2026-07-11
Blog Page 678

Salatzen dugu Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko planifikazioan ez dutela kontuan hartu bertan kokatuta dagoen haurreskola

0
LAB sindikatuak eskatzen dio Bilboko Udalari behar den aurreikuspenarekin jokatzeko, lanak hasi, lana dirauen bitartean eta bukaeran. Hau da, haurreskolan egin beharreko moldaketak umeen eta familien ongizatean oinarritutako planifikazioa egitea, obrak osteko garbiketa lanak haurreskolan ere modu egokian egitea eta azken finean, lan eta segurtasun prebentzio arduradun desbedinak elkarlanean aritzea. Bilboko Udalak du eraikin horien segurtasuna, garbiketa eta mantenuaren ardura. Beraz, berari dagokio horren guztiaren koordinazioa, hurrengo ikasturtea berme guztiekin hasi nahi bada. Bukatzeko, obra publiko askotan gertatzen den bezala, obra horren amaiera atzeratzen bada, eskola zein haurreskolarako alternatibak prest izatea eskatzen diogu Udalari, inprobisazioa bidaide txarra baita beti.

2016ko urtarrilean, hedabideen bidez jakin genuen ikastetxe batzuetan amiantoa topatu zela. Eta Bilbon, egoera horretan dauden eskolak 3 izanda, 2017ko irailetik prestatuta dagoen proiektu batean oinarrituta, Bilboko Cervantes eskolako teilatuan dagoen amiantoa kentzeko lanak aurtengo udan hasiko dira. Horrek, besteak beste, agerian uzten du Bilboko eskola publikoetako eraikinen egoera kaxkarra eta Udaletxea eta Eusko Jaurlaritza sustengatzen dituen EAJk duen konpromiso eza hezkuntzaren kalitatearekin.

LAB sindikatuak salatu nahi du, eskolan dagoen amiantoa kentzeko Bilboko Udalak egin duen plangintzan ez dela kontuan hartu eskolara atxikituta dagoen Haurreskola. Nabarmendu behar da Haurreskolak Partzuergoa enpresa publikoa dela, eta eraikinaren eskuduntza Udalarena dela.

Udalak proposatutako lehenengo proiektuan, amiantoa kentzeko obrak eskolako haurrek ikasturtea bukatzean hasiko zirela iragartzen da, kontuan hartu gabe Haurreskolan, uztailean ere, hezkuntza zerbitzua eskaintzen dela; haurrak, familiak, hezitzaileak eta udaleko langileak ohiko jardunean jarraitzen dutela, alegia.

Haurreskolak Partzuergoak hori jakin duenean, obraren hasiera uztailera atzeratzeko konpromisoa hartu du. Beraz, LAB sindikatuak jakin duen moduan, uztailean Cervantes haurreskolako jarduera Bilboko beste auzo bateko haurreskolaren batera eramango da. Erabaki horretan, eskolan ez bezala, haurreskolako familia eta langileek ezin izan dute parte hartu eta gaur da eguna, oraindik ere, haurreskolako familiak ez direla informatuak izan.

Berriro isiltasuna eta informazio eza nagusitu da. Agian hauteskunde kanpainan gaudelako eta datorren astera arte ez delako gomendagarria horrelako berri txarrak helaraztea euskal jendarteari. Baina horrez gain, LAB sindikatuaren ustez, isiltasun horrek urratu egiten ditu Arriskuak Prebenitzeko Legea eta amiantoaren erabilerarekin zerikusia duten beste hainbeste dekretu.

Azken urteotan, LAB bere jarduera sindikalaren baitan saiatu da lan osasunaren gaia guztion agendan agertu dadin; gune osasungarrian eta arriskurik ez dagoen eremuan lan eta bizi nahi dugulako.
 

 

 

Erakundeek hezkuntzaren eta unibertsitatearen negozioa bultzatu nahi dutela salatu dugu, Deustuko Erriberako proiektu pribatizatzailea dela eta

0

Hainbat eragilek, LABek barne, agerraldi bat egin dugu Deustuko Erribera-Zorrozaurren aurreikusitako proiektuen aurrean gure desadostasuna adierazteko. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako egitasmoak dira, eta, agerraldian salatu dugun bezala, gardentasunik gabe egiten ari dira, etorkizuneko herritarren beharrei erantzunik eman gabe. “Hezkuntzari zuzenduriko proiektuak izan arren, Bilboko beharrak ez dira kontutan hartu arlo horretan. Bilboko eskola mapa berriztu behar da, ez baitie Bilboko ikasleei eta eskolen beharrei erantzuten”, adierazi dugu. Hain zuzen ere, Bilboko Udalak eremu akademikoan “Guggenheim efektua” sortu nahi duela kritikatu dugu, “Harvard” efektua; hezkuntzaren eta unibertsitatearen negozioa, alegia.

Proiektu pribatizatzailearen aurrean, eliteen zerbitzu esklusibora dagoen unibertsitate hiria helburu duena, hauxe eskatu dugu:

-Bilbo Unibertsitate Hiria Planaren birformulazioa, hezkuntzaren planteamendu integral baterantz.

-Deustuko Erriberarako proiektuen berdiseinua bilbotarron eta Erriberako auzotarren behar eta eskakizunetara egokitua, eta ez soilik promotore pribatuen interesen eta errentagarritasunean oinarritua.

-Gardentasuna kudeaketan, eta hiriko diseinuak eta proiektuak egiteko parte hartze sozial eta demokratikoei ateak zabaltzea.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek Kontxako hondartzan egin dute protesta

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak Donostiako Kontxako hondartzan egon dira protestan, hiru orduz, eta herritarren zein turisten arreta bereganatu dute. Aldundian agintzen dutenen jarrera azaldu diete hurbildu diren guztiei, baita pertsona helduen zaintza lanetan aritzen direnen langileen egoeraren berri eman ere, gehienak emakumeak. Egogaingo langileak atzo ere egon ziren protestan Donostian.

 

 

 

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileek Bilboko kaleak hartu dituzte

0

Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaietako langileak greban daude, eta, gaur, manifestazioa egin dute Bilbon, Arte Ederren Museotik abiatuta. Lan sariaren hobetzea, lan orduen gutxitzea eta sektoreari eragiten dieten aldibaterakotasuna eta partzialitatea hobetzeko neurriak dira langileen aldarri nagusiak.

Astelehen eta asteartean ere egin zituzten lanuzteak, arrakasta handiarekin. Egindako lanuzteek eragina izan zuten, gutxienez, lan zentru hauetan: Markina, Basauri, Berriz, Pando, Churruca, Santurtzi, Kabieces, Gorliz, Elorrio, Etxebarri, Gorostiza, Lasesarre, Sestao, Zorrotza, Artxanda, La Casilla, Txurdinaga, Rekalde, Atxuri, Abusu, Miribilla, Deusto, San Ignazio eta Azkuna Zentroa; arreta zerbitzuak, igerilekuak, gimnasioak eta gainontzeko aktibitateen jarduna eten egin zituztelarik.

Erabiltzaileek izandako ulermena eta aldeko jarrera eskertu du kolektiboak. 
 

 

 

Patronalaren aurrean planto egin dute Bizkaiko Metalgintzako langileek: sektoreko enpresen %70-80ek egin dute greba

0

Arrakasta itzela izan du Bizkaiko Metalgintzako lehen greba egunak. Sektoreko enpresen %70-80ek egin dute greba. NEMAK, ESTAMPACIONES BIZKAIA, CIE AMAYA, CIE UDALBIDE, TUERCAS- ESTAMCAL, ZF SACHS, ARTECHE, LAMINCER, PINE, MESA, ALCONZA, INGETEAM, NAVACEL, VICINAY, ORMAZABAL, TECNICHAPA, SUBCONTRATAS DE PETRONOR, ERGOROS, KAREALDE, NERVACERO, ELDU, CIE, MAREIVERIA DEUSTO bezalako enpresa garrantzitsuek bat egin dute grebarekin, eta 10.000 lagun inguru bildu dira Bilbon egindako manifestazioan.

LABetik eskerrak eman nahi dizkiegu, oztopo guztien gainetik, greba egin eta euren eskubideak aldarrikatzera ateratzea erabaki dutenei. Gogoan izan nahi ditugu baita, bizi duten prekarietate egoera berezia dela eta, praktiketan dauden gazteak, aldi-baterako langileak, ABLEetakoak, migranteak… grebara atera ezin izan direnak, mehatxuak eta lanpostua galtzeko duten arriskuagatik. Borrokan jarraituko dugu euren egoera alda dadin.

Gaur planto egitea erabaki dute Metalgintzako langileek, euren eskubideak eta bizitza erdigunean jartzea erabaki dute. Langileen prekarietatearen kontura poltsikoak betetzen dituen patronal aseezinaren aurrean planto egin dute. Argia izan da FVEMentzako mezua, guztiok batera borroka egitera goaz bizi duina bermatuko digun Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren alde, eta ez gara geratuko hau errealitatea izan arte. Ekainaren 3an FVEMek aukera berria du eduki duinak izango dituen proposamen bat mahai gainean jartzeko. Baliatu nahi ez badu, ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean Metalgintzako langileok berriro egingo dugu greba eta berriro beteko ditugu kaleak. Olatu geldiezina hasi da gaur.

LABen ez ditugu instituzioak eta sektoreak bizi duen egoeran duten erantzukizuna ahaztu nahi. Noiz arte jarraituko dute patronala babestu eta honi alfonbra gorria jartzen? Jaurlaritzak eta Aldundiak argi esan behar dute zer eskaintzen dieten sektoreko langileei, FVEMi esan behar diote publikoki aitortu dituzten irabaziak banatzeko, eta hori Bizkaiko Metalgintzako hitzarmen duinaren sinadurarekin soilik lortzen da.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz hildako Felix Vazquezi azken agurra eman diote Irungo CAFeko langileek

0

Amiantoarekin lan egitearen ondorioz, astearte arratsaldean hil zen Irungo CAFeko langile ohi Felix Vazquez. Honen aurrean, CAF Irungo langileak beilatokira joan ziren Felixen sendiar elkartasuna adieraztera, eta, gaur, 10:00etatik 11:00etara, geldialdia egin dute. Hain zuzen ere, geldialdi horretan beilatokiko bidean kokatu dira zendutakoari azken agurra emateko, eta familiari berriro elkartasuna adierazteko. Ondoren, elkarretaratze bat egin dute.

Irungo lantegian bere lanpostuan amiantoa arnastegatik hildako hirugarren langilea da Felix Vazquez. Beasainen 37 hil dira dagoeneko. Hala, Irungo CAFeko enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu dio onar dezala bere ardura, eta amiantoarekin lan egitearen ondorioz gaixotzen diren lankideen eta bere familiaren sufrimendua areagotzen duen borroka judiziala ekidin dezala.
 

 

 

Anbulantzietako hitzarmen autonomikoa sinatu dugu gaur, langileen esparru komun bat sortzen duena etorkizunari begira

0
Borrokan eta negoziaketetan hiru urte igaro ondoren, hainbeste desiratutako anbulantzietako hitzarmen autonomikoa egia bihurtu da azkenean, gaur sinatu baitugu akordioa USO, LAB eta CCOO sindikatuok. Hitzarmen honek sektoreko lan baldintzak hobetuko ditu, bizi ohi diren egoera prekarioei aurre egingo die eta bateratu egingo gaitu, langileen arteko marko komun bat sortuz EAEn, etorkizunari begira.

Azkenean, langile batek soldata bera eta eskubide berak izango ditu Bilbon zein Legution, Irunen zein Gasteizen. Azkenean, hiru herrialdeen arteko parekatzea lortu dugu. Izan ere, Erkidego berean eta bezero berarentzat (Osasun Sailarentzat) lan egin arren, langileen arteko aldeak lotsagarriak ziren. Azkenean, EAEko sektoreko langile guztientzat aterpe propio bat lortu da, guztientzat gutxieneko baldintza batzuk bermatzen dituena.

Gainera, estatalizazioa gelditzeko tresna bat da hitzarmena, Madrilgo gobernuak, Estatuko sindikatuek, enpresek eta instituzioek gure herrian inposatu nahi digutenari aurre egiteko. Garrantzia handia du honek, Euskal Herrian gure lan baldintzak negoziatzeko dugun eskubidearen mesedetan, gure bizitza kalitatea mantentzeko helburuarekin, estatalizazioaren bitartez zenbait enpresarik inposatu nahi izan dizkiguten murrizketen gainetik.

LABek hasieratik bultzatu du hitzarmen hau. Lehen bileretara deitu zuen sindikatua izan ginen, gainontzeko sindikatuekin plataforma bateratu bat prestatzeko zein mahai negoziatzailea egituratzeko (gehiengoa duen sindikatua ez izan arren). Negoziazio honetako alde desberdinekin bilera ugari izan ditugu, akta ofizialetan agertzen ez direnak barne (Eusko Jaurlaritza, Osasun Saila, Lan Saila). LAB ere izan da EAErako hitzarmenaren beharra bizirik mantentzeko erronkaren pisua eraman duen sindikatua, enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren oposizio gogorrari eta beste sindikatu batzuen interesei aurre eginda.

Eta gogoratu beharra dugu hitzarmen honen sinadura ez dela zerutik erori. Horren atzean Arabako lankideen 5 urteko greba dago, LABek babestuta uneoro, lanean jarraitu baitugu, epe motzean denok nahi genituen emaitzak ikusi ez ditugun arren.

Era berean, ez da ahaztu behar hitzarmen honen jatorria kalean gauzatutako beste borroka batean dagoela, 40 egunetik gorako greba batean, hain zuzen ere. Borroka horrek Bizkaiko azken hitzarmena ekarri zuen, eta hitzarmen horren bigarren klausula osagarrian jasota dago mahai negoziatzailearen eraketa; oraingo hitzarmena ekarri duen ezaugarria, hain justu. Urrats bakoitzak borroka bat du atzean, eta borroka bakoitzak emaitzak ekartzen ditu.

Honako hau lehen hitzarmen autonomikoa da, aurrera egiteko balio behar digun oinarri komun eta sendo bat, beti ere LABek etorkizunerako ezarritako helburu zehatza lortzeko: erabateko parekatzea Osakidetzako langileekin, soldata eta baldintzetan. Helburu bakoitzak bere urratsak eskatzen ditu, eta, hitzarmen honekin, gure lan baldintzak hobetzeaz gain, lehen pausoa eman dugu parekatzea lortzeko, herrialde guztientzako negoziazio marko komun bat lortu eta gero.

LABek langileei erakutsitako babesa eskertu nahi die, euren indarrik jaso gabe, hitzarmen hau ezinezkoa litzatekeelako.

 

 

 

Aceros Olarran hildako langilea gogoan izan dute

Bizkaiko Metalgintzako lehen greba egunean murgilduta gauden honetan, Loiuko Aceros Olarra enpresan atzo hildako langilea gogoan izan dute. 24 orduko lanuztea egiten ari dira, biharko 7:00ak arte. Hain zuzen ere, aste honetan lau langile hil dira jada lan istripuz. 20 langile dira gutxienez aurten, Euskal Herrian, lanean zendu direnak.
 

 

 

Barazarren hildako garraiolariaren heriotza salatu dugu gehiengo sindikaletik

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUtik garraio sektorean ez ezik, lan munduan ezarri den prekarietatea salatzen jarraituko dugu eta horretarako, elkarretaratzea egingo dugu datorren asteartean, maiatzak 28, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean goizeko 11.30ean. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu atzo Barazarren lan istripuan hil zen gidariaren senide eta lagunei.

Garraiolari eta gidarien lan istripuak errepideko istripuen zenbatekoen atzean eskutatzen saiatzen dira askotan. Zergatik apaindu zenbakiak? Erantzuna erraza da: zenbatekoak beldurgarriak dira. 2018an 68 pertsona zendu ziren lan istripuan. 24 errepidean. 15, garraiolariak. 2019an 20 dira jada lan istripuan hil diren pertsonak. Lau aste honetan bertan. Gainera, beste askotan, lehenengo ematen den berria errepidea itxita dagoela da: istripua izan duten pertsonen egoera garrantzitsua- goa ez al da ba?

Presa, estresa, bidaien salneurri baxuak, ezinezko ordutegiak, lan egun luzean, egin behar ez luketeen eta askotan beharturik dauden kamioi zamaketa eta hustuketa lanak eta garraio mer-
ke eta isilaren bila administrazioaren utzikeria sektorearekiko dira, besteak beste, egoera honen erantzuleak. Lan baldintzak ez dira onak, prekarietatea garraiolarien egunerokoa da.

Garraioak berehalako erregulazioa behar du, kooperatiba faltsurik gabeko sektorea, ia esklabutzan bizi diren gidaririk gabeko sektorea; garraioa duintasunez eta era seguruan egitea beharrezkoa dela alda- rrikatzen dugu, beste behin ere. Zer egiten dute bitartean administrazioek? Beste aldera begiratu. Sektorea zentzuz erregulatu beharrean, garraio merkea besterik ez dute nahi, baldintzak alde batera utzita. Lanean hiltzen ari gara.