2026-07-16
Blog Page 789

Elkarretaratze bat egin dugu UPV/EHUko hasiera ekitaldian langileen egonkortasuna eta beharrezko finantzaketa eskatzeko

0

Gaur, UPV/EHUko ikasturteko hasiera-ekitaldia egin da Leioan, eta LABek mobilizazioa egin du Areto Nagusiaren kanpokaldean.

Sindikatuak bere gogoeta azaldu nahi du UPV/EHUn egun dauden arazo nagusien aurrean:

– UPV/EHUko langileriaren zati handiak behin-behineko egoeran jarraitzen du bere zerbitzuak unibertsitatean urte luzez eman ondoren. Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile askok iraunkortasunaren zain segitzen dugu, iruzur laboralaren politika baten ondorioz. Izan ere, kolektibo honetan behin-behinekotasuna % 60tik gorakoa da, Jaurlaritza, Estatuko gobernua eta unibertsitateko agintarien utzikeriaren erakusle. Estatu mailan, ikasleko eta irakasleko AZP ratio baxuena duen unibertsitatea da UPV/EHU, eta hala ere Jaurlaritzak behin-behineko egiturekin erantzun nahi die unibertsitateak dituen behar estrukturalei.

– Beste aldetik, irakasle eta ikertzaile gazteek modu berezian pairatzen dute prekarietatea, eta promozioa zein egonkortzeko bideak oztopoz beterik izaten jarraitzen du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik erakutsi aldi baterako irakasle eta ikertzaileen diskriminazioarekin amaitzeko beharrezko urratsak emateko, langileak bide judizialetara jotzera behartuz, irakaskuntza eta ikerketa merituak kontuan hartzeko kasu.

– Euskalduntzeari dagokionez, II. planean jasotako helburu asko betetzeke geratu dira, eta ez guztiak kanpoko eragileek bultzatuta, barruko agintarien borondate ezagatik baizik. Ondorioz, euskarazko zerbitzua ematea eta euskaraz ikastea ez dago guztiz bermatua.

– Unibertsitate publiko batek jendarteari eskaini behar dion zerbitzua ondo bermatzeko UPV/EHUk jasotzen duen finantzaketa ez da nahikoa. Oraindik ez da berreskuratu 2012ko aurrekontuen kopurua eta UPV/EHU urtero ziurgabetasunean mugitzen da aurrekontuei dagokienez.

Lehiakortasun hutsari eta nazioarteko ranking-ei erabateko garrantzia eman baino, LABen iritziz, ezinbestekoa da ikasleen beharrei eta langileen lan-baldintzei eta bizi-proiektuei garrantzia ematea, eta UPV/EHUk bete beharko lituzkeen funtzio guztiei erantzuteko beharrezko finantzaketa bermatzea unibertsitate publiko, euskaldun, parte-hartzaile eta parekideago baten alde urrats sendoak eman ditzan.

Langileon egonkortasuna orain! Lan-baldintza duinak guztiontzat! UPV/EHUren beharrezko finantzaketa bermatu!
 

 

 
 

Elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretu proiektua bertan behera utzi behar da

Jaurlaritzaren ekimen guztiz antidemokratikoa gaitzesten du LABek, ez dituelako gehiengoak errespetatzen eta patronalari beto eskubidea aitortzen diolako.

LAB sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dekretu proiektuaren aurka, prozesua bertan beheran gera dadin eskatuz. Guztiz agortua dagoen eredu bati luzapena emateko asmoa ikusten du LABek ekimen honen atzean. Orain arteko eredua patronalaren eta Gobernuaren jarrera zilegiztatzera mugatu izan da, eta helburu bera du azken ekimen honek ere, gaurdainoko ereduari segida ematea.

Sorreratik hankamotz da dekretua, ez da prozesu parte hartzailerik bermatu. Eusko Jaurlaritzaren partetik ez da partekatu dekretua sortzeko asmorik, alegazioak aurkezteko aukera besterik ez zaigu eman, beste inolako harremanik izan gabe. Prozesua horrela garatzeak erakusten du ez dagoela benetako parte hartze bat sustatzeko inolako borondaterik, ez elkarlanerako inolako asmorik. Antzua da, gehiengoak ez baititu errespetatzen. Ez da bermatuko gehiengo sindikalaren parte hartzea. Ez gaude gehiengo demokratikoak aintzat hartu eta errespetatuko dituen prozesu baten aurrean.

Aldeen erabakitzeko eskubideari muzin egiten zaio. Ez dio benetako parte hartze ereduari erantzuten. LABek orain arteko elkarrizketa sozialaren mahaiari egin izan dion kritiketako bat da hartuta dauden erabakiak berresteko gunea izan dela, aldeak entzunak izan gabe, eta aldeei erabakitzeko aukerarik eman gabe. Hori bai, patronalari beto eskubidea aitortzen dio. Dekretu hau bide berean ikusten dugu, jada hartuak dauden erabakiak berresteko, izaera kontsultiboa besterik ez luke izango, eta beraz, ez dio benetako parte hartzeari erantzuten.

Erabakitzeko eskubidea, benetako parte hartze eredu baterako gakoa. LABek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) sortzearen beharrezkotasuna azpimarratzen du, benetan kolektibo eta herri bezala erabakitzen dugun lan esparru eta eremu soziala eraikitzeko. Euskal Esparrua landu eta sortzeko bidean langileak ardatz eta oinarri izango dituen parte hartzea da behar duguna, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta. Gisa honetako ekimen batek LHBSEEaren eraikuntzan lan egiteko bokazioa behar luke, baina dekretu proposamenak ez dio helburu horri erantzuten, ez die benetako beharrizan sozial eta laboralei erantzuten.

Osaketa eta funtzionamendu guztiz antidemokratikoa planteatzen du. Dekretu proiektuan arautzen den osaketak ez dio erantzuten egun errealitate sozial eta sindikalari, ez dira kontutan hartzen gehiengo sindikalak eta egungo ordezkaritzaren proportzioak. Osaketak bide ematen du gutxiengoarekin akordioak ixtera -esparru sindikaleko aldeetako bakarraren onespena nahiko litzateke horretarako- babes sozialik ez luketen akordioak, ibilbide oso laburrekoak.

Horregatik guztiagatik, berriro diogu, elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Jaurlaritzaren ekimenarekiko kritiko da LAB, eta alegazioak aurkeztearekin bat, prozesua bertan behera uzteko eskatu du.
 

 

 

Hauteskunde sindikaletarako erronkak partekatzen hasi gara delegatuekin #ZureBideLagun

Kurtso berriaren etorrerarekin, LABek delegatuen batzarrak egingo ditu egunotan, herrialdeka. Horietatik lehena gaur izan da, Hernanin, eta Gipuzkoako delegatuak zeuden bertara deituak. Egoera soziopolitikoa hizpide izateaz gain, sindikatuaren erronkei buruz hitz egin dugu; hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz, kasu.

"Guk ez dugu hauteskunde sindikal hauetan hazi nahi helburu korporatibo hutsalengatik. Guk geroz eta langile gehiagorentzat tresna eraginkor bat izan nahi dugu. Sindikatu indartsu bat nahi dugu, langileria osatzen duten sektore ezberdin guztien interes eta beharrak defendatu ahal izateko, kapitalaren kontra jolastu beharreko partidan langileoi bitarteko gehiago eskaintzeko".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciaren hitzak dira hauek, Gipuzkoako delegatuen batzarrean esandakoak. Hain zuzen ere, nabarmendu dugu, LABen hauteskunde sindikaletako leloak dioen bezala, langileen bidelagun izan nahi dugula: "Lantoki zein lan zentroetan langileen eskubideen defentsan eta prekaritatearen kontrako borrokan, bidelagun; eredu ekonomiko eta sozial justu eta solidarioago baten eraikuntzan, bidelagun".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "sindikatu hau da bakarra kontrabotere sindikalgintzan jaio, garatu eta hazten ari dena. LAB zer den? Bi hitzetan: hitza eta ekintza. Esan eta egin". LABeko idazkari nagusiaren arabera, "pertsonak dira, gure delegatuak, gure militantzia, sindikatu honek daukan onena".

Gaurko batzarrean sektore desberdinetako lekukotasunak entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek, eta aipamen berezia egin zaie sektore feminizatuenei, sektore prekarioenak izanagatik. 

Gipuzkoan, %28ko ordezkaritza
Bestalde, Izaskun Garciak hainbat datu jakinarazi ditu LABen egoera "osasuntsua" irudikatzeko. Sindikatuak 4.000 ordezkari pasatxo (4.285) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368) ditu. Sindikatuko Zuzendaritza markoak parekideak dira, eta ordezkaritzaren %36 emakumezkoak dira. Hain justu, portzentaia hau igotzea eta %40eko langa gainditzea da hauteskunde sindikal hauetako erronketako bat. Bestalde, afiliazioaren %42 emakumezkoak dira.

Hauteskunde sindikalekin jarraituz, Gipuzkoan kokatuz, ekaineko azken datu ofizialek erakusten dute 1.584 delegatu ditugula herrialdean (%28,19). Hortaz, Gipuzkoari dagokionez, Egun dugun portzentaia hori igotzea da erronka: 1.600 delegatuetara iristea.

Arabako delegatuen batzarra, bihar
Bihar izango da Arabari dagokion delegatuen batzarra, Gasteizko Aldabe zentroan. Asteazkenean eta ostegunean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako delegatuen batzarrei egokituko zaie txanda, hurrenez hurren; eta datorren astean, irailaren 19an, Bizkaikoa egingo dugu, Bilboko Itsas Museoan.
 

 

 

Erakundeei eskatzen diegu lan osasunak lehentasuna izatea industria politikan

Gaur, irailak 7, langile baten heriotzaz hitz egin behar dugu berriz. Bizkaian aurten izan den 21. lan heriotza izan da, eta jadanik 43 dira Euskal Herrian 2018an lanean hildako langileak. Trapagan hil da Barakaldoko langilea, eta herri honetan mobilizazioa egingo dugu ELA eta ESK sindikatuekin eta bertako eragile sozialekin. Astelehenean izango da protesta, irailaren 10ean, 19:30etik aurrera, Bide Onera plazan.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, langilearen senitarteko, lagun eta lankideei gure elkartasuna helarazi nahi diegu. Salaketa egiten dugu berriro gertaera larri honen aurrean, baina gauzak ez dira aldatzen. Lanean bizia galtzen jarraitzen dute langileek, eta ez dira hartu beharreko neurriak hartzen. Beharrezko ikerketa sakona eta argipenak eskatzen ditugu.

Administrazioak, Osalanek, Fiskaltzak, pausu bat aurrera emateko ordua da, legeak aldatu behar dira gertatzen ari denaren arduradunak ordain dezaten. Hau guztia ez da kasualitatearen emaitza, ez da koiunturala, estrukturala da, eta, horrela izanik, arduradunen bila joango gara. Kapitalismoak langabeziaren jaitsieraz hitzegiten duen bitartean, prekarietatea erabiliz langileak erailtzen jarraitzen du.

Patronalak bere irabaziak langileen osasun eta bizitzaren aurretik jartzen ditu. Bizirik bueltatu nahi dugu etxera, lan eta bizi duina nahi dugu.

Bide honetan ere admnistrazio eta Gobernuei beste alde batera begiratzeari uzteko eta behingoz eman beharreko pausuak eman ditzatela eskatzen diegu. Urkullu lehendakariari eta industria sailburua den Arantxa Tapiari exijitzen diegu lehen mailako odoluste honen aurrean neurriak hartu eta adierazpen zehatzak egin ditzatela; industria politikan lan osasuna lehentasun gisa hartzea, besteak beste.

Lan istripuak ez dira kasualitatez ematen. Erantzuleak dituzte eta, horrela izanik, instituzioei eta gainontzeko eragileei lanean ematen diren istripuak ekiditeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten eskatzen diegu.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripuak salatzeko deituak izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu euskal langileriari.

 

 

 

Prekarizazio laboral eta sozialarekiko kezka partekatu dugu EH Bildurekin, kurtso hasierako bileran

0

Kurtso hasierak berekin ekartzen dituen harreman dinamiken baitan, LABek eta EH Bilduk aldebiko bilera izan dugu gaur Donostian. Abiatu berri den ikasturtean agenda politikoan, sozialean nahiz sindikalean garrantzizkoak izango diren hainbat gai izan ditugu hizpide.

Bilera honetan, besteak beste, prekarizazio laboral eta sozialaren gaineko kezka konpartitu dugu, euskal langileei bizitza duina ukatzen digulako, eta larriagoa dena, udak utzitako lan heriotzek argi erakusten duten bezala, bizitza bera ere ukatzen digulako.

Aldaketarako beharraz eta aukerez solastu gara. Aldaketa ekonomikoa, eta noski, aldaketa sozialaren beharraz eta bide horretan mobilizazio sozialak duen garrantziaz aritu gara. Bestalde, egungo marko konpetentzialaren mugei eta EAEko estatus politiko berriari dagokionean, erabakitzeko eskubidearen aitortza eta bermea ezinbestekotzat jo dugu alde biek, eremu soziolaboralean ere erabaki ahalmen osoa izateko.
 

 

 

Bat egin dugu Jaizkibel konpainiarekin

Irailaren 8an emakume horien lana goraipatzera deitzen dugu langile klasea, desfilean nahiz espaloian txaloka, atera dadila kalera Jaizkibel Konpainiarekin bat egitera.

Hogeita bost urte pasa dira Hondarribiako zenbait emakume alardean parte hartzeko asmoz antolatzen hasi zirenetik. Helburua, emakume hondarribiar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeok ere, jaietako protagonistak izatea.

Ekintza honek pauso bat gehiago suposatu zuen emakumeon eskubideen aldeko borroka feministan. Ekintza zinez iraultzailea, balore tradizional eta matxistetan finkatutako jendartea irauli nahi zuena. Argi izan zuten emakumeok parte hartze librerik gabe jaiak ez direla ez parekideak ezta askeak ere. Argi izan zuten kaleak emakumeonak ere badirela eta emakumeok jaietan eta egunero LIBREAk izan nahi dugula gure herrietan.

Baina bultzada iraultzaile orok badu bere antitesia den erantzuna, eta ekintza honek ere izan zuen berea. Herriko sektore atzerakoiek emakumeon eskubideak praktikara eraman ez zitezen antolatuz gogor erantzun zuten, urteetan zehar luzatuz gatazka. 25 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezegite politikoa ezagutu ditugu, erasoak gure gorputzekin gogor pairatuz. Oraindik ere, sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzen jarraitzen dugu, dominazioa, esplotazio eta prekarietatearen sisteman, urtero milaka emakume erailtzen dituena, bigarren mailako herritartzat gaituena.

Baina aitortu behar da 25 urte hauetan borrokan egon diren emakume hauei esker, bai eta emakume langilearen askatasunaren alde lanean egon diren emakume guzti horiei esker ere, testuinguru politiko zein sozialean aldaketarako aukerak begibistan jarri dituztela. Mugimendu feminista eraldaketaren ikono bilakatu da. Martxoaren 8ko plantoan ikusi genuen nola milaka emakume langilek Euskal Herriko kaleak bete zituzten. Indar hau geldiezina da, borroka eta mobilizazioaren zilegitasuna erakutsi digu, kontzientziak astindu ditu, eta, beraz, eraldaketa soziala gauzagarri bilakatu du borroka feministak.

Denetik bizi izan da 25 urte hauetan, pozak eta tristurak, irainak eta txaloak, kolpeak eta muxuak…. guri emakume hauei eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen, zuen adorearengatik, zuen konbentzimenduengatik, zuen borrokarengatik, zuei esker Euskal Herriko emakumeok libreagoak garelako. Horregatik, irailaren 8an emakume horien lana goraipatzera deitzen dugu langile klasea, desfilean nahiz espaloian txaloka, atera dadila kalera Jaizkibel Konpainiarekin bat egitera.
 

 

 

EITB.EUSen berriro ere ardura postu bat barne prozesu objektiborik egin gabe esleitu dute

0

EITBko LABek langileen ibilbide profesionala garatzeko neurriak eta hautaketa prozesu gardenak exijitzen ditu, eta helburu horiek lortzeko lanean jarraituko du. Bide horretan, besteak beste, kontratuak nahieran egitea ahalbidetzen duen gestoreen sistema behin betiko bertan behera uztea ezinbestekoa dela berresten dugu.

EITBNETen izan diren zuzendaritza kargu berrien izendapenen harira, ondokoa adierazi nahi dugu:

• Eitb.eus-eko Albistegietako buru berria aukeratzeko ez dela barne-deialdirik egin, interesa izan zezaketen langileak lanpostu horretara aurkez zitezen.

• Albistegietako buru kargua gestore kontratu berri batekin bete dela, sistema hori desagertu beharko litzatekeenean, eta lanpostu horrek lan-hitzarmenaren baitan egon beharko lukeenean.

• Eitb.eus-eko Parte-hartze eta Gizarte Sareen burua berriari dagokionez, esparru horretan inolako eskarmenturik eta esperientzia profesionalik gabeko pertsona bat hautatu duela zuzendaritzak. Langile horrek ‘Proiektuak eta Bezeroak’ atala zuzentzen zuen orain arte EITBNETen, horiek duela hainbat urte desagertu baziren ere. Ekainean, pertsona horrek zuzendaritzan ze funtzio betetzen duen galdetu zuen LABek EITBko Administrazio Kontseiluan, eta ez zuen erantzunik jaso. Horren ondotik etorri da izendapen berria. Kasualitatea?

 

 

 

Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %16ra ailegatu gara hauteskunde sindikalen epe trinkoaren atarian

0

Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuak hilero ematen dituen datuen arabera, uztailean, LABek Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren %16ra ailegatzea lortu zuen. LAB sindikatuak Nafarroan inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori.

2018ko irailetik 2019ko ekainera, gutxi gorabehera, hauteskunde sindikalen epe trinkoa iraganen da, epealdi horretan pilatuko baitira enpresa anitzetako ordezkariak hautatzeko bozketak. Bada, atzo prentsaurrekoan Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo LABeko buruek azaldu zutenez, orain hasi den epe trinko honetarako, sindikatuaren helburu kuantitatiboetako bat zen Nafarroan ordezkaritza sindikalaren %16ra iristea. Eta atzo berean jakin genuen uztailean dagoeneko helburu hori lortu genuela. Zehazki, uztailaren bukaeran LAB sindikatuak ordezkaritza sindikalaren %16,02 zuen; hau da, 973 ordezkari.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta -enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza-, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Konparazio batera, 2007an 827 delegatu zituen (%12,48) eta 2017 urtea 937 delegaturekin bukatu zuen (%15,67).

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.
 

 

 

Adierazi nahi diogu Darpon Sailburuari munduko zilegitasun osoa dugula langileriaren interesak defendatzeko, Osakidetzako langile izan ala ez

0
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Darpon jaunak auzitan jarri nahi izan du LAB sindikatuaren zilegitasuna pasa den ekaineko Enplegu Eskaintza Publikoetan izandako “ustezko” irregulartasunak salatzeko. Horretarako modu ezi makurragoan erabili du LABek Osakidetzan duen ordezkaritza, modu nabarmenean erridikulizatuz. 

LAB hirugarren sindikatua da Osakidetzan ordezkaritzaren arabera, eta hemen normalean baino sindikatu gehiago dago. EAEn ordezkaritza handiena duten lau sindikatuei, bi sindikatu korporatibo gehitu behar zaizkie (SATSE eta Sindicato Medico) eta ESK. LABek Sindicato Medico-ak baino ordezkaritza handiagoa du.

LAB EAEko bigarren sindikatua ordezkaritzari dagokionez. Nafarroan ere ordezkaritza handiena dutenetakoa da eta horrela erabakiko bagenu, eskubidea izango genuke Estatuko Administrazioen Mahai Orokorretan parte hartzeko.

Osakidetzako gure ordezkariek, bertako hauteskundeetan jasotako botoek ematen dieten zilegitasunarekin jarduten dute, LABeko kide izateak ematen dien zilegitasunaz gain. Osakidetzako EPEan izandako iruzurra ezta Darponen Sailaren etxeko kontu bat. Euskal jendarte osoa ari dira iruzurra egiten eta hori ere bada LABen kontua.

Ez dugu onartzen Darpon jaunak auzi honetan duen erantzukizuna desbideratzen saiatzea. Aurrean duzuna aipua kentzea da errazena, baina ez egokiena. Darpon jauna, onar ezazu zure erantzukizuna eta eman ezazu dimisioa behingoz.