Arabako LABen kezkatuta gaude Eusko Jaurlaritzak Larrialdietako Osasun Garraio Sareari (LOGS) eta, Araban, anbulantzia programatuei lotuta eskuragarri dituen baliabideen kudeaketa eskasa dela eta. Osasun krisi hau hasi zenetik hainbat arduradun politikok errepikatzen dute, une oro, baliabide guztiak mahai gainean jartzen ari direla koronabirusaren kontra borrokatzeko. LABen ez gaude horrekin batere ados.
Orain dela egun batzuk komunikabideetan entzun dugu Osakidetzak zenbait enpresekin, Taxiak edota Mercedes kasu, adost duela gaixotasunaren fase ezberdinetan covid-19rekin harremana izan duten gaixoak garraiatzea. Esaten dute ez kutsatzeko baliabide nahikoak emango dizkietela, Norbere Babeserako Ekipoak (NBE), eta prestakuntza ere eskainiko dietela. Harrigarria da, bai Larrialdietako Osasun Garraio Sarean, bai eta Arabako Anbulantzia programatuetan, larrialdietako teknikariak diren zenbait lankide aldi baterako ezintasun egoeran daudela NBEen falta dela-eta, lan hori gauzatzeko beharrezkoa den prestakuntza eta esperientzia eduki arren. Aipatutako enpresetakoek ez daukate lan hori egin ahal izateko eskatzen den titulazioa (OGT eta OLT), ezta osasun garraioari buruzko Errege Dekretuan islatzen den esperientzia ere.
Ongi etorria izan dadila elkartasuna baina, zertarako? Ziurrenik enpresa horiek hainbat zeregin sozial gauzatu ahal dituzte eskuragarri dituzten baliabideekin, pertsonak birusarekin harremanetan jarri gabe eta, beraz, kutsatzeko arriskurik gabe (sendagaiak banatzea, maskarak garraiatzea…).
Egoera horren alderdirik larriena da, euren osasuna eta ingurukoena arriskuan jartzen ari diren langile boluntarioak dauden bitartean, Eusko Jaurlaritzak LOGSko bi anbulantzia geldirik dituela haren egoitzan egunean 12 orduz edo, Anbulantzia Programatuetako langileen kasuan, ez direla ordezkatzen aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileak eta egunero geratzen ari direla anbulantzia batzuk garajean langile faltagatik. Hori gutxi balitz, LOGSeko langileak gainezka daude, fisikoki zein mentalki.
Osasun krisi garaian hain beharrezkoa den zerbitzu hori diru publikoarekin ordaintzen da, hortaz, gutxienez exijitu behar duguna da benetan jar daitezen mahai gainean eskuragarri dauden baliabide guztiak pandemiari aurre egiteko. Horregatik guztiagatik, LABetik exijitzen dugu anbulantzia guztiak erabilgarri egon daitezela egunean 24 orduz dagozkien babes ekipo guztiekin eta aldi baterako ezintasun egoeran dauden langile guztiak ordezkatu ditzaten albait lasterren.
COVID19aren pandemiaren egungo testuinguruan Estatuko gobernuak erabaki du jarduera ekonomikoa murriztu eta oinarrizko jardueretara berbideratzea, eta hauen artean, etxeetara banatzen duten langileak sartu ditu. Honek erakusten du beste behin ere, praktikan, “oinarrizkoak ez diren” enpresei euren jarduerarekin jarraitzea ahalbidetu diela. Argiki, Glovo edo Deliveroo bezalako enpresek ez dute gizartearen funtzionamendurako ezinbesteko zerbitzu bat ematen.
Jakina da enpresa hauek, iruzurra eginez, langile autonomoak dituztela banaketa zerbitzuak eskaintzeko, horrela, Lan Ikuskaritzako ebazpen ezberdinen arabera (Justiziako Auzitegi Nagusien epaiek berretsitakoak) lege iruzurra da hau, eta inoren kontura ari diren langiletzat jo beharko lirateke banatzaile hauek.
Egoera honen aurrean, eta bizi dugun salbuespen egoera kontutan izanda, ezinbestekoa da, gutxienez, enpresek Norbere Babeserako Ekipo espezifikoak eta protokolo egokiak ematea rider-entzat. Hau ez da ari gertatzen rider-ak inolako babesik gabe lanean ari direlako. Arriskuz beteriko testuinguru honetan beharrezkoa da banaketa enpresa hauek euren langileen eta gizartearen aurrean erantzukizuna hartzea eta “langileak autonomoak dira” bezalako gezurrekin euren ardura saihestea.
Honekin lotuta, LABek, Riders x Derechos-ekin batera, salaketak aurkeztu ditu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Lan Ikuskaritzetan. Riders-en osasunerako eskubidea Glovo edo Deliveroo bezalako enpresen gainetik dago.
Aurtengo martxoko langabezia datuak Covid-19aren krisiaren gestio bete-betean iritsi zaizkigu eta testuinguru horretan kokatu behar ditugu. Langabeziaren igoera garrantzitsua da izan da Hegoa Euskal Herri osoan, Otsaila bukaeran 151.000 langabetu egotetik martxo bukaeran 165.500 langabetu izatera pasa gara, ia %9,6ko igoerarekin.Datu hauei Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan (ABEEE) dauden langile kopurua gehitu behar zaie, azken datuen arabera 176.000 langile daude egoera horretan Hego Euskal Herrian.
2008ko finantza krisiaren ondoren harturiko erabakiek ondorio lazgarriak utzi zituen Euskal Herriko jendartearentzat. Behin eta berriz salatu genuen Gobernuetatik eratorritako neurriek langileen bizkar kapital handiei soilik egiten ziela mesede. Hego Euskal Herriko langabezia %16,7raino igo zitzaigun eta pixkanaka langabezia hori beheraka joan den arren prekarietatea eta pobrezia zabalduz joan dira, bai eta soldata altuenak dituzten eta apalenak dituzten langileen arteko eta emakume eta gizonen arteko soldata arrakala.
Aurtengo martxoko langabezia datuak Covid-19aren krisiaren gestio bete-betean iritsi zaizkigu eta testuinguru horretan kokatu behar ditugu. Langabeziaren igoera garrantzitsua da izan da Hegoa Euskal Herri osoan, Otsaila bukaeran 151.000 langabetu egotetik martxo bukaeran 165.500 langabetu izatera pasa gara, ia %9,6ko igoerarekin. Datu hauek argi erakusten dute azken hilabete-urteetan sortu den enplegua prekarioa izan dela, erabili eta botatzeko enplegua izan da eta orain botatzeko garaia iritsi da. Gazteen langabezia gainera ia %12 igo da, bataz-bestekotik gora.
Datu hauei Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan (ABEEE) dauden langile kopurua gehitu behar zaie, azken datuen arabera 176000 langile daude egoera horretan Hego Euskal Herrian.
Aipatu beharra dago SEPEk ABEEE bidez langabezian dauden langile guztien prestazioa seme-alabarik izango ez balute bezala ordainduko duela, eta oraingoz idatziz dagoen irizpide bakarra da. Beraz, ABEEEan dauden langile askok langabezian beharko luketen baino prestazio askoz ere baxuagoa jasoko dute, 1.000 euro inguru 12 pagetan. Gainera, prestazioa jasotzea maiatzera arte atzeratu daiteke. Beraz, langile eta familia asko hilabete osoa inongo prestaziorik jaso gabe egoteaz gain, bizitza aurrera ateratzeko gutxienekoa ere ez diete ordainduko ondoren.
2008an bezala, orain hartzen ari diren neurriak ez datoz bide onetik. Osasuna lehenetsi beharrean kapitalaren interesak lehenetsi dituzte konfinamendurako neurriak gaizki eta berandu hartuz eta gainera, erabaki nagusiak Madrilen zentralizatu dituzte. Iragarri dituzten neurri sozialak ere urrun daude jendartearen egiazko beharrizanetatik. Urkullu oraindik eta nabarmenago dabil kapitalaren aldeko kanpaina egiten, bai egiten duen diskurtsoan, jardunean ta baita harturiko neurriei dagokionean ere: enpresei 568 milioi, osasun sisteman 200 milioi, familientzat 54 milioi eta langileontzat ezer ez. Ez dute langileei begirako neurri bakar bat hartu.
Hona ekarri gaituen eredua ez dela baliozkoa argi geratu da, gutxi batzuen aberastasuna handitu eta jendartean pobrezia eta prekarietatea hedatzeko soilik balio izan du. Zaurgarriak ziren kolektiboak (emakumeak, migranteak, gazteak…) hazi, zabaldu eta jendartean jada existitzen ziren arrakalak handitu egin dira.
Honekin bukatzeko langileriaren eta jendarte osoaren interes eta beharrizanak kontutan hartuko dituen eredu baten eraikuntza ezinbestekoa da, kapitalaren aurrean pertsonak eta bizitza erdigunean jarriko dituena.
Agerraldia egin dugu, oinarrizko lanetan ari diren langileek, sektore feminizatuetakoak gehienek, bizi duten egoera larriaren berri emateko. Zerbitzu Pribatuetako idazkari Maddalen Dorador-ek eta Zerbitzu Publikoetako idazkari Gorka Berasategik hartu dute hitza, eta langile hauek kutsatzera kondenatzen ari direla salatu dute. Hori dela eta, bide penala irekitzea erabaki du sindikatuak, tokian tokiko egoerak salatu eta Fiskaltzari arrisku egoera guztien berri emanda.
Oinarrizko lanetan ari diren langileen egoerari buruzko agerraldia egin dugu, Zerbitzu Pribatuetako eta Zerbitzu Publikoetako idazkari Maddalen Dorador eta Gorka Berasategiren eskutik. Erakundeek, berriz ere, gure bizitzak sostengatzen dituzten lanei begirunerik apurrena ez dutela erakutsi salatu dugu. Hain zuzen ere, langile hauek babes falta ikaragarriarekin ari dira lanean.
Martxoaren 13tik gabiltza esaten Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jarri behar dela, oinarrizko zerbitzuetan lan egiten dutenak zaindu behar direla. Bi aste geroago, dekretatu da jarduera ekonomikoaren etetea. Orduan, eta soilik orduan eskandalizatu dira gobernu autonomikoak, patronalaren aginduetara. Ordurarte euren kabuz eta erantzukizunez itxi duten autonomo txiki horiei guztiekiko edota langabe gelditu diren milaka langile horiekiko erabateko mespretxua erakutsiz, berriro ere, gutxiengoak defendatzen dituztela agerian utziz.
Berriz ere, gure bizitzak sostengatzen dituzten lan horiei guztiekiko begirunerik apurrena ere ez dute erakutsi: helduen egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, etxeko lanak, farmaziak, osasungintza, telemarketing, saltokiak… Osasun krisiaren aitzakiarekin guztion bizitzak zaintzen dituztenak lan egitera behartuak daude inolako babesik gabe. Are gehiago, babes neurriak industria handiaren biziraupenera bideratzen ari dira. Hau ez da kasualitatea, sistema honen diru-gosea, emakumeon bizkarrean jarritako eta ezkutatutako zaintza lan horiei guztiei esker bizi delako.
Gaur, milaka emakume joan behar dira lanera inolako babes ekiporik gabe, euren osasuna eta ingurukoena arriskuan jarriz. Hemen adibide batzuk:
Garbiketa lanean diharduten emakumeei Administrazio Publikoak itxita dauden zentroak garbitzera behartzen ditu, gehienetan eskularrurik gabe, inoiz ez maskararekin. Horrela gertatzen ari da Hezkuntza sailaren mende dauden dozenaka zentroekin, Foru Aldundiko lan zentroekin, Eusko Jaurlaritzako bulegoekin… Eraikin horiek guztiak itxita daude, langile propioak ordutik etxean daude, baina ehundaka garbitzaile lanera joatera behartuta daude egunero, asko garraio publikoan, inolako babes neurririk gabe, une hauetan funtsezkoak ez diren lanak egiteko.
Osakidetzan eta Osasunbidean garbitzen dutenek, ordea, ez dituzte osasun arloko kontsideratzen, nahiz eta beraiek gabe ezingo litzake funtzionatu. Geletara desinfekzioak egiteko sartzen lehenak dira, baina babes ekipoak jasotzen azkenak. Arrisku berari egin behar diote aurre, baina neurri desberdinak aurreikusten dira eurentzat. Ez dute parking-erako eskubiderik, ez hoteletan lo egiteko eskaintzarik. Ez diete ezta Covid19 testak egiten gainontzeko profesionalei bezala.
Ikusezinak dira ere, gaur egun, garraio publikoak, Correoseko bulegoak, kutxazainak edota bizilagunen komunitateak garbitzen jarraitu behar duten langileak, eta ez gabiltza itxurakeriak egiten telebistan agertzen diren militar horiei buruz, ez. Ezkutatutako emakume horietaz guztietaz baizik. Aurreko astean ISS, Ilunion, Sacyr, Garbialdi, Metropoli eta hainbat enpresen aurkako salaketak ipini behar izan genituen Ikuskaritzaren aurrean, babes ekiporik gabe lan egitera bidaltzen dituztelako langile hauek, arrisku larrian jarriz. Gaur gaurkoz, ez dugu erantzunik.
Zer esanik ez Osasungintzako langileen egoeraren inguruan. Arduraz ikusten ditugu langile hauek babes neurriak lortzeko egiten ari diren deialdiak. Osakidetza edo Osasunbideako zuzendaritzak bere langileen osasuna babesten ez duenean, langileok maskarak lortzeko karitatea eskatu behar dugu? Lotsagarria da gure iritziz.
Egoera oso larria da zaintzaren eremuan, non milaka emakume egunero lanean kutsatzen ari dira. Helduen egoitzak edo etxez etxeko laguntza zerbitzuak nagusiki instituzio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuak dira. Zerbitzu hauetan ematen ari den kutsadura mailak kolapso egoerak sortzen ari ditu. Egoera hauen aurrean langileak babes gabe aurkitzen dira eta instituzioek beste aldera begiratzen dute. Euskal agintarientzat bigarren mailako langileak izaten ari dira emakume hauek, beraien patua kutsatzea dela erabat asumitzen. Langileak kutsatu eta erabiltzaileak hiltzen ari dira, non daude gure agintariak?
Fiskaltzaren esku Hain da egoera larria, hain da nabarmena babes falta, bide penalera jotzea erabaki dugula langileak babesteko. Fiskaltzari emango diogu arrisku egoera guztien berri, instrukzioa abiatu dezan bide penaletik.
Tokian tokiko salaketak egingo ditugu. Polizia autoritateari jakinaraziko diogu lehenik, atestatua egin dezan; lantokiaren arduradunari eta Osasun Sailari zuzenduko gara ondoren, idatziz; eta Fiskalatza joko dugu, instrukzio abiatu dezan bide penaletik.
Ez dugu onartuko krisi hau langileok ordaintzea. Osasunaren, lan baldintzen eta enpleguaren alde borrokan jarraituko dugu.
LAB sindikatutik kolektibitateen enpresei (Eurest, Gasca, Tamar, Auzo lagun, CC. Goñi, CC. Magui, Baska…) negoziazio prozesu bat irekitzea eskatzen diegu, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteetan (ABEEE) dauden langileentzat soldataren %100 bermatzeko.
Covid-19aren krisia hasi zenetik, kolektibitateetako enpresekin izan ditugun bilera guztietan, langileen soldata-baldintzak bermatuko dituen negoziazio-esparru baten beharra helarazi diegu, baina erantzuna beti izan da ezezkoa.
Orain, kudeaketa zuzeneko eskola-jantokien ebazpenak jaso ondoren eta kontuan hartuta kolektibitate-enpresek zero kostua izango dutela langile horien soldatagastuetan, negoziatzera esertzeko eskatzen dugu, sektoreko gainerako langileentzat soldataren %100 bermatzeko; hau da, baldintza berberak eskatzen dizkiegu langileei, bezeroa edozein dela ere, publikoa zein itundua izan.
Pasa den ostiralean, martxoaren 27an, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gutuna bidali zien herrialdeko helduen egoitzetako langileei. Bada, LABeko delegatuek gutuna idatzi diote, Rementeriari berari erantzuteko.
Hauxe da gutuna:
Unai Rementeria agurgarria:
lankide batekin gure errealitatearen zati bat partekatzen dugu, zenbait esparrutan elkarrekin gaude eta zenbait bizipen ere elkarrekin bizi izaten ditugu, eta, UNAI REMENTERIA, barkatu, baina hori ez da gure artean gertatzen, beraz, ez, ezin didazu "lagun" deitu.
Ez zaitut ikusten goizean sartzean termometro bat jartzen didatenean nire tenperatura neurtzeko, eta maskarak erabiltzea ukatzen dizkidatenean, honako arrazoi hauengatik: egoiliarren artean beldurra ez sortzeagatik, edo irizpidea denean ez direla ez beharrezko ez erabilgarriak, eta, beste batzuetan, ez dagoelako guztientzat.
Irizpidea aldatzen denean ere ez zaitut ikusten, ez eta maskara ahul batzuk banatzen hasten direnean, hautsi arte erabili behar ditugunak.
Ez zaitut ikusten, norbera babesteko ekipamenduak egoitzak bezalako lantokietara iristen direla ziurtatu nahian, bertan bizi baitira pertsona ahulenak; ez zaitut ikusten benetan premiazkoak diren egoerak bideratzen eta konpontzen.
Ez zaitut ikusi segurtasun eta osasuneko batzordeetan ere, non ez diogun borrokatzeari utzi gaitzaren hedapena saihesteko neurri egokiak eskatuz, guztientzako informazioa lortzeko borrokatuz, bereziki sentikorrak diren langileez arduratuz, garbiketako langile gehiago edukitzeko eskatuz, kutsatze-kasuetarako protokolo batzuk ezartzea saiatuz, NBE egokiak exijituz…
Ez zaitut ikusten indarrak guztiz berreskuratzen uzten ez didan atseden eta gero, goizean, lanera sartzen naizenean.
Ez zaitut ikusten egoiliarrak jaikitzen ditudanean, gosaltzen ematen diedanean, garbitzen ditudanean. Ez zaitut ikusten, senideak ez ikustearren egoiliarrek sentitzen duten pena apaltzeko denboratik ez daukagunean gure lana hirukoiztu egiten baita. Egiten dugun guztia gure profesionaltasunetik eta gure maitasunetik egiten dugu, baina giza baliabide nahikorik gabe, eta lan-karga horrek hautsi egiten nau.
Ez zaitut ikusten etxera iristean, albisteak jartzen ditudanean eta egoitzen hilkortasun eta kutsatze maila altua dela entzuten hasten naizenean, egoiliarrak egoitza batetik bestera mugitzen direnean inolako informaziorik eman gabe, koronabirusa duten gaixoei lekua emateko egoitzak esku hartzen direnean, nahiz eta pertsona ahulenak bizi diren tokiak izan, hala ere, ez da esku hartzen ospitale pribatuetan…
Ez zaitut ikusten egoitza-zentroen titulartasunaren arduradun gisa, hori laster eta modurik onenean amai dadin.
Horregatik, hirugarren adinekoen egoitzen sektoreko langile eta LABeko delegatu naizen aldetik, zaintza-sistema publiko, unibertsal eta doako bat eskatzen jarraituko dut, nire lankide eta egoiliar guztiak ahalik eta ondoen egon daitezen.
LABek eta ELAk hainbat eskari egin dizkiogu EAEko Espainiako Gobernu ordezkaritzari lehentasunezkoa delako COVID-19aren zabalpenari mugak jarri eta langileen eta herritarren osasuna zaintzeko erabakiak hartzea. Garbiñe Aranburu eta Mitxel Lakuntza LAB eta ELAko idazkari nagusiek bidali diote gutuna Denis Itxasori.
LAB sindikatuak agerraldia eskainiko du bihar goizeko 10:30ean. Koronabirusak eragindako krisia dela-eta oinarrizko lanetan ari diren langileen (gehienak sektore feminizatuetakoak) inguruan arituko dira LABeko Zerbitzu Pribatuetako Federazioko idazkari Maddalen Dorador eta Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategi.
Agerraldian, oinarrizko lanetan ari diren langileek, gehienak sektore feminizatuetakoak, bizi duten egoeraren berri emango da, euren osasun eta segurtasuna bermatzeko neurriak eskatzeko. Sindikatuak ildo honetan egingo dituen ekimenen berri emango du.
Egoerak hala behartuta, STREAMING bidezko agerraldia izango da. LAB sindikatuaren Youtube kontutik emango da, zuzenean, lotura hauetan: https://www.youtube.com/user/labsindikatua/live edo www.lab.eus.
Igande gaueko Dekretuaren ondotik, arazo ugari salatu ditugu Hego Euskal Herriko lan zentroetan. Jaurlaritzako Kontseilari Arantxa Tapiak eta Confebaskek aholkatu bezala, enpresaz enpresa zirrikituak bilatzen dabiltza enpresaburuak. Horren adibide da, Domiberia, Aludium, Mecanizados Osatu edota ITP AERO bezalako enpresetan sartu ditugun salaketak; hala ere, lanean jarraitzeko aginduak bere horretan dirau.
Zirrikituetatik harago ematen ari den iruzurra salatu nahi du LABek. Oinarrizkoa ez den produkzioa mantendu nahi dute; adibidez, Aludiumen, oinarrizko produkzioa %10 izan beharko litzatekeenean, %75 produzitzera derrigortu nahi dituzte langileak. Edota ITP AERO enpresan, behin-behineko eta azpikontratetako langileak lanera joanarazi dituzte, oinarrizko ez den produkzioa aurrera ateratzeko.
Argi dugu, enpresaburuentzako, Patronalentzako eta Jaurlaritza zein Nafar Gobernuarentzako, langileen osasuna ez dela lehentasunezkoa. Eta, momenturen batean, kontrakoa antzeztu nahi izan badute ere, ezta Espainiako Gobernuarentzako ere. Horren adibide da, Espainiako Gobernuak atera berri duen zehaztapen edo irakurketa berria. Igandeko dekretuaren irakurketa oso modu zabalean interpretatzeko aukera ematen du; hau da, enpresaburuek nahi dutena egiteko aukera zabaltzen du.
Honen aurrean, LABek argi adierazi nahi du:
– Ohar horrek ez dauka balio juridikorik, une honetan indarrean dagoena eta balio duena 17/2020 Errege Dekretua da, igandeko dekretua.
– Ezinbesteko jarduera egiten dutenek, edota euren hornitzaileek, gutxieneko jarduera egin ahalko dutela dio ohar horrek. Bereziki, martxan jartzeko arazoa edota martxan ez izateak istripu arriskua ekar lezakeen enpresetan. Hori da azken orduetan Hego Euskal Herrian arazo gehien sortzen ari den puntua, izan ere, enpresa askotan zirrikitu eta iruzurrerako erabiltzen ari dira.
– Nazioarteko kontratuak bete behar dituzten enpresetan, esportazio edo inportazio lanetan dauden langileak ere lanera joan beharko dutela dio; ezinbesteko hornikuntzarako edota nazioarteko konpromisoak betetzeko.
Azken puntu hori ez zegoen dekretuan jasoa, beraz, ez da aplikagarria. Gainera, oharrak soilik esportazio-inportazio jarduera aipatzen du, inola ere ez produkzioa.
Honengatik guztiagatik, anbiguotasunak eta iruzurrak alde batera utzi eta behin betikoz langileen osasuna (eta ondorioz herritar guztiona) erdigunean jartzeko eskatzen dugu; oinarrizko ez den jarduera oro eten egin behar da.
LABetik kasu guztiak salatuko ditugu. Une honetan borrokan eta plantoan dauden langileei gure babesa eskaini nahi diegu.