2026-02-27
Blog Page 661

Igor Arroyok langileen zerbitzura egongo den Estatu bat sortu nahi dugula berretsi du Atenasen, eredu ekonomiko eta sozial justuago bat oinarri

0

Munduko Sindikatuen Federazioaren Kontseilu Presidentziala egin dute gaur Atenasen, "internazionalismoa, batasuna eta klase borroka" leloarekin, eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo bertan izan da, gainontzeko sindikatuetako ordezkariekin batera. Bere hitzartzean, Arroyok nabarmendu du autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzen ari den herria dela Euskal Herria, “baina ez Estatu kapitalista bat sortzeko xedearekin, langileen zerbitzura jarriko den Estatu bat eraikitzeko baizik, eredu ekonomiko eta sozial justuago bat oinarri”.

Igor Arroyoren hitzetan, “Filipinas Asian, Kuba Ameriketan, Ginea Afrikan eta Belgika Europan, España ere baziren. Euskal herritarrok erreferendum baten bitartez erabaki nahi dugu Espainia edo Frantziaren parte izatea nahi dugu, edo Estatu propio bat sortu nahi dugun. Espainiako Gobernuak, baina, ez du aukera hori uzten”.

ETAren desegitearekin, “armarik gabe dena posible zela” zioten leloa gezur hutsa bilakatu dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi ondokoak: “200 preso politiko daude, argitu gabeko Estatu krimenak daude eta Kataluniaren aurkako errepresioak bere horretan jarraitzen du, besteak beste”.

Euskal gatazkari buruz aritu eta gero, Igor Arroyok Nazioarte mailan dauden erronka eta mehatxuei buruz hitz egin du. "Prekarietatearen eta pobreziaren aurka borrokatu behar dugu, kapitalak aberastasun guztia metatzen ari den honetan. Ildo honetan, sindikalismoak tresna eraginkorra izan behar du langile klasearentzat, baita sektore berrientzat ere. Hori dela eta, sindikalismoa birpentsatu beharra dugu eraginkorragoa egiteko".

Era berean, mundu justuago baten aldeko apustua egiten duten eragileen arteko aliantzen garrantzia aipatu du, eta mugimendu feministarekiko aliantza lehen lerrora eraman du. Azkenik, Munduko Sindikatuen Federazioak berrindartzen ari den faxismoaren kontrako borrokan lidergoa hartu behar duela adierazi du.

Inperialismoari aurre egin
Bestalde, kontseiluari berari dagokionez, Munduko Sindikatuen Federazioaren Kontseilu Presidentzialeko kide berriak onartu dituzte, bost milioi langile ordezkatzen dutenak. Horiekin 97 milioira Iritsi da Munduko Sindikatuen Federazioa. Hazten ari den erakunde bat da, beraz.

2021eko Kontseilua Vietnam-en egingo dutela adostu dute, eta idazkari nagusitik honako erronka huek planteatu dituzte: hazkundearekin jarraitu; federazioaren antolakuntzan eta kanpo proiekzioan hobetu; emakumeen parte hartzea areagotu; klase batasuna sustatu; eta inperialismoari aurre egin.

 

 

 

Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Donostian

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deitutako sektoreko 24. greba egunak ere babes zabala izan du. Sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien atzo arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik. Gaur, 24. greba eguna sektorean, Kristau Eskolako egoitza aurrean milaka langile bildu dituen elkarretaratzea gauzatu dugu egoera salatzeko.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Atzoko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, atzo arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.
 

 

 

Modu aktiboan parte hartzen ari gara Korrikan

Korrika Garesetik irten zen ostegunean, apirilak 4, eta Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. LAB, orain arte egin duen moduan, modu aktiboan hartzen ari da parte aurtengo Korrikan, eta bertan parte hartzeko deia egin nahi dio bere kidegoari.

AEK-k eta KORRIKAk sustatuta, euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak jendaurrean sinatu zituen LABek duela egun batzuk, hainbat arlotako 30 gizarte-eragilerekin batera, ‘Aro berriari, klika’ ekimenaren baitan. «Esanetatik konpromisoetara jauzi egitea» aldarrikatu zuen.

LABek euskara hizkuntza propio eta ofizial gisa izendatu zuen 2000 urteko Biltzar Nagusian. Euskara dugu sindikatuaren LAN eta KOMUNIKAZIO HIZKUNTZA, bai barruko lanetarako zein kanpoko zereginetarako eta harremanetarako, eta euskararen egin beharra kokatzen dugu gure ekintza sindikalean eta esparru sozioekonomikoan.

Horrela dugu jasoa sindikatuaren HIZKUNTZA POLITIKAN, eta hori horrela izanda, honako “KLIK”ak aktibatuko ditugu KORRIKA garaian:

• Lan munduan eta lan harremanetan langileek dituzten hizkuntza eskubideak aldarrikatuko ditugu, hau da, euskara jakiteko eta erabiltzeko dituzten eskubideak.

• Eremu sozioekonomikoan, negoziazio kolektiboaren alorrean zein ekintza sindikalean, langileek “AHOBIZI” zein “BELARRIPREST” izateko duten eskubidea eta aukerak landuko ditugu.

• Lan munduan euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko araugintza propioa garatzeko ekimenak eta aukerak landuko ditugu.

• Barruko jardunean LABeko kideok eta delegatuok, KORRIKA bitartean, “AHOBIZI” edo “BELARRIPREST” rola hartuko dugu eta hartutako rolaren arabera jardungo dugu.

Egunez zein gauez, bidea egiten
Garesetik irten zen Korrikaren tropela ostegunean, apirilak 4, eta Gasteizera iritsiko da apirilaren 14ean. LABeko kideek hainbat kilometro egin dituzte orain arte, horietako batzuk sindikatuak berak eskuratutako kilometroen bitartez.

Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karrera, Garesen, Korrika irten aurretik.

Nafarroan egin ditu Korrikak lehen kilometroak, eta bertan izan gara, egunez zein gauez, euskararen alde bidea egiten, gainontzeko herrialdeetan izango garen moduan.

 

 

Oso ontzat jo dugu KYBSEko Enpresa Batzordearen gehiengoak lorturiko aurreakordioa

0
Iragan martxoaren 22an KYBSEko Enpresa Batzordeak aurreakordioa sinatu zuen, aldez aurretik langileek gehiengo osoz babestua zutena. LABen 10 ordezkariek, CCOOren biek eta Solidariren zein CCren ordezkari banak egin zuten aurreakordioaren alde. KYBSEko langileen lan baldintzak asko hobetzen ditu aurreakordio horrek.

Aurreakordioan bereziki aipagarriak dira langileentzat oso garratzitsuak ziren lau punturen gaineko adostasuna: langile batek kategoria txikienean eman zezakeen denbora; jubilazioen gaineko akordioa; soldata igoera; eta lanaldiaren egun bateko murrizketa -oporrei gehitzen zaiena- gutxienez 8 urteko antzinatasuna duten langileentzat.

Jubilazio akordioan, jubilazio partziala errelebista fijo batekin bermatuko litzateke. Gainera, aurrejubilatuari lanaldiaren %50-a baimendutako ordainsari baten bidez disfrutatzeko aukera ematen zaio jubilazio adina arte.

Kategoria txikienean eman beharreko denborari dagokionez, 60 hilabetetik 18 hilabetera jaistea lortu da.

Horrekin batera, aurreakordioak hitzarmenaren iraunaldiko urte bakoitzerako KPI-ari lotutako soldata igoera bermatzen du. Eta hemen langileek egindako apostua nabarmendu beharko genuke. 2021ean montajerako linea berri bat irekiko balitz, soldata igoera hori KPI-ari mugatzea onartuko lukete. Lanaldi murrizketari dagokionez, 8 urteko antzinatasuna duten langileentzat opor egun bat gehiago lortu da. Egun hau, jada 10 urteko antzinatasunagatik dituzten 2 opor egunetara gehituko litzateke.

Horiek dira aurreakordioak jasotzen dituen elementu nabarmenenak, baina bereziki azpimarratu nahiko genukeena da aurreakordioa langileen gehiengo batek babestu duela, LAB-ek egindako lan onari garrantzia emanez. Aurreakordioak langileen 418 boto jaso zituen alde, 214 kontra, 8 zuri izan ziren eta boto baliogabe 1 egon zen.

Otsailaren 14an egin ziren hauteskundeen ondotik halaxe gelditu zen osatua KYBSEko Enpresa Batzordea: (10 delegatu), UGT (5), ELA (2), CCOO (2), Solidari (1) eta CC (1).

 

 

 

Patronalak eta Hezkuntza Sailak gaurko bilerara ez joateko hartutako erabakia arduragabekeria hutsa dela salatzen dugu

0

Proposamenak definitibo gisa aurkeztuz, bileretara ez joanez eta Hezkuntza Sailak bere ardura sahiesteko bidea erraztuz adostasunak ez dira posible izango. LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eta bereziki azken asteetako gertakariak kontuan izanik gauzatu dugu gaur arratsalderako bilera deialdia.

Sindikatuon ustez, ez patronala ez eta Hezkuntza saila ere bilerara ez agertzeko erabakia oso larria da eta arduragabekeria nabaria erakusten du. Patronalak gaurko bilerara ez etortzeko hartutako erabakiak argi erakusten du adostasunetara iristeko eta negoziaketarako inolako borondaterik ez duela. Aldi berean, bilerara ez etortzeko erabakia Hezkuntza Sailak ezer esan aurretik publiko egin izanak, bide eman dio Hezkuntza Sailari gatazka honen irtenbidean inplikatu eta parte hartu gabe jarraitzeko.

Gogoratu behar da mobilizazio eta greba dinamika honetara iritsi aurretik, hamaika bilera eta mota guztietako ekintzak gauzatu bagenituen ere 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe duten langileen eskaerek erantzun serio bat izan eta akordioak ixteko saikeran, patronala ez dela mugitu greba dinamika indartu arte.

Baita Urtarrileko greba egunen ondoren eta Martxokoen aurretik, sindikatuok Kristau Eskolarekin izandako bileretan adostasunak erdiesteko aukera eman zezaketen zenbait planteamendu egiteko prest agertu zela patronala ere. Tamalez ordea, eta zergatiak ezagutzen ez baditugu ere, patronalak atzera pasusu nabariak
eman ditu egindako planteamendu eta edukietan. Horrela, azken mahai negoziatzailera ekarritako eduki eta planteamenduek aldebiko bileretan egindakoekiko atzera pausoak ematea suposatzen dute eta adostasunak
erdiestea zailtzen dute. Gainera, patronalek mahai horretan erakutsitako jarrera erabat itxia izan da, azken
proposamen hau definitiboa eta aldaezina dela adieraziz.

Honi, Hezkuntza Saila gatazka hau bideratzeko erakusten ari den inplikazio eza eta parte hartze aktibo falta gehitzen zaizkio, bai guraso elkarte bai Eusko Legebiltzarrak berak ere luzatutako eskaerari muzin eginez. Hezkuntza Sailak sindikatuokin izandako bilerak sindikatuon eskariz izan dira, jadanik sektorean 18 greba
egun gauzatu ondoren gainera. Besteak beste, Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik.

Testuinguru honetan, sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari adostasun horiek lortzeko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako
adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien gaur arratsalderako. Gaurkoan bilerara ez agertzeko erabakia hartu badute ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa. Gatazka honi irtenbide egokia
emateko ardura eta aukera patronal eta Hezkuntza sailarena da.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.  

 

 

Uruguayko PIT-CNT-ren bisita izan dugu

0

Gaur, gure Bilboko egoitzan, Uruguay-ko PIT-CNT-ko Nazioarteko Harremanen idazkari den Jorge Bermudezen bisita izan dugu eta berarekin batzartu dira Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxueta eta Nazioarteko idazkari Koldo Saenz.

LABek eta PIT-CNT-k harremanak estutzeko erabili dute bilera hau. Euskal Herriak eta Uruguay-k bizi duten testuinguru sindikal eta politikoaren berri eman diogu elkarri. LAB-en aldetik hauteskunde sindikalen epealdi trinkoaren inguruko informazioa helarazteaz gain, sindikatu bezala aurretik ditugun erronken inguruan hitz egin dugu.

Jorge Bermudezek aldiz, Uruguay eta Hego Amerika osoan bizitzen ari diren egoeraren berri eman digu. Brasilgo hauteskundeen ondoren, urrian Uruguayn eta Argentinan hauteskunde presidentzialak dituzte eta eskuinak irabaziz gero, kontinenteko ezkerreko blokea ahulduta geratuko litzatekeela aipatu du, are gehiago ikusita Nikaragua eta Venezuelaren kontrako oldarraldi inperialista nola bukatuko den ikusteke dagoenean.
 

 

 

Larritu egin da gazte-langabezia, martxoko datuen arabera

Hego Euskal Herrian martxoan erregistratuko langabeziak 2.057 pertsonetan egin zuen behera otsailekoarekiko eta horrela, 151.645 langabetu daude egun, Lan Ministerioak emandako informazioaren arabera.

Langabeziaren jaitsiera nabarmenagoa izan da gizonen artean (-%0,7) emakumeen artean baino (-%1,1). Langabetuak, emakumezkoak dira nagusiki, %57,7, hain zuzen ere.
Langabeziaren igoerak berriro ere kolpatu du gazteria, aurretik ere desabantailan dagoena, enplegu bat eskuratzeko zailtasun gehiago baititu eta prekarietate maila handiagoak jasa behar dituelako.

Martxoan, 25 urtetik beherako 80 gazte gehiago erregistratu dira langabezian eta iazko martxokoak baino 619 gehiago dira, urte arteko %5,7ko igoera suposatzen duena.
Bestalde, aldibaterakotasunaren gaitzak ere indartsu kolpatzen du, eta lau herrialdeetan sinatutako ehun kontratutaik 8 baino ez zen izan mugagabea.

Langabeziagatiko babes sistemaren defizit larriei eta bere estaldura maila baxuari dagokionez, esan beharra dago SEPE martxoan hasi dela 52 urtetik gorakoentzako langabezia dirugaluntza ematen, baina gaur prestazioei buruz argiratatutako informazioa otsailari dagokio.

Datu hauen arabera, otsailean, 65.483 pertsonek jaso zuten langabeziagatiko prestazioaren bat Hego Euskal Herrian, baina kasuen %38 baino gehiagoan, batazbeste 430 euro gainditzen ez dituen miseriazko prestazio asistentziala baino ez da.

Gainera, prestazioen sistema onuradun guztietatik, 49.682 baino ez dago langabezian ofizialki, besteak kategoria honetatik kanpo baitaude arrazoi administratibo ezberdinengatik.

Honek guztiak esan nahi du Hego Euskal Herrian 104.000 langabetuk ez zutela langabeziagatiko inolako prestaziorik jaso. Hortaz, sistemaren estaldura tasa langabetuen %32,3koa da, eta baxuagoa da emakumeen artean (%29,7) gizonen artean baino (%35,8).

 

 

 

Patronalei eta Hezkuntza sailari arduraz jokatzeko eskatzen diegu Gizarte Ekimeneko ikastetxeen gatazkan

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT indikatuok adostasunetara iristeko gure borondatean berresten gara eta gaur arratsalderako Lan Harremanen kontseiluan deitu dugun bilerara joango garela adierazten dugu.

Sindikatuok gogora ekarri nahi dugu azken bi ikasturtetan 22 greba egun gauzatu ditugu jadanik sektorean. Baita, mobilizazio eta greba dinamika honetara iritsi aurretik langileok gure esku zeuden tresna guztiak jarri genituela abian 10 urtez berritu gabe dagoen Lan Hitzarmena berritu eta urte hauetan guztietan galdu ditugun lan baldintzak berreskuratu eta hobetzearen alde.

Patronalek, ordea, ez ziguten mobilizaziora jo beste biderik utzi, eta 2017ko azaroan mahai negoziatzailetik altxatu ginenetik, langileok mobilizazio eta greba dinamika hauei emandako babesa eta sindikatuok antolatutako ekintza zein manifestazioetan izandako parte hartzea izugarri zabala izan da.

Atzo bertan Bilbon izandako manifestazioan 4.000 langile inguru bildu gara. Agerikoa da, beraz, greben helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipen zabala eta ikastetxeetan dagoen nahigabea.

Testuinguru honetan, Kristau Eskolak, sindikatuok gaur arratsalderako Lan Harremanen kontseiluan deitutako bilerara etortzeko baldintza bezala, berehala grebak bertan behera uzteko eskaera egitea onartezina da.

Urtarrileko greba egunen ondoren sindikatuok Kristau Eskolarekin izandako bileretan adostasunak erdiesteko aukera eman zezaketen zenbait planteamendu egiteko prest agertu zen patronala. Tamalez, eta zergatiak ezagutzen ez badigutu ere, patronalak atzera pauso nabariak eman ditu, eta azkeneko mahai negoziatzailera ekarritako eduki eta planteamenduek adostasunak erdiestea zailtzen dute. Patronalek, gainera, erabat jarrera itxia erakutsi zuten, proposamen hura definitiboa eta aldaezina zela adieraziz.

Honi, orain arte Hezkuntza Sailak gatazka honi irtenbide ematerako orduan izan duen inplikazio eta parte hartze aktibo eskas eta ez nahikoa gehitzen zaizkio, besteak beste bai Guraso elkarte bai Legebiltzarrak berak ere egindako eskaerari muzin eginez.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, ordea, adostasunetara iristeko gure aldartea eta borondatea berretsi nahi dugu beste behin ere, eta langileen eskaerei erantzungo dien negoziaketara erabat irekita gaudela argi utzi. Horregatik, gaurko Lan Harremanen kontseiluan deitu dugun bilerara agertuko garela adierazi nahi dugu. Sindikatuon ustez, bilera honetara deituta daudenak bilerara ez agertzea arduragabekeria larri bat litzateke.

Beraz, sindikatuok bai patronalari eta bai Hezkuntza sailari bakoitzak dagokien arduraz joka dezatela eskatu nahi diegu, gatazka honi irtenbide egokia emateko bide eta neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.
 

 

 

“Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du”


LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Komunikazio idazkari Maider Jauregik agerraldia egin dute Bilbon, eraldaketa prozesu sozial baterako aktoreak diren langile-sektore ezberdinetako kidez lagunduta, aurtengo Maiatzaren Leheneko mobilizazioak aurkezteko. Hain zuzen ere, gazteak, pentsiodunak, lan gatazketan borrokan ari diren langileak, migranteak eta feministak oso presente izango ditugu Maiatzaren Lehenean, “Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” leloarekin egingo ditugun mobilizazioetan.


“Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi". Hauxe da Maiatzaren Lehenerako osatu dugun leloa. “Kapitalismoaren benetako aurpegia agerian utzi nahi dugu. Langileok bizi proiektu aske bat egiteko aukerarik ez dugu, eta, horregatik, kapitalarekin hautsi nahi dugu, bizitzak erdigunean kokatzeko. Aldaketa sozial eta politikoa helburu, herri bezala erabakitzea, Euskal Herriak erabakitzea aldarrikatzen dugu”, azaldu du Maider Jauregik. "Kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du", berretsi du.

Maiatzaren Lehenerako osatutako irudiari dagokionez, kapitalak marraztu nahi digun ortzimuga ilunari kolorea jarri diogu, alternatibak badaudela aldarrikatzeko eta alternatiba horiek borrokatzeko tresnak baditugulako: LABen kontrabotere sindikalismoa.

Langile kolektibo eta errealitate ezberdinetatik abiatuta, kolektibotasunaren indarra eta klase elkartasuna aldarrikatuko ditugu, eta, horregatik, aurkezpen agerraldian, eraldaketa prozesu sozial baterako aktoreak diren langile-sektore ezberdinetako kideak bildu ditugu: Nora Gonzalez gaztea, Joseba Perez de Montoia pentsioduna, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko gatazkan borrokan ari den Laura Martinez Ochoa, Janet Carmena migrantea eta Uxune Iriondo feminista. “Sektore horien aldarrikapenak gure egin eta irudikatuko ditugu Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan. Hain justu, maiatzaren 1ean langile harrotasuna aldarrikatzeko eguna izango da, energia sortu eta pilak kargatzeko eguna; borroka eta ospakizuna uztartzeko eguna, alegia”, zehaztu du LABeko Komunikazio idazkariak.

Deialdi bikoitza egin dugu. Ipar Euskal Herrian, Baionan mobilizatuko gara. Iazko ildoa jarraituz ari gara antolatzen, sindikatuok eta eragile desberdinek bat eginda.

Hego Euskal Herrian, berriz, Iruñean izango gara, egun osoko egitarau batekin. Mobilizazio nagusia 12:00etan izango da, Gaztelu plazatik abiatuta. Bertan ere amaituko dugu, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzearekin.

Aurtengo berritasuna M1 gunea izango da, Redin plazan atonduko duguna. Jan-edanak, musika eta haurrentzako ikuskizun nahiz jolasak izango dira aukeran, egun osoan. Heldu nahiz haurrentzako egitaraua proposatuko dugu, lagunartean nahiz familia giroan eguna pasa ahal izateko.

Klase kontzientzia eta borroka indartzeko eguna
Garbiñe Aranburuk aurtengo Maiatzaren Lehena zein testuingurutan datorren azaldu du, eta nabarmendu du faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren garai berri batek markatuta datorrela, mundu mailan zein Estatu mailan. Honek guztiak inboluzio sozial, patriarkal eta nazionala ekarri duela ohartarazi du; lan eskubide eta eskubide sozialen galera, feminismoaren kontrako oldarraldia eta errepresioa nazio terminoetan, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “kapitala-bizitza gatazkak okerrera egin du. Aurten aukeratutako leloarekin, Euskal Herrian, kapitalaren aurrean, bizitzaren alde egiten dugula irudikatu nahi dugu. Euskal Herriko langileak borrokan daude, lantokietan zein kalean, bizitzaren arlo guztietan gertatzen ari den prekarizazio prozesuaren kontra”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “Euskal Herrian, demokraziarako bidea egin nahi dugu, justizia sozialean eta feminismoan oinarritutako eredu berri bat helburu. Bide horretan, Maiatzaren Lehena beste borroka egun bat da. Egunak helburu bikoitza izango du: klase kontzientzia indartzea eta beste bultzada bat ematea langile klasearen borrokari”.

Momentuak sindikalismo abertzalea eta kontraboterekoa interpelatzen ditu, hiru ezaugarri hauek dituena: "Borrokarako gaitasuna eta eskaintza sindikala duena, klase subjektua berrosatzekoa, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko sindikalismoa”.

LABek bere ekarpena egin nahi dio helburu bikoitz horri. “Momentu honek borrokatzeko gaitasuna eta eskaintza sindikala dituen sindikalismo bat eskatzen du. Azken urteetan, lantokietan borroka sindikal gehiago piztu dira, eta LAB garrantzitsua da borroka horietan. Langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko borrokatzen dugu, baita aberastasunaren banaketa justuago bat lortzeko ere”, adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Lan guztien aitortza eta banaketa exijitzen dugu; soldata duinak eskatzen ditugu, 1.200 euroko gutxieneko soldatarekin; diskriminazio mota guztiekin amaitzeko neurriak exijitzen ditugu, jatorri, genero, sexu eta aniztasun funtzionalarekiko diskriminazioarekin bukatzeko; lan osasunarekiko eskubidea aldarrikatzen dugu; negoziazio kolektiborako marko propio bat nahi dugu; eta zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazioaren amaiera eskatzen dugu, besteak beste. "1.200 euroko soldatari buruz, esan beharra dago pasa den astean, PP, PSOE eta EAJ neoliberalek beronen aldeko adierazpen bat baztertu zutela Gasteizko Legebiltzarrean, legearen barruan kokatzen zena goitik behera eta inolako desobedientziarik planteatzen ez zuena", zehaztu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren iritziz, “klase subjektua batzeko sindikalismoa behar dugu. Gure herrian, egun dugun mobilizazio soziala oso garrantzitsua da, eta uste dugu aliantzak sortzeko eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka horiek guztiak bideratzeko gai izan behar dugula”. Hala, LABek badu eskaintza arlo guztietarako, eta hainbat eta hainbat borrokekin egin du bat: mugimendu feministarekin, gazteekin, pentsiodunekin, etxeko langileekin, migranteekin… LABen sindikalismo feminista bultzatzeko baldinta berriak sortu dira.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko sindikalismoa ezinbestekoa da ere: "Inboluzio nazionalaren aurrean, demokrazia eta burujabetzaren alde egin behar da borroka. Lan harremanetarako eta pentsioen ereduei buruz erabaki nahi dugu, baita politika feminista, zerbitzu publikoen eredua eta garapen ereduari buruz. Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea da gure apustua”.