2026-01-29
Blog Page 523

Arcelor Mittalek ez du frogatu Covid-19aren ondorioz neurri berriak behar direnik

0

Irtenbidea ez da etorriko EEEak eta enpresa-hitzarmenak multinazionalaren neurrira sinatuta. Etorkizuna Euskal Herrian sindikatuok indarrak batzeko gai izatearen araberakoa izango da, inbertsioen, kontratazio berrien eta errelebo-kontratuaren beharra agendan jartzeko. Horretarako, duela urtebete proposamen zehatz bat egin genien gainerako sindikatuei (ELA, CCOO eta UGT). Euren erantzunaren zain jarraitzen dugu.

LABek argi zuen eta, egindako bileren ondoren, nabarmenago geratu da ABEEE horren beharrik ez dagoela. Enpresak ez du frogatu Covid-19ren ondorioz neurri berriak behar direnik. Etorkizunerako iragarpenak egitera mugatu da, pandemiak enpresaren egoera ekonomikoan eta produktiboan duen eragina frogatu gabe. Horregatik, bere lana ez da izan Enplegu Erregulazio Espedientearen beharraz konbentzitzea eta sindikatuekin negoziatzea, kaleratzeekin mehatxatzea baizik. Ez da enplegua bermatzeko ABEEE bat. Arcelor Mitttalek 2009tik darama ABEEE bat aplikatzen. Emaitza guztiz kezkagarria da: Estatu mailan 12.000 langile baino gehiago zeuden 2009an. Orain 8.000 baino apur bat gehiago daude. 4.000 postu suntsitu dira. Euskal Herrian lanpostuen erdiak baino gehiago suntsitu dira aldi horretan. Kalitatezko enplegu finko horren zati baten ordez, gero eta azpikontrata eta ABLE gehiago sartu dira.

ABEEE honen helburua langileen eta diru-kutxa publikoen kontura dirua aurreztea da. Hori dela eta, ez du ezer negoziatu eta 2009ko EEEaren soldata-osagarriak baino askoz txikiagoak eskaini ditu, %75 baino ez, eta oporretan eta aparteko ordainsarietan galerarekin. Gainera, multinazionalak ez du inolako konpromisorik eskaini, hala nola enpleguari eusteko bermea, inbertsioak, edo jarduera gehiago ez azpikontratatzeko bermea…
 

 

 

Populazio guztiari testak egitea proposatu dugu deseskalatze eraginkor eta seguru bat izateko

0

Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak eta Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok agerraldia egin dute, osasun krisiak eragindako konfinamenduaren arintze fasean langileen osasuna babesteko hartu beharreko neurriei buruz. Pandemiari aurre egiteko, eta deseskalatze prozesu eraginkor eta seguru bat izateko, ezinbestekotzat jo dute test masiboak eta doakoak egitea populazio osoari. Hori bai, zehaztu dute herritar guztiei testak egiteko helburu eta estrategiaren barruan, lan arloan nondik hasteko lehentasunak finkatu behar direla, eta horretarako LABek baduela proposamena. Hain justu, proposamen horren berri eman dugu agerraldian.



Lan zentroetan, lehentasunak finkatuko beharko lirateke testak egiterakoan, oinarrizko zerbitzuetan ari diren langileetatik hasita. Gure proposamena: 

-Osasun langileetatik hasi beharko litzateke, gaur egun %60 ingururi ez baitzaie testik egin.

-Sozio sanitario langile eta erabiltzaileei. Gaur egun askori testak egin zaizkie, baina salatu behar dugu oso berandu hasi direla. Langile asko kutsatu dira eta Euskal Herrian 750 erabiltzaile inguru hil egin dira koronabirusak jota.

-Beste oinarrizko zerbitzuetako langileei. Gaur egun ez zaie testik egin. Berandu gabiltza, arrisku handiko sektoreak baitira: supermerkatuko langileak, anbulantzietako langileaj, gasolindegietako langileak, farmazietako langileak, garraio sektoreko langileak, garraio publikoko langileak…

-Bereziki kaltebera direnei (60 urte baino gehiago dutenei, haurdun daudenei, inmonudefizienteei, bihotzeko gaixotasunak dituztenei, minbizia dutenei eta tratamenduan daudenei, arnas aparatuko gaixotasun kronikoak dituztenei, diabetikoei…).

-Oinarrizko zerbitzukoak ez diren langileei, jada lanean (dendari txikietako langileei, ile apaindegiko langileei…).

-Deseskalatze prozesuari jarraituz, lanean hasi diren edo hasiko diren langile guztiei.

Enpresetako segurtasun planarekin batera testak egiteko plana eta prozedura ezarri beharko da, non langileen ordezkariek parte hartuko duten. Enpresak ziurtatu behar du emaitzak interpretatzeko eta kasuen jarraipena egiteko gaitasuna duela, eta emaitzan inguruko konfideltasuna gordeko duela. Ezingo dute erabili langileak diskriminatzeko.

Testak egiteak ezin du ordezkatu enpresetako planetan jasotzen diren segurtasun neurriak (higiene, antolaketa neurriak, kontrol neurriak…). Zorrotzak izango gara aplikazioan, eta jarraipena egingo dugu.

Aldiro, antigorputzen testekin osagarritu
Plan orokor honen baitan, langileei lehenengo PCR testa egin, eta, gero, aldiro, antigorputzak neurtzen dituzten testekin osagarritzea.

Testak lan zentroetan egin, prebentzio zerbitzuen osasun langileen bitartez zerbitzu publikoekin koordinatuak. Lan zentroak honetarako beharrezko baldintzak eta bermeak beteko ez balitu, testak osasun zentroetan egitea eskatzen dugu.
 

 

 

Jaurlaritzak ez du arintze prozesua langileekin partekatu nahi eta CONFEBASK-i interesatzen zaizkion neurriak inposatu nahi ditu soilik

0
Jaurlaritzak sindikatu, patronal eta beste eragile ekonomiko batzuekin izandako bileran izan da LAB. Amaieran, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak adierazi du bilerak gutxirako balio izan duela.

“Jaurlaritzak, aldebakartasunez hartzen ari diren erabakien berri eman digu, jada komunikabideetatik ezagutzen genituenak. Jaurlaritzak ez du langileekin prozesu bat partekatu nahi eta Confebask-i interesatzen zaizkion neurriak inposatu nahi ditu bakarrik”, adierazi du LABeko kideak.

Ugartemendiak gaineratu du arintze prozesu bat ezin daitekeela horrela kudeatu eta partaidetza zabal eta anitza duen plan bat osatzea aldarrikatu du. “Jaurlaritzak patronalaren neurrira hartutako erabakiak inposatzea bide okerra da eta ez die biztanleriaren interesei erantzuten” gaineratu du.
 

 

 

Proposamen berri bat helarazi diogu Esku-hartze Sozialeko patronalari, Nafarroako sektoreko lehen hitzarmena lortzeko eta lehenbailehen arautzeko

LAB sindikatuak ANEISi, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko enpresen patronalari, sektorearentzako hitzarmen-proposamen berri bat helarazi dio, eta osasun-krisiak etendako negoziazioei berriz ekiteko eskatu dio. LABen ustez garaia da patronala langileen mailan egon dadin eta sektorea duintzeko aldarrikapenari gertaerekin erantzun diezaion.

Ezer baino lehen, LABek, Nafarroako Esku-hartzeko Sozialeko sindikatu nagusia den aldetik, publikoki aitortu nahi du sektoreko 2.000 langileak osasun alerta honetan egiten ari diren lan izugarria. Azken hilabete hauetan inoiz ez bezalako egoerak bizi izan ditugu gure bizitzan. Horietako batzuek, Covi-19 krisiaren aurretik ere ezagunak izanik, okerrera egin dute. Nafarroako Esku-hartze Sozialaren sektorea seguru asko bere errealitate gordinena bizitzen ari da hamarkadetan. Egun hauetan gizartearendako egiten dugun nahitaezko lana agerian gelditzen ari da, eta, aldi berean, prekaritatearen eta pribatizazioen hamarkaden ondorioak jasaten ari gara berriz.

Egun hauetan agerian gelditu dira, bertzeak bertze, hainbatetan salatu dugun langile eskasia historikoa, pairatzen duten errekonozimendu falta, azpiegitura egokirik edo babes-baliabiderik eza zentro askotan… Inguruabar horiek dagoeneko beren gaitasunen mugan zeuden hezkuntza talde batzuk itotzen ari dira, baina erabiltzaileekin konpromiso ikaragarri handia dutenez, mugarik gabeko profesionaltasuna erakusten ari dira.

Eta horren guztiaren aitzinean zera galdetzen dugu: noiz arte sostengatuko dira Esku-hartze Sozialeko zerbitzu publikoak langileen prekaritatean? Egitateak nahi ditugu eta behar ditugu, ez promesak. Bide horretan, berriz ere Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmenaren beharra aldarrikatzen dugu. Kontratatzen gaituzten enpresek eta ANEISek —sektoreko enpresen patronalak— erantzukizun eta aukera historiko saihestezina dute gure sektoreak gizartearen eta erakundeen benetako aitortza lor dezan.

Urtebeteko elkarrizketen ondoren, negoziazioa aurreratuta dago. Hala ere, osasun-krisiak bete-betean murgildu gaitu Covid-19ren kudeaketan, eta bilerak bertan behera utzi ditu aldi baterako. Hori konpontzeko, astelehen honetan berean proposamen berri bat helarazi diogu ANEIS patronalari, eta negoziazioari berriz ekitea eskatu dugu bideokonferentzia bidez. Gure eskaerek inoiz baino zilegitasun eta garrantzi handiagoa baitute.

Osasun-krisi honek gaerian utzi ditu sektoreko langileen lana eta konpromisoa. Langileak egoeraren parean daude. Eta modu berean patronalari eskatzen diogu bere langileak egiten ari diren bezala jardun dezala, eta ahalik eta lasterren akordio bat lortzeko planteatu ditugun aldarrikapenei baiezko erantzuna eman diezaiela.
 

 

 

Lan heriotzen odolusteak Aiaraldea gogor kolpatu duela salatu dugu Laudion, hildako azken langilea gogoan

Euskal gehiengo sindikalak kontzentrazioa egin du gaur Laudioko Gardea auzoan, Forestales Frias enpresaren aurrean, atzo Luiaondon hil zen enpresa honetako langilearen heriotza salatzeko. Lan heriotz honekin aurten, gutxienez, 30 langile hil dira Euskal Herrian, eta otsailaren 6tik desagertuta daude Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, Zaldibarren. Hain zuzen ere, hiru hilabete bete dira gaur gertakari lazgarri horretatik. Ordutik lan heriotzen sarraskiak ez du etenik, Aiaran asteartean izandako istripua adibide.

Euskal gehiengo sindikalak Laudion egindako elkarretaratzean, LABeko Aiaraldeko arduradun Ieltxu Oruetak hartu du hitza. Adierazi du honezkero 30 direla gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak, eta Aiaraldean 6 izan direla azken hilabeteotan lanean hildakoak.

Ozen salatu du egoera hau eta honen aurrean langileok antolatu egin behar dugula adierazi du, eredu berri bat gauzatzeko, langileon osasun eta bizitzak lehenetsiko dituena.
 

 

 

Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena

Gaur lan istripu hilgarri baten berri izan dugu. 40 urteko langile bat hil da Luiaondon (Aiara) basoko lanetan ari zela. Pinu bat erori zaio gainean langileari bere ardurak betetzen zituen bitartean. Honekin, gutxienez, 30 dira aurten Euskal Herrian hildako langileak eta beste bik desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian pasa den otsailaren 6tik. Azken heriotza honen aurrean, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egingo dugu bihar Forestal Frias enpresa atarian, Laudion, 12:30ean, “Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea” lemarekin. Enpresa horretako langilea zen hildakoa.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik hildakoaren senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu. Babes hau hilabete hauetan hildako langile guztien ingurukoei zabaltzen dugu.

Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero honetako lan istripuak ditugu, baina ezaguna izan arren, praktikan ez dituzte neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Baina ematen du administrazio publikoen arduradunek ez dakitela hau. Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko? Zein aldaketa egin eta zein pausu emateko prest daude egoera honi buelta emateko?

Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.
 

 

 

Gazteen langabezia modu kezkagarrian hazi da

Hego Euskal Herrian 13.507 langabe gehiago zenbatu dituzte apirilean. COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren testuinguruan, jarduera ekonomikoaren hondoratzearen ondorioz 179.085 langabe daude lau lurraldeetan; hau da, aurreko hilean baino %8,2 gehiago eta duela urtebete baino %21 gehiago. Dena den, pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko hartutako neurriek ez dute eragotzi enplegu asko suntsitzea. Eta horren eragina bereziki larria izaten ari da gazteen artean: langabezia %12,3 igo da hilabete bakar batean, eta iaz baino %34,7 handiagoa da.

Emakumeen artean, erregistratutako langabezia %6,9 igo zen joan den hilean, eta %15,8 aurreko urtearekin alderatuta. Intzidentzia handiagoa da gizonen artean: %9,7 eta %27,7, hurrenez hurren.

Nolanahi ere, bada suntsitutako enpleguaren benetako magnitudetik hurbilago dagoen beste datu bat. Apirilean, Gizarte Segurantzako batez besteko afiliazioa 23.194 pertsonatan jaitsi zen, eta azken bi hilabeteetan 30.800 afiliazio baino gehiago galdu da.

Bestalde, egungo egoeraren ikuspegi osoa izateko, garrantzitsua da aipatzea 260.000 pertsona baino gehiago daudela Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteen eraginpean. Eta, kasu askotan, ziurgabetasun handia dago enplegu horien jarraitutasunaren edo behin betiko iraungitzearen inguruan.

Eta hori guztia langabezia-tasa altuak, behin-behinekotasun handia eta langabeziababes txikia ezaugarri dituen lan-merkatuan gertatzen da.

Epe ertain eta luzera, ezinbestekoa da eredu ekonomiko eta soziala birbideratzea ekoizpen-egitura eraldatzeko. Bizitza eta pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu bat behar dugu, kapitalak gaur egun duen zentraltasunetik urrun.

Zailtasun bereziko une hauetan, garrantzitsua da susperraldiari ekiteko oinarriak ezartzea, inor bidean utzi gabe, prekarietateari, azpienpleguari eta murrizketa sozialei bidea itxiz.
 

 

 

Koronabirusak bizkortutako egiturazko krisiei buruzko ‘Talaia’ berezia argitaratu du Ipar Hegoa Fundazioak

0

Egoerak hala eskatuta, Ipar Hegoa Fundazioak ‘Talaia’ gogoetarako gunearen zenbaki berezi bat argitara eman du, koronabirusaren kudeaketak agerian utzi dituen zirrikitu, hutsune eta zuloei buruz. Hainbat arlo jorratu dituzte, "Covid-19, egiturazko krisien bizkortzaile" izenburuarekin. Elkarrizketatuen artean LABeko Exekutiboko kide Xabier Ugartemendia eta Maddalen Dorador daude, besteak beste.

 

 

 

Herrien Munduko Federazio Sindikalaren adierazpena, Venezuelako gertakarien harira

0
Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak Venezuelako herriaren burujabetzaren eta bere erakunde demokratikoen defentsan eta bakea, demokrazia eta egonkortasuna, Venezuelan eta erregioan kolokan jartzen duen eraso ororen kontra lan egiten jarraituko dugula adierazi nahi dugu.

LAB sindikatuak, Galizako CUT-ek, Kanarietako Intersindical Canariak eta Herrialde Katalanetako CSC eta COS sindikatuok osatzen dugun Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak, zeinak gure herrialdeetan Munduko Federazio Sindikala ordezkatzen duen, Venezuelan gertatzen ari denaren inguruan honakoa adierazi nahi du.

Lehenik eta behin, Central Bolivariana Socialista de Trabajadores-i eta orokorrean Venezuelako herriari bizitzen ari diren momentu zail hauetan gure elkartasun internazionalista osoa helarazi nahi diogu.

Iraultza Bolibartarraren defentsan beti haien ondoan edukiko gaituztela adierazi nahi diegu. Azken egunotan, Venezuelan interbentzio inperialista areagotu egin da. Pasa den igandean Venezuelako gobernuak mertzenario eta militar ohi batzuek itsasoz eginiko inbasio saiakera saihestu zuen La Guaiara (Venezuelako iparraldean Caracasetik hurbil). Atzoko egunean zehar jarraitu zuen operazio honetan, zortzi mertzenario atxilotuak izan ziren, haien artean operazio burua zena eta pasa den urteko apirilaren 30eko estatu kolpe saiakeran parte hartu zuena, eta Estatu Batuetako bi hiritar.

Venezuelako herrialdea ezegonkortzeko saiakera berri hau gogor gaitzesten dugu. Eraso berri hau Nicolas Maduro lehendakaria kargugabetu eta Venezuelako herriari hainbeste hobekuntza eta aurrerapen ekarri dizkien Iraultza Bolibartarra suntsitzea helburu duen estrategia inperialistaren atal berri bat da. Herrialdea ezegonkortzeko saiakera berri hau pandemia testuinguru batean gertatu izana ez da kasualitatea.

Setiaturik eta nazioarteko kontu korronteak blokeatuta dituen Venezuelan Maiatzaren 4a bitarte denetara 361 Koronavirus kasu egon dira, 193 kutsatu aktibo, 158 errekuperatutako kutsatuak, eta 10 pertsona hil egin direnak. Estatu Batuetan aldiz 70.000 pertsona baino gehiago hil dira Koronavirusaren ondorioz. Estatu Batuetako mugen barruan, hiritarren bizitzak suntsitzen dituen sistema ekonomiko, politiko eta sozialaren miseriak ezkutatzeko saiakera bat izan da.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak Venezuelako herriaren burujabetzaren eta bere erakunde demokratikoen defentsan eta bakea, demokrazia eta egonkortasuna, Venezuelan eta erregioan kolokan jartzen duen eraso ororen kontra lan egiten jarraituko dugula adierazi nahi dugu.