2026-09-10
Blog Page 21

Egungo etxebizitza politikek errentismoa elikatzen dute

Etxebizitzaren eremuan egindako ekintza sindikalari buruzko txostena aurkeztu dugu, hainbat borroketan parte hartzen ari diren maizterrekin batera. LABen beharrezkotzat jotzen dugu etxebizitzarekin arazoa duten langileak antolatu eta politika eraginkorren alde borrokatzea.

Txostena jarraian ikus daiteke:

Etxebizitza eskubidearen merkantilizazioa langile klasearen arazo nagusietako bat bihurtu dela berretsita, LABetik etxebizitza eremuan sindikalismoa egiteko erabakiaren garrantzia azpimarratu dugu ikasturte honetan egindakoaren berri jasotzen duen txostenaren aurkezpenean. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak hartu dute hitza, hainbat borrokatan parte hartzen ari diren maizterrak alboan zituztela.

“Etxebizitza eskubidea ez da bermatzen, horretarako politika publikorik egin ez delako”, adierazi du Aranburuk, eta salatu du “etxebizitzak duen funtzio soziala alboratu eta merkatuaren esku utzi” dela. “Etxebizitzarako sarbidea zaildu egin da eta lehen mailako arazoa bilakatzen ari da geroz eta langile sektore gehiagorentzat. Arazoa zabaltzen ari da, eta, gainera, generoagatik, jatorriagatik edo adinagatik arrakalak areagotzen dituen eta bidegabea den eredu baten beste adibide bat baino ez da”.

Hori dela eta, Aranburu sindikatuaren zereginez mintzatu da, eta bi egiteko nagusi aipatu ditu: batetik, etxebizitzarekin arazoa duten langileak antolatzea; eta, bestetik, etxebizitza politika eraginkorren alde borrokatzea. Koordinatzaile orokorrak egungo egoera irauli eta etxebizitza eskubidea bermatzeko bi gako azpimarratu ditu: “Epe luzeko begiradarekin batera, lehentasunak jarri eta urgenteak diren neurri zehatzak hartzea”, batetik; eta “etxebizitza merkatu espekulatiboaren logikatik askatzea”, bestetik.

Kontrara, egungo gobernuek, askotariko neurriak iragarri eta etxebizitza larrialdia aitortzen duten arren, “etekin ekonomikoaren asmoa” bere horretan mantentzen dutela salatu du. “Errentismoa zilegiztatu eta elikatzen da horrela, oinarrizko eskubidea bermatzeko neurri sakonik hartu gabe eta etxebizitza sarbidea ukatua duten langileek babesgabe utziz”. Horretarako, Aranburuk azaldu du “ideia interesatu” bat indartu nahi izaten dela: “Eskariaren eta eskaintzaren arten omen dagoen desoreka: eraikuntza enpresen neurrira egindako politiken adibide argia”. Izan ere, eskaintza faltaren markoaren bidez, “eraikuntza ziklo berri bat” sustatzen dela salatu du. Horrekin batera, parke publikoa zabaltzeko behar besteko apusturik ez dela egiten deitoratu du, baita etxejabeei begirako diru laguntzen politika sustatzen dela ere. “Norabide aldaketa da behar duguna”, esan du.

Ondoren, Ekintza Sozialeko arduradunak txostenaren aurkezpena egin du. Batetik, gatazka kolektiboez aritu da Perez; alegia, etxejabe berdineko maizterrek egindako borrokez. Bilbon turistifikazioaren aurka hiru ataritako maizterrek egindakoa aipatu du, zeinak garaipena ekarri zuen eta eraikin horretan pisu turistikoak egitea ekidin baitzen. Une honetan Gasteizen eta Iruñerrian izaera babestua galtzear dauden edo galdu duten etxebizitzetako maizterren borroka erdigunera ekarri du ondoren. 900 etxebizitzari eragiten diote, eta, kasuek ezaugarri berezituak izanagatik, oinarri komuna dagoela azaldu du: “Diru publikoz eraiki eta babestutako etxeak pribatizatzeko arriskuan daude orain. Alokairu prezioak igo dira, eta bizilagunak etxegabetze arriskuan daude”. Egoera horretan, sindikatuak antolatzeko eta borrokatzeko egin dien eskaintzarekin bat egin dute maizterrek, eta sail sindikal gisa ari dira haien etxebizitza eskubidearen alde borrokan, “haien etxebizitzen alde, baina baita orokorrean prezioak jastearen alde eta negozioari amaiera emango dion eredua aldarrikatuz ere”, Perezek nabarmendu duenez.

Babes ofizialeko etxebizitzez gain, gatazka kolektibo gehiago ditugu aktibo LABen. Alquiler Seguroren maizterrak antolatzen jarraitzen dugu, higiezinak egindako abusuzko praktika eta klausulen aurka, lapurtutako dirua berreskuratzeko. Horretarako, alokairu greba egitea da sindikatuaren proposamena, eta dagoeneko dozenaka maizterrek egin dute bat kanpainarekin. Ekintza Sozialeko arduradunak higiezinen papera salatu du, prezioen igoeran eta etxejabeek egindako abusuzko praktiken atzean askotan ageri baita haien eragina. “Alquiler Seguroren praktikak negozio eredu zehatza du atzean: ahalik eta etekinik handiena ateratzea etxebizitzari. Kontratu luzapenei uko egiten dieten etxejabe askok arrazoi horri loturik hartzen dituzte erabakiak, eta horrek erabat babesgabe dauden maizterren etxebizitza eskubidea baldintzatzen du”.

Hamaika dira LABen jasotzen ditugun kontsulta eskariak, eta, horiek artatzeko, aholkularitza kolektiboak egiten ditugu Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Debaldean. Arazo zehatz asko gatazka sindikal bihurtzen dira, etxejabeekin negoziazio bide bat ireki eta akordioak lortzeko ekintza sindikala aktibatuta.

Gatazka sindikala aktibatu duten maizterren %50 pertsona migratuak izan dira, eta horien herenak logelekin eta erroldarekin zerikusia duten arazoak bizi izan dituzte. Era berean, kasu guztien erdietan emakumeak* izan dira protagonista. “Gatazken %60 baino gehiago bost etxebizitza baino gutxiago dituzten jabeekin izan dira, eta abusuzko praktika horietan erabakigarria izan da higiezinen edo finka administratzaileen eragina”. Era berean, egoera ohikoenak bi izan direla azaldu du Perezek; fidantzarik ez bueltatzea eta etxejabeari dagozkion mantenu gastuak ez ordaintzea —kasuen %30—, batetik; eta kontratuak ez luzatzea eta horren ondoriozko kaleratzeak, bestetik, izan etxejabeak gehiago irabazi nahi dutenez maizter berriak nahi dituelako edo aldi baterako alokairuan jarri nahi duelako etxea. Gatazka mota horietako bederatzi kasutan maizterrak etxean geratzea erabaki du eta jabearekin negoziazioa irekita akordioak lortu dira, Perezek zehaztu duenez.

Arrakalen egonkortzea eta industriaren suntsipena; egungo bizitzaren prekarizazioa

Aurreko urteko maiatzean baino 1.600 langabetu gutxiago daude Hego Euskal Herrian, guztira 132.018 langabetu daudelarik. Hala ere, honek ez du egoeraren onura adierazten. Izan ere, jaitsiera hori txikia izateaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioan sistemaren muina bihurtu da.

Euskal gizartearen ekonomia eta lan ereduak egiturazko arazoetaz oinarritzen da. Hauek konpondu ordez, okerrera egiten dute. Maiatzeko datuek ez dute baikortasunerako tarterik ematen, arrakalak handitzen doazen heinean;

Langabetuen %58,80 emakumeak dira. Horrez gain, emakumeen artean %56 jardunaldi osoa duten bitartean, gizonen arteko kontratuetan %77,6 dira. Berdina gertatzen da jardunaldi partzialak kontuan hartzen baditugu. Emakumezkoen %25,1 jardunaldi partziala dute; lautik bat. Gizonezkoek aldiz, %11,8; ia 10etik bat. Lan merkatuak emakumeak zokoratzeko saiakeraren seinale argia da hau.

Ezin ditugu pertsona migratuak ahaztu. Langabeziak gora egin du egoera zaurgarria dagoen kolektibo honetan. Izan ere, datuek adierazten dute ia sektore guztietan jaitsiera eman dela –langabeziari dagokionez–, baina migratuen artean langabeziak gora egin du. Horrez gain, egoera prekariotik ezin irten, eta, horietatik %50,87 zerbitzu sektorean daude lan bila (baldintza kaskarrenak eskaintzen dituen sektorea, hain zuzen ere). Aurreko enplegurik gabekoen artean, gehienak migratuak dira.

Adina, egun, egoera zaurgarrian dagoen beste kolektibotzat dugu. Langabeziak gogor kolpatzen dituen taldea delako. Oraingo honetan, mutil gazteen langabezia igo da azken hilabetetik hona, udako kontratazioa heldu baino lehen.

Afiliazioak gora egin du Hego Euskal Herrian aurreko hilabetearekin alderatuta, kopuru historikoan kokatzen gara. 1.105.429 pertsona zeuden afiliatuta erregimen orokorrean maiatzeko azken egunean, 13.777 afiliatu gehiago.

Hala eta guztiz ere, langabezia sektoreka aztertzen badugu, aurreko hilabeteetan azpimarratzen ari garena soilik baieztatzen dugu. Hau da, langabeziak behera egiten duen arren, industriaren langabezia egoera esponentzialean doa. Industriak 39 langabetu gehiago daude. Industriaren egoera larritasun handiko iruditzen zaigu, afiliazioak gora egiten jarraitzen duen arren.

Bestalde, kontratu motei erreparatzen badiegu, aurreko urtean baino 4.013 kontratu gehiago sinatu dira maiatzean zehar, guztira 89.706 direlarik. Larria dena honetan zera da, horietatik %76,06 behin-behineko kontratuak izan direla, eta zerbitzuetan bakarrik eman da kontratu igoera. Hau guztia ez da kasualitatea. Industriaren enplegu suntsiketa eta zerbitzuen eraberritzeak ekartzen du bizitzaren prekarizazioa. Izan ere, baldintza onak dituzten enpleguekin bukatu eta baldintza kaskarrenak dituzten enpleguak sortzen ari dira.

Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu egoeraren egonkortze hau. Urte erdi daramagu egiturazko arrakalak salatzen, eta honen egonkortzea soilik ikusi dugu. Patronalak ez ditu bere gain ardurak hartzen eta sistema kapitalistaren indartzearen konplize nagusia bihurtzen da. Ez da kasualitatea egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak izatea prekarizazio maila altuena bizi dutenak.

Ez da lehenengo aldia ohartarazten dugula langabezia datuek, modu isolatuan, lan merkatuaren argazki osoa islatzen ez dutela. Enplegu prekarioa gizartearen kezka nagusia da. Izan ere, enplegua eduki arren ez dugu haina diru-sarrera bizitza duina bermatzeko. Horri aurre egiteko dugu borroka sindikala. Langile klasea erdigunean jarriko duen sistema eraldatuko dugu. 

Alestis Aerospace Gasteizeko langileek lau orduko lanuzteekin hasi dute ekaina, enpresaren inmobilismoaren aurrean mobilizazioekin aurrera egingo dutela berretsiz

Alestis Aerospace Gasteizeko plantillak gaur hasi ditu lau orduko lanuzteak, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan enpresaren jarrera inmobilistaren aurrean. Langileek argi utzi dute mobilizazio egutegiarekin aurrera jarraituko dutela benetako aurrerapausorik eman ezean, eta hitzarmen duin baten alde borrokan jarraituko dutela.

Gaurko lanuztearekin batera, langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, euren aldarrikapenak kalera ateratzeko eta negoziazioaren egoera salatzeko.

Komiteak salatu du hitzarmen kolektiboaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen duela eta zuzendaritzak ez duela inolako borondaterik erakutsi langileen eskaerei erantzuteko. Langileen ordezkarien arabera, mahai gainean dauden proposamenek ez dituzte bermatzen lan baldintza duinak ezta erosahalmenaren mantentzea ere.

Langileek adierazi dute gaurko mobilizazioa ez dela azkena izango. Enpresak bere jarrera aldatzen ez badu eta negoziazioan benetako aurrerapausorik ez bada ematen, mobilizazioekin jarraituko dute aurreikusitako lanuzteen bidez.

Alestis Aerospace Gasteizeko langileek berretsi dute hitzarmen duin baten alde lanean jarraituko dutela, lan baldintza justuak, erosahalmenaren bermea eta etorkizunerako egonkortasuna defendatuz.

Ekintza sindikala izan behar da lan-eskubideak arriskuan jarri gabe industria-deskarbonizazioan aurrera urrats eraginkorrak emateko motorra

Egungo egoeraren xehetasunak aztertu eta Euskal Herrirako estrategia ekosozialista baterako LABen proposamenean sakontzen duen txostena eman dugu argitara.

Ipar Hegoak, LABen ikasketa sindikaletarako fundazioak, 24. Ikusmiran txostena kaleratu du, Industriaren deskarbonizazioa Euskal Herrian izenburua duena. Ikuspegi ekosozialista oinarri, hamarkada baten balantzea egin du bertan, eta egungo industria-eredua eraldatzeko eta bidezkoa izango den eta lan-eskubideak eta bermeak zainduko dituen benetako deskarbonizazio baterako bidean aurrera egin ahal izateko sindikatuak proposatzen dituen estrategiak xehatu ditu.

Hasteko, Euskal Herriko egoeraren erradiografia bat jasotzen du txostenak, hiru ardatzen inguruan: lana, ekonomia eta energia. Ondoren, CO2 isuri gehien dituzten sektoreek 2013 eta 2023 artean izandako bilakaera aztertu du. Hurrena, sektore horiek deskarbonizatzeko bideak deskribatu ditu: eskaria murriztea, batetik, ekoizpena eraldatzea, bestetik. Enpresa-proiektu nagusiak deskribatu eta jaso dituzten laguntza publikoak aztertu ditu. Azkenik, lan-gatazka batzuetan arreta jarri eta LABen industria-politikarako proposamen batzuk aurkeztu ditu. Ondorio hauek nabarmendu daitezke:

Euskal Herriko CO2 isurien %32 sei industria-sektoretan jarduten duten 55 industria-instalaziok eragiten dituzte. Hauek dira sektore horiek: elektrizitatearen sorkuntza, petrolioaren fintzea, zementua, metalurgia, papera eta beira.

Isuri arautuen %28 elektrizitatea sortzeko sektorean gertatzen dira, %26 petrolio-fintzean, %18 karearen eta zementuaren fabrikazioan, %8 metalurgian, %5 papergintzan, %5 beiraren eta erregogorren fabrikazioan, eta gainerako %10 beste industria batzuetan.

Guztira, 22.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute datozen hamarkadetan deskarbonizaziorantz jo behar duten industria-sektoreetan.

2013 eta 2023 artean, EAEn, petrolio-fintzearen mozkinak batez beste %35 handitu ziren aurreko urtearekin alderatuta, beira-industriarenak %9, metalurgiarenak %7 eta papergintzarenak %14.

2013 eta 2023 artean, behera egin zuten EAEko enpresek elektrizitatearen sorkuntzan, petrolio-fintzean eta metalurgian egindako inbertsioek. Nafarroan, murriztu egin ziren elektrizitatearen sorkuntzan, metalurgian eta papergintzan egindako inbertsioak.

2013az geroztik, beira-fabrikazioko lanpostuak %33 jaitsi dira EAEn, eta %43 Nafarroan. Zementuaren fabrikazioan, lanpostuak %8 gutxitu dira EAEn. Oinarrizko burdinezko produktuen fabrikazioaren alorrean, lanpostuak %25 murriztu dira EAEn, eta % 13 Nafarroan. Metalen galdaketan, lanpostuak %10 murriztu dira EAEn.

2013 eta 2023 artean, CO2 isuri arautuak handitu egin ziren elektrizitatearen sorkuntzan (%29), zementuaren fabrikazioan (%17) eta beiraren fabrikazioan (%2). Gutxitu egin ziren petrolio-fintzeak (%7), metalurgiak (%15) eta papergintzak eragindako (%25) isuri arautuak.

Sektore hauetan erregai fosilak ezabatzea ez da eginkizun erraza, baina ez da ezinezkoa. Deskarbonizazioa lortzeko hainbat bide daude: eskaria murriztea eta ekoizpena eraldatzea, adibidez.

Eraikuntza-materialak aldatuz, azpiegiturak berrituz, ibilgailu pribatuen flota murriztuz, garraio publikoaren mugikortasuna handituz, ontzien diseinua aldatuz edo ontziak berrerabiliz, zementuaren, altzairuaren, paperaren eta beiraren eskaria murriztu dezakegu.

Ekoizpena eraldatzeaz ari garenean alderdi hauetaz ari gara: zuzeneko elektrifikazioaz (bero-ponpak, galdara elektrikoak, indukzio bidezko berogailuak), birziklatutako materialen erabilera areagotzeaz eta hidrogeno berdea edo biometanoa erabiltzeaz. Karbono-harrapaketa teknika osagarri gisa erabil daiteke, fabrikazioan sortzen diren erreakzio kimikoaren isuriak ezabatzeko.

Enpresa handi batzuk hidrogeno, biometano eta energia berriztagarrien proiektuak bultzatzen ari dira, eta proiektu horietako batzuek gatazkak piztu dituzte beren inguruan. Proiektu horiek erregai fosilen negozioarekin duten mendekotasunak, abeltzaintza industrialarekin duten loturak eta lurralde-plangintzarik ezak areagotu egiten dute jendartearen arbuioa.

Aldi berean, geroz eta gehiago dira trantsizio energetikoarekin eta industriaren deskarbonizazioarekin lotutako milioika eurotako dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresak. Laguntza horiek Europatik, estatuetatik eta autonomia-erkidegoetatik jasotzen dituzte, enplegua mantentzeko inolako baldintzarik gabe.

Azkenik, deskarbonizatu beharra daukaten industria-sektoreetako enpresa handi askotan gero eta okerragoa da lan-harremanen egoera. Bost enpresa izan ditu aztergai Ipar Hegoak: Heidelberg Materials, Guardian, Sidenor, Petronor, Arcelor Mittal eta Tubos Reunidos. Laneko istripuak, mantentze-lanik eza, kaleratzeak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen erabilera gehiegizkoa eta itxierak aurki dizakegu enpresa hauetan, kasu batzuetan, energia-trantsizioa aitzakia gisa erabiliz.

LABek ekintza sindikala indartzearen aldeko apustua egiten dugu, lan-eskubideak eta bermeak izango dituen deskarbonizazio industriala lortzeko ezinbesteko motorra dela uste baitugu. Industriaren trantsizioa planifikatzearen eta jabetza publikoko proiektuen alde ere egiten dugu; negoziazio kolektiboa deskarbonizazioaren esparrura eramatearen alde, horrela langileen parte-hartzea bermatzeko; lanaldia murriztearen eta enplegua banatzearen, birkualifikatzearen eta duintzearen alde eta deslokalizazioen aurkako legeria indartzearen eta lanaren baldintzazkotasuna eta laguntza publikoen kontrola areagotzearen alde.

Horretan guztian sakontzeko, jarraian ikus dezakezue 24. Ikusmiran txostena:

Epaitegiak SALTOKI zigortu du jokabide antisindikalagatik #LortuDugu

Urteak daramatzagu SALTOKIn jazarpen sindikala salatzen. Behin eta berriz ohartarazi dugu enpresak LABeko afiliatuen aurka hartu duen jarrera, langileak antolatzea eragotzi nahi duen estrategia eta hauteskunde sindikaletan esku hartzeko saiakerak.

2026ko urtarrilean egin ziren hauteskunde sindikalen aurretik, salatu genuen gure bi lankideren kaleratzeak ez zirela kasualitatea. LABen hautagaitzan aurkezteko asmoa zuten langileak ziren, eta gure ustez enpresaren helburua argia zen: beldurra zabaltzea, langileen boto asmoetan eragitea eta LABen hautagaitza ahultzea.

Gaur esan dezakegu epaitegi batek arrazoia eman digula.

Gaur, ekainak 2, lankideetako bat berriro sartuko da SALTOKIn lanean, Gasteizko Lan Arloko 2. Epaitegiak bere kaleratzea baliogabetzat jo ostean. Epaiak langilea berehala berronartzera, galdutako soldatak ordaintzera eta 7.501 euroko kalte-ordaina ordaintzera behartzen du, oinarrizko eskubideen urraketagatik.

LABetik aspalditik salatu dugu enpresaren inguruan sortutako ustezko “hautagaitza independentea” zuzendaritzaren interesekin lerrokatuta zegoela. Orain, epailearen ebazpenak berresten du enpresak hauteskunde prozesuan esku hartzeko eta langileen antolakuntza sindikala oztopatzeko estrategia bat garatu zuela.

Sententziak berak jasotzen duenez, gainera, 2024tik hona enpresak egin dituen kaleratzeen erdiak baino gehiago LABeko kide direnei dagozkie. Kaleratze horien gehiengoa epaitegietan bidegabetzat jo dute. Datu horiek ez dira kasualitatea: LABen aurkako jazarpen sistematiko baten isla dira.

LABetik argi adierazi nahi dugu: ez dugu onartuko jarduera sindikalagatik inor jazarria edo zigortua izatea. Langileen antolakuntza, parte-hartzea eta askatasun sindikala defendatzen jarraituko dugu, behar den leku guztietan: lantokian, kalean eta epaitegietan.

Borrokak merezi du!

Sexu langilerik ez eskubiderik gabe

Sexu Langileen Nazioarteko Egunean, LABek eskubideak aldarrikatu nahi ditu sexu langileentzat. Kriminalizazioa, zigorra, prekaritatea eta estigmaren aurrean, sexu langileen eskubideak bermatzea eta aitortzea ezinbestekoa dela uste du sindikatuak.

Iaz, norabide horretan, Kolonbiako Pereira hirian egindako Sexu Langileen Eskubideen aldeko Nazioarteko Gailurrean parte hartu zuen LABek, eta gailur hartan sinatutako manifestuarekiko bere konpromisoa berretsi nahi du.

Manifestu hark honakoa eskatzen du:

1. Sexu lana lan gisa aitortzea.

2. Kriminalizazio eta estigmatizazio instituzional oro berehala etetea.

3. Pertsona migratzaileen deskriminalizatzea eta eskubide guztien aitortza.

4. Sexu langileen familiak kustodiak kentzearen bidez suntsitzeari uztea.

5. Osasun integralerako sarbidea.

6. Era guztietako langileei bermatzen zaien gizarte-babesa.

Manifestua hemen irakur daiteke osorik:

Igor Arroyo: “Euskal Herrian badago agendan eragiteko borrokak antolatzeko ahalmena”

LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan izan da gaur, Oihane Yustosek eginiko elkarrizketari erantzuten.

Lan-harremanen arloan zein esparru soziopolitikoan pil-pilean dauden hainbat gairi heldu die Arroyok, hala nola gaur bertan EAEko udaletan deitutako grebari, euskara eskakizunen auziari edota LABen etxebizitzaren arloan abiatutako ildoari.

Elkarrizketa esteka honen bidez entzun daiteke osorik:https://guau.eus/m/faktoriako-gonbidatua-faktoriako-gonbidatua-10705625

Genevan da LAB, LANEren Nazioarteko Konferentzian parte hartzen

Gaur hasi da Genevan Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 114. Nazioarteko Konferentzia. LAB LANEren kide bilakatu da berriki, eta lehen aldiz ari da parte hartzen aipatutako konferentzian. Hau oso urrats garrantzitsua da sindikatuaren aitortza instituzionalean, eta LABek azken urteotan izan duen hazkundeari erantzuten dio. Euskal Herriko langileen interesak defendatzeko eta Euskal Herria mundu mailako mapa sindikalean kokatzeko baliatuko du bere parte hartzea LABek.

LANE 1919an sortu zen, langile mugimendua mundu mailan indartzen ari zen testuinguru batean. Mundu osoko estatuak, enpresari elkarteak eta sindikatuak daude ordezkatuak bertan eta urtero, bi astez, biltzen dira Genevan.

2026ko saioak gaurtik ekainaren 12ra egingo dira eta, lehen aldiz, LAB sindikatua ordezkatua egongo da bertan, Espainiako Lan Ministerioak (estatu osoko parte hartzaileen zerrenda arautzeko eskumena duenak) sindikatu horrek egindako eskari historikoa ontzat eman baitu. Honela, CCOO, UGT, ELA eta CIGrekin batera, LABek ere parte hartuko du Genevako saioetan. Are eta gehiago, lanaldiaren murrizketaren inguruko mahai inguru bat antolatu du Munduko Federazio Sindikalarekin (MFS) batera.

LANEn ere kontrabotere sindikalismoak indarra eta espazioa har dezan lan egingo du LABek, MFSko gainontzeko sindikatuekin elkarlanean.

LAB, gero eta ordezkaritza handiagoa lortzen ari den neurrian, bere eragiteko gaitasuna handitzen ari da. Horren seinale da, besteak beste, LANEn emandako urratsa.

LABek uste du Jaurlaritzak aurkeztu duen Unibertsitate Lege aurreproiektuak unibertsitate pribatuen eredua hauspotzen duela

Sindikatuak 160 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu EHU sistemaren ardatz gisa kokatzeko, bere finantziazioa bermatzeko eta handitzeko, euskara bultzatzeko, langileen erreleboa bermatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzeko.

Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Unibertsitate Legea egiteko prozesuari ekin zion. Lege horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legea ordeztuko du. Gaur amaitu da lege aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta LABek 160 baino gehiago aurkeztu dizkio aipatutako aurreproiektuari.

Jaurlaritzak aurkeztu duen lege aurreproiektuak EAEn dauden unibertsitate pribatuen sistema hauspotu eta indartzeko araudi markoa ezarri nahi duela uste du LABek, unibertsitate publikoaren alternatiba gisa aurkezten baitu, “harmoniazko” unibertsitate-sistema planteatuz.

LABen ekarpenen helburu nagusia Euskal Herriko unibertsitate sistema publiko eta burujabearen bidean kokatzen den EAEko unibertsitate publikoa defendatzea da, euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan eman ahal izateko, EHU nazioarteko erreferentziazko unibertsitate publiko gisa finkatzeko, jakintza sortzaile gisa eta euskararen zein euskal kulturaren ezagutza, ikerketa eta transmisio sustatzaile gisa. Era berean, ezinbestekotzat jotzen da lege honen bidez indartzea, besteak beste, langileen lan baldintzak, unibertsitate publikoak izan behar duen aurrekontu zuzkidura nahikoa, euskararen hedapena, kontziliaziorako bermea, desmilitarizazio printzipioak edota unibertsitate pribatuei arlo guztietan exijentziak handitzea, unibertsitate publikorako exijentzietara hurbiltzeko (are gehiago finantzaketa publikoa jasotzen dutenean).

Testuinguru horretan, LABek lehentasunezkotzat jotzen dituen alderdi hauei loturiko ekarpenak aurkeztu ditu:

1. Hezkuntza sistema burujabe eta propioa: Unibertsitateen lege berriaren zioetan Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea jaso behar da, egungo hezkuntza sistemak dituen gabeziak (eskuduntzei eta ereduari dagokienez) onartuz eta horiek gainditzea xede izanik. Egungo estatus juridiko-politikoa gainditu, eta unibertsitateen eskumen osoaren transferentzia eta erabaki ahalmen osoa beharrezkoa direla jaso behar du legeak; besteak beste, bere langileen baldintzak arautzeko erabateko eskumena. Era berean, legeak Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratu behar du.

2. Finantzazioa: Unibertsitate publikoaren finantzaketa egokia bermatu behar da, gutxienez, EAEko BPGren % 1eko helburua ezarriz.

3. Plantillaren egokitzapena: Plantilla nahikoa izan behar da Irakasleen eta Ikertzaileen (IRI) zein Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZEL) arloetan euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua eman ahal izateko. TEKAZEL/IRI ratioa handitu behar da. Bestalde, irakasle ordezkoak ezinbestekoak dira bajek, baimenek, lizentziek eta abarrek sortutako hutsuneak betetzeko eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Egiturazkoak diren baina esternalizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko eta langileak subrogatzeko aukera legean txertatu beharra dago.

4. Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen karrera profesional horizontal zein bertikala jaso behar dira: TEKAZEL langileen lan ibillbideari eta eskarmentuari balioa eman behar zaie.

5. Irakasle eta Ikertzaileen karrera akademikoa: Unibertsitate “prestigiotsuetan” bi urteko egonaldiak egin beharra berrikusi eta birformulatu behar da, faktore ekonomikoak, kontziliaziokoak eta aukera-berdintasunekoak kontuan hartuta. Honekin lotuta, egonaldiak egiteko beharrezko finantzaketa ezinbestez bermatu behar da, langileen gastuak (klase arraka ez handitzeko) eta beharrezko ordezkapenak kontuan hartuta. Bestalde, baldintza honek IRIak iraunkor bihurtzeko eskubidea nabarmen zailduko luke, sail batzuetan irakasle berriak lortzeko arazoak areagotuz.

6. Irakasle eta Ikertzaileen soldata baldintzak: Ordainsariak exijitutako titulazioarekin eta irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta kudeaketa ekarpenekin bat etorri behar dira, irakasle-ikertzaileak erakartzeko eta beste sektore profesional edo lurralde batzuetara joan ez daitezen. Ordainsari osagarri guztiak finkatuak izan behar dira, eta oinarrizko soldata bezala eguneratu behar dira.

7. Unibertsitate pribatuen aldeko politikak mugatzea: Unibertsitate pribatuak ez dira aurkeztu behar unibertsitate publikoaren alternatiba baliokide gisa, eta ez dute arau-eskakizun txikiagoen onurarik izan behar funtsezko alderdietan; hala nola, karrera akademikoan, euskarazko irakaskuntza-eskaintzan, titulu berrien ezarpenean edo unibertsitate publikoan lehendik dauden titulazioen bikoizketan.

8. Euskararen babesa eta sustapena: Euskarak lehentasunezko tratua jaso behar du, euskaraz lan egiteko eta ikasteko eskubidea bermatzeko eta hizkuntza ofiziala euskara duten beste unibertsitate batzuekiko lankidetza eta harremana errazteko.

9. Euskal Herriko unibertsitateen arteko harremanen artikulazioa: Legean Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko harremanak lehenetsi behar dira.

10. Negoziazio kolektiborako eskubidea: Legezko langileen ordezkaritza sindikalarekin lan-baldintzak negoziatu behar dira, negoziazio kolektiborako dugun eskubidea errespetatuz eta soldatari zein enpleguari dagozkion gai guztiak hemen negoziatuz, Jaurlaritzak Madrilen adosten dena inposatu gabe.

Bukatzeko, LABek salatu nahi du oraingoz ez dela bete legeak entzunaldi publikoari buruz dioena. 6/2022 Legeak honela dio: “Entzunaldi publikoarekin batera, langileen ordezkariekin negoziatu beharko dira –edo kontsulta egin beharko zaie–, dagokion legeriak ezarritako gai-eremuen arabera, lan-baldintzen gaineko eta funtzio publikoaren legeriak zehaztutako gai jakin batzuen gaineko arau-egitasmoak betiere ez badituzte oinarritzat aurreko negoziazio batean lortutako akordioak”. Alta, unibertsitate legeak lan baldintzetan eragin garrantzitsua izango badu ere, sailburuak ez ditu sindikatuak bilerara deitu. Hortaz, izapideen hurrengo etapetan sailburuari sindikatuekin negoziatzeko markoak irekitzeko galdegiten dio LABek.