2026-02-03
Blog Page 598

Hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoren babesa jaso duen “Harro ez da Pride” leloa izango duen manifestazioan parte hartzera dei egiten diegu langileei

LGTB+ mugimenduarekin batera aliantzan eta elkarlanean aritzeko konbentzimendu osoa dugu, horrela egingo dugu larunbat honetan ere, goizean zehar Harro!k antolaturiko jardunaldietan parte hartuko dugu, Bizkaiko Metaleko langileen borrokan batera arituko gara eta arratsaldeko 17:30etan Arriaga plazatik aterako den manifestazioan parte hartzeko dei egiten diogu euskal jendarteari eta zehazki LABeko militantzia, afiliazio eta langile klase osoari. Lantokietan gure gorputz, desio eta identitarteak aske eta harro!

Irailaren 19an Bilboko Euskalduna Jauregian EPOAren (European Pride Organisers Association) asanblada orokorra eta LGTBIren Konferentzia Atalantikoa bilduko dira, beste gai batzuen artean, 2022ko Europride-a zein hiritan izango den erabakiko dute. Bilera hau Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, enpresa pribatuek eta PNVren hurbilekoa den Ortzadar erakundeak bultzatu dute.

Gizon gay zuri eta aberatsen negoziorako festa batez ari gara, eta honek ez du zerikusirik LGTB+ borrokarekin, guztiz kontrakoa, kolektibo honek urteetan egindako borroka desitxuratu eta merkantilizatu nahi dute. Kapitalak LGTB+ mugimenduaren eskubideen kontura ere negozioa egiteko aurpegi gogorra dauka.

Bilbon azkenaldian ohituak gaituzten beste makroekimen batez ari gara. Hiri eredu horretan sakondu eta “Hotel gayfriendly-ak” eraiki nahi dituzte, langile transmarikabollo asko eta asko langile klase guztiarekin batera oraindik eta gehiago prekarizatuz aberatsak zerbitzatzera bideratuak egongo diren lanpostuetan. Ez dugu hiri eredu hori onartuko, gutxiago eskubideen aldeko borrokak desitxuratu nahi dituztenean.

Ekimen honen bultzatzaileak, sistema heteropatriarkalaren Euskal Herriko ordezkariak dira, LGTB+ pertsonen aurkako zapalkuntza, eta bazterkeria praktikara eraman dituztenak, jendartean ikusezin bilakatu dituztenak. Indarkeria eta gorroto horrek bizitza gehiegi izorratu ditu, kasurik latzenetan, gorputz gehiegi jipoitu eta erahil dituzte. Ez dugu onartuko eskubide eta duintasunaren aldeko borroka horretan atzerapausorik, asko kostatu zaielako eta zaigulako eta oraindik asko dugulako egiteko.

Jendarteko errealitatea oso latza bada, lan mundua errealitate horren ispilu da. Lantokietan eskubiderik gabe geratzen ari gara eta prekarizazioa muturrera eraman dute langile guztiontzat, bada zer esanik ez LGTB+ langileentzat. Ez gaituzte kontratatu nahi, batez ere Trans langileak, sarriegi gure identitate eta generoak ezkutatu behar izan ditugu, lanpostuan gaudela, lankide, patronal, erabiltzaile edo bezeroen aldetik jazarpena jasotzen dugu, sarritan ez da gure intimitatea errespetatzen, gure bizitza pribatuaren inguruan azalpenak eman behar ditugu… zerrenda luzea izan daiteke.

 

 

 

Bilboko kaleak betetzera deitzen dugu larunbaterako, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin bat lortzeko bizitza duin bat izateko

0

Bizkaiko metalgintzaren mahai negoziatzailearen beste bilera bat egin dugu. Berriro ere, FVEM patronala esku hutsik etorri da, LABetik erabat arduragabetzat jotzen dugun jarrera. Gogoratu behar dugu arrakasta handiko bost greba egunetik gatozela, eta larunbata honetarako manifestazio bat eta irailaren 30eko asterako beste 5 greba egun deituta daudela.

Bileran, ez da inongo mugimendurik egon FVEM patronalaren aldetik. Sindikatuei aurkeztutako azken proposamenari buruzko balorazioa eskatzera mugatu da, nahiz eta balorazio hori sindikatuok prentsaurreko batean egin genuen publiko, non esan genuen proposamena guztiz ez nahikoa dela, zenbait elementu murritzaileekin, malgutasunari eta behin behineko ezgaitasunei dagokienez. Nabarmendu genuen ez dagoela planteamendurik giltzarri diren subrogazio, behin behinekotasuna eta Aldi Baterako Laneko Enpresak bezalako gaietan.

Patronalak joan den astean proposamen bat aurkeztu bazuen, ez nahikoa izan arren, sektorea gauzatzen ari den borrokarengatik izan da. Baieztapen honen beste adierazle bat da patronalak hurrengo bilera deitzeko presa izan duela, irailaren 23rako deitu baitu (hirugarrena, hamabost eguneko epean), normalean mahai negoziatzailea deitzeko denbora hartzen duenean.

Horrenbestez, LABetik dei egiten diogu Bizkaiko jendarte guztiari larunbateko manifestazioan parte har dezan. 12:00etan irtengo da mobilizazioa Bilboko Euskadi plazatik. Era berean, sektoreko langile guztiei dei egiten diegu irailaren 30eko astean izango diren grebekin bat egin dezaten.

Bizkaiko metalgintzako gatazka ez da lan gatazka bat bakarrik, gatazka politiko eta soziala ere bada. Bizkaiko metalgintzako langileek erakutsi dute borondate sendoa dutela borrokan jarraitzeko, hitzarmen duin bat lortu arte, lan eta bizi baldintza duinak bermatuak izan ditzaten.

 

 

 

Osakidetzak egindako EPE berri baten iragarpena propaganda hutsa da

0
Osakidetzak iragarri berri du familia mediku zein pediatrentzat EPE berria martxan ipiniko duela, 215 plaza betetzeko. LABen iritziz, iragapen mediatiko hau Osakidetzako zuzendaritzari pilatzen ari zaizkion arazoak estaltzeko propaganda saiakera baino ez da. Azken finean, iragarritako 215 plaza horiek ez dira berriak izango, aspaldi onarturiko 1.083 plazako EPE prozesu horren parte baizik.

Osakidetzak iragarri berri du familia mediku zein pediatrentzat EPE berria martxan ipiniko duela, 215 plaza betetzeko. LABen iritziz, iragapen mediatiko hau Osakidetzako zuzendaritzari pilatzen ari zaizkion arazoak estaltzeko propaganda saiakera baino ez da. Azken finean, iragarritako 215 plaza horiek ez dira berriak izango, aspaldi onarturiko 1083 plazako EPE prozesu horren parte baizik.

Osakidetzak konpondu gabeko arazo asko eta larriak dauzka aurrean: Lehen Arretako egoera penagarria, pasaden kurtsoan hiru greba ekarri dituena; aurreko EPEan gertaturiko filtrazioen gaineko prozesu judiziala; eta garapen profesionalaren ordainketa eta deialdi berria egitea, besteak beste. Eta berauei heldu behar den moduan heldu beharrean, euren irudi publikoa garbitu nahi dute EPE prozesuak modu bihurrian erabiliz.

Deialdi berri honen aurrean, LABek hurrengoa esan nahi du:

• Gardentasun falta: 215 plazako prozesuaren berri komunikabideetan izan dugu sindikatuok, langileon ordezkaritzaren gainetik salto eginda. Hau ez da serioa. Salatu behar dugu ekainean egindako azken Mahai Sektoriala, lehen arretari buruzko monografikoa gainera, iragarpena eta informazioa emateko lekua eta momentua zela, ez mikrofonoen aurrean. Bestaldetik, ezin da onartu soilik sinatu zuten sindikatuek jasoko dutela informazioa: sinatu ala ez, langileon ordezkari guztiok informazio hori jasotzeko eskubidea daukagu.

• Ez-nahikoa: 215 plaza horiek ez dute konponduko Lehen Arretan eta Osakidetzan dagoen egoera. Alde batetik, mediku gehiago behar direlako. Plaza horiekin gaur egun prekarioan ibiltzen diren 215 medikuk euren egoera egonkortzeko aukera izango dute, baina horiek gaur egun ere lanean dabiltza. LABek egindako ikerketaren arabera, gutxienez medikuen kontratuen %77 (hortik aurrera) prekarioak dira. Kontuan hartuta Osakidetzak kategoria guztietako 3.000 plaza ezkutatzen dituela kontratu prekarioen atzean eta 2028 urtera arte urtero 1.000 langile jubilatuko direla, 7.000 plaza beharko genituzke momentuz egoera egonkortzeko. Osakidetzak eta Satse, SME eta UGT sindikatuek sinatu zuten 1.083 plazako EPEak (horien barruan daude orain iragarritako 215 plaza horiek) ez ditu betetzen, ezta azken EPEtik jubilatu diren langileen hutsuneak ere.

Bestaldetik, azpimarratu behar dugu Lehen Arretako egoera ez dela soilik medikuekin konpontzen. Arazoa haratagoa doa eta eredua bera aldatu behar da errotik. Gainontzeko kategorien kopurua ere handitu behar da eta sakoneko aldaketak egin.

Lehen Arretaren egoera hobetzeko negoziazioa behar da, hartu beharreko neurriak denon artean adosteko. Baina hiru greba egin ostean, Osakidetzak negoziazio errealik egin gabe jarraitzen du, bat-bateko neurri partzialak ezartzen eta jendartearen eskubideak murriztuz, osasun zentroen ordutegien murrizketarekin egin duen bezala.

• Kategoria guztiak beharrezkoak dira: Osakidetzak adierazitakoaren arabera, badirudi 1.083 plazak mediku eta erizainentzat izango direla. Honen aurrean, gainontzeko kategorien beharra eta garrantzia aldarrikatu nahi dugu.

• Gardentasun propagandistakoa: Familia mediku eta pediatren prozesuan filtrazioak ekiditeko neurriak erabiliko direla ozenki iragarri du Osakidetzak, baina esan behar dugu kategoria horietan, hain justu, inoiz ez dela aparteko arazorik sortu filtrazioekin. Sindikatu guztiekin adostu ez dituen neurri horiek mediku espezialisten kategorietan aplikatu behar dira, praktika ustelak eta mafiosoak bertan daudelako erroturik.

 

 

 

Nafarroako itunpeko irakaskuntzako langileei zor zaien %0,25eko soldata igoera galdegin dugu

Udan funtzionarioei igotako eta Itunpeko Akordioan sinatutako %0,25eko igoeraren zain jarraitzen dute. Denera, itunpeko langileek irabazi beharko luketena baino %3,75 gutxiago poltsikoratzen dutela salatu du LABek.

Nafarroako Gobernuak ekainean sinatutako konpromisoa beteko zela berretsi zuen: administrazioko langileek udan %0,25eko igoera jaso ondoren, hurrengo hilabetean itunpeko langileek jaso behar zuten, baina hau oraindik ez da gauzatu. Nafarroako Itunpeko Akordioan, 2018-2019 urteetan, funtzionarioenei proportzionalki egindako soldata igoera itunpeko langileei ere egingo zitzaiela sinatu zen. Puntu honek atzeraeraginezko izaera (atzerapenak ere jaso beharko genituzkeela) dauka. Aurreko %0,25 horri, 2016ean funtzionarioei igo zitzaien %1 itunpeko langileek ikusi ere ez dutela egin gehitu behar zaiola gogorarazten du LABek.

Beste alde batetik, aurreko gobernuarekin, administraziopeko irakaskuntzan ordu lektiboekin egin den bezala eta akordioan islatu den bezala, 2012 urteko murrizketaren leheneratzea adostu genuen baina hauteskunde aurreko astean agindutako leheneratze hau ez zuten sinatu nahi izan. Honek %2,5 irakasleentzat eta %2 ez irakasleentzat suposatzen du. Gauzak horrela, bai aurreko gobernuan eta baita egungoan ere Geroa Bai dagoela kontuan izanik, bere hitza bete dezan eskatzen diogu.

Itunpeko irakasleek funtzionarioen %95eko ordainsarien analogia izan beharko lukete eta %91,25ean daudela salatu du sindikatuak.

Indarrean dagoen akordioa abuztuaren 31n bukatu zen baina 2020ko ekainaren 30era arte luzatu da berri bat negoziatzen den bitartean. Hezkuntza Departamentuari negoziazioa ahalik eta azkarren hasteko eskatzeaz gain, egoera bere onera ekartzeko hartu beharreko neurriak har ditzala galdegiten dio LABek. Bestela LABek ekintza sindikalari ekin eta Departamentuak parez pare izango duela jakinarazi du sindikatuak.

 

 

 

Sindikatuak presoen eskubideen alde mobilizatuko gara Bilbon, ostiralean

Ostiral honetan, irailaren 20an, sindikatuok hilabetero antolatzen dugun elkarretaratzea egingo dugu, "Konponbide garaia da. Orain Presoak" lelopean. 11:30etik 12:00etara izango da, Eliptika plazan.

 

 

 

Mobilizazioa beste biderik ez dago lan heriotzen sarraskia gelditzeko

Gaur, irailak 18, Tubacex-en izandako lan istripu hilgarri baten berri izan dugu. Hain zuzen ere, EUSETEK GAS SL azpikontratako M.G.R. langileak bizia galdu du. LABetik gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu hildako langilearen familiari, herrikideei eta lagunei, baita langile klase osoari ere. Aurten, gutxienez, 33 langile hil dira dagoeneko lanean: 4 Araban, 11 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 9 Nafarroan. Azken lan heriotz hau salatzeko, mobilizaziora deitu dute gaurko Laudioko plazan, 19:00etarako.

Momentuz, ez dira ezagutzen lan istripuaren arrazoiak, bero kolpe bat edo istripu ez traumatiko bat izan den. Ikerketak argituko du hau, baina argi dagoena da lan baldintzek eragin zuzena dutela lan istripuetan. Enpresa hau, Eusetek Gas SL, Tubacex-en azpikontrata bat da Amurrioko Aceralava lantokian, eta Aceralavaren labearen mantenuaz arduratzen da. Hortaz, tenperatura oso altuetan edo muturrekoetan egiten dute bertan lan, eta ezin dugu ahaztu atzo bero handia egin zuela Amurrion eta eskualdean.

Hauxe da Tubacex-en azken hiru hilabeteetan hil den bigarren langilea, eta datu honek agerian uzten ditu Tubacex-en hartzen dituzten prebentzio eta lan osasunerako neurriak.

Prekarietateak, lan erritmo altuak, baldintza termohigrometrikak, behin behinekotasuna, azpikontratazioa, ezaugarri hauek guztiek eragiten dute langileen osasunean, baina, era berean, ezin dugu ahaztu iaz, Gometegi enpresan prozesu konkurtsal aski traumatiko bat izan ostean, M.G.R.-ek, beste lankiderekin batera, kalean ikusi zuela bere burua, enpresak zor zion guztia jaso gabe eta langabezira joanez, lan merkaturako adin zailarekin; 50 urte baino gehiagorekin. Honi gehitu behar zaio urte asko zeramala enpresa horretan lan egiten, bere bizitza proiektua baldintzatuz. Prozesu hauek guztiek ere eragina dute langileen osasunean.

Honen guztiagatik, argi dugu bizi eta lan baldintzek eta prekarizazioak eragin zuzena izan dutela lan heriotz honetan. Eta horrela salatu nahi dugu, baita Tubacex enpresak beroari aurre egiteko neurri eraginkorrak ez dituela nabarmendu ere. Izan ere, bero kolpe bat izanda, eragin zuzena izango luke; eta lan istripu ez traumatiko bat izanda, tenperatura baldintzek ere dute eragin zuzena halako istripuetan.

LAB sindikatutik, argi dugu mobilizazioa dela bide bakarra lan heriotzen sarraskia gelditzeko. Hala, datozen orduetan saiatuko gara merezi duen erantzuna ematen.
 

 

 

Beste lau greba egun deitu ditugu Gipuzkoako grafikagintzan, hitzarmen duin baten alde

0

Grafikagintzako langileak, Irailaren 25 eta 26 eta Urriaren 2 eta 3an, berriro ere mobilizatuko gara, guztiontzat izango den sektoreko hitzarmen duin baten alde. 4 greba egun hauek, ekaina eta uztailan zehar burututako greba egunei gehitzen zaizkie, eta horrela sektoreak 8 greba egun burutuko ditu. Eta ez dira azkenak izango, izan ere, sektorearentzat justua eta onargarria den hitzarmen bat lortu arte mobilizatzen jarraituko baitugu.

LAB, ELA eta UGT sindikatuok ADEGIren negoziazio borondate falta eta arduragabekeria salatzen dugu. Duela 8 hilabete hitzarmenaren negoziaketak hasi zirenetik, patronala KPIari lotutako igoera soil bat bakarrik eskaini du, langileen eskaera guztiak baztertuz. Gure jarrera negoziatzailea izan den arren, ADEGIK jarrera zorrotza mantendu du, negoziaketarako ateak itxi eta sektorea konfrontaziora eramanez.

Zorionez, egun sektoreak bizi duen egoera ona da, Enpresetako lan karga handia da, eta ondorioz ADEGIren jarrera ulertezina eta onartezina egiten zaigu. Enpresa proposamena hobetzeko margena handia da. Soldata igoera batez gain, lan baldintzak hobetuko dituzten puntuak sartzea ezinbestekoa da. Soldata igoera duinak, lizentzien egokitzapen eta hobekuntzak, kontratazioetan hobekuntzak, hitzarmenaren blindajea eta errelebu kontratua dira hitzarmenean sartu ahal eta behar diren puntuetako batzuk.

Patronalaren esku dago, sektorea Irailaren 26 eta 26 eta Urriaren 2 eta 3an grebara joan edo ez. ADEGI izan zen sindikatuen proposamenak ukatu zituena. ADEGI izan zen, mahaitik altxa zena eta erreflexio bat egin behar zuela esan zuena. 3 hilabete beranduago, erreflexio horren emaitzak ezagutu gabe jarraitzen dugu. Beraz ADEGI izan zen sektorea konfrontaziora eraman zuena eta ADEGIk izan behar du negoziazioaren aldeko apustua egin behar duena, mahaira sindikatuen eskaerak kontuan izango dituen proposamen serio bat eramanaz.

Hau horrela ez bada, hemen gauden sindikatuok mobilizatzen jarraituko dugu eta akordio duin eta justu bat izan arte greba egun gehiago deituko ditugu.

 

 

 

Elgetako CIE Alurecy enpresako grebalariak lantokia ixteko asmoen kontra mobilizatu dira

0

Elgetako CIE Alurecy enpresako langileak greba mugagabean dira, eta, horrekin batera, mobilizazioak ari dira egiten. Lantokiaren aurrean bildu dira gaur, lantegia ixteko asmoa duelako zuzendaritzak.
 

 

 

Nafarroako Parlamentuan kateatu gara, jazarpen sindikala salatzeko

LABeko hainbat ekintzailek Nafarroako Parlamentura eraman dute jazarpen sindikalaren eta Imanol Salinasen aurkako espetxe zigorraren salaketa. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak bertan kateatu dira, "Borroka sindikala ez da delitu" oihuen artean eta megafonoak eskuetan, Imanol Salinasen delitua hori izan baitzen: La Sangiovesako langileen eskubideak megafono batekin defendatzea. LABeko bozeramaile Itxaso Torregrosak hartu du hitza ekintza egin bitartean, eta Imanol Salinas kartzelaratzeko epaia "eskandaluzkoa" dela nabarmendu du.

Iragan maiatzean Imanol Salinas LABeko kideari 21 hilabeteko kartzela ezarri zion epaileak 2018an Iruñeko La Sangiovesako lan gatazkan bozgorailu bat erabili zuelako. Egunotan, sindikatuak sententzia surrealista hari jarritako helegitea aztertzen ari dira. Eta horren karietara, LABeko zortzi kide Nafarroako Parlamentuaren leihoetan kateatu dira gaur, sindikalismoa delitua ez dela aldarrikatzeko.

Iruñeko La Sangiovesa jatetxearen parean pankarta batekin jarri. Barnera sartu. Pegatinak itsasi. Kartelak erakutsi. Bozgorailu batekin kontsigna sindikal batzuk oihukatu. Ekintza horiek bakarka egin izan balira, ez zuketen zigorrik mereziko. Baina denak batera egin zirenez, “koakzioa” dira eta zigorra merezi dute “askatasun sindikalaren esparrua” gainditzen dutelako. Halaxe uste du, bederen, Emilio Labella izeneko epaileak, eta halaxe utzi zuen idatzita 2019ko maiatzaren 16an argitaraturiko sententzia batean. Horren ondorioz, Imanol Salinas LABeko kideari 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion, bozgorailu batekin protesta hura dinamizatzen ibili baitzen. Kartzela barnean bete beharreko 21 hilabete.

LAB sindikatuaren aburuz sindikalista bat kartzelara eraman dezakeen epai hori eskandaluzkoa da eta, horregatik, Borroka sindikala aurrera kanpainaren bidez, Imanol Salinasekin egin nahi duten injustizia salatu nahi du, bai eta esplotazioaren zein prekaritatearen aldeko bere jarrera berretsi ere. Ildo horretan, gaur, LABeko zortzi kide Nafarroako Parlamentuko leihoetan kateatu dira, bertze zortzi kidek bozgorailuak erakutsi dituzte, bertze batzuk eskuorriak banatu dituzte, eta bertze batzuk pankarta bat erakusten saiatu dira -ezin izan dute foruzainek eta bizkartzainek kendu dietelako-. Eta hori guztia irudikatzeko protesta laboraletan ohikoak diren ekintzak egiteagatik ezin dutela inor kartzelan sartu.

Kateatu diren kideetako bat Itxaso Torregrosa izan da, LABeko idazkaria Iruñerrian eta bozeramaileetako bat. Haren hitzetan, gaurko ekintzarekin Nafarroako Parlamentua eta Gobernua interpelatu nahi izan ditu LABek. “Nahi dugu jakin zein jarrera duten gertatzen ari den honen inguruan, eta nahi dugu jakin zer eginen duten. Hau guztia bereziki larria baita”.

Torregrosaren ustez, epaileak, poliziak edo Lan Ikuskaritza enpresetan egon beharko lirateke, lan eskubideak urratzen ez direla, esplotaziorik ez dagoela, prekaritaterik ez dagoela zaintzen. “Eskandaluzkoa da beraiek egin beharko luketen lana egiten duten sindikalistak kartzelatzea”. LAB sindikatuaren borroka legitimoa dela aldarrikatu du Torregrosak, “inoiz baino beharrezkoagoa” dela, eta dei egin du Imanol Salinasi babesa emateko antolatu den irailaren 28ko manifestazioan parte hartzera. Iruñean izanen da, 17:30ean Autobus Geltoki zaharrean hasita.

Jazarpen sindikalaren aurkako mobilizazioak egingo ditugu datozen egunetan. Hauek dira deitutako mobilizazioak, hain justu:

ELKARRETARATZEAK EPAITEGIETAN:

-Irailaren 20an, Iruñean, 12:00etan.
-Irailaren 23an, Bilbon eta Donostian, 12:00etan.
-Irailaren 24an, Gasteizen, 12:00etan.

MANIFESTAZIOA:

-Irailaren 28an, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.