2026-01-28
Blog Page 670

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek grebara deitu dute otsailaren 25 eta 26rako

Donostian mobilizatu gara, Aldundiaren egoitzan bertan, Gipuzkoako helduen egoitzetako langileentzat hitzarmen duin bat eskatzeko. Foru Jauregiaren barruan sartu gara, gure haserrea adierazteko.

Hauxe da Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek igorritako adierazpena:

Nor da ELA sindikatua, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaian parte hartu nahi ez eta mahai honetatik kanpo, patronalekin adostasunetara iristeko?

Nor da Gipuzkoako Foru Aldundia maniobra zikin guzti hauek onartzeko?

Ulertezina zaigu negoziazio honetan gertatzen ari dena, inongo mugarik gabe, nahi dutena egiteaz gain, gu gezurtatzera ausartzen baitira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtarrilak 24an LABekin egin zuen bileran baieztatu zigun ELA sindikatua negoziazio honetan joko zikina erabiltzen ari dela.

LAB sindikatuak ez du onartuko patronalek (ADEGI, MATIA 2020, LARES eta ACGG), ELA sindikatuarekin batera, mahai horretako parte garenok kontutan ez hartzea. Ez dugu onartuko mahai negoziatzailea antzerki hutsa bilakatzea.

Horregatik, ELA sindikatuari eta patronalei mahaian eser daitezela eta bertan negozia dezatela exijitzen diegu, joko zikina alde batera utzita. Oraindik ere sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago.

LAB sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu nahi du, helduen egoitzetako sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe uzteaz gain, patronalen eta ELA sindikatuaren azpijoko guztiak onartzen dituelako.

Gauzak horrela, LAB sindikatuak otsailak 25 eta 26an grebara deituko ditu helduen egoitzetako langileak.

 

 

Ikastola guztietan lan hitzarmen duinak izateko bidean, EAEn berriki sinaturikoa ontzat jo dugu, baina Nafarroako blokeoa salatu dugu

0

Lan eta negoziazio luzearen ostean, abenduaren 4an, Euskal Herriko Ikastoletan gehiengoa dugun LAB sindikatuaren eskutik, EAEko Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa sinatu genuen. Nafarroan, ordea, 2007tik ez da hitzarmen berririk sinatu eta negoziazioak blokeaturik daude.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolen negoziazioa abiatu zenean, LABek ikastoletako kolektibo prekarizatuenetan hobekuntzak jasotzea zuen helburu. Gure ustez berriki sinatutako akordioan, hobekuntza nabariak daude 0-3 zikloko langileentzat, zerbitzuetako langileentzat eta baita hezkuntza laguntza espezialistentzat ere.

Irakasleen lan karga arintzeari dagokionez, aurrerapauso garrantzitsua dago ere, ordezkapenak lehenengo egunetik bermatzeko urrats handia eman delako lurralde eremu horretako ikastoletan. Ezin aipatu gabe utzi akordioan jasotzen den soldata igoera EAEko ikastoletako lan-kategoria guztietan (zeinaren bitartez behingoz, 2009ko lansari taulen gainetik kokatuko garen), edota DBHko 1. zikloko soldaten homologazioa 2. ziklokoekiko.

Negoziazioan zehar, EAEko ikastolen elkarteak, lan-sari taula berriak sinatzeko enplazamendua egin digu, baina holakoetan gure erantzuna berbera izan da: taulak sinatuko ditugu bai, baina edukiz beteriko Lan Hitzarmen berri baten aterkipean. EAEko ikastolek premisa hori onartu zuten, eta horregatik sinatu dugun akordioan jasota dauden eduki guztiak, zazpi hilabeteren buruan Lan Hitzarmen berri batean txertatuko dira.

LABeko delegatu, kide eta langileekin kontrastatu eta babes zabala jaso ondoren, LABek, beste behin ere, akordioak erdiesteko eta borrokarako dugun gaitasuna erakutsi du. Aurretik beste kolektiboetan egin genuen bezala, oraingoan ere EAEko ikastoletan akordioa lortu dugu. Akordioa posible izan da, ikastolak mahaian eduki oso esanguratsuak jartzera bultzatu ditugulako, eta beraiek administrazioak jarritako baldintza eskasetatik haratago joateko borondatea eduki dutelako. LABentzat edukiak dira akordiorako oinarria edozein negoziazio mahaitan.

Horregatik ozenki esan nahi dugu LABen pozik gaudela, EAEko ikastoletako negoziazio mahaiak bere fruituak eman dituelako, prozesu honetan guztian zehar Eusko Jaurlaritzak bere etxerako lanak egin ez dituen arren. Horregatik argi utzi nahi dugu, aurrerantzean ere ikastoletako langileak aurrean edukiko gaituela.

Nafarroako blokeoa
Baina era berean esan behar dugu LABen haserre gaudela Nafarroako ikastoletan NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak negoziazioa blokeatuta duelako. Gaurkoan, Hego Euskal Herriko ikastoletako LABeko sei ordezkari gaude hemen, gu gara EHIrekin negoziazioetan ibiltzen garenak, eta Nafarroako Ikastoletan bizi dugun egoeraren aurrean gure kezka larria erakutsi nahi dugu.

Nafarroan azken Lan Hitzarmena 2007an sinatu zen eta 2010etik luzatuta dago. Harrezkeroztik murrizketa gogorrak egon dira eta oraindik ez dira berreskuratu garai hartako soldatak.

EHI Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen jarrera oso ezberdina izaten ari da EAEko zein Nafarroako ikastoletan:

• Nafarroako kasuan jada hiru urte bete ditugu negoziazioan murgilduta akordioa lortu gabe.
• EAEko ikastoletan momentu oro ulertu da soldata taulak sinatzea Lan Hitzarmenarekin batera egin behar zela, eta horren arabera gauzatu da negoziazioa.
• EAEn Eusko Jaurlaritzak 2018ko soldata igoera aplikatu baino lehen, ikastoletan jada langile guztiei aplikatu zitzaien. Nafarroan, igoera urritik onartuta egon arren, San Fermin, Paz de Ziganda, Zangoza eta Argia ikastoletan momentuz ez dozenteek eta irakasle ez itunduek ez dute atzerapenik jaso, langileen artean desberdintasunak eta haserrea sortuz.
• EAEko ikastolek hartu-eman ugari eduki dute administrazioarekin langileen lan baldintzen hobekuntzak finkatzeko. Nafarroako ikastolek antzeko biderik jorratu ote duten berririk ez daukagu.
• Nafarroako ikastoletako negoziazio mahaian puntu asko adostu baditugu ere, blokeoa EAEko ikastoletan inongo arazorik sortu ez duen puntu batekin zerikusia dauka. Nafarroako ikastolek langileen soldaten gorabeherak langileekin negoziatu beharrean, administrazioaren esku utzi nahi dituzte, erabakigunea kanpoan jarriz. EAEko ikastoletako mahaian aldiz, argi egon da momentu oro, soldaten gorabeherak langileen ordezkariekin adostu behar direla, eta horrek ez duela inondik inora ere kolokan jartzen ikastolen bideragarritasuna. Nafarroan ere, ikastoletako langileak garen neurrian, gure soldatak eta baldintzak NIErekin adostu behar ditugu langileen ardura berea delako. NIEk administrazioaren aldetik finantzatutako soldatetan balizko murrizketa baten aurrean, automatikoki aplikatu nahi dute horretarako azken PPren lan erreformak emandako aukera probestuz. LABek aldiz, halako egoera baten aurrean, non eta ikastoletan, egoera langileekin adostu behar dela ezinbestez defendatzen du. EAEn ez zen egon inongo arazorik planteamendu sindikal orokor hau onartzeko.

Horregatik LABekook galdera hauek bideratu nahi dizkiogu EHIri eta NIEri bereziki:

• Euskal Herriko Ikastolen Elkartea berbera izanik, zergatik horren jarrera desberdina EAEn eta Nafarroan?
• Zergatik NIEk ez du administrazioa interpelatzen EAEko ikastolek egiten duten bezala?
• EAEko ikastoletako negoziazio mahaian inongo arazorik sortu ez duen puntuak, zergatik dauka Nafarroan Lan Hitzarmenaren negoziazioa guztiz blokeatuta?
• Erabakitzeko ahalmena Nafarroako Ikastoletan jarraitzea nahi badugu, zergatik utzi nahi dute soldaten afera automatikoki administrazioaren finantziazioaren gorabeheren menpe, langileekin adostu gabe, Nafarroako beste itunpeko patronalek egiten duten bezala?
• Gure ustez honen guztiaren erantzuna bakarra da. EHIren ausardia eta borondate falta Nafarroako ikastolei begira. Beraz NIEri argi esan nahi diogu jarrera aldatu behar duela, negoziazioa desblokeatzea eta akordioa erdiestea bere esku dagoela. Adibide garbia dauka EAEko ikastoletan. LAB bere akordioa lortzearren hasierako planteamenduetatik dezente mugitu da malgutasuna erakutsiz, eta proposamen ugari jarri du mahai gainean egoera desblokeatzeko desio dugun akordioa lortu gabe.

Adostasuna lortu ezean, hemendik ikasturte amaierara langileei mobilizazio plangintza proposatuko diegu. Ez dugu baztertzen lanuzteak eta greba deialdiak egoera ez bada desblokeatzen. Bederatzi urte daramagu Lan Hitzarmena berritu gabe eta langileen artean sortu diren soldata diferentziekin bukatu behar dugu.

 

 

 

“Gazteok eta langileok dugun aukera bakarra antolatzea eta borrokatzea da”

0

Gazteek bertatik bertara pairatzen dute prekarietatea. Bideo honetan lekukotasun bat bildu dugu, formakuntza kontratua zuen gazte baten esperientziarekin. Egun berean, enpresa berean, 30 gazte kaleratu zituztela ekarri du gogora, eta horren aurrean antolatzea eta borrokatzea erabaki zutela. LAB sindikatuarengana jo zuten, eta akordioa lortu zuten enpresarekin. Hala, prekarietatearen aurrean, antolakuntza eta borroka da bidea, eta horixe bera aldarrikatuko du larunbatean, otsailak 16, 17:30ean, Ernai gazte erakundeak antolatutako manifestazioak. Bilbon izango da mobilizazioa, Iberdrola dorretik abiatuta, "Prekarietateari ateak itxi!" leloarekin.

 

 

 

Presoen eskubideen alde mobilizatu gara sindikatuak, Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, “Konponbide garaia da. Orain presoak” leloarekin. Abenduaren 20an komunikabideen aurrean adierazitakoaren ildoan, hileko hirugarren ostiraletan egingo ditugun protesten harira dator gaurko mobilizazioa. 2019. urtearen etorrerarekin dinamika hau abiatu genuenetik bigarrena da.
 

 

 

“Egin klik: erlijiOFF” dinamika bidea egiten ari da

0

LAB sindikatuak Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian du abenduaz geroztik, "Egin klik: erlijiOFF" leloarekin. Azken urtean gure oinarri ideologikoak berritzeko lanetan murgilduta ibili gara, eta norabide horretan kokatzen dugu dinamika. Oinarri ideologiko horien lanketa estrategikoan, besteak beste, LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez. Momentuz, sinadura bilketa bat abian dugu, eta mobilizazio bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren aurrean. Hilabetero egingo ditugu elkarretaratzeak.


 

 

 

Txalotu egiten dugu Osakidetzako lehen mailako arretako langileen mobilizazioa

0
Lehen Arreta Arnasberritzen Plataformak deitutako langileen asanbladak planteatu duen Lehen Arretako esparruan borrokatzeko eta mobilizatzeko beharra konpartitzen du LABek.

ESIen integrazio eredua (zeinetan ospitaleak eta anbulatorioak uztartzen diren) ezarri aurretik lehen arretako egoera oso ona ez bazen, eredua finkatu zenetik, egoerak txarrera egin du nabarmen. Horrela salatu du LABek behin eta berriro. Izan ere, LABen ustez, Lehen Arreta, osasun sistemaren atea den heinean eta populazioarekiko gertutasunagatik eta dauzkan komunitate funtzioengatik, Osakidetzako giltzarria da. Kontrako norabidean, gobernu ezberdinek (EAEan, EAJ eta PSE) ezarri dituzten osasun politikek, kapitalaren beharrei men eginez, lehen arretako arloa bigarren plano batean utzi dute eta lehentasuna eman diote ospitaletako esparruari, industria bioteknologiko zein farmazia industria pribatuentzat askoz erakargarriagoa dena, eta bide batez, txandako sailburuak propaganda politika egiteko askoz errentagarria.

Honek guztiak ondorio garbiak izan ditu: lan-baldintzen kaskartzea eta populazioari ematen zaion osasun arretaren kalitatearen galera, zerbitzu ezberdinetan ematen diren etengabeko murrizketekin, gero eta itxaronaldi luzeagoekin, eta oso azkar handitzen ari den pribatizazioarekin.

Denbora tarte honetan, Osakidetzari euskal jendarteak behar duen lehen arreta eredua bere osotasunean hartuko lukeen negoziazioa eskatu diogu; negoziazioa batek nahitaez lan-baldintzen hobekuntza ekarri behar duena, arloko langileek modu eraginkorrean lan egin ahal izateko eta baloratuak sentitzeko. Osakidetzaren aldetik jaso dugun erantzun bakarra honakoa izan da: eztabaidarik gabe argitara eman duten “Euskadiko Lehen mailako Arretarako estrategia” dokumentua, norabide okerra zuzentzea baino, aspaldiko zauriei behin-behineko hesgailua ipintzea helburu duena. Erantzunez, LABek dokumentu honen irakurketa kritikoa helarazi zion Osakidetzako zuzendaritzari eta gaur egun osasun zentroetara hurbiltzen ari gara “Lehen arreta defenda dezagun” kanpainaren barruan. Aipaturiko kanpaina duela hiru urte hasi genuen eta, harrezkero, egindako murrizketen kontrako mobilizazioak eta salaketak sustatu ditugu hainbat herritan, auzo eta erabiltzaile elkarteekin batera, LABen ustez, borroka honetan jendartearen parte-hartzea funtsezkoa baita.

Bestaldetik, orain dela urtebete LABek LOREA proposamena egin zuen publiko. Bertan osasun arloak kategoria guztientzako ratioak ezartzeko beharra jasotzen duena, Diziplina Anitzeko Taldeen osaketaren bitartez. Proposamenak hein handi batean Lehen Arreta zelan aldatu eta hobetu jasotzen du.

LABek bat egiten du Lehen Arreta Arnasberrtitzen plataformak egin dituen aldarrikapen nagusi askorekin. Guk lehen arretarako hobekuntza integralaren alde egiten dugu, bai arreta jasotzen duen populazioarentzat baita arloan lan egiten duten kategoria eta langile guztientzat, inor alboratu gabe eta berdintasunean. Horretarako, Osakidetzak negoziazio kolektiboa errespetatu behar du, inposaketen garaia atzean utziz eta Osasun Mahi Sektorialean honako puntuei begirako neurriak negoziatuz:

• Lehen Arreta eredua aldatu eta berritu.
• Erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen murrizketak bertan behera utzi (anbulatorioetako ordutegiak
murriztea, adibidez).
• Mota guztietako pribatizazioekin amaitu.
• Lehen arretan ere osasun sistema perbertitzen duten peonadekin amaitu (“autokontzertazioak”
eufemistikoki deituta, baina urre-prezioan ordaindutako aparteko orduak baino ez direnak).
• Aurrekontu eta pertsonal nahikoaz hornitu, ratioak ezarrita eta kategoria guztion arteko taldea-lana
ideian oinarriturik.
• Erabiltzaile zein langileen hizkuntz eskubideak errespetatu.
• Genero ikuspegia kontuan hartu; etab…

LABen aburuz, puntu hauek guztiak oinarrizkoak dira lehen arreta dagokion lekuan benetan kokatu nahi badugu.

Osakidetzaren itxikeriaren aurrean lehen arretako langile askok mobilizatzeko eman duten aurrerapausoa oso modu positiboan baloratzen dugu. Bereziki baloratzen dugu mediku kopuru handi bat mobilizazio bideari lotu izana, zoritxarrez urte hauetan guztietan lehen mailako arretan zein espezializatuan murrizketen eta pribatizazioen kontra egin diren mobilizazio ugaritan medikuen presentzia oso eskasa izan delako. Bidea luzea da, eta zenbat eta kide gehiago, hobe.
 

 

 

Alcad Electronics enpresako langileak mobilizatzen ari dira

0

Irungo Alcad Electronics enpresako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Hain zuzen ere, astelehena eta osteguna bitartean, hiru aste eman dituzte manifestazioak egiteko, ordu erdiz, 14:00etatik 14:30era, enpresaren egoitzatik Arretxe Ugalde industriaguneko sarreraraino. Hamaika urte dira soldata izoztuta dutela. Gainera, soldata murrizketak izan zituzten 2015ean, enpresak 2019an irabaziak dituen arren.
 

 

 

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileak haien hitzarmenaren alde mobilizatzen hasi dira

Lehen protesta astelehenean izango da, 09:15ean Donostiako PRECOren aurrean, mahai negoziatzailearen bileraren aurretik.

LAB eta CCOO sindikatuek Donostiako Tabakaleraren kanpokaldean langile asanbladak burutu ditugu patronalek egindako proposamen onartezin eta iraingarriaren ostean.

Hauetan mobilizazio eta protesten bide orri bat markatu da HEDATZEN patronalak (Ekimen eta Esku Hartze Sozialeko erakundeen Gipuzkoako elkartea) bere proposamena birpentsatu eta negoziazio erreal eta duin baten alde egin ezean azpikontratatutako eta guztiz prekarioak diren gizarte zerbitzuak aurrera ateratzen dituen sektorearentzat.

 

 

 

Bizkaiko eskuhartze sozialaren sektorea arriskuan dagoela ohartarazi dugu

Zerbitzu Sozialen karteraren dekretu berriaren aplikaziotik eratorritako Bizkaiko Eskuhartze Sozialeko sektoreko berregituraketak, sektoreko sindikatuak alertan jarri gaitu sindikatuak.

Azkenengo lan hitzarmenaren sinadura eta gero, ziurgabetasun aro batean sartzen ginela ohartarazi genuen. Kartera dekretu berriaren aplikazioak, lan baldintzetan izango zituen eraginak zalantzak sortarazten zizkigularik.

Pasa den astean, sektorearen berregituraketak lehenengo kaleratzea ekarri zuen, zehazki, Bizitegi elkartean. Honetaz gain, aurreko otsailaren 5ean izandako kontaktu batean, GIZARDATZ eta GEROAN patronalek, sindikatuok egiten dugun analisia berretsi ez ezik, berrantolaketak sorturiko ondorioengatik, langileen kaleratzeen beharra, enpresa batzuen mahai gainean dagoela aipatu zuten.

Kartera Dekretu berria hazkunde aukera bat moduan planteatzen da sektorearentzako, gizarte zerbitzuen finantziazioa murrizten den heinean. Guzti honek murrizketa handiak ekarri ahal ditu zerbitzuaren kalitatean. Finantziazio falta hau langileongan erortzen da beste behin ere; lan eskubideen murrizketarekin, lan kargen handitzearekin, pertsonal murrizketarekin eta kaleratzeekin.

Bizitzen ari garen egoeraren garrantzia kontuan izanik eta espekulazioarekin bukatzeko helburuarekin, sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok gatazkan inplikatuta dauden eragile guztiekin bilerak deituko ditugu. GIZARDATZ patronalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Inklusio Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari bilkura eskaerak helaraziko dizkiegu.

Honekin, alde batetik, sektorearen, zerbitzuen eta finantzazioaren gaur egungo egoera, modu zuzen batean ezagutzea bilatzen dugu. Bestetik, Bizkaiko Eskuhartze Sozialaren kalitatea bermatu nahian, zeresana duten eragile guztien parte hartzea bultzatu nahi dugu.

Bukatzeko, patronalek, instituzioen aurrean erakusten ari diren ahalduntze falta kontuan izanik, finantzazioaren arduradunen interpelazioa baino lehen, langileon kaleratzeak konponbide gisa jartzen dituztelarik; sektoreko sindikatu guztiok, Bizitegiko langileek, kaleratutako langilearen berronartzearen helburuarekin planteatzen dituzten ekintza eta mobilizazioak, gureak egiten ditugu, gure babes publikoa helaraziz. Gatazka honek duen berebiziko garrantzia argi geratzen dela uste dugu, Gizardatzen hitzetan honakoa esan zenean: “Bizitegik kaleratzeen aukera heldu duen lehenengoa izatearen zorigaitza izan du”. Honengatik guztiagatik, sektoreko langile guztiak hurrengo otsailaren 19an, Otxarkoagako plazan 10:30etan, burutuko den kontzentrazioarekin bat egitera gonbidatzen ditugu.