2026-02-05
Blog Page 596

Manifestaziora deitu dugu Iruñean larunbaterako, jazarpen sindikala salatzeko

Jazarpen sindikala salatzeko egunotan egin ditugun mobilizazioen harira, manifestaziora deitu dugu larunbaterako Iruñean. Hain zuzen ere, borroka sindikalaren aurkako erasoen eta LABeko zenbait kidek jaso dituzten zigorren salaketa jendarteratuko dugu; espetxe zigorrak eta isun ekonomiko larriak, tartean. Hala, autobus geltoki zaharretik abiatuta, Iruñeko kaleak hartuko ditugu 17:30etik aurrera.
 

 

 

Irailaren 27an, bi orduz eten egingo dugu gure jarduna krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoeta egiteko

0

Datorren irailaren 27an, larrialdi klimatikoa dela-eta nazioarte mailako mobilizazio egunaren aurrean, LAB sindikatuaren ohiko jarduna geratu egingo da. 11:00etatik 13:00etara, bi orduz, LABeko egoitzak itxita izango dira. Geratu egingo gara, krisi klimatikoari eman beharreko erantzun ekosozialistari buruz gogoetatzeko. Aldaketa etxetik hasten baita. Ekimen honekin LAB-ek kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren kontra agertu eta burujabetza ekosozialista eta feministaren aldeko apustua berretsi egin nahi du. Era berean, deitu diren mobilizazioetan aldarrikapen propioekin parte hartzera deitzen ditu langileak.

Kapitalismoaren bilakaera bortitzak pertsonen eta planetaren jasangarritasuna kolokan jartzen du, langileon bizi eta lan baldintzen prekarizazioa kronifikatuz. Argi dugu krisi integral honen aurrean, kapitalismotik sustatzen ari diren proposamen sasiekologistak ez direla inolaz ere alternatiba. Horregatik, ezinbestekoa da agenda sozial bat martxan jartzea, langileon beharrizanak jasoko dituena eta printzipio ekologista, feminista zein justizia sozialean oinarrituko dena. Zentzu horretan, burujabetza, alternatibak egikaritzeko ezinbestekoa izango da.

Euskal Herrian eta mundu zabalean, trantsizio ekosozialista baterako oinarriak jarri behar ditugu, denbora galdu gabe. LABetik norabide horretan hainbat urrats ematen ari gara eta berandu baino lehen gure praktika soziosindikalean proposamen ekosozialistak txertatu eta sindikatu bezala dugun praktikan konpromiso zehatzak hartuko ditugu.

Geratu, pentsatu eta ekin. Hori da LABetik planteatzen duguna ekosozialismoaren bidean aurrera egiteko. Eta horrela egingo dugu irailaren 27an gure egoitzetako pertsianak jaitsi eta jendaurreko arreta etenda. Gelditu egingo da sindikatua, eztabaidarako, hausnarketarako eta ekinbide berriak adosteko. Lan mundua eraldatuko badugu, ezinbestekoa baita sindikatua eraldatzea.

Irailaren 27an, 11:00etan, bi orduko etenaldiari ekiteko orduan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak agerraldia egingo du LAB sindikatuaren Bilboko egoitzaren kanpoaldean, sindikatuaren irakurketa plazaratzeko.

 

 

 

Onartezina da Mercedeseko langileak prekarizatzea Dieseleko krisiaren aitzakiapean

0

Atzo, Mercedes Benzeko Zuzendaritzak eta Komiteak bilera bat burutu dute eta bertan enpresak planteatu du malgutasuna handitzeko beharra. Horren aurrean, LABek argi dauka langileak ezin dituztela prekarizatu dieseleko krisiaren aitzakiapean eta horregatik enplegua eta lan baldintzak tinko defendatuko ditu.

Atzoko bileran, MERCEDESeko Zuzendaritzak haiek egindako egoeraren azterketa helarazi digu. Horren ondorioz, Komitearen batzorde negoziatzaileari malgutasuna 26 orduz luzatzea planteatu diote, -170 ordutara, suspentsio ERTE bat ekiditzejo asmoz.

Horren guztiaren aurrean, LABek argi eta garbi adierazi nahi du aipatzen diguten Diesel krisia ezin dela langileen bizkar gainean erori. Izan ere, azken aste hauetan jakin izan dugu MERCEDESek 132.000.000 €ko etekinak izan zituela iaz (delako krisia zabalduta zegoenean), 269.000.000€ banatu zituela dibidendoetan eta produkzioa handitu zuela aurreko urtekoarekin alderatuta. Horrekin batera, aste honetan bertan Alemanian DAIMLERri 870.000.000€ko isuna ezarri diote ibilgailuen isurketaren datuak manipulatzeagatik (hauxe gure lantegiko zuzendariak tinko ukatzen zuen duela zenbait aste eta orain Taldeak onartzen du).

Beraz, gure ustez langileei ezin zaizkie lan baldintzak okertu, ezin zaiela prekarizatu eta langileek ezin dituzte MERCEDESen jokabide okerrak edota irregularrak ordaindu. Hori dela eta, LABek langile guztien enplegua aldarrikatzen du eta beraien lan eskubideak tinko defendatuko ditu (Mercedesekoak zein enpresa hornatzaile eta azpikontratetakoak) bai oraingo neurrien aurrean, baita etorkizunean etor daitezkeen mehatxuen aurrean ere.

LABen helburua langileen lan baldintzak hobetzea da eta asmo horrekin lan egingo dugu prozesu honetan zehar.

 

 

 

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak Durangon egingo dira, azaroaren 1, 2 eta 3an

0

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak hortxe daude eta guk momentu historiko hori ez dugu galdu nahi. Izena emateko epea bukatzear dago (urriak 7) eta oraindik ez baduzue izena eman, lehenbailehen egin ezazue hemen!

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak hortxe daude eta guk momentu historiko hori ez dugu galdu nahi. Azken jardunaldiak 2008 urtean izan ziren eta geroztik hona asko aldatu da mundua. Gu ere aldatu gara eta gure eztabaidak eta erronkak ez dira berdinak; horregatik aukera paregabea dugu berriro elkartzeko, eztabaidatzeko, elkarrekin konspiratzeko, gozatzeko eta Euskal Herrian aurrera eramango ditugun lan ildo feministak adosteko…

Izena emateko epea bukatzear dago (urriak 7) eta oraindik ez baduzue izena eman, lehenbailehen egin ezazue hemen!

LAB ere presente egongo da Idazkaritza Feministatik aurkeztu dugun tailer batekin: “Sindikalista feministak gara eta harro gaude! Sindikalgintza feminista kapitalismo heteropatriarkalari aurre egiteko ezinbesteko tresna”.

2019ko azaroaren 1, 2 eta 3 Durangon
Salda badago eta egongo da!
Animatu, izena eman eta parte hartu.
Gora borroka feminista!

 

 

 

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko langileak greba mugagabean dira

0

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko langileek ekintza bat egin dute gaur, Baionako suprefeturaren aitzinean, urgentzietako eta gainontzeko zerbitzuetako lan baldintza negargarriak salatzeko. LAB beste sindikatuekin batera mobilizatu da, eta greba mugagabearekin egin dugu bat.
 

 

 

Negoziazio eredu integrala eta propioa aldarrikatu dugu EAEko Mahai Orokorrean

Gaur EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da, aurreko astean Jaurlaritzaren bozeramailea Josu Erkorekak aurreratu zituen termino mugatuetan, hots, langile publikoen lan baldintzen negoziazioa 2020ko soldata igoerara mugatzea; hain zuzen ere, Madrilgo Mahai Orokorrean adostutako terminoen menpe, soldataren %2aren igoera, eta funts gehigarriak dagoeneko Itzarriri beste %0,5eko igoera zehaztuz. Hau guztia jakina, negoziazio faltsu baten testuinguruan, sindikatuon "ardurari" deituz; hau da, proposatutakoa ez onartzekotan, azken erabakia bere esku gordetzen jarraitzen duela.

LABek atzoko prentsaurrekoan azaldu zituen argudioen ildotik:

1. Benetako negoziazio eredu bat aldarrikatzen jarraitzen dugu, Euskal Herrian eginda, injerentziak saihestuz eta hemengo gehiengoak eta beharrak errespetatuz; bide horretan, erabakiak adostasunean eta ez inposizioan oinarrituta.

2. Gaiak aldez aurretik mugatu gabeko negoziazio kolektibo eredu txapuzero hau gainditzea exijitzen dugu, langileon behar guztiak kontuan hartzen duena (egonkortasuna, deialdi publikoak, berdintasun, euskara, lan osasun planak…)

3. Proposatutako, edo hobe esanda, Gobernuak parlamentuak onartzearren igorriko dituen soldata igoerei dagokionez, berriro ekartzen dugu mahai gainera eros-ahalmena berreskuratzeko plan bat arduraz negoziatzeko. Era berean, funts gehigarririk egotekotan hauen helburua negoziatzea ere exijitzen dugu (soldata arrakala murriztea, beheko lan mailen egoera duintzea…)

4. Behin-behinekotasun tasa jaisteko eta kontratazioa egonkortzeko lege propioa behar dugu. Jaurlaritzak gai larri honi arduraz heldu baino, txapuzetan oinarritzen jarraitzen du.

Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta langileen lan baldintzak okerrera doaz, eta Jaurlaritzak inprobisazioan eta propagandan oinarritzen du bere ekimena. Arazoei arduraz heltzeko negoziatzeko inolako borondaterik ez dauka, eta bistan da txapuzaz txapuza jarraituko duela.

 

 

 

Gipuzkoako Grafikagintzan akordiorik egon ezean, greba egun gehiagora deituko dugu

0

Gaur, irailak 26, Gipuzkoako Arte Grafikoen sektoreak seigarren greba eguna egin du. Grebak aurreko deialdien jarraipen zabala izan du.

SAM, Zelatun, Corenso, Borobil, Arrosi, Cicarsa, Antza, Manipulados del Araxes, Otzarreta, Mayensa, Goierri eta zenbait enpresa gehiagok berriro bere ateak itxi dituzte.

Langileek ADEGIren egoitzara protesta eraman dute sektoreko egoera onarekin bat datorren hitzarmen duin bat exijitzeko. Langileek argi daukate: soilik greba utziko dute langile guztientzako hitzarmen duin bat sinatuko den egunean.

ADEGIk argi izan behar du, negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu, greba egun gehiago etorriko direla. Hala ere, ADEGIk egoera hau konpondu dezake mahai gainean proposamen serio bat jarriz. Datorren astean beste bi greba egun gehiago ditugu, urriaren 2 eta 3an. Soilik Adegiri dagokio greba hauek egin behar ez izatea.

 

 

 

Garbiñe Aranburuk adierazi du “politika ausartagoak” hartu behar direla gurasotasun baimenetik harago

0

Euskal Telebistako "Egun On Euskadi" saioan izan da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, gaurkotasun gaiei buruz hitz egiteko. EAEko Funtzio Publikoko Mahai Orokorra eta Bizkaiko Metalgintzako borroka izan ditu hizpide, baita gurasotasun baimena ere, besteak beste.

Euskal Telebistako saioak formato berri bat asmatu du ikasturte berrirako. Aurreko eguneko gonbidatuak galdera uzten dio hurrengo eguneko gonbidatuari. Kasu honertan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gurasotasun baimenari buruzko galdera egin zion atzo Garbiñe Aranbururi, ea zer iruditzen zaion Jaurlaritzaren erabakia. LABeko idazkari nagusiak zintzo erantzun du: "Noiz (Martxoaren 8ko testuinguruan) eta nola (negoziazio mahaitik kanpo) egin zuten kontutan hartuta, propaganda da helburua".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Jaurlaritzak ez du ezer berririk asmatu, Madrildik dator". Gurasotasun baimenaren neurria egokia dela esan du, baina "askoz politika ausartagoak" behar direla nabarmendu du.

Bizkaiko Metalgintzako borrokari buruz, Garbiñe Aranburuk adierazi du sektoreko langileek emandako erantzuna "izugarria" izan dela, eta, patronalaren eskaintza "guztiz ez nahikoa" denez, grebekin jarraitzea beste biderik ez dagoela.
 

 

 

Gipuzkoako Grafikagintzako bosgarren greba egunak %70eko jarraipena izan du

0

Gaur, irailak 25, Gipuzkoako Grafikagintzako sektoreak udara ostean deitutako lau greba egunetatik lehen eguna izan du. Gogora ekarri nahi dugu sektoreko langileek jada lau greba egun egin zituztela. Beraz, gaurkoa bostgarren greba eguna da. Eta gaurkoan ere greba arrakastatsua izan da, %70eko jarraipenarekin.

Langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta grebaren jarraipen zabal hau are eta garrantzitsuagoa da kontuan izanda sektoreko enpresen %90 baino gehiago enpresa txikiak direla. Langileak hitzarmen duin bat exijitzeko eta benetako negoziazio baten alde kalera irten dira berriro. Egun sektoreak bizi duen egoera ona da, lan karga handiarekin. Hala eta guztiz ere, ADEGIk langileen aldarrikapen justuei jaramonik egin gabe jarraitzen du. Izan ere, sindikatuen eskaera guztiak baztertu ditu. ADEGIk jakin behar du ez dugula etsiko akordio justu bat erdietsi arte. Akordioak KPIaren gaineko soldata igoerak jaso behar ditu, baina bestelako eskubide sozialak ere jaso behar dira, hala nola, lizentzien hobekuntza, kontratazioa ere hobetu behar da, Estatuko hitzarmenaren aurrean blindajea, prekarietatearen aurkako neurriak, eta abar.

Gaurkoan, Tolosako kaleetan zehar mobilizatu gara. Bihar, greba eguna ere, Adegiren egoitzara eramango dugu protesta, eguerdiko 12:00etan. Adierazpenak egingo ditugu bertan.