2026-06-22
Blog Page 41

Eskola publikoen fusioek ezin dute D ereduko ikaspostu publikoen murrizketarik ahalbidetu eta puntako eskola publikoak eraikitzeko baliatu behar ditugu

Halaber, Hezkuntza Sailak aurreko ikasturtetik gai honekin izan duen gardentasunik eza salatzen du

Aste honetan prentsan bolo-bolo dabilen gaia izan arren, LAB sindikatuarentzat ez da berria eskola publikoen fusioa. Izan ere, aurreko ikasturtetik fusionatuko diren eskoletako langileekin eta familiekin lanean aritu gara tokian-toki informazioa jaso eta LABen proposamenak egin eta prozesuetan eragiteko. 

Alta, LAB sindikatutik esan behar dugun lehenengo gauza da Hezkuntza Saila bere kabuz aritu dela prozesu hauek egiten. Eta salatzen dugu sailak izan duen gardentasunik eza, izan ere, mahai negoziatzaile zein lurraldeetako berme batzordeetan egin ditugun eskari eta galderen aurrean ixilik egon da eta sindikatuokin ez du ezertxo ere partekatu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoetako fusioen aurrean LABek bi egoera oso ezberdin identifikatzen ditu. Batetik, eskola publikoen itxiera bezala kamuflatzen ari diren fusioak. Hezkuntza Sailak urteetan zehar egin dituen politikek eragindakoak, izan ere, eskola horietan apustu irmorik ez egiteak eta herri konkretu horietako eskola maparen konfigurazioak (gaineskaintza egoera ahalbidetzeagatik) matrikulazio gutxiago izatea eragin du eta eskola horiek ixtera. Kasu horri erantzuten dioten itxierak guztiz arbuiatzen ditu LABek. Arazoa estrukturala da eta hezkuntza-sistemaren antolaketari eta eskola maparekin zerikusi zuzena du. Tokian-toki era deszentralizatuan eraldatu behar dena.

LAB sindikatuak uste du ezin ditugula galdu D eredukoak diren ikaspostu publiko gehiago. Gure helburua sare publiko berri bakar bat osatzea da, non D eredukoak diren ikaspostuak erdigunean egongo diren. Eta hortaz, iruditzen zaigu herriz herri eskola mapan eragin eta erabakiak hartu behar ditugula. Jaiotze-tasaren jaitsiera dugun eta ikasleen eskolaratzean haur gutxiago matrikulatzen diren -matrikulazio arrunta zein bizia kontuan izanik- testuinguruan gaudela argi izanik, ikaspostuak murrizten ari direla errealitate bat da; eta horren aurrean, LABek argi du: murrizketak laikoak ez diren eta D eredukoak ez diren ikaspostuetatik hasi behar dira.

Eta bestetik, iruditzen zaigu fusio batzuk egokiak direla eta zentzua daukatela. Fusio horien bitartez sortuko den proiektua hobea izan behar delako, utziak egon diren eta konplexutasun indize altua edo oso altua duten eskola publiko horietan eraldaketa gauzatuz euskalduntzen duten eta inklusiboak diren kalitate handiagoagoko eskola publikoak eraikitzea dagokigulako.

Horretarako, alde batetik, langile guztiei lanpostuak bermatu behar zaizkie. Hezkuntza publikoko langile zuzenen kasuan LAB lortzen ari dena, langileen lau kolektiboetan aurreko urtean sinatu zituen lan-hitzarmenen bitartez eta plantillak esleitzeko irizpideen akordioen bidez, hain zuzen ere. Langile publikoez gain, azpikontrataturiko langileentzat berme guztiak eman eta ezarri behar ditu sailak. 

Alabaina, zentzuzkoak diren fusio horiek ondo egin eta ahalik eta arrakastatsuenak izan daitezen hiru gauza eskatzen dizkiogu Hezkuntza Sailari: 

1. Fusioetarako baliabide estrukturalak irakasleetan. Langile gehiago behar ditugu egunerokoari erantzuten aritzeaz gain, etorkizuna eraikitzean edo prozesuan bertan inbertitzeko. Aurreko ikasturtean fusioetarako baliabide gehigarriak lortu genituen greben bitartez eta eskolaz eskola egindako lanari esker. Orain, irakasleen lan-hitzarmena sinatu dugun sindikatuokin mahai parekidean tratatu behar dira, sortu diren behar berriak aztertu, egiturazko bihurtu eta eskola guztiei berdina eskaini. 

2. Azpiegituretarako finantzazio handiagoa, aurrekontu partida propioarekin. Hezkuntza Saila 40.000€ ematen ari zaio (kasuren batean gutxiago ere) obra txikietarako ikastetxe bakoitzari. Horrek ez du ezertarako ematen eta sailak hezkuntza komunitate horietan adierazitako bestelako obrak asmoetan geratu dira. LABek apustu bat eskatzen du azpiegituretan. Berehalakoa izango den apustu ekonomiko bat, obra handiagoak egin eta hobeak diren eta puntakoak izango diren eskola publikoak izateko. 

3. Hezkuntza proiektu berriak izateko beharrezkoak diren bidelaguntzak. Hezkuntza Sailetik prozesua bideratzen lagunduko duten figurak, hezkuntza proiektu berriak erabakitzerakoan sortu daitezkeen ikuspegi desberdinen aurrean erabakiak hartzeko prozesuak egiteko, eta benetan euskalduntzen duen eta inklusiboa den eskola publiko bat erdigunean jartzeko. 

LABen iritziz erronka aukera bilakatzeko ordua da, horregatik, ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak hiru arlo hauei erantzunez euskalduntzen duten zein inklusiboak diren eskola publiko horietan tamainako apustua egitea. Horrekin batera, tokian-toki eskola maparen planifikazioan erabakiak hartzeko prozedurak jarri behar dira martxan, ikaspostuen murrizketak laikoak ez diren eta D eredukoak ez diren horietatik hasi daitezen. LABek ildo horretan jarraituko du borrokan zein lanean. 

Lan ikuskaritzen aurrean lan baldintza duinak aldarrikatu, eta martxoaren 17ko greba orokorrerako deia egin dute etxeko langileek

Etxeko langileen lan baldintzak babesteko benetako bermeak emango dituen kontrol eta jarraipen mekanismoak eskatu ditu LABek. Era berean, sektoreko langileen prekaritatea LGS propiorik ezarekin lotuta dagoela salatu dute. 

LABeko etxeko langileen sail sindikalak etxeko langileek eta zaintza sektoreko milaka langilek jasaten duten prekarietatea salatu du. Prekaritate horrek Euskal Herrian LGS lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat negoziatzeko borondate ezarekin du zerikusia, baita hitzarmen kolektibo propio baten faltarekin ere Nazioarteko Lan Erakundearen 189. hitzarmenean berresten den bezala.

EAEko eta Nafarroako Lan Ikuskaritzaren inpunitatea sektoreko lan baldintzen erregulazio faltarekin lotuta dago. Hori dela eta, Lan ikuskaritzei mekanismo eraginkorrak eskatzen dizkie LABek, lanaldiaren benetako erregistroa kontrolatzeko. Lanaldiaren benetako erregistroa kontrolatzen bada, ekidin egingo dira lan abusuzko eta esplotaziozko jarduerak; hala nola, presentzia orduak eta gaua bertan igarotzea. Horrez gain, etxebizitzak ikuskatzea eta kontrolatzea eskatzen du LABek, etxe barruan gertatzen dena kontrolatzeko tresnak erraztuz. Bukatzeko, Lan Ikuskaritza sektoreko lan arriskuen kontrolean inplikatzea eskatzen du, langileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Sindikatua Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatzen ari da egunotan Lan Ikuskaritzari hiru kontrol neurri horiek exijitzeko; Iruñean, astelehenean; Bilbon, atzo; Donostian, gaur; eta Gasteizen, bihar. Horrekin batera, bilerak eskatu dizkie lau ikuskaritzei, aldarrikapen horiei behingoz hel diezeieten.

Izan ere, ezin da etxeko langileak barne erregimenean esklabizatzen jarraitu: adierazle ekonomiko bakarra LGSa da, nahiz eta jakina den benetako lanaldiek langileak 60 ordu edo gehiago lan egitera kondenatzen dituztela, jakinda langileak ez direla konpentsatzen; ez diruz, ez atsedena emanez. Egoera horrren aurrean, Lan ikuskaritza geldirik dago, eta ez du langileen lan baldintzak babesteko benetako bermeak emango dituen kontrol eta jarraipen tresnarik sortu.

Patronalaren eta inplikatutako administrazio publikoen inpunitatea salatu nahi du LABek. Etxeko langileen prekarietateak LGS propioa negoziatzeko eskubidea aldarrikatzera behartzen du, gutxieneko soldata propioaren bidez soldatak nabarmen hobetuko baitira eta horrek ekarriko baitu Euskal Herriko emakume* langileei bizi baldintza duinak beramatzea. Horregatik, LABek dei egiten die sektoreko langileei martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartzera eta mobilizatzera. 

 LABek grebak deitu ditu EAEko eskola publikoetako jangeletan otsailaren 24, 25 eta 26an

EAEko eskola publikoetako jangeletako langileek mobilizazioak hasiko dituzte hitzarmen kolektiboa blokeatu delako, soldata igoerak aplikatu ez direlako eta ratioak, funtzioak eta lanaldiak hobetzeko aurrerapenik egin ez delako.

EAEko kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmeneko sindikatuen artean hainbat bilera egin ondoren, ELA sindikatuak batasun sindikalaren espazioa haustea eta bakarkako bidea aukeratzea erabaki du, ekintza batasunaren aurretik bere siglak jarriz. LABen iritziz, erabaki hori arduragabekeria bat da, indar kolektiboa ahultzen duena, sektorearen aldarrikapen historikoetako bat, hain zuzen ere, sindikatuen batasuna izan denean.

Mobilizazio horiek eragin dituzten aldarrikapenak argiak izan dira, eta intersindikala osatzen dugun sindikatu guztiekin partekatuak izan dira: patronalari negoziatzera esertzeko eta enpresek langileei ordaintzeke dauden soldata igoerak ordaintzeko eskatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari negoziatzera esertzeko eskatzea, ratioak, funtzioak zein lanaldiak arautzen dituzten araudiak aldatzeko.

LABetik kalera ateratzeko beharra defendatzen dugu, langileek beraiek adierazi duten bezala, bai batzarretan, bai lantokietara egindako bisitetan ere.

Horregatik guztiagatik, LABek grebarako deia egin du otsailaren 24, 25 eta 26rako, enpresei negoziatzeko eta zor dituzten zenbatekoak ordaintzeko eskatzeko, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bere erantzukizuna bere gain hartzeko eta ratioei, funtzioei zein lanaldiei buruz negoziatzeko eskatzeko.

Azkenik, LABek, hitzarmen honetan gehiengoa duen sindikatu gisa, dei egiten die gainerako sindikatuei mobilizazioekin bat egin dezaten eta EAEko eskola publikoetako jangeletako langileen eskubideak defendatzeko batasun sindikala berreskura dezaten. 

Martxoaren 17ko Greba Orokorra erregistratu dute Nafarroan sindikatuek

Gaur, ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek martxoaren 17rako Greba Orokorraren deialdia erregistratu dute ofizialki Nafarroa Garaian. Deialdia “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” lelopean egin dute, lan-baldintzen okertzearen eta bizi-kostuaren etengabeko igoeraren aurrean erantzun kolektiboa emateko helburuarekin.

Sindikatuek salatu dute azken urteotan soldatek ez dutela bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu dituela. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa dela azpimarratu dute, eta horregatik aldarrikatu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa, hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua. Proposamen honek zuzenean 74.000 langileren egoera hobetuko luke Nafarroa Garaian. Eta LGS altuago batek negoziazio kolektiboa baldintzatzen du soldata igoera handiagoak adostu daitezen.

Era berean, sindikatuek gogorarazi dute gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Nafarroatik urrun hartzen direla gaur egun, langileen eguneroko beharretatik eta gure herriaren ezaugarrietatik aldenduta. Horren aurrean, erabakitzeko ahalmena hemen izatea funtsezkoa dela defendatu dute, lan-harremanetan burujabetzaren bidean urratsak emateko helburuz.

Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean, sindikatuek bi bide landu dituzte. Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera eginez. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 18.000 sinadura baino gehiago jaso zituzten Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko. Bi bideak blokeatu dituzte CEN patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren UGT eta CCOO sindikatuek —EAEn gutxieneko soldata propio baten aldarrikapena babesten duten sindikatu berdinak— eta Nafarroako Gobernuak.

Sindikatuen iritziz hirugarren bide bat ireki beharra dago, eta ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko ponentzian) ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea.

Horren aurrean, sindikatuek argi adierazi dute CEN patronalak eta bai Nafarroako Gobernuak erantzukizun zuzena dutela gaur egungo egoeran. Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela azpimarratu dute.

Martxoaren 17ko greba orokorraren bidez soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa exijituko dituzte sindikatuek, azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela salatuz. Grebak, halaber, lan-harremanen esparruan erabakitzeko ahalmena hemen izateko beharra mahai gainean jarriko du. Greba honek herritarren parte-hartze demokratikoaren alde jotzen du ere, hilabete gutxi batzuetan milaka pertsonen nahiari muzin egin eta eztabaida irekitzeari uko egin dieten Nafarroako Gobernua, CEN, UGT eta CCOO eragileen autoritarismoa salatzeko.

Greba Orokorra tresna kolektibo eta legitimoa da patronala eta instituzioak interpelatzeko, eta langile guztiei dei egiten diete mobilizazioarekin bat egitera. Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta batzarren bidez.

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Lasarteko Correosen bulego eta banaketa sailean dagoen osasun-egoera larria salatu dute

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek publikoki salatzen dute Lasarteko Correosen bulego eta banaketa-saileko langileek jasaten duten egoera jasanezina. Izan ere, bi hilabete baino gehiago daramatzate instalazioetan arratoi hilak eta usain txar oso gogorrak dituen arazo larri batekin bizitzen.

Enpresak hasieratik egoera honen berri osoa izan arren, emandako erantzun bakarra sailen arteko erantzukizun-trukea izan da. Correosek arazoa garbiketa-enpresa azpikontratatuari helarazi dio, eta honek, berriz, Correosen mantentze-zerbitzura bideratu du jarduketa, baina inork ez du konponbide eraginkorrik eman. Bien bitartean, egoerak bere horretan jarraitzen du.

Utzikeria horren ondorio zuzen gisa, komunetako bat erabiltezina dago barruan dagoen usain bizi eta jasanezina dela eta. Horrek arrisku agerikoa dakar langileen osasunerako eta duintasunerako, eta, gainera, lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia argi eta garbi urratzen du.

Sinatzaile diren sindikatuek Correosi berehalako jarduketa eskatzen diote, egoera onartezin honi amaiera emateko eta plantilla osoarentzat lan-baldintza seguruak, higienikoak eta duinak bermatzeko. Era berean, ohartarazten dute premiazko neurriak hartzen ez badira, ez dutela baztertzen bestelako ekintza sindikal eta legalak abiatzea.

Patronalak, arduragabekeriaz, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmaneran negoziazio mahaia bertan behera utzi du

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta patronalari euren ardura hartzeko eskatu die LABek, eta, behingoz, hitzarmenaren negoziazioari ekin, ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesuari ekiteko.

Gaurko Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaia zegoen deituta, baina patronalak, bezperan, bertan behera utzi du bilera, beste behin ere aduragabekeria erakutsiz eta sektoreko langileekiko mespretxagarria den jarrerarekin. 

2025ean, urte osoan, negoziazio mahaia geldirik egon da, inongo proposamenik gabe. Urte amaieran patronalek 2024ko KPIa emateko ituna proposatu zieten langileei, baina sindikatu guztiek, aho batez, hori nahikoa ez zela eta hori egiteko sindikatuen sinadura ez zela beharrezkoa aurpegiratu zie eta euren borondatez, alde bakarrez, egin zezatela proposatu zieten. Hainbat eztabaidaren ondoren, patronalek erabaki zuten 2024ko KPIa ematea. LABek argi du langileen eta mugimendu feministaren borroka luzearen emaitza dela hori, eta, era berean, borroka desaktibatzeko saiakera bat gehiago dela. LABek negoziazio mahaian, lantokietan eta kalean ekiparazioa eta publifikazioaren alde borrokatzen du, eta, beraz, KPIak ez du asebeteko, ezta aldarrikapenok desaktibatuko ere. 

LABen proposamena eta norabidea zaintza lanak publifikatzea da, zaintza lanak ezinbestekoak direlako eta zerbitzu publikoa direlako. Gainera, LABek argi du lan baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela: batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute, eta ez dute eskaintza duinik langileontzat.

Ildo horretan, LABek behin baino gehiagotan proposatu dio ELAri elkarlana eta ekimen bateratuak egitea, argi baitu elkarrekin indar handiagoa dutela eta langileek batasuna eta borroka gune bateratuak behar dituztela. Orain art,e proposamen horiei muzin egin die ELAk, baina LABek bide horretan jarraituko du, langileei lantokietan batera borrokatzeko aukera eskaintze aldera.

LABek lantoki eta kaleetara publifikazioaren beharra eramaten jarraituko du, eta Gipuzkoako hitzarmenaren aldeko borrokan jarraituko du.

Aldundiari eta patronalei deia luzatzen die LABek, beraien ardura hartu dezaten, eta behingoz hitzarmenaren negoziazioari ekin, ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua beren gain har dezaten. 

Pertsona migratuen erregularizazio masiboa: eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua

Gaur, urtarrilaren 27an, asteartea, Ministroen Kontseiluak Espainiako Estatuan bizi diren pertsona migratuen aparteko erregularizaziorako Errege Dekretua tramitatu du.

Baldintza gisa, pertsona migratuek frogatu beharko dute gutxienez 5 hilabetez Estatuan bizi izan direla, 2025eko abenduaren 31 baino lehenagotik, eta aurrekari penal larriak ez izatea.

Dirudienez, izapidetzea premiazkoa izango da. Eskabideak onartze hutsak urtebeteko behin-behineko bizileku-baimena emango du, legez lan egiteko eta oinarrizko beste eskubide batzuk eskuratzeko aukera emango duena, hala nola osasun-arreta. Epe hori amaitzean, ohiko bizileku-baimenak eskatu ahal izango dira. Eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzailearen aurka egon litezkeen itzulketa-prozedurak edo kanporatze-aginduak etengo dira, arrazoi administratiboengatik edo baimenik gabe lan egiteagatik ezarriak izan badira. 

Espainiako Estatuan, administrazio-egoera irregularrean dauden gutxi gorabehera milioi erdi pertsona neurri honen onuradun izango dira. Espainiako Gobernu zentralak egin duen bederatzigarren erregularizazio masiboa da hau; azkena duela 20 urte baino gehiago egin zen, 2005ean.

LAB sindikatutik, erregularizazio honen lehen balorazio gisa, honakoak azpimarratu nahi ditugu: gaur emandako urratsa Regularización YA! plataformaren garaipen sozial eta herrikoia da. Mugimendu migratu antolatuaren borrokaren eta presio iraunkorraren emaitza da, Estatu mailan 700.000 sinadura baino gehiago biltzea lortu duen lan erraldoiari esker. Euskal Herrian, Regularizazioa Orain! ekimenak —ehunka eragile, erakunde eta kolektiborekin batera, tartean gure sindikatua— bultzada handia eman dio ekimen honi. 

Dekretu hau ez da ezerezetik sortutako zerbait. Denbora behar izan du iristeko, eta ez da kasualitatea iritsi den unea: faxismo globalaren gorakada, munduko gobernurik boteretsuenaren aldetik pertsona migratuen aurkako eraso bortitza, eta diskurtso eta praktika arrazista, matxista, xenofobo eta homofoboen hedapena.

Euskal Herrian ez dugu Madrilgo gobernuaren erabaki partzial eta interesatuen menpe bizi nahi. Subiranotasuna nahi dugu, eta guk hartu nahi ditugun erabakiak hartzeko baldintzak, eskaeren kudeaketatik harago doazenak: hemen bizitza egitea erabaki duten auzokide migratu eta/edo arrazializatuek duintasunez, justiziaz eta eskubide guztien aitortzarekin bizi ahal izateko behar diren baliabide, bitarteko eta azpiegituren norabidea erabakitzeko ahalmena.

Erregularizazioa izapidetzeko onartzeak justizia sozialeko urrats bat eta zor historiko baten aitortza dakar. Pertsona hauek ez dira inoren onuradun hutsak: beren eskubideak modu sistematikoan zapalduak izan diren subjektu aktiboak dira, horrela interesatzen zelako.

Erreforma honen alderdi positiboetako bat da orain arte erabakigarria izan den bizileku-baimenen eta lan-kontratuaren edo kaudimen ekonomikoaren arteko lotura historikoa apurtzen duela. Hori garrantzitsua da —kontuan har dezatela Pradalesek eta Chivitek—: pertsona migratuak ez dira erabil eta botatzeko lan-indarra soilik.

Oraindik zehaztu gabe daude funtsezko alderdiak, hala nola egonaldi-denbora egiaztatuko duten erakundeen arteko koordinazioa eta autonomia-mailan, Atzerritarren Bulegoen bidez, ezarriko diren prozedurak. Kezka dago kudeaketa benetan erraza izango ez delako, eta berriz ere oztopo burokratikoak, arrakala digitalak edo praktika baztertzaileak errepikatzeko arriskuagatik.

Neurri hau Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako administrazioen aldetik baliabide egokiez lagundu behar da, pertsona migratu eta/edo arrazializatuen aurkako jazarpena eta estigmatizazioa —profil etniko-arrazialeko kontrolak, polizia-abusuak edo etxebizitza-arrazakeria, besteak beste— geldiarazteko, eta horren ordez erregularizaziorako benetako laguntza instituzionala bermatzeko.

LABetik berresten dugu lan-arrazakeria salatzeko eta Hego Euskal Herriko lan-zentroetan pertsona migratu eta/edo arrazializatuen eskubideak defendatzeko dugun konpromisoa, milaka langileren lan- eta bizi-baldintzak duintzeko lehen urrats gisa.

Lanaren erregularizazioan eta kontrolan hobekuntzak eskatzen ditugu: benetako eta egiaztatutako kontratuak, Gizarte Segurantzan alta zuzenak, lanaldiak eta atsedenak errespetatzea, Lan Ikuskaritzaren jardun eraginkorra, hitzarmen kolektiboen betetzea eta laneko osasunerako eskubidearen aitortza, bereziki etxeko eta zaintzako lanetan bezalako sektore prekarizatuetan.

Erregularizazio honek pertsona guztientzako gutxieneko oinarri komun izan dadila, elkarrekin aurrera egiteko xantaiarik eta mehatxurik gabe, antolakuntza kolektibo eta ekintza sindikal askatzaile baterantz; lan-arrazakeriarik gabe, eskubide eta aukera berdinekin guztiontzat.

Gure konpromisoa argia da: erregularizazio honek eskubide horiek benetan gauzatzeko aukera emango duela bermatuko dugu, beste askoren abiapuntu gisa. Euskal Herria harrera-herria izan dadin, non “dei-efektua” justizia, duintasuna, aitortza, erreparazioa eta aukera-berdintasuna eskaintzen dituen lur batera egindako deia izango den, pertsona guztientzat. 

Euskara, erretiroa, soldata eta lan baldintzen inguruan Jaurlaritzak dena esana du aspaldi

Gaur EAEko funtzio publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan, eta beste behin LABeko kideok haserre atera gara bertatik. Jaurlaritzak ez du ezer negoziatzeko asmorik, eta sindikatuok egindako proposamenei dagoeneko ezezkoa eman izan diela erantzun digu. Oraingoan administrazioak berak ere onartu du bilera dinamika hau antzua dela eta beste metodologia bat beharrezkoa dela, horren ardura berea dela kontuan hartu gabe.

Enplegua, soldatak eta lan baldintzak Madrilek

Jaurlaritza eroso dago Madrilek inposatzen dituen mugak ezartzen, eta harro adierazten du muga horien gehiena ematen duela. Baina mutu gelditzen da gogoratzen zaionean muga horiek gainditu egin direla sektoreetan, borondatea egon denean, bai ordainsarien osagarriak adosterakoan, baita birjartze-tasak gainditzerakoan. Enplegua, soldatak eta gainontzeko lan baldintzak hemen erabakitzeko ezintasuna lege arrotzari leporatzen dio baina ez du autogobernua gai hauetan garatzeko asmorik. Argi dago borondate kontua dela, eta borondate hori greba eta mobilizazioak eman diren sektoreetan aldatu ahal izan dela.

Euskararekin, konfidantza eta xalotasun eske

LABek azken bileran egindako galdera zuzena egin zion Jaularitzari, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean zer egiteko asmoa zuen. Idatzizko erantzun luzea bezain hutsala aurkeztu du. Legebiltzarrean dagoen lege aldaketaren eztabaida ez du aipatu, zein egoeran dagoen ez daki ere, baina gogoratu beharra dago Jaurlaritza EHBILDUk aurkeztu zuen proposamenaren kontra agertu zela, zeinaren bidez euskararen eskubideak gaztelaniarenen pare jartzen dituen. Idatzizko erantzunean bere burua txalotu egiten du, konpromiso irmoa adierazi, eta sistemak funtzionatzen duela eta eraginkorra dela adierazten du. Bestalde, inor aipatzen ez badu ere, «konfrontazioa ez dela bidea dio Jaurlaritzak, lankidetza eta elkarrizketa baizik». LABek argi du erabaki ausartak eta sendoak hartu behar direla, eta langileekin eta jendartearekin pedagogia egin, eta hala adierazi du. Ez beste alde batera begira jartzea.

LABentzat argi dago Jaurlaritzak ez dituela bere ardurapeko langileen lan baldintzak hobetu nahi, eta eroso dagoela mugak Madrilek inposatzen dituenean. Zenbait sektoretan borondatea aldatu ahal izan da, borrokaren bidez, noski. Eta langile publikook enplegua, lan baldintzak eta euskara defendatu nahi badugu greba eta mobilizazioen bidez izan beharko da. 

Enplegu zentro berezietako langileak mobilizatu egingo dira sektoreko lan baldintzak hobetzea aldarrikatzeko

Enplegu zentro berezietako ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuak martxoaren 14an Bilbon mobilizatuko dira, enpresa zein administrazioek desgaitasunekin egiten duten negozioa salatzeko eta sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzea aldarrikatzeko.

Aurreko ikasturtean, sindikatuek Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu zentro berezietako langileontzat lehen lan hitzarmena aurrera ateratzeko mahai negoziatzailea deitu zuten. Deialdi horren aurrean, sektoreko patronalek (ELHABE, Berezilan, Connace, Feacem eta Confebask-ek) ezezkoa eman zuten, hitzarmenaren negoziaketari atea itxi nahian.

ELA, LAB, CCOO eta ESK-k, aitortza instituzionalaren eta hitzarmenaren borrokaren alde, martxoaren 14an mobilizazioa egingo dute 12:00etan Bilboko Plaza Zirkularrean. Sektoreko enpresek ez dira sektoreko langileen aldarrikapenak kontuan hartzen ari, eta langileak prekarietatera kondenatzen ari dira. Izan ere, langile kopuru handi batek 1.500 eurotik beherako soldatak jasotzen ditu EAEn.

Egoera horren aurrean, administrazio publikoak erantzukizun handia du. Izan ere, langileak prekarizatzen dituen ereduaren bultzatzaile eta babesle da. Gainera, administrazioak ez du ezer egiten desgaitasuna duten langileak enpresa arruntetan integratzeko, egungo eredua betikotuz. Horregatik, ELA, LAB, CCOO eta ESK-k, Eusko Jaurlaritzari eta sektoreko patronalei ereduaren inguruko hausnarketa eta eraldaketa eskatzeaz gain, hurrengo aldarrikapenak egingo dituzte sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko: 

1. 21.000 euroko gutxieneko soldata. 1500 € 14 pagatan. 

2. 1592 ordu urteko. Malgutasuna kenduz eta jarduna behin baino gehiagotan eten ezin izan gabe. 

3. %100ko gaixotasun osagarria. 

4. Mutuak ezabatu. 

5. Fomento kontratuen erregulazioa eta errendimendu bajuko kontratuak debekatzea. 

6. Errelebu kontratua edukitzeko eskubidea. 

7. Euskalduntze eta berdintasun planak enpresa guztietan. 

8. Subrogaziorako eskubidea. 

9. Irabazi asmoko enpresetan sektoreko hitzarmena aplikatzeko derrigortasuna, beti baldintzarik hoberenak errespetatuz. 

10. Aldarrikapen politikoak: diziplina anitzeko taldeak enplegu arruntera heltzeko derrigortasuna enpresa guztietan, eta halakorik ez duten enpresak zigortzea.

Aldarrikapen horneen alde borrokatzeko, enpresetako batzordeen atxikimendu kanpaina martxan jarriko dute sindikatue,k eta enpresaz enpresa langile asanbladak egingo dituzte.

Aldarri horiek guztiak exijitzeko, sektoreko langileei martxoaren 14an mobilizatzeko deia egiten diete sindikatuek. Horregatik, EAEko enplegu zentro berezietako langile guztiek mobilizazio jendetsu bat egingo dute Bilbon, 12:00ean Plaza Zirkularrean.