2026-01-29
Blog Page 516

Tubos Reunidosek zazpigarren ABEEE ezarri du 2009tik hona enpresa-batzordearen adostasunik gabe

Tubos Reunidos Industrialeko zuzendaritzak zazpigarren ABEEE inposatzen digu enpresako langileoi, eta hori apirilean arrazoi produktiboengatik planteatutakoa kontutan izan gabe, enpresak bertan behera utzi zuena. LABen atal sindikalak eta alde sozialak hainbat proposamen egin dituzte ABEEE hauen ondorioak murrizteko eta enpresak tresna honen gehiegizko erabilera kontrolatzeko. Hala ere, zuzendaritzak, beste behin ere, ez du borondaterik izan langileentzat langabeziak dituen ondorioak murrizteko akordioren bat lortzeko eta ez du konpromisorik hartu nahi izan inolako enpleguaren bermeren inguruan.

LABen atal sindikalaren iritziz, enpresaren zuzendaritzak uneoro gutxietsi du alde soziala eta berriro ere erakutsi du ABEEE hauen helburua gure hitzarmenak ahalbidetzen ez dion malgutasuna ezartzea dela.

Egoera hau larritu egiten da iraungita dagoen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan jasaten ari garen hiru urte eta erdiko blokeoa kontutan izanda, honek dakarren erosahalmenaren galera, lan-baldintzen okertzea edo errelebo kontratua ezartzeari emandako ezezkoarekin. Bien bitartean, goi-mailako zuzendaritzak bikoiztu egin du soldata azken bi urteotan.

Azken lau urteotan hiru lehendakari ezberdin izan dira kontseiluan. Eta neurri bakarrak kaleratzeak eta taldeko enpresa bat ixtea izan dira, langileei begirako erabaki eraginkorrik hartu gabe.

Enpresaren bideragarritasun plan baten faltak, lantegi ezberdinetako inbertsio falta eta neurrien inprobisazioarekin batera, epe laburrean TRIko langileontzat ziurgabetasunez betetako etorkizuna aurreikustera garamatza.

Segurtasun planik adostu gabe bueltatuko gara geletara Nafarroan

Nafarroan ikasgeletara itzultzeko egun gutxi falta direnean, LABek kezka agertu du Segurtasun eta Osasun Batzordean dauden delegatu sindikalekin adosturiko segurtasun-planik ez dugulako, Laneko Arriskuen Legean zehazten den bezala. Horrez gain, ikastetxeetako zuzendaritzen bizkar gainean utzi dutelako kasu bakoitzean zer egin erabakitzeko ardura.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroan irakaskuntza presentziala emateko baimena eman du ekainaren 1etik aurrera, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, euren borondatez, ikasgeletara joan daitezen unibertsitaterako sarrera froga prestatzera. 48/2020 Foru Aginduak hizkuntza-eskola ofizialetako eta Zubiarte Euskaltegiko azterketak presentzialak izatea ere ahalbidetzen du.

Foru agindu horren arabera, ikastetxeetako zuzendaritzek erabakiko dute zein langile itzuliko diren ikastetxeetara eta haiek arduratuko dira osasun-babes neurri guztiak hartzeaz.

Gelak irekitzeko egun gutxi falta direnean, oraindik langileekin adostutako prebentzio eta segurtasun planik ez dagoela salatu nahi du LABek. Badakigu Ministerioko prebentzio eta higiene neurri sanitarioak bidali zaizkiela zentroei. Neurri horiek, ordea, orokorrak dira eta ez dute zehazten egoera zehatzetan zer egin, esate baterako klaustro deialdia baldin badago. Horrekin batera, Foru Agindu honek zuzendaritza-taldeen gain jarritako erantzukizuna salatu nahi dugu, haiek osasun-teknikari kualifikatuak ez baitira. Gainera oinarrizko neurri batzuk ez dira hartuko, adibidez testak eta tenperatura neurketak egitea eta hori guztia arinkeriaz jokatzea dela deritzogu.

Halaber, nabarmendu beharra dago Foru Agindu honetan ez direla irakasle ez diren langileei buruzko neurriak aipatu ere egiten, ez langile horiek berriz laneratzeari buruz, ez haien funtzioei buruz ez eta horiek gauzatzeko behar diren prebentzio-neurriei buruz ere. Badakigu kasuren batean zaintzaileak lanean ari direla, materialak garbitzen, baina irakasleekin koordinaziorik izan gabe. Hori dela eta, LABek azpimarratu nahi du ikastetxeetara dei egiten zaien langileak langileek, irakasleak zein irakasle ez direnak direnek, beren lanpostuekin zerikusia duten lanak egin behar dituztela, eta ez beste zeregin batzuk, hala nola garbiketa edota desinfekzio lanak. Ikastetxeetara langileak ez dagozkien eginkizunak betetzera bidaltzea salatzen dugu, ez baitago hori arautzen duen foru-agindurik ez eta bidezko neurririk ere.

Nazioarteko 100 sindikalistaren atxikimendua jaso du “Covid-19a giza eskubideen afera bat da kartzeletan” manifestuak

Pasa den astean egin zen publiko “Covid-19a giza eskubideen afera bat da kartzeletan” manifestua, Piedad Cordoba, Adolfo Pérez Esquivel, Brian Currin, Nora Cortiñas eta beste hamarnaka adituren eskutik. Idatzi honetan zehazten zen preso zaurgarrienen askatze humanitarioak bizitzak salbatuko dituela eta etorkizunean bakea eraikitzen lagunduko duela. Bada, aipatu manifestuak nazioarteko100 sindikalistaren atxikimendua jaso du (Ikus zerrenda).

“Badugu aukera” kanpaina abian jarri dugu, berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa aldarrikatzeko

Pandemiaren aurreko normaltasun heteropatriarkal eta kapitalistara bueltatzearen aldeko diskurtsoa zabaltzen ari den honetan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak bizitza erdigunean izango duen normaltasun berri bat eraikitzeko aukera eta beharra aldarrikatu dute. Hala, “Badugu aukera. Vamos hacia el cambio” leloarekin, kanpaina bat abian jarri dugula jakinarazi dute, trantsizio ekosozialista eta feminista ardatz, helburu hauek lortzeko: lan guztiak aitortzeko eta lan, pentsio eta bizi duinak bermatzeko; zerbitzu publikoak indartzeko; garapen eredu jasangarri bat ahalbidetzeko; zerga politika berri bat ezartzeko, aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzeko; eta burujabetza lortzeko.

“Ez dugu indarrean dagoen sistema berreraiki nahi. Sistema hau errotik aldatu nahi dugu, eredu berri bat eraiki nahi dugu”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, “Badugu aukera” kanpaina aurkezteko agerraldian esandakoak.

Hain zuzen ere, LABek kanpaina bat abian jarri du, berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa bat aldarrikatzeko. “Irekitzen den garai berri hau zaila izango da langileontzat. Gogorra, baina, kanpainaren leloari jarraituz, aukeraz beteriko garaiak datozela uste dugu. Izan ere, pandemia honek ageriago utzi du egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida jasangaitza dela”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “alternatiba sistema hau errotik aldatzea da. Sistema hau sostengatzen jarraitu nahi duten alderdi sistemikoek, EAJ buru, eta patronalak hitzetik hortzera darabilte berreraikuntza ekonomiko eta sozialaren beharra. Horretarako kolaboraziorako deia egiten digute, kolaborazio horretarako joko zelaia jartzen digute eta guk badakigu arbitroa erosia dutela; beraz, langileok baldintza horietan ezin dugula partidarik irabazi. Eta guk oso argi esaten dugu: ez diogu eztabaidari beldurrik, baditugu proposamenak langileon bizi baldintzak hobetzeko, baina gurekin ez kontatu sistema berreraikitzeko, gurekin ez kontatu egungo sistemari eustea helburu duten eztabaida markoetan aritzeko”.

Bost ardatz
Langileak babestu behar dira eta ez kapitala. Gakoa etorkizuna eraikitzeko bideari ematen diogun norabidean dago. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioari ekin behar zaio, trantsizio ekosozialista eta feministari. Horretarako, 5 ardatz nagusi ditu LABen proposamenak:

1. Lan guztiak aitortu eta lan, pentsio eta bizi duinak bermatu:

-Urtarrileko Greba Orokorraren ondotik interpelazio bikoitza egin genuen, instituzioei eta patronalari prekarizazioari aurre egiteko neurri zehatzak eskatuz. LABentzat aldarrikapen horiek indarrean jarraitzen dute.

-Enplegu suntsiketarik ez. ABEEE-etako soldatak osagarritu %100era eta enplegu bermea. 

-Behin behinekotasuna oso altua da, kontratu gehienak iruzurrezkoak dira. Langile horiek, gazteak eta emakumeak nagusiki, erabili eta bota egiten diren langileak bilakatu dira. Lan munduan ematen den bereizketa honekin amaitu behar da.

-Oinarrizkoak diren zerbitzuetako langileen lan baldintzak duindu behar dira. Gehienak emakumeak dira, zerbitzu hauetako hainbat pribatizatuak eta merkantilizatuak izan dira. 1.200 eurotik beherako soldatak dituzte askok eta askok edota lanaldi partzial inposatuak dituzte.

2. Zerbitzu publikoak indartu: 

-Zerbitzu publikoak garatzeko publifikazio plan bat behar da, eraldaketa sakon bat behar da, oinarrian hiritarren arreta jarri eta ikuspegi merkantilista alboratuko duen eredua behar dugu.

-Zerbitzu publikoak indartzeko inbertsio handiagoa egin behar da, eta eredu berri baten bidean ezinbestekoa izango da langile publikoen lan baldintzak hobetzea, langileak egonkortzea, ratioak jaistea eta langile publikoen kontratazioak areagotzea. 

-Zaintza sistema publikoa eraikitzeko garaia da. 

3. Garapen eredu jasangarria: 

-Aberastasunaren kontzentrazio eta pilaketa helburu duen produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar dira. Bizitza sostengatzeko beharrezkoa den horretara eta natura suntsituko ez duen eredura bideratu behar da ekonomia. Herri batean sortzen den aberastasuna neurtzeko ekoizten denaren balio soziala zein ingurugiroan duen eragina kontuan hartu behar dira, baita lan produktibo eta erreproduktiboa ere, sistema honek emakumeokiko duen zor patriarkala kitatuz.

4. Zerga politika berria, aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzeko:

-Ezin da lan eta bizitza duinik lortu aberastasuna banatzen ez bada. Zerga politikak sakoneko aldaketa bat eskatzen du. Zentzu honetan, proposamena bidali dieguforu erakundeei.

5. Burujabetza:

-Pandemia honek erakutsi digu zein garrantzitsua den Estatu bat izatea. Horregatik jarraitzen dugu erabateko burujabetza eta Estatu propio bat aldarrikatzen.

Kapitala beharrean, langileria babesteko neurriak eskatu dizkiogu Nafarroako Gobernuari

0

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera egin da, eta LABeko Imanol Karrerak bileran parte hartu du. Langileen interesak defendatuko dituzten neurriak eskatu ditu bertan. Bileraren amaieran, Karrerak nabarmendu du gaur egungo sistema kapitalista gainditzeko aukera dugula, “gure bizitzak erdigunean jarriko dituen beste sistema baterantz urratsak emanez. Horretarako antolatzea eta lantokietan zein kalean mobilizatzea da gure indarra”.

Enplegua, lan-baldintza duinak, lan osasuna eta eskubide sozialak defendatzea aldarrikatu du Karrerak bileran, baita erdigunean pertsonak eta arlo publikoa izango dituen eredu berri bateranzko trantsizioa ere. Bidezko fiskalitatea ere eskatu du.

LABeko ordezkariaren hitzetan, “Nafarroako Gobernua da orain hitzetatik ekintzetara igaro behar duena. Ezin da esan inor atzean utziko ez denik beti aurrera doazenen aldeko neurriak hartzen badituzu, orain arte gobernuak egin duen bezala”.

Ez dugu babestu diru publikoarekin ordaindutako itunpeko ikastetxeetako langileak kaleratzeko akordiorik

LABek ez du sinatu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, itunpeko ikastetxeen sareetako langileen birkokatzea ezinezkoa denean, legezko kalte ordaina bere gain hartzerik. Hezkuntza Sailak, urtarrilean eta otsailean, itunpeko ikastetxeen sareekin eta sindikatuekin bi akordio ezberdin sinatu zituen.

Hezkuntza Sailak, jaitsiera demografikoaren aurrean, langileen birkokapena eta errelebu-kontratuaren finantziazioa laguntzeko akordio bana sinatu zituen patronal eta sindikatu ezberdinekin. LABek, hilabeteetako negoziazioen ondoren, ikastolen patronalekin eta Hezkuntza Sailarekin otsailean sinatu genuen akordioan, “birkokatzea ezinezkoa denean legezko kalte ordaina administrazioak bere gain ez hartzea” ezinbesteko baldintzatzat jarri zuen. Akordio horren baitan, hainbat langileri errelebo-kontratuen bidez erretiroa aurreratzeko bidea ireki zitzaien.

Gizarte ekimeneko patronalek, ELA, CCOO, STEILAS eta UGT sindikatuek eta Hezkuntza Sailak sinaturiko akordioak argi dio langileen birkokapena ezinezkoa den kasuetan (sinatzaileek kudeatuko duten jarraipen batzorde batek ikuskatuta) langileen kaleratzeen kalte-ordaina diru publikoz finantzatuko dela. LABentzat onartezina da hau, gure ikuskeran, langileak birkokatzea helburu duen akordio batek, ezin dituelako kaleratzeak aurreikusi, eta are gutxiago diru publikoarekin finantzatu.

Enplegua mantentzeko, itunpeko ikastetxeen sareetan langileen birkokapen prozesuak ezinbestekoak direla defendatu ditu LABek. Hala, ikastoletako patronalekin 2018-2019 ikasturtean sinaturiko lan hitzarmenean jasotzen zen ikastoletan kaleratzeak ekiditeko birkokapen prozedura, soberakin eta beharrak identifikatu eta zehaztuz gauzatzen dena.

Gizarte ekimenean bide beretik joan gara, eta LABek salatu egin zuen greba bukatzeko akordioak ez zuela jasotzen lanpostuak mantentzeko eta langileak birkokatzeko prozedura zehatza ezta konpromisoa ere, lan-poltsa bat osatzeko akordioa sinatu zuten soilik. Gaur gaurkoz, lan-poltsa oraingoz ez da sortu.

Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk ez dute inolako borondaterik langileak birkokatzeko. Are gutxiago langile bat kaleratzea dohainik aterako zaienean Eusko Jaurlaritza eta sindikatu sinatzaileei esker. Gaur egunera arte bezalaxe, diru publikoarekin nahi dituzten langileak kontratatzen jarraitu nahi dute eta gustuko ez dituztenak diru publikoa baliatuta kaleratu; diru publikoarekin eduki behar den berdintasun printzipioa urratuz.

Orain dela 3 urte, gizarte ekimeneko sindikatu guztiek “Zentroak krisian” akordioa salatu genuen, kaleratzeak diru publikoarekin finantzatzen zituelako. Orain aldiz, kaleratzeak diru-publikoarekin finantzatzea sinatu dute beste sindikatuek.

Alestisen sinatutako ABEEEren aurka gaude

0
LAB sindikatuak, Gasteizko enpresa-batzordeko gehiengoarekin batera (LAB, ELA eta CGTk osatua), Alestis hegazkingintzako enpresak ezarritako ABEEE salatu nahi du. Enpresa hau TIR 1 lehen mailako hornitzaile azpikontratatua da Airbus, Embraer eta Boeing enpresentzat. Bere akzioen %75,95 Aciturri enpresa-taldearen esku dago eta %24,05 SEPI industria arloko entitate publikoaren esku.

Arrazoi produktiboengatik egindako suspentsio ABEEE da eta lau hilabeteko iraupena izango du, 2020ko ekainaren 1etik 2020ko irailaren 9ra. 1.050 langileri eragingo die, Espainiako estatuan dauden 1.376en %60ari. Alestisek Getafe, Cadiz, Sevilla eta Gasteizen ditu lantegiak. ABEEEk 57 egunetako eragina izango du gehienez lan-esku zuzena osatzen duten langileen %80arentzat (872 pertsona), zeharkako lan-eskuaren %66arentzat eta egiturako lan-eskuarentzat, 180 langile inguruk osatua.

Hamabost egunean behinekoa izango den txandakako ABEEEak ez du planteatzen irauten duen bitartean langile gehienentzat langabezia prestazioak osagarritzea, zeharkako lan-eskuko 60 langilerentzat kenduta, 4 hilabete osoak egongo direnak eta hilean 500 euro linealetako osagarria izango dutenak. ABEEE honen osagarri eta konpentsazioak ez dira nahikoak izango, eragindako langileei aparteko pagen eta opor-egunen %25 soilik sortuko dituztelarik. Eta larriena dena, behin amaitu ondoren ez du inolako enplegu bermerik, ziurgabetasuna eta kezka eraginez enpresa-taldeak negozioa, lantegiak eta etorkizunaren geroaren inguruan egiten duen benetako apustuaren inguruan.

Era berean, gogoratu beharrekoa da ABEEE hau ia bere osotasunean ordainduko dutela langileek, diru publikoak ordainduko duen euren langabeziarekin, eta baita enpresa hau estatuaren jabetzakoa ere badela, SEPIren bidez. Gainera, nabarmentzekoa da administrazioak duen erantzukizuna sektore estrategiko honi eta estatu osoan sortzen dituen zuzeneko eta zeharkako enpleguari eusterako orduan. Hortaz, estatu mailako ente honen inplikazioa exijitzen dugu sektorearen etorkizunean eta honi lotutako enpleguetan. Aipatu exijentzia Eusko Jaurlaritzari ere egiten diogu, industria politikan dituen eskumenak kontutan izanda.

Beste alde batetik, ABEEE hau nola negoziatu den ere salatu nahi dugu. Estatu mailako negoziazioa inposatu dute enpresak berak eta CCOO eta UGT sindikatuek. Gainera, ez ditu kontutan izan lan-zentro ezberdinetako errealitatea eta berezitasunak, kasu honetan Gasteizkoak, ezta bere ordezkaritza sozialak (enpresa-batzordeak eta pertsonaleko delegatuak) ez sindikalak (LAB, USO, Independienteak), bere nahiak inposatu eta patronalaren interesen neurrira egindako ABEEE sinatuz.

LABen ABEEE honen aurka gaude aurretik adierazitako arrazoiengatik. Lantegi ezberdinetako enplegua eta etorkizuna bermatzea eskatzen dugu eta hemen negoziatu eta erabaki ditzagula gure lan-baldintzak, guztion artean. Hemen lan egin eta hemen bizi bagara, hemen erabaki behar dugu.
 

 

 

Presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia egiten diegu langileei ostiralerako

Salbuespen legediarekin amaitu eta presoak etxeratzeko prozesua martxan jarri beharra dago, Gobernuak mugitzeko gakoa aktibazio sozialean dagoenaren jakitun, LABek langileei dei egiten die, Etxerat-ek datorren ostiralean berrabiatuko dituen hileko azken ostiraletako mobilizazioetan parte hartzera eta Sare-k egingo duen “Izan bidea” ekimenean parte hartzera.

Hurbilketa eta gradu aldaketa batzuk eman diren arren, euskal presoek jasan behar duten salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen du.

Gainera, COVID-19aren pandemiak ondorio larriak izan ditu espetxeetan ere. Beste gobernu batzuk gaixotasunak dituzten presoak eta adinekoak askatu dituzten arren, euskal presoei dagokienez ez da horrelakorik izan. Gobernuek salbuespeneko neurriei eutsi diete, etxetik ehunka kilometrora dituen sakabanaketarekin jarraituz. Horrela, euskal presoei ukatu egin zaie bisitetarako eskubidea, euren gertukoek herrialde batetik bestera igaro behar baitute sakabanatuta dauden presoak bisitatzeko.

Egoera honen aurrean, LABetik babes osoa adierazi nahi diegu Sare eta Etxerat-ek aste honetan bertan egin dituzten aldarrikapenei:

– Preso guztiak Euskal Herriratzea.
– Larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak berehala askatzea.
– Ohiko bisitak berreskuratzea.
– Gradu aldaketak ahalbidetzea eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egotea.

 Honetaz gain, pandemiaren aurretik LABek hilero Donostian egiten duen presoen eskubideen aldeko hileroko mobilizazioari berrekingo dio maiatzaren 29an. Bulebarrean izango da, 13:00etan. Gainera, LABek manifestazioa egingo du Iruñean datorren ekainaren 5ean, “Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin. 12:30ean izango da, Udaletxe plazatik abiatuta.

Itzulera adostu eta segurua eskatu dugu EAEko haur eskoletan

0
Haurreskolak Partzuergotik, haur eskoletara aurrez aurreko asistentzia eta hezkuntza zerbitzua ez dela iraila arte berriro hasiko adierazi dute eta bien bitartean, beharrezko protokoloak neurriak eta planak lantzen jarraitzen dutela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailek ezarritako irizpideei jarraituz, itzulera uneko egoerara egokituta, haur eta langile guztien osasuna bermatzeko.

LAB sindikatuak itzulera plan guztiak alde sozialarekin negoziatu behar direla gogorarazi nahi dio administrazioari, besteak beste, kudeaketako langileen prebentzio plana, hezitzaile guztiak haurrik gabe haur eskoletara itzultzeko prebentzio plana eta garrantzitsuena dena, ekainaren 8ra arte zabalik dagoen haurren izen-emate epeari erantzungo dion hurrengo ikasturterako itzulera plana. Itzulera hau kalitatezkoa eta osasun berme guztiekin eman dadin, ezinbestekoa izango da ratioen jaitsiera eta espazioen berrentolaketa egokiaz hitz egitea eta adostea, horretarako beharrezkoa izango den plantila hornikuntzarekin batera.

Erabaki honen berri izatearekin bat, LAB sindikatuak jakin du, haurtzaindegi pribatu batzuk, aurrez aurreko zerbitzua emateko zabalduko dituztela, horietako batzuk Eusko Jaurlaritzako diru laguntzak jasotzen dituztelarik, eta kasu batzuetan, prebentzio planik gabe.