2026-06-17
Blog Page 7

Kubaren aldeko elkarretaratzea eta eguzki-panelak bidaltzeko kanpainaren amaiera ekitaldia Bilbon

AEBen blokeo itogarria nozitzen ari den herrialdeari eguzki-plakak erosten laguntzeko helburuz abiatu genuen Argia eta indarra Kubarentzat kanpainaren amaiera ekitaldia izango da larunbatean, hilak 30, Bilboko udaletxearen aurrean. Horrekin batera, Kuba: Genozidioa gelditu lelopean elkarretaratzea egingo dugu, AEBen blokeo itogarria salatu eta uhartearekiko gure elkartasuna berresteko.

Euskal Herria-Kuba Ekimenak, Euskadi-Cuba elkarteak eta Hegoak plataforma internazionalista osatzen dugun eragileok abiatu genuen kanpaina martxoan, eta zer nolako emaitza izan duen jakitera emango dugu larunbatean. Aurreikuspenak gainditu dituela aurreratu dezakegu jada. Ekitaldian zehar hainbat artistak hartuko dute parte.

Lorturiko diruarekin erosiko diren eguzki-energiako instalazioak Habanako Pediatria Ospitaleari laguntzeko izango dira. Bada, bertako medikua da Aleida Guevara, Ernesto Che Guevararen alaba, eta Euskal Herriari esker oneko mezua helarazi dio. Bere esanetan, “gure haurren irribarreari eusten laguntzeko” ekarpena da kanpainaren bitartez eginikoa.

Post by @LABsindikatua@mastodon.eus
View on Mastodon

Izan ere, jakina denez, muturreko egoera bizitzen ari da Kubako uhartea gaur egun, setio energetikoa, zigor ekonomiko gogorrak eta AEBetako Gobernuaren esku-hartze militarraren mehatxua tarteko. Kubatarrek beren subiranotasuna entregatzea da metodo krudel horien bidez Trumpek lortu nahi duena. Hala, adibide gisa, beharrezko medikamentuen heren bat baino ez dago egun eskura, 96.000 pertsona baino gehiago daude ebakuntza baten zain, eta haurren heriotza-tasa %148 igo da. Horrez gain, egun osoko argi eta ur mozketak daude, pobrezia eta emigrazioa handitu dira eta oinarrizko hainbat zerbitzu (garraioa edota zabor bilketa, esaterako) ezin dira aurrera eraman.

Dohaintzak egiteko eta sinatzeko aukera zabalik

Gogorarazi behar dugu oraindik ere badagoela aukera kanpainaren baitan diru-ekarpenak egiteko. Bi bide daude irekita horretarako:

– Transferentzia Euskadi-Cubari: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa)

– Bizum 04713 kodearekin (sakatu ‘dohaintza’)

Bestalde, Kubako herriari eta bere subiranotasunari babesa emateko online sinaduren nazioarteko kanpaina ere babesten dugu, mugimendu sindikalak bultzatua eta maiatzaren 2an Habanan eginiko Nazioarteko Elkartasun Konferentzian iragarria.

Atxikipenak plataforma honen bidez egiten dira: https://www.firmoporcuba.com/

LABek eta ELAk lanuztera deitu dute Eusko Jaurlaritzan hitzarmen duin baten alde

LAB eta ELA sindikatuek hiru orduko lanuztera deitu dute ekainaren 16an. Azken hilabeteotan negoziazioetan ez da benetako aurrerapausorik eman, Jaurlaritzako langileen aldarrikapen nagusiei erantzunik ez zaielako eman.

Duela 15 urte sinatu zen gaur egun indarrean dagoen hitzarmena, eta ordutik Jaurlaritzako langileen lan baldintzak atzean geratu dira inguruko administrazioetakoekin alderatuta. Bien bitartean, administrazioak aldebakarrez hartu ditu erabaki ugari: lan-poltsen kudeaketa arbitrarioa, adinagatiko neurrien blokeoa, laboralen eskubideen aurkako erasoak, C1-C2 taldeen berrantolaketa, euskararen babesgabetasuna edota kolektibo ezberdinen gatazken kudeaketa eskasa, besteak beste, Ibaiondo, Eustat edo ikastetxeetan lan egiten duten langileena.

LABek eta ELAk argi daukate egoera hau ezin dela gehiago luzatu. Eusko Jaurlaritzako langileek merezi dute eskubideak eguneratuko dituen hitzarmen berria, eta horretarako mobilizazioa ezinbestekoa izango dela berresten dute.

Lanuzteen bidez, LABek honako aldarrikapen hauek mahai gainean jarri nahi ditu:

  • Urteko eta asteko lanaldia murriztea.
  • Galdutako erosahalmena berreskuratzea eta hemen negoziatutako soldata igoerak adostea.
  • Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzea.
  • Adinagatiko neurriak ezartzea.
  • Benetako kontziliazio neurriak eta ordutegiak garatzea.
  • Lan osasuna lehentasun bihurtzea.

Administrazioak ez badu norabidea aldatzen, langileen mobilizazioak izango dira egoera hau iraultzeko tresna. Horregatik, LABek eta ELAk dei egiten diete langile guztiei lanuzteetan parte hartu eta mobilizazio dinamikan aktiboki inplikatzera. 

Enplegu zentro berezietako langileek negoziazioa blokeatuta dagoela salatu, eta akordioa eskatu dute EAErako, Espainiako Estatuko hitzarmenaren inposizioa saihesteko

Patronalak EAE mailan enplegu zentro berezietako lehenengo lan hitzarmena negoziatzeko aukera ukatzen du. Hori dela eta, LAB, ELA eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilboko auzitegiaren aurrean.

Agerraldi horren bidez, sektoreko langileek jarraipena eman diote martxoaren 14ko mobilizazioari; orduan, hemen erabakitako 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egin zen greba orokorraren bueltan mobilizatu ziren. Oraingoan, berriz, LABek, ELAk eta ESK-k patronalaren kontra jarritako salaketaren ondorioz egin den epaiketa dela eta egin dute protesta. Hiru sindikatuek enpresariei leporatzen diete 13.000 langile baino gehiagori lan eta bizi baldintzak negoziatu eta hobetzeko duten eskubidea urratu izana.

Sindikatuek gogoratu dute enplegu zentro berezien sektorean aspaldidanik galdegiten ari direla negoziatzeko esparru propiotik sortuko den hemengo hitzarmen bat, langileei bizi duin eta autonomoa garatzeko aukera emango dieten lan baldintzak izateko.

Izan ere, gaur egun, langileen %80 baino gehiago ozta-ozta iristen da hileko 1.500 euroko soldatara, eta kasu askotan ordainsaria Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareraino osatzen dute. Errealitate horrek agerian uzten du sektorean pairatzen den egiturazko prekaritatea.

Halaber, LABek, ELAk eta ESK-k adierazi dute administrazio publikoek erantzukizun zuzena dutela kolektibo honen garapenerako beharrezkoak diren lan- eta bizi-baldintzak bermatzerakoan. Haatik, salatu dutenez, irtenbideak bilatu ordez, administrazioek eredu horri eusten diote. Horrek sektoreko prekaritatea iraunarazten du.

Gainera, sindikatuok nabarmendu dute erakundeek bermatu behar dutela langile hauek ohiko enplegua izateko aukera, eta enplegu zentro berezietako jarduera aldi baterako izan dadila, ez behin betiko.

Horregatik, LABek, ELAk eta ESK-k galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta sektoreko patronalei zinezko gogoeta egin dezatela egungo ereduaren inguruan. Negoziazio mahaia eratu behar da EAEko sektoreko lehen hitzarmena lortzeko.

Zamaketarien sindikatuen adierazpena: “Ez gara gerren katebegi bihurtuko”

Europa eta Mediterraneoko 35 portu baino gehiagotako zamaketarien sindikatuk hartu dugu parte pasa den maiatzaren 18 eta 19an, Istanbulen egin dugun Zamaketarien Sindikatuen Nazioarteko III. Topaketan.

LAB Sindikatua aktiboki aritu da ikasturte honetan zehar egin diren nazioarteko topaketetan. Udazkenean ekin genion bideari Italian eta ondoren etorri dira Grezia eta Turkiako jardunaldiak. Helburua bat eta bakarra; artikulazio internazionalista portuetako langileok ez gaitezen mendebaldeko inperialismoaren, gerraren eta kapitalismoaren konplize izan.

Gobernu ezberdinek, AEBek, NATOk, EBk eta monopolioek langileak konplize bihurtu nahi gaituzte herri osoak suntsitzeko eta hiltzeko arma eta material militarraren garraioan. Ordea, aho batez aldarrikatu dugu ez diegula mesede hori egingo.

Otsailaren 6an, lehen aldiz, 7 herrialde eta 20 portutan antolatu genuen greba eta nazioarteko borroka eguna mugarri historikoa izan zen. Portuetako langileok mezu indartsua bidali genuen inperialisten gerren alde lan egiten ez dugula esanez. Hura, mugarri bat gehiago baino ez zen izan, bertan parte hartu dugun sindikatuontzat. Izan ere, Istanbulen erabaki dugu datorren udazkenean bigarren borroka ziklo bati bide emango diogula. Horretarako, manifestu bat sortu dugu Genovan hasitako bideari jarraipena eman, eta Europa eta Mediterraneoaz gaindiko lurraldeetako langileek ere, horrekin bat egin eta mobilizatzeko deia zabaltzeko. Horixe izan da, hain zuzen, Instanbulen egin duguna.

Eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu bertan hartu gaituzten Liman-IS sindikatuko kideei eta baita Enedep (Grezia), USB (Italia) eta ODT (Maroko) sindikatuetako gainontzeko kideei ere.

Otsailaren 6ko mobilizazio historikoak bidea erakutsi zuen, hurrena urrats bat gehiago emango dugu!

Zamaketariok ez dugu gerrarako lan egiten!
Herrientzako portuak eta bakea; ez inperialisten baseak!

Jarraian ikus dezakezue adierazpen bateratua:

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileak greban, soldata-arrakala onartezina desagerrarazteko borrokan

Azpikontrata baten bidez lan egiten duten behargin hauen lana funtsezkoa da hainbat eta hainbat zerbitzuren funtzionamendu egokirako. LABek, ESK-k eta ELAk deituta, hilabeteko greban daude orain, enpresari eta udalari exijitzeko dagokien erantzukizunari hel diezaioten. Agerraldiaren ostean Zazpi Kaleetan kokatutako La Bolsa eraikinera abiatu dira, hura okupatu eta beren borroka ikusarazteko asmoz.

Jarrian irakur daiteke gaur goizean langileek eginiko agerraldian esandakoaren testua:

“Bilboko eskolak eta gainerako udal zentroak garbitzen dituzten pertsonak gara. Ez gara udal langileak, ezta hezkuntzakoak ere, baina azpikontrata baten bidez egiten dugun gure lanak eskola eta udal-zentroen funtzionamendua ahalbidetzen du. Guk garbitzen ez badugu, ezinezkoa izango litzateke eskoletan klaseak ematea, udal-zentroetan yoga egitea, liburutegietan ikastea edo Erriberako merkatuan erosketak egitea. Ohituta gaude eraikinak bakarrik garbitzen direla pentsatzera, eta inor ez konturatzera goizeko 6etan fregona eskuan lan egiten dugula, inork ikusten ez gaituenean, eguna hasten denean dena garbi egon dadin. Baina txukuntasun horren atzean garbitzaile bat egoten da beti, mundua funtzionatzen hasi baino lehen esnatzen dena.

Bilboko Udalak azpikontratatuta ditu zerbitzu gehienak, baita udal-zentroak garbitzeko zerbitzua ere, FCC multinazionalarekin. Zerbitzu horrek, BIO ERAIKIGARBI ABEEren izenpean, prekarizatu egiten gaitu, astean 20 ordura iristen ez diren lanaldiak eskainiz, gure bizkar lan-karga jasanezinak jarriz, erretiratzen diren pertsonen lanpostuak amortizatuz eta generoagatik diskriminatuz, kontratatzen dituzten gizon apurrei lanaldi osoak emanez eta emakumeak lanaldi lotsagarrietara kondenatuz.

Udal hori bera eta multinazional hori bera dira, aldi berean, BIO GARBIKETA ABEEren arduradunak, zeina BILBOGARBI izenez ezagunagoa baita. FCC enpresak, udalaren oniritziarekin, aste barruko lana antolatzen du lanaldi osoekin eta gureak baino %80 handiagoak diren soldatekin. Plaza bat garbitzeak ikastetxe bateko patio bat garbitzea baino diru gehiago balio al du?

Udal-zentroetako garbitzaileok antolatzeko eta dagokigunaren alde borrokatzeko erabakia hartu dugu, eta argi eta garbi esaten dugu BILBOKO UDALAK SOLDATA-ARRAKALA DIRUZ LAGUNTZEN DUELA. FCCri eskatzen diogu, besteak beste, honako puntu hauek NEGOZIATZERA ESERTZEKO:

– Kaleak eta eraikinak garbitzearen artean dagoen soldata-arrakala amaitzea, Bilboren kasuan %80koa dena.

-Kale-garbiketako aparteko ordainsari berberak izatea.

-Adostea enpresak ez duela astean 25 ordu baino gutxiagoko kontraturik egingo, prekaritatera ez kondenatzeko edota beste lan batzuk bilatzera ez derrigortzeko.

-Txanda-kontratuaz baliatu ahal izatea, garbiketa ahalegin fisiko handiko eta adineko sektorea da eta.

– Euskara-plan bat negoziatzeko konpromisoa.

– Lanpostu hutsen sistema bat, lankideak erretiratzen direnean edo lanpostu libreak geratzen direnean gure lanaldiak edo lanpostuak hobetu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, bost aste daramatzagu greban otsailetik, eta beste hiru aste ditugu deituta ekainera arte. Enpresa, negoziazioa hilabete luzez blokeatu ondoren, merezi ditugun baldintzak negoziatzera eseri dadila eta gobernu-taldeak dagokion erantzukizuna bere gain har dezala exijituko dugu, eta behar diren neurriak hartuko ditugu egun dagoen soldata-arrakala desagerrarazteko, bai eta alderdien artean bitartekotza egiteko eta FCC enpresari akordio bat lortze aldera eser dadin eskatzeko ere. Ez gara geldituko enpresa merezi ditugun baldintzak negoziatzeko eseri arte.

GORA BILBOKO ERAIKIN PUBLIKOETAKO GARBITZAILEON BORROKA!”

Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak eragindako bortizkeria salatzen du LABek

LABek bere elkartasuna adierazi nahi die gaur eguerdian Loiuko aireportuan Ertzaintzak kolpatutako eta atxilotutako Global Sumud Flotillako kideei eta heiei babesa erakustera hurbildutakoei, eta atxilotuak lehenbailehen aske utz ditzaten exijitzen du.

Era berean, LABek irmo salatzen du Ertzaintzak Palestinaren aldeko ekintzaileei harrera egiteko antolatutako ekitaldian izandako jokabide bortitza. Global Sumud Flotillako kideei herritarrek eta ingurukoek babesa eta eskertza erakusteko momentua behar zuena lehertu egin du Ertzaintzak, inolako justifikaziorik gabe eta indarkeria handia erabiliz.

Horregatik, Loiun gertatutakoaren gaineko azalpenak eman ditzan eta erantzukizunak har ditzan eskatzen dio LABek Eusko Jaurlaritzari.

Euskal arrantzale bat hil da Senegalen, ATUNSA enpresarentzat lanean ziharduela aurten hil den bigarren langilea

LABek jakin berri du ATUNSA Bermeoko enpresarentzat lanean ziharduen 45 urteko A.A.C arrantzale lekeitiarra hil egin dela Senegalen, Dakar inguruko uretan. Heriotza ez traumatiko moduan izendatu dute lan heriotza, eta aurten enpresa horretan heriotza ez traumatikoz hildakoa bigarren langilea da zendutakoa. Lehena urtarrilean izan zen. 2026an, denera, gutxienez 33 langilek galdu dute bizia lanean.

Ezer baino lehen, LAB sindikatuak bere elkartasuna eta samina adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.

Istripu mota hauek aztertzeko eta argitzeko ikaragarrizko trabak eta gardentasun eza izaten direla salatu nahi du LABek. Era berean, LABek nabarmendu nahi du heriotza ez traumatikoen atzean hainbat faktore daudela eta lan karga, erritmoak, estresa eta jarduera mota honetan presente dauden faktoreek eragin zuzena dutela.

LABek irmo salatu nahi du heriotza hau. Izan ere, arrantza sektorean izaten diren eskubide urraketek erabateko eragina izan ohi dute heriotza mota hauetan: hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko jardunaldiak, arrantzaren beraren lan neurri gogor eta arautu gabeak…

Arrantza politikak ere eragin zuzena du lan baldintzetan. Jakina da hemengo enpresak direla beste lurralde batzuetako itsasoak ustiatzen dituztenak hemengo agintarien laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzak apustu neurrigabea egiten duela atunontziak eta altura handiko flota kudeatzen duten enpresei laguntza eskaintzeko, bestelako arrantza motak, hala nola baxurako arrantza, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak, gutxietxiz eta plan estrategiko baten beharrean itoz. Arrantza sektore guztiak behar du lan baldintzen aldaketa eta arautze legala. Duela 500 urteko araudiekin eta ohiturekin lanean aritzea ez da zilegi, eta lan baldintzak arautzeak eragina izango luke istripuen eta heriotzen tasan.

Horregatik LABek enpresei exijitzen die laneko osasun baldintza egokiak bermatu ditzaten, eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari exijitu nahi dio ereduaren inguruko norabide aldaketa egin dezan eta laneko osasuna bete dadin berma dezan.

Ezkabako 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela ohartarazi du LABek eta etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak exijitu ditu

LABek Txantrea auzoko Ezkabako auzokideekin elkartu zen berriz ere atzo arratsaldean, 2027rako aurreikusita dagoen babes ofizialeko 190 etxebizitzaren berehalako deskalifikazioa salatzeko eta Nafarroako Gobernuari etxebizitzarako sarbidea eta egonkortasuna bermatuko dituzten premiazko neurriak eskatzeko.

Ezkabako etxebizitza horien deskalifikazioa ez dela kasu isolatua ohartarazi du sindikatuak, iraganeko etxebizitza politiketatik eratorritako egiturazko arazo baten adibidea baizik. Egoera horri esker, etxebizitzak merkatu librera pasatzen dira prezio mugarik gabe, eta horrek, LABen arabera, atea irekitzen die alokairuen neurriz kanpoko igoerei, kontratu ezegonkortasunari eta bertako familiak kanporatzeko arriskuari.

Erakunde sindikalak azpimarratu du etxebizitza ezin dela “soilik etekin ekonomikoaren logikari lotutako merkatu ondasun gisa tratatzen jarraitu”, eta erakunde publikoek babestu eta bermatu behar duten oinarrizko eskubidea dela defendatu du.

Zentzu horretan, “Higiezinen Patronala” delakoa salatu du LABek, eta langile klasearen ahalegin ekonomikoaren kontura irabaziak lortzea leporatu dio. “Irabazi izugarriak lortzen dituzten bitartean, ehunka familia kalean gera daitezke”, adierazi du sindikatuak, higiezinen espekulazioarekin amaitzeko eta diru publikoarekin eraikitako etxebizitzek esku pribatuetan edo putre funtsen eskuetan ez bukatzeko eskatuz.

Hori dela eta, sindikatuak lau eskaera nagusi helarazi dizkio Nafarroako Gobernuari. Lehenik eta behin, datorren urtean etxegabetzerik ez egitea exijitzen du, egoera konpondu bitartean. Bigarrenik, kaltetutako etxebizitzak desjabetzea eskatzen du, deskalifikatzea saihesteko eta alokairu sozialeko parke publikoan geratzea bermatzeko, titulartasun eta kudeaketa publiko iraunkorreko ereduen bidez.

Era berean, alokairuaren prezioen jaitsierak arautzea planteatzen du, biztanleriaren errealitate ekonomikora egokitzeko eta espekulazio dinamikak geldiarazteko. Azkenik, alokairu-kontratu mugagabeak ezartzea proposatu du, egungo urteko berritzeak ordezkatzeko, ziurgabetasuna eta bizitegi-prekaritatea sortzen baitute.

LABek babes mezua helarazi die Ezkabako bizilagunei ere, eta mobilizatzen jarraitzera animatu ditu, “bidea luzea izan arren, gatazka honen garaipena gurea izango dela” ziurtatuz.

Bilboko garabietan segurtasuna eta zerbitzu ona bermatzeko neurriak bete daitezen exijitzen dugu

LABek eta ELAk publikoki salatzen dugu Vectalia Park S.L. enpresak kudeatzen duen Bilboko garabien zerbitzuaren egoera larria, langileen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duten hainbat akats ofizialki egiaztatu ondoren.

Bizkaiko Lan Ikuskaritzak berriki egindako txostenak duela urte batzuetatik salatzen ari garena berresten du: Vectalia Parkek lanerako darabiltzan ibilgailuen egoera onartezina da, ez ditu prebentzio-betebeharrak betetzen eta plantillari presio egiten dio gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen ez dituzten garabiekin lan egiteko.

Dokumentu ofizialak, besteak beste, honako hau jasotzen du: “ibilgailuetan segurtasun-gabeziak daude, langileak arriskuan jartzen dituztenak”, eta “lan-ekipoak erabiltzeari utzi beharko zaio, baldin eta narriadurak, matxurak edo funtzionamenduaren segurtasuna arriskuan jartzen duten bestelako egoerak gertatzen badira”.

Era berean, Ikuskaritzak egiaztatu du Vectalia Parkek langileak behartzen dituela askotariko arriskuak dituzten garabiak erabiltzera: zabalera handiegiko palak, aginteak alderantziz dituztenak, apurtutako eserlekuak, manipulatutako sistema elektrikoak eta CE markarik eta gehieneko kargaren seinalerik gabeko gailu garraiatzaileak. Txostenak hitzez hitz jasotzen ditu halakoak: “XXXX ibilgailuaren eskuko balaztak gaizki funtzionatzen jarraitzen du”, eta “soldadurek huts egin ohi dute […] zirkulazioan dagoela gerta daiteke, auto bat garraiatzen duten bitartean”.

Horrez gain, “ordezkapen-ibilgailurik ez egoteak ekipoak erabiltzeko nolabaiteko presioa eragiten du, nahiz eta horiek gorabeheraren bat izan”.

Egiaztapen horiek egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak 9.800 euroko zehapen larria ezarri dio Vectalia Parki, laneko arriskuen prebentzioaren arloko arau-hauste horietarako aurreikusten den gehieneko zenbatekoa.

Zehapen horrek ofizialki berresten du enpresak segurtasun-araudia urratu duela, langileak arriskuan jarri dituela eta funtsezkoa den zerbitzu publikoa arriskuan jarri duela.

Txostenak adierazten du, halaber, Bilboko Udalak ez dituela kontratuan hitzartutako bi garabi gehigarriak entregatu, eta horrek egoera larriagotzen duela eta segurtasuna bermatzeko enpresak izan dezakeen gaitasuna mugatzen duela. Ikuskaritzak jasotzen duenez, “Udalak jarri bi garabi jarri behar zituen […] baina ez da oraindik gauzatu”.

LABek eta ELAk Udalari exijitzen diogu dagokion erantzukizuna bere gain har dezala, beharrezko bitartekoak berma ditzala eta langileen eta herritarren segurtasunari zuzenean eragiten dion egoera baten aurrean beste aldera begiratzeari utz diezaiola.