2026-02-01
Blog Page 609

LGTB+ kolektiboaren manipulazio eta kapitalizazioaren kontra, kalera ateratzeko deia egiten dugu

Irailaren 19tik 23ra European Pride Organisers Association-ek bileta egingo du Bilbon. Honen aurrean, Harro EH Transmaribibollo plataformak manifestazioa deitu du irailaren 21erako bertan, “Harro ez da EuroPride, gure izenean ez” lemarekin. Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da, Arriagatik.

Sindikatuak bat egiten du manifestazioarekin eta bertaratzeko deia egiten die langileei, manifestuaren aldarrikapenak bere eginez. Ez dugu LGTB+ kolektiboaren manipulazio eta kapitalizazioa onartzen.  

 

 

Ambuibericako langileek Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin dute protesta

0

Ambuibericako langileek kontzentrazioa egin dute gaur Bilbon, Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurrean, enpresaren kontratazio-eredua aldatzea eskatzeko. Izan ere, osasun-garraioan arduratzen den Jaurlaritzaren azpikontrata bat da Ambuiberica, eta kontratu prekarioak eta lege iruzurrean egindakoak egin dizkie hainbat langileri, euren lan-baldintzak prekarizatzearen kontura irabazi enpresarialak are gehiago handituz. Hainbat langileri, gainera, praktiketako kontratua egin zieten eta praktikaldia amaitzean, kaleratu egin zituzten. Ambuibericako langileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak onartu egiten dituela enpresaren jarduera hauek.
 

 

 

Euskal presoen etxeratzea eskatu dugu Debako hondartzan

Atzo Gasteizen egin genuen bezala, kalera atera dugu gaur berriro euskal presoen etxeratzearen aldeko mezua. Gaurkoan, Debako hondartzan egin dugu eskualde mailako mobilizazioa. Izan ere, Debaldea eskualdean hilero egiten dira presoen aldeko mobilizazioak, lekuak txandakatuz.  

 

 

Mendaroko ospitaleko Osakidetzako 200 langile baino gehiagok babesa helarazi diete greba mugagabean dauden Tecman-eko langileei

0

Mendaroko ospitalean mantenimendu zerbitzurako kontratatuta dagoen TECMAN SVA S.L. enpresako langileok 23. eguna daramagu greban. Hasieratik diogun moduan, gure helburuak oso oinarrizkoak dira: pairatzen dugun lan-prekarietatea alde batera utzi eta gure lan baldintzak hobetzea enpresa hitzarmen duin baten bitartez.

Askotan errepikatu dugu, baina hauek dira gure helburu nagusiak:

1. KPIari loturiko soldata igoerak. 2011tik soldatak izoztuak ditugu eta hauek eguneratzeko ordua dela uste dugu.

2. “Guardiak”. Hauen helburua, ospitalean gerta litekeen edozein arazoren aurrean, ordu erdiko epean bertaratzeko derrigortasunean datza. Lan hau egiteagatik Osakidetzako mantenimenduko langile batek 43 euro kobratzen ditu eguneko, guk aldiz, 11 euro kobratzen ditugu. Eskatzen duguna lan berdinagatik berdina kobratzea da.

Osakidetzako eta TECMAN SVA S.L.-ko arduradunen azken egunetako jarrera salatzeko asmoz sinadura bilketa bat abiatu genuen aurreko astean Mendaroko Ospitaleko langileen artean. Sinadura bilketaren helburuak bi izan dira; greba mugagabean dauden langileei babesa helaraztea eta bai Osakidetzari, bai TECMAN SVA S.L.-ri lan gatazka honi irtenbide bat aurkitzeko dei bat luzatzea.

Guztira, Mendaroko Ospitaleko 200 langile baino gehiagok sinatu dituzte eskakizun horiek, horregatik TECMAN SVA S.L.-ko langileok eskerrak eman nahi dizuegu gurekin bat egin duzuen langile guztioi eta hurrengo mobilizazioetan ere parte hartzen jarraitzeko deia luzatzen dizuegu.

Bukatzeko gogorazi nahi dizuegu aurreko ostiralean, uztailaren 19an, Osakidetza eta TECMAN SVA S.L-ren aurkako salaketa aurkeztu genuela Eibarko epaitegian greba eskubidea urratzearren eta epaiketa irailean izango dela. Eta zein izan da salaketa honen aurrean Osakidetza eta TECMAN SVA S.L.-ren erantzuna? Eusko Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzu gehiago eskatzea, grebaren eragina mugatu nahian eta guretzat funtsezkoa den greba eskubidearen kontra egiteko. Eskari hau egiten dutenek izen abizenak dituzte, TECMAN SVA S.L-ko Javier Gomez eta Osakidetzako Asier Esnal.

Ez dugu xantairik onartuko eta ez dugu oinarrizkoak diren eskubideen kontrako erasoen aurrean beste alde batera begiratuko. Prekaritateari aurre egin eta gure lan baldintzak duintzea da eskatzen dugun bakarra, beste ezer ez.

Hori dela eta, Osakidetza eta TECMAN SVA S.L. zuzendaritzeri lan gatazka hau gainditu eta guztiontzat onuragarria izango den irtenbide bat bilatzeko neurriak hartzea exigitzen diegu.

Lan duina, hitzarmen duina. Tecman-eko langileak greba mugagabean.  

 

 

Irailetik aurrera borrokan jarraitzeko determinazio osoa adierazi du Protec Arisawako langile-asanbladak

0

Bost egun egon dira Mungiako Protec Arisawa-ko langileak txanda bakoitzeko ordubeteko lanuzteak egiten. Guztira, 15 orduz gelditu dute produkzioa, egunean hiru orduz.

Urteak dira Protec Arisawan aldi baterako langileen kopurua izugarri altua dela. Egiturazko lanpostuak ebentualitatearen bidez betetzen dituzte, langileon lan baldintzak zeharo okertuz horrela. Badira langileak 10 urte baino gehiago daudela enpresan sartu eta irten, gehienez bi urtez lanean eta gero, 6 hilabetez kalera.

Urte hasieratik enpresarekin negoziatzeko saiakerak egon dira, egiturazko lanpostuak zeintzuk diren adostu, hauek langile finkoekin bete daitezela bermatu eta behingoz, enpresak duen kontratazio politika aldatzeko borondatearekin. Erantzuna ordea, adabakiak besterik ez dira izan, benetako arazoari heltzeko asmorik gabe aritu da hilabete guzti hauetan Protec Arisawako zuzendaritza.

Mobilizazioekin enpresa mugitu behar izan da, 6 langile ebentual finko egin ditu, besteak beste. Baina ez da kopuru kontu soila. Kontratazio eredua da aldatu nahi dutena, eta irailetik aurrera borrokan jarraitzeko determinazio osoa adierazi du langile asanbladak.
 

 

 

Munduko Sindikatuen Federazioak elkartasuna adierazi die 11/13 makroepaiketako auziperatuei

0

Munduko Sindikatuen Federazioak, bost kontinenteetan 97 milioi langile ordezkatzen dituen munduko langileriaren klase-erakundeak, bere elkartasuna berretsi nahi du Euskal Herriko herri eta langile-klasearekin, beste behin aurre egin behar dietenak estatu burgesaren jazarpenari.

Oraingoan 47 euskal herritar dira guztira 601 urtetako kartzela zigorretako fiskalaren eskariari aurre egin behar diotenak. Euren artean dago gure kide den LAB sindikatuko zuzendaritzako kide bat.

Munduko Sindikatuen Federazioak, printzipioen adierazpen moduan, beti egin da euskal herriaren ondoan bere kbauz erabakitzeko eskubide besterezinagatik, kanpoko eskuhartze eta injerentziarik gabe, bere oraina zein etorkizuna.

Honi lotuta, modu tinkoan salatzen dugu Espainiako estatuaren errepresioa eta MSFren familia handia euskal preso politikoekiko elkartasunean berresten gara, MSFren posizio tinkoa berretsiz inor bere ideia politikoengatik jarraitua izan behar ez denaren inguruan.  

 

 

Aparteko saria kobratu ez duten SSG-Larrialdiak-eko langileak Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira

0

Gaur kontzentrazioa egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, EAEko osasun garraioan ordezkaritza dugun sindikatuok, SSG-Larrialdiak enpresan ez dielako langileei aparte ordainsaria onartu. Bereziki larria da egoera, Eusko Jaurlaritzaren azpikontrata batez ari garelako.

Enpresak erabili duen argudioa da MAIZ enpresa eta larrialdietako bere bazkidea dena eta Eusko Jaurlaritza bere ordainketetan zorrekin ibiltzea izan da.

SSGko Zuzendaritza, eta diru-zailtasunak direla-kausa, uztaileko aparteko ordainsaria ezin ordainduz dabilela jakinarazi die larrialdietako zein programatuetako sareetako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzordeei. Enpresaren esanetan likidezia-ezaren arrazoia MAIZ bere bazkidea eta Eusko Jaurlaritzak beraiekin dituzten zorrak garaiz ez ordaintzea da. Eskatutako banka-kreditua emanez gero, aparteko ordainsari hori 2 hilabeteko epean ordaindu ahal izango zutela jakinarazi dute.

LAB, ELA, UGT, USO, CCOO eta ESK sindikatuok375 langileengan eragina duten gertaera horiek gaitzesten ditugu, eta bide batez, zerbitzu horretako langileen eskubideak behin eta berriz urratzen direla salatzen dugu. Funtsezko zerbitzu publiko hori Eusko Jaurlaritzak azpikontratatu du, eta hortaz, bera da erantzulea.
 

 

 

[IRITZIA] Imanol Karrera: “UGT, CCOO eta CENen ohiko egun bat”

0

Imanol Karrera Nafarroako bozeramailearen iritzia daukazue hemen. Lan-osasunaren inguruan idatzi du Karrerak, Nafarroako Gobernuak Prebentzioko Lurralde-Ordezkariak berreskuratzeko hartutako erabakia kritikatzen du, egoeraren larritasuna nabarmenduz. Izan ere, langile bi hil dira Nafarroan uztailaren hasieratik.

Iaz «udara odoltsua» bizi izan genuen; hamaika langile hil ziren patronalak, ahalik eta irabazi handien kostu txikiagoarekin lortzeko, eragin bortizkeriaren ondorioz. Aurten, Nafarroan, dagoeneko bi langile hil dira lan istripu hilgarrietan.

Nire ustez, klaseko eta kontrabotereko sindikalismoak bi erronka atzeraezin ditu aurrean. Alde batetik, dagokion sindikatuko arduraz, lan baldintzak kaskartzeko prozesuaren aurkako norgehiagoka eraginkorra egituratu behar du, baita lan osasunaren ikuspuntutik ere. Bestalde, gizartearekin batera erantzuna egituratzeko, eragite sozial horrek langileen heriotza ausardiaz zalantzan jarriko lukeen ardura soziala, bertze esparruetan gertatzen den antzera. Onargaitza da, irizpide demokratikoetan, gizarte batean, etxera bizirik itzultzeko langileen eskubidea urratu izana.

Honen harira, bereziki larria da Nafarroako Gobernuaren erabaki deitoragarria, oraingoan Aierdi jaunaren erabakia, UGTk, CCOOk eta CENek berreskuratu baitituzte lan osasunari lotu pribilegioak. Haien Prebentzioko Lurralde-Ordezkarien zereginetarako 400.000 euro banatu zutelako. Erabaki honekin, egintza politiko sakon batekin egiten dugu topo, zeina sindikatu horiek eta patronalak ordezkatzen duten erregimenaren funtsak izanik, egiten duten presioaren ondorioa den, eta horrela, haien oniritziarekin, PSN eta Geroa Bairen arteko gobernu-ituna ahalbidetu dadin. Horren ondorioz, Eztabaida Soziala eta UGTren, CCOOren eta CENen pribilegioak berreskuratu dira. Guztion artean ordainduko dugu.

Baina denok uler dezagun, nolakoa da guztion artean ordaintzen dugun UGT, CCOO eta CENen Prebentzioko Lurralde-Ordezkarien ohiko egun bat? Lehenengo eta behin, gogoan izan behar dugu jaso duten diru publikoarekin UGTk eta CCOOk beren mendeko langileak kontratatuko dituztela.

Ondoren, eginkizuna argia da, baita xedea ere. Enpresen zerrenda orraztu eta CENi deitu. Solasaldia, izatekotan, zentzugabea da. UGTren edota CCOOren Prebentzioko Lurralde-Ordezkariak telefonoa hartu eta dio: «Hara, deitzen dizut baimendu nazazun zure enpresara joan nadin laneko arriskuen prebentzioaz arduratzen den horretaz aholku emateko. Dena den, zu lasai, irregulartasunak antzemanen banitu, hobekuntza batzuk proposatuko nizkizuke, eta gero, zerorrek jakinen duzu gauzatzen dituzun. Betikoa, alegia».

Enpresariak irribarrez erantzuten du: «Ez, gizona, ez, legeak behartzen banau ere, ezer gutxi egin dut prebentzioan azken urteotan. Zatoz datorren astean. Lasai ibili, jakin badakizu gure ustez, enpresarion ustez, zuek zaretela aukerarik hoberena, eta afiliazioarena eta hauteskunde sindikalena moldatua dagoela! Seguru irabaziko duzuela!».

Fikzio orotik at, egiazko errealitatearekin egiten dugu topo. LABen uste dugu esparru honetan badela alternatiba. Horretan, Nafarroako Osasun Publiko eta Lan-osasunaren Institutuak ikuskatu eta gainbegiratu beharko luke horretan adituak direnekin; aholkua eman ez ezik, zigortzeko eskuduntzak ere izan beharko lituzkete. Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan babestu dugun alternatiba hau guztiz gauzagarria da lanbide arteko akordio baten bidez. Baina Nafarroako patronalak uko egin zien horri eta prestatzeko akordioari. Zergatik? Ba, begi-bistakoa denez, neurria eraginkorra izan daitekeelako, betiere, eskubide eta betebehar zehatzak betetzen baditu figura horrek, enpresarien betoa ez balu eta sindikatuen izaera balu. Horrela, ez lirateke enpresarien teknikariak izanen, langileen segurtasunaren eta osasunaren interesen ordezkariak baizik.

Hortaz, UGT eta CCOOko jaun-andreok, ez daude oso ezberdinak diren bi eredu, alternatiba dagoelako. Eta zuena lardaskan aritze hutsa dugu.

Edozein esparruan egin kritika ez daiteke inoiz inolako anormaltasuna izan; gogoeta egin beharko lukete. Izatekotan, anormaltasuna litzateke, klase ikuspuntu batetik, darabilten sindikalismo osagarria, haien ardura saihesten duen patronala lagun dutela. Langileriaren osasuna eta bizitza euro gutxi batzuen truke saltzen ari dira. Langileen bizitzak garrantzia du!  

 

 

Mobilizazioa egin dugu gaur Gasteizen, euskal presoen eskubideen alde

Kalera atera gara gaur presoen eskubideen alde, Gasteizko Andra Mari Zurian. Mobilizazioan hamarnaka pertsonak parte hartu dute eta presoen eskubideak aldarrikatzeaz gain, 11/13 sumarioa salatu dugu.

Urtero bezala, LABek mobilizazioa burutu du Blusa eta Nesken egunaren inguruan, presoen eskubideak aldarrikatzeko. Kontzentrazioa gaur eguerdian egin da, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, eta hamarnaka pertsona bertaratu dira “Konponbide garaia da, presoak etxera!” lelopean. Aurten, konzentrazioa testuinguru berezian egin da, irailetik aurrera presoekiko elkartasuna epaituko delako. Horregatik, 11/13 sumarioko 2 akusatuk hitza hartu dute beraien egoera azaltzeko eta hurrengo deialdien berri emateko.

LABek bere babse osoa eskaintzen die akusatuoi eta bat egiten du deitutako deialdi guztiekin. Gure ustez, elkartasuna ezin da epaitu. Are gehiago, LABen ustez, presoen eskubideen aldeko aktibazioa ezinbestekoa da eta horixe bultzatuko dugu enpresetan eta kalean, preso eta iheslarien auziari irtenbide bat emateko.

Argi dugu ere, jendartearen nahia bake justu batean, balore demokratiko eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna dela. Honetarako, euskal preso eta iheslari politikoen auzian urratsak eman eta neurriak hartu behar dira sufrimendu guztiak alde batean uzteko. Eskema honetan denok gara irabazle.

Neurri horien artean, batzuk premiazkoak dira: dispertsioarekin amaitzea, preso gaixoak eta 3/4ak beteta dituztenak kaleratzea eta lehengo gradua kentzea. Presoen kolektiboak bide honetatik emandako urratsek neurri hauek ahalbideratzen dituzte.

Beraz, LABek datozen hilabeteetarako erronkak honakoak dira. Alde batetik, preso eta iheslarien eskubideen aldeko langileon aktibazioa bultzatzea enpresetan eta kalean. Beste alde batetik, bake justu batean oinarritutako etorkizuna lortzeko presoen kolektibotik emandako urratsak babestea eta horren alde lan egitea gizartearen sektore ezberdinekin batera; eta azkenik, presoekiko elkartasunaren kontrako erasoari aurre egitea.