2026-07-11
Blog Page 676

UPV/EHUren aurrekontuak ez nahikoak dira aurten ere

0

Gaur, maiatzaren 30ean, Leioan egindako UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan 2019ko Aurrekontu Aurreproiektua onartu da. LABetik gure desadostasuna eta egonezina adierazi ditugu, zuzenketarik aurkeztu gabe. Ez dugu uste aukerarik dagoenik behar estruktural eta ezinbesteko askori ganoraz heltzeko. Horregatik ere, LABek aurkeztutako 2019ko Aurrekontu Aurreproiektuaren aurrean abstentzioa bultzatu du. UPV/EHUk finantzazio publiko gehiago behar du irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta zerbitzu jardunei zein premiei aurre egiteko, baita bere langileei egonkortasuna eta diskriminaziorik gabeko lan-baldintzak eskaintzeko ere. Eta horretarako, zuzendaritzak aurkeztutako proposamena ez da tresna egokia. Zoritxarrez, aukera bat, berriro ere, galdu egingo da.

LABen iritziz, UPV/EHUren finantzazio publikoa, aurten ere, ez da nahikoa izango eta 2019ko aurrekontuetan ez dugu ikusten aukera handirik lehentasunezko gai batzuei heltzeko, hala nola: Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren arloan, lanpostu berrien beharrei eta langileek egonkortzeko neurriei erantzutea, behin behineko balorazioa duten lanpostuen zein gainerakoen eguneratzea. Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, berriz, doktore aurreko ikertzaileen soldatak igotzea –gutxienez legeak ezarritakoa betetzeko-, ikertzaile doktore guztien soldatak parekatzea, lanaldi partzialeko irakasleen soldatak duintzea -egiten duten lan-jardunari egokituta-. Gainera, soldata-igoera ez zaie kolektibo guztiei aplikatu, eta, edonola ere, ez da eros ahalmena berreskuratzeko beste izan.

Era berean, euskararen normalizazio eta erabileraren garapenean urrats eraginkorrak eman ahal izateko; onartu berri den Berdintasun Planak jasotzen dituen ekintzak sustatzeko; langileen segurtasuna eta osasuna behar bezala zaintzeko edota lankidetza egitasmoak garatu ahal izateko baliabide nahikoak bermatu beharko lituzke.

Unibertsitate-sistemaren eragile nagusi eta garrantzitsuena den UPV/EHUren diru-sarrera gehienak, 314 milioi euro, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik datoz. UPV/EHUk aurten jasoko duena aurreko urtean baino 10,5 milioi gehiagoko ekarpena izan bada ere, 2019-2022ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Planak jasotakoa baino 6 milioi € gutxiagokoa da. Era berean, bai Jaurlaritzaren ekarpena bai planak jasotzen duen aurreikuspena, 2010ean jasotako finantzazioaren azpitik gelditzen dira (27 milioi € gutxiago).
 

 

 

Lehen indarra gara Hego Euskal Herriko irakaskuntzan

0

LABeko irakaskuntzako kideek prentsaurrekoa egin dute gaur Donostian. EAE eta Nafarroako kideak elkartu dira, eta kolektibo ezberdinetakoek: haurreskolak, irakasleak, sukaldari eta garbitzaileak, heziketa berezia eta unibertsitatea (administrazio eta zerbitzuetakoak eta irakasle eta ikerlariak. Ikasturte honetan zehar egindako hauteskunde sindikalen ondoren, LAB da lehen sindikatua Hego Euskal Herriko irakaskuntzan. Emaitzen balorazioa egin eta hemendik aurrerako erronken berri eman dute.

Ikasturte honetan zehar, Hego Euskal Herrian, irakaskuntzako kolektibo desberdinetan hauteskunde sindikalak burutu ditugu.

LAB irakaskuntzatik zorion mezu bat helarazi nahi diogu gure hezkuntza komunitatea osatzen dugun kide guztiei, liberatu, delegatu eta afiliatuei, une oro gure bide lagun izateagatik eta egunez egun erakusten duten konpromisoagatik. Era berean, hezkuntza komunitateko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, oztopo guztien gainetik, hauteskunde sindikaletan parte hartzeagatik.

Nafarroako sare publikoan, LABek gora egin du bai ordezkarien kopuruan (11 izatetik 12 izatera pasatu gara), baita lortutako boto kopuruan ere. 900 bototik gora lortu ditugu lehenbiziko aldiz, emandako boto guztien ia %20. Horri esker, irakaskuntza arloko lehendabiziko indarra izaten segitzen dugu. Gure sindikatuak 2011ean eta 2015ean lortutako garaipenak berretsi ditu, eta argi gelditu da Nafarroako Gobernuko langileek LABen jarduna babestu eta Erregimenaz haratago eredu sozial bat bultzatu nahi duela. Gogorarazi nahi dugu, ikastoletan %96ko ordezkaritza duela LABek, eta itunpeko sarean zein unibertsitatean, erreferentzialtasuna handituz goazela apurka apurka.

Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoan, LABek lehenengo indarra izatea berretsi du, 96 delegaturekin ordezkaritza handiena lortuaz. Ikastoletan ere ordezkaritzaren gehiengoa dugu. Ibilbide oparoa egin dugu azken urteetan. Sare publikoan nahiz itunpekoan, piztuta izan ditugun lan gatazka eta borrokaldiak, arrakasta handiko mobilizazioak izan dira. Negoziazio kolektiboan zegoen blokeoa hautsi eta adostasunetarako bideak ireki ditugu. Aipamen berezia egin nahiko genioke gizarte ekimenean irekita jarraitzen duen gatazkari. Lerro hauen bidez, patronalak negoziaziorako duen borondate falta nabaria salatu nahiko genuke. 28 greba egun egin eta gero, oraindik ez baitugu aurrerapausorik.

Bide honetan, aintzat hartu nahi ditugu, Hego Euskal Herrian kolektibo desberdinetan sinatu ditugun akordio sendoak, hezkuntzaren kalitatean eta lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak lortuz.

Ipar Euskal Herrian, azken urteetan ere hezkuntza komunitatea biziki indartsu aritu da. Ekimen desberdinak burutu dira bertan: “Baxoa euskaraz!” aldarrikatuz egindako mobilizazioak, Seaskan irakasle falta salatuz egindako ekintzak, eremu publikoan murrizketen aurrean egindako grebak…

Guzti honek agerian uzten du egungo hezkuntza sistema agortua dagoela eta jauzia eman behar dugula eredu berri baterantz.

2016ko maiatzean Iruten dinamika abiarazi genuen, inposaketak salatzeaz gain, hezkuntza sistema propiora bidean gaurdanik urrats praktikoak emateko erronkarekin. Ebaluazioa erdigunera ekarri eta ebaluazio hezitzaileari buruzko jardunaldiak antolatu genituen. Elikadura burujabetza ardatz hartuta, jangelen ereduaren inguruan hausnarketa burutu dugu ere. Honetaz gain, ikasturte honetan, sexu heziketari buruzko gida argitaratu dugu, besteak beste. Era berean, gure hezkuntza egitasmoa berriztu dugu, euskal gizarteari proposamen sendo eta integrala aurkeztu diogularik. Zentzu honetan, argi dugu langileriak babesa eman diola LABek eskaintzen duen proiektu integralari.

Garbi daukagu gauza asko hobetu behar direla oraindik. Izan ere, Euskal Herriko hamaika txokotan hezkuntza arazoak ugaritzen eta larriagotzen ari dira: proiektua aurrera atera nahi eta finantziazioa falta, euskararen erabilera eta kalitatean beherakada, euskal kulturaren transmisioan hutsune larriak, jatorri eta egoera ekonomikoaren araberako segregazioa gainditzeko nahia eta ezina… Horregatik, guk borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu; Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean eta langileon lan baldintzak defendatzen, burujabetzaren bidean sakonduz. Guk gurea izango den hezkuntza sistema nahi dugu, gure herriak dituen beharretara egokitua. Tokian tokiko errealitate zehatzei herri erantzunak ematea planteatzen dugu. Adostasunetara iristeko eta arduraz jokatzeko garaiak direlako.
 

 

 

Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformatik independentismoaren kontrako sasi epaiketa behin betiko buka dadila exigitzen dugu

0
Eguerdi hontan Jordi Cuixar, Jordi Sànchez eta Oriol Junquerasen kartzelaratzean inguruan NBE-ak atxilotze arbitrarioaren inguruan daukan lan taldeak eginiko txostena ezagutu da. Txostenak oso argi dio preso hauen kartzelaratzea arbitrarioa eta Giza Eskubideen Adierazpenaren kontrakoa dela, eta hauen berehalako askatasuna exigitzen du.

Erabaki hau loteslea ez den arren, NBE-aren Giza Eskubideen kontseiluak antzeko 245 txosten egin ditu. Txostenaren arabera Jordi Cuixart, Jordi Sànchez eta Oriol Junqueras-en atxiloketa arbitrarioa eta Giza Eskubideen Adierazpenaren kontrakoa da.

NBE-eko Giza Eskubideen Kontseiluarenpean dagoen erakunde honen txostenaren arabera: «Iritzia emateko askatasunak eta adierazpen askatasunak herriek haien sistema politikoa nola zehaztu dezaketen adieraztea barnebiltzen du».

Irailaren 20an, Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egoniko mobilizazioen inguruan NBE-ak dio ekintza hauek ezin direla Cuixart, Sànchez eta Junquerasi egotzi. Aldi berean, matxinada inputazioak egiteko erabili den biolentziaren erabileraren inguruan, txostenak akusatutakoei ezin zaiela biolentziaren erabileraren inguruko inolako ekintzarik egotzi.

Horregatik, NBE-eko adituen iritziz ez dago behin-behineko espetxeratzerako eta epaiketarako inolako arrazoirik. Txostenaren arabera akusatutakoak sententziaren aurretik publikoki kondenatzen dituzten injerentziek errugabetasun presuntzioa urratzen dute eta prozesu judizialean onartezina den injerentzia bat dela deritzo. Horregatik, Kataluniako Preso Politikoen berehalako askatasuna eskatzen du, eta nazioarteko zuzenbidearen araberako kalte-ordainak eta bestelako erreparazioak izan ditzatela eskatzen du.

Horregatik guztiagatik, Estaturik Gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformatik independentismoaren eta Kataluniaren nahiz beste herrien autodeterminazio eskubidearen kontrako epaiketa fartsa hau behin betiko buka dadila exigitzen dugu eta preso politiko eta errefuxiatu guztien etxeratzea exigitzen dugu. Herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen jarraituko dugu, eta Estaturik gabeko nazioetan prozesu konstituziogileak garatzearen aldeko apustuak egiten jarraituko dugu, Espainiako Estatuaren zentralismoaren eta askatasun ezaren kontrako berme bakar bezala.

 

 

 

Hezkuntza sailak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan daukan ardura bere gain hartu gabe eta gatazka bideratzeko proposamenik egin gabe jarraitzen du

Sindikatuon ustez, gobernuak gaurko bilera gatazka honetan eskuhartzeren bat izaten ari denaren itxura hutsa egiteko erabili nahi izan du.

Maiatzak 8 eta 9ko greba egunen ondoren ez patronal ez Hezkuntza sailaren aldetik langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko planteamendu edo proposamen berri eta desberdinik ez zegoenez, sindikatuok hezkuntza sailburua eta sektoreko patronalak maiatzak 30 arratsalderako bilera batetara deitu genituen. Bilera deialdi hartan, bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko luketen planteamenduak eta proposamenak ekartzeko eskatu genien.

Deialdi honen aurrean, atzo bertan Hezkuntza sailak publikoki adierazi zuen ez duela sindikatuok deitutako bilera horretara joateko asmorik. Aldi berean aste honen hasieran, gaur izan den bilerara deitu gintuen sindikatuok.

Gaurko bileran Hezkuntza Sailak adierazitakoaren baitan, gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkan duen ardura bere gain hartzeko asmorik gabe eta gatazka bideratzeko pausorik emateko asmorik gabe jarraitzen du. Gaurkoan ere, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapenaren inguruan aritu nahi izan du soilik; eta gai honetan bertan ere, jadanik aldez aurretik eginda zuen eta gabezia nabariak dituen planteamenduarekiko aldaketarik ez du aurkeztu.

Horrela, Hezkuntza sailak lanpostua gal dezaketen langileen ustezko birkokapenerako aurkeztuta duen planteamenduak, ez du zerikusirik orain dela 4 urte sindikatuok helarazi genionarekin, egun indarrean dagoen birkokapenerako akordioak jasotzen dituen edukiekiko atzerapauso bat suposatzen du, eta birkokapen eraginkor eta kalitatezko baterako berme minimorik ez du jasotzen:

• Langile kolektibo ugari proposamenetik at uzten ditu: Lanbide Heziketakoak, Batxilergokoak, Hezkuntza laguntza espezialistak, eta bereziki larria gela itxieragatik lanpostua lehenengo galduko duten 0-3 etapako langileak ere.
• Birkokapenerako kontratazio irizpide objetiborik ez du zehazten
• Birkokapena ahalbidetzeko bultzatuko liratekeen lanpostuak prekarioak lirateke, lanaldi patzialekoak alegia
• Bi urterako indarraldia izango luke, ondoren aplikatzen jarraitzeko inolako bermerik gabe.
• Etab.

Sindikatuok gai honi buruz izan ditugun bileretan balorazio hau helarazi diogun arren eta bermedun birkokapen baterako proposamenak helarazi badizkiogu ere, hezkuntza sailak ez ditu momentuz aintzat hartu.

Agerikoa da beraz, gaurko bilera deialdiaren helburu bakarra, sindikatuok egindako bilera deialdiak suposatu dion interpelazioaren aurrean, gatazka honetan eskuhartzeren bat izaten ari denaren itxura hutsa ematea izan dela.

Beraz, egoera hau izanik, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, biharko bilerarako deialdian berresten gara, eta hezkuntza sailari eskatzen diogu, gatazka hau bideratzeko daukan ardura bere gain har dezala, eta biharko sindikatuok deitua daukagun bilerara langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbide egoki bat emateko planteamenduak ekar ditzala behingoz. Patronalari ere, sindikatu guztiok martxoan helarazitako dokumentuan jasotzen diren edukien ildotik doazen proposamenak mahi gaineratzeko eskatzen diegu biharko bileran.

 

 

 

Frenos Araba enpresako gure delegatuaren kaleratzea salatzen dugu

Gasteizko Frenos Arabako nagusiak pertsonaleko delegatua kaleratu du. Jundizeko poligonoan dagoen enpresa honetan, hauteskunde sindikaletan pertsona hau LABekin aurkeztu zen eta, aurrekoetan bezala, langile gehien-gehienek babestu zuten.

Nagusiarekin harremanak betidanik zailak izan dira, bere jarrera oldarkor eta prepotentea dela eta. Hauteskundeetan bertan, beste langile guztiak presionatu zituen hauteskunde mahaikide ez izateko, nahiz eta legeak hori arautu, eta sindikatuoi ere ez zigun utzi sartzen, ezta propaganda eta informazio sindikala banatzeko ere.

Aukeratua izanda, gure delegatua bajan zegoen min larri baten ondorioz eta urte eta erdiko epea pasatu ondoren, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak alta eman zion. Bada, lantegira bueltatu ondoren, enpresako medikuak azterketa arina egin ondoren, ez zuen lanerako inolako mugapenik jaso, nahiz eta mina agerikoa izan. Hori gutxi ez, eta nagusiak bere ondo-ondoan egonda denbora osoan, lan egiteko aginduak eman zizkion. Langileak mina argudiatu ondoren, nagusiak kaleratu egin zuen zuzen-zunenean.

Horren aurrean, LABek irmoki salatzen du kaleratze hau, bere osasun eskubidea eta askatasun sindikala urratzen dituelakoan. Hori dela eta, salaketa publikoari begirako dinamika aktibatuko dugu, mobilizazioak ere burutuz, eta berriro lanean berrartzea exijituko dugu, langile hau, bere lankideak eta egoera honetan egon daitezkeenak ere nagusikeriaren aurrean babestu eta defendatu behar direlakoan.
 

 

 

Greba orokorra Argentinan, Cordobazoaren 50. urteurrenean

0

Gaurkoa ez da edonolako data Argentinako historian. Argentinar bakoitzak bere memorian grabatuta duen data horietako bat da, batez ere mundu hobeago baten alde borrokatu zutenen eta borrokatzen dutenen memorietan. Gaur data historiko horren 50. urteurrena betetzen den egunean Cordobazoari buruz ari gara hitz egiten.

Cordobazoa Argentinako Cordoba hirian 1969ko Maiatzaren 29 eta 30ean egondako herri altxamendu bat izan zen. Elpidio Torres eta Atilio López izan ziren altxamendu horren buruak Mekanikoen sindikatu (SMATA) eta CGT barruan zegoen Tranviako langileen sindikatuko idazkari nagusiak izan ziren, CGT-ren barruan zegoen Luz y Fuerza sindikatuko Agustín Toscorekin batera. Argentinan 1969-1972 bitartean eman ziren “Pueblada” ezberdinetako bat izan zen, garai hartan “Argentinako Iraultza” izenarekin ezaguna zen diktadurarekin bukatzea helburu zutenak, hain zuzen ere.

Gaur, 2019ko Maiatzak 29, herri altxamendu horren 50. urteurrena da, baina, zoritxarrez, Argentinako herriak ezer gutxi dauka ospatzeko gaur egun. Macriren gobernuaren politiko neo-liberal eta anti-demokratikoek herrialdea ondoratu dute, Argentinako aberastasunak atzerriko kapitalei saldu dizkie eta Argentinako burujatza nazionala Nazioarteko Diru Funtsari. Gobernu ultra-eskuindar honen politika hauek guztiek gizartea oinarrizko eskubide sozio-ekonomikoak galtzera eraman dute, eta baita bizitza duin baterako eskubidea ere, eskubideen errespetuan oinarritutako bizitza duin bat garatzeko aukera ukatu egiten diolako.

Egoera larri honetan, Argentinako mugimendu sindikalak beste greba orokor batera deitu du. Greba hau CGT, CTA de los Trabajadores, CTA Autónoma, eta eredu berri baterako mugimendu sindikalak deitu dute Garraioko CATT, 62 erakunde Peronistak, Irakasleak, Korronte Federalak, Kamiolarien sindikatuak, Aeronautikako langile teknikoak (APLA), banka langileen asoziazioak, Argentinako Justiziako langileen sindikatuak, eta ATE eta UPCN-rekin batera; beraz, udaletxe eremuak eta administrazio publikok gaur ez dute lanik egingo. Gaurko greba eguna Macriren gobernuaren politika ekonomiko eta sozialen errefus berri bat izango da.

Horregatik, LAB sindikatutik greba deialdi honi gure babesa adierazten diogu, eta Argentinako langile klaseari gure elkartasun osoa helarazten diogu. 1969Ko Cordobazoaren garaian zioten bezala, “gu guztiok batera, langile, ikasle, ideologia eta erlijio guztietako pertsonak gure diferentzia guztiekin elkarrekin joan gaitezen, gizarte justuago bat eraikitzeko eta gizakia beste gizaki batzuen otso izateari utzi diezaion bere lagun eta anaia-arreba izan dadin”.

Agustín Toscoren esaldi hori gure eginez, egin dezagun guztiok batera askatasunera eta justizia sozialera emango gaituen aldaketa politiko eta sozial baterako bidea, Argentinako herriaren eta euskal Herritarron bizitza erdian jarriko dituen politika batzuen alde.

 

 

 

Politika feministak eskatu ditugu, emakume langileak diskriminatzen gaituen jardunaldi partzialeko kontratuen kotizazioaren araudia aldatzeko


Arantxa Vazquez LABeko Batzorde Exekutiboko kideak, Pacis Garcia LABeko kideak eta Ana Mezo pentsionistak, hainbat emakume langilek babestuta, agerraldia egin dute, Europako justiziak berriro ebatzi duelako Espainiako Gizarte Segurantzaren arautegia diskriminatzailea dela lanaldi partzialeko kontratuei dagokienez. Bertaratutakoek aldarrikatu dute lan egindako egun bakoitzak egun kotizatua izan behar duela, eta gaiari buruz egindako txostena aurkeztu dugu, sindikatuak planteatzen dituen proposamenekin.  


Arantxa Vazquezek adierazi du badela garaia kontratu partzialen auzia agendaren erdian jartzeko: "Auzia politikoa da, ez da laborala. Ekimen instituzionalak behar dira".

Hain zuzen ere, arazoari heltzeko beharrezko neurriak zerrendatu ditu:

▪ Kotizazioen arazoa konpondu, Europak arrazoia eman digu. Lan egun bat, kotizazio egun bat.
▪ Lan denbora gutxitzeko eta banatzeko politikak.
▪ Kontratu partzialen erabilpenean dauden gehiegikeriekin amaitu. Gehiegizko erabilpena duten enpresetan ikuskaritzak egin, adibidez.
▪ Etxeko langileen Gizarte Segurantzaren erregimena bere osotasunean erregimen orokorrarekin ekiparatu behar da.
▪ Bizi laboral eta sozialaren arteko kontziliazio eta erantzukidetasun efektiborako politika feministak, emakumeak enplegura baldintza eta eskubide berberekin sartzea bultzatu eta bideratuko dutenak.
▪ Politika feministak bultzatzea, soldata arrakalaren aurkako neurriekin amaitzeko.

 

 

 

Gogor salatzen ditugu Gorlizeko eskolan agertu diren margoketak eta bat egiten dugu gaurko mugimendu feministaren mobilizazioarekin

Dei egiten diogu jendarteari, gaur arratsaldeko 19etan Gorlizeko Eleiz Enparantzan mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera. Ozen diogu ez ditugula gorroto mezuak onartuko eta aurrean izango gaituzuela. Homofobiak jendartean lekurik ez duelako, aniztasun sexualaren alde, eraso sexistarik ez.

Hilabete barru, ekainaren 28an, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Euskal Herriko eta mundu osoko kaleetan. Atzoko egunez berriz, Gorlizko eskolan, ikasleekin landutako sexu askatasuna eta feminismoaren inguruko horma-irudiak pintada faxista, matxista eta homofoboz beteta agertu dira.

Erregimen politiko heteropatriarkalak faxismo soziala hegemoniko bilakatu du. Zapaldu eta zapaltzaileen boterea markatzeko, arrazakeriaren edo indarkeria matxistaren estrategia berdina erabiltzen da aniztasun sexual eta generokoarekin. Jendartean, desberdinenganako gorrotoa nagusitu nahi dute, eta lantokiak jendartearen ispilu dira.

Guretzat onartezina da, hezkuntzaren sinbolo nagusia den edozein eskola erabiltzea horrelako mezu homofobo eta matxista duten margoketak egiteko. Hezkuntzak, ikaslea erdigunean jarri eta izaera aglutinatzaile eta inklusiboa izan behar du, bazterketa guztiak albo batera utziaz. Bide batez, ozen salatu nahi dugu ere, horrelako margoketen aurrean zenbait komunikabidek erakusten duten isiltasuna.

LAB sindikatuan, borroka hau aspaldi hasi genuen: sexu aniztasuna bermatzeko gida eta protokoloa osatu genituen langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten; irakaskuntzatik ere, sexualitatea eta sexu heziketak duen garrantziaz jabetuta, sexu heziketari buruzko gida argitaratu dugu, apirilaren 26an kanpaina burutu genuen lesbianak lantokietan ere ikusgarriak izan daitezen; Hazte Oir-en gorrotoaren autobusa Euskal Herrira sartu orduko, ongi etorriak ez zirela adierazi genien beste hainbat eragile sozial eta herritarrekin batera…
 

 

 

Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu Eusko Jaurlaritzaren aurrean

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok, hots, euskal gehiengo sindikalak, lan munduan hedatuta dagoen prekarietatea salatu dugu, eta azken lan heriotzak horren ondorio direla ohartarazi dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Hain zuzen ere, hiru eguneko epean bost langile hil dira; horietako lau lan istripuen eraginez, eta bosgarren bat amiantoaren ondorioz.