2026-02-16
Blog Page 798

Mobilizazioa egingo dugu Transportes Hombres Barreirako lan baldintzen murrizketen eta jazarpen sindikalaren aurrean

Apirilaren 24an izango da, enpresaren aurkako epaiketarekin batera.

Duela hilabete bat, lehiakortasun faltaren aitzakian, Iruña Okan kokatuta dagoen Transportes Hombres Barreiran lan egiten duten ia 80 gidariei eragiten dien lan baldintzen murrizketak ematen ari dira.

Hasiera batean, enpresa bertako langile guztiei ia %23ko soldata murrizketa egiten saiatu zen, baita dieten murrizketa ere. Langileriak ez zuen soldata murrizketa hau onartu, eta orduan enpresa aldebakartasunez berauek aplikatzen hasi da.

Langileen erdia Galizian bizi da, eta betidanik bi furgoneta izan dituzten arren asteburutan bertara joan ahal izateko, orain enpresak eskubide hau ere murriztu du eta gidariak astebururo etxera haien kaxa itzultzera behartzen ari ditu

Gainera, hilabete honetan enpresak larunbat eta igandetan lan egiten zuten gidariei orain arte ordaintzen zien asteburuko plusa ordaintzeari utzi dio.

Honekin batera, enpresan gehiengoa duen LAB sindikatuko delegatuak enpresaren zuzendaritzaren aldetik isekak eta hertsapenak sufritzen ari dira, enpresaren eskaerak aplika daitezen presionatzeko. Furgoneta erabiltzeko orduan ere diskriminatuak izaten ari dira, dagoeneko badirelarik 4 aste beraien kasa Galiziara hurbildu behar izan dutela.

LAB-etik ez ditugu gure delegatuekiko edota langilekiko mehatxurik edota txantairik onartuko, ez dugu utziko mozkinak eta irabaziak langileen bizkarretik eta hauen eskubideen kontura hobetzerik.

Egoera honen aurrean, datorren apirilaren 24an Gasteizko epaitegietan LABen delegatuen aurka ematen ari den jazarpen sindikala dela eta epaiketa burutuko da. Hori dela eta, epaitegien aurrean 11:30etan burutuko den kontzentrazioan aprte hartzeko deia luzatzen dugu.
 

 

 

Abrasivos Texajax enpresak diskriminatutako langileari babesa eman diote

Epaiketa egin zuten Bilbon joan den asteartean, amatasun baimena hartu zuen langile batek jarritako salaketa dela eta. Bada, Zornotzako Abrasivoz Texajax enpresako langile horri babesa eman zioten larunbatean, Zornotzan, manifestazio baten bitartez.
 

 

 

Akordioa sinatu dugu Heziketa Berezian

Grebak borrokarako tresna gisa ulertuta emaitza onak ematen dituela erakusten du akordioak.

Gaurko Heziketa Bereziko mahai negoziatzailean akordioa sinatu du LABek, STEILAs eta CC.OO.-ekin batera. Akordio hau hurrengo ikasturtetik aurrera indarrean sartuko da eta langileen lan baldintzetan zein eskaintzen den hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatean hobekuntza nabarmenak suposatuko ditu, hezitzaileon lanaren aitortza politikoan urratsak emateaz gain. Era berean, lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntua edo oinarria markatuko du akordio honek, eta elementu honi berebiziko garrantzia ematen diogu LAB sindikatutik. Langileen borrokaren balioa azpimarratzea eta grebak borrokarako tresna gisa ulertuta emaitza onak ematen dituela eta garaipenak lortzen direla agerian geratzen da akordio honen sinadurarekin. Bere momentuan Sukalde eta Garbitzaileen eta Haurreskoletako langile eta hezitzaileen kolektiboetan lortutako akordioak ere honen adibide garbiak dira.

LABen hasierako apustua akordioak ahalik eta babes sindikal zabalena jasotzea izan da eta saiakera handiak egin ditugu gainontzeko sindikatuak erakartzeko. Zentzu honetan, LABen ahaleginak bere saria jaso du, eta, zorionez, STEILAS-ek akordioa sinatzea eta berrestea erabaki du.

Gehiengo sindikalaz (%70) gain, gure afiliazioak, oinarri sozialak eta hurbileko langilegoak adierazitako elkartasun eta babesak gure erabakia indartzen du zalantzarik gabe.

Bukatzeko, hezitzaileek greba eta mobilizazioei emandako erantzun zabal eta arrakastatsuarengatik zoriondu nahi ditugu, euren borrokarik gabe sinatu berri dugun akordio hau ezinezkoa izango litzateke eta. Orain, lan hitzarmen duin bat lortzera bidean borrokan eta lanean jarraituko dugu. Ibilbidearen amaieran gaudela pentsa dezaketenen aurrean, LABek argi utzi nahi du ibilbide horren hasieran besterik ez gaudela. Borrokan jarraituko dugu zalantzarik gabe, eta prekarietate ororekin amaitzea, lan baldintza duinak eskuratzea eta eskaintzen dugun hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatea iparrorratz izango ditugu.
 

 

 

Justiziaren alde, larunbatean Iruñeko kaleak betetzeko deia egin dugu

0

Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da Golem zinemetatik eta 2016ko urriaren 15eko goizaldean, Altsasuko taberna batean gertaeraren ondorioz auzipetutako 8 gazteen kasuaren aurrean, “Justizia, ez da terrorismoa” lemapean egingo da.


Hiru gaztek 500 egun baino gehiago beste dituzte kartzelan honezkero eta 8ei eskatzen dizkieten zigorrak, 375 urtetako kartzela-urtetakoak basakeria dira, sindikatuaren arabera.

LAB sindikatuak bat egiten du Altsasuko gazteentzat justizia aldarrikatzeko ekimenekin, eta manifestazioan masiboki parte hartzera deitzen du langileria.

Mobilizazioan LABen Batzorde Exekutiboko ordezkaritza batek parte hartu du, Igor Arroyo Idazkari Nagusi Ondokoa buru, bertan izango dira Saul Arangibel, Bea Martxueta edo Imanol Karrera, besteak beste.

Honetaz gain, LABeko gogora ekarri nahi ditu astelehenean gainontzeko sindikatuekin batera Iruñeko epaitegien aurrean egindako eskariak. Batetik, errugabetasunaren-presuntzio, defentsarako eskubidearekiko urraketarik gabeko epaiketa justuaren eskubide eta epaile naturalaren eskubidearekiko errespetua.

Eta bestetik, terrorismo-delituaren kalifikazio penalaren deuseztatzea, presoaldi prebentiboko kautelazko neurriak kentzea eta kasu honen instrukzioa Nafarroako Auzitegietara itzultzea.

Gure herrian abian dugun garai berriari tresna eta estrategia zaharrekin erantzuten jarraitzen duen Estatua da orain armagabetu behar dena. Eraiki dezagun, herriaren bulkadaz eta eragileon inplikaziotik murru demokratiko sendo bat Euskal Herrian, Madrildik datozen eraso zibil eta politikoei, eraso antidemokratiko guztiei bidea mozteko.

Gazteak Altsasun nahi ditugu, gurekin behar ditugu, libre!
 

 

 

Ez da delitu gipuzkoarren osasuna eta interes orokorra defendatzea

0
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietak eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkinek Madrilen deklaratu dute gaur, 2013an Donostialdeko errauste planta gelditzeagatik euren aurkako epaiketa dela eta.

LABetik babesa luzatu nahi diegu auzipetuei, eta, aldi berean, nabarmendu nahi dugu Intxaurrandietak eta Errazkinek herritarrengandik jasotako agindua bete baino ez zutela egin. Erabakiarekin, ordea, batzuen negozioa oztopatu zuten, eta hori da ordainarazi nahi dietena; EAJk sustatutako eredua zalantza jarri izana.

Kasua benetan larria da, gure osasuna baitago jokoan. Hain zuzen ere, guztiontzat ekonomikoki kaltegarria eta milaka herritarren osasunarentzat arrisku garbia den errauste planta gelditzeagatik zigortu nahi dituzte Intxaurrandieta eta Errazkin. Herritarron interes orokorra defendatu zuten, diru publikoa esku pribatuetara pasatzen aritzen diren mafien aurrean. Gipuzkoarren osasuna babesteko hartu zuten erabakia.

Zentzu honetan, bi auzipetuen alde eta errauste plantaren aurka deitzen diren mobilizazioak babestuko ditu LABek; datorren apirilaren 18an, Gipuzkoako osasun etxeetan egingo dituzten elkarretaratzeak, tartean.

 

 

 

Tubos Reunidos taldearen egoitzaren aurrean mobilizatu dira berriro

0

Trapagarango Productos Tubulareseko langileek protestekin jarraitzen dute. Hain zuzen ere, gaur Bilbon egin duten elkarretaratzearen ostean –bigarrena Tubos Reunidos taldearen egoitzaren aurrean–, bi mobilizazio gehiago dituzte aurreikusita aste honetarako: bihar, apirilak 13, Bilboko Gran Viako BBVAn egingo dute elkarretaratzea; eta larunbatean, apirilak 14, manifestazio bat egingo dute Trapagarango altzairutegietatik Barakaldoko udaletxeraino.

 

 

 

Irakasleen kolektiboak ez du apirilean grebarik egingo Administrazioaren erantzunaren zain

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok apirilaren 18ko mahaian gertatzen denaren arabera erabakiko dugu maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitzea ala ez.

STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok apirilak 23ko asterako aurreikusita geneuzkan grebak ez ditugu burutuko, Administrazioak gure aldarrikapenei erantzuten dioten neurriak planteatzen dituen ikusi arte. Apirilaren 18ko mahaian Administrazioak gure aldarrikapenek erantzunik izan ezean, maiatzean mobilizazio eta grebekin jarraitzea beste biderik ez dugu izango.

EAJk, PPek eta PSEk murrizketa politika gogorrak inposatu dituzte zerbitzu publikoetan azken hamarkadan, baita hezkuntza publikoan ere. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere nabarmen urratu da. Ondorio zuzenenak plantillak murriztea, lan-kargak handitzea, hezkuntzako langileon prekarizazioa, ikastetxeetarako baliabide eskasia, azpiegituren kaskartzea eta zerbitzu publikoen okertze eta pribatizazioa izan dira.

5 greba egun gauzatu behar izan genituen Jaurlaritza bere jarrera immobilistatik ateratzeko eta mahai gainean proposamenen bat jartzera behartzeko.

Hezkuntza publikoko irakasleen inguruko proposamena abendukoa da, eta azken mahai negoziatzailea urtarrilaren 26koa izan zen. Hezkuntza Sailak abenduan egindako proposamenaren inguruko balorazio bilera bezala planteatu zuen mahai hura, sindikatuon proposamen haren inguruko balorazioa zein zen soberan jakin arren eta hurrengo hilabeteetarako mobilizazio egutegiaren berri izan arren. Arduragabekeria politiko gisa kalifikatu genuen sindikatuok Jaurlaritzaren jarrera hura.

Martxoaren 14 eta 15eko greba arrakastatsuen ondoren, Hezkuntza Sailak apirilaren 18rako deitu du Irakasleen Mahai sektoriala. Honek argi erakusten du beste behin ere Jaurlaritzaren negoziaziorako borondatea aurrean dituen mobilizazio eta greben araberakoa dela, eta langileak zoriondu nahi ditugu mobilizazio eta grebei ematen ari diren erantzun eta babesarengatik. Deigarria eta salagarria da Jaurlaritzak deiturik dauden greben bezperara arte itxarotea negoziazio mahaiak deitzeko.

Sindikatuok argi eta garbi plazaratu izan ditugu zeintzu diren kolektibo honi begirako gure aldarrikapen eta proposamenak:

• Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoan egiten duen inbertsioa nabarmen handitzea. EAEko hezkuntza inbertsio publikoa egungo BPGren %3,5etik gutxienez Europar Batasuneko batez bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
• Azken urteetan eman den matrikulazio igoerari, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 irakasletan handitzea.
• Egun irakasle funtzionarioetan %38koa den behin-behinekotasuna %6ra murriztu, urteetan behin-behinean egon diren langileak egonkortuz.
• Ikasle-ratioak %10 murriztea.
• Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.
• Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego eta maila guztietan.
• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea. Euskal Herritarrok erabaki behar dugu gure hezkuntza sistema gure errealitate eta beharren arabera, eta horretarako hezkuntza burujabetza ezinbestekoa dugu.

 

 

 

¡Marielle vive! ¡Lula libre! #MarielleVive #LulaLivre

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Brasilen Estatuaren aldetik ematen ari den errepresioa salatzeko Bilbon apirilaren 13an izango den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du.
 

 

 

Enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzen dituen kontratu publikoen lege bat lortu dugu Nafarroan

Nafarroako Legebiltzarrean onetsitako legean, subrogazioa, laneratze-ezaren kasuetan ordezpenak, gutxienezko plantilla eta lanaldia bermatu dira, eta hitzarmenik aldekoena izanen da aplikagarria plantilletan.

Zerbitzu publikoen azpikontratazioak administrazio paralelo bat sortu du Nafarroan, non milaka langilek lan egiten duten. Azpikontratazio hori sarritan negozio-hobi bilakatu da enpresa pribatuendako, baina hori tamalez zerbitzu horietako langileen lan-baldintzen kaltetan joan ohi da. Horregatik CCOOek, ELAk eta LABek zorionak eman dizkiote elkarri, Nafarroako Parlamentuan Kontratu Publikoen Legea onetsi delakotz. Izan ere, aitzinatze nabaria izan da enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeko bidean, eta testuan txertatu diren gizarte-arloko, ingurumeneko eta berdintasuneko klausulei esker irizpide ekonomizistak lehenesten zituen sistema azkendu da.

Hiru sindikatuen iritziz, onetsi berri den legearen alderdirik nabarienak hurrengo hauek dira: subrogazioa, gutxienezko plantilla eta lanaldia bermatu dira zerbitzuetako eta zerbitzu-emakidako kontratu guztietan, hitzarmenik aldekoenaren aplikagarritasuna ezarri da, sindikatuei eskumena aitortu zaie baldintza-orriak (pleguak) errekurritzeko, laneratze-ezaren kasuetan ordezpenak bermatu dira, eta jendeari begirako postuetan euskara-planak sustatu dira.

CCOOek, ELAk eta LABek ongi deritzogu Parlamentuko izapidean egindako lanari, lege berrian aurrerapauso nabarmenak eman baitira enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari dagokionez. Alde horretatik aipatu beharrekoa da Gobernuak Parlamentuari igorritako lege-proiektuan ezta subrogazioa ere ez zela bermatzen. Lege berri hori ezinezkoa izanen zen, hiru sindikatuok egin dugun behartze-indarra egin gabe.

Bertzalde, CCOO, ELA eta LAB sindikatuok administrazioak premiatzen ditugu (Nafarroako Gobernua, udalak, mankomunitateak…) hemendik goiti lizitazioak Kontratu Publikoen Legearen arabera egitera, eta enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari gogotik lotzera.

Azkenik, dei egiten diegu enpresa azpikontratatuetako langileei lan-eskubideen defentsa antolatzera, hitzarmen onak lortzera, Kontratu Publikoen Legea betearaztera, eta pleguetan gutxienezko plantillen betebeharra eta lanaldi bermatuak jasotzea erdiestera.