizitzen uzten ez diguten edozein motatako diskriminazioen aurka borrokatuko dugu, LGTBIQ mugimenduekin aliantzak sortuz, guztiok gure identitate eta sexualitatea libre eta diskriminaziorik jaso gabe bizi ahal izateko.

 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek hiriburuetako kaleak hartu dituzte

Bilbon, Donostian eta Gasteizen mobilizatu gara, sindikatuok jarraian deitutako bigarren greba eguna dela eta.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebaren jarraipena atzokoaren antzekoa izan da gaur. Aldarrikapenek ere bere horretan jarraitzen dute.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala zegoen deitutako gaurko grebara, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon ekimenez.
 

 

 

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileak kalera irten dira

LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok deituta, lanuzteak eta mobilizazioak egin ditugu gaur Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren defentsan.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren esparruan diharduten langileen lan baldintzetan prekarietatea nagusi dela salatu dute gaurko protestekin: soldatak txikiagoak dira, eros ahalmena galdu da, behin-behi-nekotasuna, lan-zama, ratio eskasak eta lan arriskuak jasaten dituzte, besteak beste.

Gainera, langileentzat berme urriak dituen kudeaketa pribatuko ereduaren ondorioz egoera okertzen zaie, hitzarmen kolektibo bakoitzak indarra galtzean larriagotzen dena.