2026-01-31
Blog Page 549

Herri eta auzoetan lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokan segitzeko deia egin dugu, errepresio mota guztien gainetik

0

Gaur, Espainiako Poliziak Donibaneko hiru gazte atxilotu ditu urtarrilaren 30ean egin zen Greba Orokorraren pikete batean parte hartzeagatik. Horietako bat pistolaz atxilotu dute, gainera. LAB sindikatuak bere elkartasuna adierazi nahi die atxiloturikoei, bai eta poliziaren bortizkeria pistoladuna salatu ere.

Zaldibarko bi langile desagertzeagatik, greba eskubidea urratzeagatik edo legalki jasota dauden lan baldintzak ez betetzeagatik atxilotutako enpresaburuen eta arduradun politikoen kopurua zero da. Aldiz, Nafarroan lan, pentsio eta bizitza duinaren alde mobilizatzeagatik atxilotutako langileen kopurua 19koa da dagoeneko.

Errealitate horrek argi erakusten digu zein den kapitalismo basati honen helburua, langileon bizitzak suntsitzea. Izan ere, atxiloketa hauek auzoko apustu etxe baten jabeak jarritako salaketaren ondorioz izan dira. Gazte eta langileon bizitzak pikutara bidaltzen dituzte, miseria zabaltzen dute gure herri eta auzoetan, eta, horrez gain, patronalaren piketea -hau da, polizia eta botere judiziala- erabiltzen dute beraien ereduaren aurrean egiten ari garen mobilizazioen indarra mugatzeko.

Ez dute lortuko. Greba egunean herri eta auzoetan jendartearen erantzuna ikaragarria izan zen. Herri eta auzoetan egindako lana balioan jarri behar dugu gure aldarrikapenak errealitate bihurtzeko aukerak zabaltzen dituelako. Beraz, mobilizatzen jarraitzeko deia egin nahi dugu, lan, pentsio eta bizitza duinak lortu arte.

Hartara, LAB sindikatutik gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu atxilotutako Donibaneko gazteei. Horrekin batera, behingoz prozedura judizial guztiak bertan behera uztea ere eskatzen dugu. Gaur torturaren aurkako egun honetan bereziki poliziak erabilitako bortizkeria pistoladuna salatu nahi dugu. Jarrera hori erabat antidemokratikoa iruditzen zaigu eta, horregatik, Espainiako gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren azalpenak eskatzen ditugu.

Berriz diogu: gobernuek, patronalak, apustu etxeek eta poliziek ez digute ukatuko lan, pentsio eta bizitza duina izateko dugun eskubideak. Beraz, oain arte bezala mobilizatzen jarraituko dugu, gurea dena lortu arte. Ilusioz eta determinazioz!

 

 

 

Nafarroako Administrazio Publikoko langileei soldatak %2 igotzea erabaki bada ere, 2012ko murrizketak ez direla oraindik zuzendu gogorarazten dugu

Gaur goizean Negoziazio Mahai Orokorrean jorratu diren gaien artean, langile publikoentzako 2020ko soldata-igoerarena egon da. Neurri hori begi onez ikusten dugu, baina, horrekin batera, 2012ko murrizketak zuzentzea ere eskatzen dugu.

Negoziazio Mahai Orokorrak gaur goizean egin duen bileran erabakitzeke dauden hainbat gai jorratu dira, tartean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei %2ko soldata-igoera onartzearena. 2020. urteari dagokion igoera da, eta, alde horretatik, ez dago ezer berririk…

Arazoa, ordea, lehenagotik dator. Krisia zela-eta langile guztiei ezarri zizkiguten murrizketei buruz ari gara. Murrizketak aldi baterako izango zirela ziurtatu ziguten, baina, ohiz kanpoko neurri hori ezarri zigutenetik urte batzuk igaro ondoren eta krisia gaindituta, oraindik ez digute itzuli kendu zigutena. Administrazioak urteko soldata-igoerak aplikatzen jarraitzen du, eta beste alde batera begiratzen du murrizketen zuzenketari dagokionez, gauza batek bestea estaltzen duela pentsatuta.

Ba… ez! Ez ditzagun gauzak nahasi! Gauza bat da soldaten urteko igoera, eta beste bat, oso desberdina, 2012an jasan genituen murrizketen zuzenketa, urte hartan, batez beste, ordainsarien %5 kendu baitziguten: E mailako langileei %0,24, D mailakoei %1,38, C mailakoei % 3,54, B mailakoei %4,86, eta A mailakoei %6,7. Horregatik, LABek murrizketa horiek zuzentzea eskatzen du.

Ez dugu ahaztu behar LABek aurreko legealdian egindako lan sindikalak fruitu oparoak eman zituela, adibidez: funts gehigarriak banatzeko akordioa, Nafarroako Gobernuan E maila desagertzeko eta zenbait kolektibo mailaz igotzeko (besteak beste, administrariak edo hezkuntzako zaintzaileak) balio izan zuena. Orain, legealdi berri honen aurrean, LABen espero dugu aurreko legealdian bezain baliotsuak izatea Nafarroako Administrazio Publikoetako langile guztientzako lan baldintza duinen alde lan egiteko, eta, horren ondorioz, baita herritar guztientzako kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiteko ere.

 

 

 

Uruguai-ko FUECYS-PIT CNT sindikatuaren aurkako erasoa gaitzesten dugu

0

LAB sindikatuak Uruguai-ko FUECYS-PIT CNT (Zerbitzu pribatu eta komertzio sektoreko sindikatua) sindikatuari bere elkartasun osoa adierazten dio eta bere egoitzen kontra egondako erasoak gogor gaitzesten ditu.

Mehatxu hauen aurrean honakoa adierazi nahi diogu bai FUECYS-i eta baita PIT CNT zentral sindikalari:

• Bere egoitzan agertutako margoketak, eta beraien aktibitate sindikalaren kontrako jazarpena gaitzesten ditugula.

• Gertakari hauek Uruguai-n ematen ari den eskubiko indarren hazkundearen testuinguruan ulertu behar dela. Herrialde honek oso ongi daki sindikalisten aurkako jazarpena zer den, eta iraganeko gertakariak izatea espero dugu.

• Klase sindikalgintzak mundu osoan pairatzen dituen jazarpen eta mehatxu hauek guztiak herriarekin eta langile klasearekin daukagun konpromisoaren ondorio direla, eta beraz mehatxu hauek guztiak batzuk demokraziari eta askatasunari dioten beldurraren seinale direla. Gauzak horrela, zalantzarik gabe klase sindikatuok bide beretik jarraituko dugu.

• Gertakizun hauek argitzea eta hauen atzean daudenak identifikatzeko ahal duten guztia egitea, eta berriro ez gertatzeko eskura dituzten neurri guztiak hartzea eskatzen dugu.

• FUECYS eta PIT-CNT -ko kideei gure elkartasun eta babes osoa helarazten dizkiogu.

 

 

 

Nafarroako patronalari eta gobernuari lan, pentsio eta bizitza duinak bermatzeko akordioak eta neurriak proposatu dizkiegu

Nafarroako Gobernuaren Errealitate Sozialaren Behatokiak aurkezturiko Nafarroako Enpleguaren Diagnostikoak oso balio handia du LABendako, arrazoia ematen baitio urte askoan salatu izan duen horretan, alegia, Nafarroako enpleguaren egoera txarra baino txarragoa dela, patronalak bultzaturiko prekarizazio-prozesuaren ondorioz.

Behin-behinekotasuna (egunetako edo asteetako kontratuak, bereziki Administrazioan berean), heriotzak eta lan-istripuak, soldataarrakala matxista, lan-araugabetzea (autonomo faltsuak), prekaritate handiagoa langile migratzaileen artean, langile pobreak, iraupen luzeko langabezia emakume-aurpegiarekin, gazteen langabezia, pobrezia eta gizarte-zaurgarritasuna, gizarte-babesik eza (langabezia-prestazioak), Errenta Bermatuaren hartzaileen kopurua handitzea… Hori da nafar gehienek lan eta bizitza duinak izatea galarazten duen errealitate gordina.

Eta horren aitzinean, Nafarroako gizarteak ez du Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bezalako txiringito gehiagorik nahi, ez eta orain arte langile klasearen arazo eta beharren aurrean guztiz eraginik ez dutela frogatu den bertze Enplegu Plan bat bezalako plan izarrik ere.

Bertzalde, berretsi da LABek lan-harremanen eta gizarte-babesen esparru propioari buruz behin eta berriz egiten duen aldarrikapena funtsezkoa dela egoera tamalgarri horri buelta emateko neurriak hartu ahal izateko. Nafarroako Gobernuak berehala eskatu behar ditu enplegu-politika pasiboen gaineko eskumenak (kontratazioak, lan-baldintzak, kaleratzeagatiko kalte-ordaina, erretiro-adina…). Ezin gara ekintza eta neurri osagarri hutsak egitera mugatu.

LABek Nafar Lansare hartzen du parte (SNE-NL), eta ikusi ahal izan du bere bitartekaritza-tasa benetan txikia dela: Nafarroan izan ziren lanpostu guztien %2 baino ez. Hori onartezina da. Nafar Lansare berraztertu eta sustatu behar da, eta bere esku-hartzean kalitate eta kantitate jauzia egin, politika aktiboak oso eraginkorrak izan baitaitezke, kontratazioari ematen zaizkion pizgarrietatik harago —pizgarri horiek auzitan daude Europan, patronalari bakarrik egiten diote mesede, eta lan prekarioen sinonimo dira—. LAB da funtzionatzen ez duen eredu pribatuaren aurrean kudeaketa publikoa planteatzen eta defendatzen duen sindikatu bakarra.

Bertze behin ere —eta hori Nafarroako Gobernuaren jarrera kezkagarria da—, klase enpresarialari kritika eta interpelazio zuzena egitea falta zaio, lan-erreformak eta horren ondoriozko lan-araugabetzea aprobetxatuz, patronala lan-harremanen eredu prekarioa ezartzen ari baita, bere onura ekonomikoa lehetsiz, langile klasearen osasuna okertzearen eta pobretzearen kontura.

Horregatik guztiagatik, tresna eraginkorrik eza nabaria den egoera tamalgarri horren aitzinean, LAB sindikatuak akordio eta neurri hauek proposatzen ditu (horietako batzuk dagoeneko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean proposatuak):

CEN patronalari

1. Lanbidearteko akordioa soldata arrakala matxistaren bukatzeko.

2. Lanbidearteko akordioa, gutxieneko 1.200 euroko soldata ezartzeko (14 paga garbietan), Nafarroan.

3. Lanbidearteko akordioa asteko 35 orduko gehieneko lanaldia eta asteko 20 orduko gutxieneko lanaldia ezartzeko.

4. Azpikontratatutako enpresetako langileen subrogaziorako eskubidea bermatzeko lanbidearteko akordioa.

Nafarroako Gobernuari

5. Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Esparru Propioa. Ildo horretan, Lan Ikuskaritzaren eta enplegu-politika pasiboen arloko eskumenen transferentzia erreklamatzea.

6. Pentsioak:
• Gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzea. Nafarroako Gobernuak baditu eskumenak neurri hau hartzeko.
• Sektore publikoko langileen erretiro aurreratua ahalbidetzeko mekanismo berriak bilatzea eta berreskuratzea.. Hala nola:
◦ Erretiro primak berreskuratzea.
◦ % 75eko erretiro partziala lan-kontratudunendako eta antzeko formulak langile guztiendako.

7. Lan baldintzak Administrazioan eta azpikontrataturiko enpleguan:
• Enplegu publikoan den prekaritatea berehala bukatzea. Administrazio publikoko behin-behinekotasun maila %40tik gorakoa da eremu batzuetan. Beharrezko mekanismoak hartzeko eskatzen dugu, birjartze eta egonkortze tasak gaindituz, aldi baterako enplegua finko bihur dadin.
• Azken urteotan aplikatutako murrizketak lehengoratzea. Azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea.
• Zerbitzu publikoei baliabide egokiak ematea, inbertsioa nabarmen handituz, gutxienez Europako batez bertzekoetara ailegatzeko.
◦ Osasunean, BPGaren %4,78tik %7ra.
◦ Hezkuntzan, BPGaren % 3,54tik %4,6ra.
• Azpikontrataturiko enpleguaz:
a) 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehieneko lanaldia ezartzea.
b) Nafarroako Kontratu Publikoen Legearen aplikazioa bermatzea.
c) Gutxienez, Nafarroako hitzarmen sektorialaren aplikazioa bermatzea, bai eta bertze klausula sozial batzuena ere.
d) Subrogaziorako eskubidea bermatzea.

8. Fiskalitatea: eredu fiskalaren erabateko aldaketa sustatu behar da, diru-bilketa Europako batez bertzekoaren mailan handitzeko (zergak errenta altuei, enpresei eta kapitalei handituz eta soldataz kanpoko errenten iruzur fiskal handia borrokatuz).

9. Nafarroako Kontratu Publikoen Legea betetzea.

10. Eskubide sozialak:
• Legez bermatzea mendekotasun-egoeran dauden pertsona guztiek zerbitzu publiko, unibertsal eta doako baten bidez ziurtatua izateko eskubidea.

• Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka sustaturiko Herri Ekimen Legegilearen edukiak onartzea, hala nola:
◦ Errenta bermatua Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100ean ezartzea
◦ Establecer la Renta Garantizada en el 100% del SMI, bi pertsonen bizikidetza unitateen kasuan % 50 gehiago handituz, eta 3 kide edo gehiagokoetan bertze %50 gehiago.
◦ Alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko eskubidea bermatzea.

11. Lanetik bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea eta lan osasunaren kudeaketa publikoa.

12. Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren desgitea eta derogazioa.

13. Igande eta jaiegunetan 0 irekitzea.

14. Nafar Lansareren kudeaketa publikoa.

Espainiako Gobernuari:

15. Lan erreformak bertan behera uztea.

16. Pentsioen erreformak bertan behera uztea.

 

 

 

Hainbat eragilek adierazpen bat sinatu dugu, El Salvadorreko demokraziaren defentsan

0

Hainbat erakunde politiko, sindikal eta sozialok El Salvadorreko presidenteak egindako estatu autogolpe saiakera gogor arbuiatzen dugu. Nayib Bukelek Asanblea militarizatu, eta zuzenbide estatu konstituzionala urratu zuen, organo legegile hori bere borondatearen arabera jardutera eta erabakitzera behartzeko.

Joan den otsailaren 9an, El Salvadorren, Nayib Bukele presidenteak arbitrarioki eta bere kabuz Asanblea Legegilea deitu zuen 109 milioi dolarreko mailegu bat onartzera behartzeko, delinkuentziaren aurkako Lurralde Kontrolerako Planaren 3. fasea gauzatzeko hain zuzen ere. Beharrezko quoruma ez zeukala ikusita, Nayib Bukele indar militar eta polizialarekin Asanblea Legegilean aurkeztu zen, Estatuaren botere horrekiko beldurrarazte eta presio ahalegin ukaezin batean.

Honen aurrean, adierazpen honen sinatzaileok honakoa exijitzen dugu:

• Nayib Bukele Errepublikako presidenteak segurtasun eta legezkotasun juridikoaren bidez eratutako ibilbideak errespetatzea, eta bakea eta elkarrizketa politikoari eutsiz, botereen independentzia eta herrialdearen instituzionaltasun demokratikoa bermatzea

• El Salvadorreko Konstituzioa arautzen duten printzipioak errespetatuz, bere eginkizunetan, legebiltzarrarekin harmonia soziala eta koordinazio-bideak izatea.

• Mario Ponce Biltzar Legegileko lehendakariari, Salvadorko herriari une oro segurtasun juridikoa eta bakea lehenestea exijitzen diogu.

• Organo legegilearen egoera, erabilera eta abusua autokudeatzeko ahalegin horren aurrean, Justizia Auzitegi Goreneko Konstituzio Arloko Aretoari, kasu horietan dagokion konstituzio-kontrola egitea eta herrialdeko presidenteari erantzukizunak eska diezazkion exijitzen diogu.

Nazioarteko elkartasunetik dei bat egiten dugu El Salvadorren ordena konstituzionala errespeta dadin, militarizazio gero eta handiagoari aurre egin dakion eta El Salvadorrreko herriarentzat bake sozial eta justua berma dadin.

 

 

 

Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu dugu, langileok lanetik etxera bizirik itzultzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko

Euskal gehiengo sindikalak deituta, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan eserialdia egin dugu ordu erdiz, prekarietateak hiltzen duela salatzeko eta erantzuleak seinalatzeko: patronala eta instituzioak. Oihu eta aldarriekin batera, isilunea ere gorde dugu aurten Hego Euskal Herrian hildako 11 langileak eta Zaldibarren lur azpian desagertuta dauden 2 langileak gogoratzeko. Era berean, osteguneko mobilizaziora deitu dugu. Bilbon izango da, 18:30, Arriaga plazan.

Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen tresnak baliatu eta neurri guztiak hartu behar ditu lan heriotzen sarraskiarekin amaitzeko. Horixe aldarrikatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza okupatu dugu euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, aurten Hego Euskal Herrian hildako 11 langileak eta Zaldibarren lur azpian desagertuta dauden bi pertsonak gogoan.

Ez da posible lanera joatea jakin gabe etxera itzuliko garen. Ez da posible kontratazio katea horren luzea izatea, jakinda lan heriotzen atzean horrek eragin zuzena duela. Patronalak ardurak ditu, baina baita instituzioek ere. Hala, gaurko ekintzarekin aldarrikatu duguna izan da langileen eskubideek eta bizitzak lehentasun izan behar dutela, interes ekonomikoen eta kapitalaren gainetik.

Ostegunean, Arriaga plazan
Euskal gehiengo sindikalak deituta ere, ostegunean mobilizazio bat egingo dugu prekarietatea eta lan heriotzak salatzeko. Bilbon izango da, 18:30ean, Arriaga plazan.


 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Zaldibarrekoa eredu baten porrotaren isla da”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da, eta bertan galdetu diote Zaldibarreko aferari buruz. Zaldibarrekoa "eredu baten porrotaren isla" dela adierazi du, eredu bat non ikuspegi ekonozimista lehenesten den, publikoa izan beharko lukeena enpresa pribatuen esku uzten den. Lur azpian dauden bi langileak aurkitzeak lehentasuna izan behar duela berretsi du, eta erantzukizunak eskatu ditu, baita istripua gertatzeko inolako neurririk hartu ez dituen Eusko Jaurlaritzari ere. Iñigo Urkullu lehendakariarekin ere oso kritikoa izan da, Bilbon atzo egindako agerraldian egin bezala: "Inoiz ez du minutu bakar bat bera ere langileekin egoteko eta langileen kezkak entzuteko; eta egunero, oso sarri, patronalaren ondoan ikusten dugu. Patronalaren bozermaile bilakatu da".

 

 

 

Katalunian ere sindikatuek Euskal Herriko gatazkaren konponbideari eman diote babesa

Kataluniako Parlament-aren adierazpen instituzionala babestuz, Kataluniako sindikatu nagusiek (CCOO, UGT, InterSindical-CSC, CO.Bas, COS eta IAC) babes oharrak kaleratu dituzte horren harira.
 

 

 

Berehalako arrisku larria dagoela salatu dugu Lan Ikuskaritzan, Zaldibarren izandako Gipuzkoako suhiltzaileen lau kamioiek behar bezala deskutsatu gabe jarraitzen dutelako

0

Eibar eta Oñatiko suhiltzaileen parkeko lau kamioi izan ziren ostegunean Zaldibarreko istripuan. Bada, ordutik gaurdaino deskutsatu gabe jarraitzen dute. Horrek arrisku larrian jartzen du kamioi hauek erabiltzen dituzten suhiltzaileen osasuna, amiantoak sortzen duen kaltea ezaguna delako. Hau dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko sail sindikaleko delegatuek salaketa jarri dute Lan Ikuskaritzan eta egoeraren berri adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroan, Lan Arriskuen Prebentziorako azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 21. Artikuluaren irizpideari jarraituz; “berehalako arrisku larria”-ri dagokiona.

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen kasuan, ostegunean Zaldibarren izandako kamioiak prezintatuta daude, garbitu eta gero. Gipuzkoako kasuan, berriz, Aldundiak ez ditu beharrezko neurriak hartu, arrisku larriko egoera denean. Salaketa 21. artikuluaren irizpideetan oinarrituta jarri eta gero, Lan Ikuskaritzak 24 ordu ditu orain eskuhartzeko.