Gurasos elkarteak manifestazioa egingo du larunbatean, otsailak 23, erraustegiaren aurka. Donostian izango da mobilizazioa, 17:00etan, Antiguako tuneletik abiatuta, “Esan baietz adostasunari” leloarekin. Bada, LAB sindikatuak bere atxikimendua erakutsi dio manifestazioari eta deitzaileen manifestuari.
Hain zuzen ere, hondakinen kudeaketa ereduaz gain, jendarte eredua eta kalitate demokratikoa daude jokoan. Hondakinen gatazkak behin betiko irtenbide bakarra du: erakundeen eta antolatutako jendarte zibilaren arteko elkarrizketa eta elkarlana. Zentzu honetan, erraustegia martxan jartzeko alde bakarreko erabakiak ez du gatazka ixten, ezta bideratzen ere.
Emakunderen egoitzan elkartu gara, Gasteizen, Gizon eta Emakumeen Soldata Berdintasunaren Aldeko Egunaren bezperan, idatzi bat erregistratzeko. Hain zuzen ere, “Soldata arrakala ez da kopuru bat, arazo politikoa da” lelopean mobilizatu gara. Ondoren, Emakunderen egoitza okupatu eta batzar bat egin dugu bertan, gure aldarrikapenak ikustarazteko: soldata arrakala sistemak erabiltzen duen tresna baita, gure lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko eta zaintza lanak egitera behartzeko. Era berean, Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin dugu protesta. Kasu honetan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuari zuzendu gatzaio.
Hauxe da Emakunderen egoitzan erregistratu dugun idatzia:
Generoaren araberako soldata arrakala ez da kantitate kontu hutsa. Arazo politikoa da.
Soldata arrakala sistemak erabiltzen duen tresna da, gure lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko eta zaintza lanak egitera behartzeko, sistema kapitalista heteropatriarkalak lan horiek guztiak premiazkoak baititu bere horretan irauteko eta irabaziak lortzeko.
Pasa den urtean, LABek enpresei soldata arrakalaren inguruko datuak eta honekin amaitzeko neurriak eskatu zizkien. Oso gutxik erantzun ziguten. Batek ere ez zuen neurririk martxan ipini.
Aurten instituzioak interpelatzen ditugu zuzenean: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Emakunde, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, aldundiak, udalak… ez dutelako honi dagokionez ezer egin, plan instituzionalekin engainatu nahi gaituztelako -aldez aurretik ondo dakiten arren ez direla konponbidea-, emakumeon lan baldintzetan ardura zuzena daukatelako, ez dituztelako enpresak behartzen benetako neurriak ezartzera, soldata arrakalak bere horretan irautea uzten dutelako, azpikontratak bultzatzen dituztelako euren enpresen mesedetan eta, honela, soldata arrakala legeztatzen dutelako, gure bizitzak erasotzen dituen sistema kapitalista iraunarazten dutelako, ARDURAGABEKERIA politikoaz jokatzen dutelako.
Oso modu orokorrean ikus dezakegu soldata-arrakala hainbat arlotan eta modu desberdinetan, adibidez:
Industria sektore guztiz maskulinizatua da eta ez da apenas emakumerik* kontratatzen.
Emakumeak zaintza lanetan, merkantilizatuetan zein merkantilizatuta ez daudenetan, gainordezkaturik gaude.
Sektore publikoan feminizaturik dauden lanak azpikontratatzen dira eta honek soldata arrakala handiagoa sortzen du.
Jardunaldi osoak galarazten dizkigute eta emakumeak jardunaldi partzialaz eta aldi baterako kontratatzea bultzatzen da, baita saritu ere. Honela, zaintzen ardura hartzera behartzen gaituzte, sistema ez baitago prest bere gain hartzera, irabazi berberak izango ez lituzkeelako.
Lanaren banaketa etnikoaren arabera, soldata arrakala gehiago sortzen dira: lanik gogorrenak, gutxien ordaindu eta arautuak eta esplotazio egoera latzenekoak beste jatorri batzuetako pertsonei egozten zaizkie. Hala nola etxeko lanak, eraikinen garbiketa, etxez etxeko laguntza… Eta hau guztia lan merkatuaren prekarizazio orokortuaren testuinguruan.
Guretzat soldata arrakala ez da kantitate bat. Ez datza soldatetan euro gehiago edo gutxiagoko aldean (hori ere baden arren), hortik harago, bizi garen sistema kapitalistaren isla argia daukagu. Sistema honek gure lanei balioa kendu eta mespretxatzen ditu, bere irabaziak handitu ahal izateko eta sistemaren antolaketa aldatu behar ez izateko eta, horrela, bizitzaren iraunkortasuna gure bizkar gainean uzteko. Lanaren antolaketa soziala aldatzea borondate politiko kontua da, zeren eta, norbaitek esaten badu soldata arrakalarekin amaitu ahal dela sistema, sistema kapitalista hau, zalantzan jarri gabe, gezurretan ari baita. Eta gezur hau sinisten badugu, betikotu egingo ditugu orden eta eredu berbera, zaintzen eta denboren banaketa bidegabea, jarraituko dugu "egin dezala bakoitzak ahal duena" gurpil zoroan, lan egin, zaindu, kontziliatu eta bizi ahal izateko, birrindurik amaitu barik eta inor esplotatu gabe. Instituzio publikoek, gobernatzen dituztenen bitartez (EAJ-PNV, adibidez) erantzukizun argia daukate, zaintza zerbitzu publikoak garatzen ez dituztelako, hauek pribatizatzen dituztelako eta ez dutelako ezer egiten zerbitzu publikoak kaskartu ez daitezen.
Soldata arrakalaren inguruko azalpenen "neutraltasuna" salatu behar dugu, hau da, neurri gutxi batzuk hartuta, arrakalarekin amaitzea posible dela. Soldata arrakala egiturazko arazoa da eta, hortaz, ezinezkoa da horrekin amaitzea sortzen duen sistema zalantzan jarri barik. Ez da arazo laboral hutsa, arazo hau, funtsean, jendartearen antolaketarena da, hau da, arazo politikoa. Pertsonak zaintzea, garbitzea, heztea, bizitza posible egiten duten lanak… balio gutxiagokoak badira kotxeak ekoiztea, torlojuak egitea edo harresiak altxatzea baino, honek pentsarazi beharko liguke ea ze jendarte eredutan bizi garen eta zeintzuk diren horren azpian dauden balioak.
Eta, ahaztu gabe, soldata arrakalarik handiena da aipatu ere egiten ez dena: aitortzen diren lanen (eta, hortaz, ordaintzen diren lanen) eta lantzat aitortzen ez direnen artekoa. Arrakala horrekin amaitzen dugunean, amesten dugun mundu horretatik hurbilago egongo gara.
Trantsiziorako neurriak • Berdintasun plan eraginkorrak egiteko derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• Kontziliaziorako eta erantzunkidetasunerako benetako neurriak har daitezela.
• Aitatasun eta amatasun baimenak parekatzeko administrazioan hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea. Amatasun eta aitatasun baimenak derrigorrezkoak eta besterenezinak izatea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea, frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.
• Zaintzarako euskal sistema publikoa garatzea.
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko bermatuko diren neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak
• Haur eskolak doakoak izan daitezela
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak har daitezela.
Nora joan nahi dugu? Sindikatuok gure papera birpentsatu behar dugula argi dago, baina jendartearen parte gara, lan mundua ez baitago sistematik kanpo; horregatik, oso garrantzitsua da beste urrats batzuk ere gure gain hartzea eta horren inguruan hausnartzea gainerako eragile sozialekin batera.
Hona hemen horretarako beste pausu posible batzuk:
• Sexuaren araberako lan banaketarekin bukatu. • Enpleguaren bitartez emantzipaziorako apustuaren ideia zalantzan jarri. • Guk egiten ez ditugun zaintza lan guztiak ez utzi besteen esku, ondo ordainduta daudelako aitzakipean. • Barne etxeko langilearen figura desagertzea. • Pertsonen elkarren menpekotasunaren ideia landu eta zabaldu, pertsonen autonomiaren fikzioa alboraturik. Aldi berean, planetarekin dugun menpekotasuna ere kontuan hartu. • Sozialki beharrezkoak diren lan guztien berrantolaketa. • Zaintza lanak guztion arduratzat hartu eta ez era indibidualizatuan. • Kontziliaziorako eskubideak lehenetsi, baina ez emakumeentzat eta familia nuklearrentzat besterik ez, baizik eta bideak irekitzen beste mota batzuetako familia ereduak horietan sar daitezen. • Lan eta enpleguaren arteko dikotomia faltsuarekin bukatu. • Erantzunkidetasun sozial erreala sustatu. • Bizitzarako beharrezkoak diren lan jardunaldi egokiak exijitu. • Lana, enplegua eta denboraren banaketa sozial justuagoa (eremu publikoan zein pribatuan, etxeetan, komunitatean, familietan…). • Erantzunkidetasuna zein kontziliazioa birpentsatu. • Familia eredua eta bere funtzioa birpentsatu: kontsumorako unitatetik zaintzarako komunitatera pasatzea, familia terminoa bera birpentsaturik. • Enplegu eta eskubideen arteko lotura apurtu. • Enplegu duinak bermatu. • Gure militantzia ereduak birpentsatu. • Zaintzaren berrantolaketa soziala. Zaintza lanak familiatik eta eremu pribatutik atera. • Bizitza posiblea egiten duten lan guztien aitortza. • Lan munduko ordutegiak ezbaian ipini, bizitzen beharrei egokitu, produkzioaren mesedetan egon beharrean. • Soldatapeko etxeko lanari buruzko hausnarketa sakona. Justua al da gaur egun gertatzen ari den bezala mantentzea edo pixkanaka lortu behako genuke desagertzea? • Adinekoen egoitzen eredua birpentsatu, guztion artean beste eredu inklusiboago batzuk eraikitzeko. • Bizitzari eusteko esparru kolektiboak eta autogestionatuak sortu.
Zer eskatzen diogu Emakunderi? Erakunde honek berdintasun arloko politika publikoetan duen benetako eragina baloratzeko garaia dela uste dugu. Sortu zenetik hogeita hamar urte igaro dira eta bere eragina oso txikia izan da. Bere azterketa eta aholkularitza funtzioak ez dira lagungarriak izaten ari komunitate honetan milaka emakumeren bizi-prekarietate egoera iraultzeko.
Berdintasun politiketan urrats bat gehiago ematea eskatzen dugu eta benetako politika feministak diseinatzen hastea. Emakundek, gaur egun, ez die erantzuten EAEko emakume gehienen eskaerei. Egin diren politikek hemen bizi garen emakumeen zati txiki bati mesede egiten diote bakarrik. Eusko Jaurlaritzak ez du benetako konpromisorik “berdintasunarekin” eta duela 30 urteko egoera berean erakunde honen funtzioak mantentzea horren isla da.
Politika feministak eta emakume guztientzako nahi ditugu!
Gaur, otsailak 20, Gasteizko Legebiltzarreko Justizia Batzordean agerraldia egin du LABeko ordezkaritza batek, Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko epaitegietako egoerari buruz egindako txostenaren ondorioak aurkezteko.
Esandako txostenean, langileen eskubideen urraketaz gain, beste alderdi sozial bati loturiko aspektua ere aztertu genuen: epaitegi horietara doazen pertsonei ematen zaien zerbitzuaren kalitate eza.
Aldi berean, emakumeen aurkako indarkeria epaitegiekin zerikusia duten kontuetan ditugun ezagupena eta esperientzia aintzat hartuz, premiazko hainbat neurri abian jartzeko proposatu genuen, langileen lan-baldintzak hobetzea zein organo horietara jo behar duten herritarrei arreta egokia eta duina bermatzea baititugu helburu.
Urte batzuk dira epaitegi hauek sortu zituztela eta, zinez diogu, duten funtzionamendua jasanezina eta zeharo ez eraginkorra da, bai langileei begira –lanaldi amaigabeak eta ordainsaririk gabekoak nozitu behar dituzte, bai bertara joan behar duten pertsonei ere begira. Txostenean, agerian jartzen genituen hainbat urritasun eta zuzendu beharreko kontu batzuk, hala nola: biktima eta ustezko erasotzailea leku berean eta aldi berean dauden aretoak; adingabekoek entzun behar ez luketena entzun behar duten gelak; norberaren intimitatea bortxatu eta datuak babesteko legea betetzen ez den lekuak; itzultzaile profesionalak ez diren zerbitzuak batzutan erasoa jasandakoak esandakoa itzultzen ez dutenak, etab.
Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki gertatzen dena, Auzitegi Nagusiak ere bai, jakina. Eta 2017tik konpontzeko lanetan dabiltzala esan arren, konponbideak ezarri gabe jarraitzen dute.
Emakumeen aurkako indarkeria arloko epaitegietako errealitatea garratza da, agian egunez egun garratzagoa. Hala ere, badirudi inori ez diola axola: sistemaren onurak eta genero kontuetan aurreratu dugula saltzen dizkigute, dena gezurra badaere.
Hedabideek ere ez dute zintzoago jokatzen, ez dute kontatzen gertatzen ari dena eta ez zaie interesatzen errealitate hori.
Berriozartik abiatuta, Buztintxurin, Arrotxapean, Donibanen, Iturraman, Bigarren Zabalgunean eta Arrosadian ibili da Esku-hartze Sozialeko langileen karabana.
Karabanako parte-hartzaileek Nafarroan Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren beharra aldarrikatu dute, sektorearen duintasuna bermatzeko nahitaezko modutzat jotzen baitute. Langileek azpimarratu dute gizartean garrantzi handiko sektorea dela, funtzio sozial oso garrantzitsua betetzen dutelarik, gizarte zerbitzu sozialen zorroan kokatuak dauden zerbitzuak ere barnebiltzen baititu.
Langile hauek beraien zeregina oso lan baldintza kaskarretan egiten dute: soldata baxuak, jardunaldi luzeak, aitortza falta, erasoak, estresa, lan karga handiak… Langile gehienak emakumeak dira, eta horrek are gehiago sakontzen du egiturazko prekaritatea. LAB sindikatutik aldarrikatzen dugu justiziazko irtenbide bat eta Nafarroako esku-hartze sozialeko lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia berehala ireki dezatela.
LABek eta ELAk grebara deitu dugu otsailaren 27 eta 28rako, martxoaren 5erako, eta martxoaren 11tik aurrera greba mugagabera.
Otsailaren 8an zabaldu zen albistea: DIA Supermerkatuen taldeak Estatu mailan gehienez 2.100 laguni eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion. Orduan jakinarazi zigun, prentsarri eta langileoi aldi berean, 15 eguneko epea hasiko zela negoziazio-mahaia eratzeko. Ordutik ez dugu beste berririk jaso, eta bi asteak ia agortu dira. ELAk eta LABek egoeraren honako irakurketa egin dugu:
• DIAko langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko; arazoen jatorria izan dira zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak. Azken hiletan mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak.
• DIAko denden errealitatea Euskal Herrian analizatzeko beste ikuspuntu bat behar da. Errealitate sindikala ere ezberdina da; ELA eta LAB gehiengo sindikala gara. Horregatik, eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri; hor dago aplikatzen diguten hitzarmen negargarria.
• Euskal Herrian ordezkaritzan nagusi izanagatik ere, inork ez du guregana jo negoziazio-mahaia eratzeko. ELA, LAB, Galizako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuok jakinarazi diegu zuzendaritzari, baita FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei, mahai horretan parte hartzeko eskubidea zor zaigula. Haatik, oraindik ez dute erantzun. Informazio ofizialik ez dago, baina sindikatu horiek zabaldu dute ostiral honetan eratuko dela negoziazio-mahaia.
• Horregatik, ELAk eta LABek gehiengoa dugun espedienteak eragindako lurraldeetan (Bizkaia eta Gipuzkoa) greba deitu dugu otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5ean; gainera, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dugu DIA Supermerkatuetako enpleguaren eta lan-baldintzen alde.
Ikusiko dugu ostiral honetan zer gertatzen den; negoziazio-mahaia gure ordezkaririk gabe eratzen bada, antidemokratikoa eta legez kanpokoa izango da.
Bilbo Estiba enpresa batzordeak deituta, lanuzteak eta mobilizazioak egin dituzte gaur Bilboko Portuan, atzo hildako langilearen lan heriotza salatzeko. Bilboko Portuaren instalazioetan, Santurtzin, 2015. urteaz geroztik 5 langile hil direla gaitzetsi dute.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean, Gipuzkoako elikagaien industria eta merkataritzako hitzarmenean benetako negoziazioa eskatzeko. Jarrera aldaketa ez badago, datorren asteazkenean, otsailak 27, 10:00etan, Uvesco enpresaren aurrean beste elkarretaratze bat egingo dugu Irunen.
Osakidetzako Enplegu Publikorako Eskaintzari buruz Fiskaltzak egindako txostenak baieztatzen ditu LABek egindako salaketak, Osakidetza bera oso egoera larri batean utzita. Ikerketa laguntzeko bide horretan emango ditugun urrats juridikoen berri emateko, eta Fiskaltzak egindako analisiaren azterketa aurkezteko, agerraldi bat egin dugu Bilbon. Bertan, prozedura juridiko honetan azkeneraino joko dugula jakinarazi dugu, eta akusazio moduan aurkeztuko garela iragarri.
Fiskaltzaren txostenaren balorazioa eta hemendik aurrerako ekinbide juridikoen berri emateko egin dugu agerraldia. Osasun sailburu Jon Darponek irregulartasunak hasieratik ukatu eta gutxietsi dituela gogoratu dugu, eta onartezinatzat jo dugu Osakidetzako edozein profesionalek ez izatea aukera berdintasuna plaza bat eskuratzeko orduan.
Gogoratu dugu 11 kategoria daudela susmopean, kategoria medikuen %20, eta berretsi dugu Osakidetzako goi-karguak ez direla egokienak egiten duten lana egiteko. Honen guztiaren aurrean, prozedura juridiko honetan azkeneraino joko dugula jakinarazi dugu, eta akusazio moduan aurkeztuko garela iragarri.
Katalunian otsailaren 21erako greba orokorra deituta dago, herrialdeak pairatzen duen egoera sozio-ekonomiko larria dela eta.
Jendetsua espero den greba orokor deialdi honek Katalunia osoa gelditzeko helburua du eta honako helburuagatik deituta izan da:
• Lan erreformaren indargabetzea • 1200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko • Auzitegi Konstituzionalak betaturiko lege sozialen errekuperazioa • Lantokietan tratu eta aukera berdintasuna aldarrikatzeko • Kalitatezko zerbitzu publikoen eta lan baldintza duin batzuen alde
Egoera sozio-ekonomiko honi, Kataluniak bizi duen salbuespeneko egoera politikoa gehitu behar zaio. Pasa den 0tsailaren 12an, Madrilen Kataluniako herriak demokratikoki aukeratu zituen politikarien kontrako epaiketa hasi zen. Pertsona hauen delitu bakarra Kataluniako herriaren gehiengoaren borondate politikoa gauzatzea izan da, eta erreferendum bat egite hutsagatik matxinada eta sedizio salaketa dute.
Aipatutako guztiagatik, Katalunia, Euskal Herria, Galiza, Martinica, Guadalupe, Kanakia, Kanariar Irlak, Kortsika, Val d’Aosta, Sardinia eta Bretañako sindikatuak barnebiltzen dituen Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformatik greba deialdi hau babesten dugu. Greba deialdi hau, Kataluniako langile klasearen mobilizazio guztiak bezala arrakastatsua izan dadila espero dugu, Kataluniako herria demokrazia eta justizia sozialean oinarrituta egongo den eszenatoki berri batera eraman dezan.
Hauek dira plataforma osatzen dugun sindikatuak:
-Confederazione Sindacale Sarda (CSS, Sardinia) -Central Unitaria de Traballadoras/es (CUT, Galizia) -Intersindical Canaria (Kanariar Irlak) -Intersindical-CSC (Herrialde Katalanak) -Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB, Euskal Herria) -Syndicat Autonome des Travailleurs Valdotains (SAVT, Vâl d’Aoûta) -Sindikad Labourerien Breizh (SLB, Bretainia) -Sindicat Occitan de l’Educacion (SOE, Okzitania) -Sindicatu di i Travagliadori Corsi (STC, Korsika) -Union Générale des Travailleurs de Guadeloupe (UGTG, Guadalupe) -Union Generale des Travailleurs de Martinique (UGTM, Martinika) -Union Syndicale des Travailleurs Kanaks et des Exploités (USTKE, Kanakia) -Union des Travailleurs Guyannais (UTG, Guyana).