2026-08-22
Blog Page 610

Mina del Morro ikastetxearen itxieraren kontra gaude

0

LAB sindikatuak bere desadostasuna adierazi nahi du Santutxuko Mina del Morro eskola publikoan 3 urteko gelako matrikulazioa ez irekitzeko Hezkuntza Sailak hartu duen erabakiaren aurrean.

Santutxuko Eskola Publikoetako Familiek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez du 3 urteko gelan matrikulazioa irekiko urtarrilaren 27an Bilboko Mina del Morroko ikastetxean, eta Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoa itxi egingo du.

Erabaki horrekin, Hezkuntza Sailak 34.000 biztanle dituen Bilboko Santutxu auzoa hezkuntza lerro publiko bat gutxiagorekin uzten du. Horretaz gainera, salatu nahi dugu Hezkuntza Sailak matrikularen gardentasun faltaz jokatu duela azken finean ikastetxearen beraren itxiera justifikatzeko. Erabaki larri horrek argi uzten du Jaurlaritzak murrizketak egiten jarraitzen duela eskola publikoan, eta lerro publikoan plaza-eskaintza txikitzeak, aldiz, matrikulazioa aukera pribatuetara desbideratzea erraz dezakeela.

Era berean, Hezkuntza Sailak Mina del Morro ikastetxearekin izan duen utzikeria salatu nahi du LABek, eta Santutxu auzoak behar duen hezkuntza-proiektua aurrera atera ahal izateko hurrengoa eskatzen diogu:

• Mina del Morroko Eskola Publikoa zabalik mantentzea, eta auzoko eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean ikastetxearen bideragarritasuna bermatzeko plan estrategiko bat abiaraztea, beharrezkoak diren neurriak eta inbertsioak bideratuz.

• Zonaldeko hiru ikastetxe publikoen artean (Mina del Morro Larreagaburu HLHI, Karmelo Ikastola IPI eta Luis Briñas HLHI) zonalde osoko egoera bideratzeko mahai bat osatzea, eta mahai horretan hiru ikastetxeek egiten dituzten eskaerak eta proposamenak aintzat hartzea.

LABek Santutxuko auzoak hamarkadetan hezkuntzaren alde egindako lan eredugarria azpimarratu nahi du. Auzoz auzo, eskolaz eskola Eskola Publiko, euskaldun, hezkidetzaile, inklusibo eta burujabea iruten jarraituko dugu.

Beste aldetik, LABek bat egiten du Santutxuko Mina del Morro, Luis Briñas eta Karmelo Eskola Publikoetako familiek gaur 17:00etan Basarrate plazan deitutako konzentrazioarekin, eta bere komunitateari parte hartzeko deia luzatzen dio.
 

 

 

Osasunbideko langileek elkarretaratzea egin dute bidegabekerien aurka

0

LABek berriz ere dei egiten die langile guztiei datorren ostegunerako, urtarrilaren 23rako, 11:00etan Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren atarian, zerbitzu publikoen defentsaren eta diskriminaziorik gabeko lan-hobekuntzen aldeko gure apustua berresteko.

SNS-Osasunbideko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Santos Indurain kontseilariak SMNri egindako kontzesioei eta bidegabekeriei aski dela esateko.

LAB sindikatuan aldarrikatzen dugu lan-baldintzak hobetzeko neurriak langile guztiontzat izatea, inolako diskriminaziorik gabe. Ongi baloratzen ditugu kolektibo bakar batentzako lansarien eta lanaren arloko hobekuntza guztiak, baina eskatzen dugu neurri horiek guztiek Osasunbidea osatzen dugun 11.500 langileoi eragitea.

Kontseilaritza, ordea, politika elitista eta pribatizatzailea ezartzen saiatzen ari da, eta, horren aurrean, gaurko ekitaldian aldarrikatu ditugu talde-lana eta Osasunbideko kategoria profesional guztien lana aitortzea; horiek baitira osasun zerbitzu publikoetan kalitaterik handiena lortzeko bideak.

Mobilizatzeko garaia da eta gobernu berriari gogorarazten diogu aurrean izango gaituela plantillari eragiten dioten bidegabekeriak sortzen direnean edo langileen eskubideak murrizten direnean.

Bidegabekeriarik ez! Agrabiorik ez!

Gutxi batzuentzako hobekuntzak pribilegioak dira; guztiontzako hobekuntzak, eskubideak.

 

 

 

Sindikatuok presoen eskubideak defendatuko ditugu bihar, Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok hileroko kontzentrazioa egingo dugu bihar Bilbon, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin. Espainiako ordezkaritzaren aurrean izango da, 11:30ean; Plaza Eliptikoan, hain zuzen ere.

 

 

 

Beste indar erakustaldi bat egin dugu Baionan, erretreten erreformaren aurkako manifestazioarekin

Hendaian izan ginen atzo, eta Baionan, gaur, asteartean egin bezala. Ia egunero gaude kalean, erretreten erreformaren aurka protesta egiten, intersindikalaren borroka egutegiaren baitan. Bada, beste indar erakustaldi bat egin dugu Lapurdiko hiriburuko karriketan, borrokak bizi-bizi jarraitzen baitu, Macronen Gobernuak aurreikusitako neurrien aurka aste asko igaro diren arren.
 

 

 

Bilbo eta Bizkaiko boterea ordezkatzen duten erakundeak salatuko ditugu bihar, Greba Orokorrera deitzeko manifestazioan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok manifestazioa egingo dugu bihar Bilbon, “Txikitik handira, Bilbo Handia grebara!” lemapean, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarerako 13 egun falta direla.

Euskadi plazatik abiatuta Gran Via zeharkatuko duen mobilizazioan, Bilboko 11 auzo batzorde eta inguruko herrietako greba batzordeak elkartuko dira. Gero eta gertuago dago Greba Orokorra eta urtarrilaren 30ean Bilboko kaleak ere jendez betetzeko deia eginez.

Manifestazioan Bilbo eta Bizkaiko boterea ordezkatzen duten erakunde batzuk salatuko dituzte, hala nola, Iberdrola, Confebask, Espainiako Gobernua, Bizkaiko Foru Aldundia eta RETAbet apustu etxea; hauek baitira gaur egungo prekarietatearen erantzulerik nagusienak. Udaletxean amaituko da, agiri baten irakurketarekin.
 

 

 

Akordioarekin amaitu da Elecnor Telecomunicaciones Araba-ko greba mugagabea

0

38 egun greba mugagabean eta aurretik beste 5 greban egon ondoren, langileek, asanbladan elkartuta, erabaki dute gaur ixtea akordioa PRECOren bulegoetan.

Ez da erraza izan, baina mobilizazioetan hilabete baino gehiago egon ostean langileen lan-baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatuko da.

Beste hobekuntza batzuen artean, soldata-igoerak lortu dira, behin-behinekotasuna murriztea, bulegoetako langileen egoera hobetzea, eta langile batek azken 16 urteotan jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzea. Akordioaren, aldi baterako kontratua mugagabe egingo zaie langile batzuei, eta 350 euro baino gehiago igo zaie soldata. Igoerarik txikiena lortu dutenek 100 eurotakoa izango dute.

LABek balioan jarri nahi du mobilizazioetan zehar langileek izandako konpromiso eta tinkotasuna. Xantaia eta presioei aurre eginez, eta asko borrokatu ondoren, lortu da Elecnor bezalako enpresa handi bat Gasteizkoa bezalako tailer txiki batekin hitz egitera eseri behar izana, erraza izan ez den arren. Lankideen arteko tinkotasun eta elkartasun honen adibide bat izan da grebalariek erabaki zutela, aldi-baterako kontratua zutenen egoera konpondu arte greba ez zela amaituko. Eskertzekoa da, baita ere, aldi-baterako langile hauen konpromisoa, euren jarraikortasuna arriskuan jarrita ere, euren jarrerari eutsi diotelako.

Aste hauetan zehar, enpresak langileekin batzartzea saihestu du, komunikazioak posta elektroniko bidezko mezu eta telefono deietara mugatuz. Aurrez-aurreko hiru bilera baino ez dira egin, eta horietako bi, aste honetan bertan. Negoziazioan zehar, enpresa ahalegindu da bilera bakoitzean aldagai berriak sartzen, adostuta zegoena erretiratuz. Gainera, akordioa gertu izanda, enpresak modu artifizialean luzatu nahi izan du gatazka, langileek amore ematea helburu. Eta bitartean, grebarako eskubidea urratzeari ekin dio, beste lurralde batzutako langileak bidaliz grebalarien lana egitera.

Azkenik, langileek eta bere ordezkariek instituzioen inplikazioa eskertu nahi dute, ateak zabalik jaso dituztenak gatazkaren berri eman dietenean.

Beste behin ere argi geratu da patronalak ez digula ezer oparituko, eta eskubideak borrokatu egin behar direla. Langileriaren mobilizazioa gakoa da horretarako. Horregatik, langileen ordezkariek datorren hitzordu garrantzitsua gogoratu nahi izan dute, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, Elecnor-eko langileei eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia eginez.
 

 

 

SEAren itxikeriaren aurrean, borroka eta aktibaziorako deia egiten dugu Arabako metalgintzan

0

Gaur, urtarrilak 15, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da berriro. Azken bileratik 6 hilabete pasatu ostean, SEAk ez du inolako aurrerapenik ekarri eta sektoreko arazo nagusietan ez dago inolako hurbilketarik. Horren aurrean, LABek langileen aktibazioaren aldeko apustua berresten du, langileak urtarrilaren 30eko Greba Orokorrera deituz.

Arabako metalgintzako mahaia iazko uztailaren 30ean bildu zen azkenengo aldiz, eta SEAk irailean deitzeko konpromisoa hartu arren, ez du egin, bere utzikeria agerian utziz. Gaurkoan, SEAk adierazi du bere enpresari afiliatuek ez dutela inolako aurrerapenik nahi. Bukaeran berriro beraiekin kontrastea egingo duela iragarri digu, hurrengo bilera otsailerako atzeratuz eta negoziazio prozesua inora ez doan norian mantenduz.

Negoziatzeko prestutasuna agertu nahi du baina benetan jarrera itxia mantentzen du funtsezko gaietan: azpikontratetako langileen subrogazioa ukatzeaz gain, 2018ko soldata igoera desagertuta dago, lanaldia ez dute jaitsi nahi, lan baldintzak hobetu ere ez, prekarietatea bere horretan mantentzea bilatzen dute, neurri gabeko ebentualiteari eta kontratazioen iruzurrari mugak jarri gabe, lan osasunean eta berdintasunean neurri eraginkorrik ez, errelebu kontratuaz ezer ez,…

Horren aurrean, LABek Arabako enpresari handien jokabidea salatu nahi du, Arabako metalgintzan egoera iraunkortu nahi dutelako, sektoreko arazoei erantzun gabe. Horregatik, borrokatzeko eta aktibatzeko beharra berresten dugu, eta enpresetan arazoei erantzuteko langileen aktibazioa bultzatzeko apustua egiten dugu. Lan baldintza duinak behar ditugu enpresetan, eta sektore mailan eta horien alde borrokatzeko prestasuna agertu nahi dugu.

Borrokak aktibatzeko bide horretan LABek dei egiten die Arabako metalgintzako langileei urtarrilaren 30eko greban parte hartzera. Sektore honetan hamaika arrazoi baititugu borrokatzeko eta lan duina aldarrikatzeko.
 

 

 

Ipar zein Hego Euskal Herrian pentsio duinen alde mobilizatzeko deia luzatu dugu Hendaian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra mugarri

Beste mobilizazio egun bat izan da Ipar Euskal Herrian, eta LAB sindikatuak era aktiboan hartu du parte berriro, Macronen Gobernuak bultzatutako erretreten erreformaren aurkako protesten baitan. Hendaiako karrikak hartu ditugu gaurkoan, eta, bidean, Carrefour eta Intermarche supermerkatuetako sarrerak blokeatu ditugu hamar minutuz. 400 bat lagun bildu ditu manifestazioak. Bihar, berriz, Baionan mobilizatuko gara, 10:30ean, Lapurdiko hiriburuko tren geltokitik abiatuta.

Gutxieneko pentsioak ez dira segurtatuak; pentsioa kalkulatzeko oinarriak bizi osoa hartuko du; emakumeek diskriminatuta jarraituko dute; gazte gehienak 25 urterekin lanean hasten direla kontutan hartuta, 43 urte lan egin behar badute, 68 urte arte lan egitera kondenatuko dituzte… hauek dira erretreten erreformaren ondorioetako batzuk.

Ipar Euskal Herriko LABeko bozermaile Eñaut Aramendik nabarmendutakoaren arabera, pentsioen aurkako erasoa Europa mailan ematen ari den afera bat da. Hori dela eta, Iparraldean zein Hegoaldean, pentsio duinen alde borrokatzeko deia luzatu du, baita urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia egin ere.

 

 

 

Mobilizazioa beste biderik ez dutela nabarmendu dute Lasarteko Michelin enpresako langileek

Enpresak negoziazioaren aurrean duen jarreraren aurrean, lanuzteak egiten hasi dira langileak. Bihar, ordubeteko lanuztea egingo dute.

Hauxe da enpresa batzodearen oharra:

Michelin Lasarte enpresa batzordeak honako hausnarketa publikoa egin eta konpainiaren negoziazio egoerari buruzko ikuspegia partekatu nahi du.

2015-2018 aldian 200 milioi euro inguruko etekin konstanteak lortu ditu urtero, 860 milioi baino gehiago aldi osoan.

 2018an, egindako ekoizpena eskuragarri dagoen ahalmen osoaren %90 izan zen, beraz, instalazioen okupazio ona dugu.

Datu hauek publikoak dira eta enpresak urtero aurkezten duen txosten ekonomikotik ateratzen dira. Garai ekonomiko korapilatsuetan, langileak moldatu egin gara eta elkarlanean aritu gara aurrera egiteko.

2019ko ekainean plataforma bateratua entregatu zen enpresa batzordeko sindikatu guztien artean. Negoziazio mahaiaren 12 bilera egin ondoren, posizioak oso urrun daude eta enpresak negoziazioan ez du inolako interesik erakusten:

 Lehenengo bost bileretan ez zuen inolako proposamenik egin, ez eta enpresa batzordeak aurkeztutako plataforma aldarrikatzailari inolako erantzunik eman. Merkatuen egoera katastrofikoa deskribatu zuen, oro har, eta hori ez da batere egokitzen Michelin Espainiaren egoerarekin.

 Oraingo eskaintza hauxe da:

-%2.5-ko soldata igoera 4 urtetan zehar inolako bermerik edo
berrikuspenik egin gabe.

-8h-ko gehikuntza 5 ekipoko lan-sisteman. Gainerako sistemek
ez dute igoerarik izan.
-Eragin txikiak dituzten arazo zehatzetan aurrerapen xume batzuk egin dira, 14 orrialdeko plataforma batetik.

Eskaintza hau enpresa batzorde osoak bidegabe eta merezigabea dela baloratu du. Enpresaren egoera ekonomikoarekin edo gure inguruko negoziazio kolektiboaren errealitatearen egoerakin ez dator bat. 2019. urtean zehar adostutako hitzarmenetan, batez besteko igoera %1,7 da EAEn.

Hori dela eta, eskaintza hau langile osoarekiko eraso gisa kontsideratzen dugu eta ez du urte zail hauetan erakutsi duen profesionaltasunarekin eta konpromisoarekin at egiten. Planteamendu arduragabe eta berekoiarekin erantzuten duela ulertzen dugu, zeinean, enpresak, berak gehiago irabasteko langileos gutxiago irabastea bilatzen dueña soilik.

Baldintza hauekin, zerbait adostea ezinezkoa da.

Abenduan, 4 protesta kontzentrazio egin dira fabrikako atarian, produkzioari eraginik egin gabe, jarraipen masiboa izanez.

Enpresa batzorde honek elkarrizketaren eta negoziazioaren alde apustu egiten jarraituko du, baina azken bilera abenduaren 20koa da, eta ez dugu hurrengorako deirik. Enpresaren jarrera honek mobilizatzera behartzen gaitu:

 Ordu bateko lan geldialdiak urtarrilaren 8, 15, 22 eta 29an.

 8 orduko lan geldialdiak otsailaren 5ean eta 19an.

Lehenengo lan geldialdia arrakasta izugarriarekin burutu da dagoeneko, ordu horretan fabrikazioa geldituz.

Enpresako zuzendaritzari egoera birplanteatzeko deia egiten diogu eta beste bilera batera dei gaitzan, akordio on bat izan beharko litzatekeen negoziazioarekin jarraitzeko.