Bihar, hilak 4, LAB sindikatua Azpeitian izango da metalgintzako herrialdeko hitzarmenen defentsan. "Prekarietateari STOP! ADEGI lapurrak, hitzarmenak orain!" lelopean, elkarretaratzea egingo dute sindikatuko herriko plazan arratsaldeko 18:30etan.
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, abenduak 10, Etxerat elkarteak Zapi Kateak osatuko ditu Baiona, Iruñea eta Gasteizezen. Herri honetan ematen diren Giza Eskubideen urraketak salatzeko, ezagutarazteko, kalean islatzeko. Etxeratek bereizgarri duten zapia heltzera gonbidatu ditu euskal herritarrak eta LABek gonbitea jasoz, bat eginez, euskal langilegoari bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dio.
«Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Indiatik, Irakera, Saharatik Palestinara, Giza Eskubideen Eguna. Egun berezia da Giza Eskubideen eguna hemen gauden guztiontzat. Bereziak, astebururo, uneoro, gure eskubideak eta hainbeste maite ditugun senide eta lagunena, urratuak direlako, sistematikoki. Euskal Herrian, testuinguru politiko berri honetan, oraindik ere, eskubide urraketa sistematikoak ematen ari direlako.
Urte luzeak dirauen gatazka honen zuzeneko biolentzia eta erasoa pairatzen ari garen bakarrak egun gu gara;euskal preso politikoen lagun eta senideentzako ez da garai berririk oraindik. Gure senideak lehen bezain urrun ala lehen baino urrunago daude kasu askotan. Ezagutu berri dugun Alicia Sáenz de Lacuesta presoaren Logroñotik Castellorako trasladoa bezalako mendekuaz ari baikara. Urruntze argi eta garbia.
Guri, astebururo, milaka eta milaka kilometro egitera behartzen gaituzte. Urduritasuna, nekea eta tentsioa dira, horren ondorioz, gure eguneroko ogia. Baina ez hori bakarrik. Larriki eri dauden presoen aurkako espetxe politika krudela eta basatia da, erabateko isolamendu egoerak bere horretan jarraitzen dute, presoen aurkako eraso fisikoak, edota katxeo eta jazarpenak guretzako. Dispertsioaz gain, beste hamaika mendeku. Giza Eskubideen aurkako erasoak; astero, uneoro, sistematikoki. 25 urte hauetan, 16 hildako eragin ditu dispertsioak. Ehunka zauritu, jazotako istripuetan. Aitortzarik inoiz izan ez duten biktimak. Aurten bakarrik, hamar izan dira dispertsioak eragin dituen istripuak. Zein helbururekin? Noren mesedetan? dispertsio politikaren beste biktimarik egongo ez denik, inork ezin ziurta dakiguke… hori da gure errealitate gordina.
Horregatik, hau guztia salatzeko, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean ekimen berri bat abiatuko dugu Abenduaren 10-ean Zapi Kateak osatuko ditugu Baionan, Iruñean eta Gasteizen. Herri honetan ematen diren Giza Eskubideen urraketak salatzeko, ezagutarazteko, kalean islatzeko. Etxeraten bereizgarria den zapia heltzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritar oro. Giza eskubideen urraketen aurka dagoen orok zita bat du Gasteizen, Iruñean edo Baionan egingo diren Zapi Kate berezi hauetan.
Senideak, lagunak, ezagunak eta ezezagunak; sortu ditzagun, guztion artean, giza eskubide guztien aldeko zapi kateak. Elkartasunaren kateak. Salaketa eta konpromisoaren kateak. DISPERTSIOAREN AURKAKO ZAPI-KATEAK.
Esan bezala, hiru deialdi luzatu nahi ditugu. Baionan, Renne Cassin, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren karta-ren egilea jaio zen etxetik, Baionako Herriko Etxera osatuko dugu zapi katea, arratsaldeko 18.30-etan.
Iruñean, Legebiltzarrean, goizeko 12.00etan.
Gasteizkoa izango da zapi katerik luzeena. Fray Francisco de Vitoria pasealekuan dagoen Espainiako Gobernuko Delegaritzaren aurretik hasi, Ajuria Enea aurretik igaro eta EAEko Legebiltzarreraino iritsiko baita zapi katea.
Hauetan parte hartzera deitzen dugu euskal gizartea. Parte hartu giza eskubideen urraketa etengabekoa dela plazaratzeko. Horregatik, deialdi berezia luzatu nahi diogu euskal gizarteari ekimen berri honetan parte hartzeko. Dispertsioarekin amaitu behar dugulako. Dispertsioa salatu egin behar dugulako. Giza Eskubideen aurkako erasoei amaiera jarri behar diegulako.
Hartu zapiaren beste aldea. Baionan, Iruñean edo Gasteizen.
Ekimen nazional honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu euskal herritar guztiak.
Eskerrik asko,
Etxerat elkartea»
Hauteskunde sindikaletan murgilduta gauden honetan zer hobe delegatuei hitza ematea baino. Silvia Martinez, Diego Roca, Koldo Fernandez de Pinedo, Edurne Lekunberri, jabi Arriola eta Luz Ibañezek delegatuekin izan gara 170. zenbakian.
Silvia Martinez, delegada de LAB en la empresa Ercoreca
Koldo Fernandez, LABeko delegatua Rubi enpresan
Diego Roca, delegado de LAB en la empresa ATOS
Edurne Lekunberri, LABeko delegatua Iruñerriko Egunsenti haurreskolan
Luz Ibañez Juaristi, LABeko delegatua BIHARKO enpresan
Jabi Arriola, delegado de LAB en la empresa PINE
{linkr:related;keywords:iraultzenElkarrizketa;limit:15;title:Bideo+gehiago}
Euskal herritar guztiok gure eskubideak, gure lurraldean, euskararen lurraldean, izan behar ditugu bermatuak. Nola bestela? Botere publikoen ardura eta erantzukizuna da berme horiek eskaintzea herritar guztiei, langile guztiei, askatasunean aukera egin dezaten. Era berean, botere publikoek eskubide horiek bermatzeko egiturazko neurriak hartu behar dituzte, ez neurri sinbolikoak. Ezin dugu onartu XXI. mendean euskararen normalizazioa etengabe susmopean egotea edo inposizio nahiz alferrikako gastua dela argudiatzea.
Espainian eta Frantzian haien hizkuntzarekin bestela egiten dute. Badaezpada ere, argi idatzia agertzen dute Espainiako eta Frantziako legerik garrantzitsuenetan hizkuntza horiek jakin beharrekoak direla. Espainiako konstituzioaren 3. Artikuluan “Estatuko hizkuntza ofiziala gaztelania da eta espainol guztiek dute bera ezagutzeko beharra eta erabiltzeko eskubidea”. Frantziako Konstituzioan, hasieran agertzen ez bazen ere, 1992ko emendakin batean 2. Artikuluari esaldi berri bat sartu zitzaion “2.1 Errepublikako hizkuntza frantsesa da”. Bada, estatu bi horiek, horixe bera ukatzen diote euskarari, euskararen lurraldean.
Orokorrean, hizkuntza eskubideen urraketa larria bada ere, lan munduan egoera are okerragoa da. Ustez, lantokietan langileek askatasun osoa daukagu enpresa barruan izaten ditugun harremanetan zein enpresaz kanpokoetan hizkuntza hautatzeko. Enpresaburuen borondatearen esku dago, ordea. Bestalde, askatasun hori gauzatu ahal izateko oinarrizko baldintzak behar dira. Euskararen kasuan, askatasun hori berme guztiekin gauzatu ahal izateko euskara ezagutu behar da, ezinbestean. Une honetan, askatasun osoa aipatzen da, baina nola liteke askatasuna izatea, euskara jakin ezean? Askatasun hori berme guztiekin gauzatzeko, langileok ezin elebakarrak izan.
Perbertsioa da lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntzaz aritzea, langileari herritar izaera ukatu egiten bazaio lantokian, hizkuntza eskubideen jabe izateko aukera ukatu egiten bazaio.
Langileok argi dugu eskubideak ez ditugula berezkoak, sortu eta borrokatu egin behar ditugula. Egungo eredu sozioekonomiko kapitalistan lan harremanak gaztelaniaz eta frantsesez eraikiak izan dira eta langile klaseak hizkuntza eskubideen zein aukeren pertzepzio objektiborik ez dugu, ezta subjektiborik ere ez. Jakin badakigu, eskubideen bermea eta askatasuna ez direla botereak emanak edo oparituak, baizik eta, gehien-gehienetan, borroka prozesu luzeen ondoriozko emaitzak direla.
Langileok gure hizkuntza eskubideez jabetu behar dugu. Lanean eta lantokian langileok euskaraz aritzeko eta lan harremanak euskaraz gauzatzeko eskubidea eskuratu behar dugu. Langileok jabetu behar dugu euskara ezagutzeko eskubidea dugula eta euskara ez jakitea ez dela eskubide bat, aukera bat baizik. Herritarron bizitzaren parte handiena lanean igarotzen dugula kontutan harturik, ezinbestekoa zaigu gure jarduera eta harremanak euskaraz burutzeko eskubidea bermatua edukitzea.
Egungo krisialdian murgildu gaituen eredu sozioekonomikoa gaztelaniaz eta frantsesez eraikia izan da. Eredu sozioekonomiko menderatzaile horrek langileok elebakartasunera kondenatzen gaitu. LABek argi du krisialditik aterako gaituen eredu sozioekonomikoa euskaratik eta euskararentzat eraikia izan behar duela. Eredu sozioekonomikoan aldaketa euskararen normalizazioaren mesederako izango dela. Langileon interesak hizkuntza eskubideak errespetatzetik hasi behar dira. Euskal Herriko langile klaseak, jendarte justu eta demokratiko batean, euskaraz bizi eta lan egingo dugula argi du.
Orain arteko Hizkuntza Politikak euskararen menpekotasun egoera gainditzeko baino gehiago, alderdi politikoen arteko paktuak elikatzeko truke-txanpon izan dira. Hortaz, Euskal Herri osorako Hizkuntza Politika berri zein eragingarria behar dugu, batetik, eta, bestetik, euskararen normalizazioan aliantza berriei bidea irekiko dien adostasunak eraikitzea. Lan munduan euskara normalizatzeko estrategia, Euskal Estatua eraikitzeko estrategiaren parte dela ulertu behar dugu, ezinbestean.
LAB sindikatuak 2000.urtean erabaki zuen euskara izango zela sindikatuaren hizkuntza eta lan munduaren euskalduntzean eragin behar genuela. Orduan jarri genuen martxan EUSLAB plan estrategikoa. Lan mundua euskalduntzeko, lehenik eta behin gure burua euskaldundu behar genuela ulertuz, barne jarduera euskalduntzeko plangintza estrategikoa martxan jarri genuen. Pasa den urtean abiaturiko hausnarketa prozesuaren emaitza gisa, euskararen normalizazioa ekintza sindikalean kokatzeko ildo estrategikoa osatu dugu eta urtarrilan aurkeztuko dugu. Lan mundua euskaldunduko bada, erabaki politiko zein politika eragingarriak ezinbestekoak direla ulertuta, herri gisa bidea elkarrekin egiteko gonbidapena ere izango da.
Bada garaia, desberdintasunak ditugunoi baztertzen gaituzten oztopoak desagertarazteko. Guk ere bai, bizitza duin eta independitea nahi dugu. Etxebizitza, garraioa, aisialdia, mugikortasuna denontzat.
1.-Bada garaia, baztertzen gaituzten oztopoak desagertarazteko. Guk ere bai, bizitza duin eta independitea nahi dugu. Etxebizitza, garraioa, aisialdia, mugikortasuna denontzat.
2.- Kalitateko enplegua. Getorik ez lantokietan. Lan bera, soldata bera. Soldata nahikoak gure kasa bizi ahal izateko. Ez dugu langile pobreak izan nahi.
3.- Desgaitasunak ditugun langileok ere, hitza eta erabakia. Ezer ere ez, gurekin kontatu gabe. Guk ere, iritziak, irizpideak eta zer esan eta eman, badaukagu.
4.- Desgaitasuna ez da negozioa; ez da lan esku merkea; ez da erraz manipulatzen ahal den jendea. Inork ez dezala aberastu gure kontura. Irabazteko asmoz egindako Enplegu Zentro Bereziak debekatu. Eta, gainontzeko Enplegu Zentro Bereziak, demokratizatu.
5.- Administrazioa pertsonen zerbitzuan. Beraz, Administrazioek aukeren berdintasunaren aldeko politikak, erabakiak eta aurrekontuak diseinatu eta onartu behar dituzte.
6.- Pentsio duinak. Espainako Gizarte Segurantzak, prekarietatean eta mendekotasunean bizitzera kondenatzen gaitu. Guk ere, hemen lan eta bizi bagara, gure pentsioak bertan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
LAB sindikatuak 60. eta 70. hamarkadetako 47 langileri lamina bana eman die Iruñeko San Lorenzo elizaren ondoan eta datozen egunetan beste horrenbeste egingo du LABeko edozein egoitzetan lamina eskatzen duen garai horretako langile orori. Huarte enpresariari urrezko domina ematerakoan, Nafarroako Gobernuak industrializazioa posible egin zuten gizon-emakumeak ahazten eta baztertzen dituela salatu du Igor Arroyok gaurko ekitaldian: "horiek bai merezi dutela gure omenaldia".
LABek dionenez, "gure asmoa ez da inor gutxik maite duen Huarte edota Iruñeko auzokide askoren estimu arrazoitua duen Urmenetaren izaera, merituak edota giza-balioa baloratzea. Gure asmoa zera da: langileriak 60. eta 70. hamarkadetako industrializazioan eta aberastasunaren sorreran egindako lana nahiz aberastasun horren banaketa justuago baten alde egindako borroka aldarrikatzea. Gizon-emakume horien borroka solidarioak, horrek bai sortu zituela izugarrizko onurak komunitatearentzat: lanaldiaren murrizketa eta beraz lanaren banaketa, soldaten igoera eta beraz Nafarroako jarduera ekonomikoaren sustapena, lan osasunean hobekuntzak, askatasun sindikalak…".
LABek hainbat enpresetako langileak omendu nahi izan ditu gaurkoan: Imenasa, Guirlin, Torfinasa eta Inasa (Huarterenak, hain zuzen ere), Potasas, Motor Ibérica, Luzuriaga, AP Amortiguadores, Authi, Eaton, Super Ser eta beste hainbeste. "Baina era berean – adierazi du LABeko bozeramaile Igor Arroyok – emakume langileak ere omendu eta ikustarazi nahi ditugu: telefonistak, dendetako langileak, Zabalguneko etxe burgesetako zerbitzuan aritzen zirenak, faxistek 36an betirako itzali nahi izan zuten ezagutzaren argia berpiztu zuten maistrak… Gogoan hartu nahi ditugu grebei eutsi ahal izateko hiriko senideei barazkiak bidaltzen zituzten nekazal familiak. Gogoan hartu nahi ditugu, halaber, beren ama eta izebek etxean enbobinatu behar zituzten amianto hariekin, bere jario hilgarriaz ezjakitun, jolasten zuten haurrak".
LAB sindikatuak lamina bat argitaratu du eta gaur, Urrezko Domin instituzionala eman bezperan, aipatutako lamina hori 47 langileri eman die, Iruñeko San Lorenzo Elizaren ondoan. Eliza hori itxialdi askoren lekukoa izan da, esaterako 73an Motor Ibéricako langileek egindakoa, zeina aste beteko greba orokor solidarioari bide eman baitzion; edota azken urteetan Koxka, Dynamobel, Faurecia, Ospitaletako Sukaldeak edota Langabetuen Batzarrak egindakoak. Gaurtik aurrera Nafarroako LABeko edozein egoitzetan eskatzen duen garai horretako langile orori emango diogu aipatutako lamina hori, bere afiliazio sindikala edozein delarik ere.
Enpleguko zerbitzu publikoetako bulegoetan jasotako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 216,235 pertsona daude langabezi egoeran, eta erdia baino gehiago, hau da %52,5a emakumeak dira.
Kontrapuntu gisa nabarmendu behar da azaroan gizarte segurantzako afiliatu kopuruak behera egin duela, lau lurraldeak kontutan hartzen baditugu 75 pertsona gutxiago dago izena emanda, batez ere Nafarroan izandako atzerapenaren ondorioz, 1.008 afliazio gutxiago.
Langabezia eta gizarte segurantzako afiliazioak daukaten kontrako bilakaerak erakusten du langabezi datu ofizialak azaltzeko badirela enplegu sorrerarekin lotuta ez dauden beste faktore batzu; adibidez, emigrazioa arrazoi ekonomikoengatik, langabetuak amore ematea, ikasketak luzatzea eta populakuntzaren zahartzea.
Edozein kasutan, garrantzitsua da ikustea sortzen den enplegu eskas horren lan baldintzek okerrera egin dutela. Hain zuzen, azken erreformek lan merkatuaren oinarriak mugitu dituzte eta enplegu merke eta prekarietate altuago baterantz garamatzate.
Izan ere, enplegu sorreraren ritmo hau neurri haundi batean lanaldi partzialeko kontratazioekin lotuta dago, tresna oso eraginkorra dagoen enplegua pertsona gehiagoren artean banatzeko, baina alferrikakoa lan gehiago sortzeko. Gainera, lanaldi partzialeko enpleguetan lan orduko soladata lanaldi osoko enpleguetan bainoa % 33,7 baxuagoa da batazbeste.
Hala ere, aldi-baterako lan kontratazioetara jotzeko joerak sortu duen dualidade problemak irtenbide gabe jarraitzen du. Honela, Hego Euskal Herrian sinatu diren kontratuen %93a aldi-baterakoak dira.
Bestalde, Europako Banku Zentraleko buruak berak, Mario Draghik, ohartarazi du “lan merkatura iritsi berri direnen soldata errealak 80. Hamarkada amaierako mailetan kokatzen direla”.
Honela ari dira langile klasea pobretzera daramaten oinarriak jartzen, lan pobreziak argi uzten duen bezala, hau da, enplegu bat duten pertsonak baina beren beharrei aurre egiteko diru sarrera nahikorik gabe.
Eta bien bitartean, langabeziagatik jasotzen den babesa piskanaka piskanaka ahultzen doala ikusten dugu. Gaur egun, langabezian dauden 4 pertsonatik batek bakarrik jasotzen du ordaindutakoaren araberako prestazioa, eta %55ak ez du inolako langabezi prestaziorik jasotzen.
Egoera honetan, beharrezkoa da aurrekontu politikak palanka moduan erabiltzea politika sozialetan eta zerbitzu publikoetan inbertsioa indartzeko porrot egin duten murrizketa sozialen estrategiaren atzean izkutatu ordez.