2026-02-05
Blog Page 593

Mobilizazioak gogortuko ditugu Gipuzkoako Grafikagintzan, eta greba egun gehiago iragarriko ditugu datozen egunetan

0

LABek oso iritzi positiboa du hitzarmen duin baten defentsan Grafikagintzako langileek emandako erantzunaz. Sektore txikia izan arren, 8 greba egunek oso jarraipen handia izan dute eta mobilizazio ugari ere (elkarretaratzeak, kotxe karabanak, manifestazioak…) egin dira. Honek guztiak agerian uzten du langileek beren lan baldintzak hobetzeko duten adorea. Gaur bertan mobilizazio jendetsua egin dute Donostian, beste sektoreetako ordezkari sindikalen babesarekin.

Sektoreko langileek mandatu argia eman digute: ez dugu etsiko akordio justu bat lortu arte. Oinarrizko aldarrikapenak eskatzen ari gara: KPIaren gorako soldata igoerak, lizentziak hobetzea, kontratazioa hobetzea, Estatuko hitzarmenaren mehatxua gainetik kentzea eta laneko baimenen inguruko epai judizialak aplikatzea.

Sektorearen egungo egoerarekin bat datozen proposamenak dira. Proposamen guztiak gauzagarriak dira eta LAB eta langileok argi dugu: borrokan jarraituko dugu hauek lortu arte. Hori dela eta, gogortuko dugu borroka datozen asteetan. LABeko ordezkariak atzo asanbladan bildu ziren eta mobilizazio egutegia aho batez onartu zuten. Gainerako sindikatuekin partekatuko dugu proposamena eta datozen egunetan iragarriko ditugu greba egun berriak.

 

 

 

Azken lan heriotza salatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurrean aurreikusitako elkarretaratzera deitu ditugu langileak

LABetik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, azken istripua salatzeko dei egiten diogu langile klaseari, ostiralean, hilak 4, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, CGT eragile sindikalok deituta, 11:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean deitu dugun elkarretaratzera.

Atzo, urriak 2, 32 urteko langile bat hil zen lanean, Erripagainan (Burlata) egiten ari diren eraikin bateko bosgarren solairutik erorita, Construcciones Adanaren azpikontrata baterako lanean ari zela.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bere senide, lagun eta lankideei. Urtea hasi denetik, gutxienez 35 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian, Nafarroan 11.

Azken istripu honetan nabarmentzekoa da azpikontrata batean ari zela hildako langilea. LAB sindikatutik behin eta berriro salatu dugu eraikuntza sektorean lan baldintzak prekarioak direla, azpikontratazio kate luzeak, ordu extrak , soldata eskasak…

Lan istripuek erantzule zuzenak ditu. Patronala irabazi ekonomikoak lehenesten ditu langileen segurtasun eta bizitzatzen gainetik. Aldi berean, Administrazio Publikoen jarrera salatu nahi dugu, sarraski honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako. Egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzaten dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute.

Pauso bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatu eta erantzukizunak garbitzea exigitzen dugu.

Laneko biolentziarekin amaitzeko, Nafarroako Gobernuari exigitzen diogu lan osasunean daraman elkarrizketa soziala politikarekin apurtzea, lan istripuen aurrean tolerantzia 0 edukitzea, eta kontrola eta zaintza bermatu ditzala.

 

 

 

Anbulantzien egoera tamalgarriaren ondorioz Gasteizen atzo izandako istripua salatu nahi dugu

0
LAB sindikatutik, “Ute ambulancias Maiz HTG Euskadi” enpresako langile batek atzo arratsaldean Gasteizen izan zuen lan istripua salatu nahi dugu. Gidatzen ari zuen anbulantziaren gidagailua apurtu eta aparkatuta zeuden bi kotxeren aurka talka egin zuen.

Istripua hiri barnean gertatu zen, gaixoa eta berarekin zegoen pertsona leku-aldatzen ari zirenean. Errepidean gertatu izan balitz, ondorioak askoz larriagoak izan ahal ziren.

LAB-etik salatu nahi dugu zerbitzu hau azpikontratatzen duten enpresek soilik etekin ekonomikoan pentsatzen dutela, eta ez erabiltzaileen segurtasunean; are gutxiago, zerbitzua ematen duten profesionalen segurtasunean. Bestela, ezin da ulertu zerbitzua emateko 800.000 kilometro dituen anbulantzia erabiltzea, zeinen gainera gidagailua gaizki duen.

Eusko Jaurlaritza ere egiten dugu lan istripuaren arduradun, behin zerbitzua kontratatu eta gero, ez da materialaren beharrezko kontrolik egiten, enpresek nahi eran egin eta desegin dezaten ahalbidetuz. Honek ondorio larriak ditu, bai enpresako langileentzat, baita erabiltzaileentzat ere.

 

 

 

TRIMAN MINERALS enpresak izan duen material lapurreta salatu nahi dugu; guztira 1.368.000 euro izan dira lapurtuak

0

Triman Minerals hartzekodunen konkurtsoan dago 2018ko ekainaren 5etik, langileak kaleratuak daude 2019ko martxoaren 11tik. Guztira 45 langile dira kaltetuak eta horietatik 32 Nafarroan. Guztira, langileak zor zaien soldataren zati bat FOGASAtik kobratu badute ere, langile bakoitzari hamar nomina inguru zor zaizkie bataz beste (milioi bat euro gutxi gora behera).

2019ko martxoaren 19an, administrazio konkurtsalak ERRUDUN KALIFIKAZIOA eskatu zuen honako terminoetan:

 TRIMAN MINERALS S.A.U. enpresaren konkurtsoa errudun jotzea.
 Errudunak honako pertsona fisiko eta juridikoak jotzea:

JOSE LUIS SAN SEGUNDO PEREZ
JAVIER SAN SEGUNDO ARBELOA
CESAR SAN SEGUNDO ARBELOA

Konplizea:

SAHER 2000 S.L

 Pertsona hauek hartzekodun bezala duten eskubideen galera.
 Pertsona juridiko eta fisiko hauek 923.838,8€ konkurtsoari itzultzea.
 Pertsona fisiko eta juridiko hauek bi urtez desgaitzea ondasunak kudeatzeko edo pertsonak ordezkatzeko.
 Eragindako kostu guztien ordainketa.

Guzti honetaz gain ere, gogoratu beharra dugu susmopean dagoen SAHER 2000 enpresari hilabetero 13.000 euro gehiago zor zaizkiola alokairu kontzeptuan. Beraz, alokairu hau egoera sortu duten horiei ordaintzen ari zaie.

Orain arte bizi izandako prozesuak eta dauden datu guztiek argi erakusten dute irregulartasun larriak egon direla TRIMAN MINERALS auzian, aurreko zuzendaritzaren aldetik. 42 familia hondoratu dituzte eta orain Mieresen (Asturias) egon den lapurretarekin aurkitzen gara.

Jakin dugun bezala, lapurtutako materialaren balioa 1.368.000 eurokoa izan da. Gogoratu behar dugu langileen zorra material horren menpe dagoela eta arriskuan jartzen dela zorraren kitapena. Administrazio konkurtsalaren informean jartzen duenaren arabera administratzaileak abuztuaren 6ean konturatu ziren lapurretaz. Momentu horretan Espainiako Poliziak Mieresen duen egoitzan salaketa jarri zuten eta ondoren atestatua aurkeztu zuten Espainiako Poliziak Iruñean duen egoitzan. Irailaren hasieran badirudi, lapurtutako materialaren zati bat aurkitu zutela eta aste honetan Asturiasko komunikabide baten bitartez hiru atxiloketa egon direla jakin dugu.

LABek exijitzen dugu lapurretaren inguruan egon diren guztiak argitu daitezen, ardura guztiak argitu daitezen eta lapurtutako materiala berreskuratzea. Merkataritza epaitegiari exijitzen diogu konkurtsoaren kontrola bermatzea eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzea. Kezka handiz ikusten dugu lantokiak dituen kalteak eta gero eta zailago ikusten dugu langileekin eta administrazioarekin dituzten zorren kitapena. Egoera ez da onargarria, jasanezina da.

 

 

 

Gozo I. Nazioarteko Jardunaldietan gaude, eskola elikadura praktika onei buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko

0

GOZO I. Nazioarteko Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, munduko hainbat lekutan martxan dauden eskola elikadura praktika onei buruz eztabaidatu eta hausnartzeko espazioa. Bertan dago LABeko ordezkaritza bat, entzule eta parte hartzaile gisa, sindikatuaren eredu eraikitzailea konpartitzeko. Hain zuzen ere, LABeko sukaldari eta hezitzaileak gerturatu dira bihar arte aukeran izango diren jardunaldietara, eskola elikadura osasuntsuagoa eta jasangarriagoa sustatzen duten politika publikoak, eragile eraldatzaileak eta esperientzia pedagogikoak ezagutzeko. Eredua, elikadura burujabetza eta lan baldintzak hizpide izango ditugu, besteak beste.


 

 

 

Udaltzaingoaren erabilera politikorik ez dugula onartuko adierazi dugu Bilboko udaletxearen aurrean

Aspalditik salatzen aritu gara Bilboko alkatearen eta segurtasuneko zinegotziaren nahiz zuzendaritzaren noraeza, Udaltzaingoaren garapenari dagokionez. Udal osoko bilkuran onartutako segurtasunaren aldeko itunean gertuko poliziaren eredua lehenetsi zen, herritarren eskubideak bermatze aldera. Ez zen inon aipatzen istiluen kontrako unitate bat sortzea, ezta Udaltzaingoa “ordena publikoaren” arloko jarduketetan erabiltzea ere. Horrela bada, herritarrengandik gertuko polizia eredu batetik, Udaltzaingoa helburu politikoekin erabiltzera pasatu gara, istiluen kontrako unitate bat sortuta.

Hauxe eskatzen diegu:

-Alkateari eta segurtasuneko zinegotziari zuzentzeko eta segurtasunaren aldeko itunean diseinatu zen Udaltzaingo eredura itzultzeko.

-Aipatutako ituna sinatu zuten alderdi politikoei, onartu zen terminoetan defenda dezaten eta alkateari eskatu diezaioten zuzentzea eta istiluen kontrako material guztia eta “ordena publikoari” dagokion instrukzio oro kentzeko, Udaltzaingoaren eskumena ez delako.

-Hainbestetan material hori erosteko eta esku-hartze taktiketan prestakuntza ikastaroak egiteko eskatu duten ELA, SVPE eta CCOO sindikatuei, atzera egin dezaten eta Udaltzaingoan eredu errepresiboa, antidemokratikoa eta herritarrengandik urrundua hauspotzeari utz diezaioten.
 

 

 

Erkorekak familia eta lana uztartzeko kontziliazio neurrietan “urratsak” ematen dituztela esatea herri honi iruzur egitea da

0
Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako lehen zikloarekiko duen jarrera deitoratu nahi dugu publikoki. Doakotasunean urratsak ez emateaz gain, zaintza zerbitzu bezala gaituelako. LABetik argi dugu zikloaren aitortzan eta herritar guztien aukera berdintasunean oinarritutako hezkuntza sistema propioa eraiki nahi dugula. Bide horretan lanean jarraituko dugu, euskal eskola publiko komunitarioa eraikitzen.

Eusko Jaurlaritzak beste iruzur bat egin du familia eta lana uztartzeko neurrietan. Erkoreka sailburuak funtzionarioei 18 asteko baimena emango ziela adierazi ostean, irailean berriz eremu guztietako langileek izango zutela aitatasun baimena 16 astez gozatzeko aukera azaldu zuen. Neurri honekin kontziliazioa bultzatu eta gizonezkoek zaintza lanetan ardura gehiago hartzea zela helburua adierazi zuen.

Gaur jakin dugu, prentsaren bidez, 16 asteko baimena hartzeko baldintza batzuk bete behar direla “benetako kontziliazioa” izan dadin: haur eskoletan ezin dutela izena eman baimen hau disfrutatzen ari diren bitartean, etxeko lanak egiteko ezin izango dutela inor kontratatu… Erabaki honekin familien erabakitze eskubidea urratzen da.

Hezkuntzak eskubide unibertsala izan behar du. 0-99 urte bitartean herritar orok hezkuntzarako eskubidea bermatzeko politikak bultzatu behar dituzte agintariek. Bide horretan, Haurreskolak Partzuergoan kuota sistema errenten arabera sailkatu zen, 18.000 eurotik beherako errenta duten familiei doakotasuna aitortuaz. Legebiltzarrak eskatu duen neurri honek ez du garapen errealik izan eta Haur Hezkuntzako lehen zikloan, 0-3 urteko etapan, Eusko Jaurlaritzak gaur gaurkoz ez du doako hezkuntza bermatzen. LABetik argi dugu ziklo honen doakotasuna defendatuko dugula haurrek hezkuntzarako duten eskubidea borrokatuaz.

Erkorekak, familia eta lana uztartzeko kontziliazio neurrietan “urratsak” ematen dituztela esatea herri honi iruzur egitea da. Egiturazko arazoei erantzun isolatuak emanaz eta propaganda elektoral gisara salduaz.

 

 

 

ADEGIren hipokrisia salatzen dugu eta Gipuzkoako Grafikagintzako langileen borroka eredugarritzat jotzen dugu

0

Gaur, urriak 2, Gipuzkoako grafikagintzako langileek zazpigarren greba eguna egin dute. Gaurkoan ere greba deialdia arrakastatsua izan da, grebaren jarraipena aurreko deialdien %70an mantentzen baita. Greba egunak aurrera doazen arren, langileen gehiengoak grebarekin bat egiten jarraitzen du. Kontuan izanda tailer txikietaz osatutako sektore batetaz ari garela, langileak ematen ari diren erantzun eredugarria txapela kentzeko modukoa da. LABek zoriondu nahi ditu langile guztiak.

LABek uste du ADEGIk hitzarmena hiltzen utzi nahi duela Bizkaian eta Nafarroan gertatu den bezala, non bertako hitzarmenak 2011 eta 2012tik berritu gabe dauden, hurrenez hurren. Honela, Estatuko hitzarmena pixkanaka ezarri nahi diete langileei, bereziki kontratazio berriei. Bestela ulergaitza da ADEGIk mantentzen duen jarrera inmobilista. ADEGIk aste honetan bertan gazteak industriara erakartzeko helburuarekin ekitaldi bat antolatu duen bitartean, Gipuzkoako Grafikagintzako langileei prekarietatea baino ez die eskaintzen. Propaganda eta hipokrisia gutxiago, lan baldintza on gehiago. Ez dira langileak falta industrian; bai, ordea, lan baldintza duinak.

Gaur Tolosako kaleetan mobilizatu gara. Bihar, urriak 3, zortzigarren greba eguna izango da eta mobilizazioa Donostiako kaleetara eramango dugu. Manifestazioa Gipuzkoako plazatik aterako da 12:00etan, eta hiru sindikatuetako industriako delegatuen babesa izango du.

 

 

 

Bizkaiko Metalgintza duintasunaren aldeko borroka argia da; prekarietateari gerra hau irabaztera goaz!

0

Beste egun batez ere, grebaren jarraipena eta grebalarien aktibazioa txalotu behar dugu; Bizkaiko Metalgintzan gertatzen ari dena ikaragarria da. Metalgintzako langileek lan baldintza duinen aldeko borrokan irmo jarraitzen dute; gainera, gero eta elkartasun eta babes keinu gehiago jasotzen ari gara. Argi dago, sektoreko borroka batetik herri borroka batera pasa garela. Beraz, gure esker ona pentsiodun, Eragin, Harro plataforma, ikasle eta gazte mugimenduei, mugimendu feministari eta gainerako herritar guztiei. Denon artean Metaleko Hitzarmen duina lortuko dugu!

Antipodetan dago FVEM, prekarietatearen aldeko jarrerari eutsiz; neurri atzerakoi guztiak mantenduz, negoziatzeko borondaterik ez duela argi erakutsiz. Eta, beraiekin, prekarietatearen aldeko jarrera horretan bat egin duen Urkullu lehendakaria. Berriro ere, argi esan nahi dugu, patronala txalotzeaz gain, prekarietatea babesten duen txotxongilo bat ezin dela herri honen lehendakaria izan.

Bagenekien, ongi jakin ere, patronalaren eta EAJren arteko maitasun-negozio harremana handia zela. Hala ere, argi gelditu da Confebask eta FVEMen desesperazioa zein puntura arte iritsi den; zuzen agindu diote Urkullu jaunari publikoki atera eta langile herria saltzeko; prekarietatearen bandera astindu du Urkulluk.

FVEM eta Urkullu, entzun! Enpresetan zabaltzen dituzuen mehatxu guztien gainetik, erabiltzen ari zareten errepresio bortitz guztiaren gainetik, Ajuria Eneako armamentu guztiaren gainetik, langileek ozen erantzun dute, prekarietatearekin bukatzera goaz. Metalgintzako Hitzarmen duin bat lortzera goaz! FVEm negoziatu orain!

Bukatzeko, nola ez, LABek gure babes eta indar guztia helarazi nahi diogu egunero egunero piketeetan lanean ari diren guztiei; zuekin gaude eta ikusi egiten dugu, arazoa ez dira piketeek sortutako istiluak, arazoak Pikete Polizialen jarrera da, probokazio eta mehatxuak dira. Bihar ere, kalean egongo gara, astelehenean, asteartean eta gaur bezain indartsu