2026-01-26
Blog Page 700

Eskola jangeletako GASCA enpresako langileentzat gaur ireki dute euskara ikastaroetan izena emateko epea

Ordu gutxi falta dira Euskaraldia amaitzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, baina honek ez du esan nahi ezer bukatu denik. Hain zuzen ere, LAB bere ekarpena egiten ari da lan mundua euskalduntzeko, zenbait enpresatan lortutako akordioak adibide. Horietako enpresa batean, eskola jangeletako Gascan, gaur bertan ireki dute bertako langileek euskara ikastaroetan izena emateko epea.

Eskola jangeletako GASCA enpresan langile guztiak euskalduntzeko akordioa lortu zen iaz. Aurten, bigarren urtez benetako eta doako sarbidea dute langileek euskara ikastaroetara. Gure borondatea, akordio hau etorkizunean mantentzea da.

Akordioa, enpresak eta AEKk sinatu zuten euren arten, gure laguntzarekin eta aurten berriz aurrera eraman dugu. Langileek, ikastaroen beharrizanetara gehien egokitzen den euskaltegian jasoko dituzte klaseak, goizez edo arratsaldez, ikasleen zein euskaltegiaren aukeren arabera.

Aurten, alde batetik, A1 mailako ikastaroak egongo dira, 60 ordutakoak, astean bi egunetan. Bestalde, A2, B1, B2 eta C1 mailetakoak, 120 ordutakoak, astean hiru egunetan. %75eko asistentzia eskatzen da ikastaroetan.

Iaz, 110 langilek hartu zuten parte ikastaroetan Bizkaian. Aurtengoari dagokionez, gaur hasi da izena emateko epea eta abenduaren 14ra arte luzatuko da. Gainera, Arabako langileei ere zabaldu zaie aukera. Aurten erdietsitako beste lorpen bat izan da, langileek ikastaroa gainditzen badute, maiatzean edo ekainean HABEko azterketara aurkezteko aukera izango dutela.

Auzo Lagun-en ere
GASCAkoa ez da langileei euskarazko klaseak emateko lortu den akordio bakarra. Jangeletako beste enpresa batean, Gipuzkoako Auzo Lagun-en, horrela eskatzen duten langileei euskara klaseak ordainduko dizkie enpresak, astean lau ordutakoak. Gipuzkoako kudeaketa zuzenean ere euskara ikastaroak enpresak ordainduko ditu, astean bost ordutakoak.
 

 

 

Metro Bilbaoko langileek erasoen aurka egin dute protesta

0

Sarriko geltokian langile batek jasandako azken erasoa dela eta, Metro Bilbaoko enpresa batzordeak deituta, elkarretaratze bat egin dugu gaur geltokian bertan. LAB, ELA, CIM, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok osatzen dugu enpresa batzordea.

 

 

 

Argentinan egon gara G20aren presentziaren kontra protestan

0

LAB sindikatua Argentinako hiriburu Buenos Airesen egon da azaroaren 28tik abenduaren 2a bitartean, Argentinako sindikatuekin batera, G20aren goi bilera dela eta gure desadostasuna adierazteko.

G20aren goi bilera azaroaren 30 eta abenduaren 1ean izan zen, eta mundu osoko agintariek hartu zuten parte. Hortarako Macriren gobernuak Buenos Aires hiriburua setiatu eta polizialki hartu zuen, estatu polizial itogarri bat ezarriz. Datu batek argi erakusten du estatu polizial hau zenbaiterainokoa izan den: egun hauetan Buenos Aireseko karriketan zegoen polizia kopurua Malvinetako gerran parte hartu zuten soldadu kopurua baino handiagoa izan da.

G20arekin Macrik bere politika neoliberalaren inposaketa gauzatu nahi izan du, mundu osoko agintariei etxeko lanak ongi egiten dakiela erakutsi nahian. Macri gobernura iritsi zenetik langabezia eta prezioen gorakada eta soldaten jaitsiera etengabekoa izan da. Aldi berean, herrialdea Estatu Batuetako inbertsore kapitalistei saltzen zien bitartean, erreskate baterako FMIari diru-laguntza eskatu zion, eta denok dakigu zer dakarren FMI-ak; liberalizazio ekonomikoa, prekarietatea, prezioen igoera eta gosea.

Horregatik Argentinako herria pairatzen ari den egoera larri honetan, Argentinako ezkerreko eragile politiko, sozial eta sindikalak G20aren goi bileraren aurkako egitarau oso bat prestatu zuten; tartean hainbat, hitzaldi, kontzertu, eta nola ez 60.000 pertsona bildu zituen manifestazio erraldoi bat.

Egoera honetan, LAB sindikatua Buenos Aireseko karriketan Argentinako sindikatuekin egon da, G20 eta FMIaren presentzia errefusatzen eta, aldi berean, Argentinako herriari gure elkartasun guztia adierazten.

 

 

 

Lantegi Batuak-eko langileek mobilizazioei ekin diete

Lantegi Batuak-eko enpresa-batzordeak manifestaziora deitu zuen larunbatean Bilbon, hitzarmena hobetzearen alde.

Lantegi Batuak desgaitasuna duten pertsonei enplegua ematen dien fundazioa da. 2.200 langile eta 21 lan-zentro ditu. Industria eta zerbitzu sektorean aritzen da.

Aurreko hitzarmena 2017ko abenduaren 31an amaitu zen eta 10 hilabete daramatza enpresa-batzordeak berria negoziatu nahian.

Aurrerago, 2012tik 2014ra izoztuta izan zuten hitzarmena eta 2015 eta 2017 artean %1eko soldata-igoera izan zuten urtero.

2018koa izan da enpresaren azken ekaintza, zuzendaritzaren esanetan mugitu ezinezkoa dena:

– Hitzarmena indarrean egongo litzatekeen urte bakoitzerako (2018-2020) %1,17ko batazbesteko egoera gutxien kobratzen duten kategorientzat (15.645,74 euro edo gutxiago).

– Igoerak handiagoak izan litezke lortutako emaitzen arabera. Enpresa-batzordeak ez du honekin bat egiten, Lantegi Batuak-eko langileek ez dutelako erabakitzeko ahalmenik enpresaren erabaki estrategikoetan.

– Hobekuntza urriegiak eskubide sozialetan.

Enpresa-batzordearen arabera, hau guztiz ez nahikoa da, ondorioz, mobilizazioak deitu dituzte. Larunbatekoa izan zen lehen deialdia. Hala, Jesusen Bihotzetik hasi eta Aldundiraino joan ziren protestan.

 

 

 

Langileak sindikatuaren alde apustu egiten ari dira industria arloan ere, CAF enpresan lortutako emaitzak adibide

0
Hauteskunde sindikalek aurrera jarraitzen dute, eta LAB sindikatuak emaitza oparoak bildu ditu egunotan, industria arloan ere.

CAF enpresan, LABek laugarren aldiz jarraian irabazi ditu hauteskundeak; oraingoan ere Beasain eta Irungo lantokietan zerrendarik bozkatuena izan da, eta bi lan zentroetan gora egin du sindikatuak. Beasainen, 11 delegatu eskuratu ditugu, duela lau urte baino bat gehiago; Irunen 7 delegatu lortu ditugu, azken hauteskunde sindikaletan baino bat gehiago ere. Orotara, 18 delegatu ditugu CAFen; 12, ELAk; 4, ESK-k; 3, CCOOek; eta 1, UGTk.

Hauteskunde kanpaina bat baino, azken urteetako lanari erantzuten dioten emaitzak dira hauek, eta gauza bera esan daiteke beste enpresatan lortutako babesari buruz.

Durangaldeko Tenneco enpresan, lehen indarra izaten jarraitzen dugu, alde handiarekin. LABek 9 delegatu lortu ditu, bigarren indarra den ESK baino 5 gehiago.

Gauza bera esan dezakegu Oreretako Papresa enpresan izandako emaitzei buruz. Sindikatu bozkatuena gara berriro, 4 delegaturekin.

Atarrabiako Papelera San Andres enpresan ere gara lehen indarra, 4 delegaturekin, duela lau urte baino bat gehiagorekin. Delegatu horrek eraman gaitu orain lehen sindikatu izatera.

Mungiako Mesa enpresan ere gora egin dugu. Hain zuzen ere, lehen indarra izatera pasa gara, 7 delegatu eskuratuta, duela lau urte baino 2 gehiago.

Lezoko Industrias Salva enpresan ere igoera nabarmena izan dugu. 4 delegatu ditugu orain, azken hauteskunde sindikaletan baino 2 gehiago. Hortaz, lehen indarra den ELA delegatu bakar batera dugu orain.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Hendaiako Sokoa enpresaren kasua esanguratsua da oso. Izan ere, LABek bosgarrenez irabazi ditu hauteskunde sindikalak bertan. Lehen kolegioko 16 ordezkarietatik 12 izango dira LABekoak eta bigarren kolegioko 4 ordezkarietatik, 3. Gehiengo zabala, beraz.

Elkartasuna eta antolakuntza
Horrenbestez, LAB emaitza oso onak lortzen ari da, azken urteetan osatutako ibilbidearen harira. Lan baldintzak bakarka inposatu nahi dizkiguten garaiotan, LABek irtenbide argia proposatzen du: kolektiboki erantzutea. Izan ere, eskubideak lortzeko elkartasuna eta antolakuntza da gure alternatiba, eta errezeta horrekin bat egiten ari dira milaka langile. Hala, hauteskunde sindikaletan babesa erakutsi diguten langileek ongi baino hobeto dakite antolatuta egoteari esker lortzen direla gauzak aldatzea, maila guztietan; eremu sindikal, politiko zein sozialean. Eta LAB eraldatzailea, solidarioa, ekintzailea eta eraginkorra da. Horregatik aukeratu gaituzte bidelagun.
 

 

 

Irekiera mugagabedunen merkataritza ereduaren aurka mobilizatu gara Donostian

DIA%GO denda bat ireki dute Donostian, kate honetako lehena Gipuzkoako hiriburuan. Hain zuzen ere, Loiolako erriberan zabaldu dute, eta, hori dela eta, halako dendek sustatzen duten merkataritza eredua salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu Jaietan Jai plataforma osatzen dugun sindikatuok.

Igande eta jai-egunetako irekieren kontra LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT-k osatutako plataformatik adierazi nahi dugu DIA&GO bezalako ereduen guztiz kontra gaudela. Carrefour Express, Simply 7×7, BM Urban eta Opencor dendek ere eredu bera jarraitzen dute.

Hain zuzen ere, irekiera mugagabedunen komertzio modelo hauen erabat kontra gaude, merkataritza sektorea bultzatu ordez, langileen lanaldia malgutu eta es­plotatu egiten dituztelako. Langile batzuen beharrizanaz eta prekarietateaz baliatzen dira 365 egun irekiak dauden dendak ezarri edo goizeko 08:00etatik gaueko 23:00ak arte ordutegien handitzeak ezartzeko. Auzo eta herrietako merkataritza eta, ondorioz, sektoreko enplegua suntsitzen dute, soilik kate handietako jabeak aberastuz.
 

 

 

Langileen egonkortasuna berma dezala eskatu diogu Euskal Herriko Unibertsitateari

0

EHUko LABek elkarretaratze bat egin du Ingenieritza Eskolan, Bilbon, "Eusko Jaurlaritza: UPV/EHU ez ito! Beharrezko Finantzazioa Langileen Egonkortasuna, orain!" leloarekin.

Hauxe da, elkarretaratzearen harira, EHUko LABek osatu duen oharra:

Krisialdia igaro omen da, agintari politikoen ahotan. Langabezia-tasak beheraka egin badu ere, langile berrien lan baldintzak modu lotsagarrian suntsitu direlako izan da, eta beste langile askok lana bilatzeari uko egin diotelako. Galdetu gazteei.

Bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera jarraitzen du, eta horren adibide, Jaurlaritzak 2019rako prestatu duen aurrekontu proiektua. Cristina Uriarte Hezkuntzako Sailburuaren esanetan, ez da errealista EHUk Jaurlaritzari eskatzea krisiaren aurreko diru ekarpen berdina. Zergatik? Guk kontrakoa uste dugu. Hona hemen datuak. 2019ko aurrekontuak 2010ko datuekin alderatuz: Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoa + %14; UPV/EHUk jasotzen duena -% 8.

Are gehiago, EAEko azken datuekin alderatuz, Jaurlaritzak prestatu dituen aurrekontuetan, BPGren (PIB) % 0,56ko ekarpena besterik ez zaio egiten Unibertsitate Sistemari (Unibertsitate Hezkuntza, Sustapena eta Ikerketa partidak bilduta, eta unibertsitate pribatuak ere sartuta). Europar Batasunean datu hau % 1,5ekoa da, eta ELGEko (OCDE) estatuetan % 1,6koa.

Langile publikoen soldatek 2010ean jasan zuten % 5eko beherakada ez da guztiz berreskuratu, erosteko ahalmena oraindik ere orduan baino % 13 txikiagoa baita. Irakasle-Ikertzaileen soldata duintzeko ezinbestekoak diren osagarriak behin eta berriro saboteatzen dira. Ikertzaileen egoerari erreparatuz, arazoa larriagoa da: doktore aurreko ikertzaileen soldatak baxuak izateaz aparte, langile publikoen soldatei aplikatzen zaizkien urteko igoera ukatzen zaie. Doktore ondokoen kasuan, oso gutxi dira ikertzaile iraunkorrak. Kalitatezko goi mailako hezkuntza, berrikuntza, garapena,… helburu ederrak paperean, ezinezkoak baliabiderik gabe.

Kalitatezko unibertsitate bikaina aldarrikatzen da, baina horretarako baliabideak murrizten zaizkigu. Azken unibertsitate planaren arabera, administrazio eta zerbitzuetako 100 kontratu oraindik behin-behinean mantentzen dira, lanpostuen zerrendako plaza noiz bilakatu zain. Espainiako estatuko unibertsitate publikoen artean, EAEkoa da AZP kopuru txikienetakoa duena irakasle-ikertzaile bakoitzeko. Estatuko herrialdeekin alderatuz, adierazle desberdinetan askoz hobe gaudela harro esaten dute gure agintariek. Eta hau ez da adierazle adierazgarria? Zer nolako kalitatea eskaini daiteke horrela? zer bikaintasun?

Lehendakariak zioen, enpresaren ikuspegitik gainditu egin dela azken krisialdi ekonomikoa. Urkulluk aipatzen zuen 2014az geroztik BPGa etengabe ari dela hazten 17 hiruhilekotan. Baina agerraldi berean honakoa zioen ere: “hiru erronkatan jarraitu behar dugu lanean: enplegua, enpresa-ehuna eta berrikuntza”. Krisialdia enpresaren ikuspegitik gaindituta dago, baina gure agintariek irakaskuntza publiko unibertsitarioa zigortzen dute. Adibidez, unibertsitate pribatu baten medikuntza fakultate berriari Bilbon kokatzeko ate guztiak zabaltzen ari zaizkio eta EHUri medikuntza fakultate publiko berriaren kostuaren % 30a bere baliabide propioetatik jartzera behartu nahi zaio. Bitartean, EHUko medikuntza fakultate berria urteak direla geldituta, finantzaziorik gabe.

Eusko Jaurlaritza: UPV/EHUrentzako beharrezko finantziazioa bermatu!!!

 

 

 

Aste honetarako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan deitutako lau greba egunek eta plazaratutako aldarrikapenek babes zabala jaso dute

Patronalek grebara eraman gaituzten aldarrikapenei erantzun esanguratsurik eman ezean, mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko. Gasteizen mobilizatu gara gaur, laugarren greba egunaren harira.

IƱigo Cabacasen kasuko epaiarekin egindako injustizia salatu eta mobilizaziorako deia egin dugu

0

Atzo ezagutu zen Iñigo Cabacasen kasuaren inguruko epaia. LABen iritziz, epaia ez da bidezkoa eta ez da justiziarik egin.

Epaiketa hasi aurretik 4 printzipio zehaztu genituen epaiketan bete beharrezkotzat, ardura penal de politikoak eskatuz:

– Gertatutakoaren egiaren aitortza.
– Justizia; erantzuleek inolako pribilegiorik gabe egindako kalteagatik erantzun dezaten.
– Kaltetutako familiari kalteordaina.
– Berriro ez errepikatzeko bermea. Horretarako, ezinbestean, gaur egungo polizia ereduarekin amaitu behar dugu.

Epaiketa amaitu eta epaia atera ondoren ikusten dugu horrelakorik ez dela bete, eta agerian geratu dela Cabacas hil zutenen inpunitatea.

LABek dei egiten du epaiaren aurka eta justizia eske egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Besteak beste, Iñigo Gogoan ekimenak antolatu duena gaur arratsaldeko 17etan, Bilboko epaitegien aurrean.