Herrien Epaitegi Iraunkorrean izan gara Bartzelonan
Asteburu honetan, LAB sindikatuak, aurreko urtean bezala, Herrien Epaitegi Iraunkorrean parte hartu du Bartzelonako Audientzian. Urtzi Ostolozaga LABeko Ekintza Sozialeko idazkariaren ondokoa egon da bertan. Pertsona migrante eta errefuxiatuen aurkako giza eskubideen bortxaketaz aritu gara; eskubide gabeziaz, alegia.
Tribunal honek Estatu krimenen inguruan aritzeko konpetentzia dauka. Norbanako, herriei edo kolektibo gutxituei egiten zaizkien giza eskubideen urraketa sistematikoak epaitzen ditu. Iritzi epaitegia da, eta, herrien justiziari buruz arituko den nazioarteko jurisdikziorik ez dagoenez, paper hori betetzen du. Tribunal honen sententziek ez dituzte bakarrik kontuan hartzen existitzen diren arauak, giza eskubideak bermatuak izan daitezen dauden mugak eta hutsuneak ere betetzen dituzte.
Asteburu honetan, berriro ere, testigantza izugarri gogorrak eta mingarriak entzun ditugu pertsona migrante eta errefuxiatuen eskutik. Kasu honetan, Hegoaldeko mugaz, emakumeen eta umeen bizipenetaz aritu gara. Jatorrizko herrialdeak uztera behartu dituzten arrazoietaz, transitoan bizi izan dituzten gehiegikeria eta bortxaketetaz, eta heldu diren herrialdeetan aurkitu dituzten egoera larrietaz.
Urtez urte, Europak baztertze politika gero eta gehiago bereganatu ditu; adibide argiena, mugak zeharkatzean zenbat pertsona hiltzen ari diren itsasoan. Gertatzen ari dena, gizateriarentzat, onartezina da. Justizia helburu, Herrien Epaitegi Iraunkorrak bere gain hartu du erabaki egokiak hartzeko ardura.
Euskal Herrira ere hasi dira heltzen egoera hauek bizi dituzten pertsonak, erakundeek beren gain hartu behar dituzte, baina, horrela ez bada, jendarteak hartuko ditu, eta besoak zabalik hartuko ditu LABek, baita lantokietan ere.
Entzun ditugun testigantzetariko bat Fatourena izan da, bere interbentzioaren laburpena egiteko eskatu diogu –ikus bideoa–.
EAE eta Nafarroako sindikatu guztiak presoak hurbiltzearen alde azaldu gara
EAJ eta PSE-EEk aurkezturiko DSBEaren lege proposamenaren helburua egungo babesa gehiago murriztea da
Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta jendarte inklusiorako lege-proposamenaren tramitazio parlamentarioa irailera atzeratzea erabaki dute EAJ-k eta PSE-EE-k Legebiltzarrean. Erabaki honen aurrean LABetik honakoa exijitzen dugu:
1.) EAJ-k eta PSE-k aurkeztutako lege-proposamena atzeratzea ez baino bertan behera uztea. Lege proposamen murriztailea delako, eta ez duelako inongo bokaziorik herritar guztiei bizitza duin bat bermatzeko. EAJ eta PSEk lege proposamen horrekin egungo politika publikoen norabidea aldatzeko inolako borondaterik ez dute.
Proposatzen dituzten aldaketek prestazioak eskuratzeko modua gogortzen dute kasu gehienetan, noiz eta orain, azken urteetan bazterketa soziala eta pobrezia maila Hego Euskal Herrian handitzen ari denean. Egoera kezkagarria da: 2008 eta 2016 bitartean artatutako pertsona kopurua %62 gehitu da hona pobrezia errealeko arriskuan dagoen eta arretarik jaso ez duen pertsona kopurua %25 hazi denean.
2.) Lege-proposamen honen ibilbidea amaitu eta beste lege-proposamen baterako eztabaida ireki behar da. DSBEren erreformarako eztabaida erreal eta eraginkorra abiatzea eskatzen dugu. Egun Diru Sarrerak Bermatzeko errentaren kopurua guztiz askieza da. Etengabeko murrizketak egin zaizkio eta 2008ko legeak hasieran jasotzen zituen aurreikuspenetatik %13,5 murrizketa izan du. Ondorioz, 2009 eta 2017 urte bitartean %11,9ko eros- ahalmenaren galera nozitu du.
Eztabaida horrek jaso beharko luke:
-Gizarte babesean EAE Europa Batasuneko bataz bestekoaren mailara heltzea.
-DSBE jasotzeko aukera izan lezaketen pertsonen %30 prestaziorik gabe ez gelditzeko neurriak finkatu beharko lituzke proposamenak.
-Sistemaren iraunkortasunak ezin du baldintzarik txarrenetan dauden pertsonentzako baliabideak murriztean oinarritu: zerga-erreforma bidezko bat da behar dena, iruzurra zigortzearekin batera.
-Esparru honetan dugun atzerakada ekiditeko, agenda politikoaren erdian, prekarietatea eta pobreziaren kontrako borroka kokatzearen garrantzia azpimarratzen dugu.
Aurreko puntuetan aipatu bezala, desberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren honetan, kolektibo batzuk bereziki kaltetuak daude: emakume pentsiodunak, gazteak eta etorkinak, besteak beste. Herri Ekimen Legegilearen bidez egungo gizarte babesa aldatzea, hobetzea da helburu, bereziki kaltetuenak diren kolektibo horien mesedetan. Horretarako beharrezkoa izango da.
Herri Ekimen Legegileak aurrera egin dezan sinadura bilketa fase bete-betean gaude orain. Euskal langileei eta jendarteari orohar dei egiten diegu, Herri Ekimen Legegileari bultzada emateko sinatu dezaten.
Euskal Herrian, 2018ko ekainaren 29an
Lanuztea eta elkarretaratzea egin dute Loramendi Egoitzako langileek
Erandioko Loramendi Egoitzako langileek lanuztea eta elkarretaratzea egin dute lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Hilabeteak daramatzate mobilizatzen bizi duten egoera salatuz.
SANITAS LORAMENDIKO LANGILEEN OHARRA
"Sanitas Loramendiko langileok gure egoeraren berri eman nahi dugu gaur.
Hilabeteak daramatzagu egoitzan mobilizatzen enpresak ezezkoaren erantzuten baitie gure eskariei.
Loramendiko langileok hilabeteko greba daramagu gure enpleguen kalitatea hobetu eta zaintzeko eta gure erabiltzaileen bizitza-kalitatea ziurtatzeko.
Gure eskariak onargarriak dira eta baldintza onetan zaintzea dute helburu moduan. 15 urte daramatzagu kategorien arteko diskriminazio argiarekin lanaldiei dagokienez.
13 langile daude lanaldi partzialekin, denak emakumeak. Egoitza zabaldu zenetik modu ikaragarrian egin dute gora garbiketa, garbitegi eta sukaldeko ekipoetako atazek, baina ez euren lanaldiek.
Zuzendaritzari ekipo hauen lanaldiak %100era igotzea eskatzen diogu, guztiz beharrezkoa baita.
Eskari hau ez da berria, duela 10 urtetik hona ari gara egiten eta beti ukatu izan zaigu, baina ezinezkoa da gehiago jasatea.
Ekipo hauetako langileak hautsita daude interbentzio kirurgiko eta arazo muskulo-eskeletikoekin.
Guzti hau gainkarga eta lan honen gehiegikerietan oinarrituta dago.
Gure aldarrikapenek ez dute zerikusirik alde ekonomikoarekin. Bestalde, Sanitas-ek kendu egin dizkigu gozatzen genituen hobekuntza gutxietatik batzuk, aurreko itunetan lortu genituenak. Era berean, Sanitas-i eskatzen diogu oporretan kontratatzeko politika izan dezala, bermatuko duena langileak neurri handiagoan atera ahal izatea aldi honetan, horrela laneko eta familiako bizitza hobetu eta uztartu ahal izateko.
Enpresak eskari hauek baztertzeak, bere prepotentzia erakutsi du eta tratu sumingarria ematen die bere langileei, eta guk, horrela sentitzen dugu.
Pertsonekin lan egiten dugu eta zerbitzu ona merezi dute. Eta guk, gure osasuna eta gure bizitza bermatuko duten lan-baldintza duinak merezi ditugu.
Bestalde, erabiltzaileen senitartekoei eskertu nahiko genieke gure aldarrikapenei ematen ari diren babesa.
Gure erantzukizuna da erabiltzaileen bizi-kalitatearen alde egitea. Ez dugu amore emango gure duintasuna eta osasunaren defentsan hain beharrezkoa den lanaldiak handitzea lortu arte."
Alarde publikoarekin
Hogei urte pasa dira soldaduz jantzitako emakume batzuk Irungo alardeko konpainia ezberdinen filetan sartzen saiatu zirenetik. Helburua: emakume irundar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeok ere, jaietako protagonistak izatea.
Ekintza honek pauso bat gehiago suposatu zuen emakumeon eskubideen aldeko borroka feministan. Ekintza zinez iraultzailea, balore tradizional eta matxistetan finkatutako irundar jendartea irauli nahi zuena. Orain 20 urte Irungo emakumeek sinbolikoak duen garrantzia argi ikusi zuten, argi izan zuten emakumeok parte hartze librerik gabe jaiak ez direla ez parekideak ezta askeak ere. Argi izan zuten kaleak emakumeonak ere badirela eta emakumeok jaietan eta egunero LIBREAk izan nahi dugula gure herrietan.
Baina bultzada iraultzaile orok badu bere antitesia den erantzuna, eta ekintza honek ere izan zuen berea. Herriko sektore atzerakoiek emakumeon eskubideak praktikara eraman ez zitezen antolatuz gogor erantzun zuten, urteetan zehar luzatuz gatazka. 20 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezegite politikoa ezagutu ditugu, baita gure alkate den Santano jaunaren aldetik ere, herria zatitzen duen gatazkari irtenbidea emateaz baino, hauteskunde kalkuluekin kezkatuago.
Egia da oraindik ere ez dela Irunen gatazka gainditu, eta egia da ere sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzen jarraitzen dugula, dominazioa, esplotazio eta prekarietatearen sisteman, urtero milaka emakume erailtzen dituena, bigarren mailako herritartzat gaituena…
Baina egia da ere, 20 urte hauetan borrokan egon diren emakume hauei esker, bai eta emakume langilearen askatasunaren alde lanean egon diren emakume guzti horiei esker, testuinguru politiko zein sozialean aldaketarako aukerak begibistan jarri dituztela. Mugimendu feminista eraldaketaren ikono bilakatu da. Martxoaren 8ko plantoan ikusi genuen nola milaka emakume langilek Euskal Herriko kaleak bete zituzten, baita Irunen ere. Indar hau geldiezina da, borroka eta mobilizazioaren zilegitasuna erakutsi digu, kontzientziak astindu ditu, eta, beraz, eraldaketa soziala gauzagarri bilakatu du borroka feministak.
Denetik bizi izan da 20 urte hauetan, pozak eta tristurak, irainak eta txaloak…. guri, emakume hauei eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen, zuen adorearengatik, zuen konbentzimenduengatik, zuen borrokarengatik, zuei esker Euskal Herriko emakumeok libreagoak garelako. Horregatik, ekainaren 30ean emakume horien lana goraipatzera deitzen dugu langile klasea, desfilean nahiz espaloian txaloka, atera daitezela kalera alarde publikoarekin bat egitera.
Gora Alarde Publikoa! Gora borroka feminista!
Irunen, 2018ko ekainaren 29an
USOAko enpresa-komiteak enpresako langileek jasandako identifikazioak salatzen ditu
Barakaldoko Udalaren menpe dagoen USOA S.A.ren enpresa komitetik pasa den astean, hitzarmenaren aplikazioa salatzen zuten eskuorri informatiboak banatzen ari ziren enpresaren langileak identifikatu izana salatu du.
USOAKO Enpresa-Komitearen oharra
Enpresa komiteak, EAJren esku dagoen alkatetzak Udaltzaingoari eskuorri informatiboak banatzen ari ziren langileen identifikazioa agindu izana zentsuratzen du, adierazpen askatasuna dagokigun eskubide baita. Era berean, Amaia del Campo alkateari identifikatutako pertsonen kontrako espediente zigortzailea geraraztea galdegiten diogu.
Duela zenbait hilabetetik hona kezka haundiz ikusten ari gara enpresak pairatzen duen egoera, hitzarmenean jasotzen diren soldata taulak ez dira betetzen, lehen asignatuta zeuzkaten lanak baztertzen dira, aparteko pagatik soldataren zati bat murrizten zaigu…
USOAko langileok aspalditik jasan behar dugun ziurgabetasuna pairatzen ari gara eta gure lan-zentroan gertatzen ari dena salatu eta zabaltzeko kalera ateratzeko erabakia hartu dugu.
Pazientzia haundia izan dugu eta askotan Gerentzia eta EAJri kezkatzen gaituzten gauzen inguruko informazioa eskatu diegu.
Ez dugu eskatutakoari inolako erantzunik jaso edota emandako erantzunek ez dute egoera argitu korapilatzea baizik, beraz, gertatzen ari dena salatzeko kalera ateratzeko erabakia hartu dugu. Eta hitzarmena ez betetzea gutxi balitz, polizia bildaltzen digute identifika gaitzaten.
Duela urte bat baino gutxiago hitzartu eta sinatu duguna galde egiteagatik kriminalizatzeak nazkatzen gaitu: Ez ditugu hitzartutako soldatak kobratzen, nominatik gure diruaren parte bat kentzen digute eta gainera, gertaerak salatzeko kalera ateratzen garenean identifikatu egiten gaituzte.
Argi dago EAJri molestatu egiten diola gu ixilik ez egoteak, baina ez gara ixilduko. Ez diogu instituzio guztietan gure eskubideen urraketak salatzeari utziko.
USOAko langile guztion lan eskubideen bermearen aldeko apostu irmoa egiten dugu, eta ez gara geratuko lortu artean.
Ez dugu USOAko langileon adierazpen askatasuna eta duintasuna lapurtzea onartuko.
Barakaldon, 2018ko ekainaren 29an"


