2026-01-31
Blog Page 554

Txileko Central Unitaria de Chileren XII. Kongresuan parte hartu dugu

0

LAB sindikatuak Central Unitaria de Chile (CUT) sindikatuak urtarrilaren 24 eta 25ean buruturiko kongresuan parte hartu du, Santiago de Chilen. Bertan izan da LABeko Nazioarteko arduradun Koldo Saenz.

Kongresua Estadio Victor Jara-n burutu zen, 1973-ko estatu kolpean atxiloketa, tortura eta desagerpen eremua izan zena, bertan Victor Jara bera atxilotua, torturatua eta eraila izan zelarik. XII. Kongresu hau ez-ohiko testuinguru politiko eta sozial batean burutu da, orain lau hilabete Txileko herriak pertsona guztientzako berdintasunean oinarrituko den etorkizun baten alde aurrera daraman borroka dela medio. Txileko herriak nahikoa dela ozen eta argi esan du eta herri sektoreak beraien eskubideen alde altxatu egin dira, Sebastian Piñeraren gobernuaren errepresioaren eta giza eskubideen urraketa sistematikoen aurrean beldurrik ez duela erakutsiz.

Txilen gertatzen ari den errepresioaren zenbakiek beldurra ematen dute. 30 pertsona erailak izan dira polizia eta militarren ekintzen ondorioz, 30.000 pertsona inguru atxilotuak izan dira eta 2.000 pertsona inguruk espetxean jarraitzen dute, armada edo polizia indarren aurkako 5 kereila kriminal aurkeztu dira, INDH-k (Instituto Nacional de Derechos Humanos) delitu ezberdinengatik 1.000 salaketa egin ditu erailketa, tortura, erailketa saiakera, eta sexu indarkeria (158 kasu) oso bortitza da, besteak beste. 3.600 pertsona zaurituak izan dira, horietarik 269 haurrak eta nerabeak, eta 400 pertsona inguruk begietako zauriak izan dituzte horietariko askok begi bat galdu dutelarik. Hamarnaka hildakorekin, milaka atxiloturekin, ehundaka elbarrirekin eta bortxatuak izandako hamarnaka pertsonekin inork ezin dezake defendatu Txilen zuzenbide estatu bat dagoenik.

Hain kontextu berezian, Txileko CUT-en kongresua burutu zen, LAB-ez gain, Argentina, Mexiko, Estatu Batuak, Brasil, Panama, Peru, Frantzia, Espainiar Estatua, Euskal Herria, Portugal, Italia, Turkia, Marruekos eta Galizatik joandako nazioarteko ordezkaritza zabal batekin.

Kongresuan Txileko herriak dituen erronka garrantzitsuak eta bereziki mugimendu sindikalak jokatu behar duen papera izan ziren eztabaidagai. Lehendakaria den Barbara Figueroak zuzentzen duen zentral sindikalak, herrialdean nagusi den zentral sindikalak, Txilen aldaketa politiko eta sozialerako prozesu bat bultzatzeko langile klasearen tresna are eta garrantzitsuagoa izateko erronka dauka aurretik, behingoagatik diktadura garaitik mantentzen den botere ekonomikoarekin apurtuko duen prozesua indartzeko hain zuzen ere.

LAB sindikatutik, buruturiko kongresuarengatik eta buruturiko eztabaida garrantzitsua egiteko erakutsi duen heldutasunarengatik, CUT sindikatua zoriondu nahi dugu. CUT-ekin eta Txileko herriarekin batera herrialdeak jokoan hainbeste duen prozesuan bidaide izaten jarraituko dugu. CUT sindikatuak eta Txileko herriak LABekin eta Euskal Herriarekin borroka honetan herri solidario bezala konta dezake. Che Guevara, Simon Bolivar eta Luis Emilio Recabarranen arbasoen jaioterri izandako munduko txoko honetatik, Txilen gertatzen ari dena oso hurbil sentitzen dugu; El Salvadorren FMLN-rekin batera borrokan ari zela eraila izan zen Pakito Arriaren euskal internazionalistak esan zuen bezala, “herri bat daukagulako maitatzeko eta mundu bat borrokatzeko”.

 

 

 

#U30GrebaOrokorra Argarki Galeria

{myFlickr}feed=photoset,photoset_id=72157712877857588,displaymode=gallery{/myFlickr}

Greba Orokorrak lantokiak husteko helburua du eta kaleak betetzea 101 mobilizazioekin

Urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ‘Lan, pentsio, bizitza duina’ lelopean deitutako greba orokorrak lantokiak husteko helburua du, eta horrekin batera, Euskal Herrian zehar ematen ari diren borroka ezberdinen islada izan nahi du. Horregatik, sindikatu deitzaileek (LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, Etxalde) eta eragile sozialek (pentsionisten mugimendua, feministak, ekologistak etab) egun osoko ekitaldi eta manifestazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Oraingoz, 101 mobilizazio deituta daude.

Greba deialdia izaten ari den babes zabalaren adierazle da enpresa batzordeen jasotako atxikimendu andana. Ildo beretik, grebak duen atxikimendu zabala erakusten dute hainbat udaletxe eta instituzionetan onartu izan diren grebaren aldeko mozioek. Herri eta auzoko greba batzordeak lanean daude, Karta Sozialak proposatu duen ildotik, argitaratu den aldarrikapen taula oinarri hartuta. Atxikimenduekin jarraituz, babes zabala jaso du greba deialdiak gure mugetatik harago, nazioarteko eta estatu mailako sindikatu eta eragileen eskutik ere: Galizia, Aragoi, Valencia, Andaluzia, Madril, Catalunya, Asturias eta Estremaduran, besteak beste, mobilizazioak daude deituta Euskal Herriko deialdiarekin elkartasunez.

Gehiegizko zerbitzu minimoen salaketan berresten gara. Era berean, gutxieneko zerbitzuetan aritu behar izango duten langileek paparrean hori bera adierazten duten ikurra eramango dute. Haiek bezala, gogoan izango ditugu ere greba egiterik izango ez duten kolektibo ezberdinak: etxeko langileak, autonomo faltsuak, bekadunak, paperik gabeak… Eguerdiko manifestazioetan tarte berezi bat eskainiko diegu, silueta batzurekin ordezkatuz haien hutsunea.

Borroken uztarketaz ari garelarik, pentsiodunen mugimenduak protagonismo berezia izango du greba egunean. Bilbo, Gasteiz, Iruñea zein Donostiako eguerdiko mobilizazioetan zutabe edo bloke propioak izango dituzte, guztietan.

Borroka ideologikoa, mobilizazioa eta ekimen zabalak, erakargarriak, baketsuak eta irudimentsuak erabiliko dira. Gauzak horrela, herri eta auzoko greba batzordeen eta grebaren deitzaileen eskutik (Karta Sozialaren parte garen sindikatuak eta eragileak) ez da sustatu edo babestuko ezaugarri hauei erantzuten ez dioten ekintza edo ekimenik.

U30ean kaleak bete behar ditugu eta gure aldarrikapenak ozen entzun behar dira.
 

 

 

Greba Orokorrari erantzuna Nafarroan: CENek Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua aipatu eta Chivitek otsailaren 4rako finkatu du bilera

Nafarroako Karta Sozialak interpelazio bikoitza egin du azken asteotan, Patronalari eta Nafarroako Gobernuari, ostegun honetako Greba Orokorrean planteatutako aldarrikapenei bide emateko.

Zehazki, Karta Sozialak dei egin zion CENi gai zehatzen inguruko akordioa negoziatzeko, lau punturen inguruan: 1.200 eurotako gutxieneko soldata, gehienez 35 eta gutxienez 20 ordutako lanastea, emakumeen kontrako arrakal oro desagertzea eta subrogaziorako eskubidea. Aipatu akordioa guztiz bideragarria da ikuspegi legaletik eta estaldura emango lieke Nafarroako langile guztiei. Berriki jaso dugu CENen erantzuna, eztabaidatik ihes egin eta Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua aipatzen duena. Gure ustez, patronalaren erantzuna aipatu markoa sortu zenetik egiten ari garen salaketaren froga berria da: Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak balio du Patronalak eztabaidaren aldeko jarrera erakusteko, benetan ez duenean aipatutakoak bezalako neurri zehatzak negoziatzeko borondaterik. Azken finean, orokorkerietaz hitz egitea da kontua; gutxieneko soldata, gehienezko lanaldia, soldata arrakala edo subrogazioaren eztabaidan sartu gabe. Honen aurrean, garrantzia handiagoa hartzen du osteguneko Greba eguna erabateko arrakasta izateak, Patronala behartzeko mahaian eseri eta gai zehatzen inguruko akordioa negoziatzera.

Bestalde, Eskubide Sozialen Kartak bilera eskatu zuen Gobernuko Presidentearekin, Chivite anderearekin, bere konpetentzien esparruan Karta Sozialaren aldarrikapenei bide emateko.

Nafarroak gaitasuna dauka, beste kontu batzuen artean, pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko, bermatutako errenta duina zehazteko edo etxebizitzarako eskubidea benetan ziurtatzeko. Chivite anderea prest agertu zen urtarrilaren 27an batzartzeko, azkenean bilera otsailaren 4ra atzeratu arren.

Hortaz, ikuspegi honetatik ere garrantzitsua da ostegun honetan ikus dadila gehiengo sozial bat, nafar gutzientzako lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatuko dituena.

 

 

 

[IRITZIA] “Greba Orokorraren hitzordua Bizkaian”

0

Mikel Alvarez, Erika Bilbao, Dabid Lizarralde, Agustin Figal, Josune Eroa, Garazi Biteri, Kris Alvarez eta Ion Basurko LABeko kideek Greba Orokorrera jotzeko arrazoiei buruz idatzi dute, Bizkaiko errealitatea oinarri.

Urtarrilaren 30ean zita bat daukagu Bilboko kaleak betetzeko. Pentsionistek eta bestelako eragile sozial eta sindikalen aldarrikapenen konfluentzia irudikatzeaz eta aldarrikapenak plazaratzeaz gain, aldaketa sozialaren alde dagoen herri bizi bat dagoela erakustea dagokigu.

Kapitalak inposatu nahi digun ereduaren aurrean altenatiba sozial bat eraikitzeko prest dagoen herri bat, langile klase bat alegia. EAJren eta PSEren gestio eredua da, hain zuzen ere, kapitalaren proiektuaren lehenengo lubakia. Baina badago herri honetan gehiengo sozial bat diskurtso teknokrata eta postpolitikoak onartzen ez dituena, errekurtso publikoak gutxi batzuen eskuetan uzteko mozorroa besterik ez dela badakiena.

Sinestarazi nahi digute “gestio” deitzen dioten eredu hori dela bide bakarra eta Euskal Herriko etorkizun ekonomikoa publikoaren subkontratazioan sakontzean, zaintza lanen eta lan erreproduktiboen sostengaezinean, eredu produktiboaren tertziarizazio eta nazioartekotzean, inbertsio funtsen eskuetan edota “lan kostuen” murrizketan dagoela. Preseski, Bizkaia da paradigma hori modu argian barnebiltzen duen herrialdea.

Eredu arrakastatsu bezala aurkezten digute, baina gezurra da; oinarri ahulak eta sostengaezinak dituen eredua da, geroz eta pertsona gehiago prekarietatera, pobreziara eta bazterketa sozialera kondenatzen dituena eta gainera, babes sozialeko eremuan murrizketak besterik planteatzen ez dituena. Horren adibide garbia da DSBEren inguruan Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaida. Ezin dugu ahaztu Bilbo Handian Euskal Herriko pobrezia eta prekarietate tasa handiena bizi daudela eta instituzioek, errealitate horren aurrean, beste alde batera begiratzen dutela.

Horregatik uste dugu urtarrilaren 30ean aukera bat dugula, behintzat egun batez, instituzioei boterearen monopolioa kentzeko eta kaleari itzultzeko, langile klase antolatuari, mugimendu sozialei. Boterea jendeari bueltatu behar diogu ortzimuga berri bat eratzeko. Politikoaren zentzua zabaldu eta eliteen ekintzetatik haratago kokatu behar dugu, demokraziaren, burujabetzaren, justizia sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen balioa dimentsionatu gure bizitzako esparru guztietan, izan politikoa, ekonomikoa edo soziala. Bide horretan, determinantea da hiria borrokarako esparru bezala ulertzea, izan ere, bertan markatzen dira Euskal Herriko tendentzia politiko eta sozialak. Greba Orokor hau, hain zuzen ere, ez da ulertzen Bilboko kaleetan azkeneko urteetan gertatu denaren argazki bat izan gabe.

Oinarri sendoak egon badaude ofentsiba ziklo bati ekiteko. Mobilizazio soziala eta gatazka sindikala modu nabarian ugaritu da gure herrialdean; mugimendu feministaren mobilizazioak gure esparrutik haratago ere erreferente bilakatu dira eta mugimendu soziala ulertzeko prismak aldatu ditu, hainbat borroka ikusgai bihurtuz. Gatazka sindikala ere goraka doa eta horren adibide garbia izan da metaleko borroka, zeinak erakutsi digun EAJ-CONFEBASK ereduari irabaztea posible dela. Gainera, ezin dugu ahaztu geroz eta sektore gehiago aktibatzen daudela euren eskubideen defentsan eta gainera, ekintza sindikal klasikotik haratago doazen eskariak ere integratzen hasiak direla negoziazio kolektiboan: subkontratazioari frenoa jartzeko neurriak, kontziliazioa bermatzeko neurriak, kontratazioan ematen den diskriminazioarekin bukatzeko neurriak… Esan bezala, orain arte oso ikusgarriak izan ez diren langileak dira borroka konkretuak artikulatu dituzten horiek, esate baterako, etxez etxeko laguntzako langileak, hezkuntza kontzertatukoak, polikiroldegietakoak edota bulegoetakoak.

Kapitalak hiria etekinak maximizatzeko helburuarekin diseinatzen du eta horrek erlazio zuzena dauka lan harremanetako fenomeno berriekin eta enpleguaren esferan ematen ari diren prozesuekin. Uberizazioa da adibide garbiena. Greba Orokor honek, langile klasearen sektore prekarizatuenak subjektu eraldatzaile berri baten baitan integratzeko helburua duen heinean, katebegi horren kontra egiten du ere. Horren seinale da “Riders X Derechos” plataformak grebaren alde atera izana.

Baina belaunaldi zaharrak dira duintasun lezio bat eman diguna. Belaunaldi hori izan den Francoren heriotzaren bueltan gaur egun ditugun eskubideak irabazi zituena, desindustrializazioaren kontra borrokatu zuena, Euskaldunan eta Labe Garaietan presente egon zena, lan erreforma felipisten kontra altxatu zena… Bizkaiko Pentsionisten Mugimendua izan da, hari horri jarraiki, Euskal Herriko eta estatu guztiko abangoardia. Pentsioen %0,25aren igoera lotsagarria oinarri hartuta, kapaza izan da pentsio publikoen defentsan fokua jartzeko; baina ez hori bakarrik, izan ere, eredu produktiboaren, lan harremanen edota babes sozialeko neurrien inguruko bideorri bat ere marraztu dute, denontzako bizitza duina bermatzea helburu duena.

Jende askok pentsatu dezake estatuko beste lekuetan baina hobeto bizi garela eta gainera, gobernu “progresistarekin” aukera berriak irekitzen direnez, Greba Orokorrak zentzurik ez duela. Urtarrilaren 30eko greba langileon bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin deitu da. Greba Orokorra, lemak ondo azaltzen duen bezala, bizitza duin bat izateko dugun eskubidea gauzatzeko egiten da. Zentzu horretan, pentsionisten mugimenduak gauza bat irakatsi badigu, hau izan da: beti ofentsibara jokatu behar dela eta klabe propositiboetan. Kalea ezin dugu soilik hartu murrizketak daudenean edota gure eskubideak erasotzen dituztenean. Eskemari buelta eman behar diogu. Ustezko testuinguru “progresista” batean gaude milaka eta milaka pertsona mobilizatu eta antolatu direlako. Ezin dugu kapital politiko hori galdu, kontrakoa baizik: mobilizazioa indartu eta gure eskalara ekarri behar dugu. Ereduen arteko talka eremu guztietan erreproduzitu behar dugu eta Bizkaian gure erronka propioa daukagu, seguruenik Euskal Herriko langileon etorkizuna determinatuko duena.
 

 

 

Mundu osotik dator Greba Orokorrarekiko elkartasuna

0

Nazioarte mailatik elkartasun mezu ugari iritsi dira urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren harira. Hain zuzen ere, munduko hainbat sindikatuk erakutsi diote babesa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok egindako deialdiari. Irudian, elkartasun mapa.
 

 

 

Hego Euskal Herrian enplegua bere horretan mantentzen da prekarietatean sakontzeari esker

Iazko azken hiruhilabetekoan zehar Hego Euskal Herrian emandako enpleguaren sorrera garbia hutsaren hurrena izan da. Hori ondorioztatzen da gutxienez gaur INEk argitara emandako Biztanleria Aktiboaren Inkestatik (BAI). Edozein kasutan, bilakaera oso ezberdina izan da lurraldeen arabera. Zehazki, Nafarroan 2.700 enplegu inguru suntsitu ziren urria eta azaroaren artean. Bien bitartean, EAEn 3.300 enplegu sortu dira aurreko hiruhilabetekoarekin alderatuta.

Zalantzarik gabe, lan-merkatua geldotzen ari da. Izan ere, urteari erreparatuta BAIk 2018ko azken hiruhilabetekoan baino 5.600 lanpostu gehiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, honek suposatzen du aurreko urtean sortutako enpleguaren herena baino gutxiago eta urteko kopururik okerrena suspertzea hasi zenetik.

Laugarren hiruhilabeteko emaitzak are negatiboagoak dira enpleguaren kalitatearen ikuspegitik aztertzen baditugu. Urteko azken hiru hilabeteetan lanaldi partzialeko 19.200 lanpostu sortu ziren, baina era berean lanaldi osoko 18.600 lanpostu suntsitu ziren.

Enpleguaren egonkortasunari dagokionez, 9.700ean egin zuen gora aldi baterako kontratua zuen soldatapekoen kopuruak, baina mugagabeko 10.800 enplegu suntsitu ziren. Honek %24,6an kokatzen du aldi-baterakotasun tasa. Europar Batasunean estatu bakarra dago aldi-baterakotasun altuagoa duena, Espainiako estatua (%26,1).

Kontratazio prekarioa gehiegi erabiltzen da, orokortua dago eta justifikatu gabea, sektore pribatuan zein publikoan. Eta bere ondorioak argiak dira, laneko ezegonkortasuna eta soldata apalak, eta honek asko zailtzen du bizi-proiektu bat garatzea.

Hortaz, nabarmena da enpleguaren sorrera ez datorrela beti kalitatezko enpleguak lagunduta. Ikusten ari garen moduan, lan harremanak gero eta laburragoak dira eta laneko errotazioa inoizkorik altuena da. Gaur egun, iraupen zehatza duten aldi-baterako 10 kontratutatik ia 4k irauten dute astebete baino gutxiago.

Gainera, bada denbora aldi baterako kontratuak ondoren enplegu egonkorrago bat eskuratzeko bide bezala funtzionatzeari utzi zionetik. Europako Batzordearen arabera, Espainiako estatuan aldi-baterako enplegua duten langileen %10 baino pixkat gehiago pasatzen da mugagabeko enplegura urtebeteko epean. Aldi baterako enplegua mugagabe bihurtzeko trantsizio tasa apalena da Europar Batasunean, Maltakoaren ondoren soilik.

Horregatik guztiagatik, jendarte guztia orokorrean eta zehazki langileria gonbidatu nahi dugu ostegun honetarako deituta dagoen greba orokorrean parte hartzera. Borroka eguna izango da, prekarietatearen kontra eta pentsio duinen, kalitatezko enpleguaren eta bidezko soldaten alde.
 

 

 

Erandioko Udalaren aurka jarritako salaketa auzitegiek berretsi dute

Erandioko udal agintariek Brigadako zenbait lanpostu, beharrezkoak diren prozedurak bete barik nahierara eman dituztela salatu zuen LAB sindikatuak joan den ekainean. Orain argitaratu den epaia (2020/6, 2020-01-13koa) Brigadako izendapen batzuen harira etorri da. Uztailean berraztertze errekurtsoak aurkeztu genituen izendapenak bertan behera utzi eta prozedura behar bezala egiteko eskatuz. Udalaren ezezko erantzunaren aurrean, kontentziosora jo genuen eta orain epaia atera da. Orain, beraz, kontentziosoak oso-osorik onetsi du LAB sindikatuak Erandioko Udalaren kontra jarritako salaketa.

Errekurtsoa Udalean aurkeztu eta ezetsi egin ziguten, izendapena presazko kontu bat zela eta horrela egitea bidezkoa zela argudiatuz. EAJren eskuetan dagoen Erandioko udalak ahaztu egiten du administrazioan prozedura jakin batzuk bete behar direla lanpostuak betetzeko eta ez daudela ez enpresa pribatuan, ez euren txokoan.

Orain, Bilboko Kontentziosoko 5. Epaitegiak argi bezain gordin esan die Erandioko udal agintariei utzikeriaz jokatu dutela eta prebarikazioaren mugan dabiltzala, zentzu horretan LABek aurkeztutako errekurtsoari arrazoia emanez.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du EAJren jokabidea: lanpostuak hornitzeko bete beharreko printzipioak ez betetzea, lagunkeriaz jokatzea, langileak nahierara saritzean ala baztertzean oinarritutako jokabidea, hain zuzen ere.

Horrelako jokabidearen aurrean, Erandioko Udaleko LABeko atal sindikalak salatu egin nahi du Erandioko Udalean lagunkeriaz jokatu dutela eta hutsik dauden lanpostuak behar den moduan betetzeko eskatzen du.

Lanpostuak hornitzeko prozedurak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraituz egitea exijitzen dugu eta barne promozioa entxufismoa eta lagunkeria baztertuta egitea exijitzen dugu.
 

 

 

“Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena”

"Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin, Irun eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeek Santiago zubian egin dute bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Hala, Espainia zein Frantziako gobernuek pentsioen aurka sustatutako politikak salatu eta euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu dugu Euskal Herri osorako.

"Gaurko ekimenarekin irudikatu nahi izan dugu, mugen gainetik, hemen badagoela herri bat, hemen bagaudela langile batzuk euskal pentsio sistema publiko baten alde borrokatzen. Bi estatuen parte gara eta bi estatuetatik Europatik ezartzen dituzten politika neoliberalak inposatzen zaizkigu, hainbat lan erreforma ezarrita, guztiekin prekarizazioa areagotuz".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzak dira horiek, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko Santiago zubian egindakoak. Hain zuzen ere, zubian bertan batu dira Irundik eta Hendaiatik abiatu ditugun bi zutabeak, "Pentsio duinak. Hemen erabaki" leloarekin.

Garbiñe Arabururen hitzetan, antzekotasunak daude Espainia eta Frantziako gobernuak pentsioen aurka eramaten ari diren politiketan, eta horixe salatu dugu bereziki gaurko mobilizazioan. "Honen aurrean, Ipar zein Hego Euskal Herrian borrokatzen ari gara, pentsio sistema propio bat aldarrikatzeko; gutxieneko pentsio bat bermatu nahi dugu, eros-ahalmena bermatuko duen pentsio igoera bat nahi dugu, jubilazio adina aurreratu nahi dugu… Azken finean, bestelako eredu bat eraiki nahi dugu", adierazi du.

Hala, Garbiñe Aranburuk urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako deia luzatu du, baita Ipar Euskal Herrian bihar izango den mobilizazio egun berriari babesa erakutsi ere. Greba Orokorrarekin langileen batasuna irudikatuko dugula nabarmendu du LABeko idazkari nagusiak, lan, pentsio eta bizitza duinen alde, Ipar zein Hego Euskal Herrian. "Hemen badago herri bat, mugaz bi aldeetara, pentsio duinen alde borrokatzen ari dena", azpimarratu du.