Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako grafitoak eta handik gutxira, zigor-espedientea irekiz, auzibidean jarri zituen indusketa lanetan zebilen enpresako hainbat kide eta kolaboratzaile.
Iruña Veleiako prozesu judizial amaigabe eta neurrigabea salatu nahi dugu
Arabako larrialdietako anbulantzien kalitatearen zerbitzua bakarrik berma daiteke administrazioaren kudeaketa zuzenarekin
Azken hilabetean kezka handia sortu da Arabako larrialdietako anbulantzien egoeraren inguruan, bai Larrialdiak enpresak zerbitzua bertan behera utzi zuelako joan den abenduaren 31n, baita zerbitzua hobetzeko aldarrikapen orokorragatik ere. LABek gai honetan sakondu du gaur, Gasteizen, egindako agerraldi batean.
Araban Red de Transporte Sanitario Urgente (RTSU) delakoen egoera ulertu ahal izateko, hasi behar gara azaltzen azken bi urteetan Larrialdiak Maiz EABeko langileek pairatu duten atsekabea.
EAB horrek Arabako larrialdietarako anbulantzia zerbitzua bere gain hartu zuenetik, hainbat gatazka kolektibo izan ditugu, langileen ordezkaritzak epaitegietara bidali behar izan dituenak, aplikagarriak ziren hitzarmenak ez zituztelako betetzen. Kasu guztietan sindikatuoi eman digute arrazoia.
Modu berean, langileek, banaka, 150 erreklamazio baino gehiago aurkeztu dituzte enpresaren kontra, baita 30 salaketa baino gehiago ere, iruzurrezko kontratazioa dela eta. Kasu gehienetan, banakako salaketa horietan, langileari eman diote arrazoia.
Aipatu beharra dago, epaien arabera langileei zor zaizkien zenbateko askoren kontra helegitea aurkeztu dela gorago dauden instantzietan, zenbateko horien kobrantza oztopatze aldera. Era berean, Laneko Ikuskaritzaren aurrean salaketa aurkeztu dugu enpresaren asmo txarraren ondorioz. Izan ere, jakin bazekiten iruzurrezko kontratazioak egiten ari zirela, epaiek hori frogatu baitzuten, eta, hala ere, iruzurrezko kontratuak egiten jarraitu zuten.
Abenduko azken astean jakinarazi ziguten Larrialdiak enpresak ez duela zerbitzuarekin jarraituko 2020ko martxora arte (data horretan Grup La Pau hasiko da zerbitzu hori eskaintzen) eta Eusko Jaurlaritzak premiarekin negoziatuko duela zenbait enpresekin ez dadila gabeziarik egon.
Larrialdiak enpresa zerbitzua uzteaz gain, EAEtik fisikoki desagertuko da eta hainbat epai judizialen ondorioz langileekin dituzten zorrei, ordaindu gabeko kitapenak eta langile guztien abenduko aparteko ordainsariak gehitu behar zaizkie.
Urtarrilean zehar, LAB Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan egon da RTSUko langileen eta anbulantzia zerbitzuko langileen egoerari buruz hitz egiteko. Azaldu digute Eusko Jaurlaritzak premia handiz kudeatu behar izan zuela hiru enpresa ezberdinen kontratazioa Araban zerbitzu hori ematen jarraitzeko eta, premiaren ondorioz, denbora behar dutela zerbitzua beharrezkoa den kalitatearekin eskaini ahal izateko. Larrialdiak dituen zorrei dagokienez, azaldu digute zerbitzu juridikoek enpresak Eusko jaurlaritzan ordaindu zituen fidantzen kontura kitatzeko aukera aztertzen ari direla.
Gure ustez eta enpresa berriak sartu zirenetik hilabete pasa dela aintzat hartuta, RTSUko langileak hainbat oztopo ari dira izaten euren lana bermeekin egin ahal izateko. Eta horixe da, hain zuzen ere, gure aldarrikapenaren erdigunea. Eusko Jaurlaritzak duen ardura, baldintzak betearazteko eta enpresei exijitzeko denon artean ordaintzen dugun anbulantzia zerbitzua kalitatezkoa izan dadila, bai sektore horretan lan egiten duten profesionalentzat, bai herritar guztientzat.
Zentzu horretan, LABen argi daukagu zerbitzu hori herri-administrazioak modu zuzenean kudeatzen badu bakarrik ziurtatu ahalko dela langileen lan-baldintzak errespetatzen direla eta zerbitzuak modu egokian eta dagokion kalitatearekin funtzionatzen duela.
Zerbait positiboa azpimarratu behar badugu, esan dezakegu, enpresa berriak sartu direnetik, EAEn gaixoak eta zaurituak anbulantzietan garraiatzeko zerbitzuaren I. hitzarmen kolektiboa aplikatuko dela, horrek dakartzan hobekuntza ekonomikoekin eta laneko eskubideen hobekuntzarekin.
Garbiñe Aranburu: “Langileen batasuna eta borroken konfluentzia da bidea, eta horretan jarraitu behar dugu sakontzen”
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan izan da, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrari buruzko galderei erantzuteko, batipat. Pilota patronalaren eta instituzioen teilatuan dagoela berresteaz gain, ostegunean kalera irten zen jendetzaren eskakizunei heltzea ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Iruñeko Udalaren politika euskarafobo eta antisozialak salatu eta dei egiten dugu larunbatean euskarazko haur eskolen alde eginen den elkarretaratzera
Haur Eskolak Iruñeko Alkatetzaren jomugan daudela pentsatzeko arrazoi gutxi bagenituen, Donibane eta Printzearen Harresia haur eskoletan abian jarritako euskarazko lerroak bertan behera uzteko erabakiak erabat baieztatu ditu oldarraldi erreakzionarioaren ondorio gordinak. Gezurra da neurri horrekin Joseba Asironen alkatetzaren aurreko egoerara bueltatu garenik. Aurreko legealdian euskarazko lerroa eskaintzen zuten zentroen kopurua bitik laura handitu zen. Orain, aldiz, lautik bat t’erdira murriztuko da aipatu eskaintza hori (Goizeder eskolan, euskara hutsean ematetik gaztelerarekin eta ingelesarekin partekatzera pasa beharko da). Navarra Sumaren erabaki berriek hizkuntza lerroari ezezik Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolen ildo pedagogikoari bete-betean eragiten die eta horrek guztiak hezkuntza kalitatean eragin dezake. Bestalde, udal gobernuak oraindik ez du zehaztu hartutako erabakiek langileen baldintzengan izango duten eragina.
Euskarari bakarrik ez, oro har, neurri horiek guztiek kutsu soziala duen hainbat atali eragiten diote.
Gogoratu Maya alkatetzara iritsi bezain laster haur eskoletarako deitua zegoen LEPa bertan behera utzi zuela. 91 plaza lehia publikora atera beharko lituzkeen deialdi hori oso garrantzitsua zen sektoreko langileek duten prekarietateari erantzuna emateko. Kontuan izan sektore horretan 2005etik LEPik egin gabe daudela. Bestalde, haur eskoletako kudeatzailetza eta zuzendaritza teknikoa aukeratzeko irizpideak erabat aldatu ditu. Aurreko legealdian funtzionarien merituetan oinarritutako sistema abian jarri zen arren, izendapen askeko aukeraketara bueltatu da berriro Mayaren bitartez.
Honi guztiari gehitu publikoa den zerbitzua pribatizatzen hasteko lehen urratsak hasiak direla Navarra Suman. Honek guztiak estrategikoak diren arloei eragingo die, esate baterako jantokiak, garbiketa zerbitzuak, hezitzaile ez diren hainbat lanpostu…
Oso larria deritzogun neurri sorta hori guztia abian jartzeko Maya erabiltzen ari den argudio nagusietako bat honokoa da: hizkuntza lerro bakoitzean zerbitzuak jasotzeko dagoen eskari sozialari egokitzen ari dela. Berez, ez zaigu argudio egokia iruditzen, diglosia egoera pairatzen duen hizkuntza gutxitu batek berezko babesa beharko lukeelako eta mentalitate horrekin hizkuntzak elkarrekin lehian jartzen direlako, baina argudio hori ontzat emanda ere argi eta garbi esan beharra dugu 0-3 adin tartean euskaraz zerbitzua jasotzeko dagoen eskaria ez dela inondik inora asetuko Mayak abian jarri dituen neurriekin. Beraz hor ere gezurretan ari da.
Amaitzeko, argi utzi nahi dugu egoera honen erantzule bakarra ez dela Navarra Suma, euskararen eta hainbat neurri sozialen aurka hartzen ari den erabaki orok PSNren oniritzia baitu. Alderdi horrek, politika egiteko garai berriak iragartzen dabilen bitartean, gai jakin batzuetan molde zahar eta baztertzaileak baliatzen jarraitzen duela salatu nahi dugu. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren erabakiak errespetatzen ari omen dira biak. Hori da euren aitzakia, baina ez dute aipatu auzitegi horren ebazpenak esandako guztia aipatzen, esate baterako Udalak ez duela haur eskola bateko hizkuntza eredua aldatzeko eskumenik. Beraz, aurreko udal gobernuari kritikatu dioten gauza berbera egiten ari da Navarra Suma, PSNren oniritziarekin.
Berronarpenen inguruko akordioa lortu dugu Galletas Artiach-en
Akordioa lortu ondoren, LABek jarraipena egingo du enpresak enpresa-batzordearen aurrean iragarri duen kontratazio politikaren aldaketa etorkizuneko kontratazio-politika gardena izan dadin.
Joan den irailean, LABek jakinarazi zuen lan-ikuskaritzaren txosten batek Galletas Artiach- eko 7 kontratu finko bihurtzeko eskatzen zuela. Honen aurrean, enpresaren erantzuna 5 langilerekin zuen lotura etetea izan zen.
Urtarrilaren 16an beste epaiketa bat egin behar zen, baina bertan behera uztea erabaki genuen akordio kolektibo batera heltzeko asmoarekin. Gaur akordioa sinatu da 4 langile berronartzearekin.
Horrela, LABek sartutako salaketan oinarritutako gatazka hau itxi egin da, enpresarekin egindako akordioaren bidez, eta hori positibotzat jotzen dugu.
Garbiñe Aranburu: “Patronalek eta EAJk ondo ulertu dute grebarekin ez dela ezer amaitzen”
Greba Orokorraren biharamunean, balorazioen txanda izan da. Hala, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk urtarrilaren 30eko mobilizazio egun arrakastatsuari buruz hitz egin du zenbait hedabidetan. Besteak beste, aldarrikapenei bide emateko patronalei eta instituzioei emandako bi hilabeteko epeari buruz galdetu egin diote, eta etorkizuneko erantzun mobilizatzailea patronalen eta instituzioen jarreraren araberakoa izango dela jakinarazi du Garbiñe Aranburuk. Hain zuzen ere, Bilboko ekitaldian, sindikatuko idazkari nagusiak berak aurreratu zuen, eskakizunak erantzuten ez badituzte, udaberrian borroken loraldi berria etorriko dela.
“Patronalek eta EAJk ondo ulertu dute mugarri bat jarri dugula, ofentsibara pasatzera goazela, grebarekin ez dela ezer amaitzen”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Naiz Irratian esandakoak, Greba Orokorraren balorazioaren inguruan egindako elkarrizketetako batean. Euskadi Irratiko Faktoria saioan ere elkarrizketatu dute.
LABeko idazkari nagusiak adierazi du osteguneko irudiak grebaren arrakastaren isla direla, hitzek baino gehiago esaten dutela. “Patronalek eta instituzioek kontutan hartu beharko dute erakutsitako indarra”, esan du. Zentzu honetan, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak etorkizunari begira arrastoa utziko duela nabarmendu du: “Lantokiz lantoki eta herriz herri egindako lana, aniztasun hori, balioan jartzeko modukoa da”.
Ostegunekoa langileen duintasunaren eta batasunaren greba izan zela berretsi du, Euskal Herriaren historian gogoan geratuko dena. Aktibazio sozial oso garrantzitsuaren ondorioa izan dela azaldu du, eta horrek borroka guztien bateratzea ekarri duela jakinarazi du. Jendartearen erantzun arrakastatsua nabarmendu du, “grebari balioa kentzeko saiakeren gainetik; indar polizial desberdinen neurriz kanpoko jarrera, tarteko”.
- Patronalak eta instituzioek bi hilabetetan gure eskakizunak erantzuten ez badituzte, udaberrian borroken loraldi berria ekarriko dugula ohartarazi dugu
- Tsunamia ekarri du Greba Orokorrak
- Gobernuek eta patronalek aintzat hartu behar dute urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren oihartzun handia
- Goiza aurrera joan ahala zerbitzu publikoak eta merkataritza ere atxiki zaizkie Greba Orokorrak industrian duen jarraipen zabalari
- Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da egunaren lehen orduetan
- BIDEOAK
- ARGAZKIAK
Gobernuek eta patronalek aintzat hartu behar dute urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren oihartzun handia
Lanuztea oso nabarmena izan da Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko zein Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan. Halaxe nabarmendu dugu arratsaldean egindako agerraldian. Bertan hartu du parte LABeko ordezkari Edurne Larrañagak. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrak eragin handia izan du Euskal Herri guztian zehar. Industrian jarraipena oso handia zelarik, goiz erdian ikusi da Hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoek, baita merkataritzaren zati handi batek ere, “lan, pentsio eta bizitza duina” eskatzeko grebarekin bat egin dutela.
Arratsaldean egindako agerraldian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariok grebaren jarraipenaren berri eman dugu, sektorez sektore, publiko egindako adierazpenean. Era berean, Hego Euskal Herri osoko enpresa industrial esanguratsuenetan, enpresaz enpresa bildutako datuak kontutan hartuz gero, grebak jarraipen oso zabala izan duela nabarmendu dute.
Urtarrilaren 30ekoa batasunaren greba izan dela adierazi dugu. Borroka ezberdinen batura eman da, konfluentzia, eta deialdia guztiz transbertsala izan da langile kolektibo ezberdinen artean emaniko batera-jotzeagatik: bakoitza bere aldarrietan indarra eginez, borroka beraren parte izan gara pentsionistak, mugimendu feminista, gazteak, ikasle mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako hainbeste eragile, borroka ugaritan murgilduta dauden langileak,
Argi geratu da, kontrako mezua helarazi nahi digutenen aurrean, herri honetan badagoela gehiengo sozial bat lan, pentsio, bizitza duin bat nahi duena eta horretarako mobilizatzeko, kaleak hartzeko prest. Ziurtasun osoa dugu, gehiengo sozial artikulatu eta mobilizatu hau dela, aldaketa soziala posible egingo duena, eta argi dugu gaur jarri dugula horretarako oinarri sendoa herri burujabetzaren bidetik aurrera egiteko.
Tsunamia ekarri du Greba Orokorrak
Lantokiak hustu eta kaleak bete ditu Greba Orokorrak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat. Hego Euskal Herriko txoko guztietara iritsi da lan, pentsio eta bizitza duinen aldarria, eta eguerdiko mobilizazioek txiki utzi dituzte hiriburuetako kaleak, ondorengo bideoa erakusgarri.

