2026-09-10
Blog Page 19

Jarraipen zabalarekin abiatu da Nafarroako grafikagintzako greba eguna

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok grafikagintzako sektoreko greba eguna izaten ari den jarraipen zabala nabarmendu nahi dugu, Nafarroan sektoreko hitzarmen kolektiboa berreskuratzea eskatzeko deitua, 2014tik AEGRAN patronalaren erabakiaren ondoren indargabetuta dagoena.

Sektoreko langileek greba egunean parte hartu eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean AEGRANen egoitzaren aurrean, Nafarroan grafikagintzako hitzarmena berreskuratzea ahalbidetuko duen negoziazioa irekitzea eskatzeko.

Ikasturte honetan hasitako protesta dinamika baten barruan kokatzen da jardunaldia, apirilaren 23an eta maiatzaren 21ean lanuzteen aurreko bi deialdi barne hartu dituena, patronalaren gaineko presioa handitzen joateko asmoz.

Gatazka joan den urteko otsailean hasi zen, LABek, ELAk, UGTk eta CCOOk hitzarmenaren negoziazioa irekitzeko eskaera formalki erregistratu genuenean. Eskaera hori atzera bota zuen patronalak, eta uko egin zion edozein elkarrizketa prozesu hasteari.

Greba hau, negoziaziorako borondate ezaren aurrean, aterabide bakarra izan da. Azpimarratu behar dugu gatazka urtebete pasatxo luzatu dela aurrerapausorik egon gabe, eta sektoreko langileen 400 sinadura baino gehiago aurkeztu arren —2.000 langile inguru ditu sektoreak Nafarroan—, patronalak erantzunik eskaini gabe segitzen duela.

Sindikatuok kontzentrazioan eta greban izandako parte-hartzea nabarmendu dugu, eta, AEGRANek negoziatzeari uko egiten badio, mobilizazioek datorren ikasturtean ere jarraituko dutela ohartarazi dugu.

Mecanizados Mecarrek arriskuan jartzen du langileen osasuna

Ekoizpen eskakizun neurrigabeak beharginen ongizatearen gainetik ipintzea egotzi dio LABek enpresari.

20 langileko enpresa txikia da Mecanizados Mecar, Zaldibarren dagoena, Euskal Herria kalean, eta Bizkaiko metalgintzako hitzarmena aplikatzen zaio.

LABek salatu du enpresa langileak itotzen ari dela ekoizpen-eskakizun altuekin. Ekoizpen horiek lortzeko, hitzezko presio-metodoak eta metodo fisikoak erabiltzen ditu, kronometroak eta bestelako jardunbide ez-ortodoxoak baliatuta eta langileak muturrera eramanez. Bestela esanda, langileen aurkako indarkeria erabiltzen du.

Horrek ondorio larriak dakarzkio plantillari. Adibide gisa, presio-metodo horien ondorioz langile batek antsietate krisi larria jasan zuen. Langilea egoera horretan zegoela, enpresak ez zion arretarik eskaini ere egin.

LABek enpresaren jarrera hori salatzen du, egoera ahulean eta sorospen behar argian dagoen pertsona bati laguntza ukatzea ez baita gizalegezkoa. Enpresak uko egin zion mutualitatearentzat partea egiteari eta, ondorioz, langileak mediku-arreta jasotzea eragotzi zuen. Hori dela eta, lankideek, egoera ikusita, larrialdietara deitu zuten, enpresak ezer egin gabe jarraitzen zuen bitartean.

Gertaera hori oso larria da; enpresak laguntza ukatu zion sorospen behar larrian zegoen langile bati, eta arriskuan jarri zuen langilearen osasuna. LABek ez du onartuko langileen aurkako halako jarrera eta errepresiorik. Enpresari eskatzen dio langileen osasuna lehenesteko ekoizpen eskakizun gogor horien aurretik, ikusita beharginek beren osasuna arriskuan jartzen dutela horiek betetzeko.

Nafarroako esku hartze sozialeko langileek sektorearen publifikazioa eta administrazio publikoarekin parekatzea exijitu dituzte

LABen antolatutako zaintza eta esku hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Lan Epaitegiaren aurrean gaur goizean, esku-hartze sozialeko hirugarren hitzarmenaren negoziazio mahaia hasi aurretik. Langile publiko gisa onartuak izatearen aldarrikapena berretsi dute, sektorea publifikatzea eta haien lan baldintzak administrazio publikoarenekin parekatzea.

LAB sindikatuak hainbat mobilizazio eta ekintza egin ditu azken urteetan zaintza lanetan ari diren langileak langile publiko gisa aitortzearen alde, sektorearen publifikazioaren aldarrikapenaren baitan.

Nabarmentzekoak dira martxoaren 8an “Pribatizazioaren aurrean, zaintza publiko komunitarioa” lelopean egindako mobilizazioak, zaintzen bidezko errekonozimendua eta banaketa lortzeko, baita Donostian “Pribatizatutako zaintza langileak langile publikoak gara” lelopean egindako nazio mailako manifestazioa ere. Era berean, azaroaren 6an, sektorearen publifikazioa eskatzen jarraitzeko elkartu ziren.

Aurten, sindikatuak adierazi du lan-ildo horretan sakontzen jarraitzen duela, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan esku hartze sozialeko hitzarmenen negoziazioen testuinguruan. Esparru horretan, plataformak osatu dira, administrazio publikoarekin parekatzea ekarriko luketen lan-baldintzak proposatu eta aldarrikatzeko.

LABek azpimarratu du negoziazio hauek aurrera egin dezaten beharrezkoa dela sektoreko langileen inplikazio aktiboa, bai negoziazio mahaietan, bai patronala presionatzeko mobilizazio eta ekintzetan parte hartuz. Era berean, negoziazio prozesuan zehar mobilizazio dinamikekin jarraitzea aurreikusten du sindikatuak.

EUDELek langileen ordezkaritzaren gehiengoak adierazitakoa errespetatu eta proposamenak egin behar ditu gatazka konpontzeko

EUDELek bere exekutiba biltzen du gaur eta beste gaien batzuen artean, euskara eta zerbitzuen kudeaketa landuko ditu. LABek eta ELAk udal sektoreak dituen aldarrikapenei erantzuteko eta langileen ordezkaritzaren gehiengoak errespetatzeko exijitzen diote EUDELi . Hala ez bada, mobilizazioekin eta grebekin jarraitzea baloratuko dute.

EAEko udaletan urte asko daramate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak asko okertu dira. Alabaina, azken hilabetean, greba eta mobilizazioen eraginez, EUDELek proposamen berri bat helarazi die LAB eta ELAri.

Testu berriak eduki batzuk jartzen ditu mahai gainean, eta LABek eta ELAk aurrerapauso bezala hartu dituzte, baina ez dira nahikoa sektoreak dituen aldarrikapenak falta direlako. Izan ere, besteak beste, aldarrikapen hauek falta dira: erosahalmenaren berreskurapena eta etorkizuneko soldatak Madrilen ez erabakitzea, pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta zerbitzu horien publifikazioa bertako langileak subrogatuz, gazteberritze planetarako neurri zehatzak, jardunaldi murrizketa handiagoa, euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea eta hautaketa prozesuetan aurrerapausoak.

LABek eta ELAk momentua erabakigarria dela eta egoera konpontzeko EUDELek aurrerapausoak eman behar dituela uste dute. Testuinguru horretan EUDELek gaur bere exekutiba biltzen du, besteak beste, euskarari eta zerbitzuen kudeaketari buruz alderdien arteko posizionamendu bateratu bakarra lantzeko. Izan ere, gaur gaurkoz, bi gai hauetan bi proposamen ezberdin daude mahai gainean, EAJ-PSErena eta EH Bildurena. LAB eta ELA sindikatuek mahai negoziatzaileetan adierazi izan dute gai hauetan EH Bilduk egindako proposamenarekin adostasun maila handiagoa dutela eta hori dela Udalhitzek aurrera egiteko EUDELek jaso beharreko proposamena. Beraz, LABek eta ELAk, sektore honetan %83tik gorako ordezkaritza dutela kontuan harturik, EUDEL osatzen duten alderdi guztiei hurrengoa exijitzen diete: Udalhitzeko mahai-negoziatzaileko gehiengo sindikal zabalak adierazitakoa errespetatu eta onartzea.

Gaurko bileran ebatzi behar dituzten gai hauetaz gain, gainera, aukera bat dute biharko mahai negoziatzailean greban dagoen EAEko udalen sektoreak dituen aldarrikapenak mahaian jartzeko eta gatazka konpontzeko. Hala egiten ez badute, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dute sindikatuek.

Osasun publikoaren desegitearen aurrean, zatiketa korporatiboa baztertzea eta negoziazio integrala exijitzen ditu LABek

LABek egoeraren larritasunari buruzko diagnostikoa partekatzen duen arren, arazoa egiturazkoa dela uste du, eta irtenbidea klase ikuspegiz landu behar dela. Sistema publikoa indartu behar da, eta, horretarako, plantilla behar bezala dimentsionatu, lan baldintzak hobetu, profesionalen ihesa saihestu eta pribatizazio prozesuei aurre egin behar zaie.

LABek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari exijitzen dio EAEko bere eskumen exekutiboak bere gain har ditzala, Madril ez dezala ezkutu gisa erabili eta duela 18 urtetik zaharkituta dagoen Akordio Arautzailea egunera dezala. Era berean, Osasun Itunaren instrumentalizazioa salatzen du. Izan ere, itunean lankidetza publiko-pribatua blindatu zen, eta saihestu egin zen plantilla handitzea, premiazkoa izan arren. Orain, berriz, gatazka baliatzen ari dira klinika pribatuak aberasteko, pazienteak modu masiboan hara bideratuz. Gainera, bideratze sistematiko horiek modu inprobisatuan eta kontrolik gabe egiten ari dira, eta horrek pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen du.

LABen ustez, medikuen kolektiboaren lan baldintzak soilik negoziatzeak eta estatutu propio bat eskatzeak langile klasea ahultzen du, zerbitzu publikoa zatitzen du eta osasun sistema publikoaren arazoa egiturazkoa dela ezkutatzen du: dimentsionamendu falta, eredua eta lan eskubideen babes eskasa dira sistema osoari eragiten dioten arazoak. Gainera, sistemak berak ahalbidetzen eta sustatzen du jardun publiko-pribatu bikoitza, eta horrek profesionalen etengabeko ihesa eragiten du. Horregatik, LABek bateraezintasunen gaineko kontrol zorrotzaren alde egiten du.

LABek salatzen du Medikuen Sindikatuak eta Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektoriala negoziaziorako esparru gisa deslegitimatzen dutela. Izan ere, ez dute bertan gatazka jorratzen, ezta aipatzen ere, Osakidetzako lan baldintzak negoziatzeko esparru ofiziala hori izan arren eta hainbat arlotan Estatutu Markoa gainditzeko gaitasuna duen arren.

Fakultatiboentzako estatutu propio eta berezitua eskatzen duten greba egunen eta mobilizazio korporatiboen aurrean, LABek adierazi nahi du egoeraren larritasunari buruzko diagnostikoa guztiz partekatzen duela. Sindikatuak aspalditik salatzen du Etengabeko Arretako Guneetako mediku faltaren eta lehen mailako arretaren egoera kritikoaren arazoa. Egoera hori logika merkantilistaren eta zerbitzu publikoa desegitearen estrategiaren ondorio da: profesionalen egiturazko gabezia, jasanezinak diren lan-kargak, 24 orduko guardia integralen sistema itogarria, ordezkapenen estaldura eskasa eta abar. Horrek guztiak burnout kasuen eta arrisku psikosozialen gorakada kezkagarria eragin du, aurrekaririk gabekoa eta erantzun egokirik izaten ari ez dena.

Ordainsarietan 70 milioi euro eskaintzea bezalako iragarpenak tranpa hutsak dira. Herritarrak engainatzea eta Osakidetza egoera honetara eraman duen eredua bera betikotzea dute helburu. Osakidetzaren arazoak ez dira konpontzen ordainsariak berrikusita soilik —berez, badute horretarako garaia, duela hamarkada bat baino gehiagotik berritu gabe daude eta—. Horrelako neurriek ez dute eraginkortasunik izango lan baldintzak hobetzeko neurriekin batera ez badatoz. LABen iritziz, iragarpen horiek sailaren komunikazio estrategiaren parte dira, osasungintza publikoaren egoera larria, langile guztien lan baldintza tamalgarriak eta zerbitzuaren desmantelamendua ezkutatzeko.

Horregatik, LABek uste du arazoaren erroa egiturazkoa dela eta irtenbidea klase ikuspegi kolektibotik landu behar dela. Horrenbestez, Osakidetzako medikuentzat negoziazio esparru berezitu bat sortzearen aurka dago. Aldarrikapen horrek Osasun Sailaren estrategia indartzen du, euskal osasun zerbitzuko plantilla zatitzeko helburua duena. LABek negoziazio kolektibo integral eta gardena defendatzen du, egungo arreta beharrei eta plantilla osoaren interesei erantzungo diena, kategoria eta unitate bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuko dituena.

LABen proposamenen artean daude plantilla osoarentzat urteko lanaldia murriztea, asteko 30 orduko lanaldia helburu moduan jarrita; guardiak lanaldiaren barruan integratzea, plantillaren plangintza hobetzea, eta profesional gehiago prestatzea, unibertsitateko eta BAME (Barneko Mediku Egoiliarrak) plazen kopurua handituz. Era berean, beharrezkoa da lanaren antolaketa berritzea eta atsedenaldiak bermatzea, profesional guztientzat antzeko lanaldiak ahalbidetuko dituen txanda-sistema aztertuz. Ildo horretan, LABek erabat baztertzen du medikuen sindikatuek proposatzen duten irtenbidea; hau da, lan boluntarioaren bidez arazoa konpontzea. Izan ere, horrek egungo sistema betikotzea baino ez luke ekarriko. Halaber, hainbat aldagai kontuan hartuta langileek erretiro-adina aurreratzeko edo lanaldia murrizteko formulak aztertu behar dira.

Sistema publikoa indartu behar da, eta, horretarako, plantilla behar bezala dimentsionatu, lan-baldintzak hobetu, profesionalen ihesa saihestu eta pribatizazio prozesuei aurre egin behar zaie.

Osasun sistema publikoak gero eta arazo gehiago dituen eta zuzendaritza lan-esparrua eguneratzeko gai ez den testuinguru honetan, LABek epe laburrean agertoki gatazkatsua aurreikusten du. Sindikatua dagoeneko hasia da dinamika propioak zein elkarlanekoak aktibatzen, plantillaren nekea eta haserrea bideratzeko eta kaleetan zein lantokietan beharrezko presioa egiteko, %100 publikoa, unibertsala, euskalduna eta komunitarioa izango den osasun eredua borrokatu eta defendatze aldera.

PRIMAFRIOn jazarpen sindikalik ez! Negoziazioa orain!

Duela hilabete gutxi arte, PRIMAFRIO ordezkaritza sindikalik gabeko enpresa zen. Zuzendaritzak egoera hori baliatzen zuen nahi zuena egiteko. Izan ere, abenduan hauteskunde sindikalak deitu genituenean, enpresa bere aldeko hautagaitza bultzatzen saiatu zen, ezer aldatu ez zedin eta orain arte bezala jokatzen jarraitu ahal izateko. Hala ere, langileek LABen aldeko apustua egin zuten.

Hilabete hauetan, lan baldintzen urraketa ugari atzeman ditugu, besteak beste, lanaldiaren erregistrorik ez izatea, lan-egutegirik ez egotea, ordaindu gabeko lanaldiak, lan istripuen estalketa eta langileen lan baldintzetan zuzenean eragiten duten beste hainbat egoera.

Egoera horren aurrean, erreklamazioak aurkeztu ditugu, konponbideak eskatu eta negoziazio bideak irekitzen saiatu gara, irregulartasun horiek guztiak zuzentzeko eta enpresa hitzarmen baten bidez enpresa honetako lan baldintza espezifikoak arautu eta hobetzeko.

PRIMAFRIOren erantzuna argia izan da. Ez dago ezer negoziatzeko prest, baina hori gutxi balitz, jazarpen sindikalaren bidea hartu du, beren eskubideak aldarrikatzen dituzten langileak zigortuz eta kaleratuz.

Langileek erreklamatzeko beldurra izatea nahi dute, eta dena lehen bezala jarraitzea. Baina LABetik argi dugu ez dugula egoera hau onartuko. Arazoei elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez irtenbidea ematen saiatu gara, baina enpresaren jarrerak urrats bat gehiago ematera behartzen gaitu.

Horregatik, mobilizazio kanpaina bati ekingo diogu, langileek pairatzen duten jazarpena salatzeko eta PRIMAFRIOri bere jarrera alda dezala eta negoziazio mahaian eseri dadila exijitzeko.

Gaur PRECOren aurrean egin dugu kontzentrazioa, eta bileran inongo aurrerapausorik eman ez denez, ekainaren 26an lau orduko lanuztea egingo dugu, 14:00etatik, 18:00etara. Lehenago, ekainaren 15ean beste kontzentrazio bat egingo dugu 13:00etan, PRIMAFRIO sarreran.

“Gutxiago toreatu eta gehiago negoziatu”: Nafarroako Gurutze Gorriaren batzordeak mobilizatzeko deia egin du ekainaren 20an

Nafarroako Gurutze Gorriko ordezkari sindikalek (LAB, CCOO eta UGT) salatu dute erakundeak negoziazio mahaia utzi duela urte eta erdi baino gehiagoko elkarrizketen ondoren, eta langileen lan baldintzei buruz sortutako ziurgabetasunaz ohartarazi dute.

Nafarroako Gurutze Gorriko enpresa-batzordeak manifestazioa deitu du ekainaren 20rako, 12:00etan, erakundearen egoitzatik irtenda, hitzarmen kolektiboaren negoziazioak hautsi izana salatzeko eta langileen ordezkariekin berriro hitz egiteko eskatzeko.

Ordezkaritza sindikalak salatu duenez, erakundea “enpresa-batzordea toreatzen aritu da” negoziazio-prozesu osoan, lehenik hitzarmen propio baten edukietan eta, ondoren, hitzarmen sektorialera igarotzean. Bere ustez, fase batean ere ez du zuzendaritzak akordiorako benetako borondaterik izan, eta azkenean negoziazio-mahaitik altxatzea erabaki du.

Adierazi dutenez, egoera horrek “ziurgabetasun handia” sortzen du plantillen artean, bereziki zuzendaritzak sektoreko hitzarmena alde bakarretik aplikatzeko aukeraren aurrean. Ohartarazi dutenez, neurri horrek funtsezko aldaketa ekarriko luke lan-baldintzetan, eta soldata-eskala bikoitza eragin lezake langileen artean.

Gurutze Gorriak GKE gisa egiten duen gizarte-lanaren eta langileen inguruan hartutako erabakien arteko kontraesana ere kritikatu du batzordeak, eta “kontzientzia sozialik eza” leporatu dio enpresari. Ildo horretan, erakundeak “gizatasuna eta zaintza predikatzen ditu munduan zehar, baina bere langileen lan-baldintzak ahal duen bakoitzean baztertu eta izozten ditu”.

Era berean, gogorarazi du Gurutze Gorria Nafarroako Esku-hartze Sozialerako Hitzarmen Kolektiboaren inpugnazioa bultzatu zuen patronalaren parte izan zela, eta prozesu judizial hori, azkenean, jarrera horren aurka ebatzi zela.

Ekainaren 20ko manifestazioaren helburua da egoera hori ikusaraztea eta negoziazio kolektiborako itzulera eskatzea. Batzordeak ziurtatu du mobilizazioei eutsiko diela aurrerapausorik ematen ez den bitartean, eta erakundearen zuzendaritzari zuzendutako mezu batekin laburbildu du bere eskakizun nagusia: “Gutxiago toreatu eta gehiago negoziatu”.

Gero eta premiazkoagoa da Enplegu Publikoaren Legea aldatzea, administrazioaren euskalduntzea legez babestu ahal izateko

Eibarren sei udaltzain postu betetzeko deialdiaren aurkako epaiak agerian utzi du, administrazioan euskarari gaztelaniaren maila bera eman ezean, ezinezkoa dela euskararen erabilera normalizatzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea.

Eibarko Udaleko sei udaltzain postu betetzeko lan deialdian ezarritako euskara eskakizunaren aurkako epaia eman du Gipuzkoako epaitegi batek. Epai horrek, beste behin, agerian jarri du ezinbestekoa dela euskarari gaztelaniak duen maila bera ematea administrazioan. Berdintasunik gabe, administrazioan euskararen erabilera normalizatzea eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzea ezinezkoa da.

Azken bost urteetan antzeko ehun epai inguru izan dira. Kopuru horrek administrazioaren euskalduntzea ahalik eta gehien galgatzea helburu duen oldarraldi sistematiko eta bidegabearen aurrean gaudela adierazten du. Oldarraldiaren intentzionalitate hori are nabarmenago geratu zen duela aste batzuk, hura sustatzen ari diren eragileen mezuak eta audioak publiko egin zirenean. Ez dira kasu isolatu eta espontaneoak; oldarraldiaren atzean eragile sindikal eta politikoen sare bat dago.

Euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako ekinbide hau errotik gerarazi ezean, ondorio oso larriak izango dira administrazioaren euskalduntzean eta, oro har, euskararen berreskurapenean. Izan ere, jada ikusten ari gara eragin kaltegarri horren lehenengo adierazpenak: hainbat lan deialditako hizkuntza eskakizunetan beherapenak onartzen ari dira hainbat instituzio, epaitegietatik kaltea etorri aurretik badaezpadako jarrera hartuta, baina finean kaltea eginez.

Herri honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren hamaika ekimenen eta mobilizazioren bitartez —azkena maiatzaren 9an, euskal gehiengo sindikalak deituta, Bilbon, milaka herritarren parte hartzearekin— euskararentzako lege babes egokiaren beharra nagusitu da iritzi publikoan. Orain, eskakizun hori lege aldaketa zehatzetan gauzatu behar da, eta hori Eusko Legebiltzarrean irekita dagoen Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko prozesuan gertatu behar da. Baina ez edozein modutako lege aldaketa. EAJk proposatzen duenak, derrigortasun indize orokorra ezabatzeak, ez du inolako konponbiderik ekarriko; alderantziz, ziurgabetasun juridikoa eta hizkuntza eskubideen babesgabetasuna areagotuko ditu. Hamarkadetan indarrean egon den egitura juridikoaren pitzaduraren aurrean eta oldarraldiaren dimentsioaren aurrean, hizkuntza eskakizunen sistema irauli, bi hizkuntzen eskakizuna lanpostu guztietan ezarri eta biei maila juridiko bera ematetik etorriko da konponbidea, EH Bilduk proposatu duen bezala.

Azkenik, epai honek indartu baino ez du egiten euskararen ofizialtasun osoaren, hizkuntza politiketan jauzia ematearen eta euskaltzaleak maila guztietan aktibatzearen beharra. Horri erantzutera dator larunbatean Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxa, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatua, eta horretan parte hartzeko deia luzatzen diegu LABetik euskal langileei, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko behar den dena aldarrikatzeko.

Bart gauerdian, langile bat hil da Laudioko Vibrantz enpresan izandako leherketa baten ondorioz

Vibrantz enpresan, Laudioko pintura-ekoizpenean diharduen enpresan, mantentze-lanetako langile bat matxuratutako labe bat konpontzen ari zen istripua gertatu den unean. Labearen leherketak bete-betean harrapatu du 49 urteko J.B.V. langilea.

Urtea hasi zenetik, 33 dira Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak. Patronala absentismoaren inguruko mamua zabaltzen ari den bitartean, hildako langileen zerrenda loditzen doa. Gogorarazi behar dugu urtero Euskal Herrian larritasun ezberdineko 100.000 lan-istripu inguru aitortzen direla ofizialki. Datuak gordinak bezain latzak dira: prebentzioaren integrazioa ez da gauzatzen, eta enpresek inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute, instituzioen konplizitatearekin. OSALANek enpresetan presentzia izan beharrean, komunikabideetan iragarritako ekintzekin justifikatzen du bere jarduna, milaka euro publiko xahutuz.

LABek EAEko zein Nafarroako gobernuei eskatzen die enpresetan indarrean dagoen araudia betearaz dezatela, marketin-kanpainak alde batera utzita.

Bihar, 11:30ean, elkarretaratzea enpresaren atarian

LAB sindikatuak bat egiten du Vibrantz enpresako batzordeak egindako deialdiarekin. Era berean, Aiaraldeko Greba Batzordeak arratsaldean egingo duen mobilizazioarekin ere bat egingo du.