2026-01-31
Blog Page 619

[IRITZIA] “Injustiziak 47 aurpegi gehiago ditu”

0

LAB sindikatuko arlo juridikoko kideek 11/13 auzian auzipetutako 47 lagunei elkartasuna eta babesa adierazi diete, eta irailaren 14ko Bilboko manifestazioarekin bat egin dute.

Hauek dira iritzi artikuluaren sinatzaileak: 
Ainhize Muniozguren, Diego Gonzalez, Jone Iturrate, Alfonso Lopez de Alda, Lorea Porres, Lara Salceda, Maider Mendizabal, Amaia Ramon, Eñaut Bilbao, Garazi Mendoza, Nerea Lekue, Iraide Juaristi, Urtzi Gorostiaga, Maialen Bergara, Jesus Gutierrez, Aritz Tellitu, Oier Bilbao, Agapito Valle, Alex Azpiri, Alatz Barcenas, Amaia Gomez, Maider Portoles, Bittor Canales, Arantza Uriondo, Mikel Von Wichmann, Haizea Nuñez, Arritxu Larrañaga, Irati Suarez, Alaia Baseta, Onintza Irigoien, Olatz Arostegi, Aritz Ezeiza, Anitz Eskisabel, Eztizen Agirresarobe, Juantxo Barkos, Ainhoa De Miguel, Arantza Bidondo, Jon Arrazola, Edurne Visiers, Andoni San Miguel, Peio Garcia, Argi Zandueta, Nuria Esparza, Nerea Makuso.

Hauxe da idatzia:
Idatzi hau hasi nahi dugu gure babes eta elkartasun osoa adieraziz 11/13 auzian auzipetuak izanik epaituak izango zareten lagunei, ondoan gaituzue eta izango. Eta horrekin batera, gure elkartasuna eta babesa azaldu nahi dizuegu auzi hau gertuenetik pairatuko duzuenoi ere, auzipetuen senide eta gertuenekoei.

Auzi injustu honetan giza eskubideen alde egin duzuen lana izango da epaitua. Ongi dakigu espainiar auzitegiek justizia paralelo bat dutela, baina euskal herritarrok, herriak, egina dugu gure epaia, eta zuek egin duzuen lana balioan jarri eta eskertzea da. Mila esker herri honetako gatazka politikoen ondorioz preso eta erbesteratuak izan diren herritarren eskubideak bermatuak izan daitezen lanean jarduteagatik.

Prozesu honekin, ordea, ez dute soilik 47 auzipetuek eginiko lana eta jarduna epaitu nahi. Euskal herritarrok ozen eta determinazioz adierazi eta babestu dugu preso eta errefuxiatuen eskubideen aldeko aldarria, horren adibide izanik urtez urte urtarrilean egiten den herri ekimen jendetsua. Horregatik, auzi honek epaitu nahi duena jardunbide zehatz batetik haratago doa: herri aldarri zein elkartasun eta babes sareak dira epaituak izango direnak.

Ukaezina da auzibide honek iraganera garamatzan sentipen herritarra. Gaindituak uste eta nahi genituen egoerekin topatzera ekarri gaitu berriz ere, baina horrek ez du aldatuko gure iparra, langintza eta jarduna, IrtenBidera elkarrekin egiteko dugun bidean sakontzea hain zuzen.

Idatzi honetan aipatu nahi zaituztegu espresuki LAB sindikatuaren parte, bereziki arlo juridikoaren parte zareten edo izan zareten kideok ere, Imanol, Eukene eta Ane. Jakin gure babes osoa duzuela, togarekin eta togarik gabe, auzitegietan zein kalean.

Bestalde, LABeko arlo juridikoko kideok bereziki salatu nahi dugu abokatu gisara lan egiteagatik auzipetuak izan diren kideen egoera. Beren lan profesionala egiteagatik izango dira epaituak, defentsa juridikoan jarduteagatik. Onartezina da! Irmoki salatu nahi dugu kide profesional ditugun lankide hauen egoera, eta gonbit egin nahi diegu arlo juridikoan diharduten bestelako kideei, abokatu, aholkulari, prokuradore zein maila akademikoan dihardutenei, eta bereziki Elkargo ezberdinei, salaketa honekin bat egitera eta abokatutzaren arlotik ere dagozkion adierazpen eta ekimenak egitera.

Amaitzeko, bat egin nahi dugu auzipetuek eginiko deialdi zabalarekin, irailaren 14an Bilbon izango den manifestazio erraldoiarekin. Batzuek horrela nahi ez izan arren, IrtenBidera begira gaude eta honen bidean lan egiteko prestu.
 

 

 

Gaur egungo eskola publikoetako jangela eredua guztiz agortuta dago

0
LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari ardura politiko, ekonomiko eta teknikoak exijitzen dizkio, ondorioak azken muturreraino helduaz, horrela dagokiolako sistema politiko, tekniko eta ekonomikoari.

Erakutsi den bezala, 17 urtez horrelako iruzurra ahalbideratu duen sistema ezin daiteke inola ere denboran luzatu. Egungo eskola jangelen araudiari suposatzen zaizkion gardentasuna eta ardura, ez dira inondik inora bete, Hezkuntza sailari egokitzen zaizkion kontrol jarraipenak ez dira existitu izan. Jangelen ordenean 34. artikuloan agertzen diren ardura politiko eta teknikoak ez dira bete.

Jangelen enpresen ardura ekonomikoa murriztua ikusi da Hezkuntza sailetik inolako jarraipenik egin ez delako. Zehazki, ez da jarraipenik egin administrazio eta zerbitzuen sailburuordetzatik berau izanik zigortu dituzten kontratatzaile zuzena. Kontratazio pliegoetan izandako azken aldaketa ez nahikoa iruditzen zaigu.

LABek zerbitzu publikoen externalizazioarekin bukatu beharra dagoela diogu oraingoan ere. Baliabide publikoek, enpresa pribatuei jaten emateari utzi behar diote, hauen helburu bakarra irabaziak gehitzea baita, kalitatezko zerbitzua eman beharrean.

Eskola jangelen kasuan, lehentasunak hauek izan behar dira:

– Elikadura osasuntsua, bertokoa, agroekologikoa eta sasoikoa
– Eskoletako Jangelak, eremu hezitzaile bezala aitortu daitezela
– Jangeletako langileak, ez daitezela merkartzia bezala tratatu, eta administrazioak kontrataturiko langile izatera pasa daitezela.

 

 

 

Gure kezka eta desadostasuna adierazten dugu DSBEren erreforma egiteko EAJ eta PSE-k PP-rekin egin duten aliantza neoliberalarekin

LABek irizten dio beharrezkoa dela agenda politikoan prekarietatea eta borrokaren kontrako borroka jartzea. Honek suposatzen du eskubide sozialen murrizketan oinarritutako politika neoliberalekin amaitzea, xenofobia eta pobrezia kriminalizatzea borrokatzea, EAJk Pprekiko duen aliantzan ontzat ematen dituenak.

Ez da oinarrizko prestazio sozialak murristeko sasoia, euskal herritarren bizitzak erdigunean kokatzeko garaia da, onargarria izango den ongizate maila eta beharrezko gizarte kohesioa gaindituko dituena. Baina EAJk berriro egin du euskal gizarteko sektore zaurgarrienen kontrako politika neoliberalen garapenaren alde.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatu zuen HELa baztertu ondoren, DSBEren jasotzaileen egungo egoera modu esanguratsuan hobetzea ekarriko lukeena, EAJk berriro dator erasora, bere egunean PSErekin adostutako murrizketen proposamenarekin, eta oraingoan Ppren aliantzarekin. Izan ere, oso ezaguna da honen jarrera xenofoboa eta pobreziaren eta DSBEren jasotzaileen kriminalizatzen duena.

2008ko legea aldatzea da proposamenaren helburua, jasotzaileen kolektiboa murriztu eta mugatzea beste helbururik ez duena, guztia Hego Euskal Herriko bazterketa sozial eta pobrezia mailak oso kezkagarriak direnean. 2008 eta 2016 artean %62 egin du gora arreta eman behar izan zaien pertsona kopuruak.

Egindako proposamenak aipatu prestazioari sarbidea mugatzea bilatzen du, sistema hau eznahikoa dela konstatatzen den momentuan: 2008tik %25ean egin du gora benetako pobrezia arriskuan dagoen eta arretarik jasotzen ez duen pertsona kopuruak.

Askieza da DSBEren egungo zenbatekoa, eta behin baino gehiagotan murriztu dute, eta honek ekarri du 2008ko legearen hasierako aurreikuspenekiko %13,5eko murrizketa, 2009tik 2017ra eros- gaitasunaren %11,9ko galera pilatuz.

Hori dela eta LABek eskatzen du, idatziz eta Gasteizko Parlamentuko hainbat hitzartzetan egin izan duen moduan:

– DSBEren erreformari buruzko eztabaidak EAEk behar duen babes sozialerako ereduaren eztabaida zabal dezala. Eztabaida horretan agerian utzi behar da lan harremanak eta gizarte segurantzan konpetentziarik ez edukitzeak ekartzen du DSBEren bidez egin behar zaiela aurre Madrilen erabakitako lan erreforma eta pentsioen murrizketari.

– Ematen ari diren prekarizazio sozial eta laboral prozesuei aurre egitea, aurrera eramaten ari diren enplegu politika aktiboak interes patronalen neurrira egiten baitira, prekarizazioa sustatu eta sarituz.

– EAEn babes sozialean BPGrekiko egiten den gastua igotzea Europako batazbestekoa beste.

– DSBEren jasotzaile izan zitezkeen baina ez diren pertsonen %30ak hau eskuratzeko aukera izan dezala.

– Proposamenak duen genero eragina txertatzea, jasotzaileen %56,7 emakumeak direla kontuan izanda.

– Sistemaren iraunkortasuna ezin da oinarritu baldintzarik okerrenetan dauden pertsonentzakoa baliabideen murrizketan, bidezko erreforma fiskal batean baizik, iruzurra jarraitzearekin batera.
 

 

 

Arbizuko lan istripu hilgarria salatu eta haren inguruabarrak berehala argitzeko exijitzen dugu

LAB sindikatuak bere elkartasuna eta dolumin sentituenak helarazi nahi dizkie gaur Sakana S.Coop enpresaren Arbizuko Lakber Mecanizados lantegian hil den R.A.C. 35 urteko langile altsasuarraren familiari eta lagunei. Era berean, sindikatu honek irmo baino irmoago exijitzen die erakundeei eta enpresa horretako arduradunei gaurko ezbehar traumatikoaren inguruko zirkunstantzia guztiak argitzea, batez ere kontuan hartuta hiru langile hil direla azken lau urteetan enpresa horretako bi lantegitan.

LAB sindikatuak dituen datuen arabera, Euskal Herrian lanean hildako 27. langilea da gaurkoa (9.a Nafarroan). Datu horiek eta prekarietatearen ondorioak gizarteratzea nahitaezkoa dela kontuan harturik, LABek dei egiten du Arbizuko lan istripua salatzeko antolatuko diren ekitaldietan partze hartzera.

Lan istripu guztiak tamalgarriak eta kezkagarriak diren arren, LAB sindikatuari bereziki kezkatzeko modukoa iruditzen zaio konstatatzea gaurkoa dela Sakana S.Coop enpresak dituen lantegietan azken lau urteetan hil den hirugarren langilea.

2015eko ekainaren 26an, Sakana Sociedad Cooperativa enpresak Lakuntzan duen lantegian, azpikontrataturiko enpresa bateko langile J.M.R.G. 43 urteko corellarra hil egin zen, 14 metroko altuera batetik erorita. Istripu hura dela eta, 2017an urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten bigarren enpresako bi arduraduni, langileen eskubideen aurkako delitu batengatik eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitu batengatik.

2018ko martxoaren 15ean Y.L.A. 30 urteko langile lakuntzarrak istripua izan zuen Sakana Sociedad Cooperativa enpresak Lakuntzan duen lantegian. Plataforma metaliko bat erori zitzaion lanera eta egun bat geroago hil zen.

Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea izan ohi dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da horren guztiaren atzean dagoen zio bakarra enpresen diru gosea dela. Lan kosteak murriztuta irabazi tasak mantenduz sakontzen da prekarietatean, eta ez da beharrezko prebentzio neurriak hartzen. Batzuek gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero-egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuak diren langileak, baita hiltzen direnak ere. Hala, istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Normalean, prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izaten dira istripuak, eta halakoek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz.

 

 

 

Ikastoletan errelebo kontratuak eta borondatezko aurrejubilazioak baldintzarik gabe bideratzea eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari

0
Ikastoletako langileon aldarrikapen hauek mahai gainean jartzeko eta sortu duten egoera larri honen aurrean irtenbide bat exijitzeko, LAB sindikatutik Hezkuntza Sailari premiaz biltzeko eskaera egin diogu.

Duela hilabete batzuk, Hezkuntza Sailak “Jaitsiera demografikoaren aurrean, enplegua mantendu eta irakasle plantillak berritu” izenpean akordio proposamen bat luzatu zigun itunpeko irakaskuntzan ordezkaritza daukagun sindikatu guztioi.

Proposamenaren funtsa, aurreikusten den jaitsiera demografikoaren aurrean langileak birkokatzea da, horretarako ordainketa eskuordetuan dauden irakasleen errelebo kontratuak finantzatuz. Baina horretarako zenbait baldintza ezartzen dira, langileon eskubidea izan behar duen erreleboa hartzeko aukerari mugak ezarriz.

Proposamenak aldiz, ez ditu itunpeko sare ezberdinen egoera eta errealitate propioak kontuan hartzen, Hezkuntza Sailak bere proposamena “edo hau hartzen duzue, edo ezer ere ez” mehatxu- terminoetan planteatzen baitu.

Baina bi sareen arteko egoerak ezin dira parekatu. Gizarte ekimenean gatazka eta blokeo egoera gogorra bizi den bitartean, ikastoletan, abenduan akordio bat sinatu berri du LAB-ek, Ikastolen Elkartearekin eta EIB-rekin. Honi esker, irailerako Lan Hitzarmen berria edukiko dugu, besteak beste, ikastoletako langile guztien errelebo kontraturako aukera babesten duena. Baina noski, horretarako ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak bere ordainketa eskuordetuan dituen langileen errelebo kontratuak finantzatzea.

Honetaz gain, ikastoletako Lan Hitzarmenean jasota daukagun bezala, LAB sindikatutik, urteak daramatzagu Ikastolen Elkartearekin batera, langileak birkokatzen ikastolaren batean gela galera dagoenean edo eszedenteak sortzen direnean. Prozedura emankor honi esker, kaleratzeak ekidin ditugu, lanpostu suntsiketen aurrean langile guztiak birkokatuz. Baina hau eman dadin, ezinbestekoa da bizitza osoa lanean eman dutenek, bai errelebo kontratuaren bidez, edota borondatezko aurrejubilazioen bidez, ahalik eta azkarren eta egoerarik hoberenean erretiroa hartu ahal izatea, beste lankideei lekua uzteko.

Errealitate honetatik abiaturik, ezin dugu onartu Hezkuntza Sailak, itunpeko sare guztiak zaku berean sartzeko egiten duen jokaldi maltzurra. Hezkuntza Sailak, bere interesen araberako ultimatuma emanez, Gizarte Ekimeneko gatazka baldintzatu nahi du mahai gainean zerbait jartzen duenaren itxurakeria eginez.

Gizarte ekimenean patronalak gatazka iraunkortzen duen bitartean, ikastoletan egoera oso bestelakoa da. Blokeoa bizi duen irakaskuntzako sare bat, akordioa lortu duen beste batekin

nahastean, badirudi Hezkuntza Sailak gatazka azken honetara hedatzeko gogoa duela. Beraz LABen ezin dugu administrazioaren xantaia hau onartu.

Hezkuntza Sailari ikastoletan lortu dugun akordioa babestu, eta bere esku dauden ataletan erantzukizunez jokatzea exijitzen diogu eta gure akordioan jasota dagoen bezala, ordainketa eskuordetuan dauden ikastoletako langileen errelebo kontratuak baldintzarik gabe bidera ditzala! Era berean, langileak birkokatu ahal izateko borondatezko aurrejubilazioak erraztu eta saritu ditzala exigitzen diogu!
 

 

Garbialdiren jazarpen politika salatu dugu Txagorritxun

0

Txagorritxun garbiketa lanak egiten dituzten langileek urteak daramatzate Garbialdi enpresaren bidegabekeria pairatzen. Haren erdi-mailako agintariek langileen lan kargak handitzen edo txikitzen dituzte, langilearen afinitatearen arabera; edo inolako azalpenik eman gabe haien lanpostuak aldatzen dituzte. Hala, LAB eta ESK sindikatuok protesta egin dugu ospitalean bertan.

Egoera honek langileen eskubideen aurkako eraso zuzena suposatzen du, Garbialdiko agintarien arbitrariotasunaren menpe dauden bitartean, haien lanpostura joatea erabateko gurutze-bidea bihurtzen delarik.

Jarrera hauek Garbialdiko zuzendaritzaren bermea ezezik, Arabako ESIaren zuzendaritzarena ere badaukate, izan ere, haien esanetara ez dauden langileak zigortzen dituen enpresarean jarrera onartu eta finantzatzen du (enpresak ordezkari bat kaleratu zuen, nahiz eta azkenean berriro hartu behar izan zuen).

LAB eta ESK sindikatuok Arabako ESIAren zuzendaritzari gatazka honetan esku hartu dezala eskatzen diogu, horrelako jarrerarik ez dezala onartu, eta Garbialdiko zuzendaritzari zuzentzeko, jarrera errepresiboak behin betiko bazter ditzan.

 

 

 

Elgetako lantokiaren itxieraren aurka mobilizatu dira Alurecyko langileak

0

Alurecy, CIE taldeko enpresa bat da, Elgetan kokatuta dagoena. Lantokiak lan karga gutxi dauka eta abendurako aurreikusten dute lantokiaren itxiera. Honela gauzak, langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, CIEren egoitzaren aurrean, eta euren aldarrikapenen berri eman dute.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Alurecyko langileok lekuko gara nola azken 15 urteotan ez den sartu etorkizuneko lanik enpresan. Sartu diren lan bakanak, betegarri lanak izanda dira, Kayabako proiektu izarra den “ardatzaren” aterkipean sartu direnak. Denbora honetan guztian, CIE taldeko arduradunak ez dira gai izan lan jarduerari jarraipen bat emateko, eta horrek eragin du enpresa honen porrota.

Aurreikusitako heriotza baten aurrean gaude, nahiz eta orain arte mekanizatuko arduradun gorenak ukatu egiten duen galdetzen zaion bakoitzean. Beti esan izan du inoiz ez zuela Elgetako lantokia hiltzen utziko.

Norabide honek eragin du gaurko lan karga faltaren ondorioa, eta ondorioz, 2019ko abendurako aurreikusten dute lantokiaren itxiera.

Porrot honen ondorioak ezin dira langileon bizkar gainera erori. Hori ez dugu inolaz ere onartuko. Enpresaren itxiera atzera-bueltarik ez badu, negoziaketak nahi ditugu CIEk Elgeta inguruan dituen lantokietan langileak berkokatzeko. Izan daitezke dibisio berdineko enpresak edo ez, baina Elgeta inguruko enpresetan nahi ditugu berkolokazioak.

Ez gaude kalte-ordain onak edo gozoagoak negoziatzeko prest. Langile guztien lanpostuak dira defendatu nahi ditugunak.

Konbentzituta gaude posible dela lanpostu guztiak mantentzea, CIEk inguruan dituen lantokietan eta egungo lan-baldintza berdinetan. Oraindik denboraz gaude lanpostu guztiak defendatzeko, eta horretarako mugitzen hasi gara. Horregatik, CIE taldeko langile guztiei eskatzen diegu lagun gaitzaten datozen hilabeteotan egingo ditugun mobilizazioak aurrera eramaten, batez ere CIEk Bilbon dituen instalazioetan egingo ditugunak babestuz.

 

 

 

Aldarrikapen Eguna egingo dugu Arabako metalgintzan, SEAk defendatzen duen estatalizazioa eta prekarietatearen aurrean

0

Gaur, ekainaren 24an, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta bertan, SEAren jarrera ezin argiagoa izan da: sailkapen profesionalean estatuko hitzarmenean jasotakoa ezarri nahi du eta subrogazioa ez du inolaz ere onartzen. Horren aurrean, LABek Aldarrikapen eguna deitzen du ekainaren 26an Gasteizen, sektoreko langileek dituzten dauden arazo eta beharrei konponbideak exijitzeko, bai enpresetan baita sektorean ere.

Gaurko bileran, SEAk sailkapen profesionalaren inguruko proposamena berretsi du, zeinean estatuko metalgintzako hitzarmenean jasotakoa ezarri besterik ez du egin. LABen ustez, sailkapen profesionalak lurralde honetako ezaugarriei erantzun behar die, eta onartezina da estatuan negoziatu zena gurean bere horretan ezartzea. Gainera, zaharkituta gelditu diren mailak mantentzen ditu eta ez du suposatzen langileentzat inolako hobekuntza ekonomikorik. Aldi berean, esanguratsua iruditzen zaigu UGTren jarrera, estatalizazioa onartuz eta "legearen mugak" aipatuz, nahiz eta horrek gure lurraldean negoziatzeko aukerak erabat murriztu eta baldintzatu.

Bestaldetik, Arabako enpresariek ez dute azpikontratatutako langileen subrogazioa onartzen. Hortaz, subrogazioa jada jasota dago hainbat metalgintzako hitzarmenetan eta Arabako beste sektore batzuetan (eraikuntza, garbiketa eta garraioan, adibidez), beraz, SEAren kontrakotasunak ez du ez hankarik ez bururik, eta beraien benetako aurpegia erakusten du.

Hori guztia dela eta, LABek Aldarrikapen Eguna deitu du Arabako metalgintzan ekainaren 26an, sektoreko langileek dituzten beharrei konponbideak exijitzeko, bai enpresetan bai sektore mailan ere. Egunean zehar, LABen aldarrikapenak zabalduko ditugu enpresetan eta poligonoetan eta goizeko 11:30etan mobilizazioa egingo dugu SEAren aurrean, Urrezko Zeledonen plazan.
 

 

 

Kapitala hautsi, gorputz eta identitate aske eta duinei eutsi!

Ekainak 28a Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan zein urteko gainontzekoetan, lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

Badira urteak ekainak 28a LABen agendan markaturik dagoela eta askatasun sexualarekin konprometitu eta honen aldeko neurriak bultzatzen aitzindaria izan da ere.

Balore heterosexistetan oinarritzen den jendarte kapitalista eta patriarkalean bizi gara eta lantokiak horren islada dira. Modu ezberdinetan derrigorrezko heterosexualitatea inposatzen zaigu: behin eta berriz gure identitateak estereotipatuz, gure bizitza sexualak kuestionatuz, isekak eta umiliazioak jasoz… Langile guztiok eskubide guztiak bermatuak izan behar ditugu, eta ez dugu inongo diskriminaziorik jasan behar, ez zuzenean, ez zeharka, ez kontaktuak izateko orduan, ez lanean gaudela ere. Gure intimitatea errespetatua izan dadin eskubidea dugu, duintasunerako eskubidea dugu, eta gure identitate eta aukerak ez ezkutatzeko eskubidea daukagu, edo azalpenik ez emateko horrela erabakitzen badugu.

Aurreko urtean sindikatuan antolatzen hasi ginen, barne sare bat osatuz eta arreta berezia jarri genuen lan munduan bisibilizazioa bultzatzen eta langile trans*en egoera ezagutarazten eta lan munduan neurri zehatzak sustatzen.

Aurten ikusgarritasun lesbikoaren egunean gure irakurketa plazaratu dugu eta LGTBI+ fobiaren kontrako egunean, Hego Euskal Herriko patronalei exijitu diegu ematen den diskriminazioarekin bukatzeko eta lan munduan askatasuna eta aniztasuna irabazteko enpresetan gida eta protokoloak derrigorrez ezartzea. Aurten ere, Kataluniako Behatokia hurbiletik ezagutu dugu, bere zuzendariarekin formazio saio bat egin dugulako eta Euskal Herrian horrelako tresna baten beharra dagoela uste dugu, mugimendu sozialen eta bertoko erakundeen bultzadarekin. Lan munduaren errealitatea zein den zehazteko eta egoerari aurre egiteko neurriak jasotzeko.

Aurtengo leloa: "Kapitala hautsi, gorputz eta identitate aske eta duinei eutsi" izango da, eta egun hau gogorarazten duen Stonwalleko mobilizazioetatik 50 urte igaro direla izango dugu gogoan.

Lantokietan Aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa dugu, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten. Langile klasearen sentsibilizazioa guztiz beharrezkoa da, horregatik, LABek, formakuntza saioak antolatu eta antolatzen jarraituko dugu, ekainaren 28an bezala, beharrezkoa eta derrigorrezkoa deritzogulako sindikatuko kide ezberdinek LGTBI+ buruzko oinarrizko jakintzak izatea, existitzen diren arauak eta legeak ezagutuz, lantokietan langile kolektibo honen defentsa egiteko.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Are gehiago Bilbao Pride-Harro bezalako ekimenekin kapitalismo aseezinak LGTBI mugimendua instrumentalizatzen ari direnean. Horregatik, gure borroka ez da lantokietara mugatuko eta Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta beraiekin aliantzak sortzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.

Lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.