2026-04-28
Blog Page 748

“Orain Presoak” dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

LAB, ELA, UGT, STEILAS, ESK, Etxaide, Hiru eta EHNE sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, Foro Sozial Iraunkorraren ekimenez, "Orain Presoak" giza ekimenaren harira larunbaterako antolatutako ekitaldia eta manifestazioarekin bat egiteko.

Hauxe da sindikatuok sinatutako adierazpena, gaurko agerraldiaren harira:

Hemen gauden zortzi sindikatuok Foro Sozial iraunkorraren ekimenez elkartu gara eta preso dauden pertsonak txertatzeko auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin nahi dugu.

Lehenago ETAren behin betiko eta erabateko armagabetzeari gure sostengua adierazteko elkartu ginen eta geroztik beste hiru aldiz modu ezberdinetan elkartu gara, gaixorik dauden presoen arazoa eta hurbiltzea zirela eta.

Beraz, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozial ezberdinei honakoa adierazi nahi diegu:

1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.

2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.

a) Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.
b) Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak EAE(Euskal Autonomia Erkidegoa) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.
c) Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

3. Hemen elkartu garen sindikatuok urriaren 20an Donostiako Miramar jauregian arratsaldeko 16:00etan bizikidetzaren alde antolatuko den ekitaldian eta arratsaldeko 17:00etan burutuko den manifestazioan(biak “Orain Presoak” giza ekimenak antolaturik) egongo garela jakinarazten dugu.

4. Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen diegu.
 

 

 

Iraultza bolibartarrarekiko lehen Europako elkartasun sarea osatu dugu

0

Venezuelako iraultza bolibartarrarekiko lehen Europako elkartasun sarea ibiltzen hasi dela esan dezakegu. Hemendik aurrerako helburua, herrialde ezberdinetan egiten dugun lana koordinatzeaz gain, kanpaina ezberdinak antolatzea eta Venezuelako proiektu bolibartarra inperialismoaren atzaparretatik defendatzeko, intoxikazio mediatikoari aurre egitea izanen dugu helburu.

Larunbatean, urriak 13, Bruselan egindako bilkuran, Iraultza bolibartarrarekiko lehenengo Europako elkartasun sarea osatu zen. Sare honen lehen bultzatzaileak Europa guztitik etorriak izan ginen, tartean Euskal Herritik LAB sindikatuak eta Sortuk hartu genuelarik parte Euskal Herriko Venezuela Aurrera plataformaren izenean.

Egun osoa iraun zuen lehen bilkura hau Belgikako Venesol taldeak antolatua izan dzen, eta topaketan parte hartu genuen eragile guztiak eztabaidatzeko eta iraultza bolibartarrari gure elkartasuna adierazteko aukera izan genuen.

Goizean zehar, talde ezberdinetan banaturik, etorkizuneko sarean izan beharreko funtzionamenduari eta antolakuntza ereduari buruz eztabaidatzen egon ginen, eta, arratsaldean, plenarioan ideia guztiak komunikatu batean eta hasierako lanerako oinarri batzuetan jarri genituen. Eguna bukatzeko "Venezuela en tiempos de guerra" izeneko filmaren emanaldia egon zen eta Maurice Lemoine kazetari frantziarrarekin hitzaldi eta eztabaida egon zen.

 

 

 

Matia Fundazioko langileek protestak areagotzea erabaki dute

Donostian bildu ziren igandean, Antiguako tunelaren ondoan, Hiru Hondartzetako Krosa baliatuta euren aldarrikapenak gizarteratzeko.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Matia Fundazioko langileak aldarrikapen ekimenak areagotzen ari dira, enpresaren hitzarmena negoziatzen ari den honetan. Honen harira, Fundazioaren lantokietan nahiz kalean egin ekintzei eusten zaie, bilkurak eginez, auto-karabanak eginez… 

Gogora ekarri behar dugu 2012-2015 urteetan, langileok jasan behar izan dugula hitzarmena bere horretan gelditu izana; horrez gain, bete behar izan dituzten aparteko orduekin (geroztik itzuli dituztenak) 3 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin dute, fundazioak bizi izan duen egoera ekonomiko eta finantzario larria gainditze aldera (porrot teknikoa izan zen erabili zuten terminoa).

Hori guztia, hitzarmena ez aplikatzeko mehatxu argiari aurre eginez, hitzarmenari eusteko helburuan ari gara lanean, nahiz eta gu ez garen egoera horren arduradunak; egoera horren eragilea, izatekotan, Matia Fundazioak egin kudeaketa eta M.F.-ko jabeen batzarrak onartu izana dira.

Behin aldi hori gainditu dugula, eta M.F. bete-betean lanean ari dela eta pentsatu dutenez hura handituko dutela hainbat proiektuekin, onartezina eta lotsagarria deritzagu, gaurko egunez, M.F.-ko hitzarmena izoztua egoteari!

 

 

 

Kontziliazio politikak oraindik ere emakumeon kontura egiten dira eta Aldundiek, gainera, egoera hauek areagotu egiten dituzte

Aste honetan Auzitegi Gorenak Gizarte-Segurantzatik jasotako amatasun prestazioak PFEZetako ordainketatik salbuetsita daudela deklaratu du. Foru Ogasunek, Estatuko erabakiei lotu gabe, beren erabaki propioak hartzeko burujabetza izan behar dutela uste dugu. Hori esanda, era berean, bizitza erdigunean kokatuko duen eredua aldarrikatzen dugu. Zaintza lanak zentrora ekartzeaz ari gara. Hau da, lan hauek modu korresponsable batean aurrera eraman daitezen neurriak hartzeaz, benetako kontziliazio neurriak bultzatzeaz. Ildo horretatik, Foru Ogasunei eskatzen diegu zaintza lanei aurre egiteko ezarriak dauden prestazioetan erretenitutako dirua itzuli dezaten. Ogasunek erabaki hau hartu ezean zilegi iruditzen zaigu horrelako prestazioa jaso izan duten pertsonek erreklamazioa Ogasunei bideratzea, eta LABetik horrela egin dezaten aholkatu diegu gure afiliatuei.

Sententziak atzeraeraginezko izaera du baina denbora muga du. Honela, 2014tik amatasun-bajan egondako pertsona guztiek bere prestazioetako PFEZagatik ordaindu zutena itzultzea eska dezakete. Honek 2014, 2015, 2016 eta 2017ko Errentaren aitorpenak, eska daitezkeela esan nahi du.

Hala ere, eta ebazpena tarteko sortu den eztabaidak, gogoeta sakonago batera garamatza: Kontziliazio politikak oraindik ere emakumeon kontura egiten dira eta Aldundiek, gainera, egoera hauek areagotu egiten dituzte.

Aldundien jarrerak salatzearekin batera, sakoneko gogoetari heldu behar zaio: egoerari buelta emateko erabaki politikoak behar dira. Ez da serioa gaur egun gobernuek “berdintasunaren” aldeko politikak lehentasuna direla esan eta sententzia baten zain egon behar izatea emakumeon eskubideak zeintzuk diren edo ez jakiteko. Ez da serioa erantzukidetasunerako neurri eraginkorrik ez eta kontziliaziorako neurriak egun batetik bestera aldatzen ibiltzea.

Emakumeon eskubideak, dirua eta denbora ez daude salgai. Emakumeak erreklamazioa sartu ala ez, epaileak onartzen duen ala ez… erabakiak eta azken emaitza ezin dute urrats edo faktore horien araberakoak izan, ezta momentu politiko bakoitzean balantzak hartze duen pisuaren arabera ere. Berdintasunaren aldeko politikak ez dira epaitegietatik etorriko, benetako erabaki politikoak behar dira eta eskatzen ditugu.

 

 

 

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propio bat artikulatzeko erabaki ahalmen osoa izatea beharrezkoa da

0

Gaur bilera egin dugu EH Bildurekin, azken honen Donostiako egoitzan. LABetik, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko Idazkaria eta Maider Jauregi Komunikazio Idazkaria izan dira bertaratutakoak. EH Bilduko ordezkaritzari dagokionez, Maddalen Iriarte, Pello Urizar eta Unai Urruzunok osatu dute, Autogobernu Ponentzian ari diren hiru legebiltzarkideek.

Bilera LAB sindikatutik egiten ari garen errondaren barruan kokatzen da, eta aste honetan bigarrena izan da, urriaren 10ean Podemosekin abiatu baitzuen LABek erronda. Sindikatuak estatus politiko berriari eskatzen diona konpartitzea du helburu ekimen honekin.

Giro adeitsuan garatu da batzarra eta LABeko kideek EH Bildukoei azaldu dizkiete sindikatuaren kezka nagusiak: euskal herritarrei bizitza duina bermatzearen beharra, eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde eginez horretarako.

EAEn Indarrean dagoen autonomia estatutuak hasieratik izan dituen hutsune estrukturalak gainditu eta Euskal Herrian garrantzia betekoak diren gai ezberdinen inguruan erabakiak hartu ahal izateko burujabetzaren beharraz aritu dira; burujabetza, aldaketa sozial eta politikoa lortzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propio bat artikulatzeko erabaki ahalmen osoa izatearen beharrari azpimarra egin dio LABek. Erabaki ahalmen osoa, herri bezala aurrera pausoak eman eta langileok egunerokoan ditugun arazoei irtenbidea emateko. Horretan ere bat etorri gara alde biak.

Bileran beste hainbat gai ere izan ditugu aztergai: elkarrizketa sozialari buruz eta aurrekontuen inguruan aritu dira, besteak beste. Azken gai honi dagokionean, diru-sarrerak handitzearen beharra aipatu du LABek, orain arteko erreforma fiskalak atzera botata. Halaber, behar sozialei aurre egiteko aurrekontuek duten garrantzian bat etorri dira alde biak.
 

 

 

Egoitzak zabalik ditugu urriaren 12aren etorrerarekin, ez baitugu ezer ospatzeko

Urriaren 12an, beste urte batez “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigulako, lan egutegi propio bat aldarrikatzen ari gara. LAB sindikatuak, aurtengoan ere, planto egin die inposatutako jai egunei. Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egun horretan zer ospaturik ez dugu. Hala, LAB sindikatua lanean dago urriaren 12an ere. Hala, egoitzak zabalik ditugu.
 

 

 

Osakidetzak bigarren aldiz debekatu du Zigor Merodioren ā€œZorraztarriaā€ erakusketa, oraingo honetan Basurtuko ospitalean

Bilbao-Basurto ESIko zuzendaritzak ez du baimenik eman ospitaleko Kanpo-Kontsultetan Zigor Merodio presoaren “Zorroztarria” eskultura-lanak jasotzen dituen argazki erakusketa egiteko, hau Edu Martinezen argazkiekin eta Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren testu eta bertsoek lagunduta dago egiteko. Erakusketa astelehenerako, urriaren 15ean, zegoen aurreikusita eta zuzendaritzaren debekua atzo bertan jakinarazi ziguten, urriaren 11an azken momentuan.

Baimenik ez izateko eman diguten zergatia zera da: erakusketaren gaiak osasun gaiekin ez daukala zerikusirik. Harritzekoa da erantzuna, kontuan hartuta baimena eskatu genuenean argi utzi genuela erakusketaren izena, egilea eta eskulturetan oinarritzen zela, eta momentu horretan ez zitzaigun inolako arazorik planteatu.

Zoritxarrez, hau da bigarren aldia Osakidetzak honako erakusketa zentsuratu egiten duela. Aurreko batean, Donostia ESIko zuzendariak debekatu egin zuen, uztail hasieran.
Zentsura hutsezko kasu baten aurrean gaude, inposaturiko zigorra betetzen ari diren pertsona preso batzuen adierazpen artistikoa zentsuratzeko inolako arrazoirik gabe. Osakidetzak, kasu honetan Bilbo Basurtoko zuzendaritzak, bere irizpidea inposatu du eta bertan behera utzi du Euskal Herriko toki askotan ikusgai egon den erakusketa. Horrela ulertzen du Osakidetzak adierazpen askatasuna.

Debekuari erantzunez, eta Donostia ospitalean egin genuen bezala, LABek ospitaleko atariraino eramango du erakusketa, mundu guztiak ikusi ahal izateko Osakidetzak bai ala bai estali nahi duen hori. “Zorroztarria” ikusgai izango da Bilboko Basurtoko ospitalean, astelehenean (urriak 15) eguerdiko 12etan, Gurtubay bus geltoki parean.
 

 

 

Elkarkiden lanuzte gehiago eginen dituztela iragarri dute

Iragan urriaren 5ean bi orduko lanuztea egin eta gero eta urriaren 11n egun osoko greba egin eta gero, hitzarmenaren negoziazioan enpresako zuzendaritzarekin akordiorik lortu ez dutenez, Elkarkide SL-ko enpresa batzordeak (LAB, CCOO, UGT) erabaki du, greba batzarraren babes osoarekin, hurrengo egunetan lanuzte partzialak egitea: urriaren 22, 23, 24, 25, 26, 29, 30 eta 31n, eta azaroaren2, 5, 7, 8, eta 9an.

Aurreko asteazkenean negoziatzen ibili ziren enpresa batzordea eta Zuzendaritza, eta ahoz adierazi zuten akordioa bazegoela, baina gero Zuzendaritzak ez zuen akordio hori paperean jarri nahi izan.

Aldeen arteko ezberdintasunak txikiak dira. Zera eskatzen dute langileek: kanpoan lan egiten dutenen bajak %100ean osatzea lehenbiziko 5 egunetan, eta lehenbiziko 3 egunetan enpresak ordezkatzen ez dituztenen kasuetan; eta Zentro Okupazionaleko langileek beraiek aukeratzea noiz hartuko dituzten lanaldi murrizketen egunak.

Elkarkide enpresak baditu hiru lan eremu: Gizarteratze Soziolaborala, Enplegu Zentro Berezia eta Zentro Okupazionala. Enpresa honek diru laguntza handiak jasotzen ditu hainbat administraziotatik.

 

 

 

Ardura penal eta politikoak eskatzen ditugu IƱigo Cabacasen hilketaren aurrean

0

Urteak pasa dira eta oraindik Iñigo Cabacasen kasuak irekirik jarraitzen du. Hurrengo astelehenean, urriak 15, kasuaren epaiketa berriro abiatzen da eta horren harira, epaiketaren inguruan sortu den dinamikarekin bat eginez, langile guztiei beraien elkartasuna adierazi dezaten eskatzen diegu. Urriaren 14an, arratsaldeko 19,00etan kontzentrazioa deitu da Albia lorategian eta ondoren, 20.00etatik aurrera, gaubela abiatuko da. Urriaren 15ean, epaiketa hasten den egunean hain zuzen ere, kontzentrazioa jarraia deitu da goizeko 08.00etatik arratsaldeko 12.00etara Albia lorategietan bertan.

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Iñigo Cabacas BBVAko langilea zen hil zuten momentuan. Aldi baterako kontratua zuen Gran Via 12ko bulegoan kutxako lana egiteko eta gainera, aurretik ere beste bulego batzuetan lan egiteko kontratatua izana zen. LABek urte hauetan salatu izan duen bezala, ardura penal eta politikoak eskatzen ditugu. Bestalde, gure elkartasunik beroena adierazi nahi diogu familiari eta lagunei.

Haiek adierazi bezala, 4 dira ezinbeste bete behar diren printzipioak epaiketa honetan:
• Gertatutakoaren egiaren aitortza.
• Justizia; erantzuleek inolako pribilegiorik gabe egindako kalteagatik erantzun dezaten.
• Kaltetutako familiari kalteordaina.
• Berriro ez errepikatzeko bermea. Horretarako, ezinbestean, gaur egungo polizia ereduarekin
amaitu behar dugu.