2026-07-24
Blog Page 682

Barazarren hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu gehiengo sindikaletik

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUtik garraio sektorean ez ezik, lan munduan ezarri den prekarietatea salatzen jarraituko dugu eta horretarako, elkarretaratzea egingo dugu datorren asteartean, maiatzak 28, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean goizeko 11.30ean. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu atzo Barazarren lan istripuan hil zen gidariaren senide eta lagunei.

Garraiolari eta gidarien lan istripuak errepideko istripuen zenbatekoen atzean eskutatzen saiatzen dira askotan. Zergatik apaindu zenbakiak? Erantzuna erraza da: zenbatekoak beldurgarriak dira. 2018an 68 pertsona zendu ziren lan istripuan. 24 errepidean. 15, garraiolariak. 2019an 20 dira jada lan istripuan hil diren pertsonak. Lau aste honetan bertan. Gainera, beste askotan, lehenengo ematen den berria errepidea itxita dagoela da: istripua izan duten pertsonen egoera garrantzitsua- goa ez al da ba?

Presa, estresa, bidaien salneurri baxuak, ezinezko ordutegiak, lan egun luzean, egin behar ez luketeen eta askotan beharturik dauden kamioi zamaketa eta hustuketa lanak eta garraio mer-
ke eta isilaren bila administrazioaren utzikeria sektorearekiko dira, besteak beste, egoera honen erantzuleak. Lan baldintzak ez dira onak, prekarietatea garraiolarien egunerokoa da.

Garraioak berehalako erregulazioa behar du, kooperatiba faltsurik gabeko sektorea, ia esklabutzan bizi diren gidaririk gabeko sektorea; garraioa duintasunez eta era seguruan egitea beharrezkoa dela alda- rrikatzen dugu, beste behin ere. Zer egiten dute bitartean administrazioek? Beste aldera begiratu. Sektorea zentzuz erregulatu beharrean, garraio merkea besterik ez dute nahi, baldintzak alde batera utzita. Lanean hiltzen ari gara.
 

 

 

Berretsi egin dugu Nafarroako Administrazio Publikoan dugun gehiengo sindikala, bigarren indarraren ordezkari kopurua ia bikoiztuta

0

Nafarroako Administrazio Publikoan atzo egindako hauteskunde sindikaletan LAB lehen indarra izan da berriz ere. Emaitzak emaitza, gauza bat berretsi nahi dugu: Nafarroako Administrazioetako langile guztien eskubideak defendatzen segituko dugula eta gure esku dagoen guztia egingo dugula 2015ean hasitako aldaketan sakontzeko, Nafarroak behar duelako.

Hona hemen atzoko emaitzak, atalez atal:

Irakaskuntza arloan, LABek gora egin du bai ordezkarien kopuruan (11 izatetik 12 izatera pasatu gara), baita lortutako boto kopuruan ere. 900 bototik gora lortu ditugu lehenbiziko aldiz, emandako boto guztien ia % 20. Horri esker, irakaskuntza arloko lehenbiziko indarra izaten segitzen dugu.

Osasunbidean, lan kontratudunak kontuan hartu gabe (hauen hauteskundeak 2020an eginen dira), LABek duela lau urte lehen aldiz erdietsi zuen garaipena berretsi egin du. Ordezkari kopurua mantendu egin du (13 osotara), botoen %20tik gora lortuz.

Administrazioko gainerako eremuetan, hau da, Administrazio Erroan, PAGNAn, Babes Zibilean eta Suhiltzaileetan, Justizian, Ogasunean, Nafar Lansaren, Kirol eta Gazterian, NOPLOIn, Euskarabidean eta Foruzaingoan (azken honetan ekainean izanen dira hauteskundeak), 2015ean lortutako ordezkari kopuruari eutsi diogu: guztira, 42.


PAGNAn eta Babes Zibila-Suhiltzaileetan gehiengo nabarmena lortu dugu. Aipagarria da, orobat, Euskarabidean lortutako emaitza, non jokoan zeuden 7 ordezkarietatik 5 lortu ditugun (eremu hori estreinako aldiz eratu da hauteskunde hauetan).

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan ere zer ospatua badugu, bigarren indarra izatetik lehenengo indarra izatera pasatu baikara, eta NOPLOIn gehiengoari eutsi diogu.

Jasotako boto kopuruak ere argi erakusten du LABek harrera ona izan duela Administrazioko langileen artean, guztira 156 boto gehiago lortu ditugulako: 2015ean 1041 boto lortu genituen, eta 2019an, berriz, 1197.

2015ean lortutako gehiengoa berrestea izan da hauteskunde hauetarako LABen helburu nagusia. Ordukoa liskar handiko unea izan zen, UPNk eta PSNk Administrazioko langile guztioi ezarri zizkiguten murrizketak zirela kausa.

Orain, ordea, 2015ean lortu genuen sostengu handiari esker, egoera bideratzen hasi da: murrizketa askori buelta eman diegu, kolektibo asko mailaz igo dira, E maila desagertu da… Hori guztia, bistan da, ezinezkoa izanen zen babes itzel hura gabe, urteotan ere egunero-egunero zuengandik sentitu duguna.

Baina gure lana ez da hor bukatzen: lanean segitzen dugu Administrazioko langile guztien baldintzak hobetzeko asmoz.

Eta hala segitu nahi dugu, garbi daukagulako gauza asko hobetu behar direla oraindik: langile guztiak 3 mailatan (A, B eta C) kokatuko dituen langileen estatutu berri bat erredaktatzea; lapurtu ziguten erosahalmena berreskuratzea, lanbide karrera maila guztietara hedatzea; langile finkoen eta behin-behinekoen soldatak parekatzea (gradua, lanbide karrera…), aldez aurreko erretiroa ezartzea, euskararen egoera Administrazioan normalizatzea, eta abar, eta abar.

Helburu horiek lortzeko, baina, legealdi honetan izan dugun Gobernuak erakutsitako sentiberatasun bera edo handiagoa duen gobernu bat behar dugu.

Erabat etsigarria litzateke enplegatu publiko guztientzat UPNren garaietako gobernuaren ildo beretik jotzen duen beste gobernu bat aurkitzea, haren ekimenez gure erosahalmena % 15 inguru jaitsi baitzen.


 

 

 

Odolusteak ez du etenik: beste bi langile hil dira, eta jada lau dira aste honetan hildakoak

Lan heriotzen odolusteak bere horretan jarraitzen duela genion astelehenean, Zestoan eta Zarautzen izandako bi lan istripu hilgarrien harira. Bada, odolusteak ez du etenik, gaur beste bi langile hil baitira; langile bat, Aceros Olarra enpresan; eta garraiolari bat, Barazarren, berre kamioiak beste kamioi baten aurka talka egin eta gero. Beste kamioian zihoan gidaria ospitalera eraman dute, larri zaurituta. Beste bi lan heriotza hauek gertatu diren egunean, euskal gehiengo sindikaletik elkarretaratzea egin dugu Azpeitian, astelehenean hildako langileak gogoan. Bitartean, instituzioek eta patronalek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute; hauteskunde kanpainan murgilduta bete betean, prekarietatea eta lan osasuna gutxiesten, gainera. Bada, aurten, 20 langile hil dira, gutxienez, Euskal Herrian.

 

 

 

Foru Gobernuaren inposaketaren eta jarrera autoritarioaren kontra mobilizatu dira Gipuzkoako Aldundiko langileak

Gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak Askatasun Etorbidea eta Bulebarrean zehar mobilizatu dira, Donostian. Hain zuzen ere, Aldundi honetan inoiz gertatu ez dena salatu dute: gaur egun Foru Gobernuan dauden EAJ eta PSE alderdiek beraien lan baldintzak aldebakarrez inposatu dituzte. Gainera, lan soldata berreskuratzeko neurriei eta aurre erretiroen bidez lana banatzeari uko egin diotela salatu dute langileek. Neurri horiek dagoeneko Bizkaia eta Arabako Foru Aldundietan erabiltzen ari dira alderdi berberen babesarekin, zentzurik ez duten desberdintasunak aplikatuz.

Hauxe da Gipuzkoako Foru Aldundiko Langile Batzordeak igorritako oharra:

PNV eta PSEren Gobernu honek ALDEBAKARREZ onartu du bere funtzionarioen lan baldintzak arautzen dituen Testu Bategina. Horrelako INPOSAKETA gogor eta orokorrik ez da ezagutu inoiz Gipuzkoako Foru Aldundian. Jarrera AUTORITARIOA nagusi DENON GIPUZKOAN BIZI GARELA dioten agintarien aldetik. Ez dute langileon ADOSTASUNIK nahi, ezta negoziazio kolektiborako eskubiderik ere!!

Azken 2 urte hauetan agerian geratu den bezala, ez da benetako negoziatzeko borondaterik egon eta ez dugu horrelako erabakirik onartzen, INPOSAKETARIK EZ!!!
2011.urtean, garai haietan izan genuen zuzendariak esan zuen ez zuela hitzarmenik sinatuko langileen ordezkaritzaren gehiengo absolutuak bat egingo zuela bermatzen ez bazen; oraingoak, aldiz, aldebakarrez egin du; zein helbururekin?

Gobernu hau badoa eta espero dugu hurrengoak jarrera positiboagoa izango duela, bestela kalean elkar ikusiko dugu eta!!

 

 

 

Asteleheneko bi lan heriotzak salatu ditugu Azpeitian

Urola Kosta eskualdean hildako bi langileen lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugunok, Azpeitian. Zestoan eta Zarautzen aste honetan zendutako bi langileekin, 18 langile hil dira, gutxienez, Euskal Herrian aurten.
 

 

 

“Aldundiak pertsona helduak baztertzen ditu”

Eibarko Egogain helduen egoitzetako langileek Donostiara ekarri dituzte euren aldarrikapenak eta salaketa. Hain zuzen ere, zenbait autobusatan pankartak zintzilikatu dituzte haren ezinegona adierazteko. Langileak are eta suminduagoak daude, Aldundiaren azken erabakiak direla eta.

 

 

 

Eraso kapitalistari erantzun soziala emateko jaio da Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataforma

Hainbat eragiletako ordezkariek, LAB sindikatukoak barne, Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataforma aurkeztu dugu Bilbon, Sabin Etxearen aurrean. Hain zuzen ere, bizitzaren, guztion ongizatearen eta burujabetasunaren alde eta kapitalaren barneratzearen adierazpen nagusien aurkako salaketa eta herri mobilizazioa koordinatu, artikulatu eta areagotzeko apustua egin nahi dugu plataformaren bitartez.

Hauxe da Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformaren aurkezpen manifestua:

Gizartea eta planeta, bere osotasunean, inoiz ez bezalako desberdintasun, autoritarismo eta jasangarria ez den egoera batera bideratzen du kapitalismoak. Mundu mailako merkantilizazioa besterik ez dute buruan enpresa handi eta haien aliatuek. Guztia da merkataritzarako bideragarria, dena izan daiteke negozio ona: hezkuntza, osasuna, ura, energia, lurra, zaintza, erosketa publikoa, inbertsioak, merkataritza digitala, berrikuntza, etab.

Merkantilizaziotik datorren eraso honek, nagusikeria eta indarkeria handiagoak dakartza politikoki. Mundu mailako negozioak amaitzen diren lekuan hasten da demokrazia. Talde eskubideen eta giza kontrol publikoaren arautze eza da nagusi Estatu eremuetan. Eskualde eta mundu mailan -Europar Batasuna buruan dela- enpresa handien aldeko teknokrazia ezarri da, aldi berean. Prekarizatutako erdi demokrazia bideratzen duten herri burujabetza eta herrien eskubideen antitesia diren merkataritza itunak dira horren adibide argiena.
Bertako oligarkiaren eskutik, enpresa transnazionalek pribatizazio eta neurrigabeko ustiapenari lurraldeak eta guztion ondasunak eskaintzen dizkiete mundu mailako eremuan. Hau guztia, lurralde eta bertan bizi diren herriekiko batere begirunerik gabe. Biak eskubideak dituzten subjektu politikoak dira eta euren suntsiketak planeta jasangarria ez den egoera batera bideratzen du.

Gure bizitza arrisku larrian jartzen duten merkatu global eta enpresa transnazionalei oztopo geografiko, politiko eta sektorialak ezeztatzea da, azken finean, nahia: klase, genero eta arraza/etnia menpekotasunak hazten dira; pobreen arteko liskarrak areagotu; kolapso ekologikoa aurreratzen da, jasangarritasun estruktural ezean sakonduz; oraindik guztiona/publikoa dena salerosten da; mundu mailako arazo larriei aurre egiteko gobernu eza sortuko da, eta sistematik pertsona eta herrien kanporaketak biderkatu. Merkataritza hitzarmenek empresak edozein herritik “kanporatuak” izatetik babesten dituzten bitartean, pertsona errefuxiatuen eskubideen urraketak salatzeko justiziarik ezta auzitegirik ahalbideratzen ez duen sistema, alegia.

Sistema honetan, merkataritza-itunek eta inbertsioak babesteko akordioek enpresa transnazionalak babesten dituzte, herrialdeetatik “kanporatuak” izan ez daitezen; baina, aldi berean, ez dago justiziarik errefuxiatuentzat, ezta haiek jasaten dituzten eskubide-urraketak salatzeko aukera ematen duen auzitegirik ere.

Programa liberalen ugaltzearen ondorioa da aurreko guztia, gaur egun gainera, bere bertsio ultrenean. Honek guztiak, eskuin faxistenaren igoera dakar, baita herriaren borrokarekin hamarkada luzeetan zehar lortutako banakako nahiz talde eskubideetan atzerapausoak ere.

Eraso hau ere jasan dugu Euskal Herrian. Banketxeak erreskatatu dira, zor pribatua publikoan bilakatuz; oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatu dira; erreforma desberdinak direla medio, negoziaketa kolektiboa gutxienekotan geratu da; zerbitzu sozialak murriztu dira, etxegabetzeak bideratzeko legeak egin…
Burujabetasuna lapurtzen digute. Burujabetzaren alde borrokatu behar dugu herriok. Baina ez aberastasuna nola banatzen dugu erabakitzeko bakarrik, pertsonak erdigunean jarriz, baita zer, nola eta norentzat ekoizten dugun erabakitzeko ere. Lan eta giza politiken inguruko erabakiak gure lurraldean hartu behar ditugu. Horretarako, lan harreman eta babes sozialerako euskal eremuaren garapena ezinbestekoa da.

Herri bezala daukagun etorkizunak arduratzen gaitu. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriak kapitalaren aurrean planto egiten du eta botere korporatiboaren ezarpenei aurka egiten die, daukaten forma daukatela ere (nazioarteko itunak, multinazionalen gehiegikeriak, finantza ekonomiaren erasoak…).

Era honetara, aniztasun sozial eta politikotik EH-k kapitalari plato! plataforma bultzatu nahi dugu, Euskal Herrian jasaten ari garen eraso kapitalistari erantzun soziala emateko. Bizitzaren, guztion ongizatearen eta burujabetasunaren alde eta kapitalaren barneratzearen adierazpen nagusien aurkako salaketa eta herri mobilizazioa koordinatu, artikulatu eta areagotzeko apustua egin nahi dugu:

• Enpresa transnazionalak: Euskal Herrian nahiz mundu osoan “euskal korporazioen” eraginen inguruko jarraipena egin eta mobilizazioak bideratuko ditugu. Askotan, interes orokorraren aurka, gure lurraldean instituzioek jarritako alfonbra gorriarekin ezartzen diren transnazionalen jarduerak aztertuko ditugu.

• Pribatizatutako politika publikoak eta korporazioen aldekoak: gehiengo sozialaren ongizatea mehatxatzen duten kapitalaren aldekoak diren politika publikoak alderatuko ditugu; herri nahiz autonomia mailako pribatizazio prozedurak, besteak beste, edo enpresa handien sarrera, zerga politika, industria politika, enpresa nazioartekotasuna, etab.

• Merkataritza itunak: gure bizitza eta burujabetasunarekiko kaltegarriak izango dira itunen ondorioak Euskal Herrian, are gehiago mota honetako akordiotan buru den Europar Batasunaren barruan. Itun hauek eta bere ekintza edo ez egiteagatik bermatzen dituzten haiek salatzea izango da gure lehentasuna.

• Kapitala defendatzen duten estatuz gaindiko erakundeak: Mundu Merkataritzaren Erakundea (MME), Banku Mundiala (BM), Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), G-20, G-7, edo Europar Batasuna bera, mundu mailan merkataritza agenda inposatzeko sistemak erabiltzen dituen estatuz gaindiko erakundeak dira. Mobilizazioa eta salaketaren bitartez, hauek guztiak eraisten lagunduko dugu Euskal Herritik, gure herrian ekintzak antolatzen badituzte, batez ere.

Gaur egungo sistema sostengatzen duen arkitekturaren aurkako artikulazio eremua martxan jarri nahi dugu, hau da, merkataritza itun eta nazioarteko elkarteen babes politiko eta juridikoaren bitartez enpresa handiei erakundeek emandako laguntzen aurkakoa.

Kapitalaren aldeko zigorgabetasun logikaren aurka planto egiten dugu. Salaketa, mobilizazio eta desobedientzia zibil baketsuaren aldeko sormenezko estrategia barneratzaileak sortuko ditugu alde batetik, eta bizitza mota demokratikoago, jasangarriago eta bidezkoagoetara iragaten uzten diguten enpresa handiak arautuko dituzten alternatibak ezarriko ditugu, bestetik.

Bizitzaren, guztion ongizatearen eta burujabetasunaren alde, EH-k kapitalari planto!

Hauexek dira, momentuz, plataformarekin bat egin dugun eragileak:

1 Podemos Ahal dugu
2 EH Bildu
3 Ernai
4 UJCE-GK
5 PCE-EPK
6 ELA
7 LAB
8 Steilas
9 EHNE Bizkaia
10 ESK
11 CGT
12 Hiru
13 Omal-PcD
14 Mugarik Gabe
15 Mundubat
16 Ekologistak Martxan
17 Ingeniería sin Fronteras
18 Etxalde
19 Coordinadora ONGDs
20 REAS Euskadi
21 Komité Internazionalistak

 

 

 

“Bizkaiko Metalgintzako lan baldintzak duindu eta egoera prekarioak gelditzeko hitzarmen bat nahi dugu”

0

Grebara deitu dugu Bizkaiko Metalgintzan, hitzarmen duin baten defentsan. Sindikatuok bost greba egun egingo ditugu modu bateratuan, eta horietako lehena bihar, maiatzaren 23an, izango da. Negoziazio Mahaian LABeko ordezkari izan diren lagunekin hitz egin dugu, baita Bizkaiko eta Arabako Industria Federazioko arduradun Iratxe Azkuerekin ere, grebaren nondik norakoen berri izateko. Hain zuzen ere, Iratxe Azkuek erantzun ditu galderak.

-Grebara deitu dugu Bizkaiko Metalgintzan, maiatzaren 23rako. Orotara, bost greba egun deitu ditugu sindikatuok (maiatzaren 23 eta ekainak 6, 7, 20 eta 21erako). Zergatik orain?
15 hilabete eta 18 bilera igaro dira Bizkaiko Metalgintzako Negoziazio Mahaia deitu zenetik. Denbora honetan guztian ez da inolako aurrerapausorik eman eta patronalak negoziazioa blokeatzen egon da etengabe. Eroso sentitzen zen, ez baitzegoen konfrontaziorik. Negoziazioaren hasieratik, LABetik esan dugu ez zela hitzarmen duinik egongo borrokarik gabe eta adierazi dugu borroka batasunaren bidetik jorratu behar zela. Iazko ekainean, Negoziazio Mahaitik altxatu ginen, ez ginelako prest halako antzerki batean parte hartzeko eta ez genuelako inolako asmorik patronalari babesa emateko. Orduan esan genuen sektoreko langileengana joko genuela, hitzarmen duin bat behar dutenak langileak eurak direlako. Hilabete hauetan guztietan, LAB bere kabuz mobilizatu da enpresa eta kalean. Borroka ideologikoa egin dugu, hitzarmena duina izan dadin zein eduki beharko lituzkeen gizarteratzen. Gainera, kurtso honetan, enpresa askotan akordio eta hitzarmen duinak lortu ditugu eta akordio hauek agerian utzi dute hitzarmen sektorial baten beharra, oinarria eta gutxieneko zorua izan dadin sektore osorako. Urtarrilean, pauso bat aurrera eman genuen, eta esan genuen grebak egiteko unea zela sektorean. Hala, gainontzeko sindikatuei dei egin genien konfrontazio fase berri bat abiatzeko.

-Sektorean prekarietatea nagusi dela diozue. Prekarietate hori zehaztuko zenuke? Zein lan baldintzei buruz ari gara hitz egiten?
Gaur egun, sektorean, 2003. urteko soldatak jasotzen ari diren langileak daude, beste batzuk 2011. Urteko soldatak, urte hauetan igoerak hitzartu dituzten langileak ere badaude… soldatari dagokionez, sektorearen desregularizazioa erabatekoa da. Honi gehitu behar zaio azpikontratazio kopuru handia, behin behinekotasuna, Aldi Baterako Laneko Enpresen gehiegizko erabilera, emakumearen presentzia urria sektorean eta soldata arrakala, gazteen sarbidea baldintza guztiz prekarioetan… Laburbilduz, Bizkaiko Metalgintzak, historikoki lan baldintza duinagoak izan dituen sektoreak, ez die bizitza duin bat bermatzen langile askori gaur egun. Eta hau guztia gertatzen da FVEM patronalak azken urteetan lortutako emaitza oparoak publiko egiten dituen bitartean. Lotsagarria eta sumintzeko modukoa da.

-Greba hauek historikoak izango direla nabarmendu duzute, batasuna lortu delako. Aspaldi egin zuen LABek borrokarako deia Bizkaiko Metalgintzan. Gainontzeko sindikatuak borroka honetara ekartzea zaila izan al da?
Urte asko dira sektorean batasuna ematen ez zenik. LABek Metalgintzako Hitzarmenaren alde borrokatzeko deia egin du hasieratik, baina ez edozein hitzarmen lortzeko. Bizkaiko Metalgintzako lan baldintzak duindu eta aipatutako egoera prekarioak gelditzeko hitzarmen bat nahi dugu. Batasun sindikala lortzea ez da erraza izan, sindikatuen artean oinarrizko arazoak daudelako; estatalizazioa dela, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak sinatzeko ezekoa dela, hitzarmen sektorialaren defentsa enpresa hitzarmenekin bateragarria dela ulertzea dela… baina, azkenean, desberdintasunak desberdintasun, sindikatu guztiok ulertu dugu egoeraren larritasuna eta sektoreak bizi duen prekarietateari erantzuteko konfrontazio eta greba fase bat abiatzeko beharra, batasuna ardatz.

Deialdi bateratuak nolako harrera izan du langileen artean?
Egunotan, grebaren atarian, ikusi dugu nola langileek modu baikorrean baloratu duten batasuna batzarretan. Gure aurreikuspenen arabera, erabateko jarraipena izango du maiatzaren 23ko grebak. Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenak 50.000 langile baino gehiagori eragiten die; hitzarmen nagusiena da eta sindikatu guztiak jarri gara lanean aurrera atera dadin, baita Negoziazio Mahaian ez dauden ESK, CGT eta USO sindikatuak ere. Une historikoa da. Gainera, uste dugu, Bizkaiko Metalgintzan posible izan bada, gainontzeko sektore eta hitzarmenetan ere posible izango dela. Hala ere, eztabaida batzuk pendiente daude LABentzat. Greba egiteko datak harago, hitzarmen duin bat nahi badugu, greben eraginkortasunari buruz hitz egin behar da. Guretzat grebak ez dira helburua, grebak lan baldintzak duintzeko tresna dira.

-Zer jaso beharko luke hitzarmen duin batek?
Duela urtebete geroztik, LABek argi utzi du eta gizarteratu ditu, enpresetan zein kalean, zein neurri jaso behar dituen hitzarmenak gure babesa jasotzeko. Hauexek dira neurriak: subrogazio eskubidea, behin behinekotasuna mugatzea, Aldi Baterako Laneko Enpresen erabilera mugatzea, urtetan galdutako soldataren berreskuratzea bermatzea, sarbidean eta emakumeen lan baldintzetan berdintasuna bermatzea, lan erreformatik blindatuko gaituzten eta estatalizazioa geldituko dituzten neurriak. Neurri hauek jasotzen dira lau sindikatuek grebara deitzeko adostutako plataforma bateratuan.

-Sektoreko hitzarmenaren alde borroka ez dela lan gatazka bat bakarrik aipatu ohi duzute; hots, arazo politiko eta sozial bat ere badela. 
Esan bezala, Bizkaiko Metalgintzakoa hitzarmen nagusiena da, 50.000 langile baino gehiagori eragiten dielako. Hortaz, hitzarmenaren aldeko borroka ez da lan gatazka soil bat, arazo politiko eta sozial baten aurrean gaude, eta, ondorioz, instituzioak inplikatu beharko lirateke. Guztiontzat izango den hitzarmen sektorial batekin bakarrik berma daiteke aberastasunaren bidezko banaketa, eta geldi daiteke sektorean ezarritako prekarietatea. Esan dezakegu, gaur egun, badirela sektorean pobreak diren langileak, eta hau sozialki arazo larri bat da.

Zer eskatu behar zaie instituzioei?
Instituzioek, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak, patronalari alfonbra gorria jartzeari utzi egin behar diote. Norekin dauden erabaki behar dute. Sektoreko langileei zer eskaintzen dieten esan behar dute ozen, FVEM patronalari esan behar diote badela garaia publikoki onartu dituzten irabaziak banatzeko. Patronalak ez luke egun duen jarrera agintzailea Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta zenbait alderdi politikoren babesik gabe. Horrenbestez, bada garaia instituzioek inplikatu eta langileen aldean lerrokatu daitezen. Eta hori lortzen da FVEM patronalari mahai gainean edukiak jar ditzan eskatzen, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparru bat aldarrikatzen eta hori lortzeko borrokatzen. Gure lan baldintzak erabakitzeko eskubidea izan behar dugu; hau horrela izan ezean, Madrilen erabakien menpe gaude, zigortuak gaude. Honen adibide dira aplikatu dituzten lan erreforma desberdinak. Izan ere, lan erreforma horiek ez ziren langileen interesak defendatzeko egin, are gutxiago euskal langileen interesak defendatzeko, negoziazio kolektiboaren erreforma adibide: negoziatzeko gure gaitasunaren kontrako eraso zuzen bat izan zen.

 

 

 

Pablo Neruda egoitzako langileak lanuzteak egiten hasi dira euren eskubideen defentsan

Pablo Neruda Gasteizko langileak txanda bakoitzeko 2 ordutako lanuzteak egiten hasi dira, gaur maiatzak 22 eta datorren astean, maiatzaren 29an. Enpresarekin akordiorik lotu ezean, greba orduak eta egunak luzatzeko asmoz gabiltza. Kontzentrazioa egin dute egoitza atarian.

Ia 5 hilabetez negoziatu ostean, eta patronalaren proposamenek mamirik ez dutenez, Pablo Neruda egoitzako langileak mobilizazioak egitearen alde agertu ziren, batzar batean erabaki ostean.

LAB sindikatuaren iritziz, enpresak aurkeztu duen proposamenak ez du mamirik, eta edozein hobekuntza eskubideen galera batetara baldintzatzen ditu patronalak.

Pablo Nerudako langileek, Aldundiko egoitza publikoetakoek baino 100 ordu gehiago egiten dute lan urtean, eta eta hilean, ia 800 € gutxiago irabazten dituzte.

Sektore hau, oso feminizatua da eta aldi baterako langileen txandakatze indizea oso altua da. Langileon osasunean eragina duten lan kargak jasaten dituzte, baina arazo fisikoez gain, lan karga psikiko handiak jasaten dituzte gure lana pertsonei eskainitako arretan oinarritzen delako.

Aldundiak egoera honetan duen erantzukizuna nabarmendu nahi dugu, hura baita lehen interesatua zerbitzu hau azpikontratatzen, horrela merkeago ateratzen zaiolako (egoitza publikoetako lan bera egiten delako, baina langile gutxiagorekin eta gutxiago irabaziz). Ez da kontuan hartzen, zeregin honen lan baldintzak kaskartuz, erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitateari zuzenean kalte egiten zaiola.