2026-01-29
Blog Page 643

Basurtuko ospitalean ez dira errespetatu Txus Martin presoaren eskubideak

Txus Martin euskal preso politikoari gaur ebakuntza larri bat egin diote Basurtoko erietxean, eta bertan izan dituen eskubide urraketak salatu nahi ditu LABek.

Geletan gaixo bakoitzeko bi pertsona bakarrik egon ahal badira ere, bere kasuan, familiarrez aparte beste bost ertzain egon dira momenturo, horrek suposatzen duen estres eta intimitate faltarekin. Ebakuntza-gela barrura arte ere sartu dira ertzainak, eta hau ere ez ohiko prozedura dela salatu nahi dugu.

Ospitale hau kudeatzen duen jerentearekin hitz egiten ahalegindu gara, baina berak ez du nahi izan ezer egin eta ez ditu bere ardurak asumitu.

LABetik argi utzi nahi dugu, osasuna eskubide unibertsala dela, eta presoek ere badutela. LAB Osakidetzatik argi nahi dugu esan, jerenteak duela ospitalean gertatzen diren urraketa guztien ardura, baita Nekane Murga sailburu berriak ere.

Edozein urraketen aurrean izango gara eta urjentziazko bilkura eskatua dugu Nekane Murga sailburuarekin gai honen inguruan hitz egiteko.

Egoera honen gainean egongo gara eta eszepzio egoera honekin behingoz bukatzea exijitzen dugu.
 

 

 

Dagoeneko 37 dira amiantoarekin lan egiteagatik Beasaingo CAFen hildako langileak

0

Gaur goizean, Beasaingo CAFeko langileek ordubeteko lanuztea gauzatu dute amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz gaixotu eta hildako azken bi lankide ohiri omenaldia egin eta heriotza horiek salatzeko. Omenaldian hildakoen senideek ere partu hartu dute lore eskaintza bat eginez. Bestalde, datorren maiatzaren 10erako deialdi berezi bat egiten dute. Hain zuzen ere, trengintza sektorean diharduten enpresa desberdinek mobilizazio eta geldialdiak deitu dituzte egun horretarako.

Enpresa Batzordeak eta Prebentzio Ordezkariek irakurketa hau egin dute, gaurko omenaldiaren harira:

Gaur, berriro ere Amiantorenei monumentuaren aurrean elkartu gara amiantoarekin lanean aritzeagatik gure lankide izandakoak gogoratu eta omentzeko.

Dagoeneko 37 dira amiantoarekin lan egiteagatik Beasaingo CAFen hildako langileak.

Euskal Herrian bakarrik, 25.000 lagun inguru izango dira amiantoarekin lan egin zuten langileak, 2012an debekatua izan zen arte.

2018a gaur arte amiantoak langile gehien hil dituen urtea bezala ezagutuko da. (ASVIAMIE) Amiantoaren Kaltetuen Euskal Elkarteak 34 langile zendu zenbatu zituen iaz. 2017an 22 eta urte bete lehenago beste 29.

Asbesto bezala ere ezagutzen den amiantoaren mota guztiek era guztietako minbizia sortzen dute, biriketakoa, mesotelioma, laringekoa, obarioetakoa eta asbestosia edo biriketan fibrosia.

Osasunaren Munduko Erakundeak (OMS bezala ezagutzen dugunak) argi eta garbi azaltzen du: “Amiantoarekin esposizioa, lan tokian airean dauden zuntzak, amiantoarekin lan egiten duten ekoizpen puntuetatik gertuko airea edo amianto partikula hautsiak dauzkaten eraikin eta etxebizitzetako airea arnasteagatik eman daiteke”.

OMEren esanetan, munduan zehar 125 milioi pertsona inguru daude edo egon dira beren lan guneetan amiantoari esposizioa jasaten. Zenbaki hauekin, OMEk datozen hamarkadetan urtero 107.000 pertsona inguru hilko direla aurreikusten du.

Osalanek egindako ikerketa batean agertzen denez, datozen urteetan eta Euskal Herrian urteko 1.000 kasu inguru emango dira amiantoaren esposizioarekin zerikusia duten gaixotasunetan, bertan zuzenean lanarekin zerikusia ez duten 90 bat mesotelioma kasu ere aurreikusten dituztelarik. Hau da konpentsazio funts bat sortu behar izatearen arrazoi nagusia.

2017ko urrian, Eusko Legebiltzarrean jorratu eta adostu ondoren, espainiar kongresuak lege proposamen bat onartu zuen, bertan beste gauza batzuen artean Amiantoarekin kaltetuenentzat konpentsazio funts bat sortzea aurreikusten delarik. Baina beste hainbat gaietan bezala, ekimen politikoak berandu datoz. Frantzia, Belgika eta Herbereetan urte asko dira horrelako neurriak martxan daudena.

Hori dela eta, iazko apirilaren 27an zerrenda beltzean dagoen edozein langileri, amiantoarekin lan egin izateagatik garatutako gaixotasuna diagnostikatzen zaionean, inolako izapide judizialen beharrik gabe, gaixotasun profesional bezala onartzea, eragindako kaltea onartzea eta dagokion indemnizazioa ematea eskatu genion enpresari.

Baina berriro ere zuzendaritzaren erantzuna zehaztasunik gabea eta anbiguoa izan zen, alderdi sozialaren eskariari muzin eginez eta basakeria honetan duen erantzukizuna ukatuz.

Gure aldetik, instituzio, politikari eta enpresen aldetik dagoen erantzukizun falta, ukapena eta desinformazioa salatzen jarraituko dugu. Hau ez delako kasualitatea izan, hau jakina zen eta onartu egin zuten.

Gai honetan adituak direnek esaten dutenez, datozen urteak ez dira batere onak izango amiantoarekin lan egin izanagatiko gaixotasunen inguruan. Honen aurrean, sindikatu eta eragile desberdinek kalera irten eta ankerkeria hau guztia salatzeko deialdia egiten dugu.

Hau dela eta, datorren maiatzaren 10erako deialdi berezi bat egiten dugu. Maiatzaren 10ean, trengintza sektorean dihardugun enpresa desberdinek mobilizazio eta geldialdiak deitu ditugu; denon artean adosturiko manifestu batekin eta helburu berdinarekin. Iruzur eta sufrimendu gehiagorik ez: aitorpena, erreparazioa eta prebentzioa!

Gehiago luzatu gabe, eskerrak ematen dizkizuegu honaino etorri zareten guztiei eta bereziki gure lankide izandakoen familiartekoei.
 

 

 

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren politika pribatizatzaileen aurrean, Udal Sareak SAaren desagerpena herritarron garaipena da

Zerbitzu publikoen defentsan, albiste handi bat da herritarrontzat Udal Sareak SA enpresaren jarduera etetea, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak bere eskumenak zuzenean bereganatuz. Ez dugulako ahaztu behar kudeaketa pribatua duen enpresa hori 2.000. urtean jaio zela Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa ordezkatzeko helburuarekin, eredu publiko batetik eredu pribatu batera pasatzeko asmoz. Partzuergoko kudeatzaile politikoek bultzatutako proiektu pribatizatzailea, baldintza politiko eta sozialen arabera epe ertain luze batean gaur egun pribatizatutako zerbitzuak kudeatzeatzen dituzten enpresen esku geratuko zena (Aqualia, Suez, Acciona …).

Albiste ona da hau, Udal Sareak sortu zenetik LAB Sindikatuak, beste ordezkariekin batera, aurrera eramandako borrokaren emaitza izan baita. Proiektu honen funtsa eta garrantzia agerian uztea izan da borroka honen helburua, hortarako ekimen ezberdinak aurrera eramanaz; Batzar Nagusietan eta Bilboko Udalean mozioak aurkeztea, herritarrak informatzea, Partzuergoko langileon mobilizazioak udal ordezkarien batzarraren aurrean…

Kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko borrokan garaipen txiki bat da hau; izan ere, helburu bera izaten jarraitzen duen aldaketa formal bat besterik ez da. Beraien helburua, funtsezko zerbitzu hau esku pribatuen esku uztea da, multinazionalen poltsikoak diruz betez eta herritarren interesen kontra eginez, hauei garestiagoa izango zaien zerbitzu kaxkarrago bat eskainiz.
Bere garaian Udal Sareak erakundeari lagatako eskumen guztiak Partzuergoak bere gain hartzeko erabakiak ez du Partzuergoaren norabide pribatizatzailea aldatzen, izan ere, etengabe ikusten dugu Partzuergoaren eskuduntzak enpresa pribatuen mesedetan azpikontratatzen direla.

LAB Sindikatutik % 100ean publikoa izango den zerbitzu baten defentsan eta pribatizazioen aurka borrokatzen jarraituko dugu, kapitalaren interesen gainetik pertsonak eta kalitatezko zerbitzu publikoak ezarriz.
 

 

 

Elkartasun mezua adierazi nahi diogu Argentinako langile klaseari

0

LAB sindikatuak gaurko deituta dagoen greba orokorrari begira Argentinako herriari eta bereziki bertako langile klaseari elkartasun mezu hau helaraten dio. Greba orokor hau CTA de los Trabajadores, CTA Autónoma, Pablo Moyanok zuzentzen duen Kamioi gidarien sindikatuak, Smatak, Banku langileen sindikatuak, Eredu Nazionalera Fronte Sindikalaren barne diren 70tik gora diren eragile sindikalek, hainbat gizarte eragilek eta bestelako eragilek deitu dute.

Greba orokor berri hau Argentinako herriak Macriren gobernuak inposatzen dizkion politika ekonomiko eta sozialekiko duen haserrearen adibide garbia da, hasteko herrialdean dagoen soldaten atzerapenaren salaketa garbi bat delarik. Aldi berean, Lan Erreformaren saiakera kontrako greba orokorra izateaz gain, Argentinako gobernuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arteko akordioa eta prezioen igoera ikaragarria salatzen da. Hau guztiaz gain, deitzaileek pentsio sistemaren erreformaren indargabetzea exijitzen dute, pentsio duin batzuk aldarrikatzen dituzte.

Aipatutako guztiagatik, gure elkartasun eta babes guztia bidaltzen diogu Argentinako langile klaseari. Greba eguna Macriren gobernuak inposatzen duen eredu neo-liberal eta ultra-eskuinaren kontrako erakustaldi masibo bat izatea espero dugu. Inolako zalantzarik gabe, Argentinako gobernuak, Macri historiaren zakarrontzira bidaltzeko gogo biziz dagoen herri duin bat aurkituko du parez-pare. Atzera begiratzen dugunean, Mauricio Macriren gobernua hodei beltz bat bakar izan dela ikustea espero dugu, behin ekaitza baretuta zerua ireki eta askatasun, justizia sozial eta duintasun errebeldez beteriko zeru ertza marraztuko duena.

 

 

 

Mobilizazioak gero eta gertuago daude Gipuzkoako papergintzan

0
Gaur, apirilak 29, negoziazio mahaiaren bilera berri bat burutu da. ADEGIk, beste behin ere, sindikatuei entzungor egin die eta ez du ezer berririk aurkeztu. Idatzizko proposamen bat aurkeztu gabe jarraitzen du. Ez dio erantzuten sindikatuon proposamenari: ez ditu onartzen ez lizentziak, ez errelebo kontratua, ez bajak, ezta lanbide kategoriak ere… 4 urteko indarraldia eta 0,5eko soldata igoera ziztrin bat baino ez ditu eskaintzen.

Sektorearen egungo egoera oso ona da eta ADEGIren jarrera ez dator bat berarekin. ADEGI bere jarrera arduragabearekin negoziaketa blokeatzen ari da eta sektorea konfrontaziora eramango du.

Blokeo egoera honen aurrean, LABetik uste dugu soilik mobilizazioen bidez mugiaraziko dugula patronala. ADEGIk akordio bat gauzatu nahi duela erakusteko hurrengo maiatzaren 17ko bileran idatzizko proposamen bat aurkezteko exijitzen dio LABek.
Hau aurkeztu ezean, ADEGIk sektorea konfrontaziora eramango du eta hitzarmen justu bat lortzeko mobilizazioaren bidea baino ez zaigu geratuko.
 

 

 

Plataforma digitalen bitartez banaketan aritzen diren langileak antolatzea duintasun afera bat da

“Nire buruzagia ez da algoritmo bat.” Kapitalaren diktadurapean, patroiaren despotismotik algoritmo informatiko baten tiraniara pasa gara. Horrela izena du Riders x Derechos mugimenduak, beste eragile batzuekin batera, Bartzelonan antolatu dituzten topaketak. Bertan, plataforma digitalen bitartez banaketan aritzen diren langileak, sektoreko sindikatuak eta mugimendu sozialak bildu dira, etorkizunean eman beharreko pausuaz hausnartzeko. LAB sindikatuko kide Mikel Alvarez eta Iñigo Alonso bertan egon dira.

Garrantzitsua da aldaketa honek lan munduan izango duen (eta izaten ari den) abangoardia paperaz ohartaraztea. Sektorean bizi den ultraprekarietateaz haratago, kapitala lan harreman berri bat inplementatzeko lehen froga egiten ari da, eta, horregatik, ezinbestekoa da harresiak jartzea eta borrokarako formula berriak bilatzea. Langileak autonomo faltsuak bezala kontsideratzean datza, hein handi batean, enpresa hauen etekina. Gainera, kontrol sozialerako tresnak lan esplotaziorako elementuak bilakatu dituzte, hala nola, geolokalizazioa, mugikorreko aplikazioak ezartzen dituen derrigorrezko ordutegiak, autoesplotazioa bultzatzeko mezuak… Hori guztia da, ekiditen ez badugu, munduko langileen zati handi baten etorkizuneko kondena.

Langileen psikologia soziala, ordenamendu juridikoa, langileen antolakunde klasikoak, konfrontaziorako logikak (grebak, adibidez)… dena hankaz gora jartzen ari da plataformen bitartez funtzionatzen duen kapitalismoak. Galdera berri horien aurrean, aliantza berriak eta erantzun berriak artikulatu behar dira. Hori egon da denon ahotan jardunaldi hauetan zehar: unibertsitateko irakasleak, kazetariak, sindikatuak, beste sektoreetako langileak, nazioartetik etorritako kideak… diziplina ugarietan ari den jendearen ekarpenen bitartez, hurrengo pausuak zehaztu dira.

Etorkizuneko erronkak argi daude. Azken hilabetetan gure hiriburuetan koloreetako motxilekin gora eta behera dabiltzan langileak antolatzea duintasun afera bat da; estrategikoa, hain zuzen ere. Dagoeneko badaude esparru honetan lanean ari diren mugimenduak, hala nola, Eragin, Bilboko gazte prekarioen asanblada. Sare politiko, sozial eta sindikal guzti horiek artikulatzean egongo da langileon duintasuna eskuratzeko bidea. Ondorio bezala, Riderren nazioarteko mobilizazio eguna deitzeko aukera egon da mahai gainean. Prekarietatean kontrako harresiaren beste pausu garrantzitsu bat? Espero dugu baietz!

 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak deitutako sei greba egunetatik lehena egiten ari dira gaur

Astebeteko grebara deitu dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, apirilaren 29 eta 30 eta maiatzaren 2, 3, 4 eta 5erako. Hortaz, gaur lehen greba egunari ekin diogu, Gipuzkoako helduen egoitzetako 5.000 langilek hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatzeko. Auto karabana bat egin dugu, besteak beste, langileen aldarrikapenen berri emateko.


 

 

 

Ibaiondoko langileak pairatutako erasoak salatzeko mobilizatu dira

Ibaiondo zentroko langileek mobilizazio bat egin dute euren egoera salatzeko; pairatzen ari diren erasoak, barne. Hain zuzen ere, apirilaren 14ean, bi hezitzaile erasotuak izan ziren hiru erabiltzaileen aldetik, erasotzaileetako batek ihes egin nahi zuenean. Langileen hitzetan, beste marra gorri bat gurutzatu da eraso honekin, eta neurriak eskatu dituzte, batez ere erabiltzaileen adina berresteko orduan. Izan ere, langileek salatu dutenaren arabera, adingabekoentzako zentroa izan arren, pertsona helduak ere bideratu dituzte bertara.

 

 

 

Bertan behera utzi dugu Bilboko Udalaren 010 zerbitzuan astelehenerako deitutako greba deialdia

Bilboko Udalaren 010 zerbitzuko 12 langileek egun osoko greba deialdia deituta zuten apirilaren 29rako. Negoziazioari bultzada emateko asmoz baina, bertan behera uzteko erabakia hartu dute LAB eta ELAk.

Bilboko Udalaren 010 arreta zerbitzua, azpikontratatuta, Lanalden enpresak kudeatzen du. Langileek urte bat baino gehiago daramate lan baldintzen hobekuntzak eskatzen eta Lanaldenek negoziaziorako duen borondate falta eta Udalak gatazkan duen pasibotasuna ikusita, apirilaren 29an egun osoko greba egitea erabaki zuten.

Enpresak forma kontuak argudiatuta legez kanpoko greba izatea iradoki zuenez erabaki dute langileek greba bertan behera uztea; helburu nagusia baita lan baldintzen hobekuntza jo mugan jartzea. Horregatik apirilaren 29an negoziazio bilera baterako deia luzatu zaio enpresari.

Denbora guzti honetan aurreneko aldia da enpresak asistentzia iragarri duena, espero duguna da ez izatea Udalaren aurrean negoziatzeko borondatea dutela justifikatzeko keinu huts bat. Horrela izanez gero langileak prest daude mobilizazio berriak deitzeko.