Gaurkoan, Beasaingo CAF enpresa aurrean elkartu gara, eta bertan egindako protesta ekimenarekin patronalari 2023an negoziatuko den Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren inguruan mezu argi bat bidaltzea izan dugu helburu: hitzarmen duina nahi dugu!
Bada garaia Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena edukiz betetzeko: lanaldia jaitsi, KPIa bermatu, malgutasunari mugak, aldi baterako ezintasun osagarriak, baimen eta lizentziak… LABek argi dauka eta hitzarmen duina lortzeko borrokarako prest dago!
Hitzarmen duina aldarrikatu dugu Gipuzkoako metalgintzarako
EAEko Hezkuntzako langileen %60k bat egin du sindikatuok deitutako grebarekin
Haurreskoletan eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan bereziki izan du eragina grebak. Manifestazioa egin dute gaur Gasteizen, eta mobilizazioak egingo dituzte arratsaldeko 18:00etan EAEko hiriburuetan.
“PUBLIKOA, EUSKALDUNA eta PROPIOA helburu” lelopean LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok hezkuntza legea langileekin eraikitzeko eskatuz deitu dugun bigarren greba eta mobilizazio egunean jarraipena oso zabala izan dela adierazten dugu. Gaur, azaroak 30eko greba egunean bezala, 30.000tik gora dira EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan grebara deituriko langileak: irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketako langileak, eskoletako heziketa bereziko hezitzaileak eta hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileak. Bataz beste langileen % 60ak bat egin du grebarekin eta azpimarratu nahi dugu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan jarraipena nabarmen handiagoa izan dela. Bestetik, azaroak 30ean bezalaxe Gasteizen ere milaka izan dira deitu dugun manifestaziora gerturatu diren langileak. Arratsaldeko hiriburuetako mobilizazioetara ere, aurrekoan bezala horrelako erantzuna espero dugu.
Gaurkoan Legebiltzar aurretik pasa eta Jaurlaritzari ozen adierazi diogu:
• Plazaratu duten Hezkuntza Lege aurreproiektuari EZ esaten diogula.
• Hezkuntza Legean eta Hezkuntza sistemaren aldaketetan eragin nahi dugula.
• Balizko hezkuntza legerik izango bada langileokin eraikitakoa izango dela.
• Eta Publikoa, euskalduna eta propioa izango den hezkuntza sistema bat helburu izanik mobilizatzen jarraituko dugula gure Hezkuntza sistemak beharrezko dituen aldaketak bultzatzeko. Egungo sistema betikotzeko lege, dekretu edo aginduak ez ditugu behar, eredu duala gainditze bidean jarri behar da eta langileon lan baldintzak eta lanpostuak aintzat hartu.
Beste behin ere argi geratu da hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroak ez dituela langileak asetzen eta ez duela egungo hezkuntza-eredu duala gainditze bidean jartzen. Beraz, eskoletatik eta kaletik borrokatzen jarraituko dugu sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea lortzeko. Horregatik, arratsaldeko 18:00etan ere Gasteiz, Donostia eta Bilbon deitu ditugu hezkuntza sistemako langile guztiak.
Hauek dira gure aldarrikapenak:
- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.
- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen Hezkuntza legea nahi dugu.
- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
Gauzak horrela, behin betiko aurreproiektuan sindikatuon aldarrikapenak jasoko ez balira, egin ditugun greba eta mobilizazioak baloratuko ditugu eta etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.
Schneiderreko langileek lanuzteak hasi dituzte baldintza justuagoak aldarrikatzeko
Schneider Garesko lantegiko langile gehienek babestu dute gaur LAB eta ELA sindikatuek eginiko lanuzteen deialdia, bertzeak bertze, enpresak bere langileak pobretzeari utz diezaion eskatzeko. Gaur, abenduaren 13an, bi orduko geldialdia egin dute txanda bakoitzean, eta hala eginen dute astebetean; heldu den astean, berriz, lau orduko geldialdia eginen dute txanda bakoitzeko.
Enpresarekin hainbat hilabetez negoziatzen aritu ondoren, eta enpresak eragindako blokeo-egoerak bultzatuta, Schneiderreko langile gehienek aurrerapauso bat ematea eta LAB eta ELAren deia babestea erabaki dute.
Schneiderrek irabaziak ditu urtez urte, eta, hain zuzen ere, bere langileak pobretzeari uzteko eskatzen dio plantillak enpresari. Soldatak duintzeko garaia da. Alde horretatik, plantillak ez du onartuko Nafarroako KPIari lotuta ez dagoen igoerarik, ez eta legez aitortua dagoen atsedenaldia ez deskontatzea ere.
Era berean, plantillak negoziazio-mahaitik malgutasun planteamendua kentzeko eskatzen dio enpresari. Ez da ulergarria merkatu seguru eta egonkorra duen enpresa batek UGTk eta CCOOk sinatutako hitzarmenak ematen dizkion tresnak modu interesatuan erabiltzen jarraitzea, langile klasearen kontura irabaziak handitzen jarraitzeko helburu bakarrarekin.
Beraz, Schneiderreko langileek, bai eta LAB eta ELA sindikatuek ere, dei egiten diote enpresari negoziazioa blokeatzeari utz diezaion eta ordezkari sindikalekin hitz egitera eser dadin, guztiok bidean elkar topatuko duten terminoetan betiere.
Borrokan ari gara aniztasun funtzionaleko Bizkaiko hitzarmenaren alde
3.000 langile ari dira lanean Bizkaiko aniztasun funtzionalaren sektorean eta LABentzat, ukaezina da herrialde mailako aniztasun funtzionalaren sektoreko negoziazio-esparru bat sortzeko beharra. Bizkaiko hitzarmen sektoriala lortzea Aldundiari eta erakundeei konfrontazio-gune bat irabaztea da, sektoreko langile guztien baldintzak hobetzeko eta guztiek era batera edo bestera jasaten ditugun egiturazko arazoei aurre egiteko aukera emango digun konfrontazio-gune bat. Horrela, sektoreko langileak herrialdeko hitzarmenaren aldeko borrokan murgilduta daude, eta atzo bertan, mobilizazioa egin zuten Bilbon.
Jakin badakigu hitzarmen sektorial baterako aukerak deseroso jartzen dituela erakundeak eta Foru Aldundia. Beharrezko urratsak egiten ari gara Hitzarmen Sektoriala negoziatzeko Negoziazio Batzordea osatzeko. Entitateek ez dute mahaia eratu nahi, beren borondate eza hitzarmen hori negoziatzeko legitimatuta ez egotearen aitzakiapean mozorrotuz. Denok dakigu benetan gertatzen dena dela sektoreko hitzarmen bat beren interesen aurka doala, langileen zerbitzua eta lan-baldintzak prekarizatzen jarraitu nahi baitute.
LABek beharrezko urratsak ematen jarraituko du, Langileen Estatutuak ezartzen dien negoziatzeko betebeharra saihestu ez dezaten. Gure ekimenarekin, baloia enpresen teilatuan jarri dugu. Horiek beren artean antolatu eta ados jarri behar dira Hitzarmen Sektorialaren negoziazioari ekiteko. Confebaskek eta Cebekek dagoeneko adierazi dute Bizkaiko enpresek uko egiten badiote, eurei dagokiela negoziazioa beren gain hartzea. AEDISek, bere bazkideen artean APNABI, GORABIDE edo ASPACE, besteak beste, hartzen dituen estatuko enpresa- elkarteak, dagoeneko adierazi du beraiek hartu beharko luketela beren gain negoziazioa. Soilik falta da Bizkaiko elkarteek izkutatzeari uztea eta Bizkaiko Hitzarmen Sektorial baterako Negoziazio Batzordea osatzeko ardura beren gain hartzea.
Eskubideak eta aukerak eskatu ditugu langile migratu guztientzako
Atzo jakin genuen eraikuntzako bi enpresaburu atxilotu dituztela Donostian, lan-esplotaziorako xedez egindako giza salerosketaren delituak eta langile migratzaileen eskubideen aurkako delituak egotzita.
Asko dira aukera hobeen promesari jarraiki migratzen duten pertsonen biziraupen-beharraz baliatzen diren sare eta sektore ekonomikoak. Gaurko albistea ez da kasu isolatua. Oinarri historiko eta estrukturalak dituen egitura sozial eta instituzional arrazista baten adierazpena da, eraldatu beharrekoa.
Espainiar estatuko Atzerritartasun Lege arrazistak, Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioekin batera, mafia horiek kontrolatzeko, zigortzeko eta geldiarazteko mekanismoak eta eskumenak izan arren, beste alde batera begiratzea erabaki dute, langile migratu eta arrazializatuak abandonu eta babesgabetasun handiko zirkuituetara eramanez, mota guztietako urraketen aurrean.
Abenduaren 18an Migratzaileen Nazioarteko eguna izango da, eta gobernu eta instituzio ezberdinek hitz politekin ahoa beteko dute. LAB sindikatutik ekintza hipokrita eta espekulatzaile hauek gaitzesten ditugu. Dagokien administrazioek eta gobernuek langile hauen egoera erregularizatzea eta babestea eskatzen dugu, lurralde honetan oinarrizko eskubideak benetan baliatzen dituztela bermatuz. Euskal Herria harrera herria.
Hitzarmen sektorialaren aldeko apustuan berresten gara Donostiako TAOren gatazka konpontzeko
ELA sindikatuak, bere adierazpen publikoen bidez, Donostiako TAO zerbitzuarentzat hitzarmen propio bat garatzeko proposamena luzatu digu Donostiako Udalari, EySA enpresari eta gainerako sindikatuoi. LABetik adierazi nahi dugu hitzarmen sektorialaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugula eta gure horretan mantenduko garela, uste dugulako hauxe dela sektore bateko langileria osoa babesteko modurik eraginkorrena eta baliagarriena.
Hitzarmen sektorialaren negoziazio-mahaiaren blokeoaren harira, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok, langileek hala eskatuta, mobilizazioak hasi genituen. 2022ko urriaren 7an, egun erdiko greba egin ostean, egun osoetako greben dinamikan sartu ginen: urriaren 28, 29 eta 30eko asteburuan, azaroaren 4, 5 eta 6ko asteburuan eta azaroaren 9tik aurrera, 10 egun jarraiko grebekin, abenduaren 1era arte.
Denbora tarte horretan, ekintza ugari burutu genituen: Donostiako udaletxearen eta mugikortasun bulegoen aurrean kontzentratu, hiriko kaleetan barrena manifestazioak egin, alderdi politikoekin bildu, parkimetroak kartelez josi, lan-zentroetako ateetan greba kartelak itsatsi, kotxe-karabana antolatu, etab.
Zentzu horretan, txalotzekoa da Donostiako langileek izandako jarrera; izan ere, praktikak erakusten du langileontzako onurak borrokatuz lortzen direla!
Hori bai, LABen jarrera argia da: gure sindikatuak langile guztiak babestu nahi ditu, baita borrokara atera ezin direnak ere, nahiz eta sinesten dugun borroka ezinbestekoa dela. Norberaren egoerak medio, gerta daiteke borrokara ezin atera izatea, baina LABek pertsona horiek ere kontuan hartzen ditu. Horregatik, beti egiten dugu hitzarmen probintzialen alde: gure ustez, sektore bateko langileria osoa babesteko modurik eraginkorrena eta baliagarriena da.
Beraz, LAB sindikatutik adierazi nahi dugu hitzarmen sektorialaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugula eta gure horretan mantenduko garela.
Aniztasun funtzionalaren eremuko langileak Bizkaiko herrialdeko hitzarmenaren alde mobilizatu dira
Aniztasun funtzionalaren eremuan Bizkaian sektoreko negoziazio-esparru bat sortzeko beharra ukaezina da. Bizkairako Hitzarmen Sektoriala lortzea Bizkaiko Aldundiari eta erakundeei norgehiagoka gune bat irabaztea da. Konfrontazio-gune horrek aukera emango luke sektoreko langile guztien baldintzak hobetzeko eta guztiek era batera edo bestera jasaten dituzten egiturazko arazoei aurre egiteko.
Sektore Hitzarmen baten agertokiak deseroso jartzen ditu erakundeak eta Foru Aldundia. Beharrezko urratsak egiten ari da LAB Negoziazio Batzordea osatzeko. Erakundeek ez dute mahaia eratu nahi, beren borondate eza mozorrotuz, hitzarmen hori negoziatzeko legitimatuta ez omen daudelakoan. Langileen zerbitzua eta lan-baldintzak prekarizatzen jarraitu nahi dute, eta horregatik, sektoreko hitzarmena beren interesen aurkakoa litzateke.
LABek beharrezko urratsak ematen jarraituko du Langileen Estatutuak ezartzen dien negoziatzeko betebeharra saihestu ez dezaten. Baloia enpresen teilatuan dago. Horiek beren artean antolatu eta ados jarri behar dira Hitzarmen Sektorialaren negoziazioari ekiteko. Confebaskek eta Cebekek dagoeneko adierazi dute Bizkaiko enpresek uko egiten badiote eurei dagokiela negoziazioa beren gain hartzea. AEDISek —bere bazkideen artean, besteak beste, APNABI, GORABIDE edo ASPACE daude— hartzen dituen Estatuko enpresa-elkarteak, dagoeneko adierazi du beraiek hartu beharko luketela beren gain negoziazioa. Bizkaiko elkarteek dagokien ardura euren gain hartuz Bizkaiko Hitzarmen Sektorialera Negoziazio Batzordea osatzeko garaia da.
Pandemia garaian funtsezkoak, orain ikustezinak
Osakidetzako zentroetako garbiketa-zerbitzuen enpresa esleipendunetako langileek ia 5 urte daramatzate hitzarmenik gabe. Sektoreko patronalekin berrogeita hamar bat bilera burutu ondoren, negoziazioa blokeatuta dagoela agerikoa da. Enpresa esleipendunek uko egiten diote sindikatuekin edozein gai adosteari, Osakidetzako zuzendaritzaren aldez aurreko oniritzia ez badute.
Hala ere, negoziazio-prozesu honetan ikusten ari gara bai enpresak bai bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazio-printzipioa betetzen ari; are gehiago, berriki jakin dugu sektoreko enpresa nagusiaren ahotik Osakidetzako zuzendaritzak adierazi duela ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, karrera profesionaleko osagarria, alegia.
Horrek esan nahi du, orain dela urte asko hiru alderdi inplikatuok (langileak, enpresa esleipendunak eta Osakidetza) onartu eta babestu homologazioaren printzipioa hautsi egiten dela, eta ondorioz EAE mailako lan-gatazka eragitea suposatzen du.
Zentzu horretan, langileok askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko; bi urte daramagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez duela guri erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi. 3. mailako langileak al gara? Hori al da gure administrazio publikoetako arduradunek langileekiko duten hezkuntza eta edukazio maila? Ala Osakidetzako arduradunen begien aurrean ikustezinak al gara?
Aurreko astean iragarri bezala, sektorean lan egiten dugun langileok abenduaren 14an, 15ean eta 16an grebara deituta gaude. Sektoreko langileok geurea dena defendatzeko erabakia dugu. Argi eta garbi adieraziko diegu bai enpresei, bai Osakidetzako zuzendaritzari, homologazioa ez dela ukitzen!
Zentzu horretan, gaur, abenduaren 12an, LAB sindikatuko hainbat garbitzailek Osakidetzako egoitza nagusian (Araba kalea, 45) ekintza bat burutu dute goizeko 11:30tan. Bertan, Osakidetzako zuzendaritzaren begien aurrean “ikustezinak” garela antzeztu dute.
Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako mahaitik altxatu gara, inposaketa eta negoziazio kolektiboaren urraketa salatuz
Aurreko asteazkenean, Administrazioak Hezkuntza Saileko sukaldeko eta garbiketako langileen merezimendu-lehiaketaren oinarrien behin-betiko proposamena bidali zigun, eta gaurko mahai- negoziatzailean ez direla oinarriak negoziatuko adierazi zuen. Aurkeztutako oinarriak aplikatzeko akordioa sinatzeko prest gauden ala ez galdetu zaigu, langileen ordezkarien onespena eta sinadura lortu ezean hasierako proposamenean aurkeztutako oinarriak aplikatuko direla esanez.
Aurkeztu dizkiguten oinarrietan ez dira jaso LAB sindikatuaren ekarpenak, idatziz eta egin den negoziazio mahai bakarrean egindakoak, alegia. LABek irakurketa orokorra egin zuen eta ekarpenak ere bidali genituen, hala nola, 2002an egin zen azkenengo lan eskaintza publikoa aintzat hartzea. Ugari dira 20 urte baino gehiago lan eginda, behin-behineko egoeran jubilatzen ari diren langileak edota 60 urte baino gehiagorekin meritu-lehiaketa honi aurre egin behar diotenak.
LABen ekarpenak aurkezterako orduan, batetik, kontuan hartu genituen plazen ezaugarriak, titulazio eta euskara perfilik gabekoak direla; eta bestetik, kolektiboan ari diren langileen ezaugarriak, kolektibo feminizatua, adinekoa eta urte asko lanean jardun duena. Hori dela eta, behin-betiko oinarriak aurkeztuta LABek hurrengoa adierazten du:
- Jaurlaritzaren Funtzio Publikoak inposatutako irizpideak ez dira gaindituko eta lan esperientzia 100 puntutik 60 puntutara mugatu du. Borondate politikoa izanez gero, lan-esperientzia 90 puntu artekoa izan liteke.
- Legez gauzatu daitekeen %10eko plaza kopuruaren eskaintzaren igoera ez da egikarituko.
- 60 urte baino gehiago duten langileei zuzendutako salbuespeneko neurrien LABen proposamena ez dute kontuan hartu.
- Langileek urteetan zehar egin duten etengabeko formakuntza, euskara profilak edota konpetentzia profesionalen ziurtagiriak ateratzeko esfortzua ez saritzea erabaki dute.
- Ez zaigu aurkeztu prozesu honekin lotuta egiteko eskatu dugun lanpostuen zerrenda, plazen identifikazioaedotalekualdatzelehiaketa kronologia.
Gauzak horrela, harrigarria iruditzen zaigu ELA, UGT eta CCOO sindikatuen sinadura, Hezkuntza Sailak inposatutako irizpideak onartzen dituena, bestelako administrazioetako meritu-lehiaketen oinarriak oso ezberdinak diren irizpideen baitan negoziatu direla dakigunean eta negoziazio kolektiboa ukatzen zaigunean.
Bide batez, salatu nahi dugu sindikatu hauek direla lan-hitzarmen berri baten negoziazioa eta ordezkagunea martxan jartzea blokeatuta dutenak.

