2025-12-18
Blog Page 1234

Kontratazioen gardentasuna, elebitasunaren finkatzearen hasiera eta langileriaren egitura sindikatuekin negoziatzea bermatzen duen akordio sinatu da Eusko Irratian

0

Atzoko EITBko Administrazio Kontseiluaren bileran Eusko Irratian aspalditik eman den irregulartasun bat konpontzeko bidea onartu zen EAJ, EHBILDU, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariekin batera LABen aldeko botoekin. LABek hiru arrazoi nagusi izan ditu kontutan sinatzerako orduan: kontratazio finko eta ebentuala era objektibo eta gardenaz egingo delako, irrati guztietan elebitasuna finkatzen hasten delako eta irratiaren egiturako langileria sindikatuekin negoziatzea bermatzen delako dagoeneko 49 lanpostu finko bihurtuz.

Kontratazioa era objektibo eta gardenaz egingo da
Gogoratu beharra dago bidegabekeria guztia Andoni Ortuzar EITBko Zuzendari Nagusia zenean sortu zela. Eusko Irratian aurrekontu langileria gainditzen zela eta, behin behineko lan kontratua zuten 126 langileri autonomo gisa kontratatzea erabaki zela. 2008an Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzak Radio Euskadin iruzurra antzeman eta langile hauei berriro lan kontratua egitera derrigortu zuela EITB. Iruzurra dela medio, kontratu guztiak “mugagabe ez finko” izan behar ziren halabeharrez. Kontutan eduki beharra dago legez enpresa publiko batean lanpostu finkoa eskuratzeko berdintasun, gaitasun, merezimendu eta publizitatearen lau printzipioak bete behar direla, eta kasu honetan legearen atal horrekin ados gaude. Beraz, kontratu hauek guztiak behin-behinekoak izan dira beti, eta egun 79 pertsona daude egoera horretan.

Akordioaren arabera, aipatu lau printzipioak bermatuko dira, orain arte ez bezala. Lan poltsa objektiboak ezin izan du funtzionatu hain zuzen kontratazio hau zegoelako eginda. Behin behineko langileak kontratatzeko garaian lan poltsa berraktibatu egingo da, jada era praktiko batean.

Irrati guztietan elebitasuna finkatzen hasiko da
Orain arte Radio Euskadin eta Gasteiz Irratian lanpostua eskuratzeko baldintzetan ez zen euskararen ezagutza eskatzen. 2008ko lan hitzarmenaren akordioan Euskara Plana abiatzea onartu zen, eta iaz sinatzea lortu genuen langileon ordezkariok eta zuzendaritzak. Gaurko akordioaren arabera, bai lanpostu finkoa zein lan poltsan egoteko euskararen ezagutza ezinbestekoa izango da, eta aurrerapauso garrantzitsua da. 2014 urtean oraindik ere euskal komunikabide publiko batean eskakizun hori ez egotea ulergaitza da.

Irratiaren egiturako langileria sindikatuekin negoziatzea bermatzen da
2014ko aurrekontuetan EITB talde osoaren batez besteko langileriatik 39 lanpostu murriztea aurreikusten zen. Administrazio Kontseiluak atzera bota bazituen ere, Zuzendaritzak Jaurlaritzara igorri zituen, eta Gasteizko Parlamentuan onartuak izan ziren. Ez dira 79 lanpostu desagertzen, 49 finko bihurtzen dira, eta kontratazio ebentuala egiten jarraituko da. Akordioaren bitartez Eusko Irratian 49 lanpostu finko sortzen badira ere, garrantzitsuena hau da: Zuzendaritzak konpromisoa hartzen duela prozesuaren amaieran, 2016an, langileen ordezkariekin egiturako langileria berria negoziatu eta adosteko.

LABek akordio hau borroka orokorrago batean kokatzen du, enplegu publikoaren defentsan modu koherente eta arduratsuan. Akordio ezak egoera bidegabea betikotzea suposa dezake, lanpostu murrizketekin eta aipatutako lorpenak gabe. EITBNETen egituraren negoziazioa aurrera doa, eta emaitzak bere isla edukiko du bai ala bai aurrekontu langilerian. Baita ETBn ere, non hitzarmenaren negoziazioaren gako nagusia egiturako langilerian kokatu dugun hain zuzen.
 

 

 

Zestoako TS Fundiciones enpresako langileak lantegian sartu dira eta itxialdia hasi dute

0
Zestoako TS Fundiciones enpresako langileek, ezarri dieten debekuaren gainetik, euren lantokira sartu eta itxialdi hasi dute duela minutu gutxi. 150 langileko enpresa de TS Fundiciones eta guztien kaleratzea eskatua dago epaitegietan. Ekimen honekin orain arteko protestetan sakontzera doaz TSko langileak. Abian da itxialdia, eta enpresa barruan jarraitzeko asmoa dute, euren lanpostuen defentsan.

LABek TS Fundiciones enpresako langileen borroka eredugarritzat jotzen du
Enpresa aurrean egindako adierazpenetan Asier Imaz, LABeko industria federazioko arduradunak, langileek aurrera daramaten borroka txalotu eta euren lanpostuen defentsan egiten ari diren borroka eredugarritzat jo du.

LABek bat egiten du langileen alde EHBilduk gaur arratsalderako deitutako manifestazioarekin
LAB sindikatuak atxikimendua eman nahi dio gaur asteartea, TS Fundicioneseko langileei elkartasuna adierazteko helburuz EHBilduk Zestoan deitu duen manifestazioari. Arratsaldeko 19.00etan Zestoako plazatik abiatuko da mobilizazioa. Urolan lan egin eta bizitzeko aldarrikapenari eutsiz, ,manifestazioarekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia luzatzen die LABek bereziki Urolako langileei.

TS FUNDICIONES ENPRESAKO LANGILEAK ITXIALDIAN

  

{linkr:related;keywords:ts-fundiciones;limit:5;title:Albiste+gehiago}

LAB eta ERNAIk gazte eta langileen arteko aliantza baterako beharra eta konpromezua aldarrikatu dute

0

LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak aldebiko bilera egin dute gaur Bilbon Maiatzaren Lehenaren testuinguruan eta maiatzaren 3rako Ernaik antolatutako manifestazio nazionalaren harira. Batzarrean, besteak beste, egungo egoera sozioekonomikoa izan dute aztergai. Erakunde biek gazte eta langileen arteko aliantza baterako beharra eta konpromezua aldarrikatu dute.

Batzarraren ostean, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, prekarietatearen kontra gure borroka indartzeko dugun beharraren jakitun, LAB eta ERNAIk gazte eta langileen arteko lankidetzan indartzeko urrats berriak emateko erabakiak hartu dituztela adierazi du. Horien artean, larunbatean, maiatzaren 3an manifestazio nazionala burutzea.

Lankidetza horren zergaitia gazteek egun pairatzen duten egoera larrian kokatu du Etxaidek, eta momentu honetan, krisiaz baliatuz eta patronalari eskubide guztiak oparitu izanaren ondorioz, "gazteak eskubiderik gabe" sartzen direla lan mundura gaineratu du.

Etxaiderentzat "gazteei etorkizuna eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea lapurtzen" ari zaie eta hori "pobrezia eta prekarietatera kondenatzea da".

Gazte eta langileen arteko aliantza egoera honi buelta emateko ardatz bezala kokatu du LABeko idazkari nagusiak, "bidea luzea den heinean belaunaldi berriek hartu beharko baitute gaur langileak egiten ari garen borrokaren lekukoa", eta horretarako, ezinbesteko ikusten du "sindikalgintzara ere gazteak etortzea, gazteek ere sindikalgintzarekin bat egitea."

Hau gauzatu dadin sindilkangintzatik gazteen esplotazioen aurrean, gazteen kontrako erabakien aurrean… konpromiso zehatzak hartu behar direla aldarrikatu du Etxaidek eta bide horretan kokatu du gaur ERNAI gazte antolakunde independentistarekin LABek burututako bilera.
 

 

 

LAB aldaketa sozial eta politikoaren alde mobilizatuko da Nafarroan

Zazpi manifestazio antolatu dira Nafarroan; Iruñea, Tutera, Tafalla, Lizarra, Irunberri, Altsasu eta Donezteben. Manifestazio nagusiena 12:00etan hasiko da Gaztelu Plazan eta bost bloke izango ditu: Zerbitzu pribatuak; Industria; Zerbitzu Publikoak; Gazte, langabe eta prekarioak; eta Pentsiodunak.

Gero eta nafar langile gehiagok bat datoz eredu politiko eta ekonomikoaren aldaketaren aldarriarekin. Izan ere, otsailaren 22ko ustelkeriaren kontrako eta berrikuntza demokratikoaren aldeko manifestazio historikoan parte hartu zuten 35.000 lagunetatik gehienak langileak ziren. Ez da kasualitatearen ondorio: denok ala denok badakigu Nafarroa hezur eta azal uzteraino jetzi duen elite ustela geure lanaren kontura aberasten egon dela. Gaur inoiz baino egi borobilagoa da: ez da ondasunik falta, lapurrak dira soberan.

Maiatzaren Lehenekoa aldaketaren ateak irekitzen ari diren borroka txiki eta handiak aldarrikatzeko hitzordua da. Lan erreformaren aplikazioari galga jarri, kaleratzeei hortzak erakutsi, prekarietatea borrokatu nahiz mutua patronalen zanpaketari aurre egiten dion ekintza sindikala aldarrikatzeko hitzordua; etxebizitza, osasungintza publikoa, hezkuntza askatzailea nahiz zerbitzu sozialen aldeko ekintza soziala aldarrikatzekoa. Eredu ekonomiko eta sozial berriaren aldeko uholde soziala haziz doa, Euskal Herrian definitu eta eraiki nahi dugun eredua, Troikaren edota unean uneko Gobernu espainiarraren inposaketen gainetik.

Erregimen nafar-espainoletik etekina atera duten horiek urduri daude, aldaketaren aldeko uholdea nola zabaltzen ari den ikusita. Eta 1982an Foru Hobekuntzarekin bezala, Madrilen laguntza behar izan dute, Barcinaren dimisioa eta hauteskundeak eskatzen zituen Nafarroako gehiengo sozialaren aurkako erabakia inposatzeko. Espainiako Estatuak lan erreforma ankerra, bi pentsio erreforma basati eta amaigabeko murrizketak inposatu dizkigu; Nafarroako Parlamentuan onartutako lege aurrerakoiak atzera bota ditu helegite bidez; eta geure etorkizunaren gaineko erabakiak hartzea eragozten digu.

“Martxokadak” langileariaren aldaketa desirak zapuztu ditu berriro ere. Alabaina, azken urteetan ikusi den bezala, gero eta oztopo handiagoak jarri, orduan eta indar handiagoa hartuko du aldaketaren aldeko uholde sozialak. Kolokan dago Espainiako eskuinaren hegemonia Nafarroan; hegemonia berria aitzinarazteko garaia da, langileriarena, pertsonen zerbitzura egongo den eredu ekonomiko eta sozial berria eraikiz. LABek aldarrikapen hori islatuko du Maiatzaren Lehenean eta horrekin bat egiten duen oro izango da ongi etorria.


 

  

 


LABek TS Fundiciones enpresako langileen borroka eredugarritzat jotzen du

0

Enpresa aurrean egindako adierazpenetan Asier Imaz, LABeko industria federazioko arduradunak, langileek aurrera daramaten borroka txalotu eta euren lanpostuen defentsan egiten ari diren borroka eredugarritzat jo du.

Zestoako alkate, eragile sozial eta batez ere, Ernai gazte erakunde independentistak langileei eta bere borrokari emandako babesa eta inplikazioa ere eskertu eta goraipatu du. Imazentzat erantzun honek Euskal Herrian enplegu suntsiketaren aurrean geldik egoteko prest ez dagoen gizarte bat dagoela erakusten du.

Enpresak onartutako konkurtsoaren aurrean, Jaurlaritzaren oniritzi eta babesa duena gainera, zuzendaritzak espekulaziorako eta euren poltsikoak betetzeko dababilkiten estrategia besterik ez dela salatu du. Zestoako lantegia itxi, TSko jabeen beste enpresetara bertako lantegiaren lana eramateko.

Estrategia horretan Jaurlaritzak emandako babesa ere salatu du, eta Arantza Tapia, Jaurlaritzako Ekonomia sailburuari, langileek gaur hasitako itxialdiaren aurrean bi aukera dituela esan dio; bata polizia bidaltzea langileak enpresatik ateratzeko, honela enpresarien nahiak langileenen gainetik jarriz, edota langileekin hitz egitea irtenbide baten aldeko lanari ekiteko.

Imazek, TS Fundiciones enpresako langileak gaur egiten ari diren moduan, gure eskubideen defentsan Euskal Herriko langileei datorren ostegunean, Maiatzak 1, kalera irteteko gonbitea luzatu nahi izan die.
 

 

 

Euskal sindikalgintzaren erronkak hizpide izango ditu Ainhoa Etxaidek gaur Bilboko 7 katu gaztetxean

0

Ernai gazte antolakunde independentistak eta LABek antolatuta, gaur hilak 29, gazteria eta sindikalgintzaz mintzatzeko hitzaldi-solasaldia burutuko da Bilboko 7 katu gaztetxean.

Ekimenari Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, emango dio hasiera "Euskal sindikalgintzaren erronkak" izenburupean eskainiko duen hitzaldiarekin. Horren ostean, gazteria eta sindikalgintza izango dute mintzagai.
 

 

 

Baztan Bidasoako LAB eta Ernaik Maiatzaren Lehenean eta maiatzaren 3ko manifestAKZIOAn parte hartzera deitu dute

Baztan Bidasoako LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakunde independentistak Estatuetatik inposatzen ari diren agenda ultraneoliberalaren kontra Maiatzaren Lehenean eta maiatzaren 3an Bilbon burutuko den manifestAKZIOan parte hartzeko deia luzatu dute.

Mutualitatetako zein Prebentzio Zerbitzuetako baliabideen publifikazioa eskatu du LABek Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean

0


LAB sindikatuak kalean izan da aurtengo Nazioarteko Lan Osasunaren Nazioarteko egunean ere. Eskualde ezbedinetan eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan egindako mobilizazioetan, mutualitateei ematen zaien boterea langileon osasunaren kontra egiten den erasoa dela salatu du sindikatuak eta Mutualitatetako zein Prebentzio Zerbitzuetako baliabideen publifikazioa exijitu du.

Bide horretan Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren buloegoetan kontingentzi profesionalen kobertura aldaketaren eskaera erregistratu du LABek. Horrela osasun zerbitzua Osasunbideak eta Osakidetzak betetzea eskatuz.

BILBO

IRUÑEA

DONOSTIA

 Durangoko Fumbarri enpresaren aurrean elkarretaratze berezia egin du LABek. Bertako langileen %10 silikosi gaitzak jota dago; marmol eta fundizio enpresetan zabaltzen den gaixotasuna da, silize hautsarekiko esposizioak eragiten duena. Enpresa honek prebentzio neurririk sekula ez du hartu, eta gaur, kaltetutako langileen kopurua gero eta handiagoa izanik ere, neurriak hartzeari uko egiten jarraitzen du. Hori da hain zuen ere bertan salatu dena.

GERNIKA

LEKEITIO

Botere osoa mutualitateei, KOSKA bat ESTUAGO gure osasunaren kontra

Aurtengo apirilaren 28an, Lan Osasun eta Segurtasunaren nazioarteko egunean, langile klasearen lan baldintzak okertu egin direla salatzen jarraitu behar dugu. Honek, administrazio publikoen utzikeria eta konplizitate ideologikoak, eta enpresetan dagoen benetako prebentzioaren ezak lan istripuak eta laneko gaixotasunak areagotzea ekarri dute; gainera, mutualitateak betetzen duten lanaren ondorioz, istripu eta gaixotasun horien laneko jatorria ukatu egiten da sarritan, osasun sistema publikora desbideratuz.

Mutualitateak irabazi asmorik gabeko enpresari elkarteak dira legearen definizioaren arabera, elkarte hauek Gizarte Segurantzako diru publikoaren kudeaketan laguntzen dute eta botere osoa dute laneko gertakizunetan. Urteekin gainera, boterea handitzea lortu dute: gertakizun arruntetan ( langile klaseaganako diskriminaziorik gabeko eta gehiegizko kontrola erabiltzen dutelarik) odolkideen gaixotasun larriengatiko prestazioan, autonomoen langabezian …; administrazio publikoenak izan behar zirenak, mutualitateen eskuetan dira.

Baina guzti hau eredu zehatz bati lotuta dago: publikoa denaren deskapitalizazioa interes pribatuaren mesedetan. 90eko hamarkadan hasitako bideak, mutuen boterea handiagotzearenak, ondorio larriagoak ekarriko ditu datozen hilabeteetan: martxan diren zirriborro ezberdinek ( Mutualitateetako Legea eta Aldi-baterako Ezintasunari buruzko Errege Dekretua) enpresari elkarte hauen boterea handituko dute, osasun sistema publikoa eta beren langileria (Osasunbidea-Osakidetza) ahalmenik gabe utziz. Oraingo egoera ekonomikoan aurreztu beharra edo langileok sistema publikoari egiten dioten iruzurra bezala argudio faltsuetan oinarritzen dira publikoa dena deskapitalizatzeko eta negozioa esku pribatuetan uzteko, oinarrizkoa den osasun arloan bada ere.

Zirriborroetan ikus daitezkeen araudi aldaketak:
• Enpresa eta mutua-arteko hitzarmenen iraupena 3 urtera luzatzea.
• Bajaren jatorria lanekoa edo arrunta den erabakia, mutualitateak hartzea.
• Mutualitateak emandako altari erreklamazioa sartzeko epea 10 egunetara murriztea.
• Gaixotasunen bataz besteko iraupen optimoa taulatan jaso eta, horren arabera, bajaren iraupena kontrolatzea.
• Zerbitzu publikoek emandako bajetan burokrazia handitzea (mutuak emandakoetan ez).
• Zerbitzu publikoetan dauden gure historia klinikoak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) eta mutuak ikusi ahal izatea.
• Gertakizun arruntetan:
– Bajaren lehen egunetik badute zita ematea.
– Errekonozimenduak egitera derrigortuak izatea (bestela, GSINek badu osasun alta ematea, eta mutualitateak ere badu bajaren prestazioa kentzea).
– Mutualitateak agindutako diagnosirako probak, tratamendu terapeutiko eta erreabilitatzaileak, zerbitzu publikoak ordaintzea.
– Mutualitatearen errekonozimenduetara ez joateagatiko arrazoiak azaltzeko 10 egun, bestela mutualitateak prestazioa kenduko luke.
– Mutualitateak altarako proposamena egitea.

Hau da, aldaketa honek zera dakar:
• Zentralizazioa. Osasun Sistema publikoaren eskuduntzak eta honen ikuskatzailetza medikuaren eskuduntzak zentralizatzen eta deskapitalizatzen dituzte.
• Osasun publikoa pribatizatzen da, sistema osasun publikoaren ekitate eta unibertsaltasun irizpideen aurka.
• Osasun Sistema erdibitzen ari da: bata, sendoa, jardunean dauden langileentzat, kudeaketa pribatizatzen duena; bestea, publikoa, deskapitalizatua, benefizentziatik hurbilago dena.
• Sistema pribatu hori funtsa publikoekin finantzatzea, kotizazioetatik nahiz diagnosia eta tratamenduetako azterketak eta tratamenduak aurreratuz, osasun sistemak sanitarioak egin dituen ordainketatik deribatuak.
• Mutualitateen erabateko ahalduntzea.
• Enpresen mutualitateetako benetako jarduera ez da benetan kontrolatzen.

Behin betikoz, Mutualitatentzako ahalmen berriek, langile klasearen kontrola areagotzea ekarriko dute, eta argi dago nola egungo ereduak, bata bestearen atzetik datozen erreformekin, sistema publikoaren suntsiketa dakarren: osasunaren eredu pribatua eta ekonomizistarantz garamatzate; eredu honek mutualitateei eman die botere osoa, inolako kontrolik gabe, laneko gaixotasunen erregistroan dagoen iruzurra zigortu gabe. Kudeaketa pribatua, publikoarena baino hobea delakoaren aitzakian; baina, alta goiztiarrek edo eta gaixo diren pertsonen kaleratzeek dakarten kostu soziala ezkutatuz.

Publikoa indartu behar dugu pribatuaren aurrean, enpresaten ez dadila mutualitateekin kontratatuko mutuekin gertakizun arrunten kontrola, laneko gertakizunak GSINekin kontratatu daitezen, eta osasun arreta Osasunbidea-Osakidetzak eman dezan, beste eredu baten defentsan.

Eredu publikoaren defentsa, berdintzailea, unibertsala, bakarra, erabiltzaileen arretarako oinarrizko eskubideen karta garatuko lukeena, Euskal Herrikoa, prebentzioari begirakoa, parte-hartzailea, ikerketa bultzatu duena. Ardatz nagusi hauekin:
• Araubide marko eta erregimen ekonomiko propioak. Jendarte Babesa eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruak indartuz.
• Gure beharren arabera, antolaketarako ahalmena osoa.
• Gizarte Segurantza propioa, eta berau defenditzeko konpromisoa.
• Kotizazioak jaso eta kudeatzeko erakundearen sorkuntza, gizarteak eta sindikatuek erakundean parte hartzea izango dutela.
• Euskal osasun sistema publikoaren kalitatea hobetzeko, giza baliabide eta baliabide material eta ekonomikoz hornitzea.
• Araubide aldaketak, lanak eragindako osasun galerak eta kalteak osasun sistema publikoak soilik artatu ditzan.
• Mutualitatetako zein Prebentzio Zerbitzuetako baliabideen publifikazioa.

Langile klasearen osasuna berezko eskubidetzat onartuko duen eredua, faktore ekonomikoen baldintzetatik libre, eta osasun irizpideak soilik gidatuta.