2026-02-02
Blog Page 603

Bat egiten dugu Jaizkibel konpainiarekin

LAB sindikatuak, eta bereziki Oarso-Bidasoa eskualdeak, Jaizkibel konpainiarekin bat egiten dugu aurten ere. Ezaguna da urte luzez emakume langileok izan dugun borroka eta Hondarribian ere hala da. Alarde publiko, parekide eta bakarra lortzeko erronkak berean dirau. Urteetan ez bezala iaz Kale Nagusian bizitako oihu, irain etabar areagotuek atzera pauso nabarmena eragin zuten Jaizkibelek duen normaltasunez desfilatzeko eskubidean. Hori gutxi ez eta udal gobernuak eginiko ordutegi aldaketarako “proposamena” emakume langileon eskubideei irain larria dela uste dugu, subjektu gatazkatsua oker identifikatzen duelako eta saihestezina den parekidetasunerako bidea oztopatzen duelako.

Aurtengoarekin, 26 urte beteko dira Hondarribiko emakume talde batek parekidetasunez Alardean parte hartzeko grina adierazi zuena, ordutik eta gaur arte lanean jardun zareten guztiei esker eta zorion beroenak helarazi nahi dizkizuegu LABetik.

Honegatik guztiagatik, irailaren 8an Hondarribiko kaleetan elkar ikusteko gonbita luzatzen dizuegu guztiei, elkarrekin txalotu, desfilatu eta gozatu dezagun.

Gora borroka feminista! Gora Jaizkibel!
 

 

 

11/13 makroepaiketa bertan behera geratzea aldarrikatu dugu

0

10 egun barru, irailaren 16an Madrilen hasiko den 11/13 makroepaiketa. 47 herritar daude auziperatuta eta 601 urtetako kartzela eskariei egin behar diete aurre. Honen aurrean, mobilizazioak egin dituzte gehiengo sindikaleko sindikatuek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. “Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna” lemapean egin dira dira mobilizazioak.

Iruñea.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Donostiakoan hartu du parte, eta Iruñean izan da Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa. Aranburuk komunikabideen aurrean adierazi du “makroepaiketa berri baten atarian gaudela eta lehenik eta behin, gure elkartasun, babes eta maitasun osoa adierazi nahi diegu auziperatue guztiei eta euren ingurukoei.

Gaineratu du epaiketa hau ez datorrela bizi ditugun garaietatik bat. Pertsona hauek preso politikoen kolektiboari arreta emateagatik epaitu dituzte. Hori ezin dela delitu izan gaineratu du, “epaiketaren motibazioa politikoa dela ulertzen dugu, ez juridikoa”.

Bilbo.

Bere iritziz, “herri honek ibili nahi duen bidearen kontrako norabidean doan epaiketa da”, LABeko idazkari nagusiaren esanetan. Gehiengo politiko, sozial eta sindikal batek adostasun zabalik sortu ditugu bestelako kartzela-politika eskatzeko, preso zein iheslarien etxeratzea konponbidean ipintzea eskatzeko.

Jarraian, adierazi du herri honetan gehiengoa garela “bake eta bizikidetza demokratikoko egoera baten eraikitzearen alde gure ekarpena egiten ari garenak”, eta gehitu du “testuinguru honetan, epaiketa hau zentzugabekeria da, anakronismoa, eta geratu egin beharko litzatekeen prozesu judiziala”.

Gasteiz.

Langileak makroepaiketaren aurrean deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez amaitu du, bereziki irailaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joatea eskatuz.
 

 

 

Lan Ikuskaritzak berretsi du Martxoaren 8an greba eskubidea urratu zutela Athletic Club Museoan

0

Athletic Club Museoa kudeatzen duen Azafatas Ercilla enpresa greba eskubidea urratzeagatik zigortua izan da.

Lan Ikuskaritzaren Txostena luzaro itxaron behar izan dugu, baina 2018ko martxoaren 8an greba feminista gauzatzen zen bitartean suertatutako langileen ordezkatze ilegala frogatuta dago dagoeneko. Garaipena gurea da, beraz ezinbestekoa da horrelako egoerak salatzen jarraitzea.

Athletic Club moduko instituzioek horrelako larritasuna duten jarrera enpresarialak babestea eta bultzatzea onartezina da. Ez da soilik zerbitzu guztien azpikontratazioa eman denik (Museoa, garbiketa, zelaiaren mantenu lanak, jatetxea, VIP eraztuna, Txapelgorriak…), horrek dakarren prekarizazioa prozesuarekin, oraingo onetan langile klasearen oinarrizko eskubideak ere bermatzean datza. Athletic bezalako erakunde batek garrantzia gehiago eman beharko lieke oinarrizko eskubideei.
 

 

 

Lanera seguru iritsi eta etxera bizirik bueltatzeko eskubidea aldarrikatu dute Sestaoko Carrefour-eko langileek

Sestaoko Carrefour-eko enpresa-batzordeak mobilizazioa egin du, abuztuaren 24an lankide batek izan zuen eraso sexista salatzeko. Bertan, elkartasuna adierazi diote erasoa jasan zuen langileari.

Hauxe da Sestaoko Carrefour-eko enpresa batzordearen oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:

Pasa den abuztuaren 24an, merkatal-zentroko lankide bati eraso egin zioten modu basatian.

Ez da kasualitatea, eta ezta ere inguru honetan emakume batek indarkeria sexista jasaten duen lehen aldia.

Emakumeok okerren ordaindutako enplegu prekarioetara kondenatuta gaudenez, geu gara garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak gure lanpostura joan eta bertatik gure etxeetara itzultzeko.

Gure kasuan, autobusa edo metroa erabili ahal izateko, behartuta gure segurtasunerako puntu beltza den bide batetik joaten, batez ere gaueko 22:30ean amaitzen diren edo goizeko 05:00etan hasten diren txandak egiten ditugunean.

Gaur eta hemen, erasoa jasan duen gure lankideari gure elkartasun guztia erakutsi nahi diogu.

Gaur eta hemen exijitzen dugu Ibar Zaharra poligono honetatko langileon segurtasuna berma dadila. Horretarako, instituzio eta erakundeek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.

Lanera seguru iritsi eta etxera bizirik bueltatzeko eskubidea dugu.

 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu SAT sindikatuari Sevillan egingo den epaiketaren aurrean

0

Sindicato Andaluz de Trabajadores/as (SAT)-eko 20 sindikalistek Mercadonatik janaria hartu eta Andaluziako behartsuei emateagatik 30 urteko kartzela zigor eskariei aurre egin beharko diote gaur.

Gaur irailak 5, Sindicato Andaluz de Trabajadores/as-eko (SAT) 20 militantek epaiketa izango dute orain zazpi urte Ecijako (Sevilla) Mercadona batetik janaria hartu eta Andaluziako behartsuei emateagatik. 20 sindikalista hauek 30 urtetako kartzela zigor eskari bati egin beharko diote aurre.

Ekintza hau, Andaluzian eta beste toki askotan ondorio dramatikoak izan dituen krisi ekonomiko baten erdian eman zen. Egoera horretan SAT-ek Arcos de la Fronterako (Cadiz) Carrefourrean eta Écijako (Sevilla) Mercadona batean janaria hartu eta modu ageriko eta publiko batean Andaluziako behartsuen artean banatu zuten. Carrefourrek salaketarik ez jartzea erabaki zuen bitartean, Mercadonak aurkeztu egin zuen eta honen ondorioz, SAT-eko 20 sindikalista akusatuen aulkian eseriko dira gaur.

LAB sindikatutik gehiegikeria hau eta SAT-eko kideen kontrako epaiketa hau salatzen ditugu. Supermerkatu handi hauetan askotan zakarrontzian bukatzen duen janaria hartu eta bizirauteko behar-beharrezkoa zutenen artean banatzea helburu zuen ekintza erabat baketsua izan zen.

Horregatik salatutako 20 pertsonen askatasuna eta SAT sindikatuaren nahiz ekintza sindikalaren kriminalizazioaren amaiera exijitzen ditugu. Euskal Herrian La Sangiovesako kasua dugu, non sindikalista bat 21 hilabetetara kondenatua izan den. Hor daukagu Huerta de Peraltako kasua ere, non milaka eurotako isunez gain, sindikalista baten aurka 2 urte eta erdiko kartzela zigor eskaria dagoen eta atzerritarren legedia aplikatuz, 5 urtez Espainiako estatutik kanporatua izateko eskariari aurre egin beharko dion.

Aipatutako guztiagatik zapaldu, esplotatu, eta egoera honi aurre egiten diogunak kriminalizatu eta zigortu egiten gaituen sistema honen kontrako borrokan gaudenen arteko elkartasuna beharrezkoa da. Horregatik espetxean dagoen Fran Molero SAT-eko kidearen eta Mercadona kasuan auziperatutako 20 sindikalisten askatasuna aldarrikatzen ditugu.

 

 

 

Hezkuntza oposizioak Nafarroan: planifikaziorik egon ezean, ez da taxuzko oposiziorik izango

0
Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleriari eragin dion 2019ko oposizioek berriro ere agerian utzi dute modu honetako prozeduretan badagoela zer hobetua.

Korrika eta presaka sortutako epaimahaiak, azterketei buruzko argibide eskasak eta azken orduan argitaratutakoak, arrazoi garbirik gabeko suspentso mordoa, banatu gabe geratu diren plaza finkoak… LABen aburuz, premiazkoa da irakasleriaren egonkortasuna finkatzeko egun dugun prozedura bakarra, LEP prozesuena, askoz ere gardenagoa izatea.

Horrez gain, irakasleariaren merituak eta gaitasunak neurtu ahal izateko hautaketa prozesu eraginkorragoa abian jartzearen beharra nabarmendu nahi dugu. Gai honen inguruan egiten dugun salaketa ez da berria. Iazko azaroan argitaratu genuen oharrean agerian utzi genuen oposizio prozesuaren inguruan genituen zalantza guztiak eta, zoritxarrez, kezka horiek guztiak bete dira. Kontu hau bereziki larria iruditzen zaigu, berez gogorra eta nekagarria den prozesu bati jakineza eta azken orduko gorabeherak gehitzen baizaizkio.

Nafarroako Gobernuak erronka galanta du geletan gaitasun handien duten irakasle motibatuak izan nahi baldin baditu. Horretarako, lehenbailehen hartu beharreko oinarrizko neurria oposizioak taxuz eta garaiz planifikatzea da. Hezkuntza Departamentua osatzen duen talde berriari honoko urjentziazko eta gutxieneko neurriak hartzea eskatu nahi diogu:

– Lehenbailehen egiaztatzea udaberri honetan oposizioak izango diren ala ez, zein espezialitate aterako diren eta espezialitateko ze plaza izango diren.
– Oposizioak baldin badaude, mahai sektorial deialdia egitea, sindikatuekin informazio guztia partekatu eta oposizioak taxuz planifikatu ahal izateko.

Bide luzea dugu hautaketa sistema finkatzeko eta eraginkorragoa bihurtzeko.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu LAB sindikatuan oposizioen osagarri gisa formazioa eta garapen profesionala uztartuko dituen plana mahaigaineratzen gabiltzala, Qualitate izena duena. Gure ustez, hezkuntzaren kalitatea hobetzen lagunduko duen sistema garden eta eraginkorra lortzeko bidean, funtsezko tresna izango da.
 

 

 

Elorrioko haurreskolako haur eta hezitzaileentzat konpentsazioa eskatzen dugu

0
Elorrioko Udaleko eraikinetako garbitzaileen greba dela eta, Haurreskolak Partzuergoak udalerri honetan ematen duen hezkuntza zerbitzua, bihartik aurrera Elgetako haurreskolan ematea erabaki du, irailaren 2ko ikuskaritzako txostenean jasotakoak ez duelako bermatzen haurrak higiene eta osasun baldintza egokietan egongo direnik.

Haurreskolak Partzuergoko langileen ordezkaritzaren gehiengoa duen LAB sindikatuak, haur eta haur hezitzaileen eskubideak bermatze aldera, egoera honek sortuko dituen kalteak konpentsatzeko eskatzen du:

• Haurreskolak Partzuergoari egoera hau mantentzen den bitartean, Elorrioko haurreskolan matrikulatuta dauden haurren hezkuntza zerbitzua doakoa izatea.
• Elorrioko hezitzaileei Elgetara desplazamendua ordaintzea.
• Eta Elorrioko Udalari, familiaren batek horrela eskatzen badu, doako garraio zerbitzua jar dezala. Egoera eta gatazka hau ahalik eta azkarren konpontzea espero du LABek.
 

 

 

Sara Majarenas eta Izar alabari babesa emateko manifestazioarekin egin dugu bat

Mugimendu feministak eta beste zenbait eragilek agerraldia egin dugu, Sara-Izar Babes Plataformak iganderako deitutako manifestazioari atxikimendua adierazteko. Hain zuzen ere, manifestazioa 13:30ean abiatuko da Donostiako Bulebarretik.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako oharra:

Azken hilabete eta urteotan, mugimendu feministaren mobilizazioek argi utzi dute emakume, trans eta bollerok gure bizitzen jabe garela, eta gure herri, kale, etxe zein lantokietan libre eta seguru bizi nahi dugula. Horregatik ez dugula onartuko inolako erasorik. Eta horregatik erasotzaileei aurre egiteko asmoa dugula.

Aurtengo uda sasoia ordea, berriro SEXU ERASOez markatuak izan da. Eta hauetako asko gure herrietako jaien testuinguruan eman dira: Iruñea, Zarautz, Beasain, Barakaldo, Getxo, Baiona, Gasteiz, Ibarrangelu, Azkoitian emandako sexu erasoak aipa ditzakegu. Donostian bertan ere, Aste Nagusiaren testuinguruan izandako erasoek utzitako errealitate bortitzaren argazkia, benetan kezkagarria da.

Izugarria da salatutako eraso kopurua, kezkagarria zenbait hedabideen tratamendu mediatikoa, lotsagarria erasotuak artatzeko eskaintzen den baliabide eta babes falta, zentzurik gabea mugimendu feministarekin batera arazoari aurre egiteko lanari eutsi nahi ez izana erakunde nagusiek, onartezina zenbait erakundek egoerari ezikusiarena egiteko duten jarrera eta aldiz, honi aurre egiten dion mugimenduari neurri polizialekin erantzutea, ulertezina oraindik orain emakumeak susmagarri egin eta arduraren fokua gugan jartzea, …

Bai. Egoera kezkagarria da oso, onartezina. Emakume* izate hutsagatik hainbat gizonek gu erasotu, bortxatu nahi gaituztelako, gure askatasuna eta segurtasuna auzitan jarri nahian. Eta gu erasotzeko tentazioa izan dezaketen gizon batzuk interpelatu beharrean, emakumeoi* neurriak jartzeko eskatzen dabilenik badagoelako oraindik orain.

Eta haserre gaude. Haserre gaude eta horrela adierazi dugu burutu diren mobilizazio ezberdinetan. Espazio publikoa eta pribatua gureak ere badirelako, gure mugimenduen eta bizitzen jabe gu garelako. Eta ez dugulako onartuko inork inon eta inola, gure egunerokoa baldintzatzea, are gutxiago erasotzea. Horregatik guk argi daukagu, egoera honen aurrean autodefentsa feminista dela bidea.

Baina egiturazkoa den INDARKERIA MATXISTArekin amaitzeko, erroetara jotzeko, ezinbestekoa da egiturazko neurriak hartzea; neurri integralak, indarkeria matxista eragiten dituen inpunitate esparru guztiak hankaz gora jarriko dituztenak. Horretarako noski, ezinbestekoa da hitzetatik ekintza zehatzetara joango den konpromiso politikoa irmoa izatea, gure erakunde eta hiretako zoko guztietan gauzatuko diren konpromiso politiko argiak hartzea; eta horretarako noski, behar besteko bitartekoak eskaintzea, mugimendu feministaren autonomiari zilegitasuna emanez eta harekin batera elkarlanari eutsiz.

Ezinbestekoa da prebentzioan eragitea, kontzientziazioan, heziketan, sistema judizialean… Eta ezinbestekoa da emakume* bat erasotzeko tentazioa izan dezaken gizon oro interpelatzea, fokoa erasotzaileen gain jarriz. Ezinbestekoa den moduan guztiak, emakume* zein gizon, indarkeria matxistari aurre egiteko jarrera aktiboa izatea. Soilik jendartearen eraldaketan eragingo duen bideak eramango gaitu indarkeria matxistarik gabeko egoera batera.

Gaurko agerraldian IKUSTEZINAGOA den INDARKERIA MATXISTAK eragiten duen beste errealitate batean jarri nahi dugu arreta: BELDURREZ eta BABES GABE bizi diren emakumeen* errealitatean, hain zuzen.

● Asko dira, indarkeria matxistaren biktima izanda, egungo sistema
judizialera jo, eta libreki bizi ezin direnak, beldurrez edo eta babes gabe
sentitzen direnak.

● Jakina da egungo justizia ereduak, emakumeak* berbiktimizatzeaz gainera, ez diela euren beharrei behar bezala erantzuten.

● Egoera honen adibidea dugu Sara eta Izarren kasua,
◦ Erasoa eman zenean ez ziren ama-alabaren oinarrizko eskubideak bermatu. Izarren hil ala biziko egoera izanda ere, 24 egun igaro behar izan ziren Sara egun oso batez bere alabarekin egon ahal izateko, bitarte horretan umearen kustodia kendu ziotelarik. Ondoren eta Sarak askatasuna eskuratu bitarte, ugari izan dira emandako urraketak.
◦ Erasotik bi urte eskasera, epaile batek erasotzailearen kaleratzearekin ama-alaba beldurrez bizitzera kondenatu ditu; 24 orduko dispositibo telematikoa eramatea, babes poliziala… eta egoera honek suposatzen duen etengabeko tentsioarekin bizitzera (hilabeteotan erasotzailearen seinalea galdu izan da zenbaitetan, honek protokolo berezia aktibatzen duelarik).
◦ Eta orain, epaiketa ailegatzean, berriz ere justiziak har ditzakeen erabakien beldur. Akusazioa izanda ere, defentsa egin behar izatearen sentsazioaz, epaitua izatearen beldur.

Hau dela eta, Sara eta Izarrek gure babesa eta beroa dutela adierazteko, epaiketa justu bat izan dezaten aldarrikatzeko, erasorik gabeko bizitzak eta hiriak eraiki nahi ditugulako, eta oro har emakume, trans eta bollerok libre bizi nahi dugulako, Irailaren 8an 13:30tan Sara-Izar Babes Plataformak Donostian deitu duten manifestaziora atxikitzen gara eta jendartea bertan parte hartzera animatzen dugu.

Bide batez, agerraldi hau baliatu nahi dugu ezagutzera emateko badela ekimen bat martxan emakume* ugarik bizi duen babesgabetasun horren aurrean, egoera hau arindu, eta modu komunitarioan BABES SARE bat antolatzeko. Jakitun gara egoera iraultzeko sakoneko aldaketak behar direla, baina gure esku egon daitekeen horretan urrats bat ematera goaz. Datozen hileotan emango dugu honen berri zehatzagoa.

BENETAKO JUSTIZIA EMAKUME* GUZTIONTZAT! EMAKUMEOK* LIBRE!
 

 

 

BilbaoBiziko langileek irailaren 11ko bizikleta martxarekin bat egiteko deia luzatu diete erabiltzaileei

BilbaoBizi Bilboko Udalaren bizikleta alokairu zerbitzuko langileak lan baldintza prekarioetan ari dira lanean, eta, bizi duten egoera salatzeko, mobilizazioak ari dira egiten. Hala, irailaren 11n, bizikleta martxa bat egingo dute, 18:30ean abiatuta, Bilboko udaletxetik irtenda. Mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu diete erabiltzaileei, kalitatezko zerbitzuaren alde eta langileen lan baldintzen defentsan.