2026-02-04
Blog Page 593

TRIMAN MINERALS enpresak izan duen material lapurreta salatu nahi dugu; guztira 1.368.000 euro izan dira lapurtuak

0

Triman Minerals hartzekodunen konkurtsoan dago 2018ko ekainaren 5etik, langileak kaleratuak daude 2019ko martxoaren 11tik. Guztira 45 langile dira kaltetuak eta horietatik 32 Nafarroan. Guztira, langileak zor zaien soldataren zati bat FOGASAtik kobratu badute ere, langile bakoitzari hamar nomina inguru zor zaizkie bataz beste (milioi bat euro gutxi gora behera).

2019ko martxoaren 19an, administrazio konkurtsalak ERRUDUN KALIFIKAZIOA eskatu zuen honako terminoetan:

 TRIMAN MINERALS S.A.U. enpresaren konkurtsoa errudun jotzea.
 Errudunak honako pertsona fisiko eta juridikoak jotzea:

JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ
JAVIER SAN SEGUNDO ARBELOA
CESAR SAN SEGUNDO ARBELOA

Konplizea:

SAHER 2000 S.L

 Pertsona hauek hartzekodun bezala duten eskubideen galera.
 Pertsona juridiko eta fisiko hauek 923.838,8€ konkurtsoari itzultzea.
 Pertsona fisiko eta juridiko hauek bi urtez desgaitzea ondasunak kudeatzeko edo pertsonak ordezkatzeko.
 Eragindako kostu guztien ordainketa.

Guzti honetaz gain ere, gogoratu beharra dugu susmopean dagoen SAHER 2000 enpresari hilabetero 13.000 euro gehiago zor zaizkiola alokairu kontzeptuan. Beraz, alokairu hau egoera sortu duten horiei ordaintzen ari zaie.

Orain arte bizi izandako prozesuak eta dauden datu guztiek argi erakusten dute irregulartasun larriak egon direla TRIMAN MINERALS auzian, aurreko zuzendaritzaren aldetik. 42 familia hondoratu dituzte eta orain Mieresen (Asturias) egon den lapurretarekin aurkitzen gara.

Jakin dugun bezala, lapurtutako materialaren balioa 1.368.000 eurokoa izan da. Gogoratu behar dugu langileen zorra material horren menpe dagoela eta arriskuan jartzen dela zorraren kitapena. Administrazio konkurtsalaren informean jartzen duenaren arabera administratzaileak abuztuaren 6ean konturatu ziren lapurretaz. Momentu horretan Espainiako Poliziak Mieresen duen egoitzan salaketa jarri zuten eta ondoren atestatua aurkeztu zuten Espainiako Poliziak Iruñean duen egoitzan. Irailaren hasieran badirudi, lapurtutako materialaren zati bat aurkitu zutela eta aste honetan Asturiasko komunikabide baten bitartez hiru atxiloketa egon direla jakin dugu.

LABek exijitzen dugu lapurretaren inguruan egon diren guztiak argitu daitezen, ardura guztiak argitu daitezen eta lapurtutako materiala berreskuratzea. Merkataritza epaitegiari exijitzen diogu konkurtsoaren kontrola bermatzea eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzea. Kezka handiz ikusten dugu lantokiak dituen kalteak eta gero eta zailago ikusten dugu langileekin eta administrazioarekin dituzten zorren kitapena. Egoera ez da onargarria, jasanezina da.

 

 

 

Gozo I. Nazioarteko Jardunaldietan gaude, eskola elikadura praktika onei buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko

0

GOZO I. Nazioarteko Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, munduko hainbat lekutan martxan dauden eskola elikadura praktika onei buruz eztabaidatu eta hausnartzeko espazioa. Bertan dago LABeko ordezkaritza bat, entzule eta parte hartzaile gisa, sindikatuaren eredu eraikitzailea konpartitzeko. Hain zuzen ere, LABeko sukaldari eta hezitzaileak gerturatu dira bihar arte aukeran izango diren jardunaldietara, eskola elikadura osasuntsuagoa eta jasangarriagoa sustatzen duten politika publikoak, eragile eraldatzaileak eta esperientzia pedagogikoak ezagutzeko. Eredua, elikadura burujabetza eta lan baldintzak hizpide izango ditugu, besteak beste.


 

 

 

Udaltzaingoaren erabilera politikorik ez dugula onartuko adierazi dugu Bilboko udaletxearen aurrean

Aspalditik salatzen aritu gara Bilboko alkatearen eta segurtasuneko zinegotziaren nahiz zuzendaritzaren noraeza, Udaltzaingoaren garapenari dagokionez. Udal osoko bilkuran onartutako segurtasunaren aldeko itunean gertuko poliziaren eredua lehenetsi zen, herritarren eskubideak bermatze aldera. Ez zen inon aipatzen istiluen kontrako unitate bat sortzea, ezta Udaltzaingoa “ordena publikoaren” arloko jarduketetan erabiltzea ere. Horrela bada, herritarrengandik gertuko polizia eredu batetik, Udaltzaingoa helburu politikoekin erabiltzera pasatu gara, istiluen kontrako unitate bat sortuta.

Hauxe eskatzen diegu:

-Alkateari eta segurtasuneko zinegotziari zuzentzeko eta segurtasunaren aldeko itunean diseinatu zen Udaltzaingo eredura itzultzeko.

-Aipatutako ituna sinatu zuten alderdi politikoei, onartu zen terminoetan defenda dezaten eta alkateari eskatu diezaioten zuzentzea eta istiluen kontrako material guztia eta “ordena publikoari” dagokion instrukzio oro kentzeko, Udaltzaingoaren eskumena ez delako.

-Hainbestetan material hori erosteko eta esku-hartze taktiketan prestakuntza ikastaroak egiteko eskatu duten ELA, SVPE eta CCOO sindikatuei, atzera egin dezaten eta Udaltzaingoan eredu errepresiboa, antidemokratikoa eta herritarrengandik urrundua hauspotzeari utz diezaioten.
 

 

 

Erkorekak familia eta lana uztartzeko kontziliazio neurrietan “urratsak” ematen dituztela esatea herri honi iruzur egitea da

0
Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako lehen zikloarekiko duen jarrera deitoratu nahi dugu publikoki. Doakotasunean urratsak ez emateaz gain, zaintza zerbitzu bezala gaituelako. LABetik argi dugu zikloaren aitortzan eta herritar guztien aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza sistema propioa eraiki nahi dugula. Bide horretan lanean jarraituko dugu, euskal eskola publiko komunitarioa eraikitzen.

Eusko Jaurlaritzak beste iruzur bat egin du familia eta lana uztartzeko neurrietan. Erkoreka sailburuak funtzionarioei 18 asteko baimena emango ziela adierazi ostean, irailean berriz eremu guztietako langileek izango zutela aitatasun baimena 16 astez gozatzeko aukera azaldu zuen. Neurri honekin kontziliazioa bultzatu eta gizonezkoek zaintza lanetan ardura gehiago hartzea zela helburua adierazi zuen.

Gaur jakin dugu, prentsaren bidez, 16 asteko baimena hartzeko baldintza batzuk bete behar direla “benetako kontziliazioa” izan dadin: haur eskoletan ezin dutela izena eman baimen hau disfrutatzen ari diren bitartean, etxeko lanak egiteko ezin izango dutela inor kontratatu… Erabaki honekin familien erabakitze eskubidea urratzen da.

Hezkuntzak eskubide unibertsala izan behar du. 0-99 urte bitartean herritar orok hezkuntzarako eskubidea bermatzeko politikak bultzatu behar dituzte agintariek. Bide horretan, Haurreskolak Partzuergoan kuota sistema errenten arabera sailkatu zen, 18.000 eurotik beherako errenta duten familiei doakotasuna aitortuaz. Legebiltzarrak eskatu duen neurri honek ez du garapen errealik izan eta Haur Hezkuntzako lehen zikloan, 0-3 urteko etapan, Eusko Jaurlaritzak gaur gaurkoz ez du doako hezkuntza bermatzen. LABetik argi dugu ziklo honen doakotasuna defendatuko dugula haurrek hezkuntzarako duten eskubidea borrokatuaz.

Erkorekak, familia eta lana uztartzeko kontziliazio neurrietan “urratsak” ematen dituztela esatea herri honi iruzur egitea da. Egiturazko arazoei erantzun isolatuak emanaz eta propaganda elektoral gisara salduaz.

 

 

 

ADEGIren hipokrisia salatzen dugu eta Gipuzkoako Grafikagintzako langileen borroka eredugarritzat jotzen dugu

0

Gaur, urriak 2, Gipuzkoako grafikagintzako langileek zazpigarren greba eguna egin dute. Gaurkoan ere greba deialdia arrakastatsua izan da, grebaren jarraipena aurreko deialdien %70an mantentzen baita. Greba egunak aurrera doazen arren, langileen gehiengoak grebarekin bat egiten jarraitzen du. Kontuan izanda tailer txikietaz osatutako sektore batetaz ari garela, langileak ematen ari diren erantzun eredugarria txapela kentzeko modukoa da. LABek zoriondu nahi ditu langile guztiak.

LABek uste du ADEGIk hitzarmena hiltzen utzi nahi duela Bizkaian eta Nafarroan gertatu den bezala, non bertako hitzarmenak 2011 eta 2012tik berritu gabe dauden, hurrenez hurren. Honela, Estatuko hitzarmena pixkanaka ezarri nahi diete langileei, bereziki kontratazio berriei. Bestela ulergaitza da ADEGIk mantentzen duen jarrera inmobilista. ADEGIk aste honetan bertan gazteak industriara erakartzeko helburuarekin ekitaldi bat antolatu duen bitartean, Gipuzkoako Grafikagintzako langileei prekarietatea baino ez die eskaintzen. Propaganda eta hipokrisia gutxiago, lan baldintza on gehiago. Ez dira langileak falta industrian; bai, ordea, lan baldintza duinak.

Gaur Tolosako kaleetan mobilizatu gara. Bihar, urriak 3, zortzigarren greba eguna izango da eta mobilizazioa Donostiako kaleetara eramango dugu. Manifestazioa Gipuzkoako plazatik aterako da 12:00etan, eta hiru sindikatuetako industriako delegatuen babesa izango du.

 

 

 

Bizkaiko Metalgintza duintasunaren aldeko borroka argia da; prekarietateari gerra hau irabaztera goaz!

0

Beste egun batez ere, grebaren jarraipena eta grebalarien aktibazioa txalotu behar dugu; Bizkaiko Metalgintzan gertatzen ari dena ikaragarria da. Metalgintzako langileek lan baldintza duinen aldeko borrokan irmo jarraitzen dute; gainera, gero eta elkartasun eta babes keinu gehiago jasotzen ari gara. Argi dago, sektoreko borroka batetik herri borroka batera pasa garela. Beraz, gure esker ona pentsiodun, Eragin, Harro plataforma, ikasle eta gazte mugimenduei, mugimendu feministari eta gainerako herritar guztiei. Denon artean Metaleko Hitzarmen duina lortuko dugu!

Antipodetan dago FVEM, prekarietatearen aldeko jarrerari eutsiz; neurri atzerakoi guztiak mantenduz, negoziatzeko borondaterik ez duela argi erakutsiz. Eta, beraiekin, prekarietatearen aldeko jarrera horretan bat egin duen Urkullu lehendakaria. Berriro ere, argi esan nahi dugu, patronala txalotzeaz gain, prekarietatea babesten duen txotxongilo bat ezin dela herri honen lehendakaria izan.

Bagenekien, ongi jakin ere, patronalaren eta EAJren arteko maitasun-negozio harremana handia zela. Hala ere, argi gelditu da Confebask eta FVEMen desesperazioa zein puntura arte iritsi den; zuzen agindu diote Urkullu jaunari publikoki atera eta langile herria saltzeko; prekarietatearen bandera astindu du Urkulluk.

FVEM eta Urkullu, entzun! Enpresetan zabaltzen dituzuen mehatxu guztien gainetik, erabiltzen ari zareten errepresio bortitz guztiaren gainetik, Ajuria Eneako armamentu guztiaren gainetik, langileek ozen erantzun dute, prekarietatearekin bukatzera goaz. Metalgintzako Hitzarmen duin bat lortzera goaz! FVEm negoziatu orain!

Bukatzeko, nola ez, LABek gure babes eta indar guztia helarazi nahi diogu egunero egunero piketeetan lanean ari diren guztiei; zuekin gaude eta ikusi egiten dugu, arazoa ez dira piketeek sortutako istiluak, arazoak Pikete Polizialen jarrera da, probokazio eta mehatxuak dira. Bihar ere, kalean egongo gara, astelehenean, asteartean eta gaur bezain indartsu

 

 

 

CIE Alurecy enpresako grebalariak itxieraren aurka mobilizatu dira Bilbon, talde nagusiaren egoitzaren aurrean

0

Irailaren 16az geroztik greba mugagabean daude Elgetako CIE Alurecy enpresako langileak, eta elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon. Hain zuzen ere, CIE Automotive taldearen parte da Elgetako enpresa, eta horregatik egin dute protesta Bilbon, CIE Automotiveren egoitzaren aurrean. Autogintza sektorean egiten du lan CIE Alurecy-k. 18 langile daude bertan lanean, eta LAB sindikatuak du ordezkaritza. Lantokia urte amaieran ixteko asmoa azaldu zuen zuzendaritzak ekainean, eta orduz geroztik egondako bileretan ez da konponbiderik eman. Hortaz, grebara jotzea erabaki dute langileek.

CIE Alurecy Elgetako lantokiko 18 langileak greba mugagabean daude joan den irailaren 16az geroztik. Langileen %100a ari da parte hartzen greban, eta egoerak hobera egiten ez duela ikusirik, luzera jotzeko itxura hartzen ari da hau. Aldarrikapenak argiak dira: Elgetako planta ixteko erabakiaren aurrean berkolokazio duinak eskatzen ditugu langile guztientzat, CIEk inguruan dituen lantokietan. Enpresaren erantzuna, baina, negargarria izaten ari da. Onartu ezinezko baldintzak proposatu ditu, langileen etorkizuna mehatxuan jarriz.

Egunez egun ikusten ari gara CIE taldearen inguruko berriak medioetan:

-150 miloi euroko irabaziak izan ditu 2019ko lehen 6 hilabeteetan.

-CIEko Jesus Maria Herrera kontseilaria da estatu espainiarreko bigarren soldata handiena jasotzen duena. 48.572€ gordin eguneko poltsikoratu zituen 2017an.

-CIEren 23 urteko historian 70 enpresa erosi ditu. Azken hilabete hauetan Mexikoko bi enpresa 59 miloi euroren truke, eta Italiako bat 79,6 miloi euroren truke.

Egoera honek are eta ulergaitzago egiten du enpresaren jarrera, eta honen aurrean ez gaude amore emateko prest. Grebak aurrera jarraitzen du, eta, gaur, CIEk Bilbon daukan egoitzaren aurrean mobilizatu gara.

 

 

 

Opor garaiko iruzurrarekin lotuta dago iraileko langabeziaren jaitsiera

Langabeziak Hego Euskal Herrian behera egin du irailean, 3.090 langabe gutxiago daude, %2,1 gutxiago abuztuaren amaierarekin alderatuta. Orotara, 144.071 langabe daude.

Herrialde guztietan izan da jaitsiera, eta gizon zein emakumeei eragin die. Horrenbestez, langabeziari dagokionez, gizon eta emakumeen arteko aldeak bere horretan jarraitzen du; %42 eta %58, hurrenez hurren. Kontrara, langabeziak gora egin du 25 urte baino gutxiagoko gazteen artean, abuztua bukaeran baino 447 gazte gehiago baitaude langabe.

Iraileko langabeziaren jaitsierak oso ohikoa den iruzur batekin du lotura hein handi batean. Izan ere, oporretan behin behineko langileei baja eman ohi zaie zenbait arlotan, gero irailean haien kontratuak berritzeko. Modu honetan, opor garaiko soldatak eta gizarte kotizazioak aurreztu egiten dituzte. Iruzur hau Irakaskuntza bezalako sektoreetan oso errotuta dago, baina ez da bakarrik arlo pribatuan aritzen diren enpresen gauza, Administrazio Publikoan ere zabalduta dagoelako.

Bestalde, beharrezkoa iruditzen zaigu salaketa bat egitea: langabeziatik bermatzeko sistema ez da nahikoa eta zaharkituta geratu da lan merkatuak gaur egun sortzen dituen beharrei begira, oso dualizatuta dagoelako eta lan indarren zati handi bat langabe, azpikontratatu edo modu prekarioan edo behin behinean lanean ari direnek osatzen dutelako.

Prekarietatea eta miseriazko soldatak anomalia iraunkor bilakatu dira indarrean dagoen lan harremanetarako ereduan. Langabe dauden hiru pertsonetatik bik ez dute inolako langabezia laguntzarik jasotzen.

Laburbilduz, gure gizartearen egoera hain da larria 2008ko krisiaren antzeko beste bat jasatea biziki gogorra izango litzatekeela. Hortaz, hurrengo errezesioa noiz etorriko zain ezin gara egon. Arrazoi honengatik, premiazkoa da egungo ekonomia politiken zutabeak deseraikitzea, kapitala eta enpresa handiak dituztenen interesak handitzea baitu helburu, beti ere eskubide sozialen eta lan baldintzen kalterako.

Era berean, babes sozialerako sistemak zuzendu behar dira bere izaera birbanatzailea eta solidarioa indartzeko.

Ez dago formula magikorik aldaketa hauek lortzeko. Gure palanka bakarrak lidertza eta mobilizazio soziala dira.

 

 

 

Onartezina da Nafarroako Auzitegi Gorenak euskararekiko hartutako erabakia

LABek berriro ere berresten du indarrean dagoen legeak eta berau aldatu gabe sortutako dekretuek ez dutela balio nafarron hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako euskararen lege berria egitea. Bide horretan gaurko bezalako erabakiak oztopoak baino ez dira; egungo euskara legea eta hark ezarritako diskriminazio egoera larria betikotzeko bideak, hain zuzen ere.

Nafarroako euskararen dekretuan euskara meritu gisa baloratzeko artikuluak atzera bota ditu Nafarroako Auzitegi Gorenak, UGT sindikatuak jarritako helegite baten harira. Besteak beste, Nafarroako eremu misto, ez euskaldunean eta administrazio zentralean lan egiteko euskara meritu gisa baloratzeko aukera bertan behera utzi du, berriro ere Foru Erkidegoko berezko hizkuntza eta bere hiztunak bazterrean utzita. Horrez gain, tokian tokiko administrazioaren menpe utziko du paisaia linguistikoan euskarari eutsiko zaion ala ez, orain arte hizkuntza ofizial bietan errotulatzeko zegoen derrigortasuna ere bertan behera utzi baitu.

LAB sindikatuak, Nafarroako administrazioan ordezkaritzarik handien duen sindikatuak, oso larritzat jotzen du auzitegiak hartutako erabaki hau, berriz ere nafar langile zein herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituelako, batetik, eta aldaketaren gobernuak arlo honetan egindako aurrera urratsak atzera botatzen dituelako, bestetik.

Administrazio publikoan hizkuntza eskubideen urraketa iraunkorra gertatzea ezin da onartu, LAB sindikatuaren ustez. Nola liteke bi hizkuntza jakitea bakarraren mesedetan zigortzea? Nola liteke Nafarroako hizkuntza propio bietako bat, euskara alegia, administrazioan lan egiteko ez baloratzea eta ingelesa edo frantsesa, ordea, bai?

Eleaniztasuna inoiz baino baloratuago dagoen garaiotan, LABen iritziz, ulertezina da hizkuntza eskubideen berdintasunaren aurka halako egoerak jasan behar izatea. Euskarak, hizkuntza gutxitua den heinean, babes neurriak behar ditu, bere aldeko diskriminazio positiboa, eta ez bigarren mailako hizkuntza izaerarekin jarraitzeko bideak zabaltzea.

LABek berriro ere berresten du indarrean dagoen legeak eta berau aldatu gabe sortutako dekretuek ez dutela balio nafarron hizkuntza eskubideak bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako euskararen lege berria egitea. Bide horretan gaurko bezalako erabakiak oztopoak baino ez dira; egungo euskara legea eta hark ezarritako diskriminazio egoera larria betikotzeko bideak, hain zuzen ere.

Bide horretan, UGT sindikatuari ere nahikoa dela esan nahi diogu. Ez dezala salaketa antzu gehiagorik jarri euskaldunon eskubideak urratzeko bada, azken urteetan mota honetako salaketak egin izan dituen sindikatu bakarrenetakoa izan da eta. Onartezina da elebakarren supremazismo eta pribilegioak defendatzea elebidunen kalterako.

Langileok euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea dugu! Nafarroan euskarari eraso gehiagorik ez!