2025-12-14
Blog Page 1222

4 orduko protesta Euskal Herriko industriaren defentsan

0


LABek ADEGIk Donostian duen egoitzaren aurrean 4 orduko protesta burutu du Euskal Herriko industriaren defentsan eta metalgintzako hitzarmenaren alde. Mobilizazioan metalgintzan aurkezturiko proposamenekin zein mobilizazioekin sektoreko langile guztientzat aplikagarria izango den hitzarmen duina defendatzen jarraituko duela adierazi du sindikatuak.

Duela urtebete, pasa den maiatzaren 24an eta LABek deituta, sektoreko langile guztientzat den metaleko hitzarmenaren aldeko greba erabat arrakastatsua egin zuen Gipuzkoako metalgintzak. Greba erabatekoa izan zen eta beste sindikatuek bat egin behar izan zuten greba deialdiarekin. Orduan, sektoreko langile guztiek bat egin zuten, metaleko hitzarmenarekiko bere atxikimendua argi azalduz eta greba horrek beste herrialdeetan eta sektoreetan mobilizazio eta lanuzte gehiago ekarri zituen.

Urtebete pasa denean, LABek CONFEBASKek eta modu berezian ADEGIk porrot egin duela adierazi du, Jonan Goñi, LABeko industria federazioko kidearen hitzetan "ez dute lortu herrialdeko hitzarmenaren aldeko aldarririk desagertarazi. Gaur, duela urtebete bat bezalaxe, sektoreko langileek herrialdeko hitzarmenarekin bat egiten jarraitzen dute. Gaurko mobilizazioa horren adierazgarria da".

Sektorea desarautzeko lan erreformak eta CONFEBASKek bultzatzen duten enpresaz enpresa mailako estrategia porrot egin du LABen ustetan eta honek "enpresa mailako negoziazioetan herrialdeko hitzarmenarekiko babesa eta lotura berrestea besterik ez duela egin" argi geratu da. Adibide gisa Goñik, astelehen honetan Gipuzkoako metaleko enpresarik handiena den CAF enpresako langileek babestu duten eta herrialdeko hitzarmenarekiko lotura jasotzen da hitzarmena jarri du.

LABek pasa den maiatzaren 9an EAEko metaleko hitzarmena berritu daitezen proposamena bat aurkeztu zuen LHKn. Goñik "borondatea balego" proposamena "erabat gauzagarria" dela adierazi du, eta CONFEBASKek eta ADEGIri galdetu dio ea "zergatik?" jadanik beste sektoreetan eta enpresa ugaritan sinatu duena (Papergintzan, Merkataritzan, Elikagaigintzan…) ez duen metalgintzan sinatzen.

Patronalaren jarreraren aurrean LABek proposamenekin zein mobilizazioekin, sektoreko langile guztientzat aplikagarria izango den hitzarmen duina defendatzen jarraituko duela adierazi du.

 

 

LABek lanaldi partzialetan jubilazio pentsio duina exijituko du Legebiltzarrean

Lanaldi partzialetan jubilazio pentsio duina exijitzeko dinamikaren baitan, LABek Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei kotizazioak bermetzeko eskaera luzatu zien. LABen eskakizunak EHBilduren erantzuna jaso du eta gaur burutu da bilera.

Lanaldi partziala duten langileen artean, emakumeak nagusiki, espainiar araudiak eragiten duen diskriminazio salatzeko kanpaina eraman du aurrera LABek. Ekimenak bi helburu izan ditu, Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuei diskriminazio egoera honekin amaituko duen araudi propioa garatzeko eskatzea, eta espainiar Gobernuari aldarrikapen hauei erantzungo dien jubilazio legedia onar dezala eskatzea.

Kanpainan zehar pentsioa jasotzeko baldintzak berriz arautzean eta lanaldi partzialean lan egindako egun bakoitza kotizatutako egun bezala kontuan izateko eskaera eskatzeko sinadurak jaso ziren.

Sinadura hauek Gasteizko Parlamentuan, Nafarroako Gobernuan eta Espainiako Gobernu zibilean erregistratuko zituen LABek pasadan apirilan, eta bertan, ordezkaritza duten alderdiei proposamena bere egitea eskatzen zuen gutuna aurkeztu zuten.

LABen eskakizunak EHBilduren erantzun du eta gaur gaia lantzeko bilera burutu da.

Bileran EHBilduk LABek bere plateamendua Legebiltzarrean azaltzeko agerraldi bat antolatzeko konpromezua hartu du. Eta honekin batera parlamentuan legezbesteko proposamen bat sartuko duela iragarrri du.

 

 

Ikasle presoek ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko mobilizazioak Uribe Kostan

Uribe Kostako ELA, LAB, STEE-EILAS, Ikasle Abertzaleak, Ernai eta Etxerat-ek Euskal preso politikoek ezin dutela Euskal Herriko unibertsitate publikoetan ikasi salatu dute. Honen aurrean, “Ikasteko eskubidearekin, ikasle presoak kalera” lelopean maiatzaren 30ean Uribe Kostan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte ikasle eta herritarrak.

ELA, LAB, STEE-EILAS, Ikasle Abertzaleak, Ernai eta Etxerat-en oharra

«Hezkuntza eskubidearen oinarrizko irizpideak Jende Eskubideen Aitorpen Unibertsalean agertzen dira: “Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat …”

Aitorpen Unibertsalak hasitako ibilbideari jarraituz, Europako hainbat legek jaso dute hezkuntza eskubidea, Frantziako eta Espainiako Konstituzioek barne.

Errealitatean, aldiz, euskal preso politiko guztiek ezin dute Euskal Herriko unibertsitate publikoetan ikasi. Izan ere, Espainiako espetxeetan dauden presoei EHUn ikastea galarazi diete eta Frantziako espetxeetan hainbat presok ez dute izena eman, ikasteko beka ukatzen dietelako. Unibertsitatean ez, baina Estatu bietan preso dauden hainbat ikasle ertainetako ikasketak egiten ari dira hemengo ikastetxeetan.

Nork bere gaitasunak garatzeko bide bat da hezkuntza, kulturari eta jendarteari zabaldutako leihatila bat, etorkizunean heziketa hobea izateko aukera bat… Hori guztia ez dator bat Madrilen eta Parisen martxan jarri duten presoak suntsitzea xede duen espetxe politikarekin.

Hezkuntza debekua euskal presoak bakartzeko politikan kokatzen da: urruneko espetxeetara eramatea, bertan isolatzea, lagunen bisitak oztopatzea, lege edo osasun arreta egokirik ez izatea … Sakabanaketak euskal preso politikoei urruntze fisiko, afektibo eta soziala ekarri die.

Horregatik, espetxe politika injustu horien gainetik, euskal presoei hemengo ikastetxeetan, EHU barne, kalitateko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatu behar zaie.

2003 urtean kaleratu zituzten ikasle presoak EHUtik, eta oraindik ez da lortu beharreko hitzarmena Espainiako espetxeetan dauden presoek bertan ikas dezaten. Horregatik, EHU eta Lakuako agintariei hezkuntza eskubidea gauzatzea eskatzen diegu: edozein espetxetan dauden euskal preso guztiei, doan ikasteko eskubidea bermatzea, hemengo ikastetxeetan eta euskaraz.

Antzineko mugarriak baztertu eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea da. Urteotan, agintariek agertu duten hezkuntzaren aldeko diskurtsoa praktikara ekartzeko unea, hots, preso dauden ikasleak Euskal Herriko ikastetxeetara ekartzeko unea.

Guzti honegatik, maiatzaren 30ean Uribe Kostako herrietan “Ikasteko eskubidearekin, ikasle presoak klasera!” lelopean deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu herritar orori.»
 

 

 

Maiatzak 28. Emakumeen Osasun Eguna

Zaila da emakumeen osasunaz berba egitea, gutxi aztertu direlako eragiten dizkiguten gaitzak. Osasunean zein bizitzaren gainontzeko ataletan ezberdintasuna agerian geratzen da.

Horren adierazgarri argia gaixotasun kardiobaskularren ikerketan eta tratamenduetan dagoen aldea dugu. Hauek emakumeen heriotza-zergati nagusia dira, baina gizonei eragiten dien gaixotasuna bailitzan ikertzen, prebenitzen eta tratatzen da.

Denok ezagutzen ditugu gizonei agertzen zaizkien sintomak zeintzuk diren, baina gutxik dakite emakumeen sintomak bestelakoak direla: hasieran sabeleko minak eta goragaleak nabaritzen dira, eta mina matrailetaraino zabaltzen da. Ondorioa: diagnostiko berantiarraren ondorioz emakumeak, gizonak baino 2 eta 5 ordu beranduago iristen dira ospitalera, eta infartua jasan ondorengo heriotza-tasa handiagoa da, %17,6koa, gizonena %4,7koa denean.

Bestelako tratamendua ematearen beste adibidea lehen zaintzak oinazeari ematen dion erantzunean eta emakumeen sintometan gauzatzen da: emakumeon minen %25a psikosomatikotzat jotzen da, aldiz, gizonen kexuen %9a bakarrik halakotzat jotzen da. Ondorioa: Espainian errezetatzen diren antsiolitiko eta antidepresiboen %85a emakumeei ematen zaie. Horren eraginez, gaur egun, emakumeen heriotza-tasa handitu da, medikazio gehiegi hartzen dutelako eta minbizia bezalako gaixotasun larrien diagnostikoak atzerapenez egiten direlako.

Horrek lan munduari ere eragiten dio. Horren adibide Correosek emakume bat iraitzi edo kaleratu izana dugu, eta leporatzen dioten delitu bakarra fibromialgiaz gaixotu izana da. Batik bat, emakumeei eragiten dien gaixotasun autoimmuneak (fibromialgia, neke kronikoa, sentikortasun kimiko anitza, tiroiditisa,…) gutxiesten dituzten, psikosomatikotzat hartzen dituzte, ia-ia ez dira ikertzen eta hauen tratamendua botikak aginduz bakarrik egiten da.

Mitoak ezabatzeari ekin behar diogu. Nahiz eta enpresarien %60ak irizten dion emakumeok gaixotasunak eraginda lanera ez agertze-tasa handiagoa agertzen dugula, datuok gezurtatzen dute; amatasun-baimena gaixotasun bajetatik bereizten badugu, gaixotasunek eragindako lanera ez agertzea, emakumeen artean, gizonena baino txikiagoa da.

Lan osasunari dagokionez, hainbat alderdi azpimarratu behar dugu. Aurrena, emakumeok lan baldintza eskasak pairatzen ditugula. Batik bat, prekarietateak, egun ekoizpenari eta ugaltzeari lotutako lanaren zatiketak eta zeregin berezietan emakume-langileak biltzeak ezaugarri berezitako lesioak eta gaixotasunak jasatera eramaten gaitu.

Honez gain, kontuan hartu behar da datu ofizialek ez dutela genero ikuspegiko azterketarik egiten. Ez dezagun ahantz, kasu gehienetan, lan istripu eta laneko gaixotasun gehienak, genero ikuspegitik, neutralak diruditen arren, gizonezko langileaz ari direla inplizituki, edo bestela, ukatzen dute generoa aintzat hartu beharreko aldagaia dela. Baina hala ere, egia da prebentzio jarduera eraginkorrak aztertu eta kontuan hartu behar duela genero aldagaia lan osasunaren esparruan, emakumeen berezitasun biologikoari ez ezik, ekoizpenari eta ugaltzeari loturiko lanak gaur egun duen banaketa eta lanaldi bikoitzaren ondorioak ere.

Horrengatik, LABek agintzen du ezberdintasunak jendarteratuko dituela eta batik bat, guri dagokigun lan esparruan suertatukoak. Negoziazio kolektiboa erabiliko dugu berdintasun printzipioa ezartzeko baliabide gisa eta prebentzioan eta lan arriskuen antzematean egingo dugu lan, genero ikuspegia kontuan hartuz:

• Arriskuak ezagutuz eta hauek ebaluatuz.
• Ebaluatzeko metodologia, metodoak eta teknikak hautatuz.
• Osasunari egin kalteak ikertuz (lan istripuak, laneko gaixotasunak eta lanak eragindako bestelako minak).
• Prebentzioan esku hartuz.
 

 

 

Lanbideko langileek erasoekin amaitzeko neurri sozialak eskatu dituzte

ELA, LAB, UGT eta CCOOk deituta atzo, maiatzak 27, elkarretaratzeak burutu ziren LANBIDEko bulegoan aurrean pasa den ostiralean izandako erasoa salatzeko(bulegoari su emateko saiakera egon zen). Sindikatuek neurri sozialak ezarri daitezela eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari.

Elkarretaratzean LABeko bozeramaleak atzo egindako mobilizazioak ez direla Lanbideko erabiltzaileei zuzenduak adierazi zuen. Bizi duten egoera lazgarrietan pazientzia galtzea normaltzat jo du, eta horregatik Lanbide eta Jaurlaritzari muturreko egoera hauek berriro pasa ez daitezen neurri sozialak ezartzko exijitu die.
 

 

 

KUTXABANKen pribatizazioaren aurkako manifestazioa deitu dute ekainaren 21erako

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek KUTXABANKen pribatizazioa salatu eta gelditzeko aurrera daramaten kanpainaren baitan, datorren ekainaren 21ean manifestazioa antolatu dute Bilbon "KUTXABANK PRIBATIZAZIORIK EZ! Euskal Herrian sistema finantziero publikoa. No toques nuestros ahorros" lelopean. Mobilizazioari 17:30etan emango zaio hasiera Bilboko Jesusen Bihotzetik.

Manifestazioaren aurkezpen agerraldia Gasteizen burutu da eta bertan Ainhoa Etxaidek, LABeko idazkari nagusiak, hartu du hitza. Etxaidek mobilizazioaren arrazoiak, helburuak eta aldarrikapenak zerrendatu ditu.

Kutxen etorkizunari buruzko eztabaidan Herriari parte hartzeko aukera eman behar zaiola aldarrikatu du Etxaidek, "gure aurrezkiekin zer egiten den" baitago jokoan. Eta, "Berriro ere", eta krisi honetan errepikatzen den egoera bat bezala definituz, "etorkizunari begira sekulako garrantzia duten erabakiak" hartzerako orduan eztabaidan parte hartzeko aukera ukatzen ari direla salatu du.

Prozesu antidemokratiko honen aurrean pribatizazio prozesua gelditu beharra dagoela esan du LABeko idazkari nagusiak, eta ziurtzat hartu du "gure aurrezkiak espekulatzaileen eskutan jartzeko asmoaren kontra gaudenok kalera ateratzen bagara" prozesua baldintzatzeko gai izango garela.

Manifestazioak Kutxabanken pribatizazioak eta prozesu horren ondorioak salatzea bilatzen du. Etxaideren hitzetan "pribatizazioak kutxen finikitatzea ekarriko du", erabaki guneak hurrunduz eta gure aurrezkiekin gaineko erabakiak Euskal Herritik, gugnadik, aldenduz. Publikoa den guztiaren kontrako eraso baten aurrean gaudela ere azpimarratu du eta darabilten "lege bete behar" hori aitzakia hutsa dela salatu du.

Etxaidek prozesu honek 1000 lanposturen suntsiketa eta 60.000 milioi euro espekulatzaileen eskuetan jartzea ekarriko duela adierazi du eta honen eta aurretik esandakoen aurrean, prozesua bertan behera geratzeko eta Kutxak babesteko eta garatzeko legedi propio baten beharra aldarrikatu du. Jendearen partehartzea ziurtako duena eta behingoz, Euskal Herriaren garapen ekonomiko eta soziala babestuko duen sistema finatziero publikoa izango dena.

 

 

CAFeko langileek erreformari aurre egiten dion enpresa hitzarmena sinatu dute

0

Zuzendaritzak enpresa hitzarmeneko negoziazioan egin duen azken eskaintza langile batzarretan onartua izan dela jakitera eman dute Beasain, Irun eta Madrilgo CAFeko Enpresa Batzordeek. Proposamenaren alde batzarraren %80ak bozkatu zuen.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek babesturiko akordia 2014 eta 2015 urteetarako da eta jasotzen dituen puntu garrantzitsuenak hauek dira:
KPIren igoera soldatetan eta osagarrietan 2 urtetan
Langile eta enplegatu kolektiboetan 35 orduen ezarpena
Errelebo kontratuaren aplikazioa
Plantilen mantentzea
Erreforma Laboralak ekarri dituen atzerapausoei blindajeak
Gainontzeko ataletan Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmenari lotuta.
 

 

 


%98aren babesa jaso zuen Ikastolen Lan Hitzarmenari inpugnazioa sartu dio ELAk epaitegian

0

LAB sindikatuak, ELAk epaitegian sartutako Ikastolen Lan Hitzarmenaren inpugnazioaren berri izan zuen maiatzaren 19an. Akordiok ikastolen %98aren babesa jaso zuen, bai ikastolen titularren aldetik, eta baita langileen aldetik ere, horien artean ELAko zenbait ordezkari eta afiliatu ez gutxi ere, bazeudela ahaztu gabe..

LAB Irakaskuntzaren irakurketa
Zerren beldur da ELA berriz?
«LAB sindikatuak beti izan ditu lehentasunak oso garbi, eta hemen berrestera gatoz hauek direla gaur egun ere gure jardun eremuko helburu behinenak: langileen lan-postuak mantentzea, eskubide laboralak defendatzea, PPren Lan Erreformaren ondorioak indargabetzea, Ikastolaren izaera parte hartzailean sakontzea, langileen eskubideak bermatzeko finantziazio publikoa lortzea, LOMCEri aurre egitea, eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraikitzea. Horiek guztiak aintzat hartuta hitzartu genituen, EAEko ikastoletako akordioa eta Lan Hitzarmena.

Gogora ekarri nahi dugu, bestalde, akordio horrek ikastolen %98aren babesa jaso zuela, bai ikastolen titularren aldetik, eta baita langileen aldetik ere, horien artean ELAko zenbait ordezkari eta afiliatu ez gutxi ere, bazeudela ahaztu gabe.

LAB sindikatuaren ekintza sindikala egunerokotasunean sortzen diren oztopoei aurre egitean, eta irtenbide duin bat ematean oinarritzen da. ELAren jardunak, berriz, propaganda mediatikoa lortzera eta Hauteskunde Sindikalei begira bideratuta dagoela ematen du, sindikatuaren interesetan bere indarrak xahutuz eta langileenen aurretik jarriz.

Oso modu harrigarrian, jarri duen inpugnazioa bi atal nagusi hauetan oinarritzen du ELAk:
Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzordearen funtzioetan.
Batzorde horretan lorturiko akordio ekonomikoan.

Ezinaren erremina agerian utzi du ELAk, nahiago izan duelako epaitegiko bidea hartu bere ideia eta proposamenak dagokion tokian defendatzea baino. Bitxia ere bada, baina Mahai Negoziatzailearen azken bilerara ez zen agertu, eta horrek erakusten bere ahultasunaren eta negoziatzeko gaitasun ezaren neurria.

Ekainaren 10erako dago jarria epaiketa saioa. Hala ere, jakinarazi nahi dizuegu, ikastolek Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzordean adostutako akordioa askatasunez ontzat eman, eta bakoitzaren egoera eta beharren araberako akordioak berretsi zituztenez, ELAk sartutako inpugnazioak ez duela inongo ondorio praktikorik izango.»
 

 

 

LABek Mugerreko posta sailkapen zentroa blokeatu du gaur goizean

0

 LABek Postarekin duen gatazkaren baitan Mugerreko sailkapen zentroa blokeatu du gaur goizeko 6:00etatik 10:00etara. Sindikatuak Nicolas Borrega Donapaleuko postariaren berrintegrazioa galdetzen du bere lanean, baina egoerak aitzina ez duela egiten ikusita ekimena egitea deliberatu dute.

"Postak blokatzen du egoera eta blokatua den bitartean guk blokatzen dugu posta" adierazi du LABeko Eñaut Aramendik. 20-25 bat pertsona joan dira Mugerreko zentrora, kostaldeko posta guztia sailkatzen duen eraikin honetan lana ezin izan baita atzinatu gaur kostaldean ez da postarik izanen. "Postak galdu du egun bat eta hori zen helburua" gaineratu du Aramendik. Blokatzea eman delarik langile batzuk barruan baziren ere gehienak ezin izan dira sartu beraien lan tokira. Langileen artean batzuk haien sostengua eman nahi izan diote Borregari eta protesta egiten gelditu dira. CGTko Baionako postako ordezkaria ere hubildu da eta arratsaldean haien sostengua aztertuko dutela jakinarazi dute. Lan auzitegiko epaileak asteazkenean eman behar du afera honen gaineko ebazpena. Arratsaldean Lan Ikuskaritzarekin bilduko dira sindikatuko ordezkariak.

Idoia ERASO 
Goizeko 6:00etatik 10:00etara Mugerreko sailkapen zentrotik ezin izan dira ez pertsonak ezta ibilgailuak atera edo irten ahal izan. LAB sindikatuak ateak blokeatu ditu, Nicolas Borregaren egoera salatzeko. Bertara Postako zuzendaritzako pertsona batzuk hurbildu dira, eta blokeoa gelditzea galdetu dute, baina ezezkoaren aitzinean blokeoa gelditu arte zain egon behar izan dira ateak ireki ahal izateko, baita barnean zen jendea atera aratzeko.

Gendarmeak ere izan dira Mugerren zuzendaritzak deituak, baina egoera lasaia zela ikusirik ez dute ezer egin. Uxera bat ere joan da blokeoa zertifikatzeko.

9:30ak aldera Postako nagusiek langileei etxera joateko baimena eman diete, baina batzuk protesta ekimenean gelditzea erabaki dutela azpimarratu du Aramendik: "Euripean gurekin gelditzea eskertzekoa da". Beste sindikatuetako ordezkariak ere hurbildu dira protesta ekimenera, bereziki CGTko Baionako postako ordezkaria, eta arratsaldean gaiaren inguruan komunikatuko ote duten deliberatuko dute. FO eta SUDek ere atxikimendua eman dezaketela aipatu du LABeko bozeramaileak.

Ekintzekin segitzeko asmoari buruz galdetuta "etorkizunari begira ez dugu ezer baztertzen" adierazi du Aramendik.

Donapaleuko postaria 
Nicolas Borrega postariak lana burutu zuen Donibane Garazi, Iholdi eta Donapaleun  otsailaren 2tik 16ra "Postarentzat lan egin zuen inolako kontraturik izenpetu gabe, guziz legez kanpoko egoeran". Horrez gain, beste ehun bat oren lan egin ditu eta "ez zaizkio ordaindu, lan izkutu gisara". Zor zaiona eman diezaioten eskatzen du langileak, hau da, berriz lanean hasi eta mugagabeko kontratua izenpetu.

Joan den astean berehalako prozeduraren bitartez epaiketa egin zen eta asteazkenean emanen da ezagutzera ebazpena.

Ekintzak Gaurko ekintza ez da LABek egiten duen lehena. Maiatzaren 16ean sindikata abertzaleko ordezkari bat Patrick Dallennes Baionako suprefetarekin hizketan aritu zen, suprefeturan. Eñaut Aramendi sindikatak azaldu zuen hitzorduak ez zuela "gauza handirik" ekarri Borregaren kasuarentzat.

Martxoaren 29an, LAB sindikatuko 20 bat kidek eta postako 3 langilek Donapaleuko posta okupatu zuten egun osoan, bertako langile baten kontratua ez baita berritua izan, "modu txarrean eta lan kodea errespetatu gabe" LABen arabera. 30 jendarmek inguruk indarrez kanporatu zituzten okupatzaileak. Garbiki ikusten da LABek grabatu duen kanporaketaren bideoan jendarmek indarkeria erabili zutela.