2026-07-10
Blog Page 651

Borrokak indartzera eta aliantzak sendotzera deitu dugu G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean


G7aren kontrako manifestazioa arrakastaz gauzatu da Hendaia eta Irun artean. Hain zuzen ere, 15.000 lagun inguru bete dute Hendaiako portua eta Irungo Ficoba arteko bidea, G7 EZ! plataformak deituta. Santiago zubian iritsi da une hunkigarriena, manifestariek mugak eta harresiak modu sinbolikoan eraitsi dituztenean. Behin Ficoban, Bidasoa ibaiaren bestaldean, kontragailurrean aritu garen mugimendu sozial, sindikal eta politikoek adostutako manifestua egin dugu publiko. Berriro ere kapitalismo neoliberalaren aurrean alternatibak ditugula nabarmendu dugu, demokrazia, elkartasuna eta emakume zein gizonen arteko parekidetasuna ardatz.  


G7 EZ! plataformako kide izanik, eta kontragailurraren sustatzaile izan garen neurrian, LABek ordezkaritza zabala izan du manifestazioan. Garbñe Aranburu idazkari nagusiak mobilizazioaren arrakasta nabarmendu du, eta, aurrera begira ere, adostasuna dela bidea berretsi du: "G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurka eta alternatibak proposatzeko gaudenak etorri gara. Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredu baten alde, hainbat eragile sozial eta sindikal elkartu gara, eta hori da bidea. Aurrera begira, kontragailurrak oinarri sendoak utzi ditu elkarren arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko".

Eñaut Aramendi, Ficobako plazan, hitza hartzen.

Manifestazioaren amaiera ekitaldian, berriz, LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramaile eta G7 EZ! plataformako ordezkari Eñaut Aramendik hartu du hitza, manifestuaren berri emateko: "Emakumeek bizi duten zapalkuntza,migranteen drama, klima aldaketa, laborantza eta elikaduraren industrializazioa, bioaniztasunaren desagertzea, lan eskubideen murrizketa, askatasunen murrizketa, Ongizate Estatuen eraispena… egoera honen aurrean, ezinbestekoa da borrokak indartzea eta aliantzak maila lokal, nazional, estatal, kontinental zein mundialean sendotzea".

Joaldunak, Santiago zubian jarritako harresietako bat suntsitzen.
 

 

 

“Prest gaude mobilizazio berrietan bat egiteko”

Familia argazki batekin eta kontragailurraren balorazio baikor batekin amaitu dira Hendaia eta Irunen egunotan izandako solasaldi eta tailerrak. Hain zuzen ere, asteburuko mobilizazioei begira bukatu dira jardunaldiak. Hala, Hendaiako portutik larunbata goizean irtengo den manifestazioa eta igandean Biarritz inguruan egingo diren desobedientzia ekintzen faltan, amaiera ekitaldia egin dugu Ficoban, baina, G7 EZ! plataformako bozeramaileek nabarmendu bezala, borrokak aurrera darrai, ez du etenik: "Prest gaude mobilizazio berrietan bat egiteko".



 

 

 

Bayer-Monsanto enpresaren sarrera blokeatu dugu, multinazionalen jarduera salatzeko

Kontragailurretik kilometro gutxira, Biarritzetik gertu, LABek, beste eragile batzuekin batera, ekintza egin du Landetako Peyrehorade herriko Bayer-Monsanto enpresan. Bertako sarrera blokeatu dugu, "zuen irabazia gure minbizia" leloarekin. Hain zuzen ere, ekologiaren eta gure osasunaren kontura aberastu nahi dutenen aurrean, bizitza erdigunean jartzeko aldarria egin dugu. Izan ere, estatuek beste alde batera begiratzen dute multinazionalak tartean daudenean, eta Bayer-Monsanto kapitalismoaren ikurren artean dago.



 

 

 

Alternatibak garatzera deitu dugu, elkartasuna, balore demokratikoak eta berdintasuna oinarri

Kontragailurraren hirugarren eta azken jardunaldian, mugimendu sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariok batzar herritarra gauzatu dugu Ficoban, egunotako balantzea egiteko eta larunbata goizeko manifestazioaren amaieran irakurriko dugun manifestua konpartitzeko. Hain zuzen ere, larunbateko protesta 11:00etan abiatuko da Hendaiako portutik, eta Irungo Ficoban bertan amaituko da.

Batzar herritarrean, alternatibak garatzea posible dela nabarmendu du LABeko Ipar Euskal Herriko eta G7 EZ! plataformako bozeramaile Eñaut Aramendik. Emakumeen zapalkuntza, migranteen drama, klima aldaketa… eredua aldatzeko arrazoiak soberan daudela adierazi du, eta alternatibek elkartasuna, balore demokratikoak eta berdintasuna izan behar dutela oinarri berretsi du.

Egunean zehar, solasaldiek eta tailerrek lekua izan dute berriro. Ficoban, besteak beste, burujabetza zergatik eta zertarako galderari erantzun diote EH Bilduko legebiltzarkide Larraitz Ugartek, CUPeko kide David Fernandezek eta EHUko irakasle Ion Azkunek. Laborantza eta migranteen harrera izan dira solasaldietako beste gaietako batzuk.

Kontragailurreko espazioetan aurreko egunetan baino jende gehiago nabaritu da, eta ekintzak eta jarduerak oso harrera ona izan dute.
 

 

 

“Emakumeak XXI. mendeko esklaboak gara”

Kontragailurreko bigarren jardunaldian lehen lerroan egon da LAB, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzeekin. Era berean, sindikatuak sustatutako borrokak presente izan dira; hala nola, borroka feminista eta Huerta de Peralta enpresan gauzatutakoa. Lehenengoari buruz LABeko Ekintza Sozialeko kide Maddi Arrietak hitz egin du; bigarrenari buruz, Huerta de Peraltako langile Hossein Yagoubik.

Sektore feminizatuetan prekarietatea nagusi dela salatu du Maddi Arrietak, eta zaintza lanaren aitortza eza berretsi du Ficobako 3. aretoan egindako solasaldian: "Sistemak zaintzaren beharrizan soziala baztertzen du, ardura kolektiboa ukatzen du eta emakumeak ikusezin bilakatzen ditu. Eta hau ez da kasualitatea".

Hizlarien artean, Las Kellys mugimenduko Mercedes Nortem Mohamed-ek hartu du hitza, eta ideia horri jarraipena eman dio: "XXI. mendeko esklaboak gara emakumeak".

Esklabotza, Nafarroako landa eremuan ere
Nekazaritza hizpide izan dute goizean zehar. Hendaiako zineman sektorearen inguruan aritu dira, eta, handik gertu, eskolan, LABek aurten arlo honetan izandako borroka eredugarri baten kontakizuna plazaratu du.

Hain justu, Huerta de Peraltako langileen izenean hitz egin du Hossein Yagoubik, eta azaldu du antolakuntza eta borrokari esker lortu dutela lan baldintza duinak izatea. 12, 13 eta 14 orduko lanaldia zuten lehen, oporrak izateko eskubiderik ez, jai egunetan lan egin behar zuten eta enpresariaren irainak eta mehatxuak pairatu behar zituzten. Migrantez osatutako kolektiboa LABera gerturatu eta sindikatuaren baitan antolatu eta gero, 28 eguneko greba eredugarri bat gauzatu zuten, eta, jazarpen poliziala eta judizialaren gainetik, helburua lortu zuten: euren lana duintzea.
 

 

 

Bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten aldarria eraman dugu kontragailurrera

Irun eta Hendaian egiten ari den kontragailurraren sustatzaileen artean dago LAB, G7 EZ! plataformaren baitan. Bada, sindikatuak berak lehen lerrora egin du jauzia topaketen bigarren jardunaldian, eztabaida eta mobilizazioetan eragile aktibo bilakatuta. Hain zuzen ere, kontragailurraren bigarren egunak hainbat interesgune izan ditu, eta horietara eraman ditugu gure aldarriak. Esaterako, eguerdian, Hendaiako McDonald’s-en aurrean mobilizazioa eta ekintza sinbolikoa egin dugu, eta, arratsaldean, "Munduaren bukaera, hilabetearen bukaera, borroka bakarra!" solasaldian hartu dugu parte; bietan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru izan dugu.

Arratsaldeko hitzaldian, Ficobako 1. aretoa beteta zegoela hartu du hitza Garbiñe Aranburuk, Solidaires, Attac eta Greenpeace erakundeetako ordezkariekin batera, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, "lana versus kapitala dikotomia klasikoa zabalduz, bizitza versus kapitalaz aritu behar dugu. Kapitalaren aurkako borrokan, borroka feminista eta ekologiaren aldeko borroka barnebildu eta borrokari dimentsio berria eman behar zaio".

Borroka sozial eta sindikal ugari daude piztuta eta guztien arteko baterajotzeak bultzatu behar ditugu, hots, langile, pentsiodun, emakume, gazte edota etorkinei mobilizazio orokor eta bateratuetan parte hartzeko aukera ireki.

G7aren kontra bakarrik ez, zerbaiten alde ere bagaude, "bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde", LABeko idazkari nagusiak nabarmendutakoaren arabera. Hain justu, aurrera begira elkarren arteko aliantzak sustatzen jarraitzeko oinarri sendoak jartzen ari gara egunotan.

Prekarietatearen aurka eta elikadura burujabetzaren alde
Ficobako hitzaldiaren aurretik, bazkaltzeko garaian, Hendaiako McDonald’s aurrean mobilizatu gara, "kapitalismoaren ikur" delako. Bertan, prekarietatearen aurkako eta elikadura burujabetzaren aldeko mezua zabaldu dugu. "Multinazional honek ez du inongo erreparorik planeta ustiatzeko, eta, era berean, ez du inolako erreparorik lan eskubideak oztopatzeko eta suntsitzeko", adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Ekintza sinboliko gisa, McDonald’s aurrean bazkaldu dugu, bertako haragi eta produktuekin.

 

 

 

Espazio berriak artikulatu behar ditugula jakinarazi dugu Eskubide Sozialen Kartatik, gehiago izateko erronkarekin

Kontragailurra dela-eta programatutako lehen hiltzaldiak gauzatu dira dagoeneko, oso harrera onarekin. Solasaldien artean, LABeko Exekutiboko kide Edurne Larrañaga aritu da hizlari, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean. Hain zuzen ere, burujabetza eta aldaketa sozialaz aritu dira Ficobako 3. aretoan egindako hitzaldian. Bertan, Kartaren erronka berriak aurreratu ditu sindikatuko kideak: "Eremu eta espazio berriak artikulatu behar ditugu, Euskal Herritik sistema kapitalistari aurre egiteko. Asko gara, baina gehiago izan behar dugu". Hori dela eta, testuinguru politiko eta soziala aldatu dela kontutan hartuta, hauetara egokitzeko, Kartatik topaketak antolatuko ditugu abenduan, ekarpen berriak biltzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari buruzko hitzaldiaz gain, beste gai batzuk jorratu dira gaurko solasaldietan: emantzipazio bideak eta migrazio politikak, besteak beste.

G7 EZ! plataformako bozeramaile eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Eñaut Aramendik lehen jardunaldiaren balorazio baikorra egin du: "Oztopoz oztopo ibili gara azken aste hauetan, baina azkenean kontragailurra ireki dugu ofizialki. Momentuz, jendea parte hartzen ari da eztabaida guztietan, eta ikusiko dugu ea egun hauetan alternatibak sortzen ditugun eta ahalik eta jende gehien erakartzen dugun larunbateko manifestaziora eta igandeko desobedientzia zibileko ekintzetara".
 

 

 

“Demokrazia eta justizia sozialaren alde gaude hemen”

G7 EZ! plataformak antolatutako kontragailurra abian da Irun eta Hendaian. Inaugurazio ekitaldia Ficoban izan da, jardueraren espazio nagusian. Bertan, plataformako ordezkariekin batera, borrokan diren zenbait eragilek hartu dute hitza. Hala, jaka horiak, bakearen artisauak, mugimendu feminista, migranteak, gazteak eta pentsiodunak egon dira presente. Behin kontragailurra abiatuta, Herrialdeen Herrixka izeneko azokaren edo programatutako hitzaldi, tailer eta mobilizazioen bitartez, hainbat eta hainbat eragilek euren alternatibak plazaratuko dituzte ostirala bitartean. LAB, kontragailurraren sustatzaile den neurrian, bere espazioa egokitu du Ficoban. Era berean, hitzaldi, eztabaida eta mobilizazioetan hartuko du parte.

Inaugurazio ekitaldian, G7 EZ! plataformako eta LABeko ordezkari Eñaut Aramendik hartu du hitza, besteren artean. "G7ak krisi ekologiko, ekonomiko eta sozialaren ardura du. Aterabidea kalean da, alternatibak sortzera goaz", adierazi du. "Demokrazia eta justizia sozialaren alde gaude hemen, alternatibak eskaini nahi ditugulako, hobeto bizi nahi dugulako", erantsi du.

Plataformako kideek esan dute zaila izan dela kontragailurra antolatzea hainbeste eragile desberdinekin, baina lortu dutela: "Garaipen bat da hau. Hemen gaude gure desberdintasunekin", nabarmendu dute. Aniztasunaren eskutik, eraldaketa sozialaren eta alternatibak eraikitzearen alde gehiengo sozial batek indarrak batu dituela berretsi dute. "Ez dugu inolako jazarpen edo dominazio eredurik onartuko", azpimarratu dute.

 

 

 

Dena prest, Irun eta Hendaian, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasunean oinarritutako mundu baten alde eragiteko


G7ko mandatariak Biarritzera datoz abuztuaren 24, 25 eta 26an, goi gailurra egiteko. Bada, hitzordu horren atarian dator “G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” plataformak antolatutako kontragailurra, alternatibak gizarteratzeko helburuarekin, hots, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri duen mundu baten alde. Sustatzaileen artean LAB sindikatua dago, hainbat eragilerekin batera. Kontragailurrak jarduera ugari proposatuko ditu abuztuaren 21 eta 23 bitartean. Hain zuzen ere, ia 200 hizlariren presentzia izango da Irungo Ficoban eta Hendaiako zineman egingo diren hitzaldietan, eta 50 tailer inguru egingo dira aldi berean. Larunbatean, berriz, mobilizazio bat izango da Hendaiako portua eta Irungo Ficoba artean, 11:00etatik aurrera. Egitaraua oparoa da oso, eta prestaketa lanetan buru belarri daude egunotan Ficoban, kontragailurraren espazio nagusian.