Imanol Salinas kidearen kontrako jazarpena salatuko dute Altsasun
Espainiako Justiziak eragozten ez badu, abuztuaren 31n egingo dute Altsasun 2019ko Ospa Eguna. Sakandarrek jasandako errepresio kasuak salatuko dituzte; haien artean Imanol Salinas LABeko kidearena, kartzelan sartzeko arriskuan baitago protesta sindikaletan parte hartzeagatik.
Maiatzaren bukaeran jakin genuen LAB sindikatuko kide Imanol Salinasi 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri ziotela -kartzelan sartzeko betebeharrarekin- Iruñeko La Sangiovesa jatetxean eginiko protesta baketsu batean parte hartzeagatik. 21 hilabeteko kartzela zigorra, edozein protesta sindikaletan egin ohi diren ekintzak egiteagatik: jatetxe barnean bozgorailu batekin kontsigna laboralak bota, pegatinak jarri, kartelak erakutsi, eta establezimenduaren ate baten parean elkarretaratzea egin.

Bada, jazarpen kasu hau eta beste batzuk salatuko dituzte Altsasun, larunbatean, Ospa Eguna dela eta.
CAFeko enpresa batzordeak esker ona adierazi dio hil berri den Patxi Epelde artistari
Amiantoaren eraginez hildako langileen omenezko eskultura sortu zuen Patxi Epeldek. Hala, enpresa batzordeak doluminak luzatu dizkie haren senideei.
Hauxe da CAFeko enpresa batzordeak idatzitako adierazpena, Patxi Epelderen ekarpena eskertzeko asmoz:
Duela 10 urteko apirilaren 28an, langileen mobilizazio handi baten ondoren, CAFeko langileok, eragina jasandako senideekin batera, CAFeko atari nagusiaren ondoko plazan jarrita dagoen AMIANTORENEI eskultura inauguratu genuen.
Urtez urte, eskultura honen inguruan gogoratu izan ditugu amiantoaren hildakoak, Enpresa eta Instituzioen pasibotasuna salatu ditugu eta CAFekoak edo beste enpresetako biktimak izan diren langileen errekonozimendua eta indemnizazioa izango den konpentsazio funts baten sorrera aldarrikatu dugu.
AMIANTORENEI, gaixotasun baten ondorioz hil berri den Patxi Epelde artistak sortutako eskultura bat da. Bere lanarekin, Patxik, langileok amiantoaren inguruan genuen sentipena era artistikoan islatu zuen, eta aldi berean gatazka honekin bere konpromiso leiala erakutsi zuen. Hori dela eta lerro hauen bidez guk ere bere lana eta bere borrokari merezitako omenaldi bat eskaini nahi diogu.
Belarrondoko bat eta zehapena PAGNAri
San Jose zentroan gertatutako erasoa dela eta, LABek salaketa bat jarri zuen Laneko Ikuskatzailetzan 2018ko azaroaren 4an.
2019ko abuztuaren 12an, Ikuskatzailetzak LABi jakinarazi dio ikuskapen-lanak bukatu dituela eta egiaztatu dela ez-betetze hauek gertatu direla:
• Ez da arriskuen ebaluaziorik egin.
• Beharrezkoak diren prebentzio jarduerak ez dira egin.
Ez-betetze horiek arau-hauste LARRI modura hartzen dira laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
Horregatik, Laneko Ikuskatzailetzak proposatu du Administrazio Publikoari errekerimendua egitea segurtasun eta osasun arloko zuzenketa-neurriak har ditzan, eta arau-hausleari prestazio ekonomikoen %40ko ERREKARGUA ezartzen dio segurtasun eta osasun neurririk ez hartzeagatik gertatutako lan istripuan.
Eusko Jaurlaritzaren gurasotasun lizentziaren dekretua propaganda hutsa dela eta gobernuaren gabeziak estaltzen dituela salatu dugu
LAB benetako borroka feministari helduta, klausula feministak proposatzen eta adosten dabil negoziazio eremu ugaritan. Gure ustez, gainera, dekretu hau anbiziosoagoa izan beharko litzateke. Banatu eta transferitu ezin den 18 asteko gurasotasun lizentziaren neurriaz gain, Jaurlaritzaren eremuaren gaindi ezartzeko probestu beharko litzateke, eta toki administrazioetan eta enpresa publikoetan ere egokitzeko aukerak jaso beharko lituzke. Baina, Eusko Jaurlaritzak gehiegietan adierazi du berdintasun planekin ardura eta konpromiso eskasa, propagandaren borondate hutsaren beste adibide bat.
Eusko Jaurlaritzak iazko otsailean iragarri zuenetik denbora askotxo igaro da, langile publikoon berdintasun politika guztia 18 asteko gurasotasun lizentziaren dekretu batera mugatzeko. Izan ere, urte eta erdi honetan emandako urratsak hutsaren hurrengoa izan dira: sindikatuokin ezer adosteko aukerarik gabeko bilera formal huts pare bat besterik ez, eta gaurkoz Gobernu Bileratik ez da oraindik pasatu, neurria arazorik gabe ezartzeko ezinbesteko tramitea.
Neurri hau onartzeko ez zen horrenbesteko komeriarik behar, dekretu bat sinatuta nahikoa zen eta; batez ere kontuan hartuta lehenagotik ere amek bazutela 18 asteko lizentziarako eskubidea. Halere, feminismoa den gai sentibera propagandarako baliatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak, bai eta hauteskunde garaian ere erabiliz, txiklea luzatuz. Gobernuaren gabeziak, eskaskeriak eta txapuzak propaganda kanpainekin ondo estalita ikusteaz aspertuta gaude dagoeneko.
Urratsak positiboan egiten direnean ongi etorriak izaten badira ere, neurri honi Jaurlaritzak berak ematen dion oihartzuna ikusita helmuga kutsua hartzen diogu. Hau da, aurrerapausorik ematen jarraitzeko asmorik ez diogu antzematen. Benetako politika feministak behar ditugu Euskal Herrian, lan erreproduktiboaren aitortza alegia, baina benetako feminismotik urrun, EAJ beti ibiliko da kontraesanetan, itxurakerietan eta paternalismoan.
G7ak ekarritako eskubideen urraketak salatu ditugu Bilbon, Donostian eta Iruñean
G7ak errepresioa eta eskubide urraketak besterik ez dituela ekarri salatu dugu Bilbon, Donostian eta Iruñean, G7 EZ! plataformak deituta. Mobilizazioetan beste mundu bat beharrezkoa eta posible dela aldarrikatu dugu, alternatibak ditugula nabarmenduta. Gasteizen ostiralean egingo dugu protesta, 19:00etan, Andra Mari Zurian.


G7ak ekarritako errepresioa salatzeko mobilizatuko gara Bilbon, Donostian eta Iruñean
G7a etxean dago jada, Biarritzeko goi gailurra dela-eta Lapurdiko kostaldea aztoratu eta gero. Goi mandatarien aurkako herri mobilizazioa nabarmena izan da egunotan, baita polizia indarren okupazioa eta errepresioa ere. Hain zuzen ere, joan den astean izandako errepresio hori salatzeko protestak egingo ditugu gaur, G7 EZ! plataformak deituta, Bilbon (Frantziako Kontsulatua, 19:00), Donostian (Bulebarra, 19:00) eta Iruñean (Nabarreria, 20:00).


11/13 makroepaiketaren aurka mobilizatuko gara gehiengo sindikaletik, irailaren 6an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan
Indarrak bildu eta erantzuteko deia egiten diegu euskal langileei, giza eskubideak, demokrazia eta etorkizunaren alde. Hala, elkarretaratzeak egingo ditugu irailaren 6an, ostiralarekin, 12:00etan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon, Eliptika plazan; Donostian, Alderdi Ederren; Gasteizen, Andra Mari Zurian; eta Iruñean, Udaletxe Plazan. Herri honek irtenbideak behar ditu, ez sufrimendua areagotzen duten bide agortuak.

