2026-07-25
Blog Page 655

Espazio berriak artikulatu behar ditugula jakinarazi dugu Eskubide Sozialen Kartatik, gehiago izateko erronkarekin

Kontragailurra dela-eta programatutako lehen hiltzaldiak gauzatu dira dagoeneko, oso harrera onarekin. Solasaldien artean, LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañaga aritu da hizlari, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean. Hain zuzen ere, burujabetza eta aldaketa sozialaz aritu dira Ficobako 3. aretoan egindako hitzaldian. Bertan, Kartaren erronka berriak aurreratu ditu sindikatuko kideak: "Eremu eta espazio berriak artikulatu behar ditugu, Euskal Herritik sistema kapitalistari aurre egiteko. Asko gara, baina gehiago izan behar dugu". Hori dela eta, testuinguru politiko eta soziala aldatu dela kontutan hartuta, hauetara egokitzeko, Kartatik topaketak antolatuko ditugu abenduan, ekarpen berriak biltzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari buruzko hitzaldiaz gain, beste gai batzuk jorratu dira gaurko solasaldietan: emantzipazio bideak eta migrazio politikak, besteak beste.

G7 EZ! plataformako bozeramaile eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Eñaut Aramendik lehen jardunaldiaren balorazio baikorra egin du: "Oztopoz oztopo ibili gara azken aste hauetan, baina azkenean kontragailurra ireki dugu ofizialki. Momentuz, jendea parte hartzen ari da eztabaida guztietan, eta ikusiko dugu ea egun hauetan alternatibak sortzen ditugun eta ahalik eta jende gehien erakartzen dugun larunbateko manifestaziora eta igandeko desobedientzia zibileko ekintzetara".
 

 

 

“Demokrazia eta justizia sozialaren alde gaude hemen”

G7 EZ! plataformak antolatutako kontragailurra abian da Irun eta Hendaian. Inaugurazio ekitaldia Ficoban izan da, jardueraren espazio nagusian. Bertan, plataformako ordezkariekin batera, borrokan diren zenbait eragilek hartu dute hitza. Hala, jaka horiak, bakearen artisauak, mugimendu feminista, migranteak, gazteak eta pentsiodunak egon dira presente. Behin kontragailurra abiatuta, Herrialdeen Herrixka izeneko azokaren edo programatutako hitzaldi, tailer eta mobilizazioen bitartez, hainbat eta hainbat eragilek euren alternatibak plazaratuko dituzte ostirala bitartean. LAB, kontragailurraren sustatzaile den neurrian, bere espazioa egokitu du Ficoban. Era berean, hitzaldi, eztabaida eta mobilizazioetan hartuko du parte.

Inaugurazio ekitaldian, G7 EZ! plataformako eta LABeko ordezkari Eñaut Aramendik hartu du hitza, besteren artean. "G7ak krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren ardura du. Aterabidea kalean da, alternatibak sortzera goaz", adierazi du. "Demokrazia eta justizia sozialaren alde gaude hemen, alternatibak eskaini nahi ditugulako, hobeto bizi nahi dugulako", erantsi du.

Plataformako kideek esan dute zaila izan dela kontragailurra antolatzea hainbeste eragile desberdinekin, baina lortu dutela: "Garaipen bat da hau. Hemen gaude gure desberdintasunekin", nabarmendu dute. Aniztasunaren eskutik, eraldaketa sozialaren eta alternatibak eraikitzearen alde gehiengo sozial batek indarrak batu dituela berretsi dute. "Ez dugu inolako jazarpen edo dominazio eredurik onartuko", azpimarratu dute.

 

 

 

Dena prest, Irun eta Hendaian, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasunean oinarritutako mundu baten alde eragiteko


G7ko mandatariak Biarritzera datoz abuztuaren 24, 25 eta 26an, goi gailurra egiteko. Bada, hitzordu horren atarian dator “G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” plataformak antolatutako kontragailurra, alternatibak gizarteratzeko helburuarekin, hots, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri duen mundu baten alde. Sustatzaileen artean LAB sindikatua dago, hainbat eragilerekin batera. Kontragailurrak jarduera ugari proposatuko ditu abuztuaren 21 eta 23 bitartean. Hain zuzen ere, ia 200 hizlariren presentzia izango da Irungo Ficoban eta Hendaiako zineman egingo diren hitzaldietan, eta 50 tailer inguru egingo dira aldi berean. Larunbatean, berriz, mobilizazio bat izango da Hendaiako portua eta Irungo Ficoba artean, 11:00etatik aurrera. Egitaraua oparoa da oso, eta prestaketa lanetan buru belarri daude egunotan Ficoban, kontragailurraren espazio nagusian.  



 

 

 

Benetako industria plan bat exijitzen dugu Erandioko Cables y Alambres enpresan, inolaz ere kaleratzeak

0

Vicinay Taldearen parte den Cables y Alambres Especiales enpresako zuzendaritzak 43 langileentzako Iraungitze Enplegu Erregulazio Espediente baten negoziazioa jarri zuen abian joan den abuztuaren 1ean. 122 langilek osatzen dute, egun, plantilla. Bada, hiru bileren ostean, enpresak aldebakarrez erabaki du 35 langile kaleratzea.

Iraungitze Enplegu Erregulazio Espediente honen aurrean, Cables y Alambres Especiales enpresako LAB eta ELA sindikatuek erabaki honen aurkako salaketa egin nahi dute arrazoi hauengatik:

1-Enplegu Erregulazio Espediente honekin lanpostuak suntsitu nahi dituzte, eta Enplegu Erregulazio Espediente horretatik kanpo geratzen direnen lan baldintzak murriztu neurri handi batean eta industria proiektua eta etorkizuneko enplegua arriskuan jarri. Oraindik ez dakigu nola nahi duten Cables y Alambres berpiztu, enpresak ez baitu inolako industria planik aurkeztu, adierazpen hutsalak besterik ez baititu egin, bermatuta ez dagoen behin behineko finantzazio bati lotutakoak. 35 langile gutxiagorekin ezinezkoa da ekoizpena bermatu.

2-LAB eta ELA sindikatuok alternatibak eskaini dizkiogu enpresari, 35 langile kaleratzetik oso urrun daudenak; borondatezko eta sustatutako irteerak, taldearen enpresetan birkokatzeak eta aurrejubilazioak. Era berean, gainontzeko langileentzat bermeak eskatzen ditugu enplegu, lan baldintza eta beharrezko inbertsioen gauzatzearekin lotuta. Egingarriak diren proposamenak dira. Irtenbideak horren kaltegarriak ez izateko proposatutako aukerei ezetza eman die enpresak, eta, aldi berean, langileen batzordearen irizpide bateratua hausten saiatu da, Vicinay Taldearentzako berregituraketa erraz eta merkea lortzeko helburuarekin.

3-LAB eta ELA sindikatuok ez dugu berritasunik ikusten enpresak egindako proposamenean. Enplegua eta lan baldintzekiko konpromiso ezak ezkutatzen du sasi industria planaren izaera zalantzagarria. Izan ere, benetako finantzazioa lortu nahi da enpleguaren egungo eta etorkizuneko bolumenaren eta lan baldintzen murrizketarekin. Txeke sozial zuri batek ezin du ordezkatu Cables y Alambres enpresaren aldeko apustua egiteko benetako borondatea.

4-Erandion dago Cables y Alambres enpresa, ibaiaren aurrean. Udalerriak bizitoki gune gisa izendatutako lurretan dago. Hain zuzen ere, etxeak egiteko etorkizuneko birkalifikatze bat dago aukeran lur horietarako.

5-Vicinay taldea 2015. urtean sartu zen Cables y Alambres enpresan, enpresaren aurreko akziodunekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordio batera iritsi eta gero. Azken hauek lantegia dagoen lurren jabe zen, SOCADE elkartearen bitartez. Lur hauen erosketa Euskal Finantza Institutuak finantzatuta erdietsi zuen, Vicinay Taldeari kreditu bat eman ostean. Lur horiek behin betiko erosteko erakundeekin lortutako akordio horren baldintza zen Vicinay Taldeak 2020. urtea arte jarduera mantendu behar zuela. Hala ere, joan den abenduan saldu zizkioten lurrak, behin betiko, Vicinay Taldeari, eta honek higiezinen elkarte bat sortu zuen lurrak eskuratzeko, Cables y Alambres enpresak jabetza galduz.

6-Orain, enpresak langileen batzordeari akordio bat exijitzen dio kaleratzeak gauzatzeko, inolako bermerik eskaini gabe eta etorkizunera begira inolako konpromisorik hartu gabe, ardurak hartzeko inolako asmorik duen Vicinay Taldea tartean dela. Gauzak horrela, txeke zuri bat exijitzen du eta proposatzen duen alternatiba bakarra enpresa likidatzea da, Enplegu Erregulazio Espedientearen bidez akordioa lortu ezean. Horrela, edonork kudeatu dezake edozein enpresa. Vicinay Taldearen politika izan da, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren laguntzarekin, kreditu baten arabera finantzatutako proiektu bat aurrera eramatea berme bakar batekin: lan kostuen murrizketa egitea.

7-LAB eta ELA sindikatuok iritzi dugu Cables y Alambres enpresaren bideragarritasuna ez dela kaleratzeekin bermatzen, bideragarritasun plan baten bitartez baizik, makinen zein instalazioen egoerak segurtasuna eta ekoizpena bermatzen ez duten lantegian beharrezkoak diren inbertsioak jasota.

8-Benetako plan bat exijitzen dugu higiezinen espekulazioaren mamua urruntzeko eta bideragarritasun ekonomikoa eta etorkizuna duen industria proiektu bat sortzeko.

Honentzako, lantegia udalerriko beste kokapen batera lekuz aldatzeko helburuarekin lurren birkalifikazioa eta ondorengo salmenta beharrezkoa bada, alde sozialetik prest gaude birmoldaketa prozesu bati ekiteko, beti ere enpleguarekiko eta lan baldintzekiko errespetagarria izanez gero.

Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari zein Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diegu dagokien ardura hartu eta borondate eta ekimen politikoa erakuts dezatela, gure herriko industria sarearen aldeko apustu erreal baten alde.

 

 

 

G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatuko dugu Irun eta Hendaian

G7ko agintariak Biarritzera etorriko dira abuztuaren 24, 25 eta 26an, goi gailurra egiteko. Hori dela eta, “G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” plataformak kontragailurra antolatu du Irun eta Hendaian, abuztuaren 21 eta 23 artean, zenbait mobilizaziorekin batera. Hainbat eragilek osatzen dute aipatutako plataforma, eta LAB sustatzaileen artean dago. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusi ondoko ez ezik, plataformako ordezkari ere bada Igor Arroyo. Hala, Irungo Ficoban abuztuaren 21ean abiatuko den kontragailurraren nondik norakoak azaldu ditu.

“Borroka ideologikoari, eztabaidari eta mobilizazio baketsuari lehentasuna emango diogu, eta antolatutako eremuan hori izango da planteatuko den jarduera”. Hala berretsi du Igor Arroyok Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, Irun eta Hendaian egingo diren jarduerei buruz aritzerakoan. Hain justu, ekimenez bete-beteta dator G7 EZ! plataformak prestatutako egitaraua.

Igor Arroyoren hitzetan, “alternatiben lurraldea eremu aske bat izango da, non guztiak elkartu ahalko garen eztabaidatzeko, mobilizatzeko, alternatibez hitz egiteko eta premiazkoa den alternatiben inguruan indarrak biltzeko, ikuspegi estrategiko batetik. Guretzat, hemen jokoan dagoena ez da egun batzuetako kontua, gure munduarekin, gure herriarekin, gure etorkizunarekin zer gertatuko den baizik”.

G7 EZ! plataformako ordezkariaren esanetan, “G7ak bi gauza ordezkatzen ditu, batez ere. Lehenik, sostengarria ez den eredu bat ordezkatzen du, etekin enpresarialak lehentasun jartzen duen eredu kapitalista bat. Hau ez da bidezkoa, baina ezta sostengarria ere ikuspegi ekologiko, sozial eta ekonomiko batetik. Beraz, aldaketa soziala, eredu aldaketa bat, beharrezkoa da. Bigarrenik, ikusten ari gara demokratizazioari buruz hitz egiten ari dela mundu mailan, baina errealitatea da etekinak eta aberastasuna pilatzen diren neurri berean pilatzen ari dela boterea; alegia, gero eta jende gutxiago gero eta boteretsuagoa dela, eta G7ak hori ere ordezkatzen du”.

Horren aurrean, demokrazia zentzu sakonenean aldarrikatu behar dela iritzi du: “Herriaren gobernua aldarrikatu behar dugu, herrien gobernua, burujabetza, erabakitzeko eskubidea; gure gorputzen inguruan, gure bizimoldearen inguruan, herri bezala dugun etorkizunaren inguruan. Bi ardatz horien inguruan, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatzea beharrezkoa da”.

 

 

 

Udalak beste albo batera begiratzeari utz diezaiola eskatu dute BilbaoBizi zerbitzuko langileek

BilbaoBizi Bilboko Udalaren bizikleta alokairu zerbitzuko langileak lan baldintza prekarioetan ari dira lanean. Egoera honen aurrean, Bilboko Udala beste alde batera begiratzen ari da, zerbitzua merke azpikontratatuta, langileak ondorioak pairatzen ari direnean. Hau guztia salatzeko, elkarretaratze bat egin dute udaletxearen aurrean, eta bertan hitz egin duten euren egoera eta eskakizunei buruz.

 

 

 

Jardueraz bete-beteta dator G7 EZ! plataformak Irun eta Hendaian egingo duen kontragailurra

Hainbat eragilek osatutako "G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen" plataformako ordezkariek, LABekoek barne, agerraldia egin dute abuztuaren 21, 22 eta 23an Irun eta Hendaian egingo den kontragailurraren xehetasunak emateko. Egun horietan, 40 hitzaldi osorik itzuliko dira euskaraz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez; ia 200 hizlariren presentzia izango da; eta 50 tailer inguru egingo dira, horietatik 7 gai orokorren inguruan.

G7ko mandatariak Biarritzera etorriko dira abuztuaren 24, 25 eta 26, goi gailurra egiteko. Hitzordu horren atarian antolatuko du plataformak kontragailurra, baita asteburu horretarako iragarritako hainbat mobilizazio ere.

G7 EZ! plataformako ordezkariek esan dute Emmanuel Macronen gobernuak manifestazioen kontra egin ahal duen kudeaketa bortitza kezkatzen dituela. Hortaz, polizia indarrak plataformaren mobilizazioak gauzatuko diren inguruetatik aldentzea exijitu dute: "Lasaitasunez eta erabakitasunez ariko gara, eraikuntza eta erresistentzia jarrerarekin. Ez dugu deus suntsituko eta indarkeriarik gabeko metodoak erabiliko ditugu".

Plataformako lagunek kritikatu dute goi gailurrak ekarriko dituen ondorioak egunerokotasunean: "Plazak eta herriak pribatizatuak eta bunkerizatuak agertuko dira, G7ko ordezkariek lasaitasunez haien jarduerak egin ditzaten".
 

 

 

Rider baten kasua erreklamatu dugu GLOVO enpresaren aurka, lehen aldiz Nafarroan

0

Gaur aurkeztutako erreklamazioak garrantzi berezia du. Langileen aurkako esplotazio eta tratu txar eredu berriei aurre egiteko, zein herriari egiten zaion iruzurrarekin bukatzen hasteko ibilbide baten lehenengo urratsa delako, baina baita ere bukaezina izan daitekeen lan eskubideen sarraskiari harresi bat jartzeko lehenengo adreilua delako.

LAB sindikatuak GLOVO enpresaren kontra salaketa jarri du, langile batentzat “besteren konturako kontratazioa” eskatuz, autonomo faltsua dela ulertuz.

Guk dakigula, Nafarroan GLOVO enpresaren aurka jarri den lehen erreklamazioa da. Enpresa hau Iruñean joan zen udazkenean lanean hasi zen, eta egun langile bati soldatapeko harremana aitortzea eskatzen diogu.

GLOVO enpresa ezaguna bihurtzen ari da eta oso polemikoa da bere bueltan gertatzen ari den guztia, izan ere, bertan lan egiten duten pertsonen prekarizazioan oinarritutako eredu bat bultzatzen duelako, langileak autonomoak izaten behartzen dituzte, kasu askotan, autonomo izateko baldintzak betetzen ez direnean. Ez da prekarietate basatiaren eredua bultzatzen duen enpresa bakarra, dagoeneko izena duena: laneko uberizazioa. GLOVO ez ezik, Iruñean ere etorri berria da DELIVEROO enpresa, aurrekoaren antzeko formulak aplikatzen dituena. Autonomo faltsu hauen erabilera dagoeneko salatu eta zigortu egin da Estatuko hainbat tokitan, eta, kasu gehienetan, langileek enpresarekiko duten harremana mendetasun handikoa dela aitortu da eta langileak besteren kontura kontratatuak izan beharko liratekeela epaituz.

GLOVO fenomenoaren aurkezpen batean parte hartu ondoren, GLOVOko langileekin harremanetan jarri gara. Harreman horien ondorioz, 2019ko urtarriletik enpresan lan egiten duen langile bat bere lan harremana ilegala dela erreklamatzera ausartu da. Erreklamazioan enpresarekiko duen harremanetan ez direla autonomo baten baldintzak ematen aitor dadila egiten duen eskaera da.

Salaketa, alde batetik, lan harremanaren hasieran emandako baldintzetan oinarritzen da, langileak kontratua sinatzen duenean inolako negoziaziorik gabe. Bestetik, riderren aplikazioa, lan egiteko ezinbestekoa den tresna, soilik enpresak kontrolatzen du, eta horren bidez lan harremana ere kontrolatzen du bere osotasunean. Tresna horrek, langile autonomoaren askatasun teoriarekin (lanaldia eta lan-ordu kopurua aukeratzeko) talka egiten du, izan ere, aplikazioak erabiltzen duen puntuatzeko formulan langilearen mendekotasun egoera eta kontrol falta nabaria da.

Auzibidearen aurretik Lan Sailean aurkeztutako salaketarekin, LABek ezinbestekotzat jotzen duen ibilbidea hasi nahi du, horrelako enpresek ezartzen duten prekarietate basatienaren sorrera eta hedapena gelditu nahian Nafarroan. Langile autonomoen eredua iruzurrez erabiltzen dutenean, langileon lan eskubide guztiak kolokan jartzen dira eta langileen arteko lehiakortasun eredua bultzatzen da; “ni hobe bizitzeko ondokoak okerrago bizu behar du” oinarriak zabaltzen. Bidaia probestuz, behar bezala araututako lan jarduera batean ematen diren baldintzetatik at lan egitera behartzen dituzte langile hauek; soldata baxuak ezartzeaz gain, ez dute oporrik edota ordaindutako baimenik, laneko bajarik, ordutegirik, lanaldirik edo beste inolako eskubiderik.

Langileon eskubideak erasotzeaz gain, enpresa horiek gizarte segurantzari egiten dioten iruzurra azpimarratu nahi dugu ere, kontratazio formula honekin ehunka langileen ekarpena saihesten baitute, eta zerbitzu publikoek gizarte osoari bermatzen dizkion prestazioetan eragiten du. Ezin digute saldu pentsioetarako edota kalitatezko osasun sistema publikorako dirurik ez dagoenik, dagozkien kotizazioak ordaintzeari enpresek uko egiten dioten bitartean.

 

 

 

GSS enpresaren aurrean mobilizatu gara, kaleratzeak eta jazarpen sindikala salatzeko

Joan den uztailaren 29an, GSS enpresak 5 langile kaleratu zituen bapatean, modu bidegabe batean. Enpresan, lehenbiziz, hauteskunde sindikalak ospatu eta hilabete bat ere ez zen igaro. Kaleratutako guztiak zerrenda sindikaletan (gureak zein beste sindikatuenak) aurkeztutako edo hauteskunde prozesuan aktiboki parte hartutako langileak dira. Bada, kaleratze hauek salatzeko, eta langileen berronartzea exijitzeko, elkarretaratzea egin dugu gaur Bilbon, GSS enpresaren bulegoen aurrean.

Pasa den uztailaren 29an, telemarketing sektoreko enpresa den GSSk, Iberdrola edo Euskaltel bezalako bezeroei euskarria ematen diona, 5 langile kaleratu ditu erabateko modu bidegabe batean.

Enpresaren barnean, lehenbiziz, hauteskunde sindikalak ospatu eta hilabete bat ere ez zen igaro, kaleratze hauek jakinarazi dituenean. Hauteskundeak langileen iniziatiba propioaz ospatu ziren, horrenbeste desegonkortasunaz nazkatuta zeudelako.
Kaleratze hauen inguruko azalpenak eskatu direnean, GSSk arrazoi objektiboekin hartutako erabaki bat dela argudiatu du, baina jarraian kaleratze bidegabe baten kalteordainak ordaintzeko prestutasuna agerraraziz.

Hala ere, LAB sindikatutik, ez dugu uste kaleratze hauek bidegabeak baino ez direnik, gure aburuz nuloak eta baliogabeak dira. Jakin badakigulako, bost izen horiek ez direla kasualitatezkoak. Izan ere, zerrenda sindikaletan aurkeztutako edo hauteskunde prozesuan aktiboki parte hartutako langileei dagozkien izen abizenak dira. Langile hauek informazio sindikala banatu edo asanbladetan parte hartu dutelako kaleratu ditu enpresak.

Honako hau izan da GSSk antolatu eta euren eskubideak defendatu nahi izan dituzten langileen aurrean eman nahi izan duen erantzuna. Eta LAB sindikatutik ez dugu inondik inora onartuko. Eraso bakoitzari erantzungo diogu. Lan eskubideak langile klase antolatu baten lorpenak dira eta defendatu egingo ditugu, kalean eta lan-zentroetan.