Alconzako langileak mobilizatzen hasi dira, hitzarmen duinaren eta lantegiari Irizar taldearen barruan balioa emango dion plan industrialaren alde. Hala, elkarretaratzea egin dute gaur Ormaiztegin, Irizarren lantegiaren aurrean.
Bilboko Udaleko Langileen Batzordeak elkarretaratze batera deitu du gaurko, Udalaren jarrera salatu eta enpleguaren eta haren langileen lan baldintzen gaian aldaketa bat eman dezan.
Hauxe da Bilboko Udaleko Langileen Batzordearen oharra:
Hilabete hauetan, Bilboko Udalean gatazka egoerak ugaritu egin dira, batez ere enpleguari loturikoak.
Alde batetik, kontratazio falta dagoelako Udalean, eta, bestalde, Udaleko eta Udal enpresatako azpikontratatako langileen lan baldintzengatik.
Udaleko Gizarte Zerbitzuak gainezka daude. Udal Gobernuak, ez dio irteerarik eman nahi udalbatzarrak onartu zuen Gizarte politiken paktuari, eta hau guztia, behar den langile kopurua kontratatzen ez duelako, eta ondorioz, langileak gainezka daude, herritarrek merezi eta eskubide duten zerbitzua eman ezinik.
Suhiltzaileen parkeetan, suhiltzaileen guardia normalizatua beteta egon dadila, behar diren langile guztiekin. Bajak ordezkatu ditzatela. Lan baldintzen hobekuntza. Behin-behinekotasunekin bukatzeko hautaketa-prozesuak egitea.
Mugikortasun sailean, antolakuntza izugarri txarra martxan jarri dute, C eta D taldeei karrera profesionala mugatzen diena eta zerbitzua bera okertzen duena, etorkizunean plazen amortizazioa ekarriko duena.
Zenbait langile talde (menpekoak, ofizialak…) berriz ere zerrendako azken tokian daude, beraien aldarrikapenei irtenbiderik eskaini gabe.
Eta zer esan, Udaleko eta udal enpresen azpikontratentzako lan egiten duten langileen inguruan.
EAJ-PSE Udal Gobernuak, Udaleko azpikontratatako langileentzako lan baldintza onartezinak bultzatzen ditu, izugarrizko lan kargekin, lanaldi partzial izugarriak egin beharra lanaldi osoak egiteko, estatuko lan hitzarmenak, eta are gehiago feminizaturiko sektoreetan.
Langileen legez kanpoko lagapena BilbaoTIKen, estatuko hitzarmenak eta 0 elkarrizketa hitzarmenak berriztatzeko (010 zerbitzuaren kasua), lan karga handia Bilbao Bizin… Hauek ez dira adibide batzuk baino.
Udalak ez du bere baldintza-agirietan enpresarien diru gosearekin amaitzeko klausularik ezarri nahi. Ez dugu nahi DIRU PUBLIKOA ENPRESA PRIBATUEN IRABAZIAK HANDITZEKO IZATEA, langileentzako miseriazko soldaten bizkar egiten direlako.
Hori guztiari erantzun behar dio Udal Gobernuak, benetan, hainbatetan saltzen diguten “Bilbo, balioen hirian” sinesten baldin badu.
Horregatik mobilizatu gara gaur, eta hemen egongo gara berriro ere, enplegu duina eta kalitatezkoa aldarrikatzeko, Bilboko hiritarrek merezi eta eskubide dituzten kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko.
Gaurko argitalpenaren ondotik, LABek bere poza eta alaitasuna agertu nahi ditu, Administrazioko aldi baterako langileen eta funtzionarioen arteko parekatzea lortzeko bidean pauso handia dakarrela ulertzen baitugu. Gure ustez, denboran dagoeneko gehiegi luzatu den egoera bidegabe bati amaiera emango dio honek. LABen gure-gurea dugu “lan berdina, soldata berdina” aldarria, eta beti defendatu izan dugu langile guztiek lan baldintza duinak izan ditzaten. Hori, foru Administrazioan tamalez handiegia den aldi baterakotasun tasarekin amaitzeak baino ez du ekarriko, ordea. Eta Horretarako, LEP deialdi zabalek baino ez dute bide ematen. Hori iritsi bitartean, hala ere, gaur Europan eman den pausoaren modukoek administrazio kontratudun langileak eta funtzionarioak parekatzeko balio dute, eta horrek poztu egiten gaitu.
Argitaratu berri den epaia erreferentziatzat harturik, LABek oraindik orain gradua kobratzeko tramiteak egin ez dituzten Administrazio publikoko langileen eskaerak bideratzeko kanpaina berri bat jarriko du abian. Nolanahi ere, badakigu epai hau aplikatzea beste erakunde batzuei dagokiela, eta horregatik errekerimendua egiten diogu Nafarroako Gobernuari lehenbailehen bete dezan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, eta langile guztiei ordain diezaien gradua, atzeraeragina, eta baita horri dagozkion interesak ere.
Gaurkoan, atzo bezala, Gipuzkoako papergintzaren bigarren greba egunaren jarraipena %90koa izan da. Produkzioa erabat geldituta dago. Manifestazioa egin dute sektoreko langileek Tolosan.
Papergintzako sektorean bi greba egun arrakastatsu bizi ondoren, argi geratu da langileek sektorean sortutako aberastasuna banatuko duen hitzarmen duin bat nahi dutela.
ADEGIk aintzat hartu behar du langileek adierazi dutena. ADEGIK bere jarrera inmobilista alde batera utzi eta behingoz benetako negoziaketa bati ekin behar dio. Azken negoziazio bileran sindikatuok mugitu ondoren, orain ADEGIri dagokio mugitzea. Hau horrela ez bada, papereko langileok berriro ere kalera aterako gara ekainaren 26 eta 27an gure eskubideak defendatzera. LABek sektoreko langile guztiei borrokan tinko jarraitzeko dei egiten die. Denon artean lortuko dugu.
Agerraldi bat egin dugu Bilbon, hainbat eragiletako ordezkarirekin batera, 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei babesa emateko eta epaiketaren aurkako manifestua aurkezteko. Sinatzaileok irailaren 14ko manifestazioarekin egin dugu bat.
Hauxe da agerraldian aurkeztutako manifestua:
Irtenbidera, etorkizuna askatu
47 euskal herritar epaituak izango dira datorren irailetik aurrera eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:
47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu.
Euskal jendarteak aurrera egin nahi du eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da. Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi. Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.
Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.
Jendarte berri bat eraiki nahi dugu, sinistuta baikaude urteotan garatu ditugun baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea izango direla bestelako herri bat sortzeko zimendua: norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetoan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita.
Horregatik, hau sinatzen dugunok ez gara epaituak izango diren 47 lagun hoiengatik soilik ari. Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara. Horregatik honakoaren bitartez, epaiketa hau salatzeaz gain irailaren 14 manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.
Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da.
LABeko ordezkaritza bat Asturiasen dago, langileen eskubideen defentsan. Hain zuzen ere, errepresioaren aurkako mobilizazioak antolatu dituzte gaurko, lantokiz lantoki ibiliko den karabana bat eta CSI, CGT Asturias, Suatea eta CNT sindikatuek deitutako manifestazio bat, kasu, Asturiaseko hainbat enpresatan pairatutako jazarpen sindikala salatzeko.
Langileek kontzentrazioa egin dute gaur Bilbo, Metro Bilbaoren egoitzaren aurrean, enpresa-batzordearen deialdiari erantzunez, salatzeko langile gutxiegi dagoela enpresako kolektibo batzuetan eta, ondorioz, lantaldearen lan-baldintzak eta garraio-zerbitzuaren antolaketa eta kalitatea kaltetzen ari direla.
Adibidez, gidarien kolektiboan 2018an zegokiena baino 7200 ordu baino gehiago egin direnez, langileek atseden-egunetan lanera joan behar izan dute, zerbitzu-eskaintzari aurre egiteko lantaldea ondo dimentsionatu gabe dagoelako.
Izan ere, gero eta unean uneko zerbitzu gehiago ematen dira eta txanda horiek guztiak ez daude egiturazko dimentsioen arabera antolatuta.
4 urte darama enpresak gidarien txandak eta ordutegiak inposatzen. Aurten ere 2020rako aurtengoen ia berdinak aurkeztu dizkigute eta jasanezin bihurtzen ari zaigu egoera. Gure lan-baldintzak txarrera joaten ari dira eta gure osasunari eta kontziliazioari ere kalte egiten dio egoerak. Langileen ardurak eta profesionaltasunak bermatu du zerbitzu modu horretan betetzea. Gauzak horrela, ordea, enpresak datorren urterako proposatu dizkigun txandekin ezinezkoa izango zaigu zerbitzua modu onean ateratzea atseden-egunik hartzerik ez badugu.
Antzera ari dira beste kolektibo batzuetan, besteak beste, mantentze-lanetan eta geltokietan. Geltokietan langile nahikoa ez izateak zuzenean eragiten du bezeroen arretan, geltokiak langilerik gabe uzten baitira. .
Horregatik, eskatzen dugu gidarien egiturazko lantaldearen kopurua aparteko ordurik sortu gabe kalkulatzeko, txandak ez inposatzeko eta jartzen diren txandak egiteko behar diren langileak jartzeko.