2026-04-13
Blog Page 623

Errauste plantaren aurkako giza katearekin egin dugu bat

0

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak iganderako deitu du protesta, hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoren babesarekin. 11:30ean abiatuko da, Kontxako hondartzako Alderdi Ederreko arrapalatik.

Hauxe da gaurko aurkezpen agerraldian irakurritako oharra:

Aurreko urte askotan bezala Errausketaren Aurkako Mugimenduak, talde politiko, ekologista, sindikatu eta abarren laguntzaz, giza katea antolatu du irailaren 8an goizeko 11:30ean Kontxako hondartzan.

Aurtengoan egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Donostiako erraustegia eraikita dago eta edozein egunetan hasiko da zaborra erretzen. Honek ez du aldatuko gure borroka eta aldarrikapena berbera izango da: erraustegia gelditu. 2018an Gipuzkoan sortutako errefusa erraustegiak erre dezakeenaren erdia izan da gutxi gorabehera eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte. Galdera zuzena doakie gure agintariei eta erraustegia kudeatuko duen Urbaser enpresa txinatarrari: nola osatuko duzue eraikitako monstruoa elikatzeko beharrezkoa den zaborra? Zaborra inportatzen hasiko al zarete Europako hainbat erraustegiek egiten duten moduan?

Erraustegiak zabor gehiago behar du erre ahal izateko, nahiz eta Donostiak egiten duen ekarpena ikaragarria izan: 2018an Donostia izan zen biztanleko errefus gehien sortu zuen Gipuzkoako herria (288 kg), beste herri gehienek 100 kg biztanleko sortu zuten bitartean eta bataz bestekoa 160 kg izan zenean. Donostiako Udalak duen jarrera salatu behar dugu, azken lau urteetan ez baitu ezer egin egoera nazkagarri hau aldatzeko; baina ulergarria da haien ikuspegitik: Donostiak bakarrik erraustegiak behar duen erregaiaren zati handiena sortzen du eta Gipuzkoa beste herri gehienen bidea jarraituz gero, are eta larriagoa litzateke erretzeko zabor eskasia. Donostiak erraustegia behar du eta erraustegiak Donostia behar du!

Askotan hitz egin dugu erraustegiak airea eta lurra kutsatuko dizkigula, gaixotasunak sortuko dituela… Gaurkoan erraustegiak isuritako gasek klima aldaketan izango duten eragina azpimarratu nahi dugu. Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko gutxi gorabehera kilo bat CO2 sortuko da eta erraustegiak urtean isuriko dituen nitrogeno oxido kopurua 150.000 turismo dieselek, bakoitzak 10.000 km eginez aireraturikoaren parekoa izango da. Gogoratu hauek direla, metanoarekin batera, gure planeta galbidera daramaten gas kaltegarrienak. Ikuspegi honetatik ere erraustegia izango da Gipuzkoako enpresa kutsagarrienetakoa, klima aldaketa areagotzen gehien lagunduko duena.

Gure agintariei klimari buruzko hitz potoloez gain, benetako neurriak ezartzea eskatzen diegu, eta neurri hauek ekonomia zirkularraren bidetik pasa behar dute nahita ez: murriztu (batez ere plastikoen erabilpena), berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geratzen den errefusa egonkortu ondoren zabortegira bidali.

Gure seme-alabentzat, gure bilobentzat planeta bizigarria nahi baldin badugu, ezin dugu biharko utzi. Berehala hasi behar dugu gure ohiturak aldatzen eta politikari eta agintariei eskatzen utz dezatela alde batera negozioen bidea eta etorkizun jasangarri baten alde jar ditzatela bitartekoak.

Ez dugu etsiko: planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia.
 

 

 

Instituzioen utzikeriaren aurrean, erantzun sindikal orokorra beharrezkoa da prekarietateari eta langabeziari aurre egiteko

Abuztuko datuen arabera, 147.161 langabetu daude erregistratuta SEPEko bulegoetan, uztailean baino 3.075 gehiago. Gora egin du langabeziak, hortaz. Gehienak, %58,01, emakumeak dira, 85.376. Egoera honen aurrean, Tokian toki hedatzen ari diren lan gatazka zehatzak sustatzearekin batera, erantzun sindikal eta sozial orokorra proposatzen du LABek, bai bestelako enplegu politikak aldarrikatzeko, baita bestelako enplegu politika horiek gauzatzeko beharrezkoa den ahalmen legegilea eskatzeko.

Erregistratutako langabetuen adinari erreparatuta, ia erdiak dira 45 urtetik gorakoak (%49,96) eta multzo garrantzitsua osatzen dute 30etik 44 urtera artekoek (%34,10). Askoz gutxiago dira aldiz, 25 eta 29 urte artekoak (%8,86) eta 25 urtetik beherakoak (%7,06). Banaketa, aurreko hilabetekoaren beretsua da. Hain zuzen ere, enplegurako sarbide txarrena duten adineko langileak, 45 urtetik gorakoak, dira langabetu gehienak.

Adina eta generoa kontutan hartuta, adin tarte guztietan dago emakume langabetu gehiago gizonezkoak baino, 25 urtetik beherakoan izan ezik. Generoen arteko alde nabarmenena 30 eta 44 urteko adin tartean dago, langabetuen %60,7 emakumezkoa baita. Langabetu gehien biltzen dituen adin tartean, 45 urtetik gorakoan, %57,3 dira emakumeak.

Enpleguaren kalitateari dagokionez, aldi-baterakotasuna eta ezegonkortasuna nagusitzen dira. Abuztuko kontratu mugagabeak %6,40 baino ez dira izan. Lan eta zerbitzu bat egiteagatikoak %25,18 dira eta produkzioren baldintzengatik aldi baterakoak %51,49 dira. Guztira, kontratuen %93,60 izan da aldi-baterakoa. Emakumeen kasuan, %94raino igotzen da portzentaia. Nabarmenak aldi-baterakotasun kroniko honen arriskuak, langileen enplegu egonkor eta bizitza duina lortzeko oztopo ere badena.

Behin baino gehiagotan salatu dugun bezala, lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuak aurrera darrai Euskal Herrian. Instituzio publikoen enplegu planak ez dira gauza egoera aldatzeko, areago, ematen du instituzioen papera datu estatistikoak ematera mugatzen dela, prekarietatearen notarioak bailiran.

Egoera honen aurrean, ekintza sindikala indartzea beharrezkoa da. Tokian toki hedatzen ari diren lan gatazka zehatzak sustatzearekin batera, erantzun sindikal eta sozial orokorra proposatzen du LABek, bai bestelako enplegu politikak aldarrikatzeko, baita bestelako enplegu politika horiek gauzatzeko beharrezkoa den ahalmen legegilea eskatzeko.
 

 

 

“Lan istripuak prekarizazioaren eta lan baldintzen okertzearen ondorio zuzena dira”

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu Lezon, Ipintza industriagunean, ostiralean hildako 26 urteko langilearen lan heriotza salatzeko. Hildakoaren senide eta hurbilekoei elkartasuna eta babesa adierazi eta gero, LABeko Oarso-Bidasoko arduradun Kristina Getek gogora ekarri du dagoeneko 31 langile hil direla aurten Euskal Herrian, eta azken lan heriotza honen arrazoiak ikertzeko eskatu du: "Argi dugu lan istripuak ez direla kasualitateak sortutakoak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen okertzearen ondorio zuzena dira".

Kristina Geteren hitzetan, "lan heriotzen sarraskiarekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, enpresen irabazi ekonomikoaren aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena".

Honengatik guztiagatik, langile guztiak lan baldintza duinen alde borrokatzera deitu ditu: "Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu".
 

 

 

Gehiengo sindikalaren kontzentrazioa Lezon, ostiralean hildako langilearen heriotzaren aurrean

Kontzentrazioa egingo dugu asteartean, irailaren 3an, gehiengo sindikalarekin Lezon. Mobilizazioa 11:30ean izango da, Ipintza poligonoaren sarrerako errotondan. Abuztuaren 30ean 26 urtetako langile bat hil zen Lezoko Kuluxka enpresan. Hildakoa Recacor enpresako langilea zen eta gurpil neumatiko baten eztandaren ondorioz hil zen. Azken honekin, gutxienez 31 dira urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildako langileak. 

 

 

Enegarren kargu-uztea Osakidetzan EPEaren iruzurraren ondorioz

0

Gaur izan dugu Xabier Balerdi Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariordearen “kargu-uztearen” berri. Osakidetzaren arabera esistitzen ez diren filtrazioek beste “kargu-uzte” bat ekarri digute. Fiskaltza nagusiaren arabera, irekitako prozesuan pieza garrantzitsua zen Balerdi, eta argitu beharko da honetan lekuko edo inputatu bezala jasoko duen errekerimendua. LABen ustez, mediku espezialisten plazen esleipenerako sistema klientelar baten aurrean gaude. Izan ere. Filtrazioen ondoriozko krisia hasi zenean, medikuen kategorietako bateko filtrazioak ikertzeko izendatutako instruktoreetako bat izan zen Balerdi. Horrek agerian uzten du Osakidetzak ez duela inolako borondaterik egia ezagutu dadin.

Balerdirena ez da lehen dimisioa, ezta gutxiago ere, eta ez da azkena izango. Esan daiteke 2016-2017ko EPEaren burutzean inplikatutatutako zuzendaritzako kide gehienek honezkero dimisioa aurkeztu edo kargua utzi dutela, baina Osakidetzak hauek eta, besteen artean, LABek agerian utzi dituen filtrazioen arteko begibistako harremana ukatzen jarraitzen du.

Berriro diogu, hau eta beste EPE batzuetan egon den iruzurra ukatuz ezin dela eraiki etorkizuneko EPEetako iruzurra borrokatuko duen eredua.

Arduradun berriak gonbidatu nahi ditugu gertatutakoa onar dezatela, kargu-uzte hauei faltsututa dagoen EPE sistema baten erantzunkizun garbitzearen izaera. Osakidetza, beste behin ere, gonbidatu nahi dugu zehazki kaltetuak izan diren milaka opositanteei eta orokorrean euskal jendarte osoari barkamena eskatzera, gehiago atzeratu gabe negoziazio prozesu serioa abiatzeko, Osakidetzera sarttzeko prozesuak demokratizatzera eramango gaituena, bai EPE prozesuak bai kontratazioari dagozkionak.
 

 

 

Gutxienez, 30 pertsona hil dira aurten lanean Euskal Herrian

Langile bat hil da goizean Lezon, Ipintza industriagunean, gurpil neumatiko batek lehertu eta gero. Langileak 26 urte zituen eta Recacor enpresan egiten zuen lan. 


 

 

 

Imanol Salinas kidearen kontrako jazarpena salatuko dute Altsasun

Espainiako Justiziak eragozten ez badu, abuztuaren 31n egingo dute Altsasun 2019ko Ospa Eguna. Sakandarrek jasandako errepresio kasuak salatuko dituzte; haien artean Imanol Salinas LABeko kidearena, kartzelan sartzeko arriskuan baitago protesta sindikaletan parte hartzeagatik.

Maiatzaren bukaeran jakin genuen LAB sindikatuko kide Imanol Salinasi 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri ziotela -kartzelan sartzeko betebeharrarekin- Iruñeko La Sangiovesa jatetxean eginiko protesta baketsu batean parte hartzeagatik. 21 hilabeteko kartzela zigorra, edozein protesta sindikaletan egin ohi diren ekintzak egiteagatik: jatetxe barnean bozgorailu batekin kontsigna laboralak bota, pegatinak jarri, kartelak erakutsi, eta establezimenduaren ate baten parean elkarretaratzea egin.

Bada, jazarpen kasu hau eta beste batzuk salatuko dituzte Altsasun, larunbatean, Ospa Eguna dela eta.
 

 

 

CAFeko enpresa batzordeak esker ona adierazi dio hil berri den Patxi Epelde artistari

0

Amiantoaren eraginez hildako langileen omenezko eskultura sortu zuen Patxi Epeldek. Hala, enpresa batzordeak doluminak luzatu dizkie haren senideei.

Hauxe da CAFeko enpresa batzordeak idatzitako adierazpena, Patxi Epelderen ekarpena eskertzeko asmoz:

Duela 10 urteko apirilaren 28an, langileen mobilizazio handi baten ondoren, CAFeko langileok, eragina jasandako senideekin batera, CAFeko atari nagusiaren ondoko plazan jarrita dagoen AMIANTORENEI eskultura inauguratu genuen.

Urtez urte, eskultura honen inguruan gogoratu izan ditugu amiantoaren hildakoak, Enpresa eta Instituzioen pasibotasuna salatu ditugu eta CAFekoak edo beste enpresetako biktimak izan diren langileen errekonozimendua eta indemnizazioa izango den konpentsazio funts baten sorrera aldarrikatu dugu.

AMIANTORENEI, gaixotasun baten ondorioz hil berri den Patxi Epelde artistak sortutako eskultura bat da. Bere lanarekin, Patxik, langileok amiantoaren inguruan genuen sentipena era artistikoan islatu zuen, eta aldi berean gatazka honekin bere konpromiso leiala erakutsi zuen. Hori dela eta lerro hauen bidez guk ere bere lana eta bere borrokari merezitako omenaldi bat eskaini nahi diogu.
 

 

 

Tecman enpresako langileek 60 egun bete dituzte greba mugagabean

0

Mendaroko ospitaleko mantenimenduaz arduratzen den azpikontratako langileak baldintza prekarioetan lan egiten dutela salatzen ari dira uztaila hasieratik. Soldata izoztuta dute 2011. urteaz geroztik, eta gaueko intzidentzietarako lokalizatuta egon behar duen langileak 11 euro besterik ez ditu jasotzen guardia bakoitzeko, lan bera egiten duten Osakidetzako langileek jasotzen dutena baino lau aldiz gutxiago. Kasu honetan, guardia baino, gaueko lanaldia sortzeko beharraz ohartarazi dute.

Azpikontratazioaren atzean prekarietatea dagoela erakusten duen beste adibide bat da Tecman enpresarena. Hala, Osakidetzak zeresan handia duela nabarmendu dugu LABetik, Osakidetza baita kontratista. Era berean, Mendaroko ospitaleak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatean eragin handia izaten ari da greba. Asteartean, esaterako, Larrialdietan urak gainezka egin zuen, hoditeria haustura bat gertatu zelako. Hoditeria oso egoera txarrean zegoela jakitun zen Osakidetza.

Langileen eskakizunak oso oinarrizkoak dira: pairatzen duten lan-prekarietatea alde batera utzi eta euren lan baldintzak hobetzea enpresa hitzarmen duin baten bitartez.

Langileen hitzetan, hauek dira aldarriak:

1. KPIari loturiko soldata igoerak. 2011tik soldatak izoztuak ditugu eta hauek eguneratzeko ordua dela uste dugu.

2. “Guardiak”. Hauen helburua, ospitalean gerta litekeen edozein arazoren aurrean, ordu erdiko epean bertaratzeko derrigortasunean datza. Lan hau egiteagatik Osakidetzako mantenimenduko langile batek 43 euro kobratzen ditu eguneko, guk aldiz, 11 euro kobratzen ditugu. Eskatzen duguna lan berdinagatik berdina kobratzea da.

200 langileren babesa
Osakidetzako eta TECMAN SVA S.L.-ko arduradunen jarrera salatzeko asmoz, sinadura bilketa bat abiatu zuten uztailean, Mendaroko Ospitaleko langileen artean. Sinadura bilketaren helburuak bi iziren; greba mugagabean dauden langileei babesa helaraztea eta bai Osakidetzari, bai TECMAN SVA S.L.-ri lan gatazkari irtenbide bat aurkitzeko dei bat luzatzea. Bada, guztira, Mendaroko Ospitaleko 200 langile baino gehiagok sinatu dituzte eskakizun horiek.